Artikulua
El Campillo, Euskal Herrian
Ez naiz maiz izaten nire sorlekuaz eta nire bizilekuaz harro. Baina batzuetan bai. Nire sorlekuaz eta nire bizilekuaz harrotu egin naiz, adibidez, udaberri edo uda aldera, egunak luze direlarik, argia apaltzen hasteko tenorean, Argaren ertzeko bidean barna lasterka edo bizikletaz doan emakume bakartiarekin gurutzatu naizelarik. Zer zozokeria, ezta?
Maiatza, edo ekaina, arratseko zortzi eta erdiak, edo bederatziak, Uharte eta Irotz arteko tartean, jendearen joan-etorria urrituta, eta neska bat, emakume bat, lekuaren ederraz, orduaren bakeaz, abiaduraren zirraraz eta bere gorputzaren dohainez gozatzen. Bakarrik. Gustura. Bertze kezka eta beldurrik gabe bizitzeak berez ekartzen dituenak baino. Gustatzen zait bizitzea halako gauzak gertatzen ahal diren herri batean. Gustatuko litzaidake bizitzea halako gauzak salbuespen ez dituen mundu batean. Gizonezkoek ez genuke bakerik izan behar, emakumeendako toki guztiak eta ordu guztiak guretako bezain seguru izan arte. Andaluzian. Atlasen. Hemen. El Campillo Euskal Herrian ere izan daiteke.
Irakurri eta entzun daiteke hemen: https://zuzeu.eus/buruari-bueltaka/el-campillo-euskal-herrian/
ARTIKULUA
BIZIRIK DAUDE!
1972an Andeetan izandako hegazkin-istriputik bizirik atera zirenen arteko bat da Eduardo Strauch Urioste. Elkarrizketa egin diote BERRIAn apirilaren 6an. Hona hemen bertatik ateratako pasarte pare bat. Elkarrizketa osoa hemen.
BERRIA: Zein balio izan zenituzten mendian bizirik iraun ahal izateko?
EDUARDO: Baliorik garrantzitsuena maitasuna da. Bizitzari diogun maitasuna, naturari dioguna, eta baita familiarekikoa ere. Maitasun horregatik guztiagatik ez dut uste eutsi ahal izan genuenik. Behin baino gehiagotan pentsatu genuen ea noiz hilko ginen, baina ondokoak laguntzen zintuen une horietan.
B.: Nostalgiarik izan duzula esan duzu. Posible da?
E.: Helikopteroak gure bila iritsi zirenean, sekulako poza sentitu genuen; itzela izan zen. Nire izate osoa zegoen pozarren. Helikopterora igo, eta, hegazkinetik urruntzen ari ginela, ordea, sentipen arraroak izan nituen, Hegazkinaren hondakinak bistatik galdu genituenean, nostalgia handi bat sentitu nuen. Asko harritu ninduen horrek, baina ostera horretan pentsatzen jarri izan naizenean ulertu dut zergatik. Han gizarte txiki bat sortu genuen, gure arau eta gure hildakoekin. Gure bizitzako unerik indartsuenak han bizitu genituen, pentsaezinak diren uneak. Esan daiteke gure burua ere bertan ezagutu genuela.