Les Paul

Lester William Polsfuss (Waukesha (Wisconsin), 1915eko ekainaren 9a - New York, 2009ko abuztuaren 13a), Les Paul izenez ezagunagoa, jazz gitarrista estatubatuarra izan zen.

Musita tresna elektroniko eta grabatzeko teknika berrien garapenean pertsona garrantzitsuenetako bat izan zen. Aitzindari izan zen gorputz trinkoko gitarren bilakaeran Gibson Les Paul izeneko diseinuekin, zeinak bere izena hartu zuten, eta grabazio multipistan. "Waukeshako magoa" ezizena ipini zioten gitarra jotzeko zuen trebezia eta berrikuntza teknikoetan egindako ekarpenak medio.

Biografia

George eta Evelyn Polsfussen semea Estatu Batuetan jaio zen. Bere goitizena eskuratu aurretik amak dagoeneko Polfus izenera laburtu zuen bere jaiotze izena. "Red Hot Red" izenez ere ezaguna izan zen. 8 urte zituela aho-soinua jotzen hasi zen eta orduan sortu zitzaion musikarekiko interesa. Banjoarekin saiatu ondoren gitarra jotzen hasi zen. 13 urte zituela Country musika ia-ia profesionalki jotzen zuen. 17 soilik zituela Rube Tronson's Cowboys taldearkin jo zuen. Hortik gutxira bigarren hezkuntzako ikasketak utzi zituen Wolverton's Radio Band taldean sartzeko.

1930eko hamarkadan, Chicagoko irrati batean aritu zen lanean, jazz musika jotzen. Les Paulek lehen diskoak 1936an gauzatu zituen. Bat Rhubarb Redera akreditatua izan zen eta bestea George Whiteren blues abestietan laguntzaile izan zen.

1948ko urtarrilean auto istripu bat izan zuen, 50 metro egin zuen hegan eta ondorioz eskuineko besoan eta ukondoan lesioa jasan zuen. Medikuek ukondoaren ohiko mugimendua berreskuratzea ezinezkoa izango zela esan zioten, eta besoa ebakuntzaren ondoren medikuek utzitako posizioan geratuko zela betirako. Beraz zirujauei besoa gitarra eustea eta jotzea ahalbidetuko zion angelu batean ezartzea eskatu zien. Urte eta erdi behar izan zuen bere onera etortzeko.

2009ko abuztuaren 13an hil zen New Yorkeko "White Plains Hospital" ospitalean pneumoniaren ondorioz.

Gitarra elektrikorako berrikuntzak: The Log

Les Paul 1930eko hamarkadaren erdialdera saltzen ziren gitarra elektrikoekin ez zegoen batere gustora eta bere kasa egindako diseinu batzuekin frogak egitea erabaki zuen. Ospetsua da The Log izeneko bere asmakizuna. 4 bider 4ko pinu egurrez egindako bloke sendo bat zen zubi bat, bi pastila (pickup) eta Gibson masta batez osatua. Bere itxura edertzeko Epiphone gitarra baten gorputza itsatsi zion, hau luzetara ebakia zegoen eta erdian "Log"-a zuen txertatua. Honek bere bi arazo nagusiak konpondu zituen: akoplatzea edo feedbacka, izan ere gorputz akustikoak ez zuen zaratarik ateratzen soinua anplifikatzen zenean; eta iraupena (sustain), zeren soken indarra ez zen gitarraren gorputzean zehar soinua sortuz galtzen.

Les Paul hirukotea

1938an, Les Paul New Yorkera joan zen bizitzera, eta han Jim Atkins (Chet Atkins gitarra jalearen anaia-orde zaharra) eta Ernie Newton baxu-jotzaile eta perkusionistarekin hirukotea sortu zuen. Talde honek Fred Waring's Pennsylvanians irrati showean oihartzuna lortu zuen.

