NOR/NORTZUK, ZER/ZERTZUK, ZEIN/ZEINTZUK
Nor, zer eta zein galdetzaileek singularra zein plurala adierazteko balio dute, ez singularrerako soilik uste ohi den bezala. Are gehiago, pluralak egiteko forma hauek hobesten dira:
– Nor (Nor etorri da? / Nor etorri dira?)
– Zer (Zer da? / Zer dira?)
– Zein (Zein etorri da? / Zein etorri dira?)
Edonola ere, ondorengo forma hauek ez daude oker, gertatzen dena da forma markatu gisa erabili behar direla eta aditzak pluralean joan behar du ezinbestean:
– Nortzuk (Nortzuk etorriko dira gaur?, Nortzuek egin dute hau?)
– Zertzuk, (Zertzuk ekarri dituzu?)
– Zeintzuk (Zeintzuk dira gureak?)
Honela deklinatuko dira: nortzuk (nor), nortzuek (nork), nortzuei (nori), e.a.
Araua osorik.
Euskaljakintza
Saiatuko gara argitzen adibide batzuen bitartez:
NORTZUK etorriko dira gaur? Hobeto dago: NOR etorriko dira gaur?
Gaizki: NORTZU etorri dira gaur
NORTZUEK egin dute hau? Hobeto dago: NORK egin dute hau?
ZEINTZUK dira gureak? Hobeto dago: ZEIN dira gureak?
ZEINTZUENTZAT erosi dituzu praka horiek? Hobeto dago: ZEINENTZAT erosi dituzu praka horiek?
Berdin-berdin erabil dezakegu:
ZEIN etorri dira?
ZEINTZUK etorri dira?
…baina hobeto dago lehenengoa: ZEIN etorri dira?
Gaizki dago: ZEINTZU etorri dira
Artikulua
Erromintxela
Erromintxela ez da hizkuntza, ezta dialektoa ere: pagodolektoa da, hau da, euskara eta erromantxera hizkuntzak nahasiz sortutako hizkera. Iparraldetik sartu omen ziren gurera buhameak edo Bohemiako ijitoak, XV. mendean, eta Lapurdiko kostan eta Zuberoako mendi inguruetan, Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian bizirik diraute. Gauzak nola diren, baina, ez engaxuok (ijitoak ez garenok) ez ijito kaloek (romanieraz egin ohi dutenek) ez dute hizkera hori ulertzen gaur egun (…).
Abizenetan ere nabari da haien presentzia. Etxeberria edo Etxebarria da gehien nabarmentzen dena, baina euskal familia ijitoen abizen ohikoenak dira Agirre, Barrutia, Heredia, Cortés, Navarro, Malla eta Iturbide, adibidez (…)
“Egaxuek edo payoek ez ulertzeko moduko hizkera, erromintxela, sortu zuten ijito euskaldunek Euskal Herrira iritsi zirenean. Duela bost bat mende izan zen hori. Historialariek diotenez, ijito edo zingaroek XI. mendean utzi zuten beren herrialdea, gaur egungo India ingurua, eta mendebalderantz jo zuten.”
Lore Agirrezabal, Argia aldizkariko 1913. alea, 2003-09-28an.