Karlos I.a Gaztelakoa

Karlos Austriakoa (edo Habsburgokoa) (Gante, 1500-Yusteko monastegia, 1558) Gaztelako eta Espainiako errege izan zen Karlos I.a izenez (1516-1556). Erromatar-Germaniar Inperioko enperadore ere izan zen eta Karlos V.a izena hartu zuen horretarako (1519–1558).Joana Gaztelakoa, Joana Eroa izenez ezagutzen dena, eta Filipe Ederraren ondorengoa izan zen eta aitona-amona ospetsuak izan zituen: Maximiliano I.a Austriakoa eta Maria Borgoñakoa aitaren aldetik eta Errege-erregina Katolikoak amarenetik. Oinordetzaz, lur asko izan zituen bere menpe: Herbehereak, Austriako lurraldeak eta tronu inperialerako eskubidea jaso zituen aitona Maximiliano eta amona Mariagandik eta Errege-erregina Katolikoek, berriz, Gaztelako konderria, Napoli, Sizilia, Indiak, Aragoi eta Kanariar uharteak utzi zizkioten.

Biografia

Prinsenhof jauregian (Gante, Flandria) dantzaldi bat ospatzen ari ziren bitartean, haurdun zegoen Joana artxidukesak tripako min handiak zituen. Inorren laguntzarik gabe, komunerantz abiatu zen eta horrelaxe jaio zen bere bigarren semea, asteartea zen 1500eko otsailaren 24ko goizeko 03:30ean. Joanak Juan deitu nahi izan zion, orain dela gutxi hildako anaiaren omenez, baina azkenean, Karlos izenez bataiatu zuten aitak hala nahi zuelako.

Urtea bete baino lehen, Filipek Luxenburgoko duke izendatu zuen, baita Urrezko Toison deritzon Borgoñako ordenako zaldun ere.

1501eko azaroaren 16an, Filipe eta Joanak Espainiara bidaiatu zuten, Errege-erreginen oinordeko izendatu baitzituzten eta Karlos txikia Yorkeko Margaritaren eskuetan geratu zen. Frantziatik pasatu zirenean, Filipek eta Luis XII.ak bere seme-alabak ezkontzeko ituna sinatu zuten eta, urte batzuk beranduago, itun hori Bloiseko tratatuan berretsi zen.

Filipe Flandriara itzuli zenean, Margarita zaintzailea edadetua zela eta Ana Borgoinakoaren esku utzi zuen printze txikia eta bere hezkuntza zuzenduko zutenak ere izendatu zituen. Fernando Katolikoak, berriz, printzea Gaztelako errege izan zitekeen ustean, Luis de Vaca bidali zuen Flandriara, gaztelania eta Gaztelako ohiturak irakasteko haurrari. Alferrikako ahalegina, nonbait, urte batzuk geroago Karlos printzea Espainiara hurbildu zenean, oraindik ez baitzuen hizkuntza erabat menperatzen.

1506an, Isabel Katolikoaren heriotzaren ondoren, Filipe eta Joana berriro joan ziren Gaztelara, hango koroa eskatzera. Lortu zuten, baina hauen erregeladiak gutxi iraun zuen, Filipe hil egingo baitzen eta Joana, berriz, erotu egin zela-eta, Tordesillasko komentu batean itxi baitzuen aitak.

Karlos adinez txikia zenez, bere aitona Maximiliano I.ak hartu zuen Herbehereen erregetza, baina berehala utzi zion kargua Margarita Austriakoari, Karlos eta bere senideen heziketarekin batera. Horrela bada, printze gaztearen hezkuntza guztia Flandrian garatu zen. 1509an, enperadoreak Utrecheko Adriano izendatu zuen Karlosen maixu.

Azkenean, 1515eko urtarrilaren 5ean, Karlos adinez nagusi zela esan zuten eta Herbeeretako Jaun izendatu zuten. Horrela bukatu zen izeba Margaritaren erregentzia, baina errege gazteak ez zuen gobernatzeko gogorik eta Chievreseko jaunak zuen botere osoa bere esku. urte horretan etorri zen Adriano Utrechekoa Gaztelara, aitona Fernandok bere oinordetza eskubideak kenduko ote zizkion beldur. Karlosen anaia gazteagoa zuen gogoko, bere ondoan hezitakoa eta harenganako joera zuela zirudien.

