La Pinta

La Pinta itsasontzia Kristobal Kolonek 1492an Mundu Berrirako lehendabiziko bidaian erabilitako bi karabeletako bat izan zen. Beste karabela La Niña zen. Santa Maria, hirugarrena, itsasontzi bat zen eta ez karabela. La Pinta zen hiruretan azkarrena, askotan beste biei itxaron beharrean izaten zelarik.

Historia

"La Pinta" lehen bidaia burutu baino urte batzuk lehenago eraiki zen Paloseko ontziolan. Itsasoan ibiltzeko erakutsi zituen dohainengatik aukeratu zuen Martin Alonso Pinzonek, gainera, berak lehendik alokatu eta ezagutzen zuen ontzia. Txaluparen kostuaz Paloseko udaletxea arduratu zen.

Haren izenak zer pentsatua eman zien historialari batzuei, izan ere, hasiera batean barkua Pinto familiarena zela pentsatu bazen ere, itsasgizon Ameriketara joan ziren Gómez Rascón eta Cristóbal Quintero armadoreei errentan hartua izan zen, beraz, seguruenik ontziaren benetako izena "La Pintá" izango zen. Lauki formako oihalak zituen karabela nordikoa zen, belak oso sinpleak zituena. Trinket eta masta nagusiak tamaina handiko lauki formako haize-oihal bati lotuak zeuden,

eta popako mesanak latindar bela bat zeraman.La Pinta, La Niña eta Santa Maria ontzi kolondarren artean haize-oihal handienak zituena zen eta Ameriketako bidaia historiko hartan maiz beste bien zain egon behar izaten zuen, neurri handi batean, Martín Alonso Pinzón kapitainaren gaitasunagatik. Urriaren 8an, itsasontzien artean lur berria nork lehenengo aurkituko zuten norgehiagokaren ondorioz, 15 itsas milia orduko abiadura lortu zuen La Pintak (garai hartako milia bat egungo 0.8 itsas milien parekidea da, beraz, ontziaren abiadura 12 itsas milia orduko izango zen), gaur egun lurrunezko merkataritza-ontzi normal batek lortzen duen abiadura baino handiagoa.Amerika aurkitu izanaren 5. mendeurrena ospatzeko ontziaren erreplika bat eraiki zen Isla Cristinan, eta La Niña eta Santa María ontzien erreplikekin batera jatorrizko bidaiaren ibilbidea berregin zen. Infanta Cristina buru izan zen 1989ko abuztuaren 8ko ospakizunean uretaratu ziren Isla Cristinako portuan.