“Badago” eta “zer dago”
Egon, eduki eta ukan/izan aditzekin ere, baietza adierazteko modua “badago zera” da, oro har, eta ez *“zera dago”.
*- Oraindik sarrerak daude (salgai).
- Oraindik badira/badaude sarrerak (salgai)
Beste era batekoak dira hauek, ez baitute bereziki baiezkoa azpimarratzen:
- Arazo bat dago hor.
- Arazoak dituzte lanean.
- Nik telebista daukat.
Galderetan ere, bai/ez erakoak direnean, ba- sartu beharra dago:
*- Ogia dago/daukagu?
- Bada/badago/badugu/badaukagu ogirik?
- Ba al da/dago/dugu/daukagu ogirik?
- Ogirik bada/badago/badugu/badaukagu?
- Ogirik ba al da/dago/dugu/daukagu?
*- Lanerako joan-etorrietan garraio publikoa erabiltzeko aukerarik daukazu?
- Baduzu aukerarik lanerako joan-etorrietan garraio publikoa erabiltzeko?
- Erabil (al) dezakezu garraio publikoa lanerako joan-etorrietan?
Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Patxi Petrirena
Artikulua
(…) Europan, dio Lessenichek, ez dago ekoizpen inozorik, are gutxiago kontsumo inozorik. Herritar europarrok dauzkagun gizarteetan lan eginarazten diegu, bai modu ilegalean edo bai modu legal baina miseriazkoan, etorkin afrikarrei etxalde industrialetan edo Hegoamerikako etorkinei etxebizitza partikularretan, eta aldi berean esaten da ezin direla errefuxiatuak errezibitu, gizarteok beren ahalmenak gainezka eginda dauzkatelako.
Azkenean, sistemak bere izaera lausotzeko sortuta daukan imajinarioarekin herritar guztiak hartzen ditu konplize: “Sistema hau okerra da, egitura honek ukatzen dizu pertsona duina izan ahal izatea. Behartzen zaitu beste batzuei min egitera, baita nahi ez baduzu ere, herrialde honetako herritar izate hutsagatik. (....) Baina zeure burua bakarka kulpatzeak ez du deusterako balio, soluzioa kolektiboa izango da derrigor. Kolektiboki erabaki dugu ez jabetzea gure bizimoduaren ondorio eta eraginez”.
“Ongi bizi besteren bizkarretik: Mendebaldeko oparotasunaren alde ezkutua” Stephan Lessenich
Pasartea
Harkaitz Canok 'Fakirraren ahotsa' idatzi berri du, Imanol Larzabal abeslariak inspiratutako nobela. Hona hemen pasarte bat:
(…) Dena dago, etxea zein hipoteka, Kororen izenean. Fakirrak dirua daukanean brausta ematen dio, gaztetan amari ematen zion bezala. Ez daukanean, ez dio ematen, ez eta Korok eskatu ere. Bazkalostean kantak eskatzen dizkio, disko dedikatuak zuzenean: Maitia nun zira. “Hementxe ba, ez al duzu ikusten?”. Barreak. Maitia nun zira. Beretzat bakarrik. Korok eskatu, Fakirrak kantatu.
-“Hondarribiko institutuan greba abiatu diten, hara noan”.
-“Musutruk abestuko duzu?”.
-“Zer nahi duzu? Gose greba dun, ikasleak ditun eta...”.
-“Ez duk sekula espabilatuko”.
Eta halaxe joango da, Hondarribiko institutuko ikasleak beste zerbaitera egon arren, gose greban ezkutuan Chiquilin galletak jatera, edo irakasle matxinatu eta solidarioekin mozkortzera. Fakirrak, beste behin ere madame Duprezen aholkuen kontra, bere gitarratxoarekin kantatuko du, solidarioki, nahiz eta elkartasuna jasotzen duten haiek ez bere musika bereziki estimatu. Rock erradikalaren garaiko semeek nahiago bestelako musika, mugituagoa, elektrikoa, Silvio entzuten hastean haien gurasoak maitemindu egin zirela jakin ongi dakiten arren, enamoratuen tarte akustiko lasaiak esparru ziurra izanagatik oraindik gazte sentiberenen artean.
-“Ni gazte hilko naun, Koro”.
-“Ez horrelakorik esan”.
-“Egia dun eta, gazte hilko naun”.