Manuel Fraga

Manuel Fraga Iribarne (Vilalba, Lugo, 1922ko azaroaren 23a - Madril, Espainia, 2012ko urtarrilaren 15a) politikaria, diplomatikoa, gaztelaniazko irakaslea eta agintaria izan zen. Zuzenbide Politikoko katedra, Zuzenbideko doktoregoa eta Zientzia Politiko eta Ekonomikoko lizentzia zituen. Espainiako eskuinaren XX. mendeko politikari garrantzitsuenetarikoa izan zen, etengabe kargu politiko berriak hartzen zituelarik; bai Francoren diktaduran zehar baita aldi demokratikoan ere. Besteak beste, Turismo eta Informazioko ministro (1962-1969 tartean), Gobernuko lehendakariorde eta Gobernazio Ministro (1975eko abenduaren eta 1976ko uztailaren artean) eta Galiziako Xuntako lehendakari (1990-2005 tartean) izan zen.

Urte askotan zehar diputatu eta senatari izateaz gain, Espainiako 1978ko Konstituzioaren "aitetako" bat ere izan zen. Reforma Democrática partiduaren fundatzaile izan zen, Alianza Popular partiduaren eta egungo Alderdi Popularraren (PP) aitzindari izango zena; baita Espainiako Gobernuko lehendakarigai 1977 eta 1986 urteen artean ere.

Uste osoko frankista, bere ibilbide politiko osoan 1936ko Espainiako estatu kolpearen apologista izan zen, eta frankismoaren azken urteetan diktadura hori iraunarazteko asmoz errepresio gogorra bultzatu zuen. Francisco Franco diktadorearen gobernu faxistako kideetatik, XXI. mendean oraindik politikagintzan ziharduen bakarra izan zen.

Bizitza

Lugoko Vilalba herrian jaio zen 1922ko azaroaren 23an. Haren ama, María Iribarne Dubois, Ipar Euskal Herrikoa zen, eta hari esker frantsesa ikasi zuen; aita, Manuel Fraga Bello, Vilalbako alkate izan zen Primo de Riveraren diktaduran zehar. 12 seme-alabadun familiako senide zaharrena zen.

Zuzenbidea, Politika eta Ekonomia ikasi zituelarik, Fraga Gorteetako Eskola Diplomatikoan Letradun sartu zen 1945 eta 1947 urteetan, oposaketetan lehendabiziko gelditu ostean. Unibertsitate Miliziako alfereza ere izan zen.

1948an Zuzenbide politikoaren katedra jaso zuen Valentziako Unibertsitatearen eskutik, eta 1953an Zuzenbide Konstituzional eta Estatu Teoriarena, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Zientzia Politiko eta Ekonomikoen Fakultatearen eskutik. Unibertsitate honetan irakasle izan zen 1987 urtera arte.

Jarduera politikoa Francoren diktaduran zehar

1951n Kultura Hispanikoaren Institutuko idazkari nagusi izendatu zuten.

1953an Joaquín Ruiz-Giménez Hezkuntza ministroak Hezkuntza Kontseiluaren idazkari izendatu zuen, bi urte beranduago idazkari nagusi teknikoa bilakatuko zelarik.

1956an Ikasketa Politikoen Institutuko (Instituto de Estudios Políticos, gazteleraz) zuzendari izendatu zuten, eta 1957an sortu berri zen Mugimendu Nazionalaren (Movimiento Nacional) ordezkari izendatu zuten.

Turismo eta Informazioko ministro

Fragaren lehen kargu nabarmena Turismo eta Informazioko ministroarena izan zen; hartan 1962ko uztailaren 10etik 1969 urtera arte jardun zuen. Hortaz, Francoren diktaduran zeharreko IX. Espainiako Gobernuan (1962-1965) parte hartu zuen.

Ministerioan zegoela, Fragaren pentsamenduak bi ezaugarri nagusi izan zituen: alde batetik, erregimenaren defendatzaile sutsua zen; eta bestetik hainbat erreforma burutu behar zirela proposatu zuen, erregimenaren jarraitutasuna bermatzeko helburuarekin; hau da, pentsamolde erreformista edo aperturista zuen.

