Elisabet II.a Espainiakoa edo Borboikoa (Madril, 1830eko urriaren 10a - Paris, 1904ko apirilaren 7a) Espainiako erregina izan zen 1833 eta 1868 bitarte, 1830ean ezarritako Berrespen Pragmatikoak Lege salikoa indargabetu zuelako. Honen ondorioz, bere osaba Karlos Maria Isidro Borboikoak koroari uko egin behar izan zion, nahiz eta Fernando VII.aren erregetzan zehar errege izendatzen saiatu izan zen, absolutisten («karlistak» deituak) laguntzarekin.
Elisabet II.a Espainiakoaren ezkutua
Elisabet II.a izango zena "Maria Elisabet Luisa" bataiatu zuten, eta Fernando VII.a Espainiako erregearen eta bere laugarren emaztea eta iloba zen Maria Kristina Borboikoaren alaba zaharrena zen.
Lehendik bere aita beste hiru aldiz ezkondu zen, baina hiru emazte horiek ez zioten Fernando VII.aren erregeordea izateko semerik eman. Horregatik, 1830ean Elisabet jaio zenean, askok bera erregina izango zelakoaren esperantza izan zuten. Fernando VII.ak bere oinordekotza ziurtatzeko, 1830eko Berrespen Pragmatikoa aldarrikatu zuen, bere anaia Karlos Maria Isidro Borboikoa infantearen kalterako izan zena. Lege hau 1789an Gorteek onartu zuten testua argitaratzea mugatu zen, 1789ko Berrespen Pragmatikoa bezala ezagutua. Honen helburua ondorengotzaren sistema tradizionala zaharberritzea zen. Horrela, erregea semerik izan gabe hilko balitz, bere alaba Elisabeti erregetza hartzeko baimena emango lioke. Elisabet II.ak 1833ko irailaren 29an, bere aita hil zenean eta oraindik hiru urte ere ez zituela, Espainiako tronua eskuratu zuen. Baina oso gaztea zenez, bere ama Maria Kristina Borboikoa izan zen erreginaorde bera adin-nagusiko egin zen artean.
Bere jaiotzak eta erregina izendatzeak luze iraungo zuen gatazka dinastiko bati hasiera eman zion. Izan ere, bere osaba Karlos Maria Isidro Borboikoak, ordura arte Fernando VII.aren erregeorde izan behar zena, ez zuen onartu Elisabet Asturiaseko Printzesa izendatu eta ondoren Espainiako erregina izatea. Berrespen Pragmatikoaren oposizioa zela eta, Fernando VII.ak bere anaia atzerrira erbesteratzea beste aukerarik ez zuen izan. Horren ondorioz, isabelinoak eta karlistak gero eta gehiago zatitu ziren, azkenean Lehen Karlistaldia eraginez.
Bere erregealdiko lehen urteetan, Elisabet adinez txikikoa zen bitartean, bere ama erregeordetzan aritu zen 1840 urter-arte, Lehen Karlistaldia (1833-1840) gertatu zen aldi berean. 1840ko urriaren 17tik 1843ko uztailaren 23ra arte, erregeordetza Baldomero Espartero jeneralaren eskuetan egon zen, azkenean karguari uko egitea behartua izan zelarik. Hirugarren erregeorde bat egotea ekiditearren, erreginaren adin-nagusitasuna 14 urtetatik 13 urteetara aurreratzea erabaki zuten. Horrela, 1843ko azaroaren 8an, Elisabet II.ak kargua eskuratu zuen, 13 urterekin adin-nagusikotzat jo zutelarik.
Elisabet II.a umeetan
Elisabet II.ak 16 urte zituela, Gobernuak ezkontza bat adostu zuen bere eta bere lehengusu Frantzisko Asisisko Borboikoa infantearen artean, Cadizeko dukea zena. Ezkonlagunak odoleko lehengusuak ziren bi aldiz. Izan ere, gizonaren aita, Frantzisko Paulakoa Borboikoa infantea, Fernando VII.aren anaia zen; aldiz, bere ama, Luisa Carlota Broboikoa-Dos Sicilias, Maria Kristina Borboikoaren ahizpa zen. Baina hauen erlazioa segituan izorratu zen, eta ez ziren inoiz zoriontsu izan. ((IZENAK ????))
