NAHIKO LAN / NAHIKOA LANA / NAHIKOA LAN
Nola esan behar da, nahiko ala nahikoa: nahiko lan ala nahikoa lan?
Biak erabil daitezke, nahiko eta nahikoa. Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna liburuan esaten den bezala (1993, 139 or.), nahikotasuna adierazteko, besteak beste, bi hauek erabil daitezke, “biak aski berriak, orain dela ehun eta hogei bat urtetik honakoak.
- NAHIKO gehixeago erabiltzen da. Gehienetan, berarekin doan izena artikulurik gabe jartzen da, zenbait lekutan artikuluarekin erabiltzen bada ere.
NAHIKO(A) lan eman digu horrek.
NAHIKO(A) txorakeria esan dituzu gaurkoz.
- Kokaguneari dagokionez, aurrean zein atzean joan daiteke; hala ere, badirudi ezezkoetan atzean eta partitiboarekin (-RIK) erabiltzeko joera dagoela:
Ez dago ur NAHIKORIK guztiontzat.
Ez daukagu diru NAHIKORIK hori erosteko.
Iturria: Sareko Euskal Gramatika. EHU
Pasartea
Isiltasuna
(…) 1787an, bidaiari ingeles batek somatu zuen nekazari frantsesak oso isilak zirela; non eta Frantzian, eliteak dotoreziaz hitz egiten duten herrian.
Antzineko isiltasun hori oraindik ere entzun daiteke Finlandiako zenbait lekutan, ez baita alferrik munduko herrialderik isilena. Finlandiar esaera zahar batek zera dio: “Nahikoa da hitz bat arazo asko sortzeko”. Hame finlandiar probintzia isilena da, eta bertako biztanleak harro daude istorio honetaz: nekazari bat bizilagunaren etxera joaten da, bertan eseri eta geldirik luzaro jarraitzen du, isilik, harik eta bizilagunak zertara joan den galdetzen dion arte. Azkenean, kontatzen dio bere etxea sutan dagoela. Finlandiar horiek baserri isolatutan bizi ziren, ez herritan, eta isiltasuna ez zen eurentzat inolako zamarik.
Antropologoek diote Erdialdeko Afrikako herri batzuetan jendea ez dela sentitzen hitz egitera behartuta egoera sozial jakin batean; izan ere, hitz egiteak sortzen ditu arazoak, eta ez isiltzeak.
Historia íntima de la humanidad
Theodore Zeldin
Isiltasuna