1) EZ EZIK, EZIK, eta IZAN EZIK nahasi egin dira sarritan. Horregatik, Euskaltzaindiak erabaki du zein izango den forma egokia euskara baturako, eta bakoitzaren esanahia finkatzeko araua argitaratu du (ikus Euskaltzaindiaren 16. araua):
Erabil bedi formula osoa, izan ezik, eta ez ezik bakarrik, eta aurreko sintagmak har beza dagokion kasu marka. Nolanahi ere, ergatiboaren kasuan zilegi da absolutibo kasua erabiltzea.
2) IZAN EZIKen baliokide bat bada mendebalean: IZAN EZEAN (euskara batuan erabil daiteke, jakina).
3) Adibide hauetan ez dugu aztertzen EZIK soilaren erabilera zehatza, baina hori ere gerta daiteke: dirua eduki ezik, ezin zara inora joan (= dirurik ez badaukazu, ezin zara inora joan). Erabilera hori ere, jakina, guztiz zuzena da.
*Hau ezik, beste ariketa guztiak egin ditut.
Hau izan ezik, beste ariketa guztiak egin ditut.
Egun guztietan asteburuetan ezik joaten naiz euskaltegira.
Egun guztietan, asteburuetan izan ezik, joaten naiz euskaltegira.
*Gramatika-zuzentasuna ezik, egokitasuna ere lortu behar da.
Gramatika-zuzentasuna ez ezik, egokitasuna ere lortu behar da.
Ikasle guztiek egin beharko dute euskara-azterketa,* EGAdunek ezik.
Ikasle guztiek egin beharko dute euskara-azterketa, EGAdunek izan ezik.
Ariketak HEMEN
Artikulua
(…) Horri buelta emateko proposamena bultzatu du Londres aldeko zahar-etxe multzo batek. Hainbat gizon eta emakume bakarrik daude bertan. Hori dela eta, Adopt a Grandparent —Adoptatu aitona (edo amona) bat— deritzon programa hasi dute, CHD Living elkarteak babestuta. Giro alaia sortzeko zenbait modu dituzte: telefono edo bideo-deiak, irudiak, testuak eta poemak postaz edo emailez bidaltzea, gutunak, postalak idaztea... Azken batean, CHD horrek Creating Happiness Daily esan nahi du. Zoriontasuna sortzen egunero, alegia.
Ideia lehenago abiarazi zuten, egoiliar askok bisitarik ez dutelako, baina koronabirusak bultzada ederra eman dio: azken asteotan mundu osoko milaka lagunek egin dute bat zahar-etxeekin: pertsona bat aukeratu, haren zaletasunen arabera, eta harekin hizketan hasi. Amona eta aitona ugarik ez dituzte teknologia berriak menperatzen eta bertako langileen laguntzaz moldatzen dira bideo-deiak-eta egiteko. Bost urteko ume bat da solaskide gazteena. Mutikoak bere maskotak erakusten dizkio 74 urteko amona berriari.
Konfinamendua noiz eta nola bukatu eztabaidatzen ari dira politikariak eta adituak. Zaharrak isolatzea «etikoki onartezina» dela adierazi du Merkelek. Gehitu du horretaz ez duela eztabaidatu ere egingo. Ea gure agintariek zer dioten. Erresuma Batukoa bezalako esperientzia baliagarria izango litzateke aitona-amonei laguntzeko. Orain eta gero, pandemia amaitzen denean. Zaharrekin kontu atseginak aukeratu eta haiei buruz mintzatu. Baina ez zaitez asaldatu egun batean gidoitik irten eta beste gai batzuei lotzen bazaizkie: osasun arazoak, kezkak, beldurrak. Adinak eta bakardadeak beren alde ilunak dituzte. Kasu honetan, komunikazioa, enpatia da inportanteena. Beste alde batetik, Londresko kanpainan parte hartzeko ezinbestekoa da ingelesa. Hemen bidelagun izan liteke hizkuntza. Euskaralditik Zahar-etxealdira. Ea, bada, zer dioen gaur Arrasateko Mariak. Eta Iurretako Migelek? (…)
Amona bat adoptatu