Erreginaren ezkontzak garrantzi nazionala eta nazioartekoa izan zuen, Europako estatu ezberdinek errege berriaren nazionalitateak euren aliantzak eta interesak ez kaltetzeko maniobratu baitzuten. Zenbait hautagai baztertuak izan ziren, gehienak presionatzen ari ziren zenbait taldeengandik. Karlista moderatuek Carlos Luis Borboikoa eta Braganza proposatu zuten, Montemolineko kondea, Karlos Maria Isidro Borboikoaren semea, ezkontza errazteko abdikatu zuena. Baina Montemolin segituan baztertua izan zen liberalengandik. Narváez jeneralak Frantzisko Paulakoa Dos Siciliasekoa proposatu zuen, Trapaniko kondea, hau da, progresistek betoa jarri ziena, Enrique Borboikoa, Sevillako dukea, nahiago zutelako. Maria Kristina Borboikoa, erreginaren ama, Leopoldo I.a Belgikakoa proposatu zuen, Viktoria erreginaren ahaidea, eta Luis Felipe Frantziakoak bere edozein semeren kandidaturak bermatu zituen, Enrique de Orleans Aumaleko dukea, edo Antonio, Montpensierreko dukea, azkenean Elisabet II.aren ahizparekin ezkondu zena, Luisa Fernanda Borboikoa infantarekin.
Berehala, Frantzia eta Ingalaterrak Eu Konferentzian, euren hautagaiei uko egin eta Elisabet II.a Borboi batekin ezkontzea exijitu zuten. Azkenean, Frantzisko Asisko de Borbón aukeratu zuten, gizon koldartzat eta izaera gutxikotzat hartzen zutenez, politikan parte hartuko ez zuelakoan.
Ezkontza 1846ko urriaren 10ean ospatu zen Madrileko Errege Jauregiko Salón del Tronoan, Elisabetek 16 urte bete zituen egun berean. Ezkontza bikoitza izan zen, aldi berean bere ahizpa Luisa Fernanda Borboikoa infanta ezkondu baitzen Luis Filipe I.a Frantziakoaren seme gazteenarekin, hau da, Antonio Orleasenkoarekin, Montepensierreko dukea zena.
Parisen erbesteratu zen bitartean, Fernando León y Castillo enbaxadoreari kontu zion moduan, Elisabet II.ak ez zuen harreman ona bere lehengusu eta senarrarekin, eta batzuek bere senarra homosexuala zela baieztatzen dute. Erreginak berak ere honako hau komentatu zuen euren eztei-gauaz: «Zer espero nezakeen eztei-gauan nik baino parpaila gehiago zeramatzan gizon batez?». Istorio hauez gain, historiografiak (Pabón) edo gertaeren gertuko idazleek (Baroja) diotenez, errege ezkontidea hainbat ume ez-legitimoen aita zen eta hainbat maitale zituen.
Ofizialki, Elisabet II.a eta Frantzisko Asisko Borboikoak hamaika seme-alaba izan zituzten, nahiz eta zenbait kasutan haurdunaldiak abortuan edota haur jaioberriaren heriotzan amaitu:
Luis Borboikoa eta Borboikoa (1849), hilda jaio zen.
Fernando Borboikoa eta Borboikoa (1850), jaio ondoren berehala hil zen.
Maria Elisabet Borboikoa eta Borboikoa (1852ko abenduaren 20a - 1931ko apirilaren 23a), Agrigentoko kondesa.
Maria Kristina Borboikoa eta Borboikoa (1854ko urtarrilaren 5a - 1854ko urtarrilaren 8a), jaio eta hiru egunetara hil zen.
Frantzisko Asisko Leopoldo Borboikoa (1856), jaio zen egun berean hil zen.
Alfontso Borboikoa, Asturiaseko printzea (1857-1885), ondoren Alfontso XII.a Espainiako erregea izan zena.
Maria Konzepziokoa Frantziska Asiskoa Borboikoa (1859-1861).
Pilarreko Maria Berenguela (1861-1879), ezkongabe hil zen.
Pazko Maria Borboikoa eta Borboikoa (1862-1946), Luis Fernando Bavierakorekin ezkondua.
Maria Eulalia Borboikoa eta Borboikoa (1864-1958), Gallierako dukesa, Antonio Orleansekoa eta Borboikoarekin ezkondua.
Frantzisko Asisko Leopoldo Borboikoa eta Borboikoa (1866), jaio eta aste gutxitara hil zen.
Elisabet II.a eta bere alaba Elisabet, 1852an erretratatuak. Franz Xaver Winterhalter, Madrilgo Errege Jauregia.
Elisabet II.a eta bere senar Frantzisko de Asis Borboikoa.
