GRAPO

GRAPO edo Grupos de Resistencia Antifascista Primero de Octubre (Urriaren Leheneko Erresistentzia Talde Antifaxistak, euskaraz) 1975ean sortutako Espainiako talde armatu iraultzailea da. Bere helburua, espainiar estatu sozialista bat eraikitzea da. Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Sailak talde terroristatzat du GRAPO.

Espainiako Alderdi Komunistaren beso armatutzat epaitu zuen 2006an Espainiako Auzitegi Nazionalak. GRAPO gutxienez 25 eta gehienez 200 kidez osatutako taldea izan zen. Taldearen eraketa eskuineko muturrak edo elementu parapolizialek manipulatua izan zela pentsatu bazen ere, Juan Avilés Farré hipotesi honen aurka dago, nahiz eta ezker-muturreko gainerakoengatik aldenduta zegoela zehaztu. Taldearen ekintzek 80 biktima erail baina gehiago utzi zituzten.

Grupos de Resistencia Antifascista Primero de Octubre

Aktibo

Helburuak

Eskualde aktiboak

Ideologia

Beso politikoa

Historia

Lehenengo urteak (1968-1975)

Bere hastapenez mintzatzerakoan 1968ra jo behar da, Parisen Espainiako Erakunde Marxista-Leninista (OMLE) sortu zenean hain zuzen ere, Espainiako Alderdi Komunistako 10 separatistek, PCE "errebisionistatzat" salatzeaz gain, URSS eta berau babesten zuten alderdiak ere salatu zituztenean. OMLE bere I. Kongresuan autodisolbatu zen eta bertatik sortu zen PCE(r) eta bere beso armatua: GRAPO.

Hedabide guztiek GRAPOri esleitzen dioten lehenengo ekintza armatua 1975eko abuztuaren 2an jazo zen, Madrilgo kanodromoan hain justu ere. Bertan, Enrique Cerdán Calixto, Abelardo Collazo Araújo eta José Luis González Zazo alias "Caballo"k, Guardia Zibilaren bi agenteren aurka atentatu zuten kolore zuriko Simca 1000 batean, Casimiro Sánchez García hilez eta bere lan-kidea larriki zaurituz. Hala ere, "Testimonios Víctimas del Terrorismo" orrialdearen arabera, talde armatu honen lehenengo hildako egozgarria Juan Antonio Alba Escalera izan zen, 1975eko urriaren 8an Bartzelonan eraila. Abuztuaren 2ko atentatua baina egun batzuk beranduago, 1975eko irailaren 29an hain zuzen ere, beste ekintza armatu bat burutu zen, oraingo honetan Bartzelonan, Polizia Armatuko Diego del Río Martin akabatuz.

Hala eta guztiz ere, taldeari izena eman zion atentatua bi egun geroago jazo zen, 1975eko urriak 1ean, Madrilgo Polizia Armatuaren 4 kideren aurka. Biktimak Joaquín Alonso Bajo, Agustín Ginés Navarro, Antonio Fernández Ferreiro eta Miguel Castilla Martín izan ziren. Mediterraneo kalean zegoena, Enrique/Fernando (ABC egunkariaren eta Pío Moaren arabera, hurrenez hurren) Cerdán Calixto (alias "Costa", tiroaren egilea eta komandoaren burua), Pío Moa Rodríguez (alias "Verdú", ustez garezurra hautsi ziona mailu batekin, nahiz eta berak ezeztatu) eta Francisco Brotons Beneytok akabatu zuten, Faxismoaren Aurkako Ikasle Erakunde Demokratikoaren (ODEA) partaide zen ikaslea, honek gidari gisa parte hartu zuen eta gerora PCE(r)-ren Batzorde Zentraleko kide bilakatuko zen; Marqués Corbera kalean zegoena, Eugenio Jesús Bueno de Pablos (tiroen egilea), José María Sánchez Casasque eta Juan Carlos Delgado de Codes (alias "Herrera") komandoaren buruak erail zuten; Agustín de Fox kalean hil zutena, plaza de Castillaren alboan, Abelardo Collazo Araújoren (alias "Alfonso", tiroen egilea) komandoak akabatu zuen, José Belmón Castell eta gidaritzat aritu zen beste batekin batera; Valmojado kalekoa, berriz, Manuel Gil Araújo (alias "José") eta Fernado Hierro Chomónek hil zuten, azken honek eskopetaz tiro egin ziolarik. Hilketa laukoitz honek Francoren diktadurako azkeneko bost fusilamenduei erantzun zien, izan ere, 1975eko irailaren 27an, FRAPeko hiru eta ETAko bi kide, erail zituzten.

