¿Por qué no te callas?

«¿Por qué no te callas?» (euskarara itzuliz gero, «Zergatik ez zara isiltzen?» edota «Zergatik ez duzu ahoa ixten?») Espainiako errege den Joan Karlos I.ak 2007ko azaroaren 10ean botatako esaldia da, Hugo Chávez Venezuelako presidenteari zuzendua, hain zuzen ere, Santiagon, Txileko hiriburuan, ospatu zen Estatuburuen eta Gobernuburuen XVII. Goi Bilera Iberoamerikarrean.

Esaldiak berak sekulako oihartzuna eta eragina izan zituen atoan hala gizartean nola Interneten, imitazio, burla, parodia, telebista-programa nahiz telefono mugikorretako tonuen gai nagusi bihurtuz, telebista argentinarreko saio bati izena emateaz gain.

Gertakaria

2007. urteko azaroaren 9an Hugo Chávez Venezuelako lehendakariak ustez Espainiako gobernuak 2002ko Venezuelako estatu kolpeari babesa eman eta hau lagundu izana salatu zuen, artean, 2002. urtean, José María Aznar gobernuburu zela, Chávez berak faxistatzat jo zuena, hain justu.

Jazoera hurrengo egunean eman zen, Goi Bilera Iberoamerikarreko azken jardunaldian zehar, José Luis Rodríguez Zapatero gobernuburuespainiarra bigarrenez mintzatzen ari zela. Venezuelako presidenteak, Hugo Chávezek, behin eta berriz kentzen zion hitza, José María AznarEspainiako gobernuburu ohia faxistatzat jo ostean ondorengoa adieraziz: «una serpiente es más humana que un fascista» («sugea faxista baino bihozberagoa da»).

Rodríguez Zapaterok Aznarrekiko errespetua eskatu ostean beste behin Chávezek hitzaldia moztu zionean esan zuen Joan Karlos I.ak arestian aipaturiko esaldi ezaguna, Chávez isiltzera estutuz. Michelle Bachelet Txileko lehendakariak Chávezen eta Espainiako erregearen artean elkarrizketarik eman ez zedin eskatu zuen, modu honetan Zapaterok bere hitzaldia isteko aukera izan zezan.El País egunkari espainiarraren ahotan, Joan Karlos I.a bere esaldia plazaratu baino lehen ez zen bere eserlekutik altxa, ezta bilkura utzi ere, baizik eta gertakariaren ostean egin omen zuen, eta beste arrazoiren bategatik. El País egunkariak, halaber, Chávez presidenteak egin zuen ustezko adierazpenari dagokionez, non sugea aipatzen den, bestelako transkripzio bat egin zuen: «una serpiente es más humana que un fascista o un racista; un tigre es más humano que un fascista o un racista» («sugea faxista nahiz arrazista baino bihozberagoa da; tigrea faxista nahiz arrazista baino bihozberagoa da»). Bukatzeko, El País egunkariak aipaturiko azken esaldia ez zela Zapaterok hitza zuen bitartean esana izan defendatzen zuen, hori baino lehenago baizik, hizlaria Chávez bera zen bitartean eta, beraz, bere kritiken artean 2002ko Venezuelako estatu kolpeariEspainiako presidente ohiak emandako ustezko laguntza aipatu zuenean. Esaldi entzutetsua esan eta minutu gutxira, Espainiako erregeak beste ohiz kanpoko ekintza bat burutu zuen, Nikaraguako presidentea bere azalpenak ematen ari zen bitartean gailurra utziz, dirudienez, herrialde horretan lan egiten duten enpresa espainiarren aurkako honen kritikarekiko desadostasunaren adierazle gisan. Hirugarren ezohiko egoera bat ere suertatu zen, ordea, Txileko lehendakariak, anfitrioi papera hartu zuenak, alegia, Joan Karlosen bila joan behar izan zuenean ekitaldiaren amaieran bertan egon zedin. Erregea zeremoniara itzuli zen; halere, gerora gelatik irten zen hirugarrenez, deliberamenduak itxi zituen Txileko ereserki nazionalaren interpretazioa galdu zuelarik.

