Karlos IV.a Borboikoa, ehiztari izenez ere deitua, (Portici, Napoli, 1748ko azaroaren 11 - Erroma, 1819ko urtarrilaren 20) Espainiako erregea izan zen 1788ko abenduaren 14tik 1808ko martxoaren 19ra arte. Aita Karlos III.a eta ama Maria Amalia Saxoniakoa zituen. Bere erreinaldian jarrera pasiboa hartu zuen gobernatzeko orduan. Hasiera batean Arandako kondea ordezkari izan bazuen ere, Frantziako Iraultzaren ondoren Manuel Godoy Lehen Ministro izendatu zuen. Napoleonek bultzatuta, Joseph Bonaparteren alde abdikatu zuen Baionan 1808ko maiatzaren 5ean.
Bere aita Karlos III.aren oinordekoa izan zen Karlos, eta tronua eskuratzean ezagutza zabalak zituen Estatua zuzentzerako garaian. Halere, gainditua ikusi zen Frantzian gertatutako gertaeren ondorioz, 1789an. Energia pertsonala falta izan zitzaiola esaten da gobernatzerako garaian, eta ondorioz bere emaztearen eskuetan egon zela denbora batez Estatua aurrera eramatearen ardura, Maria Luisa Parmakoaren eskuetan hain zuzen ere. Lehen Ministroak, Godoyek, laguntza ere eman zion honi. Godoy Erreginaren maitale zela esaten zen, baina historiadoreek ezeztatu egin dute informazio hori. Gertakizun honek, Erregea ahuldu zuen, eta hasierako indarra galdu zuen. Frantziar Iraultza ematen ari zen bien bitartean Frantzian, eta hauek antzinako erregimenari alternatiba bat eman nahian zebiltzan.
Karlos IV.aren lehen erabakiek, argi eta garbi utzi zuten, asmo erreformatzaileak zituela. Floridablankako kondea izendatu zuen Lehen Ministro, hau ilustratua zen eta kudeaketa kontribuzioen atzerapenak barkatuz, ogiaren prezioa mugatuz, maiorazkoa ezabatuz... hasi zuen bere agintaldia. Bestalde, Erregeak berak indargabetu zuen Lege Salikoa, bere arbosoetako Filipe V.ak jarri zuen legea. 1789ko Frantziar Iraultzak espaniar politika aldatu zuen goitik behera. Frantziatik albisteak iristen ziren heinean, espainiar koroaren beldurra areagotu egiten zen eta azkenik Gorteak istea erabaki zuten. Bien bitartean bildu egin ziren Asturiasko Printzea onartua izateko. Isolatzeak bide egokia zirudien Frantziako ideaia iraultzaileak Espainian hedatu ez zitezen. Floridablankako kondeak Luis XVI.aren alde egin zuen, horrez gain, fronteran kontrolguneak jarri zituen iraultza gelditu ahal izateko, eta Familiako Paktuak (Frantzia eta Espainiaren artekoak) alderatu zituen denbora batez. Aurreko erreinaldiko erreforma batzuk bertan behera utzi zituen Karlos IV.ak, kontserbadorismo eta errepresioaz ordezkatu zituelarik, batez ere Inkisizioa zabaldu zuelarik.
1792an Floridablanka Arandako kondeak ordezkatu zuen, Voltaireren laguna zen azken hau, baita beste frantses iraultzaile batzuena ere. Erregeak eginkizun zail bat agindu zion, Luis XVI.a liberatzearen lana hain zuzen ere, eta gainera, lehen konstituzio frantsesa onartu zuen unean egin beharko zukeen hau.
Halere, 1792tik aurrera iraultza gogor zijoanez aurrera eta gainera, Luis XVIa trunutik kendu zutenez, Arandako kondearen erorketa etorri zen, horrela Manuel Godoy jarri zutelarik boterean.
