Marcel Mule (1901eko ekainaren 24an, Normandiako Auben jaio, eta 2001eko abenduaren 18an, Toulongo Varen hil zen) saxofonista klasikoa izan zen, bakarlaria eta pedagogo frantses bikaina, saxofoi modernoaren sortzailea.
Saxofoi klasikoaren errepertorioko oinarrizko pieza asko sortu zituen eta musika-tresna honen hedapenerako funtsezkoa izan zen haren lana. Saxofoiaren eskola frantsesaren sortzaile eta bere garaiko bakarlarirIk onenetarikotzat hartua. Saxofoia jotzen goi mailako teknika zuen eta praktikan ospe handia lortu zuen. Mulek saxoaren antzinako arrunkeria alde batera utzi eta tresnari berezko ezaugarriak eman zizkion, halaber, bibratua sortu eta gararazi zuen.
Muleren aitak soldadutzan ikasi zuen saxofoia jotzen eta Beaumont-le-Rogerreko musika bandako zuzendaria izan zen. Parisen, saxofoiko irakaslerik ez zegoenean, musika-tresnaren bat ikasteko modu bakarra musika bandekin harremana izatea zen. Aitaren gidaritzapean, 8 urte zituela, saxofoia, bibolina eta pianoa hurbil-hurbiletik ezagutu zituen. Bibraturik gabeko tonu "zuzenarekin" jolas egiten ere irakatsi zion, hau garaiko ohitura baitzen. Gabriel Willaume biolin-jotzailearekin graduatu zen (bere irakasle nagusia izan zen). "Eragin handia izan zuen nire musika-ikasketetan" esaten zuen Mulek, eta Parisko kontserbatorioko Georges Caussade irakasle bikainarekin landu zuen literatura musikala. Musikarako trebetasuna egunero erakusten bazuen ere, aitak bultzaturik, Marcelek karrera profesionaleko bidea aukeratu zuen eta Évreuxko École Normalen eman zuen izena. Soldadutza egitera joateko deitu aurretik, sei hilabetez bakarrik jardun zuen irakaskuntzan. Lehenengo Mundu Gerran, Marcel Parisera bueltatu zen bosgarren infanterian zerbitzatzera. Parisa itzuli ondoren, 1921ean hain zuzen ere, musikagintzarekin jarraitu zuen, erregimenduaren banda militarrean saxofoia joz. Parisen egon zen bitartean, armonia, pianoa eta bibolina ikasten jarraitu zuen.
Karrera militarra bukatu zuenean musikari heldu zion, erabat. 1923an Errepublikako Guardiaren musika bandan sartu zen eta bertan bakarlari aritu zen 1936ra arte. Garai hartan ekintza desberdin asko eraman zituen aurrera: Bandako Kide izateko azterketa egin zuen, Saxofoia joz doinu ederrak sortzen zituen eta Garden saxofoiko bakarlari bihurtu zen, Orkestra zuten kontzertuetan eta "opera-Comique" orkestran jotzeko eskaera izan zuen (ia Wasseneteko Wetherrentzat bakarrik, hau baitzen orkestrarako errepertorioan saxofoia eskatu zuen opera bakarra). Garai hartan, askotan, dantza modernoko orkestrekin aritu zen. Amerikako jazz bandetan izan zituen agerraldiak, lagungarri izan ziren saxofoi klasikoko bibratua esperimentatu eta hedatzeko. Pelikulak eta modan zeuden dantza orkestrak musikatu zituen eta noizbehinka opera eta opera komikoak ere bai.
Marcel Mulek antzokietan eta orkestra sinfonikoetan ez zuen bibratua erabiltzen, dantza orkestretan, aldiz bai. 1928-29eko denboraldian, Édouard l´Enfant balleteko konposatzaileak, jazzean entzun zuen bibratua eta soloa jotzea proposatu zion Marcel Muleri. Marcelek proposamena onartu eta atseginez hartu zituen orkestrako musikariak eta arrakasta. 34 urte zituela eman zuen bere lehenengo bakarkako kontzertua orkestrarekin. Albert Wolfek zuzendutako Pasdeloupen kontzertuetan interpretatu zuen Pierre Vellonesen kontzertuaren lehenengo entzunaldia.
Mulek "Errepublikako Guardiaren musika kuartetoa" izeneko saxofoi kuartetoa sortu zuen (1928an), kuartetoaren izenak guardiako bere lagunei egiten zien erreferentzia, hain zuen ere, René Chalinéri (altua), Hippolyte Poimboeufi (tenorea), eta Georges Chauveti (baritonoa). Mulek Albeniz (Sevilla de la Suit Española OP. 47.) eta Mozart bezalako konposatzaile klasikoen musika transkribatu zuen. Bere talde berriak hasiera batetik kritikaren goraipenak jaso zituen. Ondorioz, une hartako konposatzaile garrantzitsuek; Gabriel Piernék, Florent Schmittek eta Alexander Glazunovek euren obrekin kuartetoari lagundu zioten. Sortutako material berri horiek, saxofoi-jotzaileen taldeak aurrera egin zezan funtsezkoak izan ziren. Mulek bere kuarteto taldea (Errepublika Guardia kuartetoa) 1936an utzi zuen eta beste kide batzuekin, Paul Rombyrekin ( altua), Georges Charronekin (tenorea) eta Georges Chauvetekin (baritonoa) beste talde bat osatu zuen. Talde berri honi Parisko kuartetoa deitu zioten. Talde honen benetako izena 1951an azaldu zen, Marcel Mule deitu zioten. Taldea kide hauek osatu zuten: Marcel Mulek (sopranoa), André Bauchyk (altua), Georges Goudretek (tenorea), eta Marcel Jossek (baritonoa). 1960an taldearen osaketa aldatu egin zen, kide berriak sartu ziren: Marcel Mule (sopranoa), Georges Goudret (altua), Georges Goudret (tenorea), eta Marcel Josse (baritonoa).
Marcel Mule kuarteto taldearen azken kontzertua 1966an izan zen Erroman. Aurretik, 1955ean Frantzian , Europako hiri askotan, Afrika iparraldean, Kanadan, 40 errezitaldiko bira batean, kuarteto talde hau alderik alde ibili zen, errezitaldi publiko, telebista eta irrati programa desberdinetan. Vienako eta Berlingo jaialdietan ere parte hartu zuten ostean. Kuarteto taldearekin 1930etik 1964ra bitartean, Deccarentzat 78 birako eta 4 mikroildoko 13 disko grabatu zituen, gehientsuenak eskatutako obrak. Grabiel Piernéren (Gramophone L. 1033, 1938), "Introduction et variations sur une ronde populaireren" lehen grabaketak, Charles-Cross disko akademikoaren sari handia merezi izan zuen. Marcel Mule independizatu egin zen eta Ibert, Glazunov eta Tomasiren obrak interpretatuz izugarrizko ospea izan zuen bakarlari lanetan. Bere karreraren bukaeran bira bat egin zuen Estatu Batuetan zehar Bostongo Orkestra sinfonikoarekin, Charles Munchen gidaritzapean. Bere azken kontzertua 1958an izan zen, New Yorken (Ballade de Henri Tomasi). Birarako aukeratu zuen programa "Concertino Jacques Ibert Cámara da para saxofon alto y Ballade de Henri Tomasi" izan zen.
2001eko ekainaren 24an, bere lagun eta ikasle izandako guztiak Mulerekin elkartu ziren bere mendeurrena ospatzeko asmoz. Hilabete geroago, lo zegoela, hil zen, 100 urte zituelarik.
Mulek soinuaren inguruan lau postulatu proposatu zituen. Muleren ustetan soinuaren kalitatea 4 elementuk baldintzatzen dute:
- Ahokadura sendo eta arinak.
- Emanaldien zehaztasun eta kalitateak.
- Arnasketaren menderatzeak. Aire zutabearen mantenurako beharrezkoa.
- Bibratuaren menderatzeak, adierazpenaren kalitatearen baitan dago.
Arnasketa: Arnasketak erlaxatua izan behar du. Arnasa ahotik hartu behar da eta diafragma erabili behar da. Honek eragileari utziko dio jarrera seguruagoa eta lasaiagoa izaten.
Ahokoa: Ahokoari goiko eta beheko hortzen goialdean eutsi behar zaio beheko ezpainarekin. Ahokoak sendoa baino arina izan behar du. Saxofoiaren erregistro desberdinak, aho zuloko eta eztarriko bariazio txikien bidez sortu behar dira.
Ahokadura: Ahokadura TA silabaren arabera sortu behar da.
Entonazioa : Saxofoia guztiz ondo afinatua dagoen instrumentu bat ez denez, instrumentista derrigortua dago sintonia oneko belarria izatera. Afinazioa bariatzeko jotzaileak, eztarria eta mingaina (mingainaren jarrera bokal desberdinekin), azpiko ezpainaren presioa, airearen presioa eta zuzenketako digitazioak erabili behar ditu.
Bibratua: Mulek hasieratik garbi zuen bibratuak nola egin behar ziren eta horretarako egin behar ziren ariketak eta erabili behar zen abiadura egokia. Abiadura egokia minutuko 300 uhinekoa da (hau da 5 segundoko), honek beltz bakoitzeko MM80an 4 uhin ematen ditu. Bibratua masailezurraren mugimenduaren bidez lortzen da. Honek azpiko ezpaineko presioaren bariazioa sortzen du. Teknika hau eskala eta arpegioetan oinarritua dago, artikulazioak sartzen direlarik. Mulek saxofoirako material asko sortu zuen, ordu arte ez zegoena.
Marcel Mule goian aipatutako puntuetan oinarritu zen berak idaritziriko liburuetan: teknikan (eskalak eta arpegioak), artikulazioan eta tonuaren produkzioan. Saxofoia ikasteko liburu asko sortu zituen. Marcel Mule, mundu mailan, saxofoi klasikoaren irakasle modernotzat daukate eta Adolphe Saxen oinordeko espiritualtzat. Instrumentuaren errepertoriorako egin zuen moldatzaile eta kopiatzaile lana funtsezko bihurtu zen. Bere eraginak momentuko konposatzaile garrantzitsuenen arreta deitu zuen, Darius Milhaud, Arthur Honegger eta Florent Schmitt barne. Saxofoiaren historiako, pertsonaiarik garrantzitsuenetako asko bere dizipuluak izan ziren: Frederick Hemke, Eugene Rousseau, Daniel Deffaye (Muleren ordezkoa Parisko kontserbatorioan 1968tik 1988ra bitartean), Claude Delangie (Deffayeten ordezko 1988an). Errendimendu mailako bertutea ez ezik, saxofoiko kontzeptuak atera eta beste pertsonei adierazteko gaitasuna ere bazuen. Biolin bezala bereizteaz gain, bere metodoak eraginkortasun handiagoz erlazionatzeko gai izan zen maisua dugu. Saxofoia adierazpen musikalerako ahots bideragarria izateko ekarpen ugari egin zituen.
- Eugene Rousseau, Marcel Mule, su vida y el saxofón, Shell Lake, Wisconsin, 1982
- Jean-Pierre Thiollet, Sax, Mule & Co, H & D, París, 2004 ISBN 2-914266-03-0
1967an Mediterraneotik gertu zegoen etxe batera erretiratu zen bere saxofoiarekin, nahiz eta berriro ez jo. Belaunaldi berriei bideak irekitzeko momentua zela aitortu zuen.
Ehunka partitura dedikatu zizkioten Muleri, haien artean honoko hauek: Alexander Glazunoven "si bemolen kuartetoa", Gabriel Piernéren "la introduction et variations sur une ronde populaire", Henri Tomasiren kontzertua, Florent Schmitten "OP. 102 kuartetoa" eta Alfred Desenclosen kuartetoa. Aipatzekoak dira artista honen trebezia, sonoritatea, argitasuna, naturaltasuna, saxofoia jotzeko erraztasuna eta soiltasuna. Hala ere, zenbait erreparo izan ditzakegu bere bibratuaren inguruan, maisuen hitzetan nahiz eta bere bibratua "zaindua" izan, gehiegikeriak ere bazituen (beste alde batetik garaiko ezaugarria zen hori). 1942an Claude Delvincourtek, Parisko kontserbatorioko irakasle izendatu zuen. Marcel Mule ehunka saxofonisten irakaslea izan zen. 60.eko hamarkadan, irakasle ospetsu guztiek, zuzenean edo zeharka, bere eskolan zuten jatorria.