Erik Satie

Erik Satie, benetako izenaz Alfred Eric Leslie Satie (Honfleur, Calvados, 1866ko maiatzaren 17a - Paris, 1925eko uztailaren 1a), musika konpositore eta pianojole frantziarra izan zen. Estilo sailkaezinekoa, bere garairako aurreratutzat jotzen da, serialismoa eta minimalismoa aldez aurretik iradoki baitzituen, geroago musika garaikidean ohikoa bihurtuko zen apurketa formal eta tonala hasiz. Honela, musikaren historian eragin handiko konpositoretzat hartzen da. Akademiak iraindua eta garaiko beste konpositore batzuengandik miretsia, musika-kontserbatorioan 40 urte zituela eman zuen izena. Ustekabeko erabaki honek bere gertukoak harritu zituen, ordura arte bere formakuntza irregularra izan baitzen, eta beste hainbat lanbidetan ibili baitzen; kabareteko musikagintzan besteak beste. Lana zein bizitza bitxikoa izan zen. 1884ko bere lehen konposiziotik aurrera Erik Satie gisa sinatu zituen lanak. Bere geroko bizitzan lanak bere izen propioaz argitaratzeak harrotasunez betetzen zuen arren, dirudienez 1880ko hamarkadaren amaieran lanak Virginie Lebeau eta François de Paule ezizenez argitaratu zituen. Obra laburrak egin zituen, batez ere entzulea ez aspertzeko aitzakipean.

Musikagilea izateaz gain, Satie "elokuentzia handiko" pentsalaria ere izan zen, zenbait argitalpenetan parte hartu zuelarik; "391" espainiar eta "Vanity Fair" AEBetako kultura aldizkarietan esate baterako.

Bizitza eta lanak

Hastapenak: Normandiatik Montmartrera

Erik Satiek gaztaroa Honfleur (Normandia Beherea) eta Paris artean igaro zuen. Lau urte zituela bere familia Parisera joan zen, han bere aita Alfredi itzultzaile lan bat eskaini zitzaiolarik. Ama, Jane Leslie Anton, 1872an hil zenean, berriz, Honfleur jaioterrira bidali zuten bueltan bere anaia Conradekin batera, aitaldeko aiton-amonekin bizi zedin. Han jaso zituen bere lehen piano- eta musika-eskolak, lekuko organista baten eskutik. 1878an bere amona hil zenean, bi anaiak Parisera itzuli ziren aitarekin batera bizitzera.

1879an Parisko kontserbatorioan sartu zen, baina irakasleen kritika txarrek bultzatuta utzi omen zuen. 1885ean kontserbatorioan onartu zuten berriz, baina antzerako emaitza negatiboa eragin zuenez, zerbitzu militarra egitea erabaki zuen. Honek, ordea, ez zuen asko iraun, azpikeria baten bitartez aste gutxi batzuetara armadatik irten baitzen.

1887an Montmartre auzora bizitzera joan zen. Bertan hainbat artista ezagutu zituen, Stéphane Mallarmé eta Paul Verlaine besteak beste. Horiez gain, bizitza osorako laguna izango zen Patrice Contamine poeta erromantikoa ezagutu zuen garai hartan, eta haren aitaren bitartez argitaratu zituen bere lehen konposizioak. Le Chat Noir kafe-kabareteko bezeria artistikoarein ere bertakotu zen, eta Ogives, Gymnopédies eta Gnossiennes izeneko konposizio ezagunak argitaratzen hasi zen. Denboraldi hartan Claude Debussy ere ezagutu zuen. 1891n Joséphin Péladan buruzagi zen Rosenkreutz elkarteko ("La Ordre de la Rose-Croix Catholique, du Temple et du Graal") konpositore ofizial eta kapera-maisu izendatu zuten. Bertan etorri mistikoko piezak konposatu zituen; hala nola Salut Drapeau!, Le Fils des étoiles eta Sonneries de la Rose Croix.

Suzanne Valadon, Satieren marrazkian. / Erik Satie, Valadonen erretratuan.