Manuel Godoy, corps-eko guardia, Gorteetan azkar goratu zen gizona izan zen, Maria Luisa erreginak zer ikusi handia izan zuelarik bere postuan. Urte gutxitan hidalgo bat izatetik duke izatera pasa zen, Alcudiako eta Suekako duke izatera hain zuzen ere. Kapitain jeneral izatera ere heldu zen eta 1792an guztizko boterea bereganatu zuen Karlos IV.aren Gortean. Pentsamendu ilustratuetatik erreformak bultzatu zituen, esate baterako, desamortizazioak, ospitaleen, erruki etxeen, umezurtz-etxeen... laguntzan. Iraultza frantsesak bere eginkizunak baldintzatu zituen espainiar politikan. Bere eginkizunetako bat, Luis XVI.aren bizitza salbatzea izan zen, heriotza zigorra ezarri baitzioten. Gorteen ahaleginak handiak izan baziren ere, frantses erregea gillotinatua izan zen 1793ko urtarrilean. Luis XVI.aren heriotzak gerra ekarri zuen Europan, Konbentzio gerra hain zuzen ere. Bertan Espainiak parte hartu bazuen ere, berehala garaitua izan zen frantses errepublikarrengandik, izan ere, hornikuntza txarra, armada eskasa... zuen Espainiak. 25.000 gizonez osaturiko armada, Ricardos generalak zuzendua, Rosellónen sartu zen eta garaipen batzuk lortu zituzten. Halere, 1794tik aurrera espainiar indarrak galbidean ikusi ziren. Frantsesek Figueres, Irun, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Miranda Ebro hartu zituzten.
Frantziarekin bakea sinatu zuen Godoyk 1795ean, Basileako Bakea hain zuzen ere. Frantziako errepublikak Espainiari itzuli zizkion hartutako lurrak, Hispaniola uharteen truke. Eskertzearren, titulu bat jaso zuen, Bakearen Printzea.
Espainia Frantziaren aliatu egin zen 1796an San Ildefonsoko Ituna sinatzean. Frantzia liskar bila zebilen Britania Handiarekin, izan ere, Britania Handia frantses errepublikazaleen aurkari nagusia izan zen eta baita Espainiaren aurkari ere, Ameriketako merkatuengatik batez ere. Espainiar itsasontziek porrota jasan zuten 1797an San Bizente lurmuturrean. Halere, Cadizen eta Santa Kruz Tenerifekoan gogor heutsi zieten erasoei espainiarrek eta aurre egin Nelsonen erasoei. Ameriketan britainiarrek Trinitate uhartea okupatu zuten eta Puerto Ricon porrota izan zuten. Honek guztiak Godoy erortzea ekarri zuen 1798an.
1798tik 1800era Mariano Luis Urkixo eta Francisco Saavedrakoa ilustratuak izan ziren gobernua kontrolatu zutenak.
Napoleon boterera heldu zenean 1799an eta Enperadore izendatu zenean 1804an Espainiaren harreman internazionalek behera egin zuten eta aurretik eginiko aliantza indartu eta berritu zuten. Napoleonek Espainiaren beharra zuen britainiarren aurkako arazoa konpondu ahal izateko. Napoleonek Karlos IV.a erregea presionatu zuen, bere nahia lortu zuelarik horrela, Godoy gobernuburu izatea berriro. Napoleonek beharrezkotzat jotzen zuen Espainiaren ontzitedia britainiarren aurkako borrokan eta horrela, Aranjuezeko hitzarmena eraman zuen aurrera 1801ean Espainiarekin. Ondorioz, Britainia Handiaren aurkako gerran ontzitedia espainiarra izan zuen Frantziak. Portugali aitortu zion gerra Godoyk 1801ean, Britania Handiaren aliatu baitzen hau. Gatazka hau Naranjen Gerra izenez ere ezaguna da, bertan Espainiak Olivenza okupatu zuen eta gainera Portugalek bere portuetan britainiarren erasorik izango ez zela ziurtatu zuen. 1805ean espainiar ontzitediak porrota izan zuen Trafalgarko gudan armada britainiarraren aurka eta egoera guztiz aldatu zen ondorioz. Britainiarrek itsasoan zuten nagusigoaren aurrean, Napoleonek blokeo kontinentala burutu zuen, Espainia ere batu zitzaiolarik. 1807an Fontainebleauko ituna izenpetu zen, Portugal Frantzia eta Espainiaren artean banatu zutelarik, eta frantses tropek Espainiatik pasatzeko eskubidea bereganatu zuten.
Krisia
Gerra guzti hauen artean Haziendaren krisia iritsi zen Espainiara. Karlos IV.aren ministroak arazoa konpontzeko gaitasunik gabe ikusi ziren, izan ere, iraultzaren beldur zirenez ez zituzten erreformak ezarri nahi izan.
Soldadu frantsesak espainiar lurretan zebiltzan, horrela Godoyren aurkako konspirazioa hazi zelarik espainiarren artean. 1807an, urte amaieran, Eskorialeko konjurazioa egin zen. Konjurazio hau Fernandok, Asturiaseko printzeak, zuzendua izan zen. Helburua Godoy ordeztea zuen, baita bere aita tronutik kentzea ere. Halere, porrotak sortu zion frustrazioa zela eta, Fernandok berak salatu egin zituen bere laguntzaileak. 1808ko martxoan, frantsesen okupazioa begi bistakoa zenean, Godoyk Karlos IV.a erregeari Espainiatik erbesteratzea gomendatu zion. Halere, Aranjuezeko matxinada gertatu zen, hau da, herria erregearen aurka altxatu zen Aranjuezeko jauregian. Matxinatuek Godoy preso hartu zuten eta Karlos IV.ak abdikatu egin zuen, Fernando VII.a, bere semea, errege eginez.
