zuzentaraua

2006/11 EE Zuzentaraua, ingurune urtarrean isuritako substantzia arriskutsuak

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

2006/11/EE ZUZENTARAUA, EUROPAKO PARLAMENTUARENA ETA KONTSEILUARENA

2006ko otsailaren 15ekoa,

Erkidegoaren ingurune urtarrean isuritako substantzia arriskutsu jakin batzuek eragindako kutsadurari buruzkoa

(Bertsio kodifikatua)

(Testu egokia EEEari dagokionez)

(DO UE-L 64, 2006/3/4)

EUROPAKO PARLAMENTUAK ETA EUROPAR BATASUNEKO KONTSEILUAK,

Europar Batasuna eratzen duen Ituna, eta, bereziki, haren 175. artikuluaren 1. paragrafoa aztertu dute,

Batzordearen proposamena, eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen irizpena aztertu dute (1),

Kontsulta egin diote aldez aurretik Eskualdeetako Komiteari,

Itunaren 251. artikuluan ezarritako prozedurari jarraiki (2),

Honako hauek kontuan hartuta:

(1) Kontseiluaren 76/464/EEE Zuzentaraua —1976ko maiatzaren 4koa da, Erkidegoaren ingurune urtarrean isuritako substantzia arriskutsu jakin batzuek sorturiko kutsadurari buruzkoa (3)— hainbat alditan aldatu dute (4), eta funtsean aldatu ere.

Arrazionaltasun eta argitasun handiagoa lortze aldera, Zuzentarau hori kodifikatzea komeni da.

(2) Estatukideek oro har eta aldi berean jardutea beharrezkoa da, Erkidegoaren ingurune urtarra kutsaduratik babesteko, batez ere hainbat substantzia iraunkor, toxiko eta biometagarrik eragindakotik babesteko.

(1) EO C 117 E, 2004.04.30ekoa, 10. or.

(2) Europako Parlamentuaren Irizpena, 2004ko urriaren 26koa (EO C 174 E, 2005.7.14koa, 39. or.), eta Kontseiluaren Erabakia, 2006ko urtarrilaren 30ekoa.

(3) EO L 129, 1976.5.18koa, 23. or. Azken buruan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 60/2003 Erregelamenduak (EO L 327, 2000.12.22koa, 1. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.

(4) Ikus II. eranskinaren A zatia.

(3) Hainbat hitzarmenek nazioarteko ur-lasterrak eta ingurune itsastarra kutsaduratik babestea dute helburutzat.

Hitzarmen horiek modu harmonikoan aplikatu behar direla bermatu behar da.

(4) Ingurune urtarrean substantzia arriskutsu jakin batzuk isurtzeari dagokionez Estatukideetan aplikagarriak diren xedapenen desberdintasunak eskumen-baldintza desberdinak sor ditzakete eta, hortaz, barne-merkatuaren funtzionamenduan zuzeneko eragina izan.

(5) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1600/2002/EE Erabakiak —2002ko uztailaren 22koa da, Ingurumen Arloko Erkidegoko Seigarren Ekintza Plana ezartzen duena (5)— hainbat neurri aurreikusten ditu, ur kontinentalak eta itsas urak kutsatzaile jakin batzuetatik babestera bideratutakoak.

(6) Erkidegoaren ingurune urtarraren babes eraginkorra bermatzeko, lehen zerrenda bat ezarri behar da —I. zerrenda deiturikoa—, bana-banako substantzia jakin batzuk bilduko dituena, batez ere haien toxikotasun, iraunkortasun eta biometaketagatik aukeraturikoak, salbu eta biologikoki ez-kaltegarriak edo substantzia biologikoki ez-kaltegarrietan bizkor eraldatzen direnak, baita bigarren zerrenda bat ere —II. zerrenda deiturikoa—, ingurune urtarren eragin kaltegarria duten substantziak bilduko dituena, baina zona jakin batera mugatu ahalko dena, betiere ur hartzaileen ezaugarrien eta horien kokapenaren arabera.

Substantzia horien isurketa guztiek aldez aurreko baimena finkatu beharko dute, emisio-arauak finkatze aldera.

(7) I. zerrendan bilduriko substantzia arriskutsuek eragindako kutsadura ezabatu behar da. Muga-balioak finkatu dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000/60/ EE Zuzentarauaren —2003ko urriaren 23koa da, uren politikaren eremuan jarduteko Erkidegoko esparru bat ezartzen duena (6).— IX. eranskinean bilduriko Zuzentarauetan.