Ministerioaren agintean egon zen hamarraldian zehar, Fraga erregimenaren sektore erreformistaren ordezkari nagusiena bilakatu zen, José Solís Ruizekin batera. Mugimendu honetako partaideek erregimena orduko aldaketa ekonomiko eta sozialei egokitu eta honek Francoren heriotaren ondoren biziraun zedin zenbait erreforma instituzional txiki burutzea funtsezkoa zela zioten.

1966ko udan zehar, erregimenaren ondoren monarkia ezarriko zela ziurtatuko zuen Estatuko Lege Organikoaren zirriborroa idazteaz arduratzen zen batzordean parte hartu zuen. Lege hura urte hartako azaroan onartuko zen.

Horrez gain, Fragak industria turistikoaren garapena sustatu zuen, Spain is different! ("Espainia ezberdina da!") eslogana erabiliz. Ingeles hizkuntzako herrialdeetan esaldi hori, egun, Espainiak bere ekonomi arazoak menderatzeko dituen zailtasunak adierazteko txantxa ironikotzat erabiltzen da. Luze baino lehen, turismoaren bitartez jasotako kapitala bihurtu zen ekonomia nazionalaren diru-sarrera nagusia, eta emigranteen igorpenekin batera, espainiarren bizi-baldintzen hobekuntza gogoangarria gertatu zen, dibisen sarrerari esker. Dena den, honen ondorioz, turistek Espainiara ekarritako ohitura berriek erregimena ahultzen lagundu zuten.

Bestalde, ministro zela hainbat eskubide zanpatzeko aginduak eman zituen: 1965ean, Loiola irratia ixteko agindu zuen, urtebetez; eta 1969an, Jakin aldizkaria itxiarazi zuen. Zenbait fusilamendu eta hilketaren ardura politiko zuzena izatea ere leporatu diote; hala nola Julian Grimau militante komunistaren fusilamenduarena, 1961ean, Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiarena, eta 1976an, eta Francisco Granado, Joaquin Delgado eta Salvador Puig Antich anarkistak garrotez hiltzearena, esate baterako. Era berean, erregimenaren polizia politikoak asasinatutako Enrique Ruanoren aitari deitu zion telefonoz, bere alaba antifrankista Margot ere atxilotuko zuela mehatxatuz, honek bere protestak eteten ez bazituen. Torcuato Luca de Tenak, orduko ABC egunkariko zuzendariak, Fragak Ruanoren eguneroko pribatuko oharrak argitaratzeko agindu ziola onartu zuen, hauek maneiatzeko esanez, jendeak pentsa zezan Ruanok bere buruaz beste egin zuela.

1963 urtearen amaieran eta 1964an batez ere, Fragak ministeriotik Espainiaren barnean erregimenaren entzutea hobetzeko plan bat burutu zuen, «Veinticinco años de paz» deiturikoa.

1966an estatubatuar bonbaketari batek izandako istripuaren ondorioz, fuga erradioaktibo bat eta zenbait hidrogeno lehergailuren erorketa jazo zen Palomaresen (Cuevas del Almanzora udalerria, Almería, Andaluzia). Biztanleriaren larritasuna baretzeko helburuarekin, Fraga eta estatubatuar enbaxadorea Palomaresko Quitapellejos hondartzan bainatu ziren, hortarako arriskurik ez zegoela frogatzearren.

Londresko enbaxadore

1969an, Burgosko prozesuaren testuinguruan, Fragak bere ministro kargua utzi zuen. Izan ere, honek MATESA auzia aprobetxatu zuen Carrero Blancoren gobernuan zeuden teknokratak mintzeko, haietako batzuk tartean baitzeuden. Ministroa zenez, auziari ahalik eta publikotasun handiena ematen saiatu zen. Ondorioz, Francok bai inplikatuak eta baita salatariak kargugabetu zituen, auzi honek frankisten eta teknokraten arteko ezadostasunak agerian utzi baitzituen.

