* HAIN…-ELA
Ez da zuzena –ELA era honetan erabiltzea:
- HAIN da ederra, denak liluratzen* dituELA
Nahikoa da perpausak elkarren ondoan ematea:
- Hain ederra da, denak liluratzen ditu, edo
- Hain da ederra, denak liluratzen ditu, edo
- Denak liluratzen ditu, hain da ederra.
Horrela ere erabil dezakegu, bait- eta –(e)n erabilita:
- Hain da ederra, (non/ezen) denak liluratzen baititu.
- Hain da ederra, non/ezen denak liluratzen dituen.
Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Patxi Petrirena
Negar egitea
(…) Negar egitea, barre egitea bezala, garrantzitsua eta beharrezkoa da, Bartolomeren ustez. «Negarra, baina, ukatu egiten dugu publikoki erosoago egoteko». Edozein izaki, negarra entzuten duenean, larritu egiten da, eta Bartolomek ohartarazi du nork bere buruari min egiten diola negarra espazio intimoetara mugatzen badu eta sozializatzen ez badu larritasunik ez sentitzearren. «Negarra sufrimenduari, minari, amorruari lotuta daukagu, eta, horregatik, deseroso sentiarazten gaitu. Negarrari libre uzten diozunean, aldiz, egoera aldatzen da». Zehaztu du ezen, hasieran, kulturalki jaso den ezagutza guztiagatik, ezeroso sentiarazten dela jendea, eta hori moztu eta ukatu nahi izaten dutela. «Negar egite hutsagatik ez diogu inori kalterik egiten, nahiz eta ingurua ezeroso sentitu». Kontrako mezua jaso arren, negarra ez da inorentzako eraso bat, eta ez du inor ahulago egiten, Bartolomek nabarmendu duenez. «Negarrak indartu, sendatu eta lagundu egiten digu».
Negarra lasai
Pablo Gomez de Maintenant psikologoaren arabera, jendeari kosta egiten zaio negar egitea, ez duelako adierazi nahi, edo negarrari loturiko horri nolabait aurre egiteko edo ulertzeko beldurra diolako. Dioenez, atzean dagoen sentimendua erreprimitzeko joera dago, eta, pertsona batek sentimendu indartsu baten aurrean negarra erreprimitzen duenean, malkoak komunikazio mota bat izaten dira. «Oso lotuta dago pentsamenduarekin eta atzean dauden sentimenduekin». Nolabait, negar egiten edo ez egiten ere irakasten dela dio Gomez de Maintenantek: «Inguruneak eragina du, eta, giroaren arabera, hobeto edo okerrago bideratzen da negarra. Nahiz eta jende askok intimitatean negar egiten duen». Halaber, arrazoi indartsu eta justifikatuengatik negar egiten denean, bakarrik egiten da negar. Gomez de Maintenanten arabera, emakumeek askoz negar gehiago egiten dute, azkarragoak direlako negar-minaren kontrolean. Dena dela, negarraren eta oinazearen kanporatzearen antzinako erritualak galdu egin direla azaldu du psikologoak, eta horrek zerikusi handia duela gaur egungo garaiarekin, gaur egungo balioekin, «hiperkontsumismoarekin»(…).
Berria