Alfred Hitchcock
Sir Alfred Joseph Hitchcock (Londres, 1899ko abuztuaren 13a - Hollywood, 1980ko apirilaren 29a) film zuzendari eta ekoizle ingelesa izan zen eta suspense eta thriller estiloan kokatu ohi da. Erresuma Batuan hasi bazen ere, 1938tik aurrera, Ameriketako Estatu Batuetan aritu zen, eta, 1956an, bertako hiritartasuna erdietsi zuen. 60ko hamarkadan, 50 film baino gehiago zuzendu zituen.Haren filmak beldurrean eta fantasian oinarritzen dira. Normalean, protagonistek kontrolez kanpoko egoera ulertezinetan harrapaturik aurkitzen dute euren burua. Beste hizpide nagusi bat gizon eta emakumen arteko harremana da eta sexuen arteko ohiko erlazio erromantikoak ikuspegi zinikotik ikusten dira Hitchcoken filmetan.
Ikusleengan ospe erraldoia bazuen ere, garaiko kritikoek ez zuten Hitchcock maila altuenetako zuzendarien artean kokatzen. Rebecca izan zen Oscar irabazi zuen bere film bakarra, beste lau aldiz izendapena jaso bazuen ere. Frantziako Nouvelle Blague mugimenduko kritikatzaileek, Éric Rohmer, Claude Chabrol, eta François Truffaut besteak beste, Hitchocken meritu artistikoa azpimarratu zuten lehen aldiz. Haien ustez, zuzendariak bere nortasuna erakutsi behar du filmetan, eta Hitchcock eredu bikaina zen. Gaur egun, maixuen maixu da Alfred Hitchcock, artea eta entretenimendua trebezia handiz nahasten zituelako eta ondorengo zuzendari, ekoizle zein aktoreengan eragin iraunkorra utzi zuelako.
Biografia
Lehen urteak
Alfred Hitchcock Londresen jaio zen 1899an, erdi mailako familia batean. Aita William zuen (1862 - 1914) eta ama, berriz, Emma (1863 - 1942). Dendariak ziren eta beste bi senide izan zituen bera baino zaharragoak, William eta Eileen. Heziketa zorrotz batek eta gizentasun itxurak, Alfred ume uzkur eta inozo samar batean bilakatu zuen, bizitza osorako bereizgarriak bere nortasunean.
Saint Ignatius Collegera bidali zuten Alfred, baina, haurrak 14 urte zituenean, aita hil egin zitzaion eta, 1915ean, eskola utzi beharrean izan zen Hanley enpresa telegrafikoan lanean hasteko. Charles Dickens eta Edgar Allan Poeren miresle sutsua, Hitchcock zinemazalea zen gainera.
Zinemaren mundua
1920an, Famous Players Lasky delakoan, zine mutuaren errotuluak egiten ari zen. Noizbehinkako lana bazen ere, pixkanaka, Hitchcock gaztea zineman zaletzen joan zen eta montadore, zuzendari artistiko edo gidoilari lanetan parte hartzen hasi zen, Donald Crisp edo Hugh Ford bezalako zuzendariekin. Hementxe ezagutu zuen Alma Reville eta berarekin ezkondu zen 1926an. Alma zuzendari laguntzailea eta gidoilaria izan zen bere senarraren hainbat filmetan.
1928ko uztailaren 7an, alaba bai izan zuten, Patricia, Strangers on a train filmean parte hartuko zuena.
Hitchcock 3 urtez aritu zen Graham Cutts zuzendari laguntzaile lanetan. 1923an, Number 13 laburmetraia enkargatu zioten, baina ekoizpena geldiarazi zuten eta filma bukatu gabe geratu zen.
Berehala etorri zitzaion luzemetraia egiteko aukera eta, 1925ean, Alaitasunaren lorategia egingo zuen Munichen.
Beranduxeago, 1929an, Londreseko errealizadoreak Ingalaterrako lehen film soinuduna zuzendu zuen: Londreseko neskatila. Filmatzen ari zenean, Elisabet, Yorkeko Dukesa zenaren bisita izan zuen.
Lan gutxi batzuekin, Hitchcock britainiarren ikono bihurtu zen. Murder! (Erailketa!) (1930), The Man Who Knew Too Much (Gehiegi zekien gizona) (1934) edo The 39 Steps (39 harmaila) (1935) zine britainiarraren eredu bilakatu zuten.
Aktoreei bromak egiteko zalea omen zen, eta hauek ez ziren beti gustura hartzen.
Hollywood
1937ko abuztuaren 22an, bere familiarekin joan zen New Yorkera, David Oliver Selznickekin elkarrizketatzeko asmoz. Selznick Haizeak eraman zuenaren ekoizlea zen eta 1938ko uztailaren 14an kontratua egin zion Alfredi. Baldintza onak zirela-eta, Hitchcock eta bere sendia AEBetara joan ziren 1939an.