Ministro eta Londresko enbaxadore izan ondoren, Gorte frankistetako ordezkari izan zen. Beranduago, politika denboraldi baterako alde batera utzi zuen, enpresa pribatuan lan egiteko. Madrilgo Cervezas El Águila lantegiko zuzendari nagusia izan zen bolada honetan.

1973an Fraga Espainiako enbaxadore izendatu zuten Erresuma Batuan, eta Francoren heriotzara arte mantendu zuen kargu hau, atzerrian Espainia aperturista baten irudia emanez.

Fragaren inguruan sortu zen GODSA (Gabinete de Orientación y Documentación, S. A.) deituriko klub politikoa (merkataritza-elkarte gisara, talde politikoak onartuak ez baitziren). Talde hori 1974tik aurrera Reforma Democrática bilakatuko zen, eta honek Arias Navarroren "otsailaren 12ko izpiritua" onartu zuen. Frankismoarekin hautsiz, talde erreformista honek asaldurarik gabe era ziur batean erregimen demokratiko bat lortzea zuen helburu.

Jarduera politikoa trantsizio garaian

Gobernuko lehendakariorde eta Gobernazio Ministro (1975-1976)

1975ean Gobernuko lehendakariorde eta Gobernazio Ministro (gaur egungo Barne Arazoetako Ministro) izendatu zuten, Carlos Arias Navarro gobernuburu zelarik, Joan Karlos I.a erregearen lehen gobernuan.

Tentsioa nabaria zen garai honetan. 1976an gertatu ziren, besteak beste, Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia; non Polizia Armatuak gas negar-eragilea eta gomazko bolak erabiliz San Francisco de Asís eliza hustu zuen, 100 zauritu baino gehiago eraginez eta tiroka 5 pertsona erahilez; Jurramendiko hilketak, non zenbait ultraeskuindarrek bi pertsona asasinatu zituzten erromeri batean, eta poliziak horren aurrean ezertxo ere ez zuen egin; eta maiatzaren 1ean oposizioak egin nahi zuen manifestaldia bertan behera gelditu zen. Gertaera hauek Fragaren itxura erreformista kaltetu zuten.

Felipe Gonzálezen tankerako oposizio buruekin bilerak izan zituen, eta UGTren (Unión General de Trabajadores; oraindik ilegala zen sindikatua) XXX. Kongresu Konfederala ospatzea baimendu zuen (1976ko apirilean, Madrilen), non Nicolás Redondo izan zen zuzendari nagusi gisara izendatua.

Fragak Dolores Ibárruri buruzagi komunista bere Espainiarako itzuleran babesteko nahikoa polizia ez zituela esan zuen, honek oposizioko zenbait kide hasarrarazi zituelarik. Ignacio Gallego buruzagi komunistak ondorengoa esan zuen: «Es una actitud evasiva, torpe y grosera, digna de un gobernante graduado en el fascismo». Horrez gain, Gallegok Fraga salatu zuen, haren erreformismoa errepresioan eta indarkerian oinarrituta zegoela esanez.

Fragak frankismoaren zentsura pixka bat lasaitu zuen sexuari zegokionez; ez, ordea, gai politikoetan. Amnistia txiki bat onartu zuen, eta jarraian lehen hauteskunde demokratikoen ondoren Partidu Komunista legalizatu beharko zela esan zuen. Honek desadostasun ikaragarriak ekarri zizkion erregimeneko immobilistekin; hau da, erreformarik nahi ez zutenekin.

Garai honetan zehar, Jose Maria Areiltza kanpo ministroarekin batera, Fraga izan zen erreforma politikoaren bultzatzaile nagusia. Hala ere, bi hauek ez zetozten bat Arias Navarroren pentsamoldearekin, hau ez baitzen hain aperturista.

Arias Navarroren gobernuaren porrota Mugimendu Nazionalaren (Movimiento Nacional) idazkari nagusia izandako Adolfo Suarezek lehendakaritza hartu zuenean gertatu zen, Unión de Centro Democrático (UCD) deituriko koalizioaren eskutik. Suarezek koalizio horretan pentsaera ezberdineko partaideak biltzea lortu zuen; Francoren erregimeneko kideetatik hasita zentruko zenbait partaideetaraino zihoazenak.