GRAPO Francoren heriotzaren ondoren (1975-1982)

Francisco Francoren heriotzaren ondoren, GRAPOk bere jarduera armatuarekin jarraitu zuen oraindik eta ekintza terrorista bortitzagoak burutuz. Espainiako trantsizioaren lehen urteetan, GRAPOk oihartzun sozial handiko bahiketak eta atentatuak gauzatu zituen. 1976ko amnistiak eta poliziaren kolpeen ondorioz, PCE(r) jende gutxi biltzen zuen taldea bilakatu zen. Taldeak ekintza armatuak oso noizean behin burutzen jarraitu zuen eta ondorioz, GRAPO desegintzat hartua izan zen hainbat aldiz. Oso militante gutxik jarraitu zuten lehergailuak jartzen, lapurretak gauzatzen eta enpresariei estortsio egiten, izan ere, sostengu sozial ia hutsala zuten. Bere historian zehar 80 pertsona baina gehiago hil dituzte, gehienak poliziak eta militarrak.1976an, Espainiako Estatu Kontseiluko lehendakari zen Antonio María Oriol bahitu zuten eta urte bat beranduago, 1977an, Justizia Militar Goreneko Kontseiluko lehendakaria, Emilio Villaescusa Quilis. Bi bahiketa hauek otsailaren 11n amaitu ziren poliziak aske utzi ondoren. 1978ko abuztuaren 24an bi polizien aurkako erasoa jazo zen Vigon, biak zaurituak izan zirelarik. Abuztuaren 26an, berriz, talde batek Banco del Noroesteren sukurtsal batean lapurtu zuten. Hilabete bereko 28an, Liga Armada Galega (Galiziako Liga Armatua, euskaraz) deituriko talde batek, GRAPOrekin lotua hain zuzen ere, aurreko bi atentatuak bere gain hartu zituen eta Guardia Zibil bat hil zuten Santiago de Compostelan. Hala eta guztiz ere, gerora GRAPO izan zen bere gain hartu zuena egiletza eta Galiziako Liga Armatua salatu zuen, "asmakizun" bat izan zela esanez. 1979ko urtarrilaren 8an, Espainiako Auzitegi Goreneko VI. gelako presidentea hil zuten, Miguel Cruz Cuenca.

Kalifornia 47ko sarraskia

GRAPOren eraso terrorista odoltsuena 1979ko maiatzaren 26an burutu zen Madrilen. GRAPOko kideek lehergailu indartsu bat jarri zuten Kalifornia 47 izeneko erdiguneko kafetegi batean, Goya kalean kokatua hain zuzen ere. Bonbaren leherketa larunbat bateko 18:55etan izan zenez, une horretan jende ugari aurkitzen zen bertan. 9 pertsona hil eta 61 izan ziren zaurituak, horietako asko larritasunez. Kafetegiaren barrunbea guztiz txikituta eta kiskalita geratu zen. Taldeko liderrak, José María Sánchez Casas eta Alfonso Rodríguez García, 1981ean Auzitegi Gorenak 270 kartzela urtetara kondenatu zituen atentatuaren errudunak izateagatik.

Hala eta guztiz ere, GRAPOk ez zuen inoiz atentatuaren egiletza onartu eta talde ultraeskuindar eta parapolizialek gauzatu zutela adierazi zuen behin eta berriz.

Gainbehera

1982an GRAPOk su-etena eskaini zion Felipe Gonzálezen gobernuari eta Espainiako Barne Arazoetako Ministroarekin 1983an izandako hainbat negoziazioren ondoren, GRAPOk oraindik eta sostengu gehiago galdu zuen, izan ere, bere partaide batzuk armak alde batera utzi zituzten.

1984ko kanpaina sendoaren ondoren, GRAPOren berrantolaketa berria zapuztuta geratu zen 1985eko urtarrilaren 18an Espainiako hiri ezberdinetan gauzatu zen operazio polizial batean 18 pertsona atxilotu zituztenean. Garai hartako Barne Arazoetako Ministro zen José Barrionuevo Peñak azaldu zuenez, urte bereko urtarrilaren 21ean GRAPOko jardunean zeuden kide guztiak atxilotuak izan ziren, Manuel Pérez Martinez (alias "camarada Arenas") eta Milgragos Caballero Carbonellek alde egin zutelarik, ordurako Espainiatik kanpo hilabete baitzeramaten.

1987an komando ibiltari batekin berrantolatu ziren. Hilabete batzuk beranduago, 1988an, Claudio San Martín enpresari galegoa erail zuten, Caixa Galiciako presidentea, Coruña erdialdean zuen etxean. 1989an Gijóneko Ogasunaren Ordezkaritzaren aurka eraso egin zuten eta bi Guardia Zibil hil zituzten.

