EZINA ETA AHALA adierazteko moduak (I)
1. ADITZ JOKOA
DAITEKE edo DEZAKE erako aditzez ari gara. Ez ahaztu -ke amaierari beste -e- bat gehitzen zaiola -LA edo -N eranstean.
· Joan GAITEZKEela esan digute.
· Jan DEZAKEen galdetu du.
2. AHAL eta EZIN hitzak
Askotan, AHAL hitza izen modura jokatzen dugula esan liteke:
· Egizu, AHAL baduzu.
AHAL eta EZIN aditzarekin batera erabiltzen direnean, aditzaren laguntzailea zaindu behar da: DA / DU
· Ezin *DUT joan ezin NAIZ joan
· Ahalegindu da, baina ezin izan du. (aditz nagusia aipatu gabe)
· Joan ahal naiz. Zuzena da, baina euskaldun askorentzat arrotza.
· Joaten ahal naiz. Zuzena da, baina mendebaldekoentzat arrotza.
Forma horien lekuan JOAN NAITEKE edo zerrenda honetako besteren bat erabiltzen dugu euskaldun gehienok. Kontuz! Gauzak ez dira nahasi behar. Laguntzaile bakoitzak bere jokabidea ezartzen dio aditz nagusiari:
· *Ikus ahal izan dugu. Ikusi ahal izan dugu.
· Eskura dezaket. = Eskuratu dezaket.
· Ezin ninteke ager. = Ezin ninteke agertu.
Bestalde, aditz lokuzio asko ere sortzen ditu EZINek, erabilgarriak guztiak:
· Joan ezina dauka / du.
· Joan ezinda / ezinik / ezinez / ezinka dago.
· Ezin joana dauka / du.
· Ezin joanez dago.
Pasartea
Gasteiz iparraldeko Gamarra herritxoa.
1870eko apirila
Debekatuta zegoen.
Gezurra zirudien, baina hainbat urte ziren agintariek makila-jokoa debekatu zutela. Jendearen esanetan, ordea, joko hura herri-kirola zen, oso antzinatik
egiten zena. Baina orain udaltzainak makila-jokoan egiten zutenen atzetik zebiltzan Gasteizen. Eta nekazari giroko herrietan –ia denetan, beraz– guardia
zibilak ziren Araban jokalariei jokoan egitea galarazten zebiltzanak.
Makila-jokoaren zaleek, hortaz, ezkutuan jokatu beste erremediorik ez zuten. Oraingoan Gamarra herrian jokatzea erabaki zen, gordean ibiltzea hiriburuan
baino errazagoa izango zela pentsatuta, eta albistea zaletuek eta apustuzaleek ahoz aho zabaldu zuten:
«Gamarran izango duk, Zadorra bazterrean, Ibaiondoko soro zaharra izeneko horretan, ibaiertzeko makal eta sastraka ugariek ondo ezkutatzen dutelako. Hantxe igande goizean, egunsentian».
Horrela hasten da Aitor Arana idazlearen Sacamantecas nuen aita liburua. Jakin nahi baduzue zer zen makila-jokoa, irakurtzen jarraitu beharko duzue. Bide batez, Juan Diaz de Garaio Sacamantecasen lehen barrabaskerien berri izango duzue.
https://www.uberan.eus/?kaia/item/sacamantecas-nuen-aita-aitor-aranaren-eskutik
ARTIKULUA
Eskola eta etxe askotan hizpide dira Pariseko hilketak, eta horrek dakarren soka luzea.
Amelia Barquinen gogoeta bat ekarri dugu gurera. Irakasle eta gurasoentzat interesgarria izan daiteke artikulua.
Elkarrizketa bat Charlie Hebdoren sarraskiaren ondoren
DBHko 1. mailaren gela batean irakaslea (Josune) eta ikasle musulman baten (Rachid) elkarrizketa, Charlie Hebdoren hilketen ondoren:
-Josune: Nik uste dut ezin duzuela horrela jokatu; atentatu horiek denen kontra itzultzen dira, zuen kontra ere bai. Hori ez da desberdintasunak tratatzeko modua, bizitzak balio handia dauka.
-Rachid: Eta diskriminazioa, zer? Gu diskriminatuta gaude gizarte honetan. Ez gaituzte berdin tratatzen, eta gure erlijioa ez da errespetatzen…
-Josune: Diskriminazioak ez du atentatua justifikatzen. Jendea horrela hiltzea ez da konponbidea, ez zara konturatzen?
-…
Zer ari da irakaslea esaten?
Elkarrizketa erreala da eta ados sentituko gara irakasleak adierazten dituen hainbat edukirekin, baina pasarte hori hona ekarri dut ilustratzeko batzuetan –konturatu gabe– gu (kultura kristauko irakasleok) non kokatzen garen eta tradizio islamikoko gure ikasleak non kokatzen ditugun.
(…) Nola fokatu gaia? “Zuek/Gu” markoari uko eginez
– Zure ikasle musulman hori zure taldekoa da, “gu” taldearen kidea; zure azalpenek ez dezatela kontrakoa adierazi.(…)