*ESKE
Euskarak baditu gaztelaniazko ESKE esapidea adierazteko aski baliabide. Besteak beste: eta, izan ere, baina, bait-…
- Ez du merezi; ESKE garestiegia da.
- Ez du merezi; IZAN ERE, garestiegia da / garestiegia da, BAINA!
- Zaramara bota dut; ESKE guztiz apurtuta zeuden.
- Zaramara bota dut; IZAN ERE, guztiz apurtuta zeuden.
- Nolatan ez da etorri? ESKE lan handia zeukan.
- Nolatan ez da etorri? Lan handia zeukan ETA / lan handia BAITzeukan
Artikulua
Hitza eman eta ez betetzea merkea dela uste al dugu? Hitza errazegi ematen al dugu? Ez al du hitza emateak konpromisorik sortzen?
Berdin dio
BIHARKO lotu gara, halako ordu eta tokitan. Kosta egin zaigu. Zu oso lanpetuta ibiltzen zara. Ez da erraza tartetxo bat hartzea agendatik kanpo, minutu bakoitzari zeregin bat dagokiolako, eta zeregin bakoitzari eguneko tarte jakin bat. Niri ere, antzera gertatzen zait. Lortu dugu, baina, azkenik, eta hitza eman diogu elkarri. Telefonoa eseki eta zurekikoa agendan apuntatu ordez, tartea libre utzi dut, hutsik. Izan ere, badakit gaur iluntzean deituko didazula, ezusteko zerbait sortu zaizula eta, ezinezkoa izango zaizula eta, hurrengo baten beharko duela eta, barkamen eske. Lasai, esango dizut nik, ulertzen dizudala, denok berdin gabiltzala, niregatik zertan kezkaturik ez duzula, hurrengo baten izango dela. Berdin dio.
Oso maiz gertatzen zaizkit honelakoak, maizegi. Batzuetan ni naiz aitzakiarekin deitzen duena, eta beste batzuetan, deia jasotzen duena. Berdin dio. Halakoetan, egokitu zaigun bizimodu eroari egozten diot errua, estresari, lanari, egunean zehar sortzen diren hamaika konplikazioei. Gezurra dela jakin arren, nire golkorako errepikatu egiten dut letania, plazebo efektua du-eta. Berdin dio.
Ez da egia. Geu gara errudun bakarrak. Gu eta gure kastakoak. Hitz eman eta ez betetzea merkea dela uste dugunok, ia debalde ateratzen zaigu-eta. Hitza errazegi ematen dugunok, hark ezertarako konpromisorik ez dakarkigula uste dugunok. Hitza ematea esanguraz biluztu egin dugunok, beste hainbat jokaerarekin berdin-berdin egiten dugunok. Berdin dio.
Guaraniek hitz berbera darabilte hitza eta arima izendatzeko: "ñé'e". Esangura bikoitzak ondorio erraza uzten digu: bertako hiztunek kontzeptu biei aparteko garrantzia ematen zieten, esaten dena eta barru-gogoa ezin bereiz zitezkeen eta . Hala mintzo zirenak, konfiantzazkoak izango ziren, nik uste. Gurean ere halaxe zen. Esana eta izena uztarri berean lotuta zihoazen euskaraz, nahiz eta oso bestela jokatzen dugun ia denok gaur egun. Hizkuntza biak desagertzeko arriskuan daude, konfiantza bezalaxe. Baina berdin diola ematen du.
Pilar Kaltzada
Euskaraldia grisa ez, OSO KOLORETSUA izango da! Eta nola ez umorerik ez da faltako. Hau da Atarrabiako jaietarako prestatu dugun HIT-a!
Euskaraldia GREASE!!