The Godfather (Aitajauna) Mario Puzoren izen bereko eleberrian oinarritutako 1972ko filma da. New Yorkeko mafiaren buruko Corleone (Corleone abizena Siziliako herrixkatik hartzen du protagonistak, bere jaioterria) familiako 1945 eta 1955 bitarteko gorabeherak kontatzen dira. Kritikagileek zein ikusleek hain harrera ona eman zioten non beste bi filmak egin zuen Francis Ford Coppola zuzendariak. Marlon Brando, Al Pacino, James Caan, Robert Duvall, Diane Keaton, Talia Shire, John Cazale, Richard S. Castellano eta Abe Vigoda dira aktore nagusiak.
Filmaren proiektua gauzatzeko direktore bat baino gehiago zituzten buruan Paramounteko produktoreek, horien artean Elia Kazan eta Arthur Penn amerikarrak, eta Costa-Gavras greko-frantsesa, baino denek ezezkoa eman zuten eta proiektua bertan behera utzi zuten ia. Robert Evansek, garai hartako Paramounteko produktoreak, nahiago zuen filma direktore italo-amerikar batek zuzentzea eta, azkenean, Francis Ford Coppolari eskeini zioten lana. Garai hartan, direktore italoamerikar gazte bat zen, baina sari bat eman berri zion Akademiak, Pattonen, Bigarren Mundu Gerrari buruzko film batean, gidoia idazten lagundu zuelako. Paramountek ez zuen Coppola lan honetarako nahi bere aurreko pelikulek ez zutelako batere arrakastarik izan. Hala ere, kontuan zuten Coppolak experientzia zuela diru kantitate oso baxuekin filmak egiten eta direktore arrakastatsu bat ez zenez oraindik, nahiko merke aterako zitzaien bera kontratatzea. Evansek dioenez, Coppolak ere hasiera batean ez zuen pelikula zuzendu nahi, film honekin mafia eta biolentzia goraipatzen zituela pentsatzen baitzuen. Coppola gazteak proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen azkenean, dirua lortzeko intentzioarekin gerora begira bere produktora pertsonalarekin (Zoetrope) zituen proiektuak gauzatu ahal izateko.Baina arazo gehiago izan zituzten, izan ere, orain pelikularen zuzendaria zenak Marlon Brando aktorea aukeratu zuen protagonistarena egiteko. Coppola eta Puzo ados zeuden, baina Paramountekoak ez zuten onartzen aktoreak filmean parte har zezan, bere portaera erabat desegokia izan zelako aurreko filmetan. Portaera horren ondorioz Marloren izena askotan agertzen zen egunkarietan eta hori ez zitzaien gustatzen. Baina Coppolak ez zuen amore eman eta pelikularen zuzendaritza utziko zuela mehatxatu zuen Marlon Brandok filmean parte hartzen ez bazuen. Orduan, Paramounteko produktoreak onartu zuten, baina hiru kondiziorekin: Lehenengoa, aktoreak ez zuen aurretik adostutako soldata bat irabaziko, filmaren irabazien araberako diru kopuru bat baizik. Bigarrena, filma egiteko adostutako diru kopurutik pasaez gero euren soldatatik kenduko zen dirua. Hirugarrena, Marlon Brandok produktoreen aurrean antzezte froga bat pasa beharko zuen (azken hau Marlok ez zuen inoiz onartzen). Baina oraingoan onartu zuen eta produktoreei asko gustatu zitzaien bere antzezlana.
