BATEK BAINO GEHIAGOK
“Bat baino gehiago” esapidean, bi elementuek deklinabide-atzizki bera eramatea da lege orokorrena:
- Haurdun egon izan direnetan, oso boteretsu sentitzen direla aitortu izan dit *ama bat baino gehiagok.
- Haurdun egon izan direnetan, oso boteretsu sentitzen direla aitortu izan dit ama batek baino gehiagok.
- Hirurehun* ibai baino gehiagok hornitzen dute aintzira
- Hirurehun ibaik baino gehiagok hornitzen dute aintzira.
Izenlagunetan, ordea, gehiago hitzari bakarrik eransten zaio –ko atzizkia:
-*Elkartean badira 65 urteko baino gehiagoko pertsonak.
- Elkartean badira 65 urte_ baino gehiagoko pertsonak.
Morfosintxiaren inguruko zalantzak eta argibideak / Patxi Petrirena
Pasartea
Julen Gabiria idazlea Kultura eta kirolari buruz
Onartu behar da kirolak baduela aitorpen sozial bat kulturak inondik ere ez duena eta txaloarekin adierazten dena. Bertsolaritzak edota zuzeneko musika emanaldiek badute, baina idazleak ez du txalorik jasoko ez bada irakurle talde batean-edo. Zalantza hori sor daiteke: lan intelektuala egin eta ez duzu txalorik jasotzen, eta lan fisikoa egiten duenak aldiz bai. Bizi gara gizarte batean non ariketa fisiko mugako horri balio handia ematen zaion. Nik, halere, txalo egiten diet, momentu horretan sortzen delako harreman bat, futbolean adibidez zailagoa dena, jokalariak urrunago daudelako. Karreristak begiratu egiten zaitu, animoak eskertu, keinutxo bat egin eta zenbaitetan baita hitz batzuk zuzendu ere. Berezia da.
Eta txalotzen ditut erakusten didatelako giza gaitasun fisiko eta mentalak zein muturretaraino eraman daitezkeen. Ezin dut edozein mutur onartu, duintasunak muga bat duelako kirolean ere bai, baina esfortzu fisiko eta mentala miresgarria iruditzen zait sarri.