Reforma Democrática eta Alianza Popular

Fragak ez zuen UCDn sartu nahi izan, bere aburuz Suarez ez baitzen erreforma politikoa aurrera eramateko egokiena, bera baizik.

1976an Reforma Democrática deituriko partidua sortu zuen, Francoren erregimeneko bese zenbait kide aperturistekin batera; Girón eta Blas Piñar besteak beste. Urte bereko irailaren 23an Alianza Popular (AP) partidua sortu zuen, kide eskuindarren arteko federakuntza zena, marxismoaren eta separatismoaren aurreratzea gelditzeko helburuarekin. Francoren ministro ohi izandako zazpi kiderekin elkartzen da, prentsan "siete magníficos" ezizena hartzen dutelarik: Gonzalo Fernández de la Mora, Laureano López Rodó, Cruz Martínez Esteruelas, Federico Silva Muñoz, Licinio de la Fuente, Gregorio López Bravo eta Enrique Thomas de Carranza.

1977ko ekainaren 15ean ospatu ziren Francoren ondorengo lehen hauteskunde demokratikoak, eta Fraga aurkeztu zen AP alderdiko lehendakarigai. Talde politiko honek hauteskundeak irabazteko zuen itxaropena zapuztu egin zen; 16 diputatu, sufragioaren %10a baino gutxiago eta milioi bat eta erdi botu soilik lortu zituzten eta. UCD partiduak irabazi zuen, Suarezek lehendakaritza hartuz.

Jarduera politikoa garai demokratikoan

Konstituzioa

Manuel Fraga Iribarne, ziurra ez den data batean; segur aski Trantsizio politikoko hauteskunderen batean.

1977 eta 1978 urteen bitartean Espainiar Konstituzioaren idazketan hartu zuen parte, Alianza Popular partiduaren ordezkari, honako politiko hauekin batera: Gabriel Cisneros, José Pedro Pérez-Llorca eta Miguel Herrero y Rodríguez de Miñón zentristak, Gregorio Peces-Barba sozialista, Jordi Solé Tura komunista eta Miquel Roca nazionalista kataluniarra. Konstituzioaren zazpi txostengileetako bat izan zen arren, ez zuen haren alde bozkatu, ez zetorrelako bat Espainiari emango zitzaion autonomia erkidegoen egitura deszentralizatuarekin. Garai honetan Espainiaren naziotasun eta zatiezintasun eta nazionalitate historikoen arteko tira-biren inguruan jarduten du.

"El concepto de nación no se puede acuñar a voluntad; no basta una particularidad lingüística, étnica o administrativa; sólo la suma de un gran territorio compacto, de tradición cultural común y con proyección universal; una viabilidad económica; una organización política global, probada por siglos de Historia, sólo eso constituye una nación. Y no es el momento de volver sobre el hecho indiscutible de que nación y nacionalidad es lo mismo."

Fragaren izaera aperturistak APeko kide eskuindarrenek eta immobilistenek partidua uztea eragin zuten, batez ere Santiago Carrillo buruzagi komunistarekin izandako harremanaren ondoren.

Eurodiputatu

1987an eurodiputatu izendatu zuten, bi urtez Europako Legebiltzarrean PP alderdia ordezkatuko zuelarik.

Galiziako Xuntako Lehendakari

Aurrerago, Fragak bere sorterrira itzultzea erabaki zuen; Galiziara, bertako Parlamentuko hauteskundeetara aurkezteko intentzioarekin. Bertan, galiziar autonomiaren duintasuna berreskuratzeko programa aurkeztu zuen, zentsura-mozio baten ondorioz momentuan agintean zegoen hiruko gobernuari (PSdeG-PSOE, Coalición Gallega eta Partido Nacionalista Galego) aurre egiteko intentzioarekin. Galizian betidanik irabazi izan zuten alderdi eskuindarrek, beraz PPak Fragaren hautagaitzarekin gehiengo absolutua lortu zuen (Centristas de Galicia taldearekin koalizioan) 1990eko hauteskundeetan.

