kodezibila:aldaketak

Kode Zibila aldarazi duten legeak

© Lege-testu guztien itzulpena eta aurkibide analitikoak: Eba Gaminde, Begoña Landa, Gotzon Lobera, Andres Urrutia, Esther Urrutia eta IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

© Deustuko Unibertsitatea. Euskal Gaien Institutua

© IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

Kode Zibila aldarazi duten legeak

1904ko uztailaren 21eko Legea, Kode Zibilaren 688 eta 732. artikuluen idazkera aldarazi duena («Madrilgo Gazeta», 206. zk., 1904ko uztailaren 24koa)

Alfontso XIII.ak, Jainkoaren graziagatik eta Konstituzioaren aginduz Espainiako errege;

Lege hau ikusi eta ulertzen duten guztiei. Jakin ezazue Gorteek dekretatu dutela eta Guk berronetsi dugula honako hau:

Artikulu bakarra

688 eta 732. artikuluek idazkera hau izango dute: […] Horrenbestez:

Auzitegi, justizia, buru, gobernadore eta gainerako agintariei, dela zibilei, dela militarrei, dela Elizakoei, edozein mota eta mailatakoak direla, agintzen diet lege hau oso-osorik bete eta betearaz dezaten.

1928ko urtarrilaren 13ko Errege Dekretu-legea, Kode Zibilaren 954. artikulutik 957.erakoen idazkera aldarazi duena («Madrilgo Gazeta», 14. zk., 1928ko urtarrilaren 14koa)

AZALPENA

Jauna: Gobernuaren aurretiazko erabaki baten ondorioz, eta Nazioko Biltzarrak emandako errege dekretu-lege organikoaren 2. artikuluarekin bat etorriz, berau izenpetzen duen ministroak Kode Zibilaren artikulu batzuk eraldatzeko proiektua aurkeztu dio Nazioko Biltzarrari, bertan proiektu hori iker eta eztabaida dadin; artikulu horiek abintestato oinordetzaren hurrenkera arautzen dute. Proiektuan beren beregi adierazten denez, Gobernuaren asmoa ez da Nazioko Biltzarrak berori dagoen- dagoenean onestea. Haatik, Gobernuaren asmoa da proiektuaren muinari buruz iritzi lasai eta inpartzialak entzutea, hala Zuzenbideko adituen ahotik, nola gainerako herritarren ahotik, azken horiengan eraldaketak eragina duen heinean; izan ere, herritarrak eraldaketa horren jasotzaile gerta daitezke euren ondarearen jabe izateagatik edo beste pertsona batzuek dituzten ondasun eta eskubideen gaineko jabetza nahiz luperketaren ustezko oinordeko izateagatik. Gobernua, beraz, proiektua aldatzeko prest dago, herritarrentzat eta estatuaren interesentzat hori beharrezkoa izanez gero.

Gobernuak erabaki du, bada, Nazioko Biltzarrari proiektua aurkeztea. Arean ere, maiz-sarri ustekabeko jarauntsiak gertatzen dira. Ondasun-multzo horiek pilatu dituztenek eta horiek jasotzeko aukera dutenek, behin baino gehiagotan, ez dute elkarren artean inolako loturarik sentimenduaren ikuspuntutik, ezta odolaren ikusmoldetik ere. Horrexegatik, urruneko ahaideek baino gehiago, eskubide hobea dute, Gobernuaren aburuz, estatuko ongintza-, irakaskuntza- eta gizarte-erakundeek. Erakunde horiei buruzko arau juridikoen menpe, eta haien babes eta zaintzapean sortu eta handitu izan dira, hain zuzen ere, kausatzaileek utzitako ondasun-multzo horiek.{Proiektuak berak azaltzen duenez, Gobernuak ez du kontuan hartu diru-gosearen edo botere-abusuaren espiritua. Aitzitik, Gobernuak printzipio juridikoak hartu ditu aintzakotzat, horiek aspalditik baitaude Espainiako legerian jasota, eta legeria modernoek gero eta gehiago barneratzen baitituzte halakoak. Azken finean, eraldaketaren xedea jarraikoa da: abintestato oinordetzarako deien hurrenkeran, estatuari lehentasun handiagoa ematea, alegia, Kode Zibilaren 956. artikuluak orain aitortzen dion lehentasuna baino handiagoa. Zinez, Kode Zibila aldarrikatzean, seigarren graduraino mugatu zen, alboko ahaidetasunari begira, abintestato oinordekoa izateko eskubidea. Aldarrikapena gertatu baino lehen, ordea, eskubide hori hamargarren graduraino hedatzen zen, VI. partidako XIII. tituluko 6. legean ezarritakoaren arabera; lege horrek Justinianoren 118. nobela errepikatu besterik ez zuen egiten. Errege Foruaren III. liburuko VI. tituluko 1. legeak ez zuen inolako mugarik ezartzen ahaidetasun- graduari begira. Nolanahi ere, Fuero Juzgo izenekoaren IV. liburuko II. tituluaren 11. legeak muga hori ezarria zuen zazpigarren graduan. Partidetako manuak gero eta erabilera urriagoa izan zuen, eta, azkenean, Bilduma Berri-berriaren II. liburuko XI. tituluko 1. legean, X. liburuko XX. tituluko 3. legean eta liburu bereko XXII. tituluko 6. legean islatu zen manu hori. Lege horiek, argiro-argiro, laugarren graduraino mugatzen zuten oinordeko izateko eskubidea. 1835eko maiatzaren 16ko Legeak, ostera, berriz zabaldu zuen eskubide hori hamargarren graduraino.{Edonondik begira dakiola ere, Gobernuak kontuan hartu zituen, lege-manuak ez ezik, legelari eta publizista modernoen testuak ere bai. Legelari horien artean, besteak beste, SÁNCHEZ ROMÁN aipa daiteke. Beraren ustez, onartzeko modukoa da Kode Zibilak seigarren graduan jarritako murrizketa; are gehiago, murrizketa hori zabalagoa izan zitekeen. Bide beretik, VALVERDE jaunak bidezkotzat jotzen du «herriek gero eta gehiago urritzea abintestato oinordetzan ahaidetasunak dituen mugak»; horrela, estatua herritarren jaraunslea izango da sarritan, eta, ondorenez, estatuak gero eta erraztasun gehiago izango ditu bere gizarte-eginbeharrak betetzeko. Modu berean ere, CASTÁN jaunak aitortu egiten du herri guztietan dagoen joera eraberekotzaile eta menperatzaile hori. Joera horren ondorioz, herri orotan, alboko ahaideen eskubideak murriztu egin dira, oinordetza legitimora deitutako pertsonen kopurua urritu den ginoan.

Gobernuak aztertu ditu, orobat, arazo honek Parlamentuan izan dituen aurrekariak. Horien artean, Gobernuak arreta berezia jarri du UBIERNA jaunak Senatuari aurkeztutako lege-proposamen ziodunean; UBIERNA jauna, gaur egun Fiskaltzaren funtzionariorik famatuenetarikoa dena, garai hartan ganbera horretako kidea zen.{Proposamen horretan adierazitako irizpidea onargarria dela ulertuz, Gobernuak hauxe proposatu du Nazioko Biltzarrari aurkeztutako proiektuan: abintestato oinordetzan, alboko ahaideei egindako deia ezin da hirugarren gradutik gorakoa izan. Bizimodu modernoaren berezitasunak edo beste inguruabar batzuk direla eta, bistakoa da egunean-egunean murrizten ari dela -eta horretarako bada arrazoi franko- familiaren kontzeptua, horrek interesen arteko batasuna eta elkarri babesteko eginbeharrak dakartzan neurrian.

Nazioko Biltzarrean, sakon eta jasoa izan zen harako proiektuaren eztabaida. Bertara joan zen Gobernua ere, inolako aurreiritzirik gabe, gai garrantzitsu horretan irizpide kolektiboa jasotzeko irrikitan.{Irizpide horren ikuskapen arretatsua egin ostean, jarraikoa baiezta daiteke: biltzarkide batzuk beldur ziren, eraldaketaren ondorioz Kode Zibilaren artikuluek zuten batasun sistematikoa ezereztuko zelakoan; Batzorde erabakitzaileak beldur hori aienatu du, eta aho batez onartu da hildakoaren seigarren gradurainoko ahaide albokoei egun egiten zaien deiak indarrean ez irautea.{Edonola ere, Gobernuak aitortu eta, eztabaida amaitutakoan, horren lehendakariak beren beregi adierazi du honako hau: biltzarkide gehienek, aintzakotzat hartu beharreko arrazoien ondorioz, uste izan dute oraindik goiz dela deiaren muga hirugarren graduan jartzeko; horregatik, dei hori ahaidetasunaren laugarren graduraino hedatzea erabaki dute. Gobernuak, Nazioko Biltzarrari zor dion begirunea frogatuz, eta erakunde horri leialtasunez eskatzen dizkion txostenak gogoan izanik, proiektuaren aldarazpenari ekin dio, laugarren gradurainoko albokoei egindako deia onartuz. Hori berori da orain Maiestate Horri proposatzen zaiona.

Hortaz, proiektu honek ez du eskubide berririk sortzen estatuarentzat, eta ez du inondik inora ukitzen indarreko Kode Zibilaren idazketa eratu zuen sistema.{Estatuak abintestato oinordeko izateko eskubidea du, eta eskubide hori nabariro aldarrikatzen da 956. artikuluan.{Gaur egun, estatuari deitzen zaio, seigarren graduko ahaide albokoen atzetik, eta, Maiestate Horrek sendetsiko duen dekretuaren arabera, estatuari deituko zaio laugarren graduko albokoen atzetik.

Horixe da, izatez, proiektuaren muina. Dena den, eraldaketa osatzen duten beste manu batzuk ere oso garrantzitsuak dira. Horiek argitzen dituzte egungoetan dauden nahaste batzuk; haiek oinarri hartuz, zenbait gida-lerro atera daitezke, estatuak jaraunsle gisa eskuratu behar dituen ondasunak banatzeko, egungo arauen ordez beste batzuk ezarriz.

Nabari denez, estatuak eskubidea du abintestato oinordekoa izateko. Eskubide hori, 956. artikuluan aldarrikatzen bada ere, gaur egun itxurazkoa da artikulu horretan bertan ezarritako klausulen ondorioz, eta klausula horiek aplikatzeko gerogarrenean eman izan diren erregelen ondorioz ere bai.{956. artikuluak estatuari aitortzen dio jaraunsle izateko eskubidea, baina jarraian ondokoa ezartzen du: estatuak jaraunsle gisa eskuratzen dituen ondasunak destinatu behar zaizkie, hurrenkera honetan, udaleko ongintza-etxeei eta hildakoaren egoitzako eskola dohainekoei; ondoren, hildakoaren probintzian dauden erakundeei, mota batekoei zein bestekoei; eta, azken lekuan, estatuko ongintza eta heziketarako erakundeei.{1918ko azaroaren 5eko Errege Dekretuaren 15. artikuluak zehazten duenez, aparteko gertakizun baten ondorioz, udaleko ongintza eta heziketarako beharrizanak zuzkiturik badaude, probintziako erakundeei adjudikatu behar zaizkie ondasunak, eta, hala denean, estatuko erakundeei. Dekretu horren eraginez, estatuaren eskubidea edukirik gabe geratu eta, horren ordez, ongintzarako udal erakundeen eta dohaineko heziketarako erakundeen eskubidea ezarri da.

Nazioko Biltzarrean, gehiengoak irizpide hau onartu zuen estatua abintestato jaraunsle den kasuetarako: jarauntsitako ondasunen herenak hainbanatu behar dira udaleko, probintziako eta estatuko erakundeen artean. Halaber, Kode Zibilak beren beregi aipatzen ditu ongintzarako eta dohaineko heziketarako erakundeak, eta horiei gehitu behar zaizkie gizartekintza dei daitekeen hori osatzen duten guztiak ere bai. Azken horiek ez ziren batere ezagunak Kode Zibila aldarrikatzean, baina gaur egun oso garrantzitsu eta eragingarriak dira. Horregatik, herriei komeni zaie halakoak suspertu eta bultzatzea, eta gobernuek ere arreta berezia jarri behar dute horietan. Erakundeok, ongintza eta irakaskuntzarako erakundeek bezala, helburu jakin batzuk betetzen dituzte, eta helburu horiek lagungarri gertatzen dira, bakea, herritarren ongizatea, gizartearen hobekuntza eta herriaren aberastasuna erdiesteko.

Horrenbestez, arautu beharra dago nola banatu behar diren estatuari emandako jarauntsiak. Arauketa hori osatzeko, hainbat manu behar dira, arazoa oso konplexua delako. Hori dela eta, arazoa araudi bidez konpondu behar da, eta horixe egin zuen Kode Zibilak ere.{Iraganaren eta orainaren arteko desberdintasuna, beraz, hauxe besterik ez da: Kode Zibilak hogeita bost urtean eraendu zuen 1918ko Errege Dekretua eman arte; orain, berriz, beste neurri batzuk hartu dira, jarauntsi-banaketa arautzen duten manuak aldarrikaturik egon daitezen, dekretu honen manuak indarrean jartzen direnean.{Horretarako, Maiestate Horri proposatu zaio batzordea antola dezan. Batzorde hori Ministroen Kontseiluko lehendakaritzaren menpe egon behar da, beraren eginkizunek ministerio bat baino gehiago ukitzen dituztelako. Batzorde horretan ordezkaritza izan behar dute zerbitzu interesdunek eta, ezbairik gabe, Nazioko Biltzarrak eta Kodegintzarako Batzorde Nagusiak ere. Azken horri dagokio 1918ko Errege Dekretua ordeztu behar duen errege dekretuaren proiektua proposatzea. Proposamen horretan, aintzakotzat hartu behar dira Kode Zibilaren artikuluetatik dekretu honek eraldatzen dituenak. Modu berean ere, gogoan izan behar dira gaur egun indarrean dauden emakidak, horiek errespetatu edo konpentsatzeko; 1919ko martxoaren 11ko Errege Dekretuak, Zahartzaro Aseguru Nahitaezkoaren Antolaketarako Oinarriei buruzkoak, luzatu zituen emakida horiek.{Kasuan-kasuan estatuari benetan dagokion jarauntsi-zatiak zein destino izan behar duen zehazteko, komenigarritzat jo izan da egun indarrean dagoenari eustea, alegia, jarauntsi-zati hori Herri Zorraren Amortizaziorako Kutxarako destinatzea; 1926ko ekainaren 1eko Errege Dekretu-Legeak sortu zuen kutxa hori. Dekretu-lege horrek Kode Zibila aldarazi zuen gai horretan, baina aldarazpena ez zen erabatekoa izan; erabili ere, jarauntsiaren zati hori beste helburu batzuetarako erabil daiteke, aparteko inguruabarrek hori ahalbidetzen badute.

Agerikoa denez, lege-eraldaketa ezin da berehala aplikatu, oso sakona delako honekin batera doan dekretu-legearen proiektuak dakarren aldarazpena. Kontrara, behar den besteko epea finkatu behar da lege-eraldaketa indarrean jar dadin; horrela, laugarren gradutik gorako ahaideen aldeko testamentua egin nahi dutenek horretarako aukera izan dezakete.{Horrekin, Gobernuaren asmoetatik bat burutzen da; izan ere, eraldaketari ekitean, Gobernuaren asmoa izan zen espainiar guztiengan aurreikuspen-espiritua sortzea, espainiarrek bizitza bitartean nahi dutena xeda dezaten, heriotzaren ondoren euren ondasunak banatzeko.

Aipatu arrazoiak direla bide, Gobernuak nahiko luke Maiestate Horrek dekretu-legea onestea. Horretarako, eta Ministroen Kontseiluak erabakitakoarekin bat etorriz, grazia- eta justizia-ministroak errege-sendespena eskatzeko ohorea du.

1939ko irailaren 8ko Legea, Kode Zibilaren I. liburuko VIII. titulua aldarazi duena («EAO», 274. zk., 1939ko urriaren 1ekoa)

Absentea egoitzatik desagertzen denean, jarduera juridiko desberdinak burutu behar dira, absente horren beraren eta haren ondasunen inguruan. Kode Zibilla argitaratzean, behar bestekoak ziren jarduera horien arauketarako aginduak. Zernahi den ere, denborak aurrera egin ahala, aginduok euren eragingarritasuna galdu dute. Asmakuntza berrien ondorioz, komunikabideak erraztu egin dira, eta horrek berez ekarri du berriak gero eta azkarrago jaso, eta gizarte-bizitzari datxezkion harremanak gero eta gehiago eratzea.

Aurrekoaren ondorioz, Kode Zibilaren I. liburuko VIII. titulua eraldatu beharra dago. Titulu hori absentziari buruzkoa da, eta egungo inguruabarrei egokitu behar zaie. Aldarazpen hori asko atzeratu da; izan ere, Kode Zibilak berak agintzen duenez, kodea hamar urterik behin berrikusi behar da, eta, berori aldarrikatu eta hurrengo urteetan, ez da aldarazpenik egin.