2000/ 60/EE Zuzentarauaren 16. artikuluak hainbat prozedura ezartzen ditu, eta horien arabera ezartzen dira lehentasuneko substantzien kontrol-neurriak eta kalitate-arauak.

(5) EO C 242 E, 2002.9.10ekoa, 1. or.

(6) EO L 327, 2000.12.22koa, l. or. 2455/2001/EE Erabakiak (EO L 331, 2001.12.15ekoa, 1. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.

(8) II. zerrendan barne harturiko substantziek eragindako uren kutsadura murriztu behar da.

Horretarako, Kontseiluaren Zuzentarauak errespetatzen dituzten uretarako ingurumen-kalitateko arauak barnean hartzen dituzten programa batzuk ezarri behar dituzte Estatukideek.

Substantzia horiei aplika dakizkiekeen emisio-arauak ingurumen-kalitateko arau horien arabera egin behar dira.

(9) Garrantzitsua da Estatukide batek edo hainbatek, bana-banaka edo batera, Zuzentarau honetan aurreikusitakoak baino xedapen zorrotzagoak ezarri ahal izatea.

(10) Garrantzitsua da Erkidegoaren ingurune urtarrean eginiko substantzia bereziki arriskutsu jakin batzuen isurketen inbentarioa egitea, haien jatorria ezagutze aldera.

(11) Beharrezkoa gerta liteke I. eranskinaren I. eta II. zerrendak berrikustea eta, hala badagokio, osatzea, eskuraturiko esperientzia kontuan izanda, II. zerrendako substantziaren bat I. zerrendara aldatuz, hala badagokio.

(12) Zuzentarau honek ez ditu eraginpean hartuko Zuzentarauak Zuzenbide nazionalera aldatzeko epeei buruzko Estatukideen betebeharrak; II. eranskinaren B zatian daude bilduta betebehar horiek.

HONAKO ZUZENTARAU HAU ONARTU DUTE:

1. artikulua

7. artikuluan xedaturikoa aparte utzi gabe, honako hauei aplikatuko zaie Zuzentarau hau:

a) azaleko barne-urei;

b) jurisdikziopeko itsas urei;

c) eta kostaldeko barne-urei.

2. artikulua

Zuzentarau honi begira, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

a) «azaleko barne-urak»:

azaleko ur kontinental geldi edo ibiliak, betiere Estatukide baten edo hainbaten lurraldekoak;

b) «kostaldeko barne-urak»:

jurisdikziopeko itsasoaren zabalera neurtzeko balio duen oinarri-lerroaren aurretik dauden urak, ur-lasterren kasuan ur kontinentalen mugaraino zabaltzen direnak;

c) «ur kontinentalen muga»:

ur-laster batean dagoen gunea, non, betiere itsasbeheran eta ur kontinentalen emaria ahul dagoen aldietan, gazitasun-maila nabarmen hazten den itsasoko ura dela-eta;

d) «isurketa»:

I. eranskinaren I. zerrendan edo II. zerrendan adierazitako substantziak 1. artikuluan aurreikusitako uretan sartzea, honako hauek izan ezik:

i) dragatzeko lohien isurketa,

ii) itsasontzietatik jurisdikziopeko itsasoko uretan eginiko isurketa operatiboak,

iii) itsasontzietatik jurisdikziopeko itsasoko uretan eginiko hondakin-urperaketa,

e) «kutsadura»:

gizakiak ingurune urtarrean eginiko substantzien edo energiaren isurketa, zuzenean edo zeharka, betiere giza osasuna arriskuan jar dezakeen eraginik badu, baliabide biziak eta sistema ekologiko urtarrak kalte baditzake, jostatzeko lekuetan kalteak eragin baditzake edo enbarazuak eragin baditzakete uraren bestelako erabilera legitimoetarako.

3. artikulua

Estatukideek neurri egokiak hartuko dituzte I. eranskinaren I. zerrendan (aurrerantzean «I. zerrendako substantziak» deituko ditugu) adierazitako substantzien kategoria eta taldeetan barne harturiko substantzia arriskutsuek eragindako 1. artikuluan adierazitako uren kutsadura ezabatzeko, eta baita I. eranskinaren II. zerrendan (aurrerantzean «II. zerrendako substantziak» deituko ditugu) adierazitako substantzien kategoria eta taldeetan barne harturiko substantzia arriskutsuek eragindako ur horien kutsadura murrizteko ere, Zuzentarau honi jarraiki.