1955ean Publio Cordón enpresaria bahitu zuten Zaragozan. Nahiz eta GRAPOk aske utzi zutela argudiatu beti, 2012ko uztailaren 19an, GRAPOko hiru ustezko militante atxilotu ondoren Sevilla eta Cádizen, enpresaria bahitu eta handik bi asteetara hil zela jakin zen, Frantziako hegoaldean bahituta zuten etxetik ihes egiten saiatzen ari zela hain zuzen ere. 1999an GRAPOk aktibo zegoela ziurtatu zuen Valladolideko sukurtsal batean lapurreta eginez eta Madrilgo PSOEko egoitza batean bonba bat ipiniz.2000n, furgoi blindatu baten aurako lapurreta saio batean Vigon, bi jagole hil zituzten eta beste bat larriki zauritua izan zen. Urte berean, antolakundearen goi-karguak desegituratu zituzten, Parisen PCE(r)ren eta GRAPOren zazpi buruzagi atxilotu ondoren. 2000ko azaroaren 17an, GRAPOk Madrilgo Carabanchel auzoan bakarrik patruilatzen zuen polizia bat hil zuen, garondoan emandako tiro baten ondorioz. Gainera, hainbat bonba ipini zituzten enpresa eta eraikin publikoen aurkako erasoetan. 2002an, antolakundeko 14 kide atxilotu zituzten (8 Frantzian eta 6 Espainian). 2003an berragertu egin ziren Alcorcóneko sukurtsal bati lapurreta eginez eta beste 18 kide atxilotu zituzten. Urte horretan bertan, Baltasar Garzón epaileak PCE(r)ren jarduera eten zuen GRAPOren beso politikotzat hartu izanagatik.

2006ko otsailaren 6an GRAPO berragertu egin zen, Ana Isabel Herrero hil zuten eta bere senarra zauritu, Francisco Colell, aldi baterako lanak eskaintzen zituen enpresa baten jabe zena, Zaragozako Cervantes kalean jazo zen tiroketa batean. GRAPOk Zaragozako Antena 3 telebista-kateko ordezkaritzari gutun bat bidali zion jazotakoa erreibindikatuz. Hilabete bereko 26an, Israel Torralba atxilotua izan zen, atentatuaren ustezko autore gisa eta horrez gain, taldeak 2000. urtean egindako hilketak egotzi zitzaizkion.

2006ko ekainaren 9an, Zaragozako atentatuaren ondorengo ikerketari esker, Kataluniako Reus herrian, GRAPOko beste hiru kide atxilotu zituzten, horien artean une horretan taldeko buruzagi gorenetzat hartzen zena, Juan García Martín.

2006ko uztailaren 4an, GRAPOko bi kidek Caixa Galiciako sukurtsal batean lapurreta egin zuten Santiago de Compostelan. Ordu batez eta aurpegia estali gabe, hiri horretako 1 zenbakiko Caixa Galicia banku-agentziako zuzendaria bahitu zuten. Rosalía de Castro kalean bortizki eraso ondoren, pistola batekin apuntatu eta sukurtsal batera arte lagundu zioten, kale horretako 89.ean kokatua, bertan lapurreta egiteko. 20 000 euroko harrapakina lortu zuten gutxi gorabehera.

Poliziaren ikerketari esker, lapurrak Israel Clemente eta Xurxo García Vidal zirela identifikatu zen. Ikerketa-iturrien arabera, bi hauek 2006ko otsailaren 6an Ana Isabel Herreroren hilketaren ustezko errudunak izatez gain, beste sukurtsal bat lapurtu zuten Castelló de la Planan urte bereko martxoaren 16an, banketxeko zuzendaria tiro batez hankan zaurituz.2007ko ekainean, GRAPOko egituraren ustezko desegite berri bat gertatu zen, Bartzelonako bi pisu franko miatu ondoren. 2009ko maiatzaren 11n, ordea, Frantziako Jendarmeriak, Paristik gertu GRAPOren zulo bat aurkitu zuen. Honek armategi gisa funtzionatzen zuen eta honela taldearen desegitea gezurtatua geratu zen. 2011ko martxoaren 11n, lehergailu txiki bat lehertu zen Santiago de Compostelako etxebizitza batean. Aspaldi, Xosé Antonio Sánchez Bugallo bizi zen bertan, hiriko alkatea eta PSOEko militantea. Egun horretan beran, GRAPOko aspaldiko kide bat atxilotu zuten, Telmo Varela Fernández (GRAPOtik urrundua eta galiziar nazionalismoaren gertukoa), erasoen erantzule izatea akusatua. Bere etxean egindako ondorengo miaketa batean molotov koktelak egiteko materiala aurkitu zen, nahiz eta atentatua Resistência Galega taldearekin lotua izan.

Militante historikoak

  • Fernando Silva Sande: GRAPOko kidea 1975etik, taldearen arduradun gorena izan zen alor militarrean. Atxilotua izan eta zigorra bete ondoren hainbat aldiz, 1992an Granadako espetxetik ihes egin zuen, berriro atxilotua izanik Parisen 2000ko azaroan.