15 urtez izan zen buruzagi. Galiziarren identitate kulturala defendatu zuen, betiere Espainiaren barruan, noski, administrazio bakuneko autonomismo eta autoidentifikazio ideiarekin. Garai haietan, Alderdi Popularrak Galizian izugarrizko nortasuna izan zuela esaten da. Fragaren aurkari politikoa nazionalisten buru zen Xosé Manuel Beiras izan zen, zeinaren aurka hainbat eztabaida eta liskar izan zituen bere hautagaitzan zehar.

Palas de Reiko (Lugo, Espainia) erromes ostatuko plaka, 1993 urtean sortua.

Fragaren oposizioak hau, besteak beste, kazikismo galego tradizionala babesteaz eta diru-laguntzen bidez komunikabideen gaineko kontrola izateaz salatu zuen. Horrez gain, hiri-eremuen itsusitzea, Galiziako paisaien suntsiketa (eukaliptoaren monolaborantza eta zentral elektriko txikien, parke eolikoen eta harrobien eraikuntza zela eta, beste zenbait arrazoien artean) eta erreka eta ibaien kutsatze masiboa ere leporatu izan zaio. Era berean, berak bultzatutako Cidade da Cultura de Galicia makroproiektu arkitektonikoa eztabaida ugariren iturri izan zen.

Manuel Fragaren omenez Cambadosen (Pontevedra) eraikitako estatua; 2012an inauguratua eta 2017an kendua

Fragaren aldekoek, ordea, honek burututako zenbait hobekuntza azpimarratu izan dituzte; hala nola, elektrifikazioan eta telefonia landatarrean eginiko aurrerakuntzak, mahastizaintzaren eta abere-saneamenduaren garapena, barnealdeko errepideen hobetzea, mesetarekin eginiko autobide bidezko lotura, laurogeita hamargarren hamarkadan izandako garapen turistikoa eta milaka immigrante argentiniarrei eta uruguaitarrei eskainitako laguntza eraginkorra, hauek XXI. mende hasieran jasandako krisi ekonomikoa zela eta. Aurrera eraman zuen baso-suteen itzaltze politika eraginkorrarengatik ere goraipatua izan da Fraga; izan ere, 1989an erretako hektarea kopurua (100.000 inguru) 20.000ra jaistea lortu zuen bere agintaldian zehar. Fragarekin Galiziaren autogobernu maila Kataluniarenaren antzeko maila batetara iritsi zela esaten da.

Fidel Castrorekin harreman estua izan zuen; izan ere, Fragaren familia Kuban izan zen bizitzen, eta era berean, Fidelen aita galegoa zen. Bien arteko harreman hau oso polemikoa izan zen.

Galiziako politika-espektroaren mutazioan lagundu zuen Fragak; bere ondorioz Coalición Galega alderdia eta zentruko nazionalismoa desagertu ziren eta. Ildo beretik, ordezkaritza lortzeko alderdi batek behar zuen boto kopurua %5a igo zuen, eta honen ondorioz ezkerreko nazionalismoa defendatzen zuten talde politiko txiki guztiak BNG alderdian bildu ziren. Partidu hau Fragaren bigarren legegintzaldian honen oposizio nagusia bilakatu zen.

2002an galiziar kostetatik gertu hondoratu zen Prestige petrolio-ontziaren ondorioz, Fraga bortizki krikitikatua izan zen, arazoaren aurrean azaldu zuen geldotasunarengatik eta bere alderdiaren barnean ageria zen desadostasunarengatik (Aznarren Gobernuari men egin nahi ziotenen eta gehiago exijitu nahi ziotenen artean). Azkenean, Aznarrek Fragaren idazkari zen Xosé Cuíña Crespo kargutik bota zuen, eta "Plan Galicia" deituriko azpiegitura plana eskaini zuen. Kaleetan kexak ugariak izan ziren, Nunca Máis talde nazionalistak bultzatuta, baina hala ere PPk irabazi zituen hurrengo udal-hauteskundeak petrolioak kaltetutako kostatar herri gehienetan.

