ARE…-AGO
Zenbait hiztunek, inguruko hizkuntzen eraginez, ARE …-AGO egituraren ordez, ORAINDIK …-AGO erabiltzeko joera daukate. Hona hemen erdarakada honen zenbait adibide:
Hori txarra bada,* hau ORAINDIK txarrAGOa.
Hori txarra bada, hau ARE txarrAGOa.
Irakasleak ez dio utziko, *eta zuzendariak ORAINDIK gutxiAGO.
Irakasleak ez dio utziko, zuzendariak ARE gutxiAGO.
AREAGO
Bestalde, ARE GEHIAGO esapidea laburtu egiten da eta –AGO atzizkia ARE adberbioari eransten zaio zuzenean AREAGO forma emanez. Adibidez:
Ni joan egingo naiz; eta AREAGO doan (dohainik) bada.
Ni erabat ados nago. AREAGO, ideia neuk eman nion.
Hau zaila bada, beste hori AREAGO(a) (are zailagoa).
Euskal Gramatika Osoa; Ilari eta Entzi Zubiri
Hausnarketa
Bideoan ikusiko dugu Hiru Damatxoko gazte euskaldun eta kultuek zer pentsatzen duten gaur egungo euskararen egoerari buruz. (ETBko Ur Handitan programako zati bat da).
…hazi gara D ereduan, ikasi dugu euskaraz, alfabetatu gara euskaraz; beraz, logikak esaten du hurrengo pausoa dela euskaraz hitz egitea, euskarazko kultura jarraitzea, kontsumitzea, eta abar. Baina hor zerbaitek ez du funtzionatzen. Zergatik? Igual erreferentea falta da; askok euskara bera lotzen dute ezarri zaien zerbaitekin, ikastolarekin, eta, agian apurtu nahi dute horrekin. Adin klabe bat dago, 15-16 urte. Tarte horretan ez badituzu aurkitzen zuri gehien interesatzen zaizkizun gaiak…