Angus Young

Angus McKinnon Young (1955eko martxoaren 31a, Glasgow) eskoziar musikari eta gitarrajole bat da. Haurra zelarik bere familiarekin batera Australiara lekualdatu zen. AC/DC australiar heavy rock musika taldeko sortzailea izateaz gain, bere anaia Malcolm Youngekin batera gaur egunera arte bertan mantendu diren kide bakarrak izan dira. Taldea sortu zenetik, ospe handia irabazi du eta aldizkari ugaritan musikajole onenen artean kokatua izan da. Gaur egun oraindik eragin handia du besteengan.

Eszenatokian gauzatu ohi dituen mugimendu gartsu eta basatiei zor die egungo ospearen zati bat. Honez gain, hard rock munduan bere "ahatearen ibilkera" berezia zeharo ospetsua da, horri musika emanaldietan ohitura legez jantzi ohi duen eskolako uniformea gehitu behar zaiolarik. Rolling Stone aldizkariak garai guztietako 100 gitarra-jotzaile onenen zerrendan 96. postuan kokatu zuen, aldiz Total Guitar aldizkariak ehun gitarra-jotzaile onenen artean 20. postuan ezarri zuen.

Biografia

Lehen urteak

William eta Margaret Young bikoteak izandako 8 seme-alabetatik gazteena da Angus. 1963an, Sidney, Australiara joan zen bere familiarekin (gurasoekin, Malcolm eta George anaiekin eta arreba zaharrenarekin, Margaretekin). Alex, anaia zaharra, Londresen geratu zen bitartean. Australian zegoela, musika talde bat eraikitzen hasi zen bere anaia-arrebekin. Gitarraren aurretik, txikitan, banjoa jotzen zuen, baina berehala ordezkatu zuen instrumentu hau. Etxe ondoko denda batean erosi zuen bigarren eskuko lehen gitarra. Honako hau zioen berari buruz:

"Gibson SG bat neukan izerdi eta urarekin hondatu zen arte. Giderra fin-fina eta leuna zen, baina okerturik zegoen. 67ko modelo bat zen eta bigarren eskukoa. Kolore marroi iluna zuen."

Eskozian jaio eta Australiara joan ondoren, George anaiak, The Easybeats taldeko kideak, gitarra jotzen irakatsi zien Angus eta Malcomi. AC/DC taldea sortu aurretik, anaia zaharrenaren taldean jo zuen, Kentuckee taldean (ondoren Tantrum izenez aldatua izan zen), hain zuzen ere.

AC/DC eta arrakasta

1973an, 18 urte zituela, bere anaia zaharrenarekin batera AC/DC taldea sortu zuen. Badirudi, izenaren ideia beraien arrebaren josteko makinan agertzen zen idatziaren laburduratik atera zutela (alternating current/direct current); euskeraz “korronte alternatiboa, korronte jarraia”. Honek taldearen energia eta potentziala sinbolizatzen zuela uste zuten. Hasieran, Malcolm gitarrajoleak, Phil Rudd bateriak, Mark Evans baxu-joleak eta Angus gitarra-jotzaileak osatu zuten taldea. "Can I Sit Next To You Girl," izan zen hauen lehen "single-a". Aurrerago, hainbat ordezkapen egon ziren; adibidez, Bon Scott bokalista hil egin zen edariarekin zituen arazoengatik, eta Brian Johnson-ek, gaur egun taldean jarraitzen duenak, hartu zuen bere postua.

Denboraldi batean taldean jotzen egon ondoren, Angus estilo pertsonala azpimarratzen hasi zen. Jendea txunditzeko moduko itxuraren bila, hainbat mozorro erabili zituen hasieran, gorila, Spiderman eta Supermanen mozorroak adibidez. Ondoren, eskolako uniformearekin agertzen hasi zen. Badirudi, txikitan eskolatik bota zutela eta zuzendariak etorkizun kaxkarra izango zuela esan ziola. Honez gain, bere arrebak, uniformearekin jazten jarraitzeko aholkatu zion, ume bat bezala jokatzen zuela esanez. Jazteko modu hau, taldearen bereizgarri bihurtu zen. Gainera, kontzertuen amaieran, momentuan zeuden herriko banderadun galtzontziloak erakusteko joera hartu zuen.