Selznick agindu zion lehen lana, Daphne du Maurierren eleberria zen Rebeca (1940) izan zen. Melodrama gotiko honek emazte gazte eta ilusionatu baten beldurrak aztertzen ditu. Britainia Handira etorri berria da eta senarra hotz ikusten du, etxezaina erabateko dominantea da eta, Rebeca, bere senarraren lehen emaztea, hilda badago ere, beti dago presente etxe hartan. 11 izendapen izan zituen Oscar sarietarako, baina John Fordek eramango zuen saria (Gorrotoaren mahatsak).
Sari gutxi lortuko zuen Hitchcockek eta, gainera, Selznickekin arazoak hasi ziren, britainiarrak ezin baituen ekoizlearen hainbeste murrizketa aguantatu.
Hitchcocken bigarren film amerikarra ere Europan oinarritzen zen. Aurrekoa bezala, Foreign Correspondent film hoberena izateko izendatu zuten. II. Mundu Gerraren lehen urtean filmatua izan zen eta Europa jasaten ari zen aldaketa azkarrak nahi zituen deskribatu. Hollywooden elaboratutako dekoratuak nahastu zituen egiazko Europarekin. Ez zen Alemania edo alemanen arrastorik ageri, Hollywoodek eskatzen zuen bezala.
Hurrengo 3 hamarkadetan, Hollywooden zuzendu zituen filmak, urtero bat eta berak hitzik gabeko kameoren bat egiten zuen denetan.
Susmoa (1941) egin zuen gero, bere laguna zen Cary Grantekin. James Stewart ere oso gustuko aktorea izan zuen.
Arazo pertsonalak
1942ko irailaren 26an, ama hil zitzaion Londresen, 79 urte zituenean.
Hurrengo urtean, anaia hil zitzaion, William.
Lodiera morbidoa zuen eta 135 kilo pisatzen zituen. Kezkaturik zegoen horrekin eta 40 kilo galtzera iritsi zen hilabete gutxitan.
Ingrid Bergmanetik Grace Kellyra
1944an, bere produkzio-etxe propioa sortu zuen Sidney Bersteinekin batera: Transatlantic Pictures. Urte horretan bertan hasi zen Ingrid Bergmanekin lanean, Hitchcock hainbeste liluratuko zuen lehenengo ilehoria.
Ingrid Bergman eta Gregory Peckekin, Gogoratu egin zuen. Psikoanalisiaz ari zen eta Dalik diseinatu zizkion ametsaren dekoratuak.
1948tik aurrera, bere filmetako ekoizle bihurtu zen eta, 1950eko hamarkadatik aurrera, ospetsu mundu osoan, Hollywoodeko aktore onenak bere aginduetara egotea erdietsi zuen. Beranduago, argudioak aldatzea erabaki zuen, suspentse gehiago erabiliz; hala ere, pare bat salbuespen egon ziren, tematika antikomunista erabiliz, arrakasta handirik ez bazuten lortu ere. Hitchcocken film guztiek beste lanekiko bereizgarriren bat dute, beste hainbat zuzendarirengan, Truffaut edo Godard, adibidez, eragina izango duena.
1948an, Bergmanek Hitchcock utzi eta Roberto Rossellinirentzat hasi zen lanean. Kolpe latza izan zen Hitchcockentzat, baina berehala aurkitu zuen musa berri bat, Grace Kelly. Bera agertuko da ondorengo film askotan: Rear Window James Stewartekin (1954), Dial M for Murder Ray Millandekin (1954), eta To catch a thief Cary Grantekin (1955).
Hitchcockentzat, bere film kuttuna The wrong man (1957) zen, Henry Fonda eta Vera Milesekin.
Telebistako proiektu berri bat sortu zitzaion, Alfred Hitchcock Presents, eta serie honetan berak kontatzen zituen pelikulekin bat zetozen istorio labur batzuk. Kolpe berri bat etorri zitzaion, ordea, bere musa Monakoko Rainiero III.a printzearekin ezkondu zenean.
Hitchcock, suspentsearen maisu
1958an, sari ezberdinak jaso zituen:
Urrezko Globoa Telebistako serie hobenenari.
Zilarrezko Maskorra, Donostiako Zinemaldian. James Stewart eta Kim Novak izan ziren Vertigo filmaren protagonistak.
Tamealez, urte hartan, minbizia diagnostikatu zioten emazteari eta Alfred lurjota utzi zuen horrek.
1959an, North by Northwest egin zuen Cary Grant eta Eva Marie Saintekin. Bere film onena kontsideratua dago.
1980an, Psycho egin zuen, Anthony Perkins eta Janet Leighekin. Film erdian, ospe itzela hartuko zuen Janet Leighren erailketa agertzen da.
1963an, The birds zuzendu zuen Tippi Hedren eta Rod Taylorrekin. Musa ilehori berria zuen eta erabat zaindu zuen hura. 1964an, berarekin eta Sean Conneryrekin egingo zuen Marnie.