4. artikulua

I. zerrendako substantziei dagokienez:

a) substantzia horietakoren bat bil dezakeen 1. artikuluan adierazitako uretan eginiko isurketa guztiek aldez aurreko baimena beharko dute, dagokion Estatukidearen agintaritza eskudunak emandakoa;

b) substantzia horiek 1. artikuluan adierazitako isurtzeari dagokionez, eta beharrezkoa denean Zuzentarau honetan aplikatzeari begira isurketa horiek estoldetan egiteari dagokionez, baimenak finkatuko ditu emisio-ereduak;

c) epe mugatu baterako soilik eman ahalko da baimena.

Berritu ahalko da, betiere 2000/60/EE Zuzentarauaren IX. eranskinean bilduriko Zuzentarauek finkaturiko emisioko muga-balioen behin-behineko aldaketak kontuan izanda.

5. artikulua

Laugarren artikulua aplikatzeko emandako baimenek finkaturiko emisio-arauak honako hauek zehaztuko dituzte:

a) isurketan onargarria den substantzia baten gehieneko kontzentrazioa.

Diluzioa izanez gero, 2000/60/EE Zuzentarauan IX. eranskinean bilduriko Zuzentarauek finkaturiko emisioko muga-balioa diluzio-faktorearekin zatituko da;

b) substantzia baten gehieneko kantitatea isurketetan aldi bakar batean edo hainbatetan, beharrezkoa izanez gero kutsatzailearen pisu-unitatean adierazia jarduera kutsatzailearen elementu ezaugarriaren unitateko (esaterako, pisu-unitatea lehengaiko edo produktu-unitateko).

Baimen bakoitzerako, dagokion Estatukidearen agintaritzak finkatu ahal izango ditu, beharrezkoa izanez gero, emisio-arau zorrotz batzuk, 2000/ 60/EE Zuzentarauaren IX. eranskinean bilduriko Zuzentarauek finkaturiko emisioko muga-balioen aplikazioaren ondoriozkoa, bereziki kontuan hartuta dagokion substantziaren toxikotasun, iraunkortasun eta biometaketa isurketa egiten den ingurunean.

Isurketaren egileak aitortzen badu ezinezkoa dela ezarritako emisio-arauak betetzea, edo Estatukidearen agintaritza eskudunak ezintasun hori egiaztatzen badu, aukera hori ukatuko da.

Emisio-arauak errespetatzen direnean, dagokion Estatukidearen agintaritza eskudunak dagozkion neurriak hartuko ditu baimenaren baldintzak bete daitezen, eta, beharrezkoa izanez gero, isurketa debekatzeko.

6. artikulua

II. zerrendako substantziek 1. artikuluan adierazitako uretan eragindako kutsadura murrizteko, zenbait programa ezarriko dituzte Estatukideek, eta horiek gauzatze aldera 2. eta 3. paragrafoetan zehazturiko bitartekoak aplikatuko dituzte bereziki.

II. zerrendako substantziaren bat eduki dezakeen 1. artikuluan adierazitako uretan eginiko edozein isurketak aldez aurreko baimena beharko du, dagokion Estatukideko agintaritza eskudunak emandakoa, non emisio-araua adierazten den.

3. paragrafoaren arabera ezarritako ingurumen-kalitateko arauen arabera kalkulatuko dira arau horiek.

1. paragrafoan adierazitako programak urentzako ingurumen-kalitateko arau batzuk bilduko dituzte, Kontseiluaren Zuzentarauak errespetatuz ezarriko direnak, halakorik izanez gero.

Substantzien edo substantzia taldeen, baita ere produktuen, konposizioari eta erabilerari buruzko berariazko xedapenak ere barnean hartu ahalko dituzte programek, eta arlo ekonomikoan bideragarriak izaki eta berrienak diren aurrerabide teknikoak izango dituzte kontuan.

Programek zehaztuko dituzte gauzatze-epeak.

Laburbilduta igorriko zaizkio Batzordeari programak eta horien aplikazioaren emaitzak.

Batzordeak erregularki antolatuko du Estatukideekin batera programen uztartze-lana, programa horiek behar bezala harmonizatuta gauzatzen direla bermatzeko.

Beharrezkoa izanez gero, arlo horri buruzko proposamen batzuk aurkeztuko dizkio Europako Parlamentuari eta Kontseiluari.

