Emiliano Zapata

Emiliano Zapata Salazar (Anenecuilco, Morelos, Mexiko, 1879ko abuztuaren 8a- Chinameca, Morelos, Mexiko, 1919ko apirilaren 10a) mexikar militarra izan zen, Mexikoko Iraultzaren buruzagi nagusienetako bat, Pancho Villarekin eta beste batzuekin batera, Porfirio Diaz jeneralaren aurka. Mexikon nekazarien erresistentziaren sinbolo bezala ikusten dute askok eta askok, nekazaritzaren iraultzan garrantzi handia izan baitzuen gizon honek. Esan bezala, iraultzailea izan zen eta horrela, Ejercito Libertador del Sur delakoaren buruzagi izan zen. «Caudillo del Sur » izenaz ere ezaguna da.

Hasiera

Emiliano Zapata nekazari familia batetan jaio zen, Grabiel Zapata eta Cleofas Salazar guraso zituelarik. Haurtzaroa latifundio porfiristaren inguruan bizi izan zuen, Morelosen. Emilio Vera soldadu juarista izan zen Zapataren irakasle, eta; halere, ikasten jarraitu baino nahiago izan zuen laborari eta mendazain lanetan hasi. 1906an Cuautlan bildu zen beste laborari batzuekin, bertan beraien lurrak nola berreskuratu eta babestu eztabaidatu zutelarik. Bere asaldatzeek erreklutatu izatera eraman zuten, 1910ean bederatzigarren errejimentura sartu zutelarik, Cuernavacan. Horrela, Pablo Escandonen zaldun izendatu zuten, Porfirio Diazen estatuko buru nagusi zenarena.

Emiliano Zapata gudarostera sartzearen arrazoia neskatxa gazte bat bahitzea izan zen; izan ere, Zapatak maitaberaren itxura helarazten zuen. Salaketa Ines Alfaro Aguilarren aitak jarri zuen, urte batzuk beranduago Zapatarekin bi seme-alaba, Nicolas eta Elena Zapata, izango zituenaren aitak. Jesus Sotelo Inclan historialariaren aburuz emakume aberats batekin ezkondu zen, Luisa Merinorekin, baina diktadura porfirista hastean Josefa Espejo Sanchezekin ezkondu zela dio. Josefarekin beste bi seme-alaba izan zituen, Felipe zen haietako bat eta bost urte zituela hil zen sugegorri batek hozka egitean. Bestea, Josefa Zapata zen, lau urterekin hil zen eskorpioi baten ziztada izan zela eta. Horrela, Josefa seme-alabarik gabe geratu zen denbora gutxian. Jakina da Zapatak seme-alaba gehiago ere izan zituela, hala nola Ana Maria Zapata, Petra P. Torres emakumearekin izandakoa. 1909ko irailean calpuleque (nahua hizkuntzan buruzagi) izendatu zuten Emiliano Zapata, Aneneculco herriko lurren defentsen juntan. Horrela, herriak idatzita zeuden eskubideak aztertzen hasi ziren; hau da, herriak beren lurrengan zituzten eskubideak aztertzen eta defendatzen hasi ziren. Izan ere, Erreforma Legeekin herriei beren lurren gaineko eskubideak kendu zitzaizkien. Lege hauek erabiltzen ez ziren lurren desjabetzea eskatzen zuten, betiere beste batzuen onurarako noski. Zapata laborarien buruzagi egin zuten bere herrian, Morelosen. 1909an Moreloseko gobernaria hautatzeko hauteskundeetan oposizioaren aldeko hitzalditxo bat eman zuen, Patricio Leyvaren aldekoa, latifundisten aurka; hau da, Pablo Escandon eta Barronen aurka.

1910eko maiatzean Ayalako Villa berreskuratu zuten iraultzaileek indarraren bitartez. Altxamenduaren ostean, lurrak lekuko laborarien eskuetan geratu ziren. Garai honetan, ekintza hauek zirela eta, bidelapurtzat jo zuten askok eta askok Zapata; horrela, behin baino gehiagotan egin behar izan zuelarik alde gobernuarengandik. Hilabete batzuk beranduago, Morelosen, Ayalako Villan, bilera bat egin zuten eta bertan parte hartu zuen berak, bertan Ayala Planaz eztabaidatzen aritu zirelarik.

