(e)NEAN perpausen erabilera desegoki batzuk zuzentzen
Ø Estábamos llegando al puente, cuando (de pronto) vimos un incendio
*Zubira iristen ari ginen, sute bat ikusi genuENEAN.
Bistakoa da ez dela NOIZ adierazi nahi, eta gaztelaniazko CUANDO berezi baten kalko okerra dela. Ustegabeko zerbait adierazi nahi da hor.
Horrela eman dezakegu:
Zubira iristen ari ginen, eta (bat-batean,) sute bat ikusi genuen.
Zubira iristen ari ginela, (bat-batean,) sute bat ikusi genuen.
Zubira iristen ari ginela, hara non sute bat ikusten dugun.
Ø Algo sabrá, cuando (=puesto que) ha hablado con tanta seguridad.
*Zerbait jakingo du, halako ziurtasunez mintzatu dENEAN
Gaztelaniazko CUANDOk daukan zentzu berezia kalkatu nahi dugu, eta ez da egokia euskara zainduan. Kasu honetan ezin dugu ENEAN erabili, ez baitu denborazko baliorik.
Kausa kutsuko esanahia du perpaus horrek, eta bada molde egokirik hori adierazteko:
Zerbait jakingo du: (izan ere,) halako ziurtasunez mintzatu da.
Zerbait jakingo du: halako ziurtasunez mintzatu da (eta).
Zerbait jakingo du, (zeren) halako ziurtasunez mintzatu baita.
Zerbait jakingo du, halako ziurtasunez mintzatu da eta.
Pasartea
“Oro har –idatzi zion Kafkak 1904an bere lagun Oskar Pollak-i-, uste dut irakurri behar ditugula solik hozka eta atzamarka egingo dizkiguten liburuak. Irakurtzen ari garen liburuak ez bagaitu esnatzen burezurrean mazo-kolpe bat balitz bezala, zertarako irakurri? Zoriontsu egin diezagun, zuk diozun moduan? Jainkoarren, berdin-berdin izango ginateke zoriontsu libururik ez bagenu! Zoriontsu egiten gaituzten liburuak guk geuk idatz genitzakeen beharrik bagenu. Behar ditugu astinduko gaituzten liburuak, ezbehar mingarri bat balira bezala, gure burua baino gehiago maite genuen haren heriotza balira bezala, urrutieneko basoetara erbesteratuak sentiarazten gaituzten liburuak, giza-presentziatik urrun, suizidioaren antzeko zerbait. Liburu bat izan behar da gure barruko itsaso izoztua hautsiko duen aizkora. Hori uste dut.