1893an amodiozko erlazio bat hasi zuen Suzanne Valadon margolari inpresionistarekin. Hortik gutxira, Valadon Rue Cortotera joan zen bizitzera, Satierengandik gertu zegoen gela batera. Satie berarekin obsesionatu egin omen zen, haren begiei, esku eta hankei eta izaerari buruzko poesia eta ohar kartsuak idatziz. Valadonek Satieren erretratu bat margotu zuen eta honi eman zion; alabaina, sei hilabete ondoren, etxebizitzaz aldatu zen berriz. Berarekin izan zen bitartean Danses Gothiques delakoak sortu zituen, bere adimenera bakea itzularazteko helburuarekin. Suzanne Valadonekin eduki zuena izan zen Satieri ezagutzen zaion amodiozko erlazio bakarra.

Urte berean Maurice Ravel euskalduna ezagutu zuen, baita haren lehen konposizioengan dezente eragin ere. Halaber, Vexations lana sortu zuen, bere heriotzara arte ezezagun mantendu zena, eta gutun eta idazki anitz idatzi zituen, erlijioa eta artearen inguruko bere uste sendoak adieraziz.

Arcueil

1897an, diru-arazoak zirela eta, pisu merkeago batera joan behar izan zuen bizitzera, armairu bat baino askoz handiagoa ez zena. Bi urte geroago, "Pièces Froids"-eko lehen bi serieak konposatu ondoren eta arrazoi berdinak zirela medio, Parisko aldirietara bizitzera joan behar izan zuen; Arcueilera, hain zuzen. Esaten da oinez egiten zituela egunero Parisko erdigunerako zeuden 10 kilometroak, tranbien beldur zelako.

Garai honetan kontaktua berrartu zuen bere anai Conradekin (Vincent van Goghek bere anai Theorekin egin zuen modu bertsuan), tartean arrazoi ugari zeudelarik (diru falta eta praktikotasuna esate baterako). Honen bidez bere benetako sentimenduak aditzera eman zituen; adibidez, anaiari bidalitako gutunetan argi uzten du bere sentimendu erlijiosoak alde batera uzten dituela, eta bere bizitzaren amaierara arte ez dituela berreskuratuko.

Debussy eta Satie

1890eko hamarkadan konposatutako Erik Satieren lehen obrak eragina izango dute Debussyren konposizioetan. Debussy eta Satie biak garaikide ziren, baina Debussyren eskutik garatutako ikaragarrizko iraultza musikala ezingo litzateke posible izan Satieren obrarik gabe. Aldi berean, Debussyren aurkikuntza musikalak ezinbestekoak izan ziren Satieren musikarentzat.

Satieren zenbait obretan (hala nola "Geneviève de Brabant"-en eta "The Dreamy Fish"-en) Claude Debussyrekin zuen lehia erakutsi dezaketen zenbait elementu aurkitu dira (Ornella Volta musikologaren eskutik, adibidez). Debussy bera, aldiz, ezin izan zen elementu hauetaz ohartu, Satieren musika hau argitaratu ez baitzen. Bitartean, Debussyk 1902an bere lehenengotariko arrakasta lortu zuen Pelléas et Mélisande operari esker, eta hortik urte batzuetara bestearen aurrekari nor zenaren eztabaida sortu zen, tartean Maurice Ravel ere zegoelarik.

Kabareteko konposizioak

1899tik aurrera kabareteko piano-jotzaile gisa lan egin zuen, ehunka kanta herrikoi eta popular piano edo piano eta ahotserako moldatuz, baita berak sortutako hainbat ere errepertoriora gehituz. Ezagunenak "Je te veux" (testua Henry Pacoryk idatzia), "Tendrement" (testua Vincent Hyspak idatzia), "Poudre d'or" (bals bat), "La Diva de l'Empire" (testua Dominique Bonnaudek eta Numa Blèsek idatzia), "Le Picadilly" ("La Transatlantique" izenaz ere ezagutua den martxa bat) eta "Légende Californienne" (Contamine de Latourrek idatzitako testua galdu egin zen arren, musika "La Belle Excentrique"n agertzen da berriz) dira. Askoz gehiago idatzi zituen, baina kopuru handi bat galdu egin direla uste da. Bere bizitzako azken urteetan kabareteko lan hauek guztiak arbuiatu egingo du, bere esentziaren aurkakoak direlarik, baina urte hauetan zehar diru-iturri gisa balio izan zioten.