Jarraian ageri da protagonisten arteko elkarrizketaren transkripzio zehatza, hitzez hitz:

Zapatero: Bachelet anderea, Venezuelako presidente den Hugo Chávezek esandako hitzen inguruko adierazpen bat egin nahi nuke, ez besterik, non Espainiako gobernuko presidente ohiaren, hots, Aznar jaunaren aipamena egin duen. Berori ondorengoa adieraztea gustatuko litzaidake, Hugo Chávez jauna: gobernu demokratikoak dauden mahai batean gaude eserita, funtsezko printzipiotzat errespetua duen komunitate iberoamerikarrean euren herritarrak ordezkatzen dituzten gobernuak dauden mahai batean. Jarrera ideologiko baten antipodetan egon daiteke norbanakoa, ez naiz ni izango Aznarren ideiengandik gertu egongo dena, baina Aznar presidente ohia espainiarrek aukeratua izan zen, eta exijitzen diot berori, exijitzen...

Chávez: Esaiozu berari gure herriaren duintasuna errespetatzeko.

Zapatero: Exijitzen diot...

Erregea: Aizu!

Zapatero: Unetxo bat...Chávez: Esaiozu horixe bera berari.Zapatero: Errespetu hori exijitzen diot berori, arrazoi bategatik, gainera...Chávez: Esaiozu gauza bera berari ere, presidente jauna.Zapatero: Noski baietz.Chávez: Esaiozu gauza bera berari...Zapatero: Noski baietz.Chávez: Bera leku orotan Venezuelarekiko errespetua galtzen ari baita; nik nire herria defendatzeko eskubidea daukat.Zapatero: Ongi...Erregea: Zergatik ez zara isiltzen?Bachelet: Mesedez, ez dezagun elkarrizketarekin jarraitu, izan duzue zuen jarrera azaltzeko astia. Presidente jauna, amaitu.Zapatero: Bai, unetxo bat.Chávez: Nik ezin dut Zapatero lehendakariaren jarrera onartu.Zapatero: Hugo Chávez jauna.Chávez: Akaso Aznar presidentea espainiarra izango da, baina faxista da, eta horri errespetu falta handia deritzot.Zapatero: Hugo Chávez jauna... Hugo Chávez jauna... dialogoaren esentzia eta printzipio bat egon badagoelakoan nago, eta errespetua erakusteko eta errespetatua izatekotan deskalifikatua ez izaten saiatzean datza. Ideiaren batekin inondik inora ere bat ez etortzea gerta daiteke, ideiak eta jokabideak sala nahiz aldarrika daitezke, baina deskalifikazioan erori barik. Adierazi nahi dudana zera da, gure herrien mesedetan elkar ulertzea lan egin ahal izateko modu hobezina da, ordezkari demokratikoek elkar errespetatzea, eta eskatzen dut —Bachelet anderea— hori herritarrak irudikatzen dituen eztabaida-leku batean jokabide-arau izatea, gure buruzagi guztiak errespetatzea, komunitate hau osatzen dugun herrialdeetako gobernari eta gobernari ohi guztiak bezala. Printzipio ona dela esango nuke, eta sutsuki desio dut hori portaera-araudi izatea, moduek ematen baitie izatea gauzei; eta erabateko desadostasun erradikala erakuts daiteke edozeri dagokionez, pertsonak errespetatuz, hori da norbanakoa errespetatua izan dadin bete behar den printzipioa. Ziur nago nola mahai honek guztiak hala latinoamerikar guztiek gobernari demokratiko guztiak [...] errespetatuak izatea nahi dutela, bai gaur eta bai bihar, nahiz iritzi ezberdinekoak ezan.

[Txaloak].

Nikaraguako presidenteak, Daniel Ortegak, hitza eskatzen dio Bachelet presidenteari. Honek hiru minutuko denbora ematen dio.

Ortega: Atzo gure senide espainiarrek mintzaldi bat eskatu zuten. Jarrera zehatz batzuekin bat datozen mintzaldiak izan ziren, eta mintzaldi hauek moztu egin ohi dira beste jarrera batzuen pareko ez direnean. Gaur Espainiak bigarren hitzaldi bat izan du, eta nik hitzaldi bakarra egiteko aukera baino ez dut izan, beraz, ezin nauzue mugatu hitzaldi bakarra ematera [...]. Ez badigute hitz egiteko aukerarik ematen..., goi bilkura honek ez du ez hanka ez buru, beraz, ni ez naute hiru minutu horiek moztuko.

Chávez: Emango al didazu minutu bat?

Ortega: Jakina emango dizudala.

Chávez: Beharbada zure minutua baino gutxiago beharko dut, Daniel, Zapatero presidenteari erantzuteko (lur hauetako gizon ikaragarri baten aipu baten bitartez), ene estimu osoarekin, berak jakin badaki eta estimu handia diodala. José Gervasio Artigas jaunaz ari naiz, hark horrela esan zuelarik: «Con la verdad ni ofendo ni temo» («Egiarekin ez dut inor mintzen eta ez naiz inoren beldur»). Horrela, Venezuelako gobernuak edozein erasori erantzuteko eskubidea gordeko du, edozein lekutan, edozein ingurunetan eta edozein tonutan.