Elisabet II.ak Espainiaren trantsiziozko denboraldi batean erreinatu zuen, eta monarkiak parlamentuari botere politiko gehiago eman zion. Hala ere, monarkiak trabak jarri zituen herritarrek gobernuko kontuetan horrenbeste parte ez hartzeko. Demokrazia liberalaren aldeko borrokan bere erreinuak porrot egin zuen; gainera, erakundeak faltsutu ziren eta hauteskundeetako okerbideratzea ugaritu egin zen. Denboraldi hartan elekzioak antolatuko lituzkeen edozein alderdik bertan galdu zituen. Aldaketak egon balira kasta militar baten interferentziagatik izango litzateke, gobernuak pronuntziamenduen, estatu kolpeen edo beste antzeko modu batera aldatzen zituena.
Bere ministroengandik eta gorteko erlijiozko «presio-talde»-arengandik erraz manipulatuta (batez ere Claret aitak, bere aitor-erantzuleak, Fulgencio aitak, bere senarraren aitor-erantzuleak eta Patrocinio lekaimeak osatua), erreginak sarritan interferitzen zuen nazioko politikan (behin gobernuko lehendakari aldarrikatu zuen bere burua), politikoen artean gustukoa ez izatea eraginez eta azkenean bere amaierara iritsiz, 1868ko Iraultza hasi zenean. Horrek San Danieleko gaua (1865eko apirilaren 10a) bezalako gertaerak gertatzea lagundu zuen: krisi ekonomiko handiko uneetan, erreginak ondare errealeko ondasun osagarriak besterentzea agindu zuen nazioko sokorruarentzat; errepublikako liderrak, Emilio Castelar, El rasgo izeneko egunkariko artikulu batean aditzera eman zuen, Elisabet II.a, zorrengatik kezkatua zegoela, nazioarenak ziren ondasun osagarri batzuen salmentaren produktuaren %25a erreserbatu zuen; gobernuak Castelar unibertsitateko irakaslearen kargugabetzea eta kanporatzea agindu zuen, eta honek Unibertsitate Zentraleko errektorearen dimisioa eragin zuen; ikasleen manifestazioek dimitituen laguntzarekin, apirilaren 10ean Guardia Zibil beteranoa gailendu zuten kalean: hamaika hildako eta 193 zauritu, horien artean adinekoak, emakumeak eta haurrak.
Hala ere, Elisabet II.aren erregealdian, Espainia nabarmenki modernizatu zen burdinbide ugari eraikitzeagatik, Mataró eta Bartzelona lotzen zituen lehena izanik. Hala eta guztiz ere, burdinbidea eraikitzea klase dominanteei aberasteko baliagarria izan zitzaien, hala nola, erreginaren amari, Maria Kristina Borboikoari; edota Salamancako markesari, Málagako bankari bat, Koroa eta Parlamentuaren baimena lortzeaz gain (129 milioi subentzio 1853-1854 artean),gobernuari Madril-Aranjuezeko burdinbide linea saldu zion 60 milioi baino gehiagorengatik, eta ondoren, berriro ere jaso zuen alokairuarengatik, aurretiko eskaintzarik gabe, urtean milioi bat eta erdirengatik, baina inoiz ordaintzera iritsi ez zena.
Sukar espekulatzaileak ez zuen zerikusi handirik errealitatearekin. 1856 urte-arte eginiko balantzea Bartzelona-Mataró lotzen zituen burdinbidera (1848), Madril-Aranjuezekora (Salamancako markesaren negozioa zena), Gijón-Langreorakora (Riánsareseko dukearen negozio pribatu bat zena, Maria Kristina erreginaren senarrarena) eta Valentzia-Xátivakora murrizten zen. Gainera, Espainiako orografía zailarengatik, burdinbidearen zabalera Europako burdinbideen desberdina zen eta geltokietako sarbidea errazten zuen egokitzapena abandonatu zen. Horrela, honen eta burdinbideetako transporteen tarifa altuen ondorioz, negozioaren galerak ekarri zituen berehala. Hortaz gain, zenbait obra hidrauliko garrantzitsu eraiki zituzten, Elisabet II.aren Ubidea adibidez, Juan Bravo Murillo eta Manuel Alonso Martínez ministroek bultzatuta.
XIX.mendeko burdinbidea Espainiako penintsulan.
1852ko otsailaren 2an, Elisabet II.ak bere alaba Elisabet erditu eta denbora gutxira, erregina Atotxako Ama Birjinaren Basilikan zegoela, Martín Merino eta Gómez apaiza erreginaren biziarekin amaitzen saiatu zen honi saihetsean ezten bat sartuz. Erregina egun gutxitara errekuperatu zen eta apaiza epaiketa azkar baten ondoren exekutatua izen zen, bakarrik eta bere borondatez egin zuela epaitu baitzuten.