Marlon Brando - Don Vito Corleone: Brando ez zen Paramounteko produktoreen gustokoa. Gainera, berari baino lehenago Laurence Olivierri eskeini zioten lana. Marlonen portaera oso desegokia baitzen eta bere azkeneko filmek ez zuten batere arrakastarik izan. Baina Puzok eta Coppolak aktoreak pelikulan parte hartzea nahi zutenez, Paramountek onartu zuen baina kontratu berezi bat sinaraztea egin zion, besteak beste aktore froga bat egitea behartzen ziona. Brandok froga egin zuen, masailezurrak kotoilez beteta bere itxura eta ahotsa aldatzearren, eta produktoreak erabat harrituta eta gustura geratu ziren. Don Vito Corleone mafia familiko burua da, New Yorkeko kriminal talderik indartsuena 1940ko hamarkadan. Gaztetan etorri zen Ameriketara Italiatik ihesi eta han mafiako buru bihurtzen da, beti ere bere ohorearen kodigoarekin. Zahartzean familiaren burutza bere seme gazteenari uzten dio eta bera semearen consigliere (aholkulari) bihurtzen da. Don Vito hiltzean Michael Don bihurtzen da.
Al Pacino - Michael Corleone
James Caan - Santino "Sony" Corleone
Richard S. Castellano - Peter Clemenza
Robert Duvall - Tom Hagen
Sterling Hayden - Poliziako buru Mark McCluskey
John Marley - Jack Woltz
Richard Conte - Emilio Barzini
Diane Keaton - Kay Adams
Al Lettieri - Virgil "turkiarra" Sollozo
Abe Vigoda - Salvatore "Sally" Tessio
Talia Shire - Constanzia "Connie" Corleone
Gianni Russo - Carlo Rizzi
John Cazale - Fredo Corleone
Rudy Bond - Carmine Cuneo
Al Martino - Johnny Fontane
Morgana King - Carmella Corleone
Lenny Montana - Luca Brasi
John Martino - Paulie Gatto
Salvatore Corsitto - Amerigo
Bonasera
Richard Bright - Al Neri
Alex Rocco - Moe Greene
Tony Giorgio - Brune Tattaglia
Vito Scotti - Nazorine okina
Tere Livrano - Theresa Hagen
Victor Rendina - Philip Tattaglia
Jeannie Linero - Lucy Mancini
Julie Greg - Sandra Corleone
Simonetta Stefanelli - Apollonia
Ardell Sheridan - Clemenza anderea
Angelo Infanti - Fabrizio
Corrado Gaipa - Don Tommasino
Franco Citti - Calo
Saro Urzi - Vitelli
1945eko udan Conniren (Don Vitoren alaba) eta Carlo Rizziren ezkontza ospatzen da. Don Vito Corleone, Corleone familiaren buru da, New Yorkeko Mafia edo Cosa Nostrako bost familietako baten buru. Siziliar dezente orok egingo lukeen bezala, bere alabaren ezkontzan “lagunek” eskatzen dizkioten faboreak entzutera behartuta dago eta egun osoan jendea pasatzen da bere bulegotik faboreak eskatzera. Horien artean, bat Bonasera da, ehorztetxe baten burua. Honek laguntza eskatzen dio bere alabak jaso duen erasoa mendekatzeko, bere alaba bi mutilek jo baitzuten honek beraiekin ez oheratu nahi izateagatik. Bonaserak dirua eskeintzen dio Don Vitori honek hil ditzan, baino honek ezezkoa ematen die, bere eskaera errespetu falta bat dela eta beraiek ez direla hiltzaile batzuk esanez. Gogorarazten dio lehen lagunak zirela eta bera legez kanpoko gauzekin hasi zenean berarengatik urrundu egin zela, nahiz eta bere emaztea honen alabaren amapuntakoa izan. Azkenean, Bonaserak laguntasuna eskatzen dio Don Vitori eta Padrino deitzen dio. Hau gustura geratzen da eta esaten dio orain berarekin zorretan dagoela, eta again, iritsiko dela egunen bat bere laguntza beharko duena eta orduan lagundu egin beharko diola. Lan hori burutzera ( Bonaseraren alaba jipoitu zuten mutilei eskarmentua ematera) Clemenza bidaltzen du, bere laguntzaile bat.