7. artikulua

Estatukide guztiek neurri egokiak hartuko dituzte Zuzentarau honi jarraiki harturiko neurriak gauzatzeko, 1. artikulua aplikatzen ez zaien uren kutsadura ez areagotzeko moduan. Era berean, Zuzentarau honetako xedapenak saihestea helburu edo ondorio duten ekintza guztiak debekatuko ditu.

8. artikulua

Zuzentarau honi jarraiki harturiko neurrien aplikazioak ezin izango du inoiz ere eragin 1. artikuluan adierazitako uren kutsadura zeharka edo zuzenean areagotzea.

9. artikulua

Estatukide batek edo hainbatek, bakarka edo batera, Zuzentarau honetan aurreikusitakoak baino neurri zorrotzagoak hartu ahal izango dituzte.

10. artikulua

Agintaritza eskudunak I. zerrendako substantziak eduki ditzaketen 1. artikuluan adierazitako uretan eginiko isurketen inbentario bat egingo du, betiere haiei emisio-arauak aplikatzen bazaizkie.

11. artikulua

Hiru urtean, eta lehen aldiz 1993-1995 aldirako (biak barne), Estatukideek informazioa igorriko diote Batzordeari Zuzentarau honen aplikazioari buruz, sektore-txosten baten bidez, Erkidegoko dagozkion gainerako Zuzentarauak ere jorratuko dituena.

Batzordeak landuriko galdesorta edo eskema batean oinarrituta prestatuko da txosten hori, Kontseiluaren 91/ 692/EEE Zuzentarauaren —1991ko abenduaren 23koa da, ingurumenaren gaineko Zuzentarau jakin batzuk aplikatzeari buruzko normalizazioari eta arrazionalizazioari buruzkoa (1)— 6. artikuluan bildutako prozedurari jarraiki.

Galdesorta edo eskema Estatukideei igorriko zaie txostenak betetzen duten aldia hasi baino sei hilabete lehenago.

Txostena bederatzi hilabeteko epean igorriko zaio Batzordeari, txostenak berak hartzen duen 3 urteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita.

Zuzentarauaren aplikazioari buruzko Erkidegoaren txosten bat argitaratuko du Batzordeak, bederatzi hilabeteko epean Estatukideen txostenak jasotzen dituenetik zenbatzen hasita.

Lehenengo paragrafoa aplikatuta lorturiko informazioak bakar-bakarrik erabili ahal izango dira eskatu ziren xederako.

Batzordea eta Estatukideetako agintaritza eskudunak, baita haien funtzionarioek eta gainerako agenteek ere, ezin izango dituzte inola ere zabaldu Zuzentarau honen aplikazioan lorturiko informazioak, betiere Zuzentarauaren nondik norakoa dela-eta sekretu profesionalaren babespean badaude.

2. eta 3. paragrafoetan xedaturikoak ez du eragotziko enpresen edo enpresen elkarteei buruzko bana-banako azalpenak barnean hartzen ez dituzten informazio orokorrak edo azterlanak argitaratzea.

(7) EO L 377, 1991.12.31ekoa, 48. or. Azken buruan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1882/2003 Erregelamenduak [EE] (EO L 284, 2003.10.31koa, 1. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.

12. artikulua

Europako Parlamentuak edo Kontseiluak, Batzordeak eskatuta —bere ekimenez edo Estatukide batek bultzatuta jardungo du—, berrikusi eta, beharrezkoa izanez gero, bete egingo dituzte eranskinaren I. eta II. zerrendak, bilduriko esperientzia kontuan izanda, substantzia jakin batzuk II. zerrendatik I. zerrendara aldatuz, hala badagokio.

13. artikulua

76/464/EEE Zuzentaraua indargabetzen da, II. eranskinaren B zatian bilduta dauden Zuzentarauak Zuzenbide nazionalera aldatzeko epeei buruz Estatukideen betebeharrak aparte utzi gabe.

Indargabeturiko Zuzentarauari buruzko erreferentziak Zuzentarau honi buruz eginikotzat hartuko dira, III. eranskinean bilduta dagoen korrespondentzia-taularen arabera.

14. artikulua

Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratzen denetik hogei egunera jarriko da indarrean Zuzentarau hau.

15. artikulua

Estatukideak dira Zuzentarau honen hartzaileak.

Estrasburgon egina, 2006ko otsailaren 15ean.

Europako Parlamentuaren izenean,

Presidentea

Kontseiluaren izenean,

Presidentea

euskal legezalea