Azken urteotan, eskakizun hori larriki astundu da, legearen arrazoi arruntez gain, Espainiako Nazioan beste inguruabar berezi batzuk izan direlako. Ildo horretatik, heriotza ezezagunak, krimen gaitzesgarriak eta gizalegearen aurkako pertsekuzioak gertatu izan dira, eta horiek guztiek zalantzazko egoera juridikoak ekarri dituzte. Zalantzazko egoera horiek presaz konpondu beharrekoak dira.

Estatu berriak ezin dio leporik eman presazko beharrizan horri; aitzitik, unean-unean gerta daitezkeen kasu urriak arautu behar ditu. Hori berori da, hain zuzen ere, lege honen xedea.

Horrenbestez, Kodegintzarako Batzorde Nagusiaren proiektua onartuz, honakoa xedatu dut:

1. artikulua. Kode Zibilaren I. liburuko VIII. tituluaren 181. artikulutik 198.erakoen ordez, ondoren datozen titulu, kapitulu eta artikuluak ezarriko dira: […]

1939ko urriaren 26ko Legea, pisuetako nahiz zati zehatzetako etxebizitzen eraikuntza, karga eta araubideari buruzkoa («EAO», 301. zk., 1939ko urriaren 28koa)

Hirietako eraikinek kalte larriak izan dituzte gerraren ondorioz. Hori dela eta, baliabide batzuk eskaini behar dira, eraikinok presaz konpondu ahal izateko.{Baliabiderik egokiena da, zalantzarik gabe, kontratu-askatasunari bide juridikoak irekitzea. Horretarako, bultzatu behar dira eraikin bateko etxebizitza nahiz departamentu desberdinen eskuraketa eta karga.

Espainiako legeria zibilak eta hipoteka- legeriak ez dute traba gaindiezinik ezartzen xede honetarako. Hala ere, aurre egin behar zaie errealitateak eskaintzen dituen beharrizan juridiko berriei. Hori dela medio, bi kasu bereizi behar dira: batetik, eraikin baten gaineko jabekidetzari edo ondasun-erkidegoari buruzko kasu orokorra, Kode Zibilaren aginduek zehatz-mehatz arautzen dutena; eta, bestetik, «jabetza horizontal » deiturikoaren kasua. Azken hori banakako jabetza pribatuaren ohiko kasua da, eta, horri lotuta, osagai erkideen gaineko jabarikidetza zatiezina agertzen da; osagai erkide horiek nahitaezkoak dira, eraikinaren zati guztiak behar bezala aprobetxatzeko.

Horrek berez dakar eraldaketak eta eransketak egin beharra legeria zibilean eta hipoteka-legerian. Halako eraldaketa eta eransketak jasotzen dira, hain zuzen ere, lege honetan.

Horrenbestez, hauxe xedatu dut:

1. artikulua. Kode Zibilaren 396. artikuluak idazkera hau izango du: […]

1941eko abenduaren 5eko Legea, Kode Zibilari artikulu berriak erantsi dizkiona, edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahiari edo ondasun higigarrien gaineko hipotekari buruz («EAO», 350. zk., 1941eko abenduaren 16koa)

Kode Zibilaren xedapen gehigarriekin, kodegintzaren abantailak eta errealitatearen eskakizunak bateratu nahi izan ziren. Alabaina, xedapen horien ez-betetzea sistematiko eta jarraikakoa izan da. Arean ere, errealitateak forma berriak sortu ohi ditu etengabean, zuzenbidearen arloan nahiz bizitzaren autuetan. Horiei aurre egiteko, eta legearen desegokitasuna gainditzeko, irtenbide desberdinak erabili izan dira, eta, behin baino gehiagotan, irtenbideok okerreko gertatu dira. Kode Zibila aldarrikatzean, legegileak ezin izan zituen arazo batzuk aurreikusi, eta, horregatik, harako irtenbideetatik batzuek lege-hutsuneak bete dituzte. Beste batzuek, aldiz, interpretaziorako gida-lerroak eman dituzte; gida-lerro horiek ahalbidetu dute testu positiboak gizarteko beharrizan berrietara hurbiltzea.

Hori berori gertatu da bahi-kontratuaren kasuan. Kode Zibilaren arabera, kontratu horren oinarrizko betekizuna da bahia hartzekodunaren edo hirugarren baten edukitzapean jartzea; gainera, hartzekodunak edo hirugarrenak bahia atxiki dezake, kreditua osorik ordaintzen ez den artean.{Errealitateak, ostera, lege-aginduek baino indar handiagoa du, eta, ondorenez, errealitate horrek berme berri bat ekarri du. Berme berri horretan, bahipeko gaia lekuz aldatu gabe, pignorazio-kreditua erabil daiteke baldintza jakin batzuetan; baldintza horiek, batetik, zordunaren kaudimena ziurtatzen dute, eta, bestetik, zordunari bide ematen diote bahipeko gauza erabiltzeko, gauza horren erabilgarritasunari eta bermaturiko eskubideari kalterik egin gabe.

Kontratu berri horrek legelarien onespen sendoa izan zuen, eta legeria moderno askok ere hala jaso dute. Espainiako legeriak, horratik, mesfidantzaz ikusi du beti lege sustantiboen aldarazpena. Edozelan ere, bahiaren aldaki hori onartzea nahitaezkotzat jo da, aldaki horrek bahiaren eta hipotekaren arteko bereizketa klasikoa ezereztu arren. Bide horretatik, 1917ko irailaren 22ko Errege Dekretuak, urte bereko martxoaren 2ko Legeak emandako baimena erabiliz, nekazaritzako bahiarekin bermaturiko maileguak ezarri eta arautu ditu, edukitzaren lekualdaketarik gabe. 1935eko azaroaren 29ko Dekretuak eskubide berbera eman die olioaren ukandunei; mailegu horiek 1936ko urtarrilaren 17ko Araudiak arautzen ditu. Are gehiago, arestiko lege batek, hain zuzen ere, 1940ko maiatzaren 17ko Legeak, baimena eman dio Nazioa Berreraikitzeko Kreditu Erakundeari, horrek pignorazio-bermedun maileguak eman diezazkien industrialariei; mailegu horiek jasotzeko, industrialariek ez dute lekuz aldatu behar euren makineria, makineria hori inoren jabetzapeko eraikinean badago.

Horrek guztiak agerian jartzen du benetan larria dela Espainiako Kode Zibilaren hutsuneak betetzeko beharrizana. Horretarako, lege-xedapen bat eman beharra dago. Xedapen horrek doktrina, legegintza eta praktikaren eskakizunak ase behar ditu, guztiak batera. Gainera, kasu guztiak bildu behar dira xedapen horren baitara. Eta, berebat, Kode Zibilean sartu behar da edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahiaren kontratua, ondasun higigarrien gaineko hipoteka izenez ezagutu izan dena. Kontratu hori aurretiaz ere erabili izan da, baina gaur arte Espainiako lege-testuetan ez du islarik izan.

Horrenbestez, Ministroen Kontseiluaren erabakiz, justizia-ministroak proposaturik, eta Kodegintzarako Batzorde Nagusiak txostena eman eta gero, honakoa xedatu dut:

1. artikulua. Kode Zibilaren IV. liburuko XV. tituluaren II. kapituluak bi atal izango ditu: lehenengo atala «bahia» izenburupean, eta bigarrena, «edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahia» izenburupean.

2. artikulua. Lehenengo atalak bere barnean hartuko ditu gaur egungo 1863. artikulutik 1873.erakoak, gaur arte II. kapitulu osoa eratu dutenak.

3. artikulua. Bigarren atalak idazkera hau izango du: […]

1952ko abenduaren 20ko Legea, Kode Zibilaren 321. artikulua aldarazi duena («EAO», 357. zk., 1952ko abenduaren 22koa)

Kode Zibilaren 321. artikuluak hauxe ezartzen du: familiako alabak, adin nagusikoak izanik, hogeita bost urtekoak baino gazteagoak badira, ezin dute gurasoen etxea utzi, eurekin bizi den aita edo amaren lizentziarik gabe, salbu eta beste egoera bat eskuratzeko denean edo aita nahiz ama berriz ezkondu denean. Artikulu horrek zalantzak sortu ditu, «beste egoera bat eskuratzeko» esaldiari eman behar zaion norainokoaren inguruan. Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak honetara interpretatu du esaldi hori: esaldi horren barruan ezkontza sartzen da, baina ez erlijio-botoak egitea.

Edonola ere, manuaren interpretazio murrizgarri hori ez da aplikatu behar nazioko lurralde osoan. Arean ere, Kode Zibilaren eranskineko 12. artikulua Aragoiko foru-zuzenbideari buruzkoa da. Artikulu horren hirugarren paragrafoak erabateko gaitasuna ematen die familiako alaba adin nagusikoei, erlijio-botoak egiteko. Zalantzarik gabe, honako hau ulertu izan da: egoera horretan, ezkondu- egoeran gertatzen den bezala, ez da beharrezkoa gurasoen babes-agintaritza luzatzea. Bestalde, ezin da beste barik ulertu emakumeari erlijio-erkidegoan bizitzeak senarraren agintaritzak baino babes txikiagoa emango dionik.

Bi interpretazio horien arteko kontraesanak agerian jartzen du irizpide bakarra finkatzeko beharra, irizpide horrek nazioko lurralde osoan koordinazio-eginkizuna bete dezan. Irizpide hori guztiz justifikatuta dago, hurrengoa kontuan izanik: 1943ko abenduaren 13ko Legeak Espainiako erregio guztietarako bateratu du adin-nagusitasuna, eta, harrezkero, erregioen arteko desberdintasunak ezabatu egin dira gai horretan. Aldi berean, Kode Zibilaren manu horretan beste egoera batzuk ere sartu behar dira; egoera horietan, moralaren nahiz gizartearen inguruko arrazoiak oinarri gisa hartu, eta, komenientziak edo beharrizanak bultzaturik, emakume adin nagusikoari, hogeita bost urtekoa baino gazteagoa izanik ere, bide eman behar zaio gurasoen egoitzatik alde egin dezan.

Horren arabera, eta Espainiako Gorteek egindako proposamenarekin bat etorriz, jarraikoa xedatu dut:

Artikulu bakarra. Kode Zibilaren 321. artikuluak idazkera hau izango du: […]

1954ko uztailaren 15eko Legea, Kode Zibilaren I. liburuko I. titulua, «Espainiarrak eta atzerritarrak» izenburuduna, eraldatu duena («EAO», 197. zk., 1954ko uztailaren 16koa)

Kode Zibilaren I. liburuko I. tituluak naziokotasuna eta atzerritarren izate juridikoa arautzen ditu. Oro har, arauketa horrek ulerkera jakin bat islatzen du; ulerkera hori Espainiako zuzenbide historikoan sustraiturik dago, eta urratsez urrats gauzatu da.{Ezbairik gabe, ulerkera horrek urte frankotan balio izan du, zertarako eta antolamendu juridikoaren adar garrantzitsu honetan zein arazo sortu eta arazo horiek guztiak justiziaren arabera konpontzeko.{Hala ere, Espainiako antolamendu juridikoan hobekuntzak eta aldarazpenak egin behar dira, horixe baita hurrengo datuak aintzat hartzearen ondorioa: beste herri batzuetan arauak behin eta berriz aplikatzean lortutako eskarmentua, erdietsitako emaitzen ponderazioa eta bilakaerak gai honetan duen eragin nabaria.

Eraldaketa burutzeko, zentzuzko moderazioarekin jokatu behar da.{Oinarrian, Kode Zibilaren printzipio eratzaileetara bil daitezke eraldaketa horren lerro nagusiak. Printzipio eratzaileak, halakoak diren heinean, indarrean daude bete-betean; zernahi den ere, printzipio horien azalpena argiagoa izan behar da, eta euren gauzatze praktikoa ere, eragingarriagoa. Hori berori izan da lege honen bitartez lortu nahi izan dena.{Zenbait kasutan, berrikuntza-lana egitearen ondorioz, Kode Zibilaren barruan sartu behar dira jadanik indarrean dauden xedapenak, jurisprudentziak bultzaturiko konponbideak edo Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak emandako ebazpenak.{Beste kasu batzuetan, ostera, arau berri bat sartu edo, bestela, manu labur batzuen edukia garatu behar da, betiere Kode Zibilaren berezko arauek izan behar duten izaera orokorra ahantzi gabe.

Bestalde, legearen joera nabaria da Espainiako naziokotasunaren aitorpena edo eratxikipena ahal den beste hedatzea; eta naziokotasun hori galtzea dakarten arrazoiak, ostera, ahal den beste murriztea.{Naziokotasuna zehazteko orduan, oraindik oinarrizko printzipioa da ius sanguinis izenekoa.{Aldi berean ere, eta harako asmo hedatzailearen eretzean, zabaldu egin dira ius soliren ondoreak. Izan ere, Espainian jaioak espainiarrak dira, euren gurasoak atzerritarrak izan arren, guraso horiek ere Espainian jaio badira. Horrela, nazioko lurraldean dauden atzerritarren leinuak ez dira behin betiko atzerritar izango.

Halaber, Kode Zibilaren manu desberdinek aipatzen dute Espainiako naziokotasuna aukera-eskubidearen bidez eskura daitekeela. Orain, aldiz, manu batera bildu da eskuratzeko modu horren arauketa.{Ondorenez, eskubide hori aitortu zaie, batetik, guraso atzerritarrek Espainiako lurraldean izan dituzten seme-alabei, eta, bestetik, jatorriz espainiar ziren gurasoek izan dituztenei. Horretara, baiezko erantzuna eman zaio oraintsu arte eztabaidapean egon den galderari; izan ere, gaur arte zalantzazkoa izan da emakume espainiarrak dituen seme-alabak espainiarrak diren ala ez, emakume horrek ezkontzaren ondorioz naziokotasuna galduz gero.

Naziokotasuna eskuratzeko moduen artean, herritartze-agiriak eta bizilekua izateak indarrean diraute, bi-biok betekizun erkide batzuk badituzte ere.{Gai horretan, terminologikoa besterik ez da lege honek Kode Zibilaren testuari begira dakarren berrikuntza.{Dena den, ustezko batasuna lortu, eta eraldaketapeko lege-arauketa argitzeko, jarraikoa ezarri da: naziokotasuna eskuratzeko bi modu horietan, halakoak erabiltzen dituena hogeita bost urtekoa izan behar da, edo, osterantzean, hemezortzi urtekoa izan eta emantzipaturik egon behar da. Nabari denez, aipamena adinaren ingurukoa da, ez, ordea, adin-nagusitasun edo emantzipazioaren ingurukoa. Adinari buruzko aipamen horren xedea hauxe da: egoera juridikoak bakarrik aipatuz gero, arazoak sor daitezke, adina lortzeko lege aplikagarria zehazteko orduan; adinari buruzko aipamenak zailtasun horiek saihestea du helburu.{Modu berean ere, naziokotasuna eskuratzeko bi modu horien ondoreak bateratu egin dira; horretarako, bi modu horietatik bat erabiliz senarrak naziokotasuna eskuratzen badu, naziokotasun hori emazteari eta seme-alabei ere badagokie.

Kode Zibilaren gaur egungo arauketak ez du finkatzen zenbat denbora igaro behar den, auzotartasuna lortu, eta, hori oinarri hartuta, naziokotasuna eskuratu ahal izateko.{Betekizun horren arauketa nagusia 1931ko apirilaren 29ko Dekretuak egin du, 1939ko martxoaren 9ko Aginduarekin osatuta.{Erraz atzeman daitekeenez, arau horri eman beharreko lerruna bat etorri behar da berak duen garrantziarekin. Horregatik, arau hori Kode Zibilaren testuan jaso behar da.{Horixe egin du lege honek, aldarazpen txiki honekin: atzerritarrak espainiar batekin ezkontzen badira, nahiko da bi urtean bizilekua izatea; horrekin, bizilekua izateko epea murriztu egin da. Halaber, legeak aldarazpen sakonago bat egin du, onura berbera eman baitie, batetik, 18. artikuluko kasuetan daudenei, horiek ez badute aukeratzeko ahalmena garaiz egikaritu, eta, bestetik, adingabetasuna bitartean espainiarrek adoptatu dituzten atzerritarrei. Horretara, batzuek eta besteek Espainiako naziokotasuna eskura dezakete. Legeak zehatz-mehatz ezarri du, kasu guztietarako, bizilekua egonkorra eta eskaera egin aurrekoxea izan behar dela.{Zinez, egokiagoa izango zatekeen beste xedapen guztiak indarrik gabe uztea, baina hori ezinezko gertatu da. Hori dela eta, xedapenok indarrean diraute, prozesu- eta administrazio- arauak jasotzen dituzten heinean, horiek ez baitira Kode Zibilera bildu behar.

