Lurra, Eguzkia eta Ilargia / letra larria, letra xehea
Astronomiako, Astrologiako, Astronautikako testuinguruetan eta oro har testuinguru zientifikoetan, letra larriz idazten dira Lurra, Eguzkia eta Ilargia izenak.
Gainerako testuinguruetan, letra xehez: eguzkitan egon, eguzkia hartu, eguzkitara irten, eguzkitik babestu, eguzkia ezkutatu, eguzkia, sartu, eguzkia irten, lurra eman, lur hartu…
Hitz-elkarketetan ere letra xehez idazten dira: eguzki-energia, eguzki-eklipse, ilargi-eklipse, ilargi-fase… *Eguzki-energia, *Eguzki-eklipse, *Ilargi-eklipse, *Ilargi-fase…
- Uda osoa eman dut eguzkitan.
- “Parker” zundak igandean abiatuko du Eguzkiraino eramango duen bidaia.
- Aspaldian euririk egin ez duenez, lehor-lehor dago lurra.
- Eguzki-sistemako hirugarren planeta Lurra da (Lur planeta).
- Guztiok ilargitan (ilargi-argitan) geunden, izar uxoak noiz agertuko zain.
- Gizakia 1969ko uztailaren 20an heldu zen Ilargira.
Ehulkuren aholkuak https://www.ehu.eus/documents/2660428/9145670/Eguzkia_eguzkia.pdf/f92a8e20-d40e-1022-87de-f0fbebe69812
Pasartea
Urte berria. Denboraren joana. Arbasoek urte-sasoiak baino ez omen zituzten ospatzen: udakoa eta negukoa berezienak, omen. Funtsean, baina, nola ospatu aldatu egin den arren, denboraren joanak misterioa gordetzen jarraitzen du.
Bederatzi urteko neskato edo mutikoarentzat denbora luzea da, eta hamar urteko muga ikaragarria iruditzen zaio. Hogeita hemeretzi urteko gizon edo emakumearentzat denbora arin doa, urterik urte arinago, eta konturatu barik zera baino ez du pentsatzen, “denbora joan doa, eta ni nora noa?”. Laurogeita bederatzi urteko atso edo agurearentzat denbora atzerako kontaketa da, eta nahi luke ume bihurtu eta denbora luzatzea, eta umeari hamarrekoa ikaragarri zaion bezala berari ere ehun urteko muga ikaragarria iruditzen zaio, baina arrazoi desberdinengatik.
Nork bere denbora bizi baitu.
«Bihotza behar dugu mintzarazi, lagun maiteok» Bernard Larregi
Testamen çaharreco eta berrico historioa (Baiona, 1775)
Aretxabaletan grabatutako bideoa, erosketak egiterakoan ere Ahobizi eta Belarriprest jokatzeko mezua helarazteko asmoarekin.