Iraultza maderista eta Ayala Plana

1910. urtearen amaieran Pablo Torres Burgos Estatu Batuetara bidali zuen Emiliano Zapatak Francisco I. Maderorekin elkarrizketa bat izan zezan. Elkarrizketa honetan armak hartzea erabaki zuten Emiliano Zapata eta beste 72 laborariengatik, baita Juan Moreno, Rafael Moreno, Maurillo Mejia eta Jose Vergararengatik. 1911ko martxoaren 10ean hartu zituzten armak, San Luiseko Plana aldarrikatu zutenean. Zapatisten garai honetan Chinameca, Jojutla, Jonacatepec, Tlayecac eta Tlaquiltenango guduak nabarmendu ziren. Zapatista baten heriotza ere pairatu zuten, Pablo Torres Burgosena. Horrela, iraultzaile maderisten buruzagi izendatu zuten Emiliano Zapata. Zapatisten errebindikazioak Ayala Planean zeuden irudikatuta, horrela erreforma iraultzailea bultzatu nahi zutelarik, lurra lantzen duenarena dela esaten baitzuten haiek. Oposizioa ziren hauek eta Francisco Leon de la Barra presidenteak haien auka egin zuen sarritan. Maderisten garaipena eta gero, Zapataren helburua laborari bakoitzari bere lurrak itzultzea izan zen. Bere aburuz, gerra ez zen amaitu porfiristen porrotarekin;esan bezala, lapurtutako lurren itzultzea nahi zuen.

Hau guztiagatik, Francisco Leon de la Barrak erreboltaritzat hartu zuen Zapata eta horrela, indar armatuak bidali zituen berarengana: mila gizon bidali zituen Victoriano Huerta eta Aurelio Blanquet buruzagi zirelarik. 1911ko abuzturako Francisco I. Maderok Emiliano Zapatarekin elkarrizketatzea akordatu zuen Yautepecen; horrela, konponbide bat bilatu nahi zuen suriako arazoan eta, beste alde batetik, tropak bertan behera uztearen helburua zuen. Bien bitartean, Zapata erabat kritikatua izan zen herrialdeko prentsa kontserbatzailearen aldetik. Izan zuten bilera hartan, ez zen akordiorik lortu, Maderok ez baitzuen onartzen laborarien erreforma; Zapatak bitartean gogor defendatzen zuen erreforma. Maderoren aburuz lehenik eta behin politikan egin behar zen erreforma; Zapataren aburuz aldiz, garrantzitsuagoa zen lapurtutako lurrak laborariei itzultzea. Zapatak Maderok iraultza traizionatu zuela esaten zuen. Gobernu federalak erretiratu egin zuen biolentzia inposatzearen erabakia; horrela, Zapata eta bere tropak Guerrero eta Puebla ingurura joan ziren ihesi, amarru eta enboskadak eginez. Garai honetan ezkondu zen Zapata Josefa Espejorekin, aitabitxia Francisco I. Madero izan zelarik. Madero errepublikako lehendakari izan zen bitartean, gauzak ez ziren aldatu eta arazoek bertan jarraitu zuten. Zapatak eta Maderok bilkura izan zuten palazio nazionalean, non eztabaida gogor bat izan zuten Maderok etxalde bat eskaini ziolako Zapatari errepublikaren alde egindako guztiagatik. Horrela, Zapata asaldatu egin zen eta honako hau erantzun zion:"Ez, Madero jauna. Ni ez nintzen armekin altxatu lurrak eta etxaldeak bereganatzeko. Morelos herriari lapurtutakoa itzul ziezaioten altxatu nintzen ni armekin. Beraz, Madero jauna, edo nirekin eta herriarekin esandakoa bete, edo zu eta ni chichicuilotak eramango gaitu."

Hau esan eta mehatxu keinu batez, bere karabina 30-30 Maderoren idazmahaian kolpatu zuen.

1911ko azaroaren 25ean Ayala Plana aurkeztu zuen Zapatak, Otilio E. Montañok idatzia. Dokumentu hau laborarien ideologiaren irudi bilakatu zen, baita Zapataren estandartean ere. Indigenen egoeraren normaltasuna lortu nahi zuen Ayala Planak, porfiristen garaian kendutako latifundioak laborariei itzultzea helburu ere bazuelarik plan honek. Mexikoko Iraultzaren buru legitimotzat Pascual Orozco hartzen zuten laborariek eta ez Francisco I. Madero presidentea. Ekintza armatua bide bakarra zela ere idatzia zegoen; izan ere, ordurarte laborariaren eskubideak ez ziren errespetatuak izan bide onetik lan eginda.

