Indalecio Prieto Tuero (Oviedo, 1883ko apirilaren 30a - Mexiko Hiria, 1962ko otsailaren 12a) bizkaitar politikari sozialista izan zen.
Oviedon jaio arren, umea zela Bilbora joan zen, non 1899an Bilboko Elkarte Sozialistan sartu zen. Haurtzarotik lan egin zuen, hasieran takigrafo moduan eta gero kazetari bilakatuta El Liberal egunkarian. Han Horacio Etxebarrieta politikari eta industrialari bizkaitarrarekin harreman estua izan zuen. 1918an gorteetarako diputatu hautatu zuten Bilbotik eta horrek bizkaitar sozialisten artean zuen ospea espainiar sozialismora ere zabaldu zuen. Diputatu zela, II. Internazionalaren alde egin zuen behin baino gehiagotan eta Internazional Komunistaren kontra, berriz, gogor.
XX. mendearen hasieratik, pixkanaka-pixkanaka bere itzala gero eta handiago bilakatu zen sozialisten artean, hasieran Bizkaian, non 1911n Facundo Perezagua izan zuen arerioa, eta gero Madrilen, non 1921 eta 1922ko Espainiako Alderdi Komunistaren zatiketa eta gero zuzendaritza-batzordean sartu zen.
Primo de Riverak 1923. urteko irailean jo zuen estatu kolpearen aurka egin zuen Prietok eta PSOE alderdiak kolpearen kontra plazaratutako manifestua berak idatzia zen.
Lehen Mundu Gerran zehar Espainia neutral mantendu izanak abantaila ugari ekarri zizkion espainiar industria eta merkataritzari. Onura horiek, ordea, ez ziren langileen soldataren mesederako izan; ondorioz, 1917ko Espainiako greba orokorrari hasiera eman zitzaion. Grebak Errusiako Iraultzan izandako gertaerak errepikatuko zirenaren beldurra sortu zuenez, gogorki erreprimitua izan zen armadaren eskutik, eta greba batzordearen atxilotzea eman zen Madrilen. Prietok, greba honen antolakuntzan nahasia zegoenez, atxilotua izan baino lehen Frantziara egin zuen ihes eta ez zen itzuli 1918ko apirilean diputatu izateko aukeratua izan zen arte.
Benetan kritikoa agertu zen Prieto armadak eta Gobernuak Marokoko Gerran izandako parte hartzearekin. Garai zailak bizi izan zituen Gorteetan, 1921eko Annualgo Hondamendia zela eta, eta baita ere baieztatua ez izan arren Alfontso XIII.aren erantzukizunean zegoen Manuel Fernández Silvestre generalaren jarrera militar zuhurtzigabearen ondorioz, Melilla komandantziaren inguruan burutu zituen operazioetan.
1930eko abuztuan Donostian egin zen hitzarmenaren sinatzaileetako bat izan zen, eta iraultza batzordeko kidea ere bai; Espainiako monarkiaren kontra sutsu borrokatu zen. 1930eko abenduaren 15eko grebak huts egin zuenean Frantziara erbesteratu zen, eta han bizi izan zen, harik eta Espainiako Bigarren Errepublika eratu zen arte.
PSOEren zuzendaritzan sartzean, alderdian izan zuen eragina nahiz legebiltzarkide bezala lortu zuen fama nabarmen hazi ziren. III. Internazionaletik at mantenduz, 1921. eta 1922. urteetan Espainiako Alderdi Komunistaren zatiketaren ondoren PSOEn esku-hartzen jarraitu zuen.
Primo de Riveraren aldeko kolaborazioa bermatzen zuen eta Largo Caballero buru zuen fakzioaren aurka egin zuen, Largorekin konfrontamendu latzak izan zituelarik; horrek, alderdiaren zuzendaritzatik banatzea eraman zuen Prieto. Zentzu honetan, Prieto erdibidean mantendu zen Besteiroren moderazioaren eta Largoren erradikalismoaren artean.
Diktaduraren amaieran herrialdea kristitik ateratzeko Errepublikaren alde egin zuen apustu, 1930ean Donostiako Itunaren eraketan pertsonalki aurkeztuz bere burua, Julián Basteiroren aurkako oposizioan; alderdi errepublikazale ugarik Monarkia deuseztatzekotan osatu zuten koalizioan, alegia. Azken ekimen horretan, hala ere, aipagarria da Largo Caballeroren eskutik jaso zuen sostengua. Izan ere, Largoren aburuz, monarkiaren erorketa zen sozialismoak boterea eskuratzeko zeukan aukera bakarra.
PSOE taldearen ordezkari gisa errepublikaren gobernuko kide izan zen, hasieran Finantza ministro, eta, gerora, Herri Lanen ministro gisa.
