Ondarrutar berriak
Herenegun eskegi zuten ikusentzunezkoa sarean eta jada milaka ikustaldi izan ditu Eneritz Basurkok, Ibai Muñizek eta Asier Riverak egindako lanak.
Omar Diop, Ion Chilaru, Marketa Kadlecova, Seynabou Thior, Cándido Trillo, Asim eta Mosin Intizar, Natxo Sierra, Eva Mallol, Chuserra Barrios eta Chen Zeyi dira bideoan berbetan ageri direnak.
Guztiak ere etorkinak dira, Senegal, Zaragoza, Moldavia, Txekia, Galiza, Pakistan, Madril eta Txina urrunetatik Euskal Herrira etorri eta Ondarroa bizilekutzat hartu dutenak. Batzuek bizkor-bizkor ikasi ei dute eta beste batzuek gure artean urteak daramatzaten arren kostata, kontixu; baina denek darabilte euskara ahoan. Ez diote aniztasunari enparu.
Eleanitzak diren arren, ez da ez makala euskaldunberri hauek bideoa egiteko elkarrizketetan gainditu behar izan duten azterketa. Ala zuk badakizu zer den arrosinga ibiltzea, edo endrerosu izatea?
KONTIXU
Zerbaitez ziur ez egon arren, ustea hori dela esateko. Esaldiaren bukaeran doa: “Honuzkio aillako zi(ra)n, kontixu” (Ondarroako berbak, Ondarroako Udala)
Leire Narbaizak honakoa kontatzen digu KONTIXUri buruz:
Bizkaian oso esamolde normala da, “Kontu egizu”tik datorrena. Normalean, ziurtatzeko erabiltzen dena, edota “erreparatu honi” edo gaztelaniazko “¡Fíjate!” esateko ere balio du. Oso adierazkorra da, eta diskurtsoari kolorea, indarra eta piperra ematen diona. Zoritxarrez, gero eta gutxiago erabiltzen dugu eta pena da. Eibarko euskararen hiztegian ere agertzen da http://www.eibarko-euskara.com/node/4601
ENPARU
“Enparu dotsat”
· Esanahia: Norbait edo zerbait ezin dut ikusi, ezin dut jasan // Manixi dotsat.
Badakigu KONTIXU eta ENPARU hitzen esanahia.
Zer ote da ARROSINGA ibiltzea, edo ENDREROSU izatea?
Ondarrutarren batek azalduko ahal digu!