Honen ostean, Nikaraguako presidentea den Daniel Ortegaren hitzaldia izan zen, hogei minutu inguru luzatu zena, Unión Fenosa enpresa espainiarraren mesedetan aurreko gobernu nikaraguar ustelen Nikaraguako banaketa elektrikoaren pribatizazioa salatuz. Daniel Ortega aipatutako enpresak enpresa sortzaileei eginiko energia-erosketetan izandako jokaeraz kexatu zen, Espainia eta AEBtako enbaxadek Nikaraguako talde eskuindarrekin izandako esku-sartzeaz gain. Une horretan, hain zuzen ere, Joan Karlos I.a bere eserlekutik altxa eta esparrutik irten zen.

Bestalde, Hugo Chávezek plazaratutako José Gervasio Artigasen esaldia, «Con la verdad ni ofendo ni temo» («Egiarekin ez dut inor mintzen eta ez naiz inoren beldur»), izatez honela da: «Con libertad ni ofendo ni temo» («Askatasunarekin ez dut inor mintzen eta ez naiz inoren beldur»).

Tartean zeudenen erreakzioa gertakariaren ostean

Gertakaria jazo eta ondorengo egunetan, Espainiako gobernua tentsioa lausotu eta gorabeherari garrantzia kentzen saiatu zen, alderantziz, gertakariaren inguruko adierazpen ugariren bidez Chávezek tentsioa areagotzen jarraitu zuen bitartean.

Bilkuraren ostean, Zapaterok egoerarekiko nahigabea adierazi zuen ondorengoa esanez: «Espero que sea la última vez, porque construir un diálogo democrático es, ante todo, construir el respeto» («Azkenengo aldia izatea espero dut, dialogo demokratiko bat eraikitzea, oroz gain, errespetua eraikitzea baita»).

Azaroaren 12an jarraian datozen hitzekin mintzatu zen Chávez presidentea: «Yo no oí lo que dijo el rey» («Nik ez nuen erregeak esana entzun»), subirano espainiarra «como un toro» («zezena bezain mardul») zegoela esan ziotela gehituz. Ondorengoa ere argitu zuen: «Espero que ésto no empañe las relaciones, pero sí me parece un exabrupto que venga un rey a gritarle a un presidente: “Ahora cállate”» («Espero dut honek harremanak ez lausotzea, baina zakarkeria deritzot errege batek presidente bati isiltzeko agindu izanari»).Azaroaren 14an Chávez presidenteak ondorengoa mantendu zuen: «Las empresas españolas van a tener que empezar a rendir más cuentas y yo voy a meterles el ojo a ver qué están haciendo aquí, a todas las empresas españolas que estén en Venezuela» («Enpresa espainiarrek kontu gehiago ematen hasi beharko dute, eta nik begiak adi izango ditut Venezuelan dauden enpresa espainiar guztientzat hemen zertan dabiltzan ikusteko»). Hitz haiek Venezuelarekiko interes enpresarial espainiarren aurkako mehatxu ireki moduan ikusi ziren. Kasualitatez, Nazioarteko Lan Erakundeak (NLE) Venezuelaren aurkako erabaki bat hartu zuen, 2003ko salaketa bategatik, hain zuzen, non enpresari eta hauen erakunde ezberdinen eskubideen bortxa leporatu zitzaion.Jazoera eman eta zenbait astera, Chávezek Joan Karlos erregeak XVII. Goi Bilkura Iberoamerikarrean honi eraso izanagatik barkamenik eskatzen ez bazion, monarkaren aurka esku hartzeko asmoa zuela baieztatu zuen.Berrautaketa eta bere eskumenen zabalkuntza ahalbidetzeko erreforma konstituzionalerako erreferendumaren aldeko kanpainaren itxieran, ChávezekEspainiarekin izandako liskarra erabiltzen jarraitu zuen, oraingoan Espainiako alderdi eskuindarra (argi eta garbi Alderdi Popularrari erreferentzia eginez, alderdi honetako buru Aznar izan baitzen 2004. urtera arte) Espainiako gobernura itzuliz gero 2008an, Espainiako bankuak Venezuelan nazionalizatuko lituzkeela adieraziz.