Legeak banan-banan eta bereizita arautu ditu Espainiako naziokotasuna galtzea dakarten arrazoiak. Horien artean, legeak bi talde egin ditu. Lehendabizikoan, arrazoien oinarria da subjektuak borondatez burutzen duen egintza, atzerriko naziokotasuna eskuratzeko. Bigarrenean, aldiz, naziokotasunaren galera gertatzen da, arlo zibileko nahiz zigor-arloko egoera juridiko desberdinen ondorioz.{Galera borondatezkoa izanez gero, nahitaezkoa da, beste betekizun batzuez gain, Espainiatik kanpo bizilekua izatea, galera gertatu aurrekoxe hiru urteetan. Horrekin, murrizketa onuragarria gertatzen da, eta, murrizketa horren bidez, itsumustuan hartutako erabakiak edo nahierarako erabakiak saihesten dira.{Irizpide murrizgarri berbera islatzen da, zati batez bederen, beste xedapen batean ere bai; xedapen horren aginduz, aita edo ama espainiarra izateagatik Espainiako naziokotasuna dutenek, nahiz eta atzerrian jaio, euren gurasoak bezala, ez dute Espainiako naziokotasunik galtzen, horri eusteko borondatea beren beregi adierazten badute; pertsona horiek euren bizilekua zein herritan izan eta herri horretako legeek bertako naziokotasuna ematen badiete ere, horrek ez dakar Espainiako naziokotasuna galtzea.{Nondik-nahi begiratuta, hirugarren belaunaldian azkentzen da Espainiako naziokotasunari eusteko aukera. Hori ezartzean, aitortu egin da atzerriko estatuek duten eskubidea, belaunaldiz belaunaldi haietan sustraiturik dauden kolonia arrotzak barneratzeko.{Bestalde, gizartean errealitate ohikoa da pertsonak duen izate berezia, Iberoamerikako herrietakoa eta Filipinetakoa denean. Haien arteko loturak sendotu nahian, eta betiere salbuespenez, naziokotasun bikoitzaren printzipioa ezarri da. Printzipio horretatik abiatuz, erkidego hori osatzen duten herrietako naziokotasuna eskuratzeak berez ez dakar Espainiako naziokotasuna galtzea, esanbidezko hitzarmenean hala ezarri bada.

Bide bertsutik, beste arau bat ezarri da; arau horrek ere baldintza saihestezin berbera du, hau da, esanbidezko hitzarmenean hala ezartzea. Arau horrek adierazten duenez, baterakorrak dira Espainiako naziokotasuna eskuratzea eta Iberoamerikako edo Filipinetako jatorrizko naziokotasunari eustea.{Horrela, beste behin ere azpimarratu da Espainiak herri horienganako dituen begikotasuna eta maitasuna. Espainia, iraganari atxikita eta goi espiritudun jarduera baten itxaropenez, modu banaezinean dago lotuta herriokin, guztiz ezagunak izan eta beste edozein gertakizunen gainetik jarri beharreko arrazoiak direla medio.

Naziokotasuna galtzeko arrazoiak dira, era berean ere, atzerriko estatu bateko indar armatuetan sartzea, atzerrian kargu publiko bat izatea eta epai irmoaren bidez kondenatua izatea. Arrazoi horiek nahitaez islatzen dute Espainiarren Foruko 20. artikulua. Arrazoiok, dena den, bi berrikuntza garrantzitsu dakartzate. Batetik, Espainiako estatuburuak esanbidezko debekua ezarri behar du, atzerriko indar armatuetan sartzeak edo bertan kargu publikoa izateak naziokotasuna galtzea eragin dezan. Bestetik, aitortu egin da, zigor-legeek xedatzen dutenarekin bat etorriz, kondena harako ondore juridikoaren arrazoi autonomoa izatea.

Naziokotasuna eskuratzeko edo galtzeko araubide horretan, familia-batasunaren inguruko printzipioari eutsi zaio, horixe baita tradizioarekin eta Espainiako nazioaren sentimenduekin bat datorrena, eta bertako sistema juridiko osoari hobeto uztartzen zaiona.{Horrenbestez, emakume atzerritarra gizonezko espainiar batekin ezkontzen bada, horren naziokotasuna eskuratzen du.{Taxu berean, emakume espainiarra gizonezko atzerritar batekin ezkontzen bada, emakume horrek bere senarraren naziokotasuna eskuratzen du.{Nolanahi ere, Kode Zibilaren automatismo gehiegizkoa zuzendu egin da, automatismo horrek erraztu egin baitzuen aberrigabekoen egoera. Horretarako, legeak jarraikoa ezarri du: emakume espainiarrak bere naziokotasuna galduko du, senarraren naziokotasuna zein herritakoa izan eta herri horretako legeekin bat etorriz emakumeak senarraren naziokotasuna eskuratu behar duenean.{Ezkontza da, beraz, naziokotasuna galtzea eragiten duen arrazoia. Horregatik, eta zentzuzkoa denez, ezkontzaren desegitea edo banantzea behin betiko adierazi eta gero, Espainiako naziokotasuna berreskuratuko du jadanik izaterik ez duen edo ondorerik sortzen ez duen arrazoia dela eta, naziokotasun hori galdu zuenak.

Legeak, oinarrian, Kode Zibilaren 22. artikuluko jatorrizko idazkerari heldu dio. Artikulu hori atzerritarren izateari buruzkoa da, eta jarraikoa aldarrikatzen du: atzerritarrek eta espainiarrek eskubide zibil berberak dituzte Espainian. Halako adierazpen eskuzabalik ez da agertzen atzerritarrei traturik mesedegarriena ematen dieten antolamendu juridikoetan ere. Zernahi gisaz, ez dago inolako arrazoirik gidalerro hori bertan behera uzteko, horrek argiro erakusten baitu zein den Espainiaren jarrera, munduko beste herri guztiei begira.{Gida-lerro horri eustean, aurretiaz egindakoa errespetatzeaz gain, berriztatu egin da Espainiaren goi jardueran jarri beharreko fedea.{Horrez landa, ezin zaio kalterik egin legeetan xedatutakoari. Nahiz eta Kode Zibilak legeok aipatu ez, euretako batzuek indarrean diraute, eta, gerogarrenean eta inguruabar jakin batzuetan, komenigarri gerta daitezke horiei berezko zaizkien zehaztapen batzuk. Gainera, 27. artikuluaren lerro nagusiek estatutu juridiko zehatza sortzen dute, eta estatutu horrek ezin du eragotzi tratatuen bidez kasuan kasuko araubidea ituntzea, araubide hori egokia bada jokoan dauden interesen arabera eta elkarrekin egoki diren eskakizunen arabera.

Horrenbestez, eta Espainiako Gorteek egindako proposamenarekin bat etorriz, jarraikoa xedatu dut:

1. artikulua. Indarreko Kode Zibilaren I. liburuko I. tituluaren 17. artikulutik 27.erakoek, bi horiek barne, idazkera hau izango dute: […]

2. artikulua. Indarrik gabe geratzen dira gai berberari buruzkoak izan eta lege honetan ezarritakoa urratzen duten xedapen guztiak.

1958ko apirilaren 24ko Legea, Kode Zibilaren artikulu zehatz batzuk aldarazi dituena («EAO», 99. zk., 1958ko apirilaren 25ekoa)

Kode Zibilaren aldarazpen hau, orain arte egin direnetatik, sakonena da. Aldarazpenak ezkontzaren eraentza ukitzen du batik bat, Espainiako antolamendua egokitu behar zaiolako Aulki Santuak eta Espainiako estatuak 1953ko abuztuaren 27an egindako konkordatuari. Era berean, aldarazpenak berrikuntzak ekarri ditu adopzioaren arloan; adopzioaren erabilera kodegintza- garaietan urria izan arren, gaur egun ohiko bihurtu da. Halaber, aldarazpenak aurre egin nahi dio emakumearen gaitasun juridikoaren arazoari, arazo hori aspaldikoa baita. Azkenik, alargunaren oinordetza-eskubideei buruzko arauketa aldarazi da, araubide errazagoa ezarri eta, aldi berean ere, alargunaren partaidetza handituz.

Kodegintzarako Batzorde Nagusiak proposatu zituen eraldaketa horiek guztiak. Eurok egiteko arrazoiak eta beroriek jorratzen dituzten gaiak oso desberdinak badira ere, guztiak batera arautu dira, bi helburu hauek betetzeko asmoarekin: batetik, lege bakarra eginda, emaitzak sistematikoagoak izan daitezke, guztiak ere Kode Zibilaren artikuluetara bilduko direlako; eta, bestetik, arauak barreiaturik egon daitezen eragotzi da, zenbait kasutan testua luzatzea ezinbesteko gertatu arren.{Kontuan izan dira, berebat, eraldaketaren ondorioak, hala ukitutako gaiei zehatz-mehatz dagozkien artikuluen gain, nola Kode Zibil osoaren gain. Horrela, lege honen testuan artikulu asko aldatu dira, eta aldaketaren arrazoia izan da artikulu horiek harmonizatzea legeak dakartzan berrikuntzekin.

Aurreko mendean egindako kode zibil guztietan, arreta handiagoa jarri zen arazo ekonomikoetan edo ondare-arazoetan, arazo pertsonaletan baino.{Aipatu gai bakoitza jorratzean, lege hau arazo pertsonalez arduratu da batez ere, ezkontza-askatasunari zor zaion errespetua sendotu, adoptatuaren egoera juridikoa hobetu eta emakumearen gaitasunari jarritako muga jakin batzuk ezabatzeko.{Zernahi gisaz, ondare-arazoak ez dira baztertu, horiek arautzea ere nahitaezkoa delako; betiere, lehentasuna eman zaie pertsonaren balioei. Erraz atzeman daiteke eraldaketaren irizpideak eta arlo pertsonalean hartutakoak bide beretik doazela.

Lehenengoa.- Konkordatuaren aplikazioak eragina du, bereziki, Kode Zibilaren I. liburuko IV. tituluan, hau da, ezkontzari buruzko tituluan.

Aurrenik, aspaldiko zalantzak ezabatu behar dira; hots, argitu beharra dago ezkontza zibilik egin daitekeen ala ez, ezkongaietako bat bakarrik katolikoa denean.{Eraldaketapeko 42 eta 86. artikuluetan, argi eta garbi ezarri zen ezkontza zibilaren ordezko izaera.{Hortaz, nahiko da ezkongaietako bat katolikoa izatea, ezkontza kanonikoaz bestelako ezkontza-mota guztiak baztertzeko.{Beste modu batera esateko, ezkontza zibila onartzeko, ezkontide bat ere ez da katolikoa izan behar, eta hori frogatzea nahitaezkoa da beti.

Kode Zibilaren 42. artikuluari beste idazkera bat eman zaio. Ondorenez, ezkontzaren xedapen orokorrei buruzko kapituluaren lehenengo eta bigarren ataletako idazpuruetan, «ezkontzaren formak » adierazmoldearen ordez, «ezkontza- motak» esamoldea jarri da, teknikaren ikusmoldetik azken hori egokiagoa izan daitekeelako.{Horrela saihestu egin da harako terminologiak ekar zezakeen arriskua: ezkontza zibila eta ezkontza kanonikoa parekatzea. Azken hori sakramentua denez gero, parekaketa, berez, okerrekoa da.

Ezkontza kanonikoari buruzko 75. artikulu berriak bere testuaren barruan hartzen ditu, dela gaur egun indarrean dagoen zuzenbide kanonikoa, dela gerogarrenean eman daitekeena. Horrekin, Elizaren legegintza-eskumena aitortu da ondorio horietarako.

Seme-alaba adingabe eta adin nagusikoen ezkontza jorratzen duten arau zibilei dagokienez, konkordatuaren azken protokoloko B) idatz-zatiak, konkordatuaren 23. artikuluarekin bat eginez, honako hau adierazten du: arau zibilak harmonizatu behar dira Zuzenbide Kanonikoari buruzko Kodearen 1034 eta 1035. artikuluekin.

«Harmonizatu behar dira» adierazmoldeak, zalantzarik gabe, ez du aipatzen bi antolamenduen artean bihar-etzi izan daitekeen kontraesana. Aitzitik, esamolde horrek berez dakar gaur egun indarrean dauden arau zibilak berrikusteko beharra.

Bestalde ere, seme-alaba adingabeek euren gurasoen edo horien ordezkoen lizentzia izan behar dute ezkondu ahal izateko. Lizentziaz denaz bezainbatean, bateratu nahi izan dira gurasoei zor zaien errespetua -horrek balio baitu seme-alabek oharkabean egin ditzaketen ezkontzak saihesteko- eta ezkongaien askatasuna.{Hori aintzakotzat hartuta, lege zibilak ez du erregela zehatzailerik eman behar, Elizarentzat ezkontza hori zilegitasun osoz egin bada.{Batasuna ez da zilegia izango, beraz, kasu hauetan bakarrik: seme-alabak adingabeak izanik, gurasoei iritzia eskatzen ez zaienean edo horiek, arrazoi zuzena dela eta, proiektaturiko ezkontzaren aurka jartzen direnean.{Azken finean, ordinarioak erabaki behar du zentzuzko arrazoirik dagoen ala ez, gurasoek ezezkoa eman dezaten.

Ezkontza zibilaren kasuan, eta Fiskaltzak esan beharrekoa entzun eta gero, entzutegiko lehendakariari dagokio baimena ematea; baimen hori lizentziaren parekoa da, baldin eta lehendakariaren ustez bidegabea izan bada lizentzia hori emateko ahalmena nork izan eta horien ezezkoa.

Lizentziaren betekizuna ez betetzeak zilegitasunik eza dakar ezkontza kanonikoetan nahiz zibiletan. Dena den, zilegitasun ez horren ondorio zibilak berrikusi eta, horrekin batera, zehapen batzuk baztertu dira, oso gogorrak izan daitezkeelako eta seme-alaben kristau-askatasuna murriztu dezaketelako ezkontza egiteko unean.

Hala ere, ez dirudi bidezkoa denik aholkuaren betekizunari eustea, seme-alaba adin nagusikoak ezkontzen direnean.{Eskakizun hori ezabatzea konkordatuak berak eratortzen du nabariro; ondorio bera atera daiteke atzerriko legerietatik ere, gehienek ez baitute aholkua jasotzen, legezko betekizunen artean.

Eraldaketak ematen duen aukeraz baliatuta murriztu eta bigundu dira 45. artikuluaren bigarren eta hirugarren paragrafoetako debekuak.{Kasu horiek seme-alaba adingabeen kasuekin duten antzekotasuna kontuan harturik, badirudi zuzena dela bi-biontzat antzeko erregelak ematea.

1333 eta 1340. artikuluetan ere, aldarazpenak egin dira; aldarazpenok beharrezkoak dira, lizentziaren ondoreak eta 49. artikulu berriak aipatzen duen baimenaren ondoreak parekatzeko.

80. artikuluak adierazi besterik ez du egiten ezkontza-kausak Elizaren eskumenekoak direla eta Elizak kausa horiek definitzeko eskumena duela, deuseztasun, banantze, ezkontza rato eta burutugabearen barkatze, eta paulotar pribilegioaren aplikazioan. Hala ere, artikuluak ez du zehazten zer-nolako prozedura bete behar den kausa horietan.{Bide beretik, 82. artikuluak, eskakizun kanonikoei men eginez, Elizaren jurisdikzioak emandako epai eta ebazpen irmoen ondore zibilak arautzen ditu.

Antolamendu kanonikoaren eta zibilaren arteko kontraesanak gatazkarik eragin ez dezan, 71 eta 73. artikuluak eraldatu dira. Horien arabera, ezkontzaren deuseztasuna edo banantzea zein auzitegiren eskumenekoa izan, eta auzitegi horrek seme-alaben zaintzari buruz dekretatzen duena bete behar da. Halaber, arrazoi bereziak agertzen direnean, epaile zibilak zuhurtziara joka dezake, kasuan kasuko ezaugarriei hobeto egokitzeko.{Aiurri berean, hiru urteko seme-alabei lehen ematen zitzaizkien ondoreak orain zazpi urtekoei ematea erabaki da, horixe ondorioztatzen duelako Kode Zibilaren aldarrikapenetik bizi izan den esperientziak.

Horrekin batera, Kode Zibiletik dibortzio esamoldea eta horren eratorri guztiak ezabatu nahi izan dira. Horretarako, artikulu jakin batzuk eta atal batzuen idazpuruak orraztu besterik ez dira egin; horrez gain, xedapen orokor baten bidez, Kode Zibil osoan «dibortzio » hitzaren ordez, «banantze pertsonal » esamoldea jarri da.