1912an Emiliano Zapatak gudaroste federalarekin borrokatu zuen. Gudaroste Federalaren buruzagiak Arnoldo Casso Lopez, Juvencio Robles eta Felipe Angeles ziren eta hegoaldeko herrietan bakea bilatzea helburu zuen gudarosteak. Zapatistak defendatu egin ziren eta "zakarki" egin zuten gudaroste federalaren arabera: zapatisten atakeen narrazioetan ugariak dira eraso eta lapurreten inguruko idatziak. Egia esan, idatzitako narrazioak manipulatuta daude Gudaroste Federalaren kide batzuengatik. Urte honetan Tepalcingo, Yautepec, Cuautla eta Cuernavacako erasoak burutu ziren; halere, esan behar da garai honetan zapatisten mugimendua ahuldua zegoela, bai politikaren munduan eta baita militantziaren munduan ere.

Hegoaldeko borroka eta Maderoren heriotza

Victoriano Huertak bere boterea handidu zuen politikari dagokionez eta Franci

sco I. Madero asasinatu egin zuten; horrela, borroka armatua areagotu egin zen eta Zapata iraultzaren buru nagusienetako batetan bilakatu zen, garai berean Morelosen erreforma batzuk bultzatu zituelarik. Ekintza hauek izan zirela eta, ondorengo lehendakariarekin, Venustiano Carranzarekin, arazoak izan zituen. Victoriano Huerta indarrean zela, Pascual Orozcoren aita bidali zuen Emiliano Zapatarekin bakea hitzartzera; izan ere, bakea lortuz gero, Estatuan arazo bat gutxiago izango zukeen lehendakariak. Garai honetan Zapatak Morelos, Mexikoko estatuaren zati bat, Guerrero, Puebla eta Tlaxcalako estatuak menpean zituen, indar bizia baitzuen leku hauetan eta modu honetan, bakea hitzartzea ukatu zuen, Maderoren hiltzailetzat jotzen baitzituen. Huertaren mezularia asasinatu zuen eta jarraian Felix Diaz generalari gutun bat bidali zion Huertaren gobernua gaitzetsiz. Garai beretsuan, Ayala Plana berritu zuen, horrela bertan Victoriano Huerta mespretxatu zuelarik. Iraultzaren buru izatearen kargua kendu zitzaion Pascual Orozcori; ondorioz, Zapata bilakatu zelarik "Ejercito Libertador del Sur" delakoaren buru bakarra. 1914ko urtearen hasieran Zapatak Jonacatepec eta Chilpancingo hartu zituen. Urte honetan bere gudarosteak 27.000 gizon zituen; horrela, irailerako Moreloseko estatu osoa zuen kontrolpean Zapatak, baita Guerreroko hainbat zonalde ere. Ondoren, Cuernavaca hartu zuen eta ekainerako Cuajimalpa, Xochimilco eta Milpa Alta okupatu zituen; modu honetan, Mexiko hiria mehatxatu zuen. Irailean Venustiano Carranzak Juan Sarabia, Antonio I. Villarreal eta Luis Cabrera Lobato bidali zituen Emiliano Zapatarekin mintzatzera, baina berriro ere Zapatak Venustiano Carranzaren dimisioa eskatu zuen, baita Ayala Plana onartu zezan eskatu ere. Mandatariek beren kanpamentua eta estatua utzi zituzten erantzun bat emanez; izan ere, Carranzak beraien eskakizunak ukatu zituen, desegokitzat jo zituelarik.

Gobernu konbentzionala

Urte bereko irailean, Emiliano Zapatak, Cuernavacako bere kuartel jeneraletik, laborariei beren lurrak itzultzea eskatu zuen. Mexikoko iraltzan bilera asko burutu ziren, besteak beste "Convención de Aguascalientes" delakoa. Bertan mexikoko iraultzako hiru talde garrantzitsuk hartu zuten parte, beraien desberdintasunak eta arazoak konpondu nahi izan zituztelarik. Zapatak ez zuen parte hartu zuzenean bilkura honetan, baina komisio bat bidali zuen bertara, non Antonio Diaz Soto y Gamak osatzen zuen komisio hau. Antonio Diaz Soto y Gamak banderaren inzidentea pairatu zuen; hau da, bilkuran ez zuen akordioa sinatu nahi izan, ez baitzuen bandera nazionala sinatu nahi, Iturbideren bandera zela esan zuen. Leobardo Galván González, Tepoztlan herriko lizentziatu bat, Santo Domingo auzoan jaiotakoa, Zapatak Aguascalientesera bidali zuen Morelosko bizilagun bakarra izan zen. Leobardok zeregin garrantzitsua bete zuen bilkura honetan negoaziazioari dagokionez, zapatisten parte hartzea bultzatu baitzuen berak. Lucio Blancorekin, Francisco Villa jeneralarekin, Paulino Martinezekin, Manuel J. Santibañezekin edota Manuel Uriarterekin burutu zituen akordioak, azkenik Venustiano Carranza baztertu zutelarik. Horrela, Emiliano Zapata Francisco Villarekin elkartu zen eta biek onartu zuten Eulalio Gutierrez Mexikoko behin-behineko lehendakari izango zela. Halere, gerra zibilak bertan jarraitzen zuen Venustiano Carranzaren postua zela eta, ez baitzetozen bat bi alderdiak. Azaroaren azken egunetan Pancho Villaren gudarostea eta Emiliano Zapataren gudarostea; hau da, División del Norte eta Ejército Libertador del Sur delakoak, Mexikoko hirian sartu ziren.