Espainiako errege

1516ko urtarrilaren 22an, aitona Fernando II.a Aragoikoak azken testamentua idatzi zuen, bertan Karlos Gaztela eta Leongo erreinuen gobernari eta administratzaile izendatuz. Joanaren ordez jarri zuen tronuan, honek ezin baitzuen zuen gaixotasunagatik. Aragoiko koroari zegokionez, bere alaba Joanari uzten zion, beti ere Karlos gobernari nagusi izendatzen zuelarik. Karlos etorri bitartean, Cisneros kardinalak gobernatuko zuen Gaztelan eta Alonso Aragoiko artzapezpikuak, berriz, Aragoin.

Martxoaren 23an, Fernando erregea Madrigalejon (gaur egun, Caceres) hil zen. Hortik aurrera, Karlos errege sentitzen hasi zen. Gaztelako Kontseilua ez zegoen horrekin ados eta martxoaren 4an gutuna bidali zioten, amaren titutuak errespetatzeko eskatuz, Joanak bizirik jarraitzen baitzuen. Hala ere, Fernandoren hiletak bukatu eta 10 egunetara, oihuek garbi erakusten zuten, aldaketa zetorrela:

  • Vivan los católicos reyes doña Juana y don Carlos su hijo. Vivo es el rey, vivo es el rey, vivo es el rey.

Karlosek gaztelauen gutunari erantzun zion, errege izateko erabakia komunikatuz. Eztabaida luze baten ondoren, apirilaren 3an, Cisneros kardinalak Karlosen erabakiaren berri eman zion erreinuari eta 13rako gauzatuta geratu zen.

  • Doña Juana y don Carlos su hijo, reina y rey de Castilla, de León, de Aragón, de las Dos Sicilias, de Jerusalén, de Navarra, de Granada, de Toledo, de Valencia, de Galicia, de Mallorca, de Sevilla, de Cerdeña, de Córdoba, de Córcega, de Murcia, de Jaén, de los Algarves, de Algeciras, de Gibraltar, de las islas de Canaria, de las Islas, Indias y Tierra Firme del mar Océano, condes de Barcelona, señores de Vizcaya y de Molina, duques de Atenas y Neopatria, condes de Ruisellón y de Cerdaña, marqueses de Oristán y de Gociano, archiduques de Austria, duques de Borgoña y de Bravante, condes de Flandes, de Tirol, etc

Bestalde, Nafarroako 3 estamentuek fideltasuna egin zioten zin Karlosi.

Bitartean, Aragoiko koroaren egoera erabat kaotikoa zen. Lurralde hartako justiziak Alonso Aragoikoa arzobispoari agintea kendu zion, Aragoiko legeen arabera kargu hori tronuaren oinordekoari zegokiola esanez.

Aragoiko Erret Audientziak arroazoia eman zion justiziari, baina artzapezkikuak goberna zezakeela erabaki zuen, Joanaren sendagile eta zaintzaile zelako. Justiziak ez zuen onartu, ordea, Joana ez zela oinordeko esan zuen, semea izan bezain pronto, haren eskutara pasatzen baitzen agintea. Beraz, eta Fernandok beste seme bat izan zuenez Germana Foixekoarekin, Joanaren zina ezerezean geratzen zen (umea jaio eta ordu gutxira hil zen arren).

Maiatzaren 13an, Karlosek Joanaren zaintzaile bezala zituen botereak errekonozitu zizkion artzapezpikuari, baina zina egiteari uko egin zion. Gainera, Aragoiko Erreinuaren Diputazioak Joana hartu zuen koroaren oinordeko bezala, gaixo zegoenez, gobernutik alboratu eta bere semeagan erortzen bazen ere kargu hori. Gainera, ez zen Aragoiko instituziorik Karlos errege bezala onartzen zuenik, foruak ez bazituen zin egiten.

1518ko otsailaren 9an, Gaztelako Gorteak, Valladoliden bilduta, Karlos izendatu zuten errege. 600.000 dukat ere eman zitzaizkion eta Gorteek hainbat eskaera egin zizkion. Hauek dira haietako batzuk:

    • Gazteleraz hitz egiten ikastea.

    • Atzerritarren kargu publikoetarako izendapenak amaitzea.

    • Gaztelatik metal preziatuen eta zaldien irteera debekatzea.

    • Tordesillasen giltzaperatua zegoen, Joan, bere amarenganako errespetuzko tratua.

Aragoiko egoerak zaila izaten jarraitzen zuen. Maiatzaren 9an, Karlos Zaragozara iritsi zen. Aragoiko Gorteen bilera saioak maiatzaren 20an hasi ziren eta, eztabaida luzeren ondoren, maiatzaren 29an, Karlos egin zuten Aragoiko errege. Joana ere erregina izango zen, baina gobernatzeko gaitasunik ez zuen eta bere tituluak nominalak besterik ez ziren.

1519ko otsailaren 15ean, Karlos Bartzelonara iritsi zen eta Gorteak konbokatu ziren hurrengo egunerako. Aragoiko hitzaldiaren antzeko baten ondoren eta ondorengo eztabaiden ondoren, Karlos eta Joana koroatu zituzten apirilaren 16an. 1520ko urtarrilera arte ez zen diruaren kontua garbitu eta, azkenean, 300.000 libera eskaintzea erabaki zuten.

Hau guztia gertatzen ari zen bitartean, 1519ko urtarrilaren 12an, Maximiliano I.a enperadorea hil egin zen. Ekainaren 28an, Karlos izendatu zuten Frankfurten Erromatar Germaniar Inperio Sakratuaren enperadore eta horregatik utzi zuen bertan behera Valentziarantz bidaiatzeko asmoa. Gaztelako Gorteei deitu zien Santiago Compostelakora 1520ko martxoaren 20rako. Horrela, Karlosek Adriano Utrechetekoa bidali zuen bitarteko izateko eta ondoren Valentziakoa ere konbokatu ahal izateko. Legez kanpokoa zen hori eta estamentu pribilegiatuek gaizki hartu zuten. Iskamila ugari izan zen eta 1520ko apirilaren 30ean, erregeak dokumentua bidali zien, foruak eta pribilegioak gordetzeko prest zegoela esanez. Azkenean, erregeak legeak agintzen zuen guztia bete zuen, Monzoneko Gorte Orokorretara joan zen, Valentziatik pasatu zen eta foruak zin egin zituen maiatzaren 16an.

4 urte pasatu ziren kontu guzti hauetan eta Karlos izango zen Gaztela, Aragoi eta Nafarroa bilduko zituen lehen erregea.

Arazoak Gaztelan: Komuneroak (1520-21)

Karlos Gaztelara iritsi zenean, eskarmenturik gabeko gazte bat zen; ez zituen bertako ohiturak ezagutzen, ez hizkuntza ere eta horregatik Flandriatik etorritako koboratzaile bogoindarren laguntza hartu beharra izan zuen, aberastasaun ugari eskaintzen zien bitartean. Hau guztia ez zen gaztelauen gustuko izan eta horrelaxe jakinarazi zioten Valladolideko Gorteetan 1518an. Erregeak ez zion jaramonik egin eta berehala joan zen Aragoirantz. Gaztelauek gero eta haserreago zeuden, behar hainbateko arreta ez zielako eskaini.

Bartzelonan jakin zuen erromatarren errege egin zutela eta Santiago Compostelakora deitu zituen Gorteak, atzerriko gastuak ordaintzeko, batez ere. Orduan Gaztelako hiriak ezezkoa eman zioten, ez baitzuten Alemaniako interesak Gaztelaren aurretik jartze hori eta erresumara itzultzeko deia egin zioten. Azkenean, amore eman zuten eta Karlos Alemaniarantz joan zen, Adriano Utrechteko kardinalari erregentzia utziz.

Gustu txarra zabaltzen joan zen Gaztela osoan eta Medina del Campoko suteak komuneroen altxamendua piztu zuen. Jauntxoen aurkako altxamenduak zirenez, hauek Karlosi lagundu zioten eta, pixkanaka, komuneroen mugimendua itzaltzen joan zen. Azkenean Juan Padillaren agindupean zeuden komuneroei irabazi zien Villalarreko batailan (Valladolid).

Arazoak Aragoin: Germaniak (1519-23)

Levanteko lurraldeetan gertatu zen hau. Valentziako artisauak Fernando Katolikoak emandako pribilegioa zuten. Miliziak antola zitzaketen berberiskoen aurka egiteko. 1519an, Karlosek baimena eman zuen milizia haiek osatzeko eta Joan Lloren jarri zen agintean.

1520an, izurria izan zen Valentzian eta nobleek alde egin zuten; miliziek agitearen jabe egin ziren eta Adriano Utrechtekoaren disolbatzeko agindua ez zuten obeditu. Egun gutxiren buruan, mugimendua Balear uharteetara ere iritsi zen eta 1523ra arte iraungo zuen.

Komuneroena garaitu bezain pronto, armadak berehala bukatu zuen Germaniekin ere.

Espainiar inperioaren antolaketa: sistema polisinodiala

Izen hori eman zitzaion 1521 eta 1523 artean, enperadore hautaketak eta komuneroen arazoak konpondu ondoren, gauzatu zuten Kontseiluz osatutako antolaketa sistemari. Badirudi Gattinara kantzilerra izan zela Karlosi Estatuaren Kontseilu Sekretua proposatu ziona. Hori izango zen Gaztelako Kontseiluaren hazia, beste kontseilu guztiak eratzeko modeloa izango zena eta Filipe V.aren arte iraungo zutenak.

Kontseiluetako kideak erregeak berak aukeratzen zituen eta, erregearen aurrean edo ordezkariren baten aurrean, hainbat gai eztabaidatzen zituzten. Erregeak zuen azken hitza, baina izugarrizko boterea zuten:

    • Kontseiluan, erregeak estamentuek zuten indarra neurtzen zuen.

    • Erregearen faltan (gaixotasuna, gerra, bidaia...), beraiek gobernatzen zuten.

    • Agintea ez zen banatua eta, askotan, botere legegilea, betearazlea eta judiziala bereganatzen zuten, nahi eran erabiliz: Gurutzadetako Kontseilua, Inkisizioaren Kontseilua...).

Garrantzi handia zuten idazkariek. Kontseiluetako idazkariek ematen zien erregeari Kontseiluan tratatutakoaren berri edo Kontseiluari eramaten zizkion erregearen erabakiak. Azkenean, eragin handia zuten kontatzeko erarekin, aurreratu edo atzeratzeko neurriekin... Askotan salatu zituzten eta eskandalu ugari izan ziren (gehienbat Filipe II.aren garaian).

Gaztelako Kontseilua

Garrantzitsuena zen ezbairik gabe. Gaztelako etxe noble handiak biltzen zituen, 2 edo 3 eklesiastiko eta lizentziatu kopuru bat ere bai.

Bere funtzioetan Gaztelako erresuma gobernatzea zeuden eta justizia administratzea.

Estatu Kontseilua

Espainiako erregearen tresna garrantzitsua zen atzerriko politika eztabaidatzeko. Errege-erregina Katolikoen garaian ere horrelako zerbait bazen Erret Kontseiluan. 1526an hasi zen lanean, Soliman Handiak Austria mehatxatu zuenean.

Kontseilu bakarra da presidenterik gabekoa, Erregea baita lan hau egingo duena. Kontseilariak ez dira lege gizonak, harreman internazionaletan, baizik, Albako Dukea bezala edo Nikolas Perrenot. Beraz, kontseilari hauek beti ziren goi noblezioakoak edo goi klerokoak.

Filipe II.aren garaian, erregea askotan ez zen egoten kontseilu honetan eta Antonio Perez idazkaria bidaltzen zuen bere ordez.

Kontseilu honen lana erregeari atzerriko politikan aholkuak ematea zen eta hainbat enbaxadetako kontrola bereganatzen zuen: Eroma, Viena, Venezia, Génova edo Europako potentzia nagusienak: Frantzia, Ingalaterra eta Portugal.

Gaztelako Kontseiluan, erregeak kontseilarien esanak entzun eta gauzatzen zituen. Estatu Kontseiluan, ordea, erregeak berak eramaten zituen eztabaidatzeko gaiak, kontseilarien esanak entzun eta nahi zituen erabakiak hartzen zituen.

Aragoiko Kontseilua

Kontseilu honek ere bere berezitasunak zituen:

    • Presidentzia Karlos I.aren kantzilerordeagan zegoen.

    • Kontseilua lurraldeka antolatuta zegoen, ez familia nobleen arabera.

    • Kontseilu honek bere funtzio judizialak gutxitzen ikusi zuen, Mallorca eta Cerdenaren kasuan soilik Gaztelakoaren antzera jarraituko zuelarik.

    • Karlosek arreta gutxien jarri zion kontseilua izan zen.

Inkisizioaren Kontseilua

1535ean eraiki zuen Karlos I.ak, Inkisizioak zeukan jurisdikzioa kontrolatu nahian. Hala ere, 1545ean, Filipe erregentzian zegoenean, berriro eskaini zion aurreko jurisdikzioa Inkisizioari. kontseiluak bitartekari lanak egin beharko zituen.

Ordenen Kontseilua

Errege-erregina Katolikoen garaian, Fernando erregeak ordena militarren independentzia ezerezean utzi zuen eta bere burua 3 ordena militar garrantzitsuenen maestre izendatu zuen.

1523an, Adriano VI.a aitasantuak ordenak eman zizkion Gaztelako erresumari eta ondare garrantzitsu bat geratu zen erregearen jurisdikziopean: 2 hiri, 200 herri eta ehun bat herrixka, Santiagoren Ordenapean zeudenak, Gaztelako %4a suposatuko zuena. Bestalde, maestrearen irudia desagertzean, aurreko antolaketa era galtzen zuten eta Ordenen Kontseiluak hori konponduko zuen.

Pixkanaka, Karlos haien pribilegioak gutxitzen joan zen, batzuetan arrazoi politikoak erabiliz, komuneroei lagundu ziela edo... Askok alde egin zien zigorrei, pribilegio hauek zirela-eta.

Azkenean, Filipe II.aren garaian, Kontseilu hau Ohorezko titulu bat balitz bezala hartu zen, odol garbitasunaren bermea, alegia.

Kruzadetako Kontseilua

Hasieran, aitasantuak emandako 3 bulak administratzeko sortu zen, Erresumari laguntzeko federik gabekoen aurka zuen borrokan eta Mediterraneoan zuen galera flota mantentzeko.

Gehien bat, elizgizonak zeuden bertan eta dirua bildu eta bula horien administrazioan aritzen ziren, inperioaren finantza iturri handia ezbairik gabe.

Ogasuneko Kontseilua

1523an sortutako kontseilu honek, Gaztelako Ogasunaren razionalizazio handia suposatu zuen.

Horrela osatu zuten: 3 kontseilari, normalean Gorteko burokrazian eskarmentu handiko lizentziatuak, eta 4 asistente: tesoreroa, finantza eskribaua, kontadorea eta idazkaria.

Funtzioen artean hurrengoak ditugu: gastuak burutu, finantza iturri berriak bilatu, aurrekontuak egin, beste kontseiluetako kondaroeei informeak eskatu... Normala den bezala eta familia garrantzitsuenetako kideak ez izatean, kontseilua hau berehala hasi zen beste kontseiluekin ika-mika.

Indietako Kontseilua

1511n sortu zuten eta Karlosek 1524an erreformatu zuen.

Horrela osatzen zuten: Presidente bat, Kantziller Handia, 12 kontseilari, betiko pertsonala eta Indiako Kontseiluari zegozkion postu bereziak, Indietako kronista ofiziala, kosmografoa, Kontratazio Etxeko entzulea...

Bere konpetentzien artean, Mundu Berriko itsaso eta lurren gaineko edozer zegoen, bai militar eta bai politikoa, bai bakea eta bai gerra, bai zibila eta bai kriminala. Indiako Kontratazio Etxea zaintzen zuen Sevillan. Indietarako erregeordeak, armadetako generalak, artzapezpikuak... proposatzen zituen. Pleitoak ere erabakitzen zituen.

Ameriketako erreinaldia

Bere erreinaldian gertatutako hainbat gauza hurrengoak dira:

Honek denak, lehen inperio globalizatua eraiki zuen, Filipe II.ak jarraituko zuena.

Nafarroako gerra

Gaztelako komuneroen gerraren aitzakian eta Nafarroako desmilitarizazioa zela eta, 1521ean, nafarrek kontraerasoa egin zuten hirugarren aldiz, erresuma berreskuratu nahian. Oraingo honetan, Nafarroako Henrike II.ak Frantziako Frantzisko I.aren laguntza zuen eta ia Nafarroa osoa altxatu zen. Hasierako arrakastaren ondoren, Andre de Foix, general frantsesaren errore estrategikoek eta armada espainarraren errekuperazio azkarrak, Noaineko bataila izugarrira eraman zuten, Karlos I.aren garaipenarekin.

Baztan-Bidasoa aldean erresistentzia antolatu bazen ere, azkenean diplomaziak irabazi zuen, aministia partziala lortuz eta Nafarroa betirako Espainiaren eskuetan utziz.

Erromatarren errege

Francfortko Germaniar Erromatar Inperioa enperadorerik gabe geratu zen 1519ko ekainean, Maximiliano I.a hil zenean. Baina berehala konpondu zen hau Karlos enperadore berri izendatuz. Hala ere, Frantziako erregea zen Frantzisko I.ak lehia garbia egiten zion eta diru askoren beharra izan zuen Karlosek. Gaztelan bilatu zuen dirua eta Jacobo Fugger bezalako alemaniar bankariena ere bai.

Alemaniara itzuli zen errege koroatzeko eta Espainiatik at ibili zen 1522 arte. 1520ko urriaren 23an koroatu zuten errege Aquisgranen eta, 3 egun beranduago, enperadore egin zuten.

Turkiarren aurkako gatazka

1516an, Selim, Argeleko printzeak, Baba Aruj (Bizargorri izenez ezagutua) itsaslapurrari Gaztelaren menpekotasuna deuseztatzeko laguntza eskatu zion. Arujek baiezkoa eman zion, baina Argeldik espainiarrak bota ondoren, Selim hil eta errege izendatu zuen bere burua. Cisneros kardinalak, Karlosen iritsiera arte Gaztelako erregeorde izan zenak, 8.000 gizoneko gudataldea bidali zuen Diego de Veraren agindupean hiria birkonkistatzeko. Heziketa militarrik gabeak ziren ordea, eta galtzaile izan ziren.

1517an, Arujek Tremecen hartu zuen, Oraneko gobernadore espainiarraren tributari zen hiria. Handik urtebetera, gobernariak itsaslapurra garaitu eta hiltzea lortu zuen, eta bere anaia Jeireddín Argeleko errege egin zuen. Karlosek honen berri izan zuenean, berehala bidali zuen Hugo de Moncada 7.500 gizonez osaturiko espedizio baten buru, hiria errekonkistatzeko asmoz. Abuztuaren 17ko gerra kontseiluak Tremeceneko erregearen laguntza itxarotea erabaki zuen, baina, ekaitz izugarri batek ontziteria guztia hondatu zuen, Hugo de Moncadak atzera egin behar izan zuen.

1520an Selim hil eta gero, bere seme bakarra zen Soliman Bikaina Otomandarrenen Inperioko sultan bilakatu zen eta erasoa hasi zuen Balkanetan eta Mediterraneoan. 1521ean, Belgrado sakeatu eta erre zuen eta hurrengo urteetan, bere erresuma Hungariako erresumarantz inguratu zen. 1526ko abuztuaren 29an, Soleimanek Hungariako Luis II.a garaitu zuen Mohácsesko batailan eta Fernando Habsburgokoa izendatu zuten oinordeko, Anarekin ezkonduta zegoelako, Hungariako erregearen arrebarekin, alegia.

Printze protestante alemaniarren laguntzarekin, eta Gaztelako nobleziarenarekin, Karlos anaiaren laguntzan agertu zen 1532an, Viena Soleimanen atakeetatik defendatzeko. Hala ere, Frantziako Frantzisko I.ak enperadoreak turkiarrak garaitu eta bere aurkako gerran hasiko ote zen beldur zen eta ez erasotzeko aholkua eman zion sultanari, borrokarik egin gabe erretiratu zelarik.

Urte berean Jeireddín Bizargorrik Argeleko haitzetik espainiarrak kanporatzea lortu zuen eta 1533an Solimanekin elkartu zen, bere itsasflotaren almirante izendatu zuelarik. Itsaslapurrak Tunez hartu zuen hurrengo urtean, Karlosek bi operazio burutu zituen. Lehenengoa 1535ean izan zen, Tunezko jardunaldia izenez ezagutua, eta Bizargorriri Tunez kendu ziotenekoa eta bigarrena, Argeleko jardunaldia, 1541ean, eguraldi txarra zela-eta porrot egin zuena.

Frantziaren aurkako gerrak

Lau gerra burutu zituen Frantzisko I.a Frantziakoaren aurka, inperiko koroaren atzetik baitzebilen hau ere, eta Karlosek Borgoñaren itzulpena eskatzen zion:

    • Lehenengo gerran (1521-1526) Frantziak Milanesado hartu zuen eta Henrike II.ari 1515an konkistatutako Nafarroa berreskuratzen lagundu zion. Hala ere, Frantziako erregea galtzaile irten zen eta gartzelaratua izan zen Paviako batallaren ondoren. Francisco Madrilera eraman zuten, bertan Madrileko ituna (1526) sinatzeko, Milanesado berriz ez zuela hartuko eta Nafarroako erregeari ez ziola berriro laguntza eskainiko esanez.

    • Bigarren gerran (1526-1529), tropa inperialek Erromari egin zioten eraso, Frantziako erregearen laguna zen Klemente VII.a aitasantua Sant´Angelo gazteluan errefuxiatzera behartuz. Cambraiko Bakean, Espainiak Borgoñari uko egingo ziola sinatu zuen, Frantzisko I.ak Italia, Flandes eta Artois uzten bazituen. Tournayko hiria ere entregatu behar zuen. Aita Santuak Erromatar Inperio Sakratuaren enperadore izendatuta (1530), Karlos I.ak frantziarren aurkako gerrak jarraitu zituen.

    • Hirugarrena (1535-1538) Frantziak Espainiaren aliatua zen Sanboyako dukerria okupatu zuenean gertatu zen eta Milanerantz jarraitzeko asmoa zuen. Nizako etenarekin amaitu zen, bi aurkariak erabat nekatuta baitzeuden hainbeste gerrarekin.

    • Laugarrena eta azkena (1542-1544) Alemaniako protestanten gatazkarekin bukatu zen. Neka-neka eginda, bi monarkek bakea sinatu zuten Crepyn. Honekin, Espainiak Frantzia iparraldeko lurrak galdu zituen, baita Flandria ingurukoak ere. Berriro ere, Frantziak Italia eta Herbehereak utzi beharra izan zuen.

Protestantismoa

Aitasantuaren eskutik koroa jaso ondoren (1530), Karlosek luteranismoak sortutako arazoei erantzun beharra sentitu zuen.

1530ean, Augsburgoko Dieta deitu zuen, luteranoak eta katolikoak aurrez aurre jarriz, Augsburgoko Konfesioak deritzonean. Karlosek Wormseko Ediktoa konfirmatu zuen 1521, luteranoak eskumikatuz. Luteranoek Esmalcaldako Liga osatu zuten 1531n eta armada eta finantziazio komun bat ziurtatu zuten, protestanteen liga deitu zitzaion honentzako.

Erreformaren beharra onartuz eta arazoa konpondu nahian, Paulo III.a aitasantuak Trentoko Kontzilio Ekumenikora deitu zuen, 1545eko abenduaren 5ean hasiko zena lanean.

Protestanteek ez zuten Trentoko Kontzilioa onartzen eta enperadoreak 1546ko ekaineko gerra hasi zuen. Aitasantuaren armak ziren eta Octavio Farnesiok agintzen zuen, Austriako Fernandoren esanetara zegoen austriar bat, alegia. Sajoniako Maurizio ere enperadorearen alde zegoen, Esmacaldaren Ligatik apartatu baitzen. Karlosek garaipen garbia izan zuen Muhlbergeko batailan 1547an eta, handik gutxira, alemaniar printzeak erretiratu eta enperadorearen aginduetara jarri ziren.

Garaipen itzela izan bazen ere, ez zuen luteranismoa eta katolizismoa bateratzea lortu eta 8 urte geroago Augsburgoko Bakea sinatu beharrean izan zen, nahi zuten erlijioara atxikitzeko alemaniarrek eskubidea onartuz. Betirako ez zen izango, baina momentuz, Erreformak sortutako arazoa baretuta geratu zen.

Karlos I.aren abdikazioa eta oinordekotza

Hainbeste gerra eta gatazkaren ondoren, Karlos erreflexio aldarte batean murgildu zen; bere burua, bizitza, bizipenak eta Europaren egoera zituen buruan.

XVI. mendeko lehenengo erdian berarekin batera izandako Europako protagonista handiak hilik ziren, jada: Henrike VIII.a Ingalaterrakoa eta Frantzisko I.a Frantziakoa, Martin Lutero, Rotterdamgo Erasmo eta Paulo III.a aitasantua ere desagertuta zeuden.

Bere bizitzako eta egin zuen guztiaren balantzea ez zen guztiz positiboa. Habsburgotarrek gobernaturiko inperio unibertsalaren ametsak porrot egin zuen eta Borgoña berreskuratzeko ahaleginak ere bai. Erromatar Elizaren defendatzaile sutsua izanik ere, ezin izan zuen luteranismoaren ezarpena gelditu. Itsasoaren beste aldeko lurrak asko hazi zitzaizkion, baina administrazio egonkor bat lortu gabe zegoen oraindik. Italian, aldiz, espainiar agintea kontsolidatuta zegoen eta 1559an kontsolidatuko zen Cateau-Cambrésiseko Bakean eta 150 bat urte iraungo zuena.

Karlosek gero eta argiago zuen Europa printze berrien eskuetan eroriko zela, eta Inperioaren ideia baztertzen ari zen, Espainiaren hegemonia azpimarratzen zihoan bitartean.

Bruselako abdikazioetan (1555-1556), Karlos I.ak bere anaia, Fernando, izendatu zuen erromatarren errege eta Espainia eta Indiak bere semea zen Feliperi utzi zizkion. Fladriatik Laredoraino bidaiatu zuen Espainiarantz itzuliz eta hezueriak (gota) ematen zizkion sintomak lasaitu nahiaz. Hiri handietatik urrun zegoen herri bat gomendatu zioten horretarako, La Vera (Extremadura), eta hilabete eta 3 aste iraun zuen Jarandilla de la Verarainoko txangoak. Oropesako Kondeek utzi zioten gaztelua bertan bizi ahal izateko.

1556ko otsailaren 3ra arte, itxaron zuen han, Yusteko Monastegiaren ondoan eraiki behar zuen jauregia egiteko obrak bukatzen ziren bitartean. Erretiro honetan, urte eta erdi egon zen, hirietatik eta politikatik urrun, Jeronimoen ordeneko fraideen gidaritza espiritualean.

1558ko irailaren 21ean hil zuen paludismoak, hilabeteko agoniaren ondoren. Testamentuan, Joan Austriakoa errekonozitu zuen Bárbara Blombergekin 1545ean izandako bere seme bezala. Yusteko Monastegiaren ondoko jauregian ezagutu zuen lehenengoz.

Ezkontza eta seme-alabak

1526ko martxoan, Karlos I.a bere lehengusua zen Isabel Portugalekoarekin ezkondu zen (Juan III.a Portugalekoaren arreba) Sevillan. Honako seme-alaba hauek izan zituen berarekin:

    • Filipe II.a Espainiakoa (1527-1598).

    • Maria Habsburgokoa (1528-1603).

    • Fernando (1530).

    • Joana Austriakoa (1537-1573).

    • Joan (1539-1539) egun berean hil zen.

Ezkontzaz aparte izandako seme-alabak

    • Isabel Gaztelakoa (1518) (agian, Germana Foixekoaren alaba izan daitekeena).

    • Margarita Austriako edo Parmakoa (1522-1586) (Ama Juana Van der Gheest izan zen).

    • Joana Austriakoa (1522 – 1530), ama Nassauko dama bat izan omen zen.

    • Tadea Austriakoa (¿1523?–1562) Orsolina della Penna izan zen bere ama eta Sinidaldo di Copeschirekin ezkondu zen.

    • Joan Austriakoa (1547-1578), Bárbara Blombergen semea izan zena.