Beren beregi aitortu zaio Elizari ezkontza kanonikoaren gaineko eskumena. Hori egin eta gero, estatuak ezkontza horren ondore zibilak arautu baino ez ditu egiten. Ondoreok sortzen dira ezkontza kanonikoa egiten den unetik. Zernahi den ere, Erregistro Zibilean egindako inskripzioa nahitaezkoa da, konkordatuaren azken protokoloan ezarritakoaren arabera.

Ezkontza kanonikoa Erregistro Zibilean inskribatzeari dagokionez, sistemarik harmonikoena lortu nahi izan da, aldi berean bi helburu hauek erdiesteko: batetik, Elizako agintaritzak independentzia izatea, ezkontza egiteko kontuetan; eta, bestetik, ezkontza hori Erregistro Zibilean inskriba dadin ziurtatzea.

Eraldaketaren asmoa izan da konkordatuaren adierazpenak Kode Zibilean ahalik eta zehatzen islatzea. Orobat, trabak ezabatu nahi izan dira, halakoak jarri izan zaizkionean ezkontzako ondore zibilen aitorpenari; horregatik, gaur egun, inskripzioak bakarrik baldintzatzen du aitorpen hori.

Beren beregi azpimarratu izan den bezala, ezkonberrien eginbeharra da Erregistro Zibileko inskripzioa eragitea. Horrez gain, inskripzio hori eska dezaketen pertsonak izendatu dira.{Bestalde, aipatu baino ez da egiten zein zehapen ezarri behar zaien inskripzioa eragin edo egin behar duten gizabanakoei eta funtzionarioei, erruz zein arduragabekeriaz jokatu eta inskripziorik egiten ez badute. Ez da zehazten, ostera, zeintzuk izango diren zehazpen horiek, hori ez baita Kode Zibilaren eginkizuna.

Konkordatuak ez du ezer esaten sakramentu- aktarik ez dagoen kasuetarako. Legeak, hutsune hori betetzeko, konponbide bat eman du: sakramentu-aktaren ordez, Elizako agintaritzak emandako ziurtagiria erabil daiteke, antzeko kasuetan eta aurretiaz ere irizpide berbera aplikatu izan delako.

78. artikulu berria aurrekoaren ildotik doa, baina testutik erregela berezia ezabatu da, orain hori bidezkoa ez delako; erregela berezi horrek ondore zibilen aitorpena arautzen zuen, «in articulo mortis» egindako ezkontza kanonikoari dagokionez.

Bere horretan dirau kontzientzia-ezkontzei buruzko erregistro bereziak. Edonola ere, testu berrian, erregistro horren berezitasunak harmonizatzen dira ezkontzei buruzko arauketa orokorrarekin.

Bigarrena.- Kode Zibilean eragina izan zuten, izan ere, garai hartan nagusi ziren joerek. Hori dela eta, Kode Zibilak profil eta ondore mugatuekin arautu zuen adopzioa.{Horrela, bi ahaidetasun- multzotan sartu zituen adoptatuak, eta ez zuen nabarmendu batarenganako edo bestearenganako lotura.{Horregatik, askiez gertatu da orain arte indarrean egon den lege-antolamendua. Askiez hori nabariagoa izan da, bertan behera utzitakoen adopzioa gehitu den heinean. Halako umeen kasuan, ez dago sorkuntzari berez dagokion afektibitate-loturarik, eta horrek berez dakar adopzio-hartzailearen eta adoptatuaren arteko harremanak sendotzea, harremanok elkarrekin bizitzearen ondorioz sortzen baitira. Harreman horietan, dena den, bada arrisku bat: familia naturalak, berari dagozkion eginbeharrak bete ez arren, eginbehar horiekin batera azaltzen diren eskubideak alega ditzake, eta, horrela, adopzioak eratorritako afektibitatea eten ahal da, eta adoptatua gera daiteke bere heziketarako balio izan duten familiatik eta gizarte-ingurunetik kanpo.

Eraldaketaren abiapuntu gisa finkatu da adopzio osoaren eta adopzio erdi osoaren arteko bereizketa.

Adopzio osoa abandonaturiko eta bertan behera utzitako umeei erreserbatu zaie bete-betean.{Terminologia horrek, beharbada, arazoak sor ditzake, ez baitira ahantzi behar berrikuntzek hasierako uneetan ekar ditzaketen eragozpenak.{Dena den, beste termino batzuek ere, besteak beste, «harrera», «afiliazio», «umeordetze» adierazmoldeek, euren berezko esangura dute, eta horien erabilera ere nahasgarria izan daiteke adopzioaren alorrean.

Adoptatzeko adina txikiagotu egin da, gutxieneko muga hogeita hamabost urtetan ezarriz. Esperientziak erakutsi du gehiegizkoa zela Kode Zibilak berrogeita bost urtetan ezarritako muga.{Adopzio- hartzaile eta adoptatuaren artean gutxienez izan behar den urte-aldeari dagokionez, alde hori hamabostetik hemezortzira handitu da, horixe baita praktikak erakusten duena.{Adopzio-hartzaileen inguruko debekuek aldaketa hau besterik ez dute izan: debeku horien artean sartzen dira, seme-alaba legitimoak edo legitimatuak ez ezik, odoleko seme-alabak ere bai, euren seme-alabatasuna aitortu bada.

Adopzioari buruzko kapituluan bertan, egokitzat jo da adopzio horrek adopzio-hartzaileari guraso-ahala ematea, hori berori delako guraso-ahalaren ondoriorik ohikoena.

Legearen zehaztugabetasuna agerian geratu da, bereziki, oinordetzaren arloan; izan ere, adopzio-eskrituran jasotako hizpaketak baliozkoak dira, «jaraunslea izendatzeko betebehar» diren heinean. Halako betebeharren izaera anbiguoa da oso. Agidanez, formula horren helburua izan da oinordetza-itunen gaineko debekuari eustea, debeku horrek Kode Zibilean bertan salbuespenak izan arren.{Adierazmoldea, nolanahi ere, ez da izan batere egokia, eta, horren ondorioz, jurisprudentziak behin baino gehiagotan argitu behar izan du zeintzuk diren haren norainokoa eta edukia.{Lege honen xedea da, beraz, gai korapilatsu hori ahalik eta zehatzen arautzea.

Adopzio-hartzailearen eta adoptatuaren arteko loturak eragina izan behar du, babes-erakundeei buruzko arauketaren gain, arauketa horretan berebiziko garrantzia baitute guraso eta seme-alaben arteko harremanek. Testuan behar bezala zehaztu behar da adopzio-hartzaileak adoptatuari begira eta azken horrek aurrekoari begira eginbehar eta eskubide batzuk izatea, halakoak baitituzte gurasoek eta seme-alabek elkarrekiko. Horrela, beste behin ere, azpimarratu egin da adopzio bidezko seme-alabatasun harremanek eta naturaren araberako seme-alabatasun harremanek elkarrekin duten antzekotasuna.

Adopzioak egonkortasun handiagoa izan behar du; izan ere, adopzioak gizabanakoen egoera eta izatea ukitzen ditu barne-barnetik, eta, ondorenez, nahasgarri gerta daiteke adopzioaren indarraldia interesdunen borondatearen menpe geratzea, borondate hori alde bikoa izan zein alde bakarrekoa izan.{Pisuzko arrazoi horiek kontuan harturik, adopzioa ezeztaezina dela adierazi da.{Edozein modutan ere, onar daiteke adopzioa aurkaratzea arrazoi bereziak izanez gero; arrazoi horiek epaileak balioetsiko ditu, adoptatuaren adingabetasuna edo ezgaitasuna bitartean Fiskaltzak hala eskatzen badu, edo adoptatuak berak hori eskatzen badu, adin-nagusitasuna lortu edo ezgaitasuna desagertu eta hurrengo lau urteetan zehar.

Salbuespenez, bertan behera utzitakoaren edo abandonatuaren kasuan, aitak edo amak bere seme edo alabaren adopzioa aurkara dezake, adoptatuaren egoera dela-eta gurasoen adostasuna ez bada nahitaezkoa izan.{Dena den, eta zentzuzkoa denez, aitak edo amak aurkaratzea egiteko legitimazioa izango du, baldin eta egiaztatzen badu ez duela ezelako errurik izan bertan behera uzte edo abandonu horretan. Egitezko inguruabar hori, bertan behera uztean nahiz abandonuan, ez da sarritan gertatuko, eta, horregatik, ez da ezerezean geratuko adopzio-loturak izan behar duen aurkaezintasuna.

Adopzio osoa itxuratzean, adopzio-lotura sendotu da, zuhurtziak hori ahalbidetu izan duen neurrian.{Horrela, antzekoak dira modu osoan adoptatua izan denaren egoera juridikoa eta semeak edo alabak gurasoari begira duena.{Hala ere, adoptatuak, nahiz eta modu osoan adoptatua izan, berez ez du eskuratzen adopzio-hartzailearen seme-alaba legitimoek duten izaera.{Beste gauza bat da, ordea, guztiz errespetagarriak izatea adopzio-hartzailerik gehienek egiten dituzten ahaleginak, bertan behera utzitako umeak seme-alaba legitimoen moduan bizi daitezen, behin adopzioa gauzatu eta gero. Halako ahaleginak goresgarriak dira, eta, ondorenez, halakoak ahalbidetzeko formulak antolatu behar dira. Azken finean, arrazoi larrien ondorioz hori bidezkoa denean, ez da oztopatu behar adopzio-egoera ikertu eta egiaztatzea.

Agidanez, adopzio osoaren helburua da adopzioak sortzen duen familia-egoera, nolabait, gurasotasun legitimoak sortzen duenarekin parekatzea. Horregatik, adopzio-hartzaileak ezkontide izan behar dira, eta bi-biok batera gauzatu behar dute adopzioa. Adopzio osoak sortzen duen lotura sendoaren ondorioz, komeni da adopzio-mota hori seme eta alabarik gabeko bikote ezkonduei erreserbatzea, eta, horrez gain, ia gauza ziurra izatea bikote horrek ez duela inoiz ere semerik ez alabarik izango.{Horretarako, nahitaezkoa da, batetik, erregela orokorra betetzea, hau da, adopzio-unean seme-alaba legitimoak edo odoleko seme-alabak halakotzat aitortuta ez egotea, eta, bestetik, bikoteak gutxienez bost urte ezkonduta eramatea.{Horrekin saihestu egin dira ezkontzaren hasierako uneetan itsumustuan egin daitezkeen adopzioak. Zernahi gisaz, ezin da sekula ere baztertu adopzioaren ondoren seme-alabak jaiotzea; alabaina, legegileak arautu behar dituen kasuetatik gehienetan lor daiteke harako helburua.{Ildo berean, aintzakotzat hartu beharreko arrazoiek bultzatu dute alargunak adopzio osoa burutu ahal izatea.

Ez da komenigarritzat hartu adopzio osoa umezurtzen kasuan erabiltzea. Umezurtzen kasuan, adopzio erdi osoa erabil daiteke, abandonatuen edo bertan behera utzitakoen kasuan adopzio osoa erabiltzen den bitartean.

Adopzio osoan, adopzio-hartzaileak eta adoptatuak eurei dagozkien jarauntsietan zein leku betetzen duten jakiteko, nahiko da odoleko seme-alaba aitortuek eta horien seme-alabatasuna aitortu duten gurasoek betetzen duten lekua ikustea, guztiak ere berdinak baitira.{Dirudienez, adopzio osoaren ondoriozko eskubide eta betebeharrek antzekotasuna izan beharko lukete seme-alabatasun legitimoaren ondorioz sorturiko eskubide eta betebeharrekin, ez, ordea, odoleko seme-alabatasunaren ondorioz sorturikoekin.{Izan ere, jatorrizkoa zenbat eta hobea izan, hainbat eta hobea izango da jatorrizkoaren kopia. Nolanahi ere, konponbide horrek sendoago egingo luke adopzio bidezko lotura, naturaren araberako seme-alabatasunak eratortzen duena baino.{Hori dela eta, adopzioak oinordetza- zuzenbidearen gainean dituen ondoreak arautzeko orduan, guztiz parekaturik geratu dira modu osoan adoptaturiko umea eta odoleko seme-alaba aitortua, hala oinordetza legitimoan, nola nahitaezko oinordetzan.

Adoptatuak odol bidezko loturak ditu naturaren araberako ahaideekin, eta, ondorenez, interes-gatazkak sor daitezke ahaide horien eta familia adopzio-hartzailearen artean. Interes-gatazkok konpontzea da, hain zuzen ere, adopzioari buruzko lege-arauketak duen zailtasun nagusia.{Adopzio osoaren kasuan eman beharreko konponbidea, nahitaez, erro-errokoa izan behar da; bestela, ezin izango dira eragotzi naturaren araberako familiak familia adopzio-hartzailearen esparruan jar ditzakeen abusuzko oztopoak.{Bide horretatik, adopzio osoaren betekizunak modu hertsian arautu izan dira, eta, orobat, bertan behera uztean edo abandonuan inolako errurik izan ez duten gurasoei aukera eman zaie, adopzioa aurkaratzeko. Bi datu horiek justifikatzen dute gerogarrenean adopzio osoaren eragingarritasuna erro-errotik arautzea.{Ondorenez, adopzio-hartzailea hiltzeko unean adoptatua adingabea bada, guraso-ahala azkendu egiten da.{Adoptatuaren aurrekoei eta albokoei ez zaie deitzen tutoretza legitimora.{Deituen kopurua nabariro murrizten denez gero, adopzio-hartzaileak ez badu testamentu bidez ezer xedatu tutoretzarako deiaren inguruan, sarritan gertatuko dira epaiketa bidez Familia Kontseilua eta tutoretza datiboa izendatzeko kasuak.{Legegileak adoptatuaren ahaideei kendu dizkie halako ahaide izateagatik berez tutoretzaren antolaketan legozkiekeen eginbeharrak edo ahalak. Dena den, legegileak ez ditu ahaideok baztertu ordezko dei horietatik; izatez, gizabanako guztiak dira ordezko deietarako egoki. Kasuan kasuko inguruabarrak aintzakotzat harturik, dei horiek askatasun zabalarekin egingo dira, eta, horrela, pertsonarik egokienak aukeratuko dira, familia batekoak izan nahiz bestekoak izan, edo bi horietakoak izan ez arren.

Adopzio erdi osoaren eraldaketa mugatua izan da. Egin-eginean ere, antzekoak dira Kode Zibilak onartu eta arautzen duen adopzio-mota bakarra, eta adopzio erdi osoa.{Zernahi gisaz, hutsune batzuk bete eta zenbait zalantza argitu behar dira, lege-testuaren aplikazio praktikoak horiek guztiak nabarmendu baititu.

Adopzio oso eta erdi osoaren arteko bereizketak berez ekarri du, argitasunaren mesederako, hiru ataletan zatitzea Kode Zibilaren lehenengo liburuko zazpigarren tituluaren bosgarren kapituluko artikulua. Atal horietatik lehenengoak jasotzen ditu bi adopzio-motei aplikatu beharreko xedapen orokorrak; bigarrenak, adopzio osoari buruzko manu bereziak; eta, hirugarrenak, adopzio erdi osoari buruzkoak.

Hirugarrena.- Emakumeak orokorrean duen gaitasun juridikoari buruz, lege honek gogoan izan du jarraiko printzipioa: naturaren arabera eta gizartean bertan ere, sexuak berez ezin du tratu-desberdintasunik eragin, zuzenbide zibilaren arloan. Ustezko desberdintasun hori oinarri moduan hartuz, ezin da inondik inora ere emakumearen gaitasuna mugatu, emakume horrek harreman juridikoetan parte hartzen duenean.{Hori dela eta, egokitzat jo da Kode Zibilak egiten zituen salbuespenak berrikustea, eta, horren ondorioz, emakumeari gaitasuna aitortzea, testamentuetan lekuko izateko eta babes-karguetan aritzeko.{Hala ere, bigarren puntu horretan hobetsi da eskubide gisa aitortzea emakumeak babes-karguak betetzeko duen gaitasuna, eta eskubide horren desenkusa onartzea emakumeak inolako arrazoirik azaldu gabe.

Sexuak, berez, ez du desberdintasunik eragin behar, eta, are gutxiago, tratu juridiko-zibilaren inguruko desberdintasunik. Modu berean ere, oinarrizko printzipiotzat hartu da hurrengoa: familia erkidegorik barnekoena eta funtsezkoena da eta, ondorenez, familiak ezin du desberdintasunik sortu. Edonola ere, familiak desoreka organikoak sor ditzake, beraren barruan kide bakoitzak bete behar dituen egitekoak kontuan harturik. Horretara, eta zuzenbide naturalarekin bat etorriz, familiak behar bezala bete ditzake bere ardurapean jarritako helburu moralak eta gizarte-helburuak.{Hortaz, emakume ezkonduak egoera berezia du ezkontza-sozietatean. Ezkontza- batasunak dituen eskakizunei helduta, ezkontideetako batek zuzendaritza- ahala izan behar du, eta naturak, erlijioak eta historiak betidanik eman izan diote ahal hori senarrari. Sistema horretan, bada, tradizio katolikoaren esangura zintzoki jaso da; izan ere, tradizio katolikoak eragin ditu orain arte, eta eragin beharko ditu gerokoan ere, ezkontideen arteko harremanak.