Elisabet II.ak bere aitak itxi zituen Unibertsitateak berriro ireki zituen, baina bere erreinaldiko hezkuntzaren panorama ere nahiko atsekabegarria zen: 1855ean Espainiako 6000 herrik ez zuten eskolarik, 1858an bigarren mailako hezkuntzaren 53 erakunde bakarrik existitzen ziren, 10 000 bat ikaslerekin (Frantzian baino 5 aldiz gutxiago, kontuan hartuta populazioaren erdia bakarrik zuela), eta Espainiako hamar Unibertsitateetan bakarrik 6104 ikasle zeuden (Oviedo eta Salamancak 100 zituzten euren lau fakultateetan); erdiak baino gehiago (3472) Zuzenbidea ikasten zuen. Ekipamendu kulturalak oso urriak ziren: 1859an Espainian 56 liburutegi publiko zeuden, biztanleek liburuak eskuratzeko zuten aukera bakarrak zirenak. Bilbokoak bakarrik 854 liburuki inprimatu zituen; Santanderrekoak, 610; Segoviakoak, 194; Huelvakoak, 60. Hezkuntza hobetzeko egin ziren saiakuntza bakarrak ez ziren onartuak izan, hala nola, Julián Sanz del Ríoren inguruan sortu zen taldeak, krausismoan oinarrituta egin zuena: Pio IX.a Aita Santuaren Syllabus (ikasketa-programa) eragin zuen erreakzio neokatolikoak, Manuel Orovio Echagüe ministroak (1867) katedraren askatasunean eragozpenak jartzea eta erreginaren atxikimenduaren manifestazioak eskatzea eraman zuen, azkenean irakasle horiek unibertsitatetik botatzea eragin zuelarik.
Industrializazioa herrialde desegin batean eraman zen aurrera, aurrerakuntza batez ere periferian ematen zena (Katalunian, Málagan, Sevillan, Valladoliden, Béjarren, Alcoien...). Eta hau, mesfidantzaz hartzen zituzten eta horien aurka zeuden buruzagi batzuen jokaeran eragiteko gaitasuna ez zuten enpresari batzuen lana zela eta eman zen.
1843an, Elisabet II.a tronura iritsi berri zenean, Espainiako Armada ia ez zen existitzen; alferrikako hiru itsasontziz, bost fragata zaharrez eta hogei unitate laguntzailez bakarrik osatzen zen. 1820an, lehen lurrunontzia eraikitzea proposatu zen, baina ez ziren hori egitea iritsi. Elisabet II.aren erreinaldian, bela ontzietatik mekanikoak ziren ontzietara pasatu ziren, lurrunezko motorrak edota pala eta helizeekin bultzatzen zirenak, hasiera batean belarekin nahasten zirenak, nahiz eta azkenean bela erabiltzeari utzi zioten. Molinseko Markesa, Mariano Roca de Togores y Carrasco, Marinako Ministro izan zena zenbait alditan 1848tik 1851ra eta 1853tik 1855era, Eskuadrako Plan bat aldarrikatu zuen, guztiz bete ez zena baina armategia hobetzea eta marina boteretsu baten garrantziari buruzko kontzientzia nazionala mobilizatzea eragin zuena.
1860an, Ontzien Indarren Gehikuntzaren Legeak lurrunezko ontzizko Eskuadra Blindatu moderno bat sortzea baimendu zuen, gehienek egurrezko kroskoak zituztenak, eta zortzi fragatez osatuak zeudenak: Tetuán, Almansa, Gerona, Numancia, Vitoria, Zaragoza, Arapiles eta Sagunto. Beranduago, lehen gurutzaontziak eraiki ziren, kasu honetan guztiak burdinazko kroskokoak, eta izen hauek zituzten: Fernando el Cátolico, Sánchez Barcaiztegui eta Jorge Juan.
Elisabet II.aren erreinuko kanpo-politika larri zegoen, batez ere Unión Liberalen «gobernu luzean» (1858-1863). Afrika Iparraldean, lurralde marokoarrak anexionatu ziren Afrikako Gerran, hala nola, Ifni eta Tetuan.
XVIII.mendetik aurrera, Espainiak presentzia izan zuen Fernando Poo eta Annobon uharteetan, Gineako golkoan. Uharte hauek, azken finean, abandonatuta egon ziren. 1843an Espainiak uharte horien gobernuaren jabetza hartu zuen eta 1858an, Ekuatore Ginearen lurralde kontinentalera lehen aldiz gobernatzaile espainiar bat iritsi zen. Horrela, Saharaz hegoaldeko Afrikan espainiarren menperatzea ezarri zuten, XX.mendeko 60.hamarkadaraino iraungo zuena.