Garai honetan Satiek seriotasunez konposatutako lan oso gutxik diraute egun: "Jack-in-the-box" (Jules Dépaquiten pantomima baterako obra), Geneviève de Brabant (Lord Cheminoten testua duen gai serio bati buruzko opera komikoa) eta "The Dreamy Fish" (Lord Cheminoten galdutako ipuin bat akonpainatzeko obra) besteen artean. Gehiago ere aurkitu dira, baina gehienak amaitu gabeak izan ziren, estreinatuak oso gutxi, eta bere garaian argitaratuak bat ere ez.

Schola Cantorum

1905eko urrian Satiek Vincent d'Indyren Schola Cantorumean eman zuen izena, kontrapuntu klasikoa ikasteko intentzioarekin, bitartean kabareteko lanarekin jarraituz. Vincent d'Indy Camille Saint-Saënsen ikasle izan zen, eta azken hau Satiek aintzat hartzen ez zuelarik ikasgeletara itzultzeko erabaki honek asko harritu zituen gertukoak eta baita Schola bertako irakasleak ere. Erabaki bi arrazoirengatik hartu zuela pentsatzen da: alde batetik, nekatuta zegoen bere musikaren harmonia alderrai zebilela entzuteaz. Kritika honen aurrean ezin zen oso ondo defendatu, kontserbatorioko ikasketak amaitu ez zituen eta. Beste aldetik, musika frantsesaren ezaugarrietako bat argitasuna zela ohartzen asi zen, eta hau hobetzeko harmonia tradizionala ulertu behar zuela. Parisko Schola Cantorumean bost urte eman zituen, eta maila ertaineko diploma lortu zuen 1908an.

Kontserbatorioan zegoela egindako kontrapuntuko zenbait ariketa argitaratu egin ziren Satie hil ondoren (Désespoir Agréable, adibidez). Scholaren aurreko garaiko beste zenbait pieza ere agertu ziren 1911n; "Trois Morceaux en form de poire" (udare formako hiru pusketa) esate baterako. Izenak bestela dioen arren, zazpi piezaz osatuta dago, eta 1903ra arte konposatu zituen lan hobeenen laburpen antzeko bat da.

Urte hauetako konposizioetan Satiek musikari buruz zituen zenbait iritziz ohar gaitezke. Alde batetik, musikaren garapenaren eta errepikapenaren kontzeptuaren aurka zegoen; sonata forman ageri den garapen mota horien aurka. Honek, jakina, egiten zituen piezak oso laburrak izatea eragin zuen; bere fuga «berri eta modernoek», esate baterako, gaia edo "tema" aurkeztu besterik ez dute egiten. Orokorrean, entzuleari behar baino denbora gehiago kendu behar ez zitzaiola pentsatzen zuen, honen asperdura saihesteko intentzioarekin. Garai hartan ospe handikoa zen melodramatik (atzealdean musikaz akonpainatua den irakurgaia) ere aldendu egin zen, hainbeste arbuiatzen zuen genero erromantikoaren barnean sailkatzen zelako.

Bitartean, beste zenbait aldaketa jazo ziren bere egunerokotasunean: Partidu Erradikalaren (sozialista) alderdikide egin zen, Arcueilgo komunitateko kideen lagun egin zen eta bertako hainbat ekimenetan parte hartu zuen (umeen aldeko «Patronage Laïque» elkartean lanean aritu zen, adibidez), eta funtzionario burges baten itxura hartu zuen, bere onddo-kapela eta aterkiarekin. Halaber, zaletasun bitxi bat sortu zitzaion: artxibategi batean paper zatitxo eta txarteletan margotzen zituen irudizko eraikuntzak (gehienak metalez eginak zirela deskribatuak) gordetzen zituen. Noizean behin, lekuko egunkarietan iragarki txikiak argitaratzen zituen, eraikuntza hauek salmentan edota alokatzen jarriz.