Luze eta zabal aztertu da bigarrenez ezkondutakoak izan behar duen guraso-ahala. Auzi horretan, hurrengoa aukeratu da: babes-eginbeharrak bete behar dituzte naturaren arabera eginbehar horien titularrak nortzuk izan eta gizabanako horiek.{Horren ondorioz, aita edo ama berriz ezkontzen bada, ezkontza horrek ezin dio guraso-ahalari kalterik egin, nahiz eta ezkontza hori hemezortzi urtekoak baino nagusiagoak diren seme-alaben emantzipaziorako arrazoia izan.

Senarraren agintaritza-printzipioari ekinez, senarraren lizentzia beharrezkoa da, emakumeak babes-karguak bete ditzan.{Zentzuzkoa denez, lizentzia hori nahitaezkoa da senarrak hori emateko gaitasuna duenean bakarrik. Behin emakumeak babes-kargua baliozkotasunez onartu eta gero, eginkizunaren izaerak berak baztertzen du emakumea kargutik enkaitzea, lizentzia ezeztatzearen ondorioz.

Bide beretik ere, eraldaketa prestatzeko, zehatz-mehatz aztertu da irabazpidezko sozietatearen gaia. Horren ondorioz, formula berezia antolatu da bi helburu hauek erdiesteko: batetik, sistema ekonomiko edo ezkontza-sistema horren oinarrizko printzipioei eustea, sistema bera ezinbestekotzat jo izan den heinean; eta, bestetik, emakumeari ahalmen berriak eratxikitzea, ezkontza bitartean irabazpidezko ondasunak xedatu eta kargatzeko aukera izan dezan.

Sistemari kalterik egin gabe, sendoago babestu behar dira emakumeak irabazpidezko sozietatean dituen interesak. Ildo horretatik, emakumearen adostasuna nahitaezkoa izan behar da, ondasun higiezinak edo merkataritzako establezimenduak xedatzeko. Era berean, epaileak kautelazko neurriak har ditzake, halako interesak babesteko, senarrak arduragabekeriaz jarduten duenean.{Irizpide horri kritikak egin dakizkioke, ondasun higigarriekin osaturiko ondareek ere garrantzi ekonomiko handia izan dezaketelako. Hori gorabehera, egokitzat hartu da eraldaketa aurretiaz esandakoetara bideratzea. Horrela, xedatze-egintzetan bi ezkontideen esku-hartzea nahitaezko izateak eragozpenak ekar diezazkioke trafiko juridikoari; baina eragozpen horiek ahalik eta gehien mugatu dira.{Bestalde, gogoan izan da ondasun higiezinek kasu guztietan ez dutela balio ekonomikorik handiena; gehienetan, ordea, familiaren bizitzak aurrera egiten duen neurrian, ondasun higiezinei lotuta agertu ohi dira erabilera- eta afekzio-balioak. Halaber, familiak duen bizimoduaren erakusle izan, eta, ondorenez, etxeko ekonomiaren euskarri gerta daitezke, bete-betean, merkataritzako establezimenduak.

Doktrinaren esanak eta praktikaren irakatsiak aintzakotzat harturik, bidezkotzat jo da Kode Zibilaren 68. artikuluko xedapenak berrikustea. Arean ere, horiek osatzen duten estatutu juridikoa ez da nahiko familiaren egoera latz eta gogorrei aurre egiteko, halakoak sortu direnean banantze- edo deuseztasun-demanda jarri aurretik.

Bestalde, ezkontideen eskubideak eta interes legitimoak ziurtatu nahi izan dira, eta horien artean, emakumearenak bereziki, horrenak baitira kalterik handiena izaten dutenak. Hori egitean, kontuan izan dira seme-alaben interesak, seme-alabok baitira familiaren ezkontza-oinarria krisian dagoenean salbatu beharreko ondasunik preziatuenak.

Ezarri neurriak bi taldetara bil daitezke. Talde horietako bat osatzen dute guztiz behin-behineko neurriek, hau da, aurretiazko neurriek. Neurriok izen hori hartzen dute demanda jarri baino lehenagokoak direlako. Dena den, euren eragingarritasuna baldintzaturik dago, eta baldintza da prozesuko jarduna epe jakin batean gauzatzea. Bigarren taldea osatzen dute demanda onartzearen osteko neurriek; horiek dira behin-behineko neurriak, esangura hertsian.{Neurri horiek guztiak ezartzean, harmonizatu nahi izan dira arauketa zehatza izatearen abantailak eta epailearen erabakimen zabala. Erabakimen hori erabili beharra dago honako kasu hauetan: epaileak zuzenean atzematen dituen inguruabar zehatzak oso bereziak izateagatik, inguruabarrok egundoko eragina izan behar dutenean epaileak hartutako erabakian. Edozelan ere, logikoa denez, erabakia beti egokitu behar zaio kasuan-kasuan lortu beharreko helburuari.

Emakumearen oinordetza-eskubideak berrikustean, alargunaren oinordetza- eskubideak zabaltzeko aukera aztertu da, alargun horren sexua edozein izanik ere.

Eraldaketak alargunaren oinordetza- eskubideak ukitu ditu, alarguna senipartedun den ginoan.{Bere horretan dirau alargunari senipartedun gisa ondasunen gainean dagokion gozamenak. Orokorrean, eskubide horren zenbatekoa handitu egin da, alargunak familiaren barruan betetzen duen egoera ekonomikoa sendotuz.{Aurreko arauketa, zenbait kasutan, konplexuegia zen, eta hori saihestu beharra dago. Neurri berean ere, eragotzi behar da seme edo alaba gehiago izateak jarauntsiaren hartzekoan ezari-ezarian eragin dezakeen murrizketa; izan ere, seme eta alaba asko izateak, ziur asko, ezkontzako bizimoduan egindako sakrifizioak erakusten ditu, eta horrek berez dakar bihar-etziko beharrizanak ere gehiago izatea.{Bestalde, foru-zuzenbideak gai honetan eskuzabalagoak eta zuzenagoak direla uste izan denez, Kode Zibilaren eta foru-zuzenbide horien arauketak behar beste hurbildu behar dira, identifikazioa osoa ez bada ere.

Horren arabera, eta Espainiako Gorteek egindako proposamenarekin bat etorriz, jarraikoa xedatu dut:

1. artikulua. Kode Zibilaren hurrengo artikuluek idazkera hau izango dute: […]

2. artikulua. Lehenengo liburuaren laugarren tituluko atalen idazpuruetatik ondoren aipatuko direnek idazkera hau izango dute:

Lehenengo kapituluko lehenengo atalak: ezkontza-motak.

Lehenengo kapituluko bigarren atalak: bi ezkontza-motei buruzko xedapenak.

Lehenengo kapituluko bosgarren atalak: ezkontzaren deuseztasunak eta ezkontideen arteko banantzeak sortzen dituzten ondoreak.

Hirugarren kapituluko laugarren atalak: banantzea.

3. artikulua. Lehenengo liburuaren zazpigarren tituluko bosgarren kapitulua hiru ataletan zatituko da:

Lehenengo atala: xedapen orokorrak; horren barruan sartuko dira 173. artikulutik 177.erakoak, bi horiek barne.

Bigarren atala: adopzio osoa; atal hori osatzen dute 178 eta 179. artikuluek.

Hirugarren atala: adopzio erdi-osoa; horren barruan 180. artikulua bakarrik sartzen da.

4. artikulua. Kodearen testuan, «dibortzio» esamoldearen eta horren eratorrien ordez, modurik egokienean erabili behar da «banantze pertsonal» adieraz-moldea.

5. artikulua. Indarrik gabe geratzen da 1941eko urriaren 17ko Legea, Bertan Behera Utzitakoen Etxeetan eta beste ongintza-etxe batzuetan Harrerapeko direnen Adopzioari buruzkoa, lege horren zazpigarren artikuluan ezarritakoa salbu.

1958ko uztailaren 17ko Legea, gizarte-aseguru eta lan-mutualismoak direla-eta kotizazioetan izandako zorpekoen ondoriozko kredituak lehenespenekoak direla adierazi duena («EAO», 171. zk., 1958ko uztailaren 18koa)

Gizarte-aurreikuspenerako nahitaezko sistema guztietan, egundoko garrantzia du horien baliabide ekonomikoei buruzko arazoak. Baliabide horietatik gehienak kotizazioaren bidez lortzen dira. Hurrean ere, enpresek aldizka kotizazioak ordaintzen dituzte, bai berezko ekarpen gisa, bai langileek kotizazio horretan duten partaidetza gisa; azken kasu horretan, langileei euren ordainsarietan kenkari egokiak egin behar zaizkie. Kotizazio horiek dira, hain zuzen ere, sistemaren euskarri.

Edonondik begira dakiola, maiz-sarri kotizazio horietan zorpeko-egoerak sortzen dira, eta zorpeko horiek ezin dira ordaindu, batik bat, konkurtso-prozeduretan; izan ere, zorpeko horien ondoriozko kredituak pilatzen badira enpresa zordunen aurkako beste kreditu batzuekin batera, Espainiako legeriak ez die inolako pribilegiorik edo lehenespenik aitortzen zorpekoen ondoriozko kredituoi. Horrekin kalte larriak egiten zaizkie gizarte-aurreikuspenerako araubide nahitaezkoei, horien diru-sarrerak nabariro gutxitzen direlako. Diru-sarrerak gutxitzean, ageriko arriskua sortzen da, araubideon etekinak behar bezala erabil daitezen. Horrek berez dakar benetako kalteak eragitea etekin horiek jaso behar dituzten langileei. Are gehiago, zenbait kasutan, langile horiek zenbait eskubide gal ditzakete. Hori guztia, zalantzarik gabe, saihestu beharra dago.

Horregatik, Lan Ministerioak ohartarazi eta Kodegintzarako Batzorde Nagusiak erabaki duenarekin bat etorriz, hutsune hori bete behar da, eta, horretarako, Kode Zibilean eta Merkataritza Kodean aldarazi behar dira gai horren inguruko artikuluak.

Horrenbestez, eta Espainiako Gorteek egindako proposamenarekin bat etorriz, honakoa xedatu dut:

1. artikulua. Kode Zibilaren 1924. artikuluko bigarren paragrafoaren D eta E tartekaduren idazkera hauxe izango da: […]

Kode Zibilaren 1924. artikulu bereko bigarren paragrafoan, orain arte E eta F tartekadurak izan direnak aurrerantzean F eta G tartekadurak izango dira hurrenez hurren.

Uztailaren 21eko 49/1960 Legea, jabetza horizontalari buruzkoa (EAO, 176. zk., uztailaren 23koa)

ZIOEN AZALPENA

Orokorrean, antolamendu juridikoa ezin da ulertu, ezta ezarri ere, gizarte-errealitatearen eskakizunak aintzat hartu gabe, gizarte-errealitatea haren jasotzaile baita. Egitate hori areagotu egiten da, antolamendu juridikoak jabetza horizontalaren moduko erakundeak arautzen dituenean. Izan ere, erakunde horrek, azken urteotan, egundoko bizitasuna erdietsi du, nahiz eta arauetan oinarri guztiz urria izan, Kode Zibilaren 396. artikuluak bakarrik arautzen baitzuen erakunde hori.{Lege honen helburua da, beraz, egitateen gizarte- errealitateari erreparatzea.{Hala eta guztiz ere, lege honek ez ditu arau bihurtuko praktikatik lortutako datu guztiak; aitzitik, lege honen xedea zabalago eta sakonagoa da.{Alde batetik, antolamendu juridiko guztiek etorkizunerako joera dutenez gero, ez da nahiko gaur praktikan gertatzen dena berrestea; horrez gain, etorkizunean gerta daitekeena ere aurreikusi beharra dago.{Beste alde batetik, arau guztien abiapuntua eta hurbileko destinoa da gizakien arteko harremanak arautzea; horregatik, oso garrantzitsua da eskakizun zehatz eta historikoak aintzakotzat hartzea, bai eta bizitzaren gorabeherak gogoan izatea ere. Zernahi gisaz, ezin da ahaztu zein den arauen azken xedea, batez ere, zuzenbide positiboa zuzenbide naturalaren arabera ulertzen denean. Azken xede hori da, hain justu ere, elkarbizitzarako ordena bat lortzea, eta ordena horretan justiziaren ideia nagusi izatea. Justiziaren ideia horrek, bertute moral gisa hartuta, gainditu egiten ditu, hala egitateen errealitatea, nola legegilearen zehaztapenak; justiziak horiek guztiak mugatu eta orientatu behar ditu.

Egungo egunetan, oinarrizko gizarte- egitate batek egundoko eragina izan du, faktore iraunkor baten bitartez. Arean ere, eraikinak izateko beharrizana ezinbestekoa da, bai gizabanakoaren eta familiaren bizitzarako, bai eta oinarrizko jarduerak burutzeko ere; jardueron artean aipa daitezke, besteak beste, merkataritza, industria eta, orokorrean, lanbideetan aritzea.{Faktore hori, esan bezala, iraunkorra da, oinarrizko zibilizazioaren barruan, bizimodu eta elkarbizitzarako sistema orori baitatxekio. Faktore horrekin batera, bada beste faktore bat, hainbat zehaztapenek eragin dutena eta nabariro kanporatu dena. Egin-eginean ere, oso zail gertatzen da bizitzeko lokalak eskuratu, erabili eta lupertzea.{Estatuaren ekintzak egiazko egoera hori kontuan hartu du, eta konpontzeko ahaleginak egin ditu, hiru esparrutan. Esparruok, euren artean desberdinak badira ere, zuzen-zuzeneko loturak dituzte elkarrekin. Eraikuntzaren esparruan, estatuak eraikigintza suspertu du, zeharkako neurrien bitartez; eta, zenbait kasutan, estatuak berak, zuzen-zuzenean, enpresaren ardura hartu du bere gain. Errentamenduaren esparruan, estatuak sarritan berriztatu du errentamenduei buruzko legeria. Legeria horrek borondatearen indar autonomoa murriztu du, etxebizitzak eta negozio-lokalak baldintza errentagarrietan lupertu ahal izateko; horretarako, esku-hartzea eta berrikustea sustatu ditu, errentamenduen sistema horretan. Eta, jabetzaren esparruan, estatuak jardun du, batik bat, jabetza horizontal izenekoaren bitartez; jabetza horretan, titulartasuna eraikinaren espazio zehatz batzuetara mugatzen da.{Jabetza horizontalari buruzko arauketaren zergatia haren helburuan oinarritzen da. Helburu horren arabera, hiri jabetza erdietsi nahi da, horretarako kapital-inbertsio merkeagoak eginez eta, ondorenez, guztientzat errazago bihurtuz. Esan bezala, jabetza horizontala mugatu egiten da, norberaren beharrizanak asetzeko nahitaezkoak diren espazio eta osagaietara; eta, horregatik, pertsona askorentzat, jabetza horizontala hori lortzeko bide bakarra izan daiteke.{Gauzak horrela, jabetza horizontalari buruzko arauketa aitortu beharra dago. Baina, aitortzearekin batera, arauketa hori suspertu eta bideratu behar da, antolamendu oso eta eragingarria ezarriz.{Eskakizun hori areagotu egiten da, bestalde, hurrengoa ikusiz gero: hiri errentamenduei buruz indarrean dauden lege-xedapenak noizik behinkako konponbideak besterik ez dira. Xedapen horiek ez dute bete-betean konpontzen interes-gatazka. Jakina denez, errentamenduen erakundea indartzeko, jabetzari zama jasangaitza ezarri zaio. Haatik, eraikigintza sustatzeko neurriekin batera, jabetza horizontalari buruzko arauketa ondo antolatzen bada, egokiro egingo zaie aurre etxebizitzaren arazoei eta horrekin lotura duten beste arazo batzuei. Modu horretan jokatzeak ahalbidetzen du konponbide egonkorrak izatea. Horrek, bihar-etzi, mesede egingo dio errentamenduen arauketari berari, arauketa horrek ez baitu presazko eskakizunen presioa jasan beharko; ondorenez, liberalizatu egingo da, eta errazago beteko du gizartean eta ekonomiaren esparruan dagokion eginkizuna.