2005eko hauteskundeetan berriz garaile atera zen, honela munduko agintari zaharrenetakoa bilakatuz. Bigarren alderdi bozkatuenarekiko alde handia zuen, baina ez zuen gehiengo absoluturik lortu, beraz PSdeG eta BNG alderdien arteko itunak Fragak berriz Galiziako Xuntako lehendakaritza lortzea eragotzi zuen, kargu hau PSdeG partiduko Emilio Pérez Touriñok hartu zuelarik.

Heriotza

2012ko urtarrilaren 15ean (89 urte zituelarik), gaueko 22:30etan gutxi gorabehera, hil zen Fraga bere Madrilgo etxean, berreskuratu gabeko pneumonia batek eragindako bihotz-gelditze baten ondorioz. Alderdi Popularraren ohorezko presidente izan zen hil zen arte, bere ardurapean egindako krimenez auzitegietan erantzunik eman gabe.

Lanak

    • La acción declarativa (1944)

    • Así se gobierna España (1949)

    • Razas y racismo en Norteamérica (1950)

    • El control de las relaciones internacionales por el Senado norteamericano (1951)

    • El Congreso y la política exterior de los Estados Unidos (1952)

    • Las Constituciones de Puerto Rico, Santiago de Compostela (1953)

    • El Canal de Panamá: geopolítica, diplomacia y derecho internacional", (1953)

    • Las constituciones del Perú, (1953)

    • La educación en una sociedad de masas (1954)

    • El Gabinete inglés (1954)

    • Balmes, fundador de la Sociología positiva en España (1955)

    • Don Diego de Saavedra y Fajardo y la diplomacia de su época (1955)

    • La familia española ante la segunda mitad del siglo XX (problemas y soluciones)(1959)

    • La familia y la educación en una sociedad de masas y máquinas (1960)

    • Estructura política de España: la vida social y política en el siglo XX (1961)

    • La guerra y la teoría del conflicto social (1962)

    • El nuevo anti-maquiavelo (1962)

    • Horizonte español (1965)

    • El desarrollo político (1972)

    • El Estado y la Iglesia en España (1972)

    • La República (1973)

    • Cánovas, Maeztu y otros discursos de la segunda restauración (1976)

    • Alianza Popular (1977)

    • Los fundamentos de la diplomacia (1977)

    • La Constitución y otras cuestiones fundamentales (1978)

    • La crisis del Estado Español (1978)

    • Después de la Constitución y hacia los años 80 (1979)

    • Ideas para la reconstrucción de una España con futuro (1980)

    • Memoria breve de una vida pública (1980)

    • El debate nacional (1981)

    • España, entre dos modelos de sociedad (1982)

    • El cañón giratorio: conversaciones con Eduardo Chamorro (1982)

    • El cambio que fracasó (1986)

    • España bloqueada (1986)

    • En busca del tiempo perdido (1987)

    • De Santiago a Filipinas, pasando por Europa (1988)

    • Galicia ayer, hoy, mañana (1989)

    • Galicia en España y en Europa (1990)

    • La cultura gallega, pasado, presente y futuro (1990)

    • Álvaro Cunqueiro: dos discursos (1991)

    • Galicia en el concierto regional europeo (1991)

    • A Galiza e Portugal no marco europeu (1991)

    • De Galicia a Europa (1991)

    • La Galicia del año 2000 (1993)

    • Administración única: una propuesta desde Galicia (1993)

    • Da acción ó pensamento (1993)

    • Ética pública y derecho (1993)

    • El futuro del estado autonómico (1996)

    • Nuevo orden mundial (1996)

    • Galicia fin de milenio (1997)

    • Cánovas del Castillo, cien años después (1897-1997) (1997).

    • Ciencia y tecnología: desafío político y administrativo (2000)

    • Las claves demográficas del futuro de España (2001)

    • Final en Fisterra (2006)

    • Sociedad y valores (2006)