Orduak
15:00etatik 16:00 arte ala 15:00etatik 16:00ak arte?
Euskaltzaindiaren 35. arauak honako hau dio horri buruz:
"Euskaltzaindiaren iritziz, egokia da orduak esateko eman diren gomendioak zenbakietan ere betetzea.
Hortaz,
- Orduei pluraleko kasu-marka ezarriko zaie:
15:00etan ; 15:00etara ; 15:00ak arte ; 15:00etatik
- Minutuei singularrekoa (behar denean lotura bokala erantsiz):
15:01ean ; 15:01era ; 15:01 arte ; 15:01etik ; 15:02an ; 15:02ra ;15:02tik...
Beraz, hitz egitean arratsaldeko hiruretatik laurak arte esaten dugunez, 15:00etatik 16:00ak arte idatzi behar da.
· Oharra: arratsaldeko hiruretatik laurak arte gomendatzen da irakurtzea hizkera arruntean, egunerokoan; horrexegatik idatzi dizugu horrela (eta ez hamabostetatik...) aurreko lerroan.
· Baduzu beste aukera bat: 15:00etatik 16:00etara idaztea, eta arratsaldeko hiruretatik lauretara esatea.
http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0035.pdf
Iturria: http://www.irale.hezkuntza.net/web/guest/270
Artikulua
(…) Umea beti jolasean ari da. Berez sortzen zaio jolasa. Ia ez daki besterik egiten. Jostailu bihurtzen du dena; baita helduok eskuetan jartzen dizkiogun lantresna serioak ere: lapitzak, paperak eta arraio guztiak. Berehala da zirrimarrak egiten bere gisa. Eta deskuiduan zergatik egiten duen hori galdetuko bagenio, bizkarra jaso eta «hargatik» erantzungo liguke xalo-xalo, hainbesteraino baleki hizketan.
'Hargatik' horretan dago giltza eta gakoa. Arrazoirik eta zergatirik gabea da umeen jolasa. Berezkoa da eta inozentzia dario. Horregatik egiten zaigu hain ederra eta inbidiagarria. Horrexek txoratzen eta zoratzen gaitu. Horrexegatik izan nahi genuke geuk ere ume (…).
Pello Esnalen Non zaude Chaplin artikuluaren zati bat da.