Legea, indarreko legeriaren eraldaketa baino gehiago, ex novo prestatuko antolamendua da; antolamendu horrek oso-osorik arautzen du pisukako jabetza.{Arauketa ezartzeko, lege orokorra onetsi da; lege hori, beraz, estatuaren lurralde osoan aplikatu behar da.{Antzeko kasuetan gertatzen den bezala, Kode Zibilaren 396. artikuluak jabetza-mota horren oinarrizko ezaugarriak jasotzen ditu eta, gainerakoan, igorpen-araua besterik ez da.{Legea, ordea, orokorra da, hori gomendagarria baita, legegintzazko politikaren arrazoi hau kontuan hartuta: legeak asebete nahi duen beharrizana lurralde osoan gertatzen da, modu berean. Horrekin batera, legegintzazko teknikaren arrazoi hau ere aintzakotzat hartu da: legearen ondoriozko xedapenak, erregelamenduetara heldu ez arren, batzuetan, oso-oso zehatzak dira, eta zehaztasun horrek gainditzen du Kode Zibilari berezko zaion izaera.

Jabetza horizontala antolamendu juridikoetan barneratu zen, ondasun-erkidegoaren modalitate gisa.{Alabaina, erakunde hori ezari-ezarian bilakatu den heinean, bilakaerak azpimarratu egin ditu jabetza horizontalaren zenbait ezaugarri, eta ezaugarri horiek erkidegotik aldentzen dute jabetza horizontala.{Ezaguna denez, 1939ko urriaren 26ko Legeak aldarazi egin zuen Kode Zibilaren 396. artikuluaren testua. Aldarazpenak, bide horretan, berebiziko aurrerakada eragin zuen. Hurrean ere, eraldaketak pisu edo lokalaren gaineko jabetza pribatibo edo berezia aitortu zuen; horren ondorioz, erkidegoa jabetza erantsia baino ez zen, osagai erkide izenekoetara mugatuta.{Legeak, horretarako, Kodeen Batzordean tentuz eta neurriz prestatutako materiala jasotzen du. Eta beste pauso bat emanez, jabetzaren bakoiztasuna ahalik eta gehien sustatu nahi du, objektuaren ikusmiratik behinik behin.{Legeak, helburu hori betetzeko, harremanen objektu horri, hau da, pisu edo lokalari, erantsi egiten dizkio eraikina bera, eta horri dagozkionak eta zerbitzuak.{Pisua, esangura hertsian, modu independentean aprobetxa daitekeen espazio mugatua da. Bada, pisu horren gainean, erabilera eta luperketa pribatiboak dira. Haatik, «ondasun higiezin»aren, eraikinaren, horri dagozkionen eta zerbitzuen gainean -espazio pribatiboak alde batera utzita-, erabilera eta luperketa horiek, zentzuzkoa denez, elkarrekin banatu behar dira. Eskubide batzuk eta besteak desberdinak dira, euren norainokoa kontuan hartuz gero. Zernahi gisaz, euren artean lotura banaezina atzematen da; lotura horri eutsi egiten zaio, baita xedatzeko ahalmenari dagokionez ere.{Ideia berbera oinarritzat hartuta, koefizientea edo kuota arautu da. Kuota jadanik ez da lehen osagai erkide izena hartzen zuten horien gaineko partaidetza. Aitzitik, kuota da pisuak eta horri lotutako guztiak, ondasun higiezin osoari begira, duten proportziozko balioa. Ondasun higiezina, beraz, pisu eta lokaletan zatitzen da, eta zatiketa hori, fisikoa eta juridikoa izateaz gain, ekonomikoa ere bada, frakzioak edo kuotak bereizten direlako.

Bakoiztasunerako joera horretan, ez da kezka dogmatikorik ikusi behar. Joera horretan, orobat, ez da ideologia indibidualistaren islarik ikusi behar, ezta hurrik eman ere.{Kontua da erakunde honek gizartean betetzen duen eginkizun hori ez ahaztea eta, horrekin batera, jabetza horizontalari buruzko arauketa sinplifikatu eta erraztea, ahalik eta egokien gauza dadin.{Lehen esan bezala, sistema ondasun-erkidegotik aldendu da. Aldentze hori aintzat hartuta, zentzuzkoa da, eta lasaigarria ere bada, eroslehentasun-eskubidea eta atzera-eskuratzeko eskubidea ezabatzea; 396. artikuluak, aitzitik, bi eskubide horiek aitortu zituen, bereizgarri batzuekin bada ere, orain arte indarrean egon den idatzaldi horretan.{Dena den, kasu horretan ere, legea gidatzeko arrazoia ez da oharbide teknikoa izan.{Erabakigarriak izan dira, ordea, bi gertaera hauek: alde batetik, ageriko esperientziak erakusten duen bezala, gaur egun estilo-klausula bihurtu da eskubide horiek baztertzea; eta, beste alde batetik, helburua ez da pisu edo lokalen gaineko jabetza pilatzea, baizik eta, alderantziz, horiek ahal den beste hedatzea.

Azterketa sakonak egin dira, bestalde, hala jabetza horizontalaren eraketari buruz, nola hori osatzen duten eginbehar eta eskubideen zehaztapenari buruz.{Gure egunok arte, eta honek badu oinarri historikorik, gai hori autonomia pribatuaren esku geratu da, ia erabat, lege-arauak izan ezean. Autonomia pribatu hori estatutuetan jasotzen da.{Nolanahi den ere, estatutuak sarritan ez dira izaten kontratugileen elkarrekiko zehaztapen askeak. Aitzitik, maiz-sarri, eraikigintza-enpresaren sustatzaileak ezartzen ditu estatutu horiek, praktikak orokor bihurtu dituen eredu zehatz batzuen arabera. Norbait jabetza horizontalaren araubidean sartzen bada, orduan estatutu horiei atxikimendua baino ez die emango.{Legeak, aldiz, arauketa berria ezarri du. Alde batetik, arauketa hori urria da berez -ekimen pribatuaren esku utzitako salbuespenak gorabehera-; baina haren helburua da, oinarrian, harreman-mota horiek arautu eta gobernatuko dituen sistema juridikoa eratzea. Beste alde batetik, legeak onartzen du, borondatearen ekimenez, zenbait eskubide eta eginbehar zehaztu, osatu eta aldaraztea, baldin eta aginduko zuzenbidearen arauak urratzen ez badira; aginduko zuzenbide horren arauak argiro-argiro atera daitezke legearen testutik.{Hori guztia dela medio, ez da nahitaezkoa estatutuak idaztea; alabaina, estatutuen eginkizuna izan daiteke lege-arauketa garatzea, eta arauketa hori kasuan kasuko eta egoera zehatzetako inguruabarrei egokitzea.

Jabetza horizontalaren arloan, eskubide eta eginbeharren sistema egituratzeko, aintzakotzat hartu dira arlo horrekin zerikusia duten interesak.

Lupertzeko eskubideen bitartez, titularrak objektua erabiltzeko gehieneko aukerak ditu. Horiek, alabaina, euren mugak dituzte, gainerako titularrek ere mota bereko eskubideak baitituzte eta interes orokorra nagusitu behar baita. Interes orokor horren eretzean, eraikina artatu behar da, eta jabetza horizontalaren araubideari eutsi behar zaio, horrek oinarri material eta objektiboa behar duelako.{Arrazoi berberaren ondorioz, lupertzeko eskubideei barne-barnetik lotuta, izaera bereko eginbeharrak ageri dira.{Eginbehar horiek itxuratzeko, zenbait irizpide erabili dira, eta irizpide horiek auzotarren arteko harremanetan oinarritzen dira. Ahaleginak egin dira, arauek ondokoa ziurta dezaten: norberaren eskubidea egikaritzeak ez dio kalterik egin behar inoren eskubideari, ezta talde osoaren eskubideari ere; horrela, elkarbizitza arrunt eta baketsuaren oinarriak ezarrita geratzen dira.

Lupertzeko eskubideak eta eginbeharrak arautzeaz gain, legeak ordainketa ekonomikoen ingurukoak ere arautu egin ditu. Halako ordainketak egitea titular guztiei dagokie, ordainketok instalazio eta zerbitzu orokorren ondorioz sortu direlako edo, bestela, eraikin osoaren gaineko zama edo zergak direlako.{Titular bakoitzak ordainketa horietan zein partaidetza izan behar duen jakiteko, oinarrizko irizpidea izan da lehen aipatutako kuota edo koefizientea, halakoa esleitzen baitzaio pisu eta lokal bakoitzari. Gainera, azpimarratu behar da, gastua sorrarazi duen zerbitzua erabili ez arren, horrek ez dakarrela betebeharretik askatzea.

Legearen berrikuntzen artean, garrantzitsuena izan da, beharbada, titularrei ezarritako eginbeharrak lotesleak izatea, eta izaera lotesle hori ahalik eta gehien indartzea. Hori gertatu da, dela apartamentuaren luperketari dagokionez, dela gastuen ordainketari dagokionez.{Gai horren inguruan indarrean dauden arau orokorrak aplikatuta, betebeharrak betetzen ez badira, epaiketa bidez akzioa erabil daiteke, haiek betetzea eskatzeko. Betetzea zehatza izan daiteke; horrek esan nahi du derrigortze bidez ezarriko dela borondatez bete ez dena. Osterantzean, betetzea gauza daiteke kalte-ordain egokia emanez.{Horiexek dira, beraz, betetzeari ezarri ohi zaizkion zehapenak. Zernahi gisaz, zehapenok eragingabeak izan daitezke, hemen aztertutako kasuetan, eta hori arrazoi desberdinen ondorioz gerta daiteke. Arrazoi horietako bati helduta, eginbeharra ez betetzeak ondorio oso kaltegarriak eragin diezazkioke pertsona askori, eta, gainera, jabetza horizontalaren jardunbidea oztopatzen du. Beste arrazoi bati erreparatuz, eta lupertzeko eginbeharrei dagokienez, askotan epaiketa bidez betetze zehatza ezartzea ezinezkoa da, betebeharra negatiboa delako. Eta kalte-ordainarekin ez da helburua lortzen, alegia, elkarbizitza harmonizatzea.{Hori guztia dela eta, zehatz-mehatz aipatutako inguruabarrak gertatzen direnean, epaiketa bidez pisu edo lokalaren luperketa kentzeko aukera dago. Horrekin batera, gastu erkideak ordainduko direla ziurtatzeko, pisu edo lokala kreditu horren ordainketari lotuta geratzen da; lotura hori, izatez, erreala da, eta kreditua, berriz, lehenespenekoa.

Eskubideen oinarrizko bakoiztasunari kalterik egin gabe, pertsona-talde bati dagokio eskubideen titulartasuna; titulartasun hori eraikin bereko frakzioen gainekoa da, eta, ondorenez, mendekotasun-harremanak sortzen dira titularkideen artean. Ondorenez, praktikan ezinbesteko gertatu da kudeaketarako eta administraziorako organoak sortzea.{Legeak kontuan hartu ditu esperientziaren irakatsiak une orotan; eta, gai horri dagokionez, are gehiago.{Horren ondorioz, bai eta arazo desberdinak kontu handiarekin aztertzearen ondorioz ere, hiru organoren esku geratu da jabetza horizontalaren araubidea ondo ibiltzea; organo horiek jarraikoak dira: batza, batzaren lehendakaria eta administratzailea.{Titular guztiek osatzen dute batza, eta batza horri zuzendaritzako organo kolektibo ororen eginkizunak dagozkio. Batza, nahitaez, urtean behin bildu behar da, eta, erregela orokor gisa, baliozko erabakiak hartzeko, beharrezkoa da zenbakien gehiengoak edo gehiengo pertsonalak eta gehiengo ekonomikoak erabakiaren aldeko botoa ematea. Salbuespenez, zenbait kasutan, gaiaren garrantzia dela eta, aho batekotasuna behar da; beste batzuetan, alderantziz, gaiak garrantzi handirik ez duenez gero, eta jabeen jarduerarik ezak erakundearen jardunbidea oztopa ez dezan, nahiko da bertara joan direnen gehiengo soila.{Lehendakaria batzako kideen artean aukeratu behar da. Lehendakari- karguak berarekin dakar titular guztiak, epaiketan nahiz epaiketatik kanpo, ordezkatzea; horrela, legitimazioaren arazo larria konpontzen da, arazo hori gertatu izan baita gure egunok arte. Eta, azkenik, administratzailea batzak izendatutako du, eta kargutik ken daiteke. Administratzailea ez da nahitaez batzako kide izan behar, baina beti jardun behar du batzaren menpe, eta zuzenean berari ezarri zaizkion betebeharrak bete behar ditu.

Bestalde, nolabaiteko malgutasuna aitortu da, ordezkaritzaz eta kudeaketaz arduratzen diren pertsonak gehiago edo gutxiago izan daitezen, kolektibitatearen garrantzia eta beharrizanak kontuan hartuta.

Bukatzeko, azpimarratu behar da ezarritako sistemaren ekonomiak ondorio interesgarriak dituela, Jabetza Erregistroan ere eragina duelako; horren ondorioz, hipoteka-legeria ere labur-labur aldatu behar izan da.{Argitasunaren eretzean, komenigarri izan da indarreko Hipoteka Legearen 8. artikuluari bi paragrafo gehitzea, laugarrena eta bosgarrena. Bi horiek onartu dute, lehenengo eta behin, eraikina oso-osorik inskribatzea, jabetza horizontalaren araubidearen mendeko; eta, aldi berean, pisu edo lokala finka independente gisa inskribatzea, erregistroan bere folioa izanik.

Bestalde, 8. artikulu horren laugarren paragrafoak jabetza horizontala eratzeko ohiko hipotesia jasotzen du. Hipotesi horretan, titular batek eraikina egiten du, eta eraikin horren destinoa da, hain zuzen ere, eraikina pisuka besterentzea. Paragrafo berberak beste kasu bat jasotzen du, hori gutxiagotan gertatzen bada ere. Kasu horretan, eraikinak zenbait jabe ditu, eta ahaleginak egiten dituzte, elkarrekin ados jarrita, indibisioa bukatzeko; osterantzean, eraikina egiten dute, ab initio, eraikin hori euren artean banatzeko eta, horrelako, apartamentu edo frakzio independenteen jabe berezi bihurtzeko.{Salbuespenez, eta idazkunak errazteko asmo berberak bultzatuta, onartzen da apartamentu horiek euren titularrei adjudikatu eta, aldi berean, adjudikazio hori inskribatzea, baldin eta titular guztiek hori eskatzen badute.

Eta 8. artikuluko bosgarren paragrafoak onartzen du pisu edo lokal bakoitzarentzat folio autonomo eta independentea sortzea, baldin eta aurretiaz inskribaturik badaude ondasun higiezina eta jabetza horizontalari buruzko araubidearen eraketa.

Horren bitartez, eta Espainiako Gorteek egindako proposamenarekin bat eginez, hauxe xedatu dut:

LEHENENGO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Kode Zibilaren 396. artikuluak idazkera hau izango du: […]

Lege-testu beraren 401. artikuluari honako lerrokada hau gehituko zaio: […]

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa

Lege honek jabeen erkidego guztietan eraenduko du, erkidego horiek sortzeko unea eta euren estatutuen edukia edozein izanik ere; estatutu horiek ezin izango dira aplikatu, lege honetan ezarritakoaren aurka.

Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratzen denetik zenbatuta, bi urteko epean, jabeen erkidegoek euren estatutuak egokitu beharko dituzte, lege honetan ezarritakoaren arabera, lege honen manuekin bat ez datozen neurrian.

Bi urte igarotakoan, jabeetatik edozeinek epaiketa bidez eragin dezake xedapen honetan jasotako egokitzapena, 16. artikuluaren 2. paragrafoan aipatutako prozeduraren bitartez.

Bigarrena

Egungo estatutuetan solairuen arabera moldaturiko jabetza kasuetan, eroslehentasun-eskubidea eta atzera-eskuratzeko eskubidea ezarri badira jabeen mesederako, orduan eskubide horiek aldatu direla ulertuko da, eta, aldaketaren ondorioz, eskubideok eragingarritasunik gabe geratu direla; salbuespenez, batza berriz biltzen bada eta, batza horretan, gutxienez, titularren 100eko 80 ordezkatzen duten jabe gehienak ados badaude, orduan eroslehentasun-eskubide eta atzera-eskuratzeko eskubide horiei eutsi ahal zaie, erkidegoaren kide direnen mesederako.

AZKEN XEDAPENA

Indarrik gabe geratuko dira lege honetan ezarritakoaren aurkako xedapenak.

