112001forulegea,

11/2001 Foru Legea,abereen osasunari buruzko Foru Legea aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

11/2001 FORU LEGEA, maiatzaren 24koa, abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko Foru Legea aldatzen duena

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, ABEREEN OSASUNARI BURUZKO AZAROAREN 16KO 11/2000 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Abereen osasunari buruzko Foru Legearen eztabaidan agerian geratu zen Biltzarreko gehiengoa era guztietako animaliak -hausnarkariak izan ala ez- elikatzeko pentsuak egiteko animalia hilen erabilera debekatzearen alde dagoela.

Iritzi publikoa asaldatuta dago Estatuko zenbait erkidegotan "behien entzefalopatia espongiformea" (BEE) izeneko gaitza agertu delako.

Presakoa da behar diren aurreneurriak eta segurtasun neurri guztiak jartzea, maila guztietan, gaixotasun hori zabal ez dadin, eta azpimarratzekoa da hura deuseztatu nahi badugu, gaixotasuna agertzeko arrazoiei egin behar diegula aurre. Horretarako, kutsadura-arrisku guztiak deuseztatu behar dira, eta animaliez eginiko animalientzako (eta konpainiako animalientzako) irinak debekatu behar dira, bai eta hirugarren herrialdeetara esporta daitezen debekatu ere.

Beharrezkoa da hondar arriskutsuak kentzea elikagaien kateatik Europar Batasuneko herrialde guztietan.

Premiazkoa da behien entzefalopatia espongiformeari buruzko ikerketak areagotzea, inolako arrastorik bazter utzi gabe, eta kutsadura egiaztatuko duen test fidagarri bat prestatu beharra dago.

Pentsuen industriak gardentasun gehiagoz jokatu behar du; horretarako, osagaiei eta produktuaren jatorriari buruzko xehetasunak emanen dituzten etiketen beharra gero eta nabarmenagoa da.

1. artikulua. Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeko 26. artikuluari bi idatz-zati gehitu zaizkio. Hona testua:

"2. Inoiz ere ezin izanen da animalien gorpurik erabili edozein motatako azpiproduktuak prestatzeko ez eta beste animalia batzuei jaten emateko, konpainiako animaliei barne; guztiz debekatuta dago haiek erabili eta aprobetxatzea, erregai gisa ez bada.

3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak antolatu eta finantzatuko ditu ustiategietan teknikariek eskatutako osasun hustuketak direla-eta, bai garrantzi bereziko gaixotasunen ondorioz, hildako animaliak biltzeko planak."

2. artikulua. Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeko 56. artikuluko 7. idatz-zatia aldatzen da. Hona testu berria:

"7. Hauei probetxua ateratzeko edozein trikimailu:

-Animalia hiletatik lortutako haragia edo produktuak.

-Nahitaez sakrifikatu beharreko abereetatik lortutako kanal edo errai dekomisatuak."

3. artikulua. Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeko 56. artikuluko 8. idatz-zatia aldatzen da. Hona testu berria:

"8. Abereen gorpuak, erraiak, hondakinak edo dekomisuak tratatu eta aprobetxatzeko jarduerak."

4. artikulua. Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeari xedapen gehigarri berri bat eransten zaio. Hona haren testua:

"Laugarrena.-Animalien pentsuak kontrolatu eta suntsitzea.

1. Foru lege honek indarra hartu eta hilabeteko epean, osagaien artean beste animalia batzuen elementuak dauzkaten animalientzako pentsu konposatu guztiak suntsitu beharko dira.

2. Nekazaritza Departamentuak, foru lege honek indarra hartu eta hilabeteko epean, erregelamendu bidez garatuko du beste animalia batzuk elikatzeko pentsuen fabrikaziorako animaliarik erabil ez dadin kontrolatzeko prozedura.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Esku ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau egoki garatu eta betetzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena.-Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren hogeitalauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea