Probatu eta frogatu
Ø Zera esan nahi du frogatu aditzak: froga bidez agerrarazi, demostratu.
Hori datuekin frogatu behar da.
*Hori datuekin probatu behar da.
Ø Probatu aditzak hainbat esanahi ditu:
1. Zerbait omen den bezalakoa ote den, saio edo azterketa bidez egiaztatu.
Lagunak probatzeko esan zuen hori.
*Lagunak frogatzeko...
Adiskidea gauza txikian behar da probatu, handian enplegatu.
Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea.
2. Elkarren indarrak neurtu, lehiatu.
Edadekorik bada
nere kontra atera,
trinquete ta pelotaz
berari aukera;
lenbizi zer jokatu
egiñik papera,
ark nai duan tokiyan
probatuko gera (Nor)
(Txirrita, Bertso berriak)
3. Dastatu.
Freskagarria da probatu dugun ardoa: bizia eta edateko erraza, garraztasun puntua baduena.
Pasartea
Thomas Nashek, 1592an, animaliak erabiliz, identifikatuta zeuzkan zortzi mozkor motak deskribatu zituen.
“Lehen mozkor mota tximinoa da; saltoka, kantuan, oihuka eta dantzan dabil“.
Bigarren motako mozkorra lehoiarekin alderatu zuen: “Dena nahasten du, ingurukoak iraintzen ditu, gauzak puskatzen ditu eta hitz egiten dion edonorekin liskarra pizteko joera du”.
Hirugarren mozkorrak, berriz, txerriaren antza du: “Astuna da, erdi lo dago eta negar egiten du edari gehiago lortzeko”.
Laugarrenak ardien antzera jokatzen du: “Zuhurra da, isilik egoten da hitz egokia topatzen duen arte”.
Ahatea erabiltzen du bosgarren mozkor mota deskribatzeko: “Eztia eta maitagarria da, eta alboan duenari musu ematen dio, zenbat maite duen esanez, eta betiko maiteko duela, besteak atzera maite ez badu ere”.
Harrigarria da seigarren mozkor motaren dohaina, txinpantzearena: “Edan eta edan egiten du mozkortu arte eta edaten jarraitzen du mozkorra pasa arte”.
Zazpigarrena akerra da: “Mozkortzean, lizunkeria besterik ez du buruan”.
Azkenik, azeri gisako mozkorrak daude: “Herbeheretarrengan oso ohikoa, edariak azkarrago eta irudimentsuago bihurtzen ditu”.
Lau mende pasatxo geroago, Nasheren zooa bizirik dago gure artean
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/zortzi-mozkor-mota