Elkar
"Elkar" hitza eta bere ordezkoa, "bata bestea", aipatu nahi ditugu gaur. Adibidez, zer esan nahi dugu "laster elkar ikusiko dugu" esanda?
Bada, zuk ni eta nik zu ikusiko zaitudala; hau da, batak bestea ikusi.
Eta "aita eta semea elkarrekin etorri direla" esanda?
Bata bestearekin etorri direla.
Beraz, gauza bera dira "elkarrekin" esatea, edo "bata bestearekin" esatea!
Jakina! Eta gauza bera, baita ere, "elkarri" esatea, edo "batak besteari" esatea.
Ariketa moduan, oker-zuzenketa hauxe egingo genuke. Ez esan *"ikusiko gara", baizik eta...
"Elkar ikusiko dugu".
Ez esan *"ez dute elkar hitz egiten", baizik eta...
"Ez dute elkarrekin hitz egiten" edo "ez diote elkarri hitz egiten".
Eta, era berean, *"gu elkar ondoan esertzen gara" esan ordez...
"Gu elkarren ondoan esertzen gara".
+ "Elkarri begiratu diote"
- *"Elkar begiratu dute"
Habe ikasbil
Beste adibide batzuk:
*Jon eta Ana ez dira agurtzen. Jonek eta Anak ez dute ELKAR agurtzen
*Gure gurasoak ez dira ezagutzen. Gure gurasoek ez dute ELKAR ezagutzen.
*Askotan ikusten gara. Askotan ikusten dugu ELKAR.
*Ordudanik ez gara hitz egiten. Ordudanik ez diogu ELKARRI hitz egiten.
Elkar deklinatu behar da, dagokion kasuan.
*Horiek ez dute ELKAR hitz egiten. Horiek ez diote ELKARRI hitz egiten.
*Orain ELKAR bizi dira. Orain ELKARREKIN bizi dira.
*Zergatik ez dugu ELKAR afaltzen? Zergatik ez dugu ELKARREKIN afaltzen?
POESIA
ALABARI
Ez utzi inori zure gainetik egoten,
are gutxiago gizonezkoa bada.
Eutsi beti zure duintasunari.
Ez ahaztu lana izatea dela pertsona duin egiten duena.
Izan zure ogibidea inoren mende ez izateko.
Ez zaitez fida botereaz, erabiliko zaitu.
Zaude gutxi daukatenen alboan.
Izan inozoa, ametsik xaloenek aldatu dute mundua.
Dena den, kontuan izan ideiarik ederrenak ez duela zentzurik
pertsona bakar bat zapalduz gauzatzen bada.
Utzi bizitzen, bakoitzak bere usteak eta bizipenak ditu,
errespeta itzazu nahiz eta zure kontrakoak irudi.
Lagundu behar duenari, zabaldu etxea arrotzari,
inolako zalantzarik gabe.
Errespeta sinesgabeak eta sinesdunak eta beraien fedea.
Zaindu zure hizkuntza.
Pentsa ez dela gurea solik,
mundu osoaren altxorra baino.
Mundua egiten du eder euskarak.
Sekula ez sinets ez dagoela zer eginik,
ia beti dago aterabideren bat.
Eta ez balego, onar ezazu.
Galduz ere irabazten da.
Onartu bizitza eta halaber heriotza.
Heriotzaz jabetzea da dugun egitekorik zailena.
Plazer eta zoriontasunari sekula ez ateak itxi.
Maita beti pertsona, generoa kontuan izan gabe.
Azala beti hazten baita eder, gizon ala emakume izan.
Bete zure apetak, baita horretan ere.
Hori bai, nahi ez baduzu, esazu ezetz.
Injustiziari esan ezetz,
eskubideen zapalketari,
bazterketari ezetz.
Gura eta ahal baduzu, izan ama,
umeek erakutsiko dizute umila izaten.
Eta ez bazenu, bizi bizitza bere osotasunean.
Maita oihanak eta maita hiriak.
Egon zabalik kitzika guztiei, ez izan aurreiritzirik.
Beldur bazara, onartu beldurra.
Triste bazaude, egon triste.
Ez dugu zertan une oro zoriontsu eta ausart izan behar.
Entzun ondoan duzunari eta jakintsua izango zara.
Entzun gazteei, entzun adinekoei.
Zaren bezala agertu.
Esan pentsatzen duzuna, nahiz eta hurkoa mindu.
Ikasi akatsetatik.
Ez izan beldur gauzak oker egiteko.
Dena ondo egiten duena harroa eta itsua baita.
Bilatu egunen joanaren edertasuna. Sakonki bizi, baina ez azkar.
Jakin denbora geratzen, gauzarik txikerrenetan arreta jartzen.
Egin zure bidea, zu zara erdigunea.
Saia ametsak betetzen eta ez utzi inori amets horiek zapuzten.
Eta azkenik, ez egin kasu aholkuei.
Ezta neureei ere.
KIRMEN URIBE
Iritzia
Pirinioetan amaitu da negua hartzentzat. Kobazuloetatik ateratzen ari dira. Apurka-apurka. Japonian hasi da 'hanami' jaialdia, loratan baitaude gereziondoak
(...) Ez da, alta, malko garaia, alegrantziarakoa baizik. Ez han, ez hemen. Pasa da negu hotza Pirinioetan eta bertako plantigradoen ardura dutenek han-hemenka jarritako kamerek hartu dituzte lehenbiziko irudiak. Pasa dira ere hilabete beltzak Fuji mendiko bost lakuetan. Hango Chureito Pagodan gerezi loreak izan ziren ederrenen justu igande pasa berrian. Beraz, apirilaren 15ean Arakuyarama parkean ospatu zen 'hanami' jaialdia. Elkartu ziren familiak, bildu ziren lagunak, eta arbola sakratu horien itzalean, ondoan, arrimuan, dastatu zituzten jaki gozoak, te epela edan, suabe-suabe kantatu eta bizitzaren zein edertasunaren iraupen motzaz hausnartu.