BERAZ-en ordez, ORDUAN
Euskara-ikasleen artean batez ere, BERAZ-en ordez, ORDUAN erabiltzeko joera dago.
Hona hemen zenbait adibide:
- Ez da zurea; *ORDUAN, ezin duzu saldu.
- Ez da zurea; BERAZ, ezin duzu saldu.
- Zuk ez dakizu ezer; *ORDUAN, isilik egon.
- Zuk ez dakizu ezer; BERAZ, isilik egon.
Horrela erabiliko dugu ORDUAN:
- ORDUAN ez zekien non zegoen (Une hartan ez, gero agian bai. Komarik gabe).
- ORDUAN, ez zekien non zegoen ( Beraz, ez zekien non zegoen. Komarekin).
Gaztelaniaren eraginez horrelakoak ere entzuten dira:
- Ez da zurea; *ASIKE, ezin duzu saldu.
PASARTEA
Joan den astean esan ziguten grabitazio uhinak atzeman dituztela. Ikerketa batek egiaztatu du Albert Einsteinen teoria. Angel Errok, Franco Battiatori entzunda, aspalditik ezagutzen zituen grabitazio uhinak. Orain konturatu gara garai hartan Battiatok bazekiela zertaz ari zen hain gauza arraroak esaten zituenean.
(…) Nik bakarrik dakit grabitazio uhinak egon askoz lehenagotik bazeudela eta Franco Battiato haiek gainditzeko gai zela orain hogei urte:
«Conosco le leggi del mondo, e te ne farò dono. Supererò le correnti gravitazionali, lo spazio e la luce per non farti invecchiare»:
Munduaren legeak ezagutzen ditut eta eskainiko dizkizut. Grabitazio uhinak, espazio eta argia zeharkatuko ditut, zahartu ez zaitezen).
Hedabideek, lagunen azalpenek, Battiatoren kanta honek utzi didaten sentipena da uhin hauek maitasunarekin zerikusia dutela. Gorputzek elkar erakartzean unibertsoan eragiten duten zirrararen arrastoa direla. Baruch Spinozak ere «amor est titillatio» esana zigun aspaldi: maitasuna dardara da.