Napoleoni ez zitzaion aldaketa gustatu eta ondorioz Baionara deitu zituen bilera bat egitearren. Fernando VII.ak koroa itzuli zion Karlos IV.ari, Enperadorearen eta bere familiaren presioa jasan baitzuen. Karlos IV.ak egina zuen ituna Napoleonekin, koroa emango zion, jarraian Napoleonek bere anaia Josef izendatu zuelarik Espainiako errege.
Karlos IV.a erbesteratua egon zen, hau da, Napoleonen gatibu egon zen Marseillan 1814an erori zen arte. Halere, urte berean Fernando VII.a izendatu zuten Espainiako errege, horrela Karlosek erbestean jarraitu behar izan zuelarik. Karlos IV.a eta bere emaztea erbesteratuta hil ziren Aita Santuaren gortean.
Karlos IV.ari arteak interesa sortarazi zion gaztetatik. Biolinista afizionatua zen, 1775ean gorterako erosi zuen gaur egun Real de Madrid jauregian aurkitzen den Stradivarius instrumentu kuartetoa. Gainera, inguruan bazituen musikalari pribilegiatuak, hala nola Gaetano Brunetti biolinista eta konpositorea. Pinturarenganako interesa ere bazuen, Luis Meléndez, Claude Joseph Vernet eta Luis Paret bezalako margolariei lan batzuk egiteko agindu zielarik. Bestalde, Francisco Goya ganberako margolari izendatu zuen 1789an.
Karlos IV.a bere lehengusinarekin ezkondu zen 1765ean, Maria Luisa Parmakoarekin. Maria Luisa Parmakoa 24 aldiz egon zen haurdun eta horietatik 14 seme-alaba bakarrik izan zituzten, halere, zazpi bakarrik heldu ziren adinez nagusi izatera:
Karlos Clemente Antonio (1771ko irailaren 19a - 1774ko martxoaren 7a).
Carlota Joaquina (1775eko apirilaren 25a - 1830eko urtarrilaren 7a). Portugaleko Juan VI.arekin ezkondu zen.
Maria Luisa Carlota (1777ko irailaren 11 - 1782ko uztailaren 2a).
Maria Amalia (1779ko urtarrilaren 9a - 1798ko uztailaren 27a). Bere osaba Antoniorekin ezkondu zen (Karlos III.aren semearekin).
Karlos Domingo Eusebio (1780ko martxoaren 5a - 1783ko ekainaren 11).
Maria Luisa Josefina (1782ko uztailaren 6a - 1824ko martxoaren 13a). Luis Borboikoarekin ezkondu zen, Etruriako erregearekin.
Karlos Francisco Paulakoa (1783ko irailaren 5a - 1784ko azaroaren 11).
Felipe Francisco Paulakoa (1783ko irailaren 5a - 1784ko urriaren 18a).
Fernando (1784ko urriaren 14a - 1833ko irailaren 29a). Espainiako errege izan zen Fernando VII.a.
Karlos Maria Isidro (1788ko martxoaren 29a - 1855eko martxoaren 10a). Karlismoaren sortzailea eta Molinako kondea izan zen.
Maria Isabel (1789ko uztailaren 6a - 1848ko irailaren 13a). Bere lehengusu Francisko I.a Bi sizilietakoarekin ezkondu zen.
Maria Teresa (1791eko otsailaren 16a - 1794ko azaroaren 2a).
Felipe Maria Francisco (1792ko martxoaren 28a - 1794ko martxoaren 1a).
Francisco de Paula Antonio, Cadizko dukea (1794ko martxoaren 10a - 1865eko abuztuaren 13a). Bere ilobarekin ezkondu zen, bere arreba Maria Isabel Borboikoaren alabarekin. Bere seme zaharrena Isabel II.a Espainiako erreginarekin ezkondu zen.
Los fantasmas de Goya (2006), Milos Forman zuzendariaren pelikula da. Karlos IV.a Randy Quaid aktoreak interpretatzen du.
LYNCH, John, XVIII. mendea, Kritika, Bartzelona, 1991 (1989).
Wikimedia Commonsek Karlos IV.a Espainiakoaren multimedia edukiak dauzka.
Wikisourcek Karlos IV.a Espainiakoren jatorrizko lanak dauzka.