1943an Hollywoodera aldatu zuen egoitza hirukote berri bat sortuz. 1944ko uztailaren 2an, Los Angeleseko Jazz at the Philharmonic kontzertuaren inaugurazioan Nat King Cole eta beste hainbat artistarekin jo zuen Oscar Moore ordezkatuz. Urte berean, Les Paulen hirukotea Bing Crosbyren programan agertu zen. Crosbyk bere grabaketa esperimentalk babestu zituen. Hainbat aldiz grabatu zuten batera, 1945ean lehen postua lortu zuen "hit"-a barne:"It's Been A Long, Long Time".

Crosby eta beste zenbait artista, The Andrews Sisters horien artean, euskarri izan arren, hirukoteak beraien diskoak argitaratzen jarraitu zuen Deccarekin 1940ko hamarkadaren azkeneko urteak arte.

Les Paul eta Gibson Les Paul-a

1941ean Les Paulek gorputz trinkoko lehenengotariko gitarra diseinatu eta egin zuen. Gibson Guitar Corporationek 1950ean Les Paulen zenbait ideia baliatuz gitarra berri bat diseinatu zuen eta berari aurkeztu. Txundituta geratu zen gitarrarekin, enpresarekin kontratu bat sinatzera heldu zen eta kontzertuetan Gibson markako gitarrak soilik erabiltzea eta beste edozeinekin argazkirik ere ez ateratzea onartu zuen. Hitzarmen honek 1961era arte iraun zuen, Gibsonek abisurik gabe diseinua aldatu zuen arte eta Les Pauli ez zitzaion batere gustatu. Kontratuak gitarrarekin posatu behar zuela zioen arren, "bere" instrumentua ez zela eta izena kendu ziezaiotela eskatu zuen. Gibsonek orduan "SG" izena jarri zion eta enpresako "best-seller"-en arrean kokatu zen.

Esan izan da Les Paulek kontratua dibortziatzen ari zelako hautsi zuela, emaztea diruarekin geratu ez zedin. Aurrerago Les Paulek berriro ere harremanak estutu zituen Gibsonekin eta bizi osorako iraun zuten. Gaur egun, Gibson Les Paul gitarra mundu osoan erabiltzen dute hasiberri zein profesionalek.

Grabazio multipistaren berrikuntzak

Bigarren Mundu Gerra ostean, Jack Mullinek magnetofono alemana (zinta grabatzailea) eraman zuen Estatu Batuetara zatikatuta, bermuntatu eta Bing Crosbyri aurkeztu zion. Honek bere irratsaioan erabili zuen 1940ko hamarkadako azken urteetan. Ampex elkarteak, Crosbyk babestuta, Ampex Model 200-a sortu zuen, lehendabiziko bobina irekiko magnetofonoa munduan merkaturatzeko ekoiztua. Crosbyk Les Pauli bigarren Model 200-a eman zion eta Les Paulek berehala ikusi zuen efektu berezietarako (oihartzuna eta flanging-a) eta multipista grabaketetara egokitzeko zeukan ahalmena. Makina hau erabiliz, Les Paulek zinta multipistan grabatzeko sistema garatu zuen eta buru grabatzaile gehigarri bat eta zirkuitu bat gehiago erantsi zizkion. Horrek zinta berean sinkronizatu gabeko grabazio anitz egiten utzi zion. Les Paulen asmakizuna berehalakoan garatu zuen Ampexek pista bikoitz eta hirukoitzeko grabatzaileetan. Makina hori grabaziorako estudio profesionalen bizkar hezurra izan zen, baita 1950 eta 1960ko urteetako irrati eta telebista industriena ere.

1950eko hamarkadaren hasieran, Les Paulek grabazio kopuru iraultzailea egin zuen bere emazte Mary Fordekin batera, hau ere gitarra jolea zen. Grabazio hauek apartekoak izan ziren bere overdubbingen pisuagatik, Les Paulek asmatutako multipista grabatzailea izan arte ezinezkoa izan baitzen hori lortzea. Bikotearen abestirik onenen artean How High the Moon, Bye, Bye, Blues, The World is Waiting For The Sunrise eta Vaya Con Dios daude.