2007ko abenduaren 5ean, Chávezek adierazi zuen gobernu espainiarrak Erregearen mezu pertsonal bat jaso zezan eskatu ziola, hau Filipe Borboikoa printzearen eskutik izango zelarik, Argentinako presidente berriak, Cristina Kirchner, kargua hartuko zuen egunean, abenduaren 10ean, Buenos Airesen, biak bertan izan baitziren. Chávezek mezua jasoko zuela azaldu zuen, Printzeari estimu handia dion gizona zela argudiatuz. Bere hitzetan, Espainiako erregeak zoriondu egin zuen 2007ko abenduaren 2ko erreferendum konstituzionala eta gero, eta hau Espainiako eta Venezuelako gobernuen arteko krisiaren baretzerako irizpide moduan ikusi zuen berak. Hala eta guztiz ere, hortik gutxira, Asturiasko Printzeak ezeztatu egin zuen Chávezi helarazteko Erregearen mezurik zuenik.

Bestelako erreakzioak

Espainian, Alderdi Popularrak Zapateroren portaera kritikatu zuen, honen «aurreikuspenik eza», «axolagabekeria» eta «iniziatibarako gaitasun falta» gertakariaren aurrean, bereziki, era berean Erregea goraipatuz «espainiar guztiak defendatzeagatik». Aldiz, Ezker Batua alderdiak Chávez defendatu zuen eta honek Aznarren aurka plazaraturiko salaketak berretsi zituen, «moduen aukera eztabaida daitekeela» azpimarratuz, baina zalantzan jar ezin daitekeena Chávezek 2002. urtean presidentea bere kargutik kentzeko saiakeran Aznarren gobernuak izaniko inplikazioaren eta babesaren inguruan esandakoa dela mantenduz.

Espainiako erregearen eta Venezuelako presidentearen arteko hitzen elkartrukeari buruz galdetzean, Adolfo Pérez Esquivel argentinarrak, Bakearen Nobel Saridunak, ondorengoa adierazi zuen: «hace falta más de un rey para callar a Chávez» («errege bat baino gehiago behar da Chávez isiltzeko»).

Honako hau ere esan zuen: «quizá no fuera oportuno, pero Chávez tenía razón, porque (el ex presidente José María) Aznar, un político democrático y apoyando a los golpistas. Respaldando un golpe de Estado...» («apika ez zen unerik aproposena izan, baina Chávezek arrazoi zuen, Jose María Aznar presidente ohia, politiko demokratikoa izanik, kolpisten babesean aritu bitzen. Estatu-kolpe bat laguntzen...»). «¿Por qué no te callas?» (euskarara itzuliz gero, «Zergatik ez zara isiltzen?» edota «Zergatik ez duzu ahoa ixten?») esaldiaren inguruan galdetu zitzaionean, Espainiako Joan Karlos I.ak Hugo Chávezi esana azken Txileko Goi Bilkura Iberoamerikarrean, Rafael Correa lehendakari ekuadortarrak ondorengoa azaldu zuen: «Me parece una tremenda falta de respeto, por más que haya perdido (la paciencia) de quien estimo mucho, Juan Carlos, y gracias a Dios, Chávez no lo oyó.» («Sekulako errespetu falta deritzot, horrenbesteko estimua diodan Joan Karlosek pazientzia galdu bazuen ere, eta eskerrak Chávezek entzun ez zuenik»). Eragina gizartean

Berehalakoan izan zuen gertakariak eragina gizartean. Esaldia espainiar hizkuntzan argitaratzen diren egunkari ezberdinetako azaletan agertu zen. Zapatero presidenteak berak, Espainiara itzuli bezain pronto, bere alabak ere esaldia gogorarazi ziola aitortu zuen. Joaquín Sabina bezalako mundu musikaleko pertsona ospetsuak ere kutsu umoristikoarekin erabili zuen esaldi xelebrea Joan Manuel Serrati zuzentzerako garaian. Hori gutxi balitz, Argentinan esaldia Telefe kateko telebista-programa baterako erabili zen, Mariano Peluffok zuzendurikoa hauxe.Erregearen esaldia, orokorrean, Quico pertsonaiak El Chavo del 8 telesaio mexikarrean errepikatu ohi zuen beste esaldi entzutetsu batekin konparatua ere izan da, «cállate, cállate que me desesperas» («isil hadi, isil hadi, neure onetik aterako nauk eta»).Horrez gain, azpimarratzekoa da «Baila el Chiki-chiki» («Dantzatu Chiki-chikia») kantua, 2008. urteko Eurovision Abesti Txapelketarako Espainiako ordezkari hautatua izan zena eta Rodolfo Chikilicuatre umoristak konposaturikoa, zeinaren letran Joan Karlos I.ak aurrez aipaturiko gertakarian esandako hitzak ageri diren, gertakariari erreferentzia eginez. Uztailaren 1ean, Alan García Peruko presidenteak jarraian datozen hitzak erabili zituen bere kide boliviar Evo Moralesi erantzuteko: «Habría que decir como (el rey) Juan Carlos de España ¡por qué no te callas!, métete en tu país y no te metas en el mío, ya estás jalando demasiado la pita (cuerda)» («Espainiako errege Joan Karlosek bezala esan behar genuke, sar zaitez zure herrialdean eta ez nirean, dagoeneko nahikoa tira egin diozu sokari»).