Arrakasta apala

Erik Satie: Autorretratua, 1913.

Garai honetatik aurrera, Satieren bizitza azkartzen hasi zen. 1912an pianorako konposatu zituen umore-pieza laburrek dezenteko arrakasta eduki zuten; anitz idatzi eta publikatu zituen (gehienak Ricardo Viñes pianistaren eskutik):

Véritables Préludes flasques (pour un chien)

Vieux sequins et vieilles cuirasses

Embryons desséchés

Descriptions Automatiques

Sonatine bureaucratique (Muzio Clementiri eskainitako satira bat)

Lan hauen partiturak hainbat iruzkinez hornitzen zituen, eta interpretazioan zehar hauek irakurri behar ez zirela tematu zen. Horrez gain, garai honetan konpasak banatzeko zatilerroak erabiltzeari utzi zion.

Zenbait aspektutan garai honetako obrek Rossiniren azken urteetako konposizioen antza dute; "Péchés de Vieillesse" (zahartzaroaren bekatuak) izenaz ezagutuak direnak. Rossinik, Satieren moduan, pianorako umore-pieza laburrak idatzi zituen (Mon prélude hygiénique du matin edota Dried figs esate baterako), eta bere zakurrari eskaintzen zizkion honen urtebetetze egunean. Obra hauek hamarkada batzuk lehenago Pariseko Rossiniren areto esklusiboan interpretatuak izan ziren. Hala ere, Satiek ezin izan zituen pieza hauek entzun; XX.mendearen hasieran ez baitzeuden argitaratuta oraindik. Lan hauen eskuizkribua 1918an Napolin aurkituak izan zirela uste da, Diagilev errusiarraren eskutik, "La Boutique Fantasque" balleta estreinatzera zihoala, Satiek bere konposizioetan iruzkin umoretsuak idazteari utzi zion garai bertsuan.

Denboraldi hartan artista gehiago ezagutu zituen: Jean Cocteau, Pablo Picasso, Georges Braque, Tristan Tzara, Francis Picabia... Batzuekin laneko harremanak eduki zituen; Picabiarekin batera, esaterako, ballet bat konposatu zuen.

Epilogoa

1925ean hil zen. Badirudi 27 urte lehenagotik ordura arte inor ez zela bere Arcueilgo logelan sartu, Satie bera ezik noski. Haren hiletaren ondoren bere lagunek bertan aurkitu zutenak Tutankamonen hilobiaren xarma berbera zuen. Hautsez eta amaraunez betea, argi geratu zen Satiek bere pianoa erabiliz inoiz konposatu ez zuela. Horrez gain, beste hainbat objektu ere aurkitu zituzten:

gutxi gorabehera ehun aterkiko bilduma bat, antza denez horietako batzuk inoiz erabili gabeak izan zirelarik;

1893an Suzanne Valadonek hari egindako erretratua;

Valadonen garaiko amodiozko gutunak eta marrazkiak;

bere bizitzako garai ezberdinetako beste zenbait gutun;

bere Erdi Aroko irudizko eraikinen marrazkien bilduma;

balore autobiografikodun marrazki eta idazkiak;

bere bizitzako periodo guztietako oroigarriak (belusezko zazpi jantzi, besteak beste)

Baina garrantzitsuen, inork ezagutzen ez zituen edota galduta zeudela uste ziren lan anitz topatu ziren alde guztietan: pianoaren atzean, belusezko jantzien poltsetan, etab. Hauen artean zeuden "Vexations" delakoak, Geneviève de Brabant, eta amaitu edota argitaratu gabeko beste asko; "arrain ameslaria", Schola Cantorumeko ariketa pila, "txakur-piezen" multzo ezezagun bat eta izenik gabeko pianorako beste zenbait lan (aurrerago "Gnossienne Berriak", Pièces Froides, Enfantines, etab. izenez argitaratuko direnak) esate baterako.