Uztailaren 4ko 7/1970 Legea (Estatuko Burutza), Kode Zibilaren I. liburuko VII. tituluaren V. kapitulua aldarazi duena, adopzioari buruzkoa («EAO», 161. zk., 1970eko uztailaren 7koa)

Kodegile deituriko garai historikoan, hainbat kode zibil egin ziren. Horietatik gehienek aspaldi ordeztu dute eurok ezarritako adopzio-araubidea.{Espainian, hori berori egin du 1958ko apirilaren 24ko Legeak, zelanbaiteko atzerapenarekin bada ere.{Dena den, ezin esan daiteke hutsegitea izan dela hamar urteren buruan lege hori berriro aldarazi behar izatea; garai hartan argi zegoen Kode Zibilaren testu zaharra ordeztu behar zela, baina eraldaketa horren mugak eta norainokoa ez zeuden hain garbi.{Zalantza horien ondorioz, pentsatu zen biderik egokiena aurrerapena eta zuhurtasuna uztartzea zela.{Horren adierazgarririk nabariena izan zen bi adopzio-mota bereiztea: osoa eta erdi osoa (lege honek adopzio soil deitzen duena). Lehenengoan, nabariro indartu zen adopzio-hartzailearen eta adoptatuaren arteko lotura juridikoa, egoera hori eskuratzeko aukera murriztuz. Adopzio soilean, berriz, aurkakoa gertatu zen: adopzioa lortzeko askatasun handiagoa eman zen, eragingarritasun juridikoa txikiagotuz; egin-eginean ere, eragingarritasun hori jatorrizko adopzio-erakundeak zekarrena bezainbestekoa zen.

Zuzenbidea eratzeko prozesua modu harmonikoan ulertuz gero, ezin albora daitezke legearen estimazio kritikoa eta, batik bat, horren aplikazioak dakartzan arazoak.{Besteen iritzi arrazoitua kontuan hartu behar da ahal den ginoan.{Horrekin batera, oso garrantzitsua da esperientzia ere.{Sarri askotan, esperientziak argi eta garbi erakusten ditu hausnarketarik arretatsuenak antzeman ezin ditzakeen errealitateak.{Horrenbestez, legegilearen zeregina, egungo egunean, legeak egin eta berrikustean datza, eta zeregin horretan ezin ahantz daiteke arauak bizitzan bertan nahiz jendarteko iritzian duen eragina.

Legearen ardatz nagusia izan da adopzio-lotura erraztu eta sendotzea.{Helburu hori 1958ko Legean agertu zen lehenengoz, eta izugarrizko berrikuntza izan zen 1889. urteko gida-lerroak kontuan hartuta. Egungo berrikuntza, aldiz, ez da garai hartako norabidea aldatzea, ezpada orduan hasitako ildoei ekin eta, emeki-emeki, ildo horiek zabaltzea.

Legeak I. liburuaren VII. tituluko V. kapituluaren artikulu-banaketari eutsi dio, hiru atal bereiziz. 1958ko Legean ez zen egitura hori bete-betean errespetatu, baina bai lege horrek Kode Zibillaren baitan izan zuen proiekzioan. Lehenengo atalean, xedapen orokorrak jaso dira nolabaiteko zabaltasunarekin; gainerako bi ataletara bildu dira adopzio- mota bakoitzaren manu bereziak.{Zenbakiak aldatzean nahastea sor zitekeenez gero, ahalegin berezia egin da aurreko artikuluen kopuruari eusteko, horretara komenigarriago izango ziratekeen mugak gainezkatu badira ere.{Lehenengo atalari dagokionez, egokitzat jo da azalpenaren hurrenkera alderanztea, eta, begi-bistako arrazoiak direla bide, adopzioaren eraketari buruzko arauak jarri dira horren ondoreei eta azkentzeari buruzkoen aurretik.

Bestalde, 1958ko eraldaketaren bidez nagusiarazitako bi adopzio-motak aitortu ditu legeak.{Horretara, legea bat dator atzerriko legeria anitzek oraintsu izandako eraldaketekin, hala nola, Frantzian 1966an eta 1967an egindako eraldaketarekin, eta Portugalen 1966an, Italian 1967an eta Belgikan 1969an eginikoekin. Espainiako legegileak, nolanahi ere, aurrea hartu bide die eraldaketa horiei; are gehiago, esan daiteke eraldaketok eragin dituela.{Terminologiaren alorrean, legeak «oso» adierazmoldeari eutsi dio, ondorerik gogorrenak dakartzan adopzioaren kasuan. Beste adopzio-motari dagokionez, legeak bazter utzi du «erdi oso» terminoa; izan ere, gramatikaren aldetik termino hori zuzena da, baina garrantzi txikiko adopzioa adierazten omen duenez, adopzio-mota hori mesfidantzaz ikus daiteke. Hori dela eta, harako adierazmoldearen ordez, legeak «adopzio soil» esamoldea aukeratu du, bete-betean onartzeko modukoa izan ez arren, bestea baino egokiagoa delakoan.

Ildo beretik, proposaturiko testuak ahalbidetzen du adopzio soila adopzio oso bihurtzea. Aurreko testua abiapuntutzat hartuta, aukera hori hasieran zalantzazkoa izan arren, azken buruan adoptatuarentzako onuraren irizpidea nagusitu da.{Horrenbestez, adopzio soilaren xedea honako hau da: adopzio osoa eratzeko betekizunak gauzatu ezin direnean, adopzio-fase bat betetzea, eta, behin betekizunok gauzatu eta gero, adopzio oso bihurtzea inolako etenik gabe.

Adoptatzeko gaitasuna arautzean, legeak argiro-argiro erakusten du erraztasunak eman nahi dituela erakunde hori erabil dadin. Horretarako, legeak adopzio-hartzaile izateko adina gutxitu du, orain hogeita hamar urte behar direlarik; adin hori bat dator zuzenbide konparatuarekin, baita gaur egun dagoen erraztasunarekin ere, ondorengoak izateko ezintasuna aurretiaz atzemateko.{Gai hori arautzen duen manuari tartekadura bat gehitu zaio, eta tartekadura horrek hurrengo ondorioa dakar: ezkontideek eginiko adopzioaren kasuan, nahiko da horietako batek hogeita hamar urte izatea. Alde horretatik, adopzio osoa malgutu da, hori ondorioztatzen baitu ezkontzaren inguruko interes- eta helburu-batasunak.{Adopzio-hartzailearen eta adoptatuaren arteko adin-aldeak ere aurrekoaren antzeko zuzenketa izan du; alde hori, orain, hamasei urtekoa izan behar da.

Adoptatzeko debekuen alorrean, legeak aurreko joerari ekin dio, debekuok murriztuz.{Batetik, zenbait pertsonaren inguruko debekuei eutsi zaie, hain zuzen ere, erlijio-estatutua dela-eta ezkondu ezin daitezkeen pertsonen debekuei. Bestetik, jadanik ondorengoak dituztenen gaineko debekua ezabatu da.{Azken ezabatze horrek zuzenbide erkidea eta Kataluniako zuzenbidea hurbiltzen ditu; izan ere, Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazio Bereziaren arabera, Kataluniako zuzenbidean ez dago ondorengoen inguruko debeku izenekorik.

Halaber, ildo esku-emaile horren barruan koka daiteke norberaren odoleko seme-alaba aitortuen adopzioa.{Gai horrek eztabaida sutsuak piztu ditu doktrinan.{Nolanahi den ere, honako bi inguruabar hauek kontuan hartu behar dira: bata, ezkontide batek bestearen seme-alabak adoptatzea bidezkotzat jo da (odolekok barne); bestea, antolaketa berrian, seme edo alaba adoptatuaren estatutu juridikoak onurabide nabariak barneratu ditu. Hori guztia dela medio, egokitzat jo da norberaren odoleko semeari edo alabari ez kentzea onuragarri izan dakiokeen zerbait.{Horrez gain, proposaturiko arau hori sar daiteke odoleko seme-alabatasuna duintzeko joera zabalaren barruan.

Adopzio-egintzaz denaz bezainbatean, ez da aldarazpen garrantzitsurik egin. Adopzioa adostasuneko egintza formala da, eta egintza horrek jarraiko osagai eratzaileak behar ditu: adoptatzeko borondatea, epailearen baimena eta eskritura publikoaren egilestea.{Adostasunari dagokionez, on izango litzateke ñabardura batzuk egitea.{Proposaturiko arauketan, hiru adostasun-gradu edo -maila bereiz daitezke.{Aurrenik, oinarrizko adostasuna dago, eta, halakorik izan gabe, ezin da adopziorik eratu. Oinarrizko adostasun hori da adopzio-hartzailearen eta hamalau urtekoa baino nagusiagoa den adoptatuaren artekoa.{Zentzuzkoa denez, epaileak ez du ahalmen erabakitzailerik, pertsona horien adostasunaren aurka edo halako adostasunik ez dagoenean.{Hurrenik, adostasun-mota berezi batzuk agertzen dira, berbarako, ezkontide batek ematen duena (adopzioa bi ezkontideek batera egiten ez dutenean), adingabearen gurasoek emaniko adostasuna, eta, azken buruan, tutorearena. Teknikaren aldetik, kasu horiek guztiak adostasunezkok izan beharrean, baieztekoak izango lirateke; zernahi gisaz, Kode Zibilak ez duenez jaso hitzaren adiera berezi hori, uste izan da irtenbiderik egokiena hitz hori baztertzea izan daitekeela.{Gorago aipaturiko kasuotan, adostasuna edo baiezkoa eman behar duenari ezin bazaio zitaziorik egin, edo, zitazioa egin ondoren, pertsona hori bertaratzen ez bada, epaileak adopziogaiari gehien komeni zaiona erabakiko du.{Adostasunaren azken gradu edo maila ondoko pertsonek osatzen dute, eta eurek esan beharrekoa entzun behar da: hamalau urtekoa baino gazteagoa den adopziogaiak; guraso- ahalik gabeko aitak edo amak, ahal hori kendu edo aldi baterako eten zaionean; eta, azkenez, adopziogaiaren zaintzaz arduratu behar den pertsonak.{Halako kasuetan, epaileak erabakitzeko ahalmen oso-osoa du, ezinezkoa bada pertsona horiei zitazioa egitea, zitazioaren ondoren pertsonok bertaratu ez badira, edo pertsona horiek adopzioaren aurkako iritzia badute.

Aurreko legean, abandonaturiko adingabearen egoera bertan behera utzitakoaren egoerarekin batera arautu zen; lege honetan, eta adopzio osoaren ondore hertsiei dagokienez, harako egoera modu zabal eta zehatzagoan ulertu da, xedapen orokorren esparruan.{Proposaturiko testuak gaingiroki azaltzen du abandonaturiko adingabearen kontzeptua, bertan behera utzitako umearen erakunde zaharkitu eta gutxiesgarrira jotzeko beharrizanik gabe.{Esperientziak eskaintzen dituen datuak abiapuntutzat hartu, eta datuok medikuntza-babesa duten irizpideekin batu ostean, ulertu da, adingabeari babesik handiena eskaini nahi izanez gero, komeni dela egoera horren inguruko epeak laburtzea. Hortaz, adingabea bertan behera utzi dela joko da, egoera horrek sei hilabete baino gehiago badirau.{Horretara, adoptatua adinik onenean adoptatzea ahalbidetzen da, alde batetik, adoptatu horrek lehenago jaso dezakeelako adopzio-hartzailearen jagotza, eta, bestetik, adoptatu horrek ez duelako nabarituko beste adinetan nahitaez atzematen den aldaketa.

Legeak jurisdikzio arruntari ematen dio eskumena, bertan behera utzitakoen egoera atzeman eta adierazteko.

Arau orokor gisa, legeak parekatu ditu seme-alaba adoptatuak eta seme-alaba legitimoak. Hori egitean, munduan barrena zabal dabilen joerari eutsi dio, hain zuzen ere, adopzio-hartzaileen ohiko gogoak dakarren joerari. Horrez gain, parekatze hori egitean, legeak adopzioaren erakundea indartu du. Zernahi gisaz, arau orokor horrek badu esanbidezko salbuespenik, batik bat, oinordetzaren eremuan.

Egungo egunean, iraganean bezala, adopzioa arrazoi doi-doien ondorioz bakarrik azken daiteke, eta, arrazoi horiei helduta, ahaleginak egin dira euren kutsu murrizgarria azpimarratzeko.{Horrexegatik, oinarrizko printzipio juridiko gisa ulertu behar da artikulu egokiaren hasieran aldarrikatzen den ezeztaezintasuna.{Bestalde, aurreko legearen testuan hauxe ezarri da: odoleko seme-alabatasuna aitortzeak edo legitimatzeak ez du ukitzen adopzioa. Horrez gain, proiektuak arau horren barne sartu du seme-alabatasun legitimoaren froga.

Adopzio osoari dagokionez, bi arauek berebiziko garrantzia eta eragina izan dituzte, aldarazitako antolaketaren ikusmira aldatu baitute. Lehenengoaren ariora, hamalau urtekoak baino gazteagoak diren adingabeak adopta daitezke, baita hamalau urtekoak baino nagusiagoak direnak ere, zenbait kasutan. Bigarren arauaren ildotik, adoptatuari eta adopzio- hartzaileari eratxiki zaizkie, hurrenez hurren, seme edo alaba legitimoaren eta gurasoen egoera juridikoak.

Bi arau horietan datza, hein handi batean, proiektuaren kutsu aurrerakoia.{Arean ere, hamalau urtekoa baino gazteagoa den adingabea adopta daiteke, nahiz eta adingabe hori bertan behera utzitakoa izan ez; are gehiago, adingabea bertan behera utzi denean, ez da beharrezkoa gurasoen adostasuna.{Taxu berean, adopta daiteke hamalau urtekoa baino nagusiagoa dena ere, eta, horretarako, ez da beharrezkoa umeordetzearen erakunde nahasgarrira jotzea.{Aitzitik, nahiko da pertsona hori adopzioaren aurretik adopzio-hartzailearekin bizitzea; inguruabar hori bete ez arren, nahiko da adoptatuak familia-loturak izatea adopzio-hartzailearekin.

Adoptatuari eta adopzio-hartzaileari seme edo alaba legitimoaren eta gurasoen oinordetza-egoera eratxikitzean, proiektuak onurarik mesedegarriena ezarri du, adopzio-lotura errazteko.{Testamentu bidez, seme edo alaba adoptatuak ezin du jaso gutxien jaso duen seme edo alaba legitimoak baino gehiago; agindu hori ez da benazko muga, baizik eta parekatze hertsiaren zuzeneko ondorioa. Halako agindurik ezarri ezean, parekatze hori gainezkatu egingo litzateke.{Edozein kasutan ere, seme edo alaba adoptatu bakarraren kasuan, erregela hori malgutu egin behar da nolabait.

Azken buruan, esan behar da lege-aginduz Erregistro Zibilak ez duela ezer argitaratuko adoptatuaren seme-alabatasunari edo jatorriari buruz. Hori ezarri eta gero, legeak egokiagotzat jo du, hitzez-hitzezko ziurtagiriak luzatzeko eskubidea arautu beharrean, igorpena egitea Erregistro Zibileko xedapenetara. Erregistro horrek irizpide zeharo murrizgarria erakutsi du, eta kasuak doi-doi jaso ditu, batik bat, azken eraldaketaz geroztik; kasuon artean, adopzioa aipatzen da, 1958ko apirilaren 24ko Legeak Kode Zibilean ezarritakoa baino era murritzagoan.

Adopzio soilaren araubideari dagokionez, esan daiteke araubide horretara xedapen orokorrak bakarrik bildu direla; adopzio osoari buruzko xedapenak, ordea, ezin daitezke aplikatu. Horrez gain, araubide horren zuzeneko edukia nahiko urria da.{Arau zehatzen artean, hauxe gailen dezakegu lehenengo lekuan: seme-alabatasunak eratorritako abizenen ordez, adopzioak erakarritakoak hartzea ahalbidetu da modu zabalean, baita batzuk eta besteak batera erabiltzea ere.{Eskrituran ezer itundu ezean, erregela subsidiarioa da norberaren abizenei eustea.{Bigarren erregela garrantzitsua oinordetza- eskubideei buruzkoa da.{Oinordetza-itunaren sistema askiez eta konplexua gaindituz, eta adopzio soilaren alorrean, legeak zenbait eskubide aitortu dizkie seme-alaba adoptatuei; eskubideok zeharo esanguratsuak eta orain arte adopzio osoaren inguruan emandakoak baino hobeak dira.

Adopzioaren araubidea aurrerakoi, onuragarri eta gizarte-asmoekin bateratzeko modukoa denez, komenigarritzat jo da araubide hori ez eratzea etorkizunari begira bakarrik. Horrela, xedapen iragankor egokia dela medio, aurreko adopzioak lege-araubidea berriari egokitzea ahalbidetu da, betiere beharrezko eduki-betekizunak eta betekizun formalak gauzatzen direnean.

Horrenbestez, eta Espainiako Gorteek onetsitako legearekin bat etorriz, jarraikoa sendetsi dut:

Artikulu bakarra. Kode Zibilaren I. liburuko VII. tituluaren V. kapituluak idazkera hau izango du: […]

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau indarrean jarri aurretik eginiko adopzioak honen xedapenei egokitu ahal izango zaizkie, baldin eta adopzio horiek legean ezarritako betekizun eta formalitateak gauzatzen badituzte; kasu horretan, oinordetza-itunik izanez gero, itun hori ondorerik gabe gera daiteke.