1931ko apirilaren 14an II. Errepublika aldarrikatuta, Prieto, Niceto Alcalá-Zamora buru zen behin-behineko Gorbernuko Ogasuneko Ministro izendatua izan zen, eta Errepublikaren lehen kabineteetan parte hartu zuen Manuel Azaña Gobernuburu eta Alcalá-Zamora Errepublikako Presidente zirelarik.
Ogasuneko ministro zela, Madrilgo udalari Casa de Camporen entregatzea sinatu zion bizilagunen erabilpen eta gozamenerako, eta espainiar krisi ekonomiko internazionalak sortutako oihartzunei hotz erantzun behar izan zien, ortodoxia liberal zorrotzean mantenduz bere burua. Guztia gorabehera, Prietogan sinesten ez zuten enpresarien oposizioari aurre egin zion, eta baita Espainiako Bankuaren oposizioari ere; erakunde honetan Estatuaren esku-hartze handiago bati eutsi nahi izan zionari alegia.
Espainiako Sustapen Ministerioko buru izanik, Primo de Riveraren diktadura garaian hasitako eraikuntza-lan hidroelektrikoak aurrera eramaten jarraitu zuen. Horrez gain, Madrilgo azpiegituren hobekuntzarako planak ere egin zituen; adibidez, Chamartíngo geltokiaren eraikitzea eta geltoki berberaren eta Atochakoaren arteko lur azpiko tunelarena. Horietako lan ugari, ordea, ez ziren urte batzuk geroagora arte argira atera Gerra Zibilaren ondorioz.
Egizkizun parlamentarioetan emakueen boto eskubidearen aukako jarreragatik nabarmendu zen, Clara Campoamorrekin enfrentamendu gogor batera eraman zuelarik.
1933ko azaroan Espainian eskuindarrek irabazi eta 1934rako indar ezkertiarrek prestatu zuten matxinadak huts egin ondoren Frantziara alde egin zuen.
1933ko iraileko krisiak Gorbernutik sozialistak irtetea ekarri zuen, eta euren kaxa aurkeztuko ziren azaroko hauteskundeetan. Eskuinaren garaipenak eta CEDAk boterea eskuratzeko zuen aukerak, PSOE 1934ko urriko greba orokor iraultzailea antolatzera eraman zuten, eta Prietok gogotsu hartu zuen parte. Urte batzuk beranduago, ekimenari buruzko iritzi pertsonala eta esku-hartzea islatu zituen publikoki Prietok, argi eta garbi, Mexikoko batzar batean, eta bera egile zuen liburu batean:
"Me declaro culpable ante mi conciencia, ante el Partido Socialista y ante España entera, de mi participación en aquel movimiento revolucionario [de octubre de 1934]. Lo declaro, como culpa, como pecado, no como gloria. Estoy exento de responsabilidad en la génesis de aquel movimiento, pero la tengo plena en su preparación y desarrollo. Por mandato de la minoría socialista, hube yo de anunciarlo sin rebozo desde mi escaño del Parlamento. Por indicaciones, hube de trazar en el Teatro Pardiñas, el 3 de febrero de 1934, en una conferencia que organizó la Juventud Socialista, lo que creí que debía ser el programa del movimiento. Y yo –algunos que me están escuchando desde muy cerca, saben a qué me refiero– acepté misiones que rehuyeron otros, porque tras ellas asomaba, no sólo el riesgo de perder la libertad, sino el más doloroso de perder la honra. Sin embargo las asumí."
Greba orokor iraultzailea aurrera atera baino lehen, Parisera ihes egin zuen Prietok. Alderdian bertan ikuspegi liberala aurkezten zuen, eta ezkerreko alderdi errepublikazaleekin egindako elkarlanen aldekoa zen, erbestetik bueltatu ahal izateko eta erekunde errepublikazaleen egonkortasuna bermatzeko. Horretarako, bere alderdiko ezkertiarren ideia iraultzaileen aurka egin zuen, PCE eta CNTren kolaborazioaren aurka eta gazteriaren erradikalizazioaren kontra.
Erbestetik gogor ekin zion geroko Fronte Popularra koalizioa sortzeko lanari; talde horrek 1936ko hauteskundeetan izan zuen garaipenaren ondoren Espainiara bueltatu zen.
Haueskundeetan Bilboko zirkunskripzioaz aukeratua izan zen 143.868tik 69.193 botorekin, 184.787 hauteslerekin, Mariano Ruiz-Funes eta Julián Zugazagoititiaren atzetik hirugarren hautagai bozkatuena izanez.
Prietok garbi zeukan 1936an Espainiaren egoera politiko eta sozialak Gerra Zibilera eramango zuela estatua, eta hala idatzi eta argitaratu zuen hainbat okasiotan, urte bereko udaberrian zehar.
Gerra Zibilaren garaian Itsasoko eta Aireko ministro izan zen (Largo Caballerorekin 1936-37 urteetan), baita Defentsa ministro ere (Negrín gobernuburu zela 1937-38 urteetan) harik eta 1938an errepublikaren ordezkari gisa Txilera alde egitea erabaki zuen arte, harreman txarrak baitzituen gobernuko zenbait kiderekin; Negrín berarekin, besteak beste.
Behin gerra hasita, gobernuaren parte izan ez zen arren jarduera politiko handia izan zuen gobernu beraren baitan. Eremu errepublikazalean piztu zen biolentzia iraultzailearen aurka agertu zen, eta Madrilgo Modelgo kartzekolako hilketak gertatu zirenean, hauxe esan zuen: "Hemen gertatu berri den bortizkeria, gerra galdu dugun seinale da". Esan bezala, 1836ko irailean Talavera de la Reina hiriaren erorketaren ondoren, Largo Caballero Gobernuko lehendakari bihurtu zen, eta Prieto Itsasoko eta Aireko ministro.
Bartzelonan izandako 1937ko maiatzeko gertaera iraultzaileen ondoren, Largo Caballeroren kabinetea erori zen Espainiako Alderdi Komunistaren eta Prieto beraren oposizioagatik. Juan Negrínek gidatu zuen gobernu berria, berez, Prietoren taldekoa zena eta Defentsa Ministerioa esleitu zioten honi. Egia esan, ezkor zen Errepublikaren balizko garaipenaz, potentzia demokratikoek ez baitzioten beharrezko laguntzarik ematen (bere agindupean, italiar urpekoek sobietarren hornikuntza moztu zuten eta Frantziarekiko muga itxita zegoen).
Urrian Iparraldeko Frontea erori ondoren, Prietok onartua izan ez zitzaion dimisioa aurkeztu zuen, nahiz eta 1938ko apirilean Aragoiko Frentea erortzean eta Negrínekin eta ministro komunistekin izandako iskanbilen ondoren, gobernutik atera zen.
1939an, Mexikon hartu zuen bizilekua, eta han espainiar sozialismoa berriro antolatzen saiatu zen. Prietok nazioarteko presioa beharrezkotzat hartzen zuen diktadura kentzeko, eta Espainiako estatuaren etorkizun politikoa demokratikoki erabakiko zukeen bozketa beharra azpimarratu zuen. Mexikoko erbestean, Nafarroaren Aldeko Batzordea eratu zen, Nafarroa euskal estatutuan sartzearen aldekoa, espainiar eta nafar errepublikazaleen artean ia aho batez onartutakoa. Sozialista nafar batek, ordea, kontra egin zuen: Luis Elio, Prietok horretara bultzatuta. Prieto Oviedon jaio zen eta, esaten zenez, Bilborekin ardura bai baina hiri horretaz haraindi Euskal Herriaz ezer-gutxi jakin nahi zuen eta, Agirreren esanetan, uko egin zion Nafarroa 1936ko autonomia-estatutuan sartu ahal izateko paragrafo gehigarriari.
« Prietok ez zuen bozkatu 1933ko azaroaren 5eko autonomiari buruzko plebiszituan (bai, ordea, Zugazagoitiak, Madriletik berariaz etorriz), eta bere ordezkaritza-betebeharretan halaxe huts egin zuen lehenago ere Iruñeko 1932ko ekainaren 19ko batzarretik ihes eginez, elementu monarkikoek eta karlistek egin zuten bezala, boycott helburu berdinaz. Geroago, 1936ko irailean, euskal autonomia Largo Caballerok esku hartu izanari esker egin zen errealitate, euskal ahaleginak eta Martinez Barriorenak irmo babestu baitzituen.»
Politikatik urrundu zen handik aurrera, baina Hegoameriketako hainbat herrialdeetan ezohiko enbaxadore izatea onartu zuen. Hantxe zegoen gerra amaitu zenean eta Mexikoko erbestetik lideratu zuen Alderdi Sozialistako gehiengo frakzioa. 1939an, Junta de Auxilio a los Republicanos Españoles (JARE) sortu zen eta Prieto egin zuten Junta Española de Liberación taldeko Idazkari Orokor (1943-1945). 1946an PSOEren kongresua izan zen Toulousen eta bere tesiak garaile izan ziren. Negrín eta bere politika kondenatu zituzten, antikomunista sutsu izan ziren eta Espainian demokrazia berrezartzeko xedean monarkikoekin elkarlana nahi zuten. Hala ere, diktadura militarra kontsolidatu zen eta proiektu haiek hutsean geratu ziren eta, 1950eko azaroan, dimisioa aurkeztu zuen.
Mexiko Hirian hil zen 1962ko otsailaren 12ko goizaldean.
Bere gorpua Vista Alegreko hilerrian dago, Derion, Kanposantu Zibil bezala gordeta dagoen zatian hain zuzen ere.
Bere buruaz, "socialista a fuer de liberal" sentitzen zela esaten zuen.