Tomas Torquemadakoa

Tomas Torquemadakoa (Valladolid, 1420 - Ávila 1498ko irailaren 16a) Gaztela eta Aragoiko inkisidore nagusia eta Isabel Katolikoaren aitor-entzulea izan zen XV. mendean. Horrez gain, 1492ko abuztuaren 2rako Espainiako judutar guztien atzerriratzea agindu zuen Granadako Ediktuaren ardatza ere izan zen. 1493an Ávilako Santo Tomas komentura erretiratu zen, eta bertan bizi izan zituen bere azken bost urteak.

Biografia

Valladoliden jaio hazi eta hezi zen , eta, bere osabaren bidea jarraituz, fraide domingotar sartu zen artean gaztea zela. Kontraesanekoa iruditu daitekeen arren, Judutar arbasoak zituela pentsatzen da. Hernando del Pulgar garaiko historialariak honen osabari -Juan de Torquemadari- buruz Claros varones de Castilla liburuan honela esan zuen: "(...) Sus aguelos fueron de linage de los Judios convertidos á nuestra Santa Fé Católica (...)", "Bere aiton-amonak gure Fede Santu Katolikora kristauturiko judutarren leinukoak ziren", alegia.

Oraindik gaztea zela, Segoviako Santa Cruz Monasteriora bidalia izan zen, eta bertan izendatu zuten Gaztelako Koroaren oinordekoa zen Isabel printzesaren aitor-entzule. Erregina izendatu zuten 1473an, eta Torquemadak harekin zuen erlazioa erabili zuen mailak igoaz Inkisidore Nagusi izatera iritsi arte.

Bere bizitza pribatuari buruz ezer gutxiago ezagutzen da; kargu berri hau lortu eta hamasei urtera Ávilako Santo Tomas komentuan hil zelaz gain.

Inkisidore Nagusia

Tomas Torquemadakoa Aragoiko Fernando II.ak eta Gaztelako Isabel I.ak (aurrez aipatuak) izendatu zuten Inkisidore Nagusi 1482an. Bi gertakari izan ziren bere boterearen indartzearen arrazoi nagusiak: Pedro Arbues Inkisidorearen hilketa (1485ean) eta Santo Niño de La Guardiaren sarraski errituala (1492an); biak heretiko eta judutarrei egotziak. Horregatik bilakatu zen Torquemada, gainera, 1492ko judutarren kanporaketaren oinarrietako bat.

Sebastián de Olmedo garaiko kronikariak "sorginen mailu, Espainiako argi, bere herrialdearen salbatzaile eta bere ordenaren ohore" deitu zuen. Hori dena da, ziurrenik, "Torquemada" izena krudelkeria eta erlijioaren aldeko gehiegizko zerbitzuaren sinonimo bihurtu izana.

Inkisizioak Espainiar ororen bizitzan eragin handia izan zuen, XX. menderarte aurrez inoiz ikusi ez zen bezala. 12 eta 14 urteko neska-mutilak (hurrenez hurren) jada beraien ekintzen erantzule kontsideratuak ziren, eta ez zuten, beraz, sorgin kontsideratuak izateko oztoporik. "Heretikoak" (kristauen ideologiarekin bat ez zetorren edonor, alegia) eta "konbertituak" (gehienetan jazarpena ekiditeko erlijioz aldatuak) izan ziren eraso honen helburu nagusiak, Inkisizioaren aurka zerbait esaten zuen oro susmagarritzat jotzen bazen ere. "Heresien" zabalkuntza ekiditeko, Torquemadak literatura ez katolikoaren (judutar eta arabiarraren, gehienbat) erreketa bultzatu zuen,garai hartan Europan ohikoa zen bezala.

Juan Antonio Llorente Otoitza Santuaren lehen historialariaren arabera, Torqueadaren agindupean 10.000 pertsona baino gehiago erreak izan ziren, eta beste 27.000k zigor "izen-belztaileak" jaso zituzten1.

1Kontutan izan behar da, dena den, gaur egun zifra hauek gehiegikeria kontsideratuak direla, garaiko historialariek Inkisidoreari izen ona emateko "puztuak".