  • Sebastián Rodríguez Veloso: 1985ean 84 urtetara zigortua izan zen hainbat atentatutan parte hartu izanagatik, lehergailuen erasoak barne eta Rafael Paduraren hilketa ere leporatu zioten, Sevillako Enpresarien Konfederazioko presidentea 1984an. 1994an indultua eman zioten, 432 eguneko gose greba bat aurrera eraman ondoren eta honen ondorioz, ahulduta geratu zen gurpil-aulkian. Harrezkero, kirol ibilbide oparoa izan du igerilari paralinpiko gisa, munduko errekor ugari lortuz.

  • Enrique Cuadra Echeandía: 1988an 27 urtetara zigortua izan zen Publio Cordón enpresariaren bahiketarekin zerikusia izateagatik. Komandoaren arduraduntzat jotzeaz gain, GRAPOrentzat dirua lortze arren pertsona aberats bat bahitzeko agindua jaso zuen erantzuletzat hartzen da.

  • Francisco Brotons Beneyto: taldearen urte odoltsuenetako buruzagia. 1977an atxilotua izan zen Benidormen baina bi urte beranduago ihes egin zuen. 1996ko negoziazioetan parte hartu zuen solaskide gisa, arrakastarik gabe, borroka armatua bertan behera uztearen alde. 25 urte igaroko zituen kartzelan 1980an atxilotua izan ondoren. Memoria antifascista: Recuerdos en medio del Camino (Miatzen, 2002) liburuaren egilea da.

  • Fernando Hierro Chomón: atentatu ugariren egilea, 1977ko abuztuan atxilotua izan zen baina ihes egitea lortu zuen urte bat beranduago. 1980an berriro ere atxilotu zuten eta 20 urte igaro zituen espetxean. Gobernuarekin 1996an egin ziren negoziazioetan parte hartu zuen. Parisen atxilotua izan zen 2002an.

  • Josefina "Fina" García Aramburu: 1979an atxilotua izan zen Madrilen PCE(r)eko Batzorde Zentraleko kidea izateagatik, baina 1981ean aske utzi zuten. Gero, GRAPOko Komando Zentraleko kidetzat jotzen da non ekintza terrorista desberdinak agindu eta horietan parte hartu zuen (lapurretak, estortsioa, lehergailuen ezarketa...) hala nola, bi Polizia Nazionalen hilketa Bartzelonan, Polizia Nazionaleko Teniente batena Valentzian eta Guardia Zibil batena Coruñan. Berriro atxilotua izan zen 1983an bere senarra den Joaquín Calero Arconesekin batera eta 2000. urtera arte espetxean jarraitu zuten. Hurrengo urtean, klandestinitatera itzuli zen PCE(r)ren Batzorde Zentralean sartuz eta 2002an polizia frantsesak atxilotu zuen Parisen. Frantzian epaitua eta zigortua, 2006an Espainiara estraditatua izan zen eta 2008ko otsailera arte kartzelan egon zen.

  • José María Sánchez Casas: buruzagia eta taldearen kide fundatzailea. Gose greba luzeak eraman zituen aurrera 1989an eta 1991n. 1997an irten zen espetxetik, 18 urte igaro ondoren. 2001ean hil zen bihotzeko transplante baten esperoan zegoela.

  • Pío Moa: taldearen kide fundatzailea, GRAPOri izena mena zion 1975eko urriaren 1eko hilketetako batean parte hartu zuen. Bere parte-hartzeari dagokionez, Moak polizia jipoitu gabe bere arma lortu zuela baieztatzen du, hau hilda aurkitzen baitzen jada, lekuko batzuk adierazi zuten bezala. 1977an antolakundetik bota zuten. Pixkanaka-pixkanaka marxismotik eta ezkerretik aldendu zen, jarrera ultraeskuindarretik gertuago zegoen idazle errebisionista bilakatuz. Libertad Digitaleko (LD) ohiko laguntzailea izan zen, baina bertatik irten beharra izan zuen zuzendaritzarekin zituen ezberdintasun ideologikoengatik. El Economístarekin ere kolaboratu du eta gaur egun Intereconomíarentzat lan egiten du.

Biktimak

UNEDeko Juan Avilés Farré historialari eta katedradunak, 80 pertsona baina gehiago zenbatzen ditu antolakundearen ekintzen biktimatzat. Fundación de Víctimas del Terrorismoren arabera, GRAPO 84 hilketen eta 3 bahiketen erantzulea da. Lehenengo bi bahiketak, indar polizialek ebatzi zituzten; azkena, berriz, Publio Cordón enpresariaren heriotzarekin amaitu zen, baina hori ez zen jakingo 2012ko uztailaren 19a arte.

Ikus gainera

Espainiako Alderdi Komunista (berrosatua)

Liga Armada Galega