Kontxintxinan, gaur egungo Vietnamen, zenbait espainiar misiolari exekutatuak izan ziren, eta honek Frantziaren eta Espainiaren erantzun militarra eragin zuen, Kontxintxinara eginiko espedizio frantses-espainiarra izan zena eta Ho Chi Minh Hiriaren konkistan amaitu zena. Espainiak gerran soldadu espainiarrak eta filipinarrak zituen tropekin hartu zuen parte. Hala ere, lurralde Vietnamitaren hurrengo banaketan, Espainiari bakarrik Tulog, Balag eta Quang portuen eskubide komertzialak egokitu zitzaizkion: indemnizazio ekonomiko bat bere partaidetzagatik eta kultu askatasunaren ziurtasuna. Hala eta guztiz ere, frantziarren banaketa askoz etekin handiagokoa izan zen: hiru probintzien menperatzea lortu zutelako eta frantziarren Indotxinako kontsolidazioaren hasiera izan zelako.
1861ean, Espainiari berriro ere Dominikar Errepublika erantsi zitzaion, baina gerrillaren arteko zenbait gatazka belikok espainiarren presentzia premiazkoa ez zen gastu batean bilakatu zuten, eta 1865ean, Elisabet II.ak eransketa baliogabetu zuen. Amerika kontinentalean, Mexiko, Peru eta Txilerantz zenbait espedizio burutu zituzten.
Gainerako kontuetan, Espainiak bere menperatzea mantendu zuen Karibe itsasoko Kuban eta Puerto Ricon, eta Asiako Filipinetan, Karolinetan eta Marianetan.
Afrikako Gerrarekin, Marokok eragindako erantzun armatua izan zena, Espainiako Ceuta eta Melilla hiriek jasana, O'Donnellek lasaitu egin zituen ordainsariak lortzeko (maila-igoerak, dominak, noblezia tituluak...) egonezinean zeuden zenbait buruzagi militar. Espainiar armadak ekipazio txarra zuen eta gaizki prestatua zegoen (formakuntza kaxkarra, akastun materiala), eta egoera txarrean zeuden elikagaiekin hornitua izan zen; gerran hil ziren 8000 espainiarretatik, 5000 kolera eta beste hainbat gaixotasunek jotak hil ziren; azkenik, operazioak zuzentzen zituztenek ez zuten lurraldea ondo ezagutzen eta akats ugari egin zituzten, horien artean: erasoa hasteko urtaro euritsua eta haizetsua aukeratu zuten, nahiz eta azkenean armada espainiarrak irabazi.
Elisabet II.a erbestean.
Elisabet II.ak, destino tristeen erregina ere deitua, 1868ko Iraultzari aurre egin behar izan zion (Iraultza Gloriotsua ere deitua). Honen ondorioz, Espainiatik alde egitera behartua ikusi zen, Donostiatik, uda pasatzen zuen hiria, tren bat hartuta joanez. Frantzian erbesteratu zen, eta bertan Napoleon III.aren eta Eugenia de Montijoren babesa jaso zuen; 1870eko ekainaren 25ean, Parisen bere semearen alde abdikatu zuen, Alfontso XII.a, alegia. Bitartean, gobernuko zenbait talderen laguntzari esker, Amadeo Savoiakoa printzea, tronua ordezkatzeko aukeratua izan zen Amadeo I.a Espainiakoa izateko; Amadeo Viktor Emanuel II.a Italiakoaren semea zen, 1861etik Italiako erregea zena eta Savoiako etxea zegokiona, eta baita Maria Adelaida Austriakoaren (Karlos III.a Espainiakoaren birbiloba)semea ere.
Elisabet II.a bere erbestean Frantzian bizi izan zen; bertan, Espainiako Lehen Errepublikaren, bere seme Alfontso XII.aren erreinaldia eta heriotzaren (1885), bere errain Maria Kristina Austriakoaren erregeordetzaren eta bere biloba Alfontso XIII.aren erreinaldiaren hasieraren lekuko izan zen. 1868an tronua galdu zuenetik, bere senarrarekin bizitzeari utzi zion. Hau Épinay-sur-Seinera bizitzera joan zen, eta bertan hil zen 1902an. Elisabet II.a 1904an Parisen hil zen, eta El Escorialen lurperatua izan zen bere senarraren gorpuarekin batera.