1954an Les Paulek teknologia hau garatzen jarraitu zuen eta Ampexi lehenengo 8-track grabatzailea egiteko agindu zion. Makina hau egiten 3 urte pasa zituzten eta Les Paulek dioenez funtzionatzen hasi zenerako bere musika modaz pasatua zegoen eta ezin izan zuen "hit"-ik grabatu makina horrekin. Bere diseinua, ondoren Sel-Sync (Selective Synchronization) izenarekin ezagutuko dena, ondorengo 30 urtetako grabazio multipistetarako punta-puntako teknologia izan baitzen.

Irrati programa

Les Paul 15 minutuko irrati programa baten aurkezle izan zen, The Les Paul Show, NBCn 1950ean, han aurkeztu zituen bere hirukotea (bera, Ford eta Eddie Stapleton gitarrajole erritmikoa) eta bere grabazio elektronikoak. Etxetik egin zuen eta musika hautaketa tarte bakoitzean Les Paul eta Forden arteko umore saio atseginak eman zituzten. Saio honetako hautatutako musikak arrakasta dagoeneko lortua zuen eta bikoteak ondoren egingo zituen grabazioak aurreratzen zituen. Hor aurkeztu zituzten jazz eta pop pieza zoragarrien berrinterpretazioak, hala nola, "In the Mood," "Little Rock Getaway," "Brazil," eta "Tiger Rag". Show honetako grabazio asko oraindik ere bizi dira irrati entzule bildumazaleen artean.

Irrati show hauetan aurkeztu zuen bere "Les Paulverizer" mitikoa. Asmakizun hau komediaren erdigunera iritsi zen, Fordek bere burua biderkatzen entzungo genuelarik. Gaur egun arte inork ez du jakin "Les Paulverizer" batek nola funtzionatzen duen.

1960 aldera, Les Paulek erretiro partziala hartu zuen eta estudiora noizbehinka itzuli zen. Mary Ford eta bera adiskidetsu dibortziatu ziren 1964ko abenduan, Maryk ezin baitzuen jarduera honek eskatzen zuen bizimodu ibiltaria jasan. Les Paulen grabaketa garrantzitsuenak 1970 ingurukoak dira: London Recordsentzako egindako album bat, Les Paul Now izenekoa (1967), non bere arrakasta berrienak eguneratu zituen.

1978an, Les Paul eta Mari Ford Grammy Sarien Aretoan aurkeztuak izan ziren. Paulek Grammy Trustees Awarda irabazi zuen 1983an argitaratutako lan arrakastatsuengatik. 1988an, Rock and Roll Hall of Fame-ra gonbidatu zuen Jeff Beckek. 2005eko maiatzean National Inventors Hall of Famean sartu zen berak asmatutako gorputz trinkoko gitarraren garapenari esker eta 2006ean National Broadcasters Hall of Famean. 1980an bere asteroko eginkizunetara itzuli zen New Yorken.

2006an, 90 urte zituela, bi Grammy irabazi zituen jaialdi horren 48. urteurrenean Les Paul & Friends: American Made World Played lanagatik. Horrez gain, John Colianni pianojolearekin batera Iridum Jazz Clubean jotzen zuen, Broadwayen, New Yorken.

Diskografia

Arruntak:

  • Lover (When You're Near Me)

  • Bye Bye, Blues

  • How High the Moon

  • Vaya con Dios

  • I'm Sitting on Top of the World

Albumak:

  • The Les Paul Trio

  • Swingin' South

  • Lover's Luau

  • Warm and Wonderful

  • The World is Still Waiting for the Sunrise

  • New Sound

  • Hits of Les and Mary

  • Les Paul Now!

  • Chester & Lester - álbum con Chet Atkins

  • Les Paul: The Legend and the Legacy

  • Les Paul & Friends: American Made World Played

Ikus gainera