Eszenatokian gauzatu ohi dituen mugimendu gartsuek eta gitarra jotzeko duen talentuak, historiako gitarrajole onenen artean kokatzen dute.

Gaur egun

Gaur egun, ezer gutxi dakigu berataz. Bizitza pribatuaz hitz egitea ez du gustoko. Ellen, bere emaztearekin bizi da Kangaroo Pointen, Sydney hegoaldean. Aalten (Herbehereetan), bere emaztearen jaioterrian, etxe bat dauka. Erretzaile sutsua izan arren, edari alkoholdunak albo batera uzten ditu.

Ondarea

Angusek dioenez, berarengan eragin handia izan zuten hainbat pertsonek. Horien artean, aipagarriak dira: Malcolm anaia, Chuck Berry, Freddie King, Muddy Waters... Orain ordea, bera da besteengan eragina duena. Bere estiloak zirrara handia sortzen du hard rock musika joleen artean. Gainera, AC/DC taldean eginiko lan bikaina, gazte eta talde ugariren inspirazio iturri izan da, besteak beste: Guns N' Roses, Slayer, The Cult, Jackyl, Metallica, Def Leppard, Iron Maiden, Disturbed, Jet, Alter Bridge, Buckcherry, Airbourne, The Darkness (banda), Rob Tognoni, Wolfmother eta You Am I. 2006ko abuztuaren 24an, Kerrang! aldizkariko "Legend Award" saria jaso zuen Paul Brannigan editorearen eskutik. Honek, AC/DC taldea historiako talde onenetako bat zela esan zuen.

Paytem Jane abeslari eta modeloak, Angusek idatziriko «Big Jack» gaiari zor dio bere goitizena.

Gibson etxeak, Angusen ospea aprobetxatuz, Gibson Angus Young Signature izeneko modeloa kaleratu zuen.

2012an, Australiako gitarristarik onena izendatu zuen bertako aldizkari batek.

Musika

Mota ezberdinetako gitarrak erabili ditu Angus Youngek, nagusiki, Standard, '61 Reissue, Custom SG eta Signature SG, baina zenbaitetan, baita Telecaster, Gibson Firebird eta Gibson ES-335 ere.

Gitarra guztien artean, bere lagun batek San Frantziskotik ekarritako aldizkari batean ikusirikoa azpimarra dezakegu. Ikusi orduko jakin zuen berarentzat egina zela. Gehien gustatu zitzaiona bere diseinua zen; adar batzuez osaturik egoteaz gain, kolore gorriak indar berezia ematen omen zion. Bere anplifikagailu nagusiena JTM45-a da eta zuzeneko kontzertuetarako nahiz grabaketetarako erabiltzen du.

Estiloa

Argi dago, musikari ospetsu honek, estilo berezia daukala, bai bere janzkeragatik eta baita eszenatokian gauzatu ohi dituen mugimendu gartsu eta basatiengatik ere. Jauzika eta batetik bestera korrika aritzen da kontzertuetan, taldeko kideen bizkar gainera igoaz. "Ahatearen ibilkerak" ere bere estiloa definitzen du nolabait.

Musikari dagokionez, 50eko rock and rolla eta bluesaren eragina aipagarria da. Honez gain, folk eskoziarraren kutsu bat ere badu. Angusek, gitarra jotzeaz gain, koroak ere egiten ditu hainbatetan, "T.N.T." eta "Dirty Deeds Done Dirt Cheap" abestietan adibidez. Beste batzuetan, bakarko saioak egiten ditu.

Jende askok AC/DC taldeko abestiak sinpleegiak direla esaten du. 1979an, Atlanta Gazette-ek eginiko elkarrizketan, honako hau erantzun zuen Youngek:

"Rock and rolla besterik ez da. Gero eta sinpleagoa izan abesti bat, orduan eta hobeto isladatzen du kaleko pertsona arrunten bizitza."

Kanpo loturak

AC/DC taldearen webgunea (Ingelesez)

Iruditegia

        • Angus Young bereak eta bi eginaz, 2001