Ospe nazionala eskuratu zuen mugimendu zapatistak. Mexiko hirian armadak jarrera baketsua hartu zuen: giza baliabideak lismonen bitartez lortu zituzten, lapurretak sahiestu zituzten, baita beraien izena zikintzen zituztenak sahiestu ere. 1914ko abenduaren 4ean Villa eta Zapatak Xochimilcoko hizketaldia izan zuten, bi gudarosteen arteko aliantza lortu zutelarik bertan. Trukean Villak Ayala Plana onartu zuen, Francisco I. Maderoren aurkako salaketak salbu.

Hitzarmen hauek burututa, Emiliano Zapata Amecamecaruntz joan zen eta Puebla hartu zuen 1914ko abenduaren 17rako. Hasiera batean oposizioaren aurkaritza izan zuen, hauek plazak indarrez hartzen zituztela eta, Alvaro Obregon jeneralaren gudarostearen oposizioa izan zuten hain zuzen ere. Alvaro Obregonek bere indar guztiak bideratu zituen Zapataren eta Villaren armaden aurka. Garai honetan, 1915. urtearen hasieran, Morelosen laborari armatuek agindu zuten. 1916an, behin Venustiano Carranza Mexikoko hirian zegoela eta Pancho Villak Alvaro Obregonek bultzaturiko hainbat porrot jasan zituela, Carranzak gogor egin zuen zapatismoaren aurka. Konstituzionalistek Cuernavaca hartu zuten maiatzean, nahiz eta iragankorki zapatisten eskuetan egon, beraien eskuetan geratu zen azkenean abenduaren 8an. Armen gabezia eta villisten laguntza eza zela eta, denbora gutxian estatuko herri gehienak konstituzionalisten eskuetan geratu ziren. 1917an, Zapatak kontraerasoa burutu zuen Jonacatepec, Yautepec, Cuautla, Miahuatlán, Tecala eta Cuernavaca berreskuratu edo berriro ere konkistatu zituelarik.1917ko martxoan estatuarentzat lege administratiboa egin zuen, berriro eskolak ireki zituen, soroetako elikagaiak ekoizteko instituzioak sortu zituen eta hirietako periferietan eta mugetan gerrillak jarraitu zuten. Halere, urte bereko urrian Pablo Gonzalez Garza Moralesen sartu zen, lurraldea hartu zuelarik. Horrela, 1918rako Emiliano Zapata etorkizun gutxiko gerrillari bilakatu zen, Pancho Villa bezala pare bat urte beranduago. Izan ere, gudak ugariak eta elikagaiak eskasak ziren eta gainera Carranzak eginiko legeek mugimendua ahuldu edo lasaitu zuten; horrela, mugimendua ahuldu egin zen eta ez ziren politikoki eta militarki ongi antolatu. Hau guztiagatik, laborari ugari alde izatetik eta jendez beteriko armada izatetik askoz ere gutxiago izatera pasa ziren, gerrilla gerrak bideratu zituztelarik 1918tik aurrera.

