*SUPOSATU aditza gehiegi erabiltzea
Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak ez du jasotzen hitz hau. Zientzia- eta eskola-liburuetan erruz agertzen bada ere, Hegoaldean baino ez da erabiltzen, eta ez du inongo tradiziorik (Hiztegi Modernoak jasotzen du: 1977). Iparraldeko -ATUz amaituriko aditzen antzera osatua:
- imponer (gzt.), imposer (fr.) = inposatu (eu.)
- acariciar (gzt.), caresser (fr.) = karesatu (eu.)
eta era berean, suponer (gzt.), supposer (fr.) = *suposatu
Bestalde, esanahi ugari ordezkatzeko txarto erabiltzen da:
1) uste izan, -koan egon, pentsatu, iritzi;
2) izan;
3) ekarri, etorri;
4) esan nahi, adierazi.
Beraz, aukeran, “suposatu” baztertu eta aurreko horien erabilera lehenetsi.
Ø *Erabaki horrek gure esperantzaren amaiera suposatu zuen.
Erabaki horrek gure esperantzaren amaiera ekarri zuen.
Erabaki hori gure esperantzaren amaiera izan zen.
Ø* Aurrerapen handia suposatu zuen hark.
Aurrerapen handia izan zen hura.
Aurrerapen handia ekarri zuen/zion hark.
Ariketak egiteko, sakatu HEMEN
Artikulua
Paula Damonti-ri egindako elkarrizketaren pasarte batzuk irakurriko ditugu gaur. Genero eta indarkeria matxistan aditua da Damonti.
Bakartasuna
Aske zara zure bizitza kudeatzeko, aukeratzeko, ahalik eta zoriontsuen izateko... ez bakarrik aske, hori egitera beharturik zaude. Beraz, gizarte honek gehiago ahalbidetzen du arrakasta, baina soilik gutxi batzuek lortzen dute. Gehienek porrot egiten dute, eta, porrot egiten baduzu, izorra zaitez, zure errua da. Horrek dakar erabat lehiakorra den jendea, bakarturik, aukera askearen mitoarekin. Baina ez dago erabateko askatasunik, badaude aukera horietan erabat eragiten duten estrukturak.
Arrakastarik lortu ezean, galtzaile bat zara. Galtzaile kontzeptua oraingoa da. Orain, haurrek tontoa esan beharrean, galtzaile esaten diote elkarri.
Maitasuna
Maitasuna gizarte aitortzarako tresna bat da. Gizonekin alderaturik, emakumeak modu ezberdinean hurbiltzen dira harreman sentimentaletara, erakutsi baitiete besteentzat izan behar dutela. Bat, independente; bestea, menpeko; bat, eremu publikorako gai dena; bestea, eremu pribaturako. Hor dikotomia. Baina ez da hori bakarrik. Gizonek eta haiei lotutako balioek balio handiagoa dute estruktura honetan. Horrek desoreka sortzen du hasieratik. Maitasun harremanetan daude desorekarik handienak.
Bikotea behar da?
Bikote bat edo familia nuklear bat izan arren, indibidualistak gara oraindik ere, harreman horiek buruz burukoak direlako, ez sozialak. Testuinguru honetan, askoz ere gogorragoa da bikotekiderik ez izatea, ez baituzu beste sarerik.
Gizonei ere hori gertatzen zaie, baina haiei eman zaizkien balioak dira independentzia, autonomia... Beraz, ez litzateke hain gogorra.