Okerrak: *Gogoak ditut, *Gogoak badaude, *Gogoak badituzue, *Gogoekin nago…
Gaztelaniaren eraginez-edo, hiztun askok gogo hitza pluralean erabiltzeko joera dute. Gaztelaniaz, gehienetan ganas erabili ohi denez —pluralean, alegia—, hiztun horiek euskaraz ere plurala baliatzen dute singularra erabili beharrean.
Hona hemen Internet sarean topaturiko akats batzuk:
· *A ze gogoak eszenatokira igotzeko!
· *Gogoak badaude, dena da posible.
· *Gauzen zergatiaz galdetzen hasten da, bere ingurunea hobeto ezagutzeko gogoekin.
· *Sokatiran segitzeko gogoekin itzuli naiz Irlandatik.
Modu honetan behar dute:
· A ze gogoa eszenatokira igotzeko!
· Gogoa badago, dena da posible (= Gogorik badago, dena da posible).
· Gauzen zergatiaz galdetzen hasten da, bere ingurunea hobeto ezagutzeko gogoz.
· Sokatiran segitzeko gogoz itzuli naiz Irlandatik.
OHARRA. Beste kontu bat da gogoak eman esapidea. Adibidez: Gogoak ematen badit egingo dut, bestela ez / Gogoak ematen diona egiten ohituta dago / Ezin duzu beti gogoak ematen dizuna egin!
http://eibz.educacion.navarra.es/blogak/akatsak/2017/02/
Artikulua
Bageunden; banago
Eskerrik asko ihes egiteagatik. Benetan diotsut, bihotzez, eskerrik asko. Irtetean, atea itxi zenuenean, nire bihotza bertan harrapatuta geratu zen arren, eskerrak emateko beharra sentitu dut hausnartu ostean. Uste nuen arren munduan min handiena eman zidana izan zela ate hura azkenengoz itxi zenuen eguna, konturatu naiz ezetz. Egia esan, nire erraiek aspaldi ohartarazi zidaten ez zintudala maite, ez zintudala behar. Ez zintudan behar zu; behar nuen zure presentzia etxean, behar nuen zure eskuari eustea ezagunen baten ondotik pasatzean, behar nuen zure gorputzari itsastea dantzaldietan, behar nuen sentitu zure arnasketa gorabeheratsua gaueko hiruretan, baina ez zintudan behar zu. Kostatu zitzaidan ohartzea; hain da indartsua ohitura, hain konbentzigarria errutina, horixe sinestarazi zidaten denbora luzez. Beraz, eskerrik asko nik hartu behar eta ezin izan nuen erabakia hartzeagatik, eta, batez ere, hain era mingarri eta bat-batekoan egiteagatik. Gau batean bazeunden, eta hurrengoan zure usaina baino ez zen geratzen izaren artean. Gau batean bageunden, eta hurrengoan banengoen. Eta banengoen, benetan, banengoen ni, oso-osorik.