Nola deklinatzen dira –a berezkoa duten hitzak?
Hauek, adibidez: gauza, pertsona, eliza, anaia, arbola, arnasa, giltza, ideia, makila, okela, familia, aitona, eskola, ikastola.
-a berezko hori beti gorde behar dute:
Gauzarik onena *Gauzik onena
Nire anaia bat * Nire anai bat
Mugagabean gertatzen dira akatsik sarrienak:
Zenbat eskolak hartu dute parte? *Zenbat eskolek hartu dute parte?
Mila pertsonak egin dute hori. * Mila pertsonek egin dute hori
Salbuespena:
- Sei hitz: eliza, hizkuntza, burdina, kultura, natura, literatura.
- Hitz amaiera -ia dutenak (familia, filosofia, biologia).
Horiek izen-elkarketako lehen parte direnean, -a berezko hori gabe ere ondo daude, eta, hartara, hiru modutara dira gramatikalak:
Kultura-astea, kultur astea, kultura astea (hirurak ondo).
*Kultur-astea
Pasartea
Etxeko kalefakzioa ez dabil ondo. Baina ez dute bestearen beroa bilatzen. Tenperatura zero azpitik dago beraien artean ere. Bestea ferekatu beharrean, bakoitzak soinean daraman artilezko txaketa laztantzen du. Artilezko harresiak eraiki dituzte beraien artean. Artilezko artileria batek bermatzen ditu mugak, gertatu ez den gerra baten bake honetan. Hamabigarren urteurrena ospatzeko, teledendako batamanta bana oparitu diote elkarri. Produktu ona da, goxotasuna ematen du. Eta ez dute konpartitu beharrik. Hori ere ez.
Ana Malagón