HAINBAT eta ZENBAIT ez dira gauza bera
HAINBAT-ek kantitate ugaria –hainbeste, asko– adierazten du.
ZENBAIT zehaztugabea da, eta “bat baino gehiago”, alegia, “batzuk” adierazten du.
Ea adibide hau argigarria suertatzen zaigun:
HAINBAT edukiontzi erre dituztelako, ZENBAIT autok kalteak izan dituzte Trintxerpen.
Bien kasuan, ondoren doan izena mugagabean jarri behar da, eta aditza singularrean edo pluralean joan daiteke:
- Hainbat akats egin du/ditu azterketan.
- Zenbait parlamentarik jaso du/dute agiria.
- Gobernuak hartu duen/dituen zenbait erabakiren aurka eman dute bozka.
Jarraituko dugu Euskaltzaindiaren arauak errepasatzen:
Ariketa orokorrak (13):
PASARTEA
Moleskine bat izan zen nire oparia Gabonetan. Moleskine bat, bai; aitaren ilusio aurpegiagatik deduzitu nuen bazela zerbait, gustatuko zitzaidala. Izen potoloa zuen, izan ere: Moleskine bat... Auskalo. Aitaren eskuan aise sartzen zen paketetxo bat jaso nuen. Ireki, eta, aitortu behar dut, desengainua hartu nuen. Koaderno gorri txikitxo bat zen, eta "Moleskine, Legendary Notebooks" zeraman idatzita. "Angel Lertxundik Moleskineei buruz idatzi zuen duela gutxi, Maria. Oso mitikoak dira, irakurri." Interneten bilatu nuen berehala, noski. Web orri propioa zuen koadernoak... Van Goghek, Picassok eta Angel Lertxundik erabiliak, artista-koadernoak ziren inondik inora. Boteretsu sentitu nintzen orduan, ardura handi bat izango banu nola. Nirearen gisako koadernoak artez bete zituen jendeak, arte hutsez, mila itxuratako artez. Gogoko nuen ardura zen, hala ere; nire betebeharra zen koaderno hura artez betetzea, nire hitzez, nire zirriborroez, nire marrazki gorabeheratsuez, nire ideiez eta poesia izatera heldu nahi zuten haiez. Betebehar hura hartu nuen nire gain, eta erronka onartu: koaderno hura izango zen nire altxor ttipia, eta ahal nuen heinean barruan nuen arte guztia hustuko nuen bertara.
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2017 2017-12-17
Maialen Lujanbio txapeldun
Maialen Lujanbiok irabazi du 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia Aitor Mendiluzerekin buruz-burukoa jokatuta. Sebastian Lizasok jantzi dio txapela. Ondoren sailkatu dira, hurrenez hurren: Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. 14.000 bertsozalek bete dute Barakaldoko BEC aretoa. Finaleko bertsoaldi onenak ikusgai daude sareko plazan.
Horrela sailkatu dira zortzi finalistak:
1- Maialen Lujanbio 1756 punturekin
2- Aitor Mendiluze 1680,5 punturekin
3- Sustrai Colina 1137,5 punturekin
4- Amets Arzallus 1136 punturekin
5- Igor Elortza 1124 punturekin
6- Aitor Sarriegi 1107,5 punturekin
7- Beñat Gaztelumendi 1076,5 punturekin
8- Unai Agirre 1072,5 punturekin
Arratsaldeko saioa. Puntuka. Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio