John Napier

John Napier Merchistoneko baroia, Neper edo Nepair izenez ere deitua (Edinburgo, 1550 - 1617ko apirilaren 4a) eskoziar matekatikaria izan zen, logaritmoak zehazten lehena izateagatik ezaguna. Aritmetikan hamartar puntuaren erabilera ere ohiko egin zuen.

Biografia

Napierren aita Merchistongo gazteluko sir Archibald Napier izan zen eta bere ama Janet Bothwell zen (politikaria eta epailea zen Francis Bothwell, Lord of Sessionen alaba eta Adam Bothwellen arreba, Orkada uharteetako apezpiku izatera heldu zena).

Merchistongo gaztelua, 1834ko grabatu baten arabera.

13 urte zituela St Andrews Unibertsitatera joaten hasi zen, Fifen. Bertan urtebete baino gutxiago egon zen. Bere ama denboraldi horretan hil zen. Bere osabak, Adam Bothwell, Johnen aitari eskutitz baten bitartez semeak Europan zehar bidaiatzeko aholkatu zion, horrela hobeto hezteko: Jaun hori, arren eskatzen dizut John Frantziako edo Flandriako eskolara bidaltzeko, etxean ezin baitu ezer onik ikasi. Ziurrenik aholkua kontuan hartuko zen eta Napierrek Herbeheretan, Frantzian eta Italian zehar bidaiatuko zuen bere heziketa aurrera eramateko.

1571n Merchistonera itzuli zen eta hurrengo urtean Elizabeth Stirlingekin ezkondu zen, berarekin bi seme izan zituelarik. Gartlandeko (Stirling) gaztelu batean bizi izan ziren. Emaztea 1579an hil zen eta handik denbora gutxira Napier berriro ezkondu zen; oraingoan Agnes Chisholmekin eta berarekin hamar seme-alaba izan zituen.

Bere aita 1608an hil zenean, John Merchistongo gaztelura joan zen bizitzera eta bertan hil zen bederatzi urteren buruan.

Matematikari eginiko ekarpenak

Bere bizitzan zehar, Napierrek kalkuluak sinplifikatzeko tekniken aurkikuntzan interes handia erakutsi zuen. 1570ean bere lehen tratatua idatzi zuen, bertan bere kalkulurako hainbat metodo eraginkor erakusten ditu, notazio errezenak deskribatzen ditu eta ekuazioaren emaitza irudikariaren inguruan aztertzen du. Lan hau ez zen 1838ra arte argitaratu, ordurako ideia hauek gaindituta zituzten beste matematikari batzuk.

Matematika arloan logaritmoen kontzeptua izan zen zalantzarik gabe bere ekarpenik handiena. Napierrek honen inguruan ikertu zuen 1590 eta 1617 urteetan. 1614an idatzi zuen ideia horren inguruko lehen lana, honen izena Mirifici Logarithmorum Canonis Descriptio zen (logaritmoen taula miresgarri baten deskribapena). Bertan triangeluen buruketak ebazteko logaritmoen erabilera azaltzen du eta logaritmoen taula bat ere ematen du. 1619an bere seme Robertek, aita hil ondoren, argitaratu zuen Mirifici logarithmorum canonis constructio (logaritmoen taula miresgarri baten eraketa) lana, non logaritmoen taularen eraketa nola burutzen den azaltzen duen.

Hasiera batean logaritmoei «zenbaki artifizialak» izena jarri arren, ondoren berak jarri zion gaur egun ezagutzen dugun izena, horretarako grekotik datozen «logos» (proportzio) eta «arithmos» (zenbakia) hitzak batuz.

Napierren aurkikuntzak berehala eragin handia izan zuen matematika zein astronomian. Bere lanak jarraitzen zituzten aitzindarietako batzuk Henry Briggs eta John Speidell izan ziren. Johannes Keplerrek 1620an argitarapen bat eskaini zion Napierri, bertan logaritmoak Keplerren legeak aurkitzeko ideia nagusiak izan zirela baieztatuz.

Pierre-Simon Laplacen aipu batek Napierren logaritmoen ezarpen eta aurkikuntzari ohorea eta aipamena egiten dio:

Logaritmoen asmatzeak astronomoen bizitza bikoiztu duela dirudi, hainbat hilabetetako kalkuluen lana egun gutxi batzuetara murriztuz.

Pierre-Simon Laplace

Oraingo notazio dezimalaren erabilera izan zen bere beste ekarpenetako bat, nahiz eta eragin zuzena ez izan. Notazio hau ospetsu bihurtu zen Europan zehar bere lan Mirifici logarithmorum canonis constructio-nen hedapenari esker, bertan komaren bidez hamartarren zatia osoarengandik bereizten zen. Egia da ez zela bera izan hau sortu zuena, baina berari esker egin zen ezaguna.

Napierrek kalkuluak errazteko hiru tresna diseinatu zituen, 1617ko bere Rabdologiae lanean deskribatua. Bere lanik garrantzitsuena abako nepertarra dela esan daiteke, historioako kalkuluak egiteko lehen tresnatzat hartzen delarik.

Teologia

Protestantismoaren jarraitzaile sutsua zenez, bere bizitza osoa ideia fededunei aurre egiten ibili zen.

Bere lehen urteetatik Apokalipsiaren ikerketan interesa izan zuen. 1594an Plaine Discovery of the Whole Revelation of Saint John argitarzu zuen, garai hartan eragin handia izan zuen lana izan zen, frantsera eta alemanera itzuli zen eta hainbat alditan berrargitaratua. Bertan, beste hainbat gauzarekin batera, Aita Santua Antikristoa dela azaltzen du eta Eskoziako erregea bere gortetik papista eta ateo guztiak botatzera behartzen du eta horrez gain, munduaren amaiera aurreikusten du.

Beste asmakizun batzuk

Beste hainbat adar desberdinetako asmatzailea ere izan zen Napier.

Nekazaritzan, lurra ongarritzeko eta belar txarrekin amaitzeko gatzen erabilera aztertu zuen. Sistema eraginkorra zen eta The new order of gooding and manuring all sorts of field land with common salt liburuan argitaratu zen.

Arkimedesek aurretik zeukan ideia bat hobetuz torloju hidrauliko bat sortu zuen.

1596an Secrete inventionis izeneko eskuizkribu bat banatu zuen, bertan erabilera militarrerako izan zitezken lau makinaren diseinuak zeuden: erasorako gurdi bat, suzko arma eta eguzki-izpiak etsaien ontzietara enfokatzeko izpilu bat (Arkimedesengandik inspiratutako ideia). Napier berak suntsitu zituen makina hauen marrazkiak bera hil baino piska bat lehenago.