Erabateko fenomenoa Interneten

Gizarteari dagokionez, fenomenoa edo polemika Interneten agertu zen nagusiki. Gertakaria eta gero, YouTube bideo-atarian berehalakoan esaldia esana izan zen unea gorde zuten bideo franko igo ziren. Haatik, bakoitzaren edizioak ere sortu zituzten, txotxongiloen moldapenak, fotomuntaketak edota reggaeton modukoak, esaterako. Jendartearen harrera edo onespena zabala izan da YouTubeko bisitek egiaztatzen dutenez. Blog eta Interneteko foro ezberdinek gaia ukitu izan dute; horrez gain, Hi5 eta Facebook bezalako sare sozialetan izaniko presentzia ez da atzera geratzen, «¿Por qué no te callas?» (euskarara itzuliz gero, «Zergatik ez zara isiltzen?» edota «Zergatik ez duzu ahoa ixten?») esaldia darabilten talde ugari sortu baitira.

Orobat, http://www.porquenotecallas.com domeinua erregistratu zen, enkantean 10.000 dolarreko prezioa gainditu zuen kantitatearen truke atera zena. Ebay guneak enkantea bertan behera uzteko egoeran ikusi zuen bere burua, kultura espainiarraren ikono erakusgarrienetako batekiko jabetza intelektualaren eskubidearekiko bortxaketa izan baitzen ekintza, Toro de Osborne irudiaren aurkakoa, hain zuzen. Gerora, domeinuaren jabeak bigarren enkante bat antolatu zuen, bertan 852,00 eurotara heldu zen salmenta eginez.

Egun berean erregistratu ziren geratzen ziren izendapen guztien domeinuak. Hurrengo astean SMS hizkuntza zerabilten domeinuak sortzeari ekin zitzaion, http://www.xknotecallas.com, esaterako, honez gain aldaketaren bat zuten http://www.porquenoteries.com, http://www.porqueteries.com... ere sortuz. Baita http://www.porquenosecallavos.com edota http://www.cierraelhocico.com ere.

Gehienak Premium modukoak izanik, egun hartako gertakarian funtsatutako domeinu nagusien edo ezagunenen zirkulazioaren inguruko Competen analisian sekulako zifrak ikusi ziren boom internautaren hilabete hartan, http://www.porquenotecallas.com domeinuak soilik hilabete batean 10.000 bisitari bakar izan baitzituen. Izen bereko domeinu espainiarrak ere sekulako arrakasta izan zuen, http://www.porquenotecallas.es, 2.000 bisitari bakar lortu baitzituen, nahiz bi guneen bisitak 300era jaitsi 2008ko urtarrilean. Dezelerazio honek agerian jartzen du domeinu hauek izandako espekulazio zurrunbilotsua. 2008ko urtarrilean arestian aipaturiko domeinu bakarrak ere ez zuen inongo orrialde, foro edo atari berririk sortu, ezta jazoeraren Interneteko berriemaile nagusi edo gune sozial bilakatzeko eskaririk egin ere.

Normalizazioa

2008ko uztailean Chávezek Espainiara eginiko bidaia ofizialean, monarka espainiarraren eta agintariaren arteko elkarketa eman zen berriro Mariventeko Gazteluan, Erregearen familiak Palma Mallorcakoan daukan udako egoitzan, hain zuzen ere. Topaketan bien ala biek izaniko jarrera adeitasun osozkoa izan zen, agur berorik ahaztu gabe, aurreko topaketako gertakaria nabarmendu zuen esaldiaren inguruan elkarri adar joka ere ibili zirelarik Joan Karlos I.ak presidente venezuelarrari «¿Por qué no te callas?» (euskarara itzuliz gero, «Zergatik ez zara isiltzen?» edota «Zergatik ez duzu ahoa ixten?») esaldia inskribaturik zeukan kamiseta bat oparitu zionean. Horrela, bi herrialdeen arteko harremanen normalizaziorako bidea hartu zen, eztabaida entzutetsuaren gorabeherak amaitutzat emanez.