*IKUSI NAIZ / IKUSIKO GARA
Ez da zuzena DU aditza DA aditz gisa jokatzea:
*Ibaira bota da Ibaira bota du bere burua.
*Egoera horretan ikusi naizenean, ihesari eman diot.
Egoera horretan gertatu naizenean, ihesari eman diot.
Neure burua egoera horretan ikusi dudanean, ihesari eman diot.
Ikusiko gara formula zabaldu da (egongo gara esaten den modu bertsuan edo), baina ELKAR erabili behar dugu:
*Laster ikusiko gara
Laster ikusiko dugu elkar
Laster egongo gara elkarrekin
Hauxe irakurri genion atzoko mezuan Juan Luis Zabalari, eta beharbada, askotan, pedante ez gelditzeagatik erabiltzen dugu gaizki:
«Nik badakit ‘ikusi zaitut’ zela kasu horretan esaldi zuzena, baina ‘ikusi dizut’ esan diot, bestela oso pedantea gelditzen zelako». Eta neuk ere harrapatu izan dut inoiz neure burua —inguruan Zelig banintz bezala kamuflatzeko joerak hartaratuta— «ikusi zaitut» esan beharrean «ikusi dizut» esateko zorian.
Beste kasu batzuetan, aditzak DA jokoa ere onartzen du, eta egoki dira orraztu naiz, garbitu naiz, eta bakarrik aurkitu naiz esaldiak. Ez, jakina, arropa erosi naiz.
Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Patxi Petrirena
Pasartea
Hizkuntzak
«Hizkuntza bakoitzak funtzio bat dauka. Euskara da kantatzeko, galiziera negar egiteko, katalana burla egiteko eta gaztelania agintzeko»
Euskararen bila, haren inguruan, eta, batez ere, haren alde bizi izan da beti. Bizkaieraren sekretu guztiak dakizki eta ezer eskatzera joan gatzaizkionean, eskatzen dugunari baino gehiago gure azentuari erreparatu dio. «Zu Gernika ingurukoa izango zara», esan zidan niri lehen aldian. Eta erantzunarekin batera akorduetan galdu zen: ezagutu zuela halako Muxikan, egon zela bilera batean Mendatan... eta lexikoari lotzen zizkion anekdotak. «Esan nion nik: zuen parajean ez da asago esaten, urrun baino», eta horrela jakiten omen zuen nor zen ezkondua alboko herrikoarekin edo noren gurasoak etorri ziren beste lekuren batetik. Eta zenbat begiratzen dien oraindik esaldi eginei: igarria du halakoak gaztelaniaz erabiltzen dituela jende askok. Eta horren arabera kalkulatzen du lagun artean euskaraz egiteko ohiturarik dugun ala ez. Eta beti hain adi entzuten digu esateko daukaguna, hain garrantzitsua iruditzen zaio gure azentua, ezinezkoa baita gizon entrañable hori ez estimatzea.
Behin oso serio hitz egin zidan: «Hizkuntza bakoitzak funtzio bat dauka. Euskara da kantatzeko, galiziera negar egiteko, katalana burla egiteko eta gaztelania agintzeko». Isilik geratu nintzen. «Egunen batean ulertuko duzu», amaitu zuen. Baina nik ez dut ulertu nahi, eta ez diot arrazoirik eman nahi.