Connochaetes, arrunki Ñua izenarekin ezagututa, Alcelaphinae subfamiliako ugaztun artiodaktilo bat da. Afrikako antilopeak dira eta bi espezie ezberdinez osatuta daude: ñu beltza (Connochaetes gnou) eta ñu urdina (Connochaetes taurinus). Generoa bobidoenfamiliako kide da. Ñua GNU proiektuko animalia sinbolikoa da logoan agertzen den bezala.
Ñuak itxura baldarra du eta bigantxa eta antilopearen gurutzatze arraro baten antza du, zaldi isatsa batekin amaituz. Bizar luzeak dituzte kokotsetik hasi eta bularreraino eta hanka oso luzeak apatx zorrotzekin. Nahiz eta itxura bitxia eduki, Afrikan hobekien aurrera egiten duen belarjale bat da eta munduko talde handienetakoak sortzen dituzte. Serenguetiko parke nazionalean, Tanzanian, milioi batek baino gehiagok urtero migratu egiten dute belar freskoaren bila. Ñu izena animalien orroak egiten duen soinutik dator.
Emeek euri urtaroaren hasieran edukitzen dute kumeak eta minutu gutxira korri egiteko gai izaten dira. Gaztaroan ñuak azkarragoak dira helduak baino, 80 km/h-ko abiadurara iritsiz, helduak 60 km/h-ko abiadurara iristen diren bitartean.
Ñuak talde familiarretan elkartzen diren antilope sozialak dira. Talde batean emeak eta gazteak eta bestean ar helduak. Hala ere, talde txiki hauek beraien artean eta beste espezie ungulatu batzuekin, zebrak edo Thomson gazelak esate baterako, nahasteko joera hartzen dute, indibiduoen pilaketa handiak sortuz. Nahiz eta kontrakoa pentsatu, espezieen artean ez da norgehiagokarik sortzen janariarengatik; izan ere, zebrak belar altua eta zuntzezkoa nahiago dute, gazelak motza eta sekoa, eta ñuak erdiko bidean kokatzen dira. Gainera, ñuak gazelen ikusmenaz eta zebren usaimenaz baliatzen dira harrapariak begiztatzeko.
Araldian zehar, migrazio handien garaian hain zuzen ere, ar helduak lursail bat mantentzen dute non apotatzeko eme talde bat mantentzen saiatzen diren. Honek mugimendu iraunkor batean egotea behartzen die emeak behar bezala elkartzeko eta, aldi berean, talde batez jabetzea bilatzen ari diren beste ar batzuetatik babesteko. Joan-etorri iraunkor honek ugalketarako odolkidetasuna saihestea eta ar indartsu eta erresistenteak hautatzea laguntzen du.
Ñuak haragijale askoren harrapakina dira; adibidez, likaonak, gepardoak, lehoinabarrak, lehoiak, krokodiloak... Azken hauek izaten dira harrapari ohikoenak helduentzako. Kumeak, jeneralean, txakalen, serbalen eta gepardoen harrapakinak dira. Bai arrak eta baita emeak adar kakodun arriskutsuez armaturik daude, baina ez dituzte defendatzeko erabiltzen, nahiago baitute korrika ihes egin.
Bi espezie mota daude:
Connochaetes gnou (ñu beltza edo buztan zurikoa)
Connochaetes taurinus (ñu urdina)
Bi espezieak oso ugariak dira, baina ñu beltza, kolore ilunekoa eta buztan zurikoa, desagertzeko zorian egon zen Hegoafrikako beste espezie asko bezala; horregatik, bere senitartekoarekiko urriagoak dira. Espeziea babestea lortu da abeltegi pribatuek gatibu mantendu dituztelako.