1966 eta 1969 artean, kritika ugari izan zen bere aurka. Paul Newman eta Julie Andrewsekin egin zuen Torn Curtain luzemetraiak eta Frederick Stafford eta Claude Jadekin eginiko Topaz filmak ez zuten apenas arrakastarik izan. Estilo aldaketa baten beharra zegoela zirudien eta 1972an Jon Finchekin eginiko Frenesi filmak saiakera bat erakusten du, zine teknika berriak, biluzteak eta gaur egun erabiltzen den beste sekuntzia mota asko. Baina proiektua iraultzailea bazen ere, arrisku handia zekarren era berean eta Hitchcock zuzendariaren betirako gainbehera suposa zezakeen. Universal Pictures estudioek ezetza eman zioten.
1968an, Ohorezko Oskarra eman zioten, Irving Thalbergen Omenezko Saria bere bizitza osoko lanari. Ez zuen sekula Oscarra lortu lehiaketan, baina bere kontsideratu dugu suspentsearen maixu.
1972an, Luis Buñueli miresmena aitortu zion, hoberena eta apalena zara gu denon artean esanez.
New Yorken omenaldia egin zioten eta Grace Kelly, musa ilehoria eta orain printzesa, bertan izan zen.
4 urte beranduago, J. Russel Taylorrek Alfred Hitchcockek autorizatutako lehen biografia.
1976an, Karen Black eta Bruce Dernekin La trama egin zuen.
1979an, American Film Institute delakoak bizitza osoko lana saritu zion. Urte berean, Elisabet II.a Erresuma Batukoak Sir titulua ezarri zion.
1980ko apirilaren 29an hil zen Los Angeleseko etxean, 80 urte zituenean.
Gaur egun, zuzendari gehienek onartzen dute Alfred Hitchcockek zineman izan duen eragina.
Filmografia
Zinean
Zuzendari bezala:
1922 - Number 13 bukatu gabe eta, gaur egun, galdua.
1925 - The Pleasure Garden
1926 - The Mountain Eagle
1927 - The Lodger
1927 - The Ring
1927 - Downhill
1927 - Easy Virtue
1928 - Champagne
1928 - The Farmer's Wife
1929 - The Manxman
1929 - Blackmail
1930 - Elstree Calling
1930 - Juno and the Paycock
1930 - Murder!
1931 - The Skin Game
1932 - Number Seventeen
1932 - Rich and Strange
1933 - Waltzes from Vienna
1934 - The Man Who Knew Too Much
1935 - The 39 Steps
1936 - Sabotage
1936 - Secret Agent
1938 - The Lady Vanishes
1938 - Young and Innocent (Inocencia y juventud)
1939 - Jamaica Inn
1940 - Rebecca
1940 - Foreign Correspondent
1941 - Mr. and Mrs. Smith
1941 - Suspicion
1942 - Saboteur
1943 - Shadow of a Doubt
1944 - Bon Voyage
1944 - Aventure malgache
1944 - Lifeboat
1945 - Spellbound
1946 - Notorious
1947 - The Paradine Case
1948 - Rope
1949 - Under Capricorn
1950 - Stage Fright
1951 - Strangers on a train
1953 - I Confess
1954 - Dial M for a Murder
1954 - Rear Window
1955 - To Catch a Thief
1955 - The Trouble with Harry
1956 - The Man Who Knew Too Much
1956 - The Wrong Man
1958 - Vertigo
1959 - North by Northwest
1960 - Psicosis
1963 - The Birds
1964 - Marnie
1966 - Torn Curtain
1969 - Topaz
1972 - Frenzy
1976 - Family Plot
Gidoilari bezala:
1922 - Always Tell Your Wife
1923 - De mujer a mujer
1923 - The White Shadow
1924 - The Passionate Adventure
1925 - The Prude's fall
1925 - The Blackguard
1928 - Champagne
Telebistan
Ekoizle bezala
1956-1958 - Alfred Hitchcock Presents
1957-1958 - Suspicion
1962 - Alcoa Premiere
1964 - The Alfred Hitchcock Hour
Zuzendari bezala
Alfred Hitchcock Presents
Revenge (1955)
Breakdown (1955)
The Case of Mr. Pelham (1955)
Back for Christmas (1956)
Wet Saturday (1956)
Mr. Blanchard's Secret (1956)
One More Mile to Go (1957)
The Perfect Crime (1957)
Lamb to the Slaughter (1958)
Dip in the Pool (1958)
Poison (1958)
Banquo's Chair (1959)
Arthur (1959)
The Crystal Trench (1959)
Mrs. Bixby and the Colonel's Coat (1960)
The Horse Player (1961)
Bang! You're Dead (1961)
The Alfred Hitchcock Hour
I Saw the Whole Thing (1962)
Suspicion
Four O'Clock (1957)
Startime
Incident at a Corner (1960)