HORI ETA, HORI EDO eta horrelakoen idazkera
1. Egitura hauetan guztietan ageri diren juntagailuak osorik idatziko dira beti: eta, edo.
2. Batasunerako ez dira ontzat ematen
*Mirari ta ikusi ditut, eta
*Horidela-ta etorri dira bezalako esapideak.
3. Egitura agerikoa eta antzematen erraza denean, bereiz idatziko da juntagailua —ondoan koma izan edo ez—, bere garaian Euskaltzaindiak erabaki zuen bezala:
hori eta, hori edo, hori dela eta.
Adibidez: Hor daude Begoña eta, barrura sartzeko beldur.
4. Perpaus konplexua denean, ordea, beharrezkoa izan gabe ere, aukeran izango du idazleak juntagailuaren aurrean marratxoa ipintzea, testua ulertzeko lagungarri dela iruditzen bazaio (hori-eta, hori-edo, zer dela-eta). Adibidez: Esan didate zuen etxean-edo beste egun batean agertuko direla beharbada.
Pasartea
Balioaren neurria
(…) Gure kobazuloetako gizakiak harri bat zorrozten entretenitzen zituen orduek ez zuten ezer balio. Eta, gainera, gorriak eta bi entzun beharko zituen, baldin komunitatekoek alfertzat baldin bazeukaten. Baina ikusi zutenean harri zorroztu berriak animaliak zauritzeko balio zuela, beste begirune batez hasiko ziren tratatzen gure “alferra”. Teknologiak beti izan du propaganda ona.
Beste urrats bat: alferraren lagunen batek harri landua hartu ete bere amaren lepoan jarri zuenean, semeak esker oneko irribarre maitekorra irabaziko zuen. Gizaki okupatuak badaki dekorazioaren alde apaingarria estimatzen.
Baina gure alferrak harri zorroztu berria hartu eta oreinen eta zaldien perfilak margotu zituenean kobazuloko horman? Irudi haiek ez zuten ehizarako balio, ezta inoren amaren lepotik zintzilikatzeko ere. Ez zerien teknologia, ezta dekorazioa ere, apenas ziren-eta ikusten. Ez dago fantasia handiko izan beharrik imajinatzeko zer nolako eztabaida piztuko zen komunitatean: batzuek itsusi amorratutzat joko zituzten marrazkiok; aterako zen, ordea, baten bat marrazkilari alferraren belarria gozatzen: “Ederra duk zaldi hori, pottoko”(…)