Segidan, ezkontzara iristen dira Johnny Fontane, abeslari famatua eta Don Vitoren besoetako semea, eta Michael, Don Vitoren semerik gazteena Bigarren Mundu Gerran parte hartzeagatik saritua izan zena, bere neskalagunarekin, Kay Adams. Fontanek bere ikuskizuna ezkontzan eman ondoren bere aita pontekoarengana joaten da laguntza eske. Hollywoodeko film batean protagonista papera lortzen laguntzeko eskatzen dio, izan ere, filmeko produktoreak, Jack Woltzek, ez dio eman nahi paper hori. Orduan, Don Vitok Tom Hagen (familian jasotako semea, abokatua eta familiako congsiliere edo aholkularia) bidaltzen du Californiara Woltzekin hitz egiteko. Hagenek berarekin hitz egiten du baina honek zakarki erantzuten dio eta bere estudioetatik kanpora bidaltzen du. Baina egun bereko arratsaldean, Woltz konturatzen denean Hagenek Corleone familia ordezkatzen duela bere etxera gonbidatzen du. Hizketaldi luze bat izaten dute elkarrekin afaltzen eta Woltzek aitortzen dio Fontane filmerako aktore bikaina dela eta ongi egingo zuela. Baina ez diola emango zineko industriatik kanpora bidali nahi duelako, urte batzuk lehenago Woltzen aktoresa baten karrera izorratu zuelako. Horregatik, berriro haserretu eta Hagen bere etxetik bidaltzen du eta hau segituan joaten da New Yorkera Don Vitori gertatutako kontatzera. Hurrengo goizean, Woltz esnatzean, garrasika eta buiaka hasten da erabat izututa bere zaldi gogokoenaren burua moztuta eta odolez beterik baitago bere ohean. Honen ondoren Johnny Fontanek protagonista papera lortzen du filmerako.
Tom Hagen New Yorkera itzuli ondoren, Corleone familiak elkarrizketa bat izaten du Virgil Sollozorekin, turkiarra ezizenez ezagutua. Sollozo heroina trafikatzaile siziliar bat da Tattaglia familiaren (New Yorkeko Cosa Nostrako beste familietako bat eta Corleonetarren etsaia) babesa dauak New Yorken. Turkiarrak babes politikoa eta drogaren negozioa bultzatzeko eta New Yorkeko hirian zabaltzeko milioi bat dolar eskatzen dizkie Corleonetarrei elkarrizketan. Horren truke familiak irabazien %30a jasoko luke.
Hala ere, nahiz eta Tom eta Santino (Don Vitoren seme zaharrena) negozioaren alde egon, Don Vitok, familiako buruak, ezezkoa ematen dio Sollozori, bere ustetan politikoek ezingo luketelako onartu drogen negozioa prostituzioa edo jokoa onartzen duten moduan.
Orduan, Don Vitok Luca Brasi, bere morroi leiala, bidaltzen du Tattaglia familiarekin elkarrizketa bat izatera. Bere helburua da Corleone familiarekin gustura ez dagoela esanez ahalik eta informazio gehien ateratzea Tattaglia familiaren negozioei buruz, baina horren ordez hil egiten dute Sollozoren laguntzaz.
Beste egun batean, Don Vito bere bulegotik ateratzen da bere semearekin, Fredo (bigarren anairik zaharrena). Fruta pixka bat erosten ari dira, baina bat-batean Tattaglia familiako bi morroi agertzen dira eta Don Vitori bost tiro botatzen dizkiote, Fredok urduri ezer egiteko aukerarik izan gabe. Hala ere, ez da hiltzen eta erasoaren ondoren Don Vito ospitalera eramaten dute oso egoera larrian.
Santinok hartzen du orduan familiaren burutza eta bere lehenengo agindua Paulie Gatto hiltzea izango da. Bera baita Vitoren bizkarzaina eta gaixo zegoela esan zuen atentatuaren egunean bazekielako hil egingo zutela, Tattaglia familiak ordaindu zion. Lan hau arrakasta handiarekin osatzen dute Clemenzak eta Roccok.
Michael, ospitalera joaten da bere aitari bisita egitera. Segituan zerbait arraroa sumatzen du ospitalean ez dagoelako inor eta bere aita babesik gabe dago eta une batetik bestera Tattagliaren gizonak berriro saiatuko dira bera hiltzen. Hori horrela gertatu da New Yorkeko polizia buruak McCluskey kapitainak agindu duelako, hau da, denak ospitaletik joateko. McCluskey ustelkerian dabilen polizia da eta Sollozok ordaintzen dio. Michaelek segituan deitzen dio Sonyri gertatzen ari denaz abisatzeko, bere aita gelaz aldatzen du eta Enzoren (Nazorine okinaren suhia) laguntzaz Tattagliaren morroiengandik babestea lortzen du. Orduan, McCluskey itzultzen da ospitalera haserre eta Michaeli izugarrizko ukabilkada emten dio. Baina justu orduan Hagen azaltzen da Corleonetarren detective pribatu ugarirekin eta egoera konpontzen du.
Michael etxera itzultzean esaten diote, Sonnyren (Santino) aginduz Tattagliatarren seme zaharrena hil dutela. Familien arteko gerra piztu da. Michaelek, Sonny, Tom Hagen, Clemenza eta Tessiorekin (beste corleonetarren morroi bat) batera Sollozoren hilketa antolatzen dute. Michaelek McCluskeyrekin eta Sollozorekin elkarrizketa bat edukitzea lortzen du. Sonnyk bere kontaktuei esker elkarrizketa zein restaurantetan izango den jakitea lortzen du eta Clemenzak restauranteko komunetan rebolberra ezkutatzen du Michaelentzat. Honi, elkarrizketa baino lehenago ea armarik baduen begiratzen diote eta ez diote ezer aurkitzen. Baina behin afarian komunera joatea eskatzen du, rebolberra hartu eta bueltatzerakoan tiro bana sartzen die biei (McCluskey eta Sollozori). Gertaera honen ondoren Michaelek Siziliara egiten du ihes salbatzeko eta New Yorken izugarrizko familien arteko borroka uzten du. Don Vito ospitaletik ekartzen dutenean, oraindik egoera kaxkarrean, esaten diote gertatu dena Sollozorekin eta Michael Sizilian dagoela.
Familien arteko gerra oraindik gori-gorian dago. Sonnyk izugarrizko jipoia ematen dio Carlo Rizziri, bere arreba Conniren gizonari, izan ere, honek oso gaizki tratatzen du bere emaztea. Carlok, mendeku bat antolatzen du eta berriro izugarrizko jipoia ematen dio bere emazteari. Orduan, Conniek negarrez deitzen dio Sonnyri eta, honek, erabat haserretuta Carlorengana joatea erabakitzen du hil egingo duelakoan. Baina tranpan bete betean erortzen da eta peaje batean autoan dijoala hil egiten dute, pentsatzen da Tattagliaren morroiak izan direla, baina Carloren laguntza izan dute.
Sonnyren heriotzaren ondoren, Don Vitok, jada egoera hobean, Amerigo Bonasera ehorztetxeko buruari berarekin zuen zorra betetzeko eskatzen dio. Bonaserak esaten dio edozer egingo duela beregatik, eta honek bere hil berri duten semearen aurpeg desitsuratua konpon dezan eskatzen dio, ez baitu nahi bere amak horrela ikus dezan.
Bien bitartean, Michaelek Sizilian Appolonia izeneko neska bat ezagutzen du. Beretaz maitemindu eta ezkondu egiten dira. Baina denbora gutxian Appolonia hil egiten du Michaelen bizkarzain batek, Fabriziok. Berez, autoan jarritako bonba Michaelentzat zijon baina Appoloniak autoa lehenago hartzen duenez berari egiten dio eztanda. Fabrizio don Barzinik erosi zuen, New Yorkeko Cosa Nostrako bigarren familiarik indartsuenaren buruak, Corleonetarrak erditik kendu nahi zituelako, horrela berea familiarik indartsuena bihurtzeko. Sonnyren heriotzaren ardurarun nagusia ere Barzini izan zen, Tattaglia familiaren eta beste bi familien laguntzaz.
Gertakizun honen ondoren, Don Vitok New Yorkeko familietako buru guztiak (Tattaglia, Barzini, Cuneo eta Stracci) elkarrizketa batean biltzen ditu. Sonnyren heriotza ez duela mendekatuko esaten die, Michael Siziliatik salbu ekartzeko aukera eskatzen die eta bere familiaren babes politikoa zabaltzen die drogen negozioa aurrera joan dadin, beti ere ohorearekin trafikatzen bada. Philip Tattaglia eta Don Vito Corleone besarkatu egiten dira Barziniren aurrean eta horrek bakea bueltatu dela esan nahi du.
Michael Estatu Batuetara bueltatzen da erabat salbu eta bere aitak familiaren burutza ematen dio. Don Vito bere consiglierea (aholkularia) bihurtzen da, eta abisatzen dio bere heriotzaren ondoren bera hiltzen saiatuko dela Barzini, Corleone familiako kide batek antolatutako bilera batean. "Bilerara joateko esaten dizunak egingo dizu traizio" esaten dio. Michaelek aldi berean, Sonnyren heriotza mendekatuko duela esaten dio aitari eta, honek, oraindik pixka bat itxaroteko aholkatzen dio.
Michael Las Vegasera joaten da Moe Greene (Las Vegaseko kasino garrantzitsuenako burua) bere kasinoa erosteko asmotan, baina ez da horrela suertatzen. Moek iraindu egiten du eta Corleone familia erabat akabatua dagoela esaten dio, ez duela beldurrik eta Barziniri deituko diola behar badu bere babesa eskuratzeko.
Bitartean, Vito beste etxe batera aldatzen da bizitzera lasaiago egoteko eta bere ilobak hazten ikusteko. Etxe horretan hil egiten da Michaelen semearekin jolasten ari dela baratzean, kausa naturalengatik.
Don Vito hil ondoren, Corleonetarrak buruzagi garbi bat gabe geratzen dira jendearen ustez eta traizio egiten diote Michaeli. Tessiok Barzinirekin bilera bat egiteko esaten dio Michaeli, bere etxean izango dela esanez, erabt segurua izango dela. Baina Michaelek bere aitaren aholkuari jarraitzen dio eta badaki Tessio dela traidorea. Michaelek Tessiori bilerara joango dela esaten dio.
Bilera baino lehenago, Michaelen ilobaren (bere arreba Connie eta Carlo Rizziren semea) bautizoan, Michaelek New Yorkeko Cosa Nostrako beste familietako lau buruen hilketak agintzen ditu: Clemenzak Victo Stracci eta bere bizkarzainak hiltzen ditu igogailutik ateratzen ari direnean, Willi Cicciok (Corleonetarren beste morroi bat) Ottilio Cuneo hiltzen du hotel bateko irteeran, Rocco Lamponek Philip Tattaglia hiltzen du hau prostituta batekin oheratua zegoelarik eta, azkenik, Al Nerik, Emilio Barzini hiltzen du juzgatuko eskaileretan poliziaz mozorratuta. Gainera, Clemenzak Carlo itoarazten du, Connieren gizona, Sonnyren heriotza mendekatzeko, Tessio ere hil egiten dute Michaeli traizioa egiteagatik eta Moe Greene, Las Vegaseko kasinoko buruari, bala bat sartzen diote begian.
Gertakizun guzti hauen ondoren, Connie garrasika sartzen da Michaelen bulegoan Kay Adams (Michaelen neskalaguna izandakoa eta orain emaztea) aurrean dagoelarik. Conniek, Carlo bere gizonaren heriotza duela egozten dio eta beste familietako buruena ere. Kayek, bere gizonaren negozioetan ezer jakin gabe harrituta galdetzen dio behin baino gehiagotan ea egia den. Honek, gezurra esanez ezetz esaten dio.
Michael Corleone, Estatu Batuetako Cosa Nostrako familiarik indartsuenaren eta boteretsuenaren burua bihurtzen da.
Filmaren banda sonoroa Nino Rotak sortu zuen.
Hona hemen bere musikaren bideo bat: