Alicia de Larrocha

Alicia de Larrocha de la Calle (Bartzelona, 1923ko maiatzaren 23a-Bartzelona, 2009ko irailaren 25a) espainiar pianista izan zen, nazioarteko ohiartzun handiena izateagatik ezaguna, eta XX.mendeko pianojole hoberenetariko bat, bereziki Mozarten obra eta espainiar musika-lanenenak. Sarien artean lau Grammy, Ohorezko Legio frantsesa eta 1994ko Arteen Asturiar Printzearen Saria jaso zituen. Horrez gain, Granadako Real Academia de Bellas Artes de Nuestra Señora de las Angustias-eko Ohorezko Akademikidea izan zen, non B letra itxuratzen zuen.

Biografia

Pianojole goiztiarra izan zen, hiru urte zituela hasi baitzituen musika ikasketak. Frank Marshallek, Enrique Granadosen ikasleak, Granados Akademian sartu zuen de Larrocha. Bertan Arthur Rubinstein, Alfred Cortot eta garai hartako beste zenbait pianojole garrantzitsu ezagutu zituen. Marshallek 1936an Espainiatik alde egin zuenean, ikasketak bere kabuz burutzen jarraitzera behartuta ikusi zuen bere burua 1939.urtera arte. Urte honetan bere irakaslearekin berrasi zituen ikasketak hau hil zen arte. Bere lehen emanaldia sei urterekin eskaini zuen 1929ko Bartzelonako Erakusketa Unibertsalean, eta hamaika urte zituenean Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin batera bere lehen kontzertu ofiziala eman zuen. 1939tik aurrera Europako hainbat orkestra ezberdinekin batera jo zuen eta 1954an bere piano-teknika ezin hobearengatik ospetsua egiten hasi zen, Alfred Wallensteinek gonbidatuta, Los Angeleseko Orkestra Filarmonikoarekin Estatu Batuetan barrena jira bateko protagonista izatean. Harrezkero, 2003ra arte (eszenatokiak alboratu zituen urtera arte) 3500 kontzertu baino gehiago eskaini zituen 5 kontinenteetan urtean hiru hilabeteko hiru jira eginez.Alicia de Larrochak pianoz jotako hainbat obra grabatu zituen, baina batik bat autore espainiarren interpretazioengatik da ezaguna, Manuel de Falla, Enrique Granados eta Isaac Albenizek konposatutako obra edota Antonio Solerren sonatengatik, bereziki. 1950ean 1982an hil zen Juan Torra pianistarekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituzten: Juan Francisco 1957an eta Alicia 1959an. Claudia izeneko iloba bakarra izan zuen 1992an.1959an, Frank Marshall bere irakaslearen heriotzaren urte berean, Marshall Akademiako zuzendari izendatu zuten, Granados Akademiaren jarraitzaile, non zentruaren irakaskuntza-lanak begiztatzeaz gain, pianoa jotzen irakasten zuen, espainiar musika batez ere.Pianista 2009ko irailaren 25ean hil zen Bartzelonako Quirón Ospitalean 86 urte zituela, bihotz eta arnasketa arazo baten okerreko bilakaeraren ondorioz.

Ondarea

Alicia de Larrochak 1954 eta 2002 arteko 70 grabazio baino gehiagoz osatutako diskografia zabal bat utzi zuen. Bere albumak Decca, EMI, RCA, CBS, Philips (Eloquence), Sony, Ariola eta RTVE-k editatu dituzte. Lau Grammy eman zizkioten musika klasikoaren bakarlari instrumentalik onena izateagatik: 1974an (Albenizen Iberiarengatik), 1975ean (Ravelen Kontzertu eta Faure-ren Fantasiarengatik), 1985ean (Albenizen Iberia, Navarra eta Espainiar Suitearengatik) eta 1991ean (Granadosen Goyescasengatik).

Artista honen ibilbide diskografikoak ere 3 Edison jaso ditu (1968, 1978 eta 1989an), 2 Grand Prix du Disque (1960 eta 1974an), 2 Record of the Year (1971 eta 1974an), Deutsche Schallplattenpreisa (1979an) eta Franz Liszt saria (1980an). XX.mendeko 74 pianista onenen arteko bilduman sartutako musikari espainiar bakarra izan zen, zenbait deskografika konpainiak editatua.

Aipamenak

De Larrocha XX.mendeko pianista espainiar onena bezala da ezaguna, historiako pianista espainiar hoberena edota munduko pianistarik onena bezala prentsa idatzian, musikari edo Asturiasko Printze Fundazioko epaimahaiako kideen arabera. Era berean, pianista eta musikagileek erreferentetzat dute artista hau, espainiar pianistarik goraipatuena eta espainiar musika-zerrenda mundu osoan zehar zabaldu duen musikaritzat.

Michigan, Carnegie-Mellon, Middlebury College eta Lleidako Unibertsitateetan honoris causa Doktorea da, eta Madrilgo Real Academia de Bellas Artes de San Fernando(1981), Granadako Real Academia de Bellas Artes de Nuestra Señora de las Angustias(1984), Bartzelonako Real Academia de Bellas Artes de Sant Jordi(2000), Londresko Royal Academy of Music eta Bavariako Arte Ederretako Akademiako Ohorezko Akademikidea izan zen.

Frantziako Arte eta Letren Orden eta Ohorezko Legioaren domina, Arte Ederren Merezimenduaren urrezko domina, Albeniz Fundazioaren Ohorezko domina, Kataluniako Generalitatearen urrezko domina eta Granadako Musika eta Dantzaren Jaialdiko ohorezko dominaz saritua izan zen.

Jasotako nazioarteko sarien artean honako hauek eskuratu zituen; Urteko Musikaria (1982, New York), UNESKOren Nazioarteko Musika Saria (1995, Paris), ibilaldi diskografikoan zehar jasotakoez gain.

Nazioko sarien artean, 1994ko Arteen Asturiasko Printzearen sariaz gain, Arteen integrazioaren Yehudi Menuhin saria (2004), bi Onda (1992 eta 2000), Espainiako Sociedad General de Autoresen saria (1983), Nazioko Musika saria (1984), eta beste zenbait erakunde publiko nahiz pribatuk emandako sariak jaso zituen.

Alicia de Larrocharen irudiak ere omenaldi ugari izan ditu, Bartzelonako Udal-Kontserbatorio Nagusian 1999an egin zena, Julià Carbonell de les terres de Lleida Orkestrak 2005ean eskaini zuena, Premi Zanuy Ciutat de Berga Nazioarteko Piano Lehiaketa, Kataluniako Goi Musika Eskolak (2006) eta Madrilgo Reina Sofia Goi Musika Eskolak (2009) eskainitakoak esate baterako.