NOREN ala NONGO?
NOREN
-EN atzizkiak norbaitek zerbait duela edo norbaiti zerbait dagokiola adierazi ohi du. NORK kasuaren bidez interpretatzen da gehienetan haren esanahia:
· Jabetza: ArkimedesEN printzipioa (Arkimedesek formulatu zuena).
· Egilea/ekintza: epailearEN erabakia (epaileak hartu duen erabakia).
· Objektua/ekintza: proposamenarEN onespena (proposamena onetsi da).
· Zerbaiten ezaugarriak eta berezko atalak: atearEN zabalera; zelularEN mintza; lurrarEN erradioa, mendiarEN altitudea.
NONGO
-KO atzizkia era askotara erabiltzen da: izenlagun deskribatzaileak sortzeko, adizlagunak izenlagun bihurtzeko... Askotan, esanahia leku-denborazko atzizkien bitartez interpretatzen da:
-N dagoen, -TIK datorren, etab. Adibidez:
· Lekua eta denbora: herriKO plaza (herrian dagoen plaza); hurrengo asteKO azterketa.
· Adizlagunak izenlagun bihurtzeko: betidaniKO ohitura (betidanik datorren ohitura).
· Izenlagun deskribatzaileak: ile luzeKO mutila; hiru hankaKO mahaia; bi litroKO botila.
Askotan nahasten ditugu, adibide hauetan ikusten dugun moduan:
*Etxea erosteko jakin behar duzu zein den etxeKO prezioa (okerra)
Etxea erosteko jakin behar duzu zein den etxearEN prezioa
*AthleticeKO partida baino politagoa izan zen OsasunaKOa (okerra)
AthleticEN partida baino politagoa izan zen OsasunarENa.
Adibide gehiago, HEMEN eta HEMEN
Hala ere, askotan ez daukagu garbi zein erabili, -ren edo –ko, kasu batzuetan biak baitira onargarriak., Euskaltzaindiaren iritziz.
Kultura SailAREN iritzia edo Kultura SailEKO iritzia?
Funtzio PublikoKO zuzendaria edo Funtzio PublikoAREN zuzendaria?
Jaurlaritzako adibide bat:
Funtzio PublikoAREN Zuzendaritza izenburuan eta Funtzio PublikoKO Zuzendaritza hiru lerro beherago.
Artikulua
"Orain, eta Euskaraldian zehar ikusiko da, mundu guztia dago euskararen alde, baita euskararen heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak, eta haien oinordeko denak ere.
Baina diskurtso horiek badute tranpa bat erdian, euskara onartzen dute baina bere eremutxoan, bere bazter horretan. eta ahal baldin bada trabarik egin gabe besteei. Hortik ateratzen denean, eta besteen pare jarri eta erdiguneratzen denean, orduan gatazkak sortzen dira. Eta gatazken aurrean, guk ere askotan konplexuz betetako diskurtsoak eta argumentuak ditugu.
Euskaldun batek beti bere burua justifikatu behar duela dirudi. Bai bere lagunarte hurbilean, edo parlamentu batean... euskaldunak beti darama berekin bere burua justifikatu beharraren zama. Eta zama hori benetan da nekagarria eta harrigarria. Nire ustez, justifikatu beharko balu norbaitek bere burua, ez dakienak justifikatu beharko luke. Baina ez, hemen erantsi diote zama hori, dakienari.
Gutxiagotasun horretatik atera behar badugu, eta menperakuntza honetatik behingoz, gure burua gutxiago justifikatu eta konplexurik gabe egin beharko dugu euskara erdigunera ekartzearen pauso hori, hierarkia kultural eta linguistikoak hautsi egin behar dira eta elkarren parean jarri behar dugu eta euskara ardatzera ekarri".
Amets Arzallus
Okerra da euskaraz irainik ez dagoelako ustea. Topiko bat da. Oso errotuta dagoen topiko bat, ordea. Euskarazko 140 irain bildu ditu BERRIA Bizik, eta zerrendak jarrai lezake, nahi izanez gero euskaraz iraintzea. Izan ere, euskaraz ere iraindu daiteke. Gogoa behar da; ez iraintzeko gogoa, baizik eta euskaraz egiteko gogoa.