Aurreko egunean lanean zalantza bat sortu zitzaigun. "Ala", "edo" eta "edota" partikulekin. Hauen erabileraren iritzi desberdinak genituen. Jakin nahi genuen zehatz-mehatz zertan datza desberdintasuna.
EDO erabiltzen baduzu beti egongo da zuzen; izan ere, horixe da juntagailu markatugabea.
ALA noiz erabili? ALA galderetan eta zehar-galderetan erabiltzea gomendatzen da, gehien-gehienetan elkarren baztergarri diren aukerak adierazteko. Horra hor adibideak:
- Noiz etorriko zara? Bihar ALA etzi?
- Ez dakigu bost ALA sei beharko ditugun.
- Nola joango zara, autoz ALA hegazkinez?
Bestalde, ALA antonimoekin ere erabili ohi da. Adibidez:
- Azkenean joango zara, bai ALA ez?
- Zein koloretakoa da, zuria ALA beltza?
- Ez dakit egia ALA gezurra den.
Bestalde, EDO eta EDOTA juntagailuen erabilera eta distribuzioa oso antzekoak dira; desberdintasun bakarra honako hauxe da:
EDOTA esangura bereko atalen artean eta zenbatzaileen artean ez agertzea. Halaber, EDOTA maiz EDO eta ETA, bi juntagailuen balioarekin erabiltzen da, hau da, bata edo bestea eta bata eta bestea, bi aukerak adierazteko. Hona hemen zenbait adibide:
- Iratxek deitzen badu EDOTA hona badator, esadazu ahalik eta arinen.
- Kazetaritza, Filologia EDOTA Historia ikastea gustuko nuke.
Argibide gehiago nahi izanez gero, oso egoki iritzi diegu Euskal Gramatika Osoak ematen dituen azalpenei; era berean, Euskaltzaindiak EGLU-IV liburukian xeheki aztertzen ditu juntagailu hauek.
Pasartea
Zure etxea suak hartzen badu, eta munduan liburutegirik egongo ez balitz, zein hiru liburu hartuko zenituzke?
Zaila dago, beti ezberdin erantzuten dudan galdera da. Liburu garrantzitsuak… Horietako bat, eta tranpa egingo dut trilogia bat baita, Italo Calvino-ren “De Nuestros Antepasados” litzake. Calvino idazleak sortzen dituen idazlea da. Hura irakurrita idazteko gogoak sartzen dira. Beste bat: Margarite Duras-en “El Dolor”. Zirrara eragin zidan bere garaian. Zaurira gerturatzen den liburua da. Eta hau, literaturaren beste gaietako bat da: nola bizi, inoiz izan gabeko zauriarekin. Hirugarren bat Roberto Bolaño-ren liburu bat litzake: “2666”. Literaturak eduki dezakeen nahirik handiena da: gizon bat irla desertu batean aihotz batekin bakarrik, eta bertan dirau, eta dirau, eta dirau… Ez dakigu nora doan, baina arrastaka garamatzan indarra du liburu honek. Liburu batek faltan eduki ezin dezakeen pasio literarioa. Gizon bakartiaren gaia askotan errepikatzen da literaturan, ez? Idazle bakartiaren irudia… Topikoa da hori. Idazlearen bizitza nahiko normala da, nik ez diot inongo mistikarik ematen.
Harkaitz Cano
http://www.kulturaldia.com/eu/nor-nori-nork/harkaitz-cano-bi-aldiz-bizitzeko-idatzi/
Argazkia