Zapataren heriotza

Iparraldean gerrak joera bihozgabea izan zuen. Jesus Guajardo gonzalista zen eta Zapatari iruzur egin zion; izan ere, Carranzarekin gustura ez zegoela esan zion Zapatari eta berarengana batzeko prest zegoela. Zapatak zalantzak izan zituen hasiera batean berarekin eta horrela, frogak eskatu zizkion. Guajardok 50 soldadu federal fusilatu zituen Zapataren konfiantza lortu ahal izateko, Carreroren eta Pablo Gonzalezen baimenarekin, baita armak eta munizioa eskaini borrokan jarraitu zezaten. Modu honetan, Chinamecako etxaldean biltzea erabaki zuten, Morelosen, 1919ko apirilaren 10ean. Zapatak etxaldearen kanpoaldean kanpatu zuen bere tropekin eta etxaldera 100 gizonez osaturiko eskoltarekin gerturatu zen. Ateburua zeharkatzean, mandatari batek turuta jo zuen ohoreak eginez. Hau seinale bat besterik ez zen izan eta horrela, turuta jotzean Zapataren aurka egin zuten tiro. Zapata bere pistola hartzera iritsi zen, baina ezer egitea lortu baino lehen tiro batek pistola erabiltzea galarazi zion. Askok eta askok gaitzetsi zuten prozedura. Gainera, ekintza honek Zapata hilik zegoela iraultzaren apostolu eta laborarien sinbolo izatera eraman zuen. Zapatisten mugimenduak aurrera jarraitu zuen, indar gutxiagorekin noski. "Ejercito Libertador del Sur" delakoaren buru berria aukeratu beharrean izan ziren ondoren zapatistak eta Gildardo Magaña Cerda hautatu zuten. Bera izan zen azkena; izan ere, urtebete beranduago Zapataren kide ohiak "aguaprietista" deituriko gobernura batu ziren. Haietako batzuk gobernuak asasinatu egin zituen.

Kondairek Zapata ekialderaino eraman zuten eta bertan babesa eskaini zitzaion; kondaira batek dioenez, Zapata Acapulcon ontziratu zen Arabia aldera. Beste batzuek Zapata zaldian ibiltzen ikustea posible dela esaten zuten Anenecuilcon, bere jaioterrian, ilargi beteko gauetan. Beste kondaira baten arabera aldiz, hamarkada batzuk beranduago etxe batetan bizi zen Zapata giltzapetuta. Egun hauetan corrido batzuk idatzi zituzten, gazteleraz, non egun haietako egoera azaltzen den bertan:

"Su cuerpo al fin sepultaron llenos de júbilo y gozo

y muchos, muchos lloraron por sus culpas y reposo.

Pero su alma persevera en su ideal libertador

y su horrible calavera anda en penas, ¡oh terror!

Por las orillas de Cuautla flota una horrible bandera,

que empuña la calavera del aguerrido Zapata.

Tal constancia a todos pasma; de la noche en las negruras,

se ve vagar su fantasma por los montes y llanuras.

Se oyen sonar sus espuelas, sus horribles maldiciones

y, rechinando las muelas, cree llevar grandes legiones.

Extiende la yerta mano y su vista se dilata...

¡Recorre el campo suriano el espectro de Zapata!"

Emiliano Zapataren jarraitzaileek zapatista izena hartzen dute. Halere, oso garrantzitsua da Mexikoko Iraultzaren garaiko zapatistak eta gaur egungo hegoaldeko neozapatistak bereiztea.

Duela urte batzuk artikulu bat argitaratu zen non zalantzan jartzen zen Zapataren heriotzaren bertsio ofiziala; halere, ez dago frogarik ezta datu argirik ere bertsio ofiziala zalantzen jartzeko. Dolores Ibarrurik, "Pasionaria" izenaz ezagunagoa, Zapataren esaldi ezagun bat erabili zuen sarri "Es mejor morir de pie que vivir toda una vida arrodillado"; hau da, hobe da zutik hiltzea makurturik bizitzea baino.

Museoak

Azken urte hauetan Zapataren inguruan gehiago jakin dezagun ibilbide bat bultzatu dute turismoaren inguruan, "Zapataren ibilbidea" izena eman diotelarik ibilbideari.

Zapataren ibilbidea:

    1. Cuautla: Bertan trenbide bat bisitatu daiteke non zapatisten kuartela izan zen garai batean. Jauregi munizipala ere bisitatu dezakegu bertan, bere gorpua han egon baitzen. Bestalde, bertan dago bere omenez eginiko estatua bat.

    2. Anenecuilco: Zapata museoa dago bertan eta besteak beste bera jaio zen logela ikus daiteke.

    3. Chinameca: Asasinatu zuten etxaldearen hondakin batzuk geratzen dira herri honetan eta museo bat bisitatu daiteke non argazki ugari aurkitzen diren.

    4. Tlaltizapan: Zapatisten kuartelaren museoa dago bertan, baita mausoleo bat Emiliano Zapata Salazarri eskainia.

Moreloseko jendearentzat sinesgaitza zen Zapataren heriotza eta hasiera batean ez zuten sinesten honen heriotza. Ez zuten ulertzen nola izan ote zen posible horrelako gizon bat hiltzea;izan ere, horrenbeste segada jasan ondoren eta haietatik bizirik atera ondoren askok uste zuten etxalde hartara beste gizon bat bidali zuela Zapatak. Halere, bere kideek, gertukoek eta gudan batera ibilitakoek gorpua ikustean zalantzarik gabe ziurtatu zuten bere gorpua zela.