Uztailaren 22ko 31/1972 Legea (Estatuko Burutza), Kode Zibilaren 320 eta 321. artikuluak aldarazi, eta Prozedura Zibilaren Legeko 1880. artikuluaren 3. paragrafoa eta 1901. artikulutik 1909.erakoak indargabetu dituena («EAO, 176. zk., 1972ko uztailaren 24koa)

1. artikulua. Kode Zibilaren 320 eta 321. artikuluek idazkera hau izango dute: […]

2. artikulua. Indarrik gabe geratu dira Prozedura Zibilaren Legeko 1880. artikulua, eta 1901. artikulutik 1909.erakoak, bi horiek barne. […]

Martxoaren 17ko 31/1973 Oinarri-Legea (Estatuko Burutza), Kode Zibilaren atariko titulua aldarazi duena («EAO», 69. zk., 1973ko martxoaren 21ekoa)

Garai kodegile deiturikoan prestatze- prozesu luzea burutu eta gero, Kode Zibilaren hur-hurreko jatorria 1888ko maiatzaren 11ko Oinarri Legea da. Lege hori Kodegintzarako Batzorde Nagusiak garatu zuen, horrela behin betiko lege-testua lortuz.

Garai hartako legegileak, zeregin horren zailtasunak jakinik, ez zuen nahi egindako lana betiereko eta aldaezin izaterik; hori aurrerapenaren eta esperientziaren aurkakoa izango litzateke. Hori dela eta, zabalik utzi zituen ateak, kodea gerogarrenean eraldatu ahal izateko. Legegileak aldizkako berrikuspenen prozedura ezarri zuen, eta, xedapen gehigarrien aginduz, ondokoek hartu behar zuten parte berrikuspen horietan: Auzitegi Gorenak, Justizia Ministerioak eta Kodegintzarako Batzorde Nagusiak.

Hortaz, bide ezin hobea ezarri zen, lege-testu garrantzitsua eguneratuta egon dadin. Edonola ere, arrazoi desberdin eta ezagunen ondorioz, bide horrek ez du inolako eragingarritasunik izan egundaino. Hori gorabehera, errealitateak geroago legeria oparoa eratorri du, eta legeria horrek aldarazpen sakabanatuak eta, sarri askotan, sakonak, egin ditu Kode Zibilean.

Orain proposatzen den eraldaketa ez da aurrekoak bezalakoa. Aitzitik, eraldaketa honek atariko titulua ukitu, eta, antolamendu juridikoaren barruan, duda-mudarik gabe orokorra den sektorea aldarazten du.

Ondorenez, kontuan hartu behar da kontzeptu antolatzaile gehienak zeharo teknikoak direla, eta Kode Zibilaren osotasun organikoari begirunea zor zaiola. Hori gogoan izanik, uste izan da on izango litzatekeela berori egiteko prozedura zehatza erabiltzea. 1942ko uztailaren 17an Gorteek emaniko lege eratzailearen 10. artikuluak ezarri du prozedura hori, i) idatz-zatian, eta bat dator kodegintza-garaian erabilitakoarekin. Halaber, prozedura hori ezartzean gogoan izan da harako legearen hirugarren xedapen gehigarrian agindutakoa, edo horren espiritua behinik behin.

Laburbilduz, eraldaketa bi motatako arrazoiek eragin dute.

Alde batetik, abiapuntutzat hartu dira Zaragozan zuzenbide zibilaren inguruan egin zen kongresuko ondorioak; ondoriook 1947ko maiatzaren 23ko Dekretuak jaso ditu. Hortik abiatuta, konpilazioak egin dira, Espainian aldi berean indarrean zeuden araubide zibil desberdinen gainean; izan ere, konpilazio horiek lehenengo fasea osatzen dute, Espainiarentzat kode orokorra lortzeko prozeduraren baitan.{Behin konpilazio-lana burutu eta gero, erregioen arteko gatazkak arautzeko agindua bete behar da.

Bestalde, atariko tituluaren arauak hobetu daitezke, horien oinarrizko gida-lerroak aldatu gabe. Horretarako, bide hauetatik edozein erabil daiteke: indarreko lege-testuan egun zirriborraturik bakarrik agertzen dena osatzea; testu hori doktrinarik ospetsuenari nahiz Auzitegi Gorenaren jurisprudentziari egokitzea; edota nazioarteko itun eta hitzarmenak kontuan hartzea, arauok lurrraldean izan beharreko eragingarritasunari dagokionez.

Oinarri-lege honek bost artikulu barneratzen ditu: lehenengoan, eta Estatuari buruzko Lege Organikoaren 51. artikuluaren aginduz, Gobernuari eskuordetza ematen zaio, horrek Kode Zibilaren atariko titulua aldaraz dezan.{Ohartarazi behar da eskuordetza ez dela eskuespen soila, baizik eta zinezko eskuordetza teknikoa; bestela esanda, Estatuari buruzko Lege Organikoaren babespean, Gobernuak estatuburuari bidal diezaioke atariko tituluaren testu artikuluduna, horrek «lege-indarrarekin» berori sendets dezan.{Nabari denez, xedapenaren garrantzia dela eta, horrek hierarkia-lerrunik gorena behar zuen.

Hirugarren artikuluak dioenez, testu artikuludunak egungo atariko tituluaren artikulu-kopuru bera izan behar du, baina kapituluka antolatuta.{Kode Zibilak lehenengo hamasei artikuluetan gai oso desberdinak arautzen dituenez, indarreko testuak duena baino antolaketa sistematikoagoa lortu behar da.

Hari berari segiz, 4. artikuluak ezarri du Gobernuak urtebeteko epea duela testu artikuluduna argitaratzeko; horren inguruan esan behar da epe hori zuhurtasunez ezarri dela, garatu beharreko gaia zeharo zail eta kontuzkoa baita.

Duda-izpirik gabe, atariko titulua oso-osorik berrikusteak ekarriko du Kode Zibilaren zenbait manu zuzendu behar izatea, hain zuzen ere, berrikuspen horrek zuzenean ukitzeagatik, atariko tituluaren testu berriarekin harmonizatu beharreko manuak.{Horren ondorioz, 5. artikuluak hurrengoa xedatu du: urtebeteko epean, Gobernuak Gorteei aurkeztu behar die proiektu egokia.

2. artikulura zazpi oinarri bildu dira, eta oinarriok izan behar dira atariko titulu berriaren testu artikuludunerako gida-lerroak:

Oinarri guzti-guztiak ondokoari buruzkoak dira: orain arte indarrean egon diren manuek araututako gaiei buruzkoak -horiei begira, argitasunak eta datu osagarriak gehitu nahi izan dira-, edota orain arlo berritzat arautu diren gaiei buruzkoak.{Azken horien artean, azpimarra daitezke arauen interpretazio eta integrazioaren garapenari buruzko aurreikuspenak, baita zenbait printzipio orokorren esanbidezko aitorpena ere; halako printzipioak dira, besteak beste, onustea, eskubideaz abusatzea debekatzen duen printzipioa, eta lege-maula zehatzeko printzipioa (barne legearen aurkako maula izan zein nazioarteko legearen aurkakoa izan).{Zinez, nolabaiteko orokortasuna datxekio araugintza gauzatzeko oinarrien bideari; hala ere, gehiegizko abstrakzioak eta anbiguotasunak saihestu nahi izan dira, lege-testu hau abiapuntu ziur eta zehatza izan dadin, artikuluen edukia moldatzean.

Horrenbestez, eta Espainiako Gorteek onetsitako legearekin bat etorriz, jarraikoa sendetsi dut:

1. artikulua. Estatuari buruzko Lege Organikoaren 51. artikuluaren arabera, Gobernuari eskuespena ematen zaio justizia-ministroaren proposamena jaso eta Kode Zibilaren atariko titulua aldaraz dezan, hurrengo artikuluetan xedaturikoa beteta.

2. artikulua. Atariko tituluaren idazkera honako oinarri hauei egokitu behar zaie: […]

3. artikulua. Aurreko oinarrien edukia modu sistematikoan antolatuko da kapituluetan; halaber, eduki hori garatuko da egungo atariko tituluaren artikulu- kopuru berarekin.

4. artikulua. Kode Zibilaren atariko tituluaren testu artikuluduna urtebeteko epean argitaratuko da, lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean sartzen denetik zenbatuta.

5. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritako epe berean, Gobernuak lege-proiektua aurkeztu behar die Gorteei, eta proiektu horretan Kode Zibilaren zenbait manu eraldatuko dira, aldarazpena dela-eta manu horiek atariko tituluaren testu berriarekin harmonizatu behar direnean.

Maiatzaren 31ko 1.836/1974 Dekretua (Justizia), Kode Zibilaren atariko tituluaren testu artikuluduna lege-indarrez berronetsi duena («EAO», 163. zk., 1974ko uztailaren 9koa)

Atariko tituluaren eraldaketak bi fase izan ditu. 1973ko maiatzaren 17ko Oinarri Legeak lehenengo faseari buru eman zion, eta bigarrena ireki zuen. Bigarren fase hori testu artikuludun honen argitalpenarekin amaitzen da.{Esan behar da bi faseotan, goraipatzeko moduko lana gauzatu duela Kodegintzarako Batzorde Nagusiak, kasuan kasuko xedapenak prestatu eta proposatuz.{Historiari helduta, erakunde hori jaio zen Espainiako antolamendu juridikoaren sektore garrantzitsuenen kodegintza burutzeko; baina, kodegintza lan hori amaitu eta gero ere, haren zereginak beti izan dira komenigarri eta justifikatuak. Egin-eginean ere, kodeek ezin geldiaraz dezakete zuzenbidearen eraldaketa-prozesua, eta, kodeok eguneratuta eduki ahal izateko, tresna egokia izan behar da.

Urteak igaro ahala, kontuzko aldarazpenak izan ditu Kode Zibilak. Kodean bertan jasotako agindua da hamar urterik behin berrikuspenak egitea.{Agindu hori osorik bete ez bada ere, aldizka, eta, batik bat, azken urteotan, aldaketa eta ukitu ugari izan ditu lege-testuak. Aldaketok ez dute aldarazi testuaren osotasuna, baina ahalbidetu dute testu horren egitura gizarte-errealitatearen norabideekin bat etortzea.{Nolanahi ere, eraldaketarik garrantzitsu eta eragingarriena hauxe da, beraren emaitza atariko titulu berria baita.{Titulu horrek aurreko manuetatik batzuei eutsi badie ere, proportzioz askoz gehiago izan dira berak egindako berrikuntzak, bai gaien arauketari begira, bai horien eraketari begira.{Ondorenez, lehenengo zati horretan, Kode Zibila luzeago bihurtu da.{Gainera, aurreko hutsuneak bete dira, ikerketa zientifikoari eta jurisprudentziaren interpretazioari esker.{Horrez landa, Kodeak erdietsi du lehen ez zuen banaketa sistematikoaren harmonia.

Atariko titulu honen abiapuntua Oinarri Legearen aginduek osatzen dute. Arean ere, lege horrek zehazten ditu, hala eraldaketaren norainokoa edukiaren aldetik, nola eraldaketa hori Kode Zibilean sartzeko modua eta hori betearazteko epea.{Faktore horiek guztiek norabideak adierazi eta aukerak mugatzen dituzte; zehatzago, edukiaren eraldaketak oinarriak garatu eta sistematizatu ditu.{Dena den, agindutako xede orokorra adierazten duten esamolde horiek, formaren aldetik, berdinak dira; baina, egite-mailaren ikusmiratik, eraldaketa ekarri duen legeak lerrun desberdineko arauak jaso ditu.{Batzuk egiazko manu gisa eratu dira. Beste arau batzuek, aldiz, zenbait erakunde, egoera edo ondore bildu eta balioesteko agintzen dute, agindu horien arauketa xehea eman barik. Edozelan ere, bigarren mota horretako esamolde edo aginduek kontuan izan beharreko irizpidea zehazten dute, xehetasun handiago edo txikiagoarekin.

Desberdintasun horiek direla eta, gai jakin batzuetan, atariko tituluaren testu artikuludunak modu egokian katalogatu baino ez ditu egin aurreko arauak.{Bestelako gaietan edo horien alde batzuetan, ordea, testu horrek xehetasun handiarekin garatu ditu oinarriak, aginduzko manuak eratu arte; manu horiek zuzenean aplika daitezke, bai Zuzenbidea nahita betetzean, baita epaileek euren erabakiak hartzean ere.

Bestalde, antolaketa sistematikoa egiteko agindua bete nahian, testu artikuludunaren eduki osoa kapituluetan zatitu da. Kapituluok ondokoei buruzkoak dira, hurrenez hurren: zuzenbidearen iturriei, arauen aplikazioari, arauon eragingarritasunari, nazioarteko zuzenbide pribatuaren arauei, eta Espainian aldi berean dauden araubide juridiko zibilei buruzkoak.{Gaien banaketa horren bidez, ezin zen aldatu eraldaketak ukituriko hamasei artikuluen kopurua. Kopuru horri eutsi bazaio ere, aurreko testuaren edukia modu nabarian zabaldu da, eta, ondorenez, artikulu gehienek Kode Zibilean ohikoa ez den neurria dute.{Hortaz, komenigarritzat jo da artikuluak paragrafoetan zatitzea eta, paragrafoon aurretik, zenbaki bat jartzea, identifikazioa eta aipamena errazagoa izan daitezen.{Zalantzarik gabe, artikuluen kopurua gehitu izan balitz, nahasmendu handiagoa sortuko zatekeen, izendapen osagarri ezitxurosoak egin beharko ziratekeelako bikoiztasuna saihesteko.

Gaiaren garrantzia eta lehentasun-arrazoiak direla medio, Kode Zibilaren atariko titulua hasten da antolamendu juridikoaren iturriei buruzko arauketarekin. Testu artikuludunak zuzenean aipatzen ditu iturriok, izaera eta esangura horrekin, eta ez du, beraz, zeharkako aipamenik egiten, auzitegiek arau horiek nola aplikatu behar dituzten azaltzen duenean; horixe zen, ordea, aurreko 6. artikuluak egiten zuena.{Horrenbestez, iturri-izaerarekin, legea, ohitura eta zuzenbidearen printzipio orokorrak agertzen dira modu hierarkikoan.{Horrenbestez, iturrion kokapena eta horiek azaltzeko modua aldatu dira, baina ez irizpide eratzailea, horretan ere aldagai batzuk sartu badira ere.{Legearen nagusitasuna honako bi agindu hauetatik ateratzen da: batetik, legea lehen mailako iturri gisa aipatzen da; bestetik, behe mailako xedapenak goi mailakoen aurkakoak direnean, ezartzen da haiek ez dutela inongo baliorik izango.

Ohituraren kontzeptua zabaldu egin da: hasteko, ohitura ez da zertan izan tokiko ohitura bakarrik; eta, jarraitzeko, ohitura gisa kalifikatu dira adierazpenen interpretazio huts ez diren usadio juridikoak. Ohitura horrek lege aplikagarririk izan ezean bakarrik eraentzen du, baldin eta ohitura hori zilegitasuna mugatzen duten modulu orokorren, hau da, moral eta ordena publikoaren, aurkakoa ez bada eta frogatzen bada.{Aurrekoei begira, zuzenbidearen printzipio orokorrak iturri subsidiarioak dira, eta, helburu hori betetzen dutenean, zuzenbidearen iturri autonomoak dira. Horrez gain, printzipio orokorrek legea edo ohitura era dezakete.

Zuzenbidearen iturriei buruzko arauketa zuzenekoaren osagarri gisa, aintzakotzat hartu behar dira nazioarteko itunen eta jurisprudentziaren inguruko manuak.

Itunekin hasteko, Oinarri Legeak jarraikoa agintzen du: itunotan jasotako arau juridikoak Espainian zuzenean aplikatu ahal izateko, Espainiako barne legerian sartu behar dira. Horren ildotik, arauak barne legeriaren zati direla ulertuko da, horiek «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratzeaz batera.

Jurisprudentzia, berriz, ez da iturritzat hartu, baina antolamendu juridikoa osatzeko zeregina aitortu zaio.{Egin-eginean ere, eguneroko bizitzari eta interes-gatazkari loturiko arauak interpretatu eta aplikatzean, Auzitegi Gorenak irizpide batzuk finkatu ohi ditu; zeregin horretan, ez da sortzen egiazko eta oso-osoko araurik, baina irizpide horiek aginte berezia dute, eta, behin eta berriz errepikatzen badira, nolabaiteko eragin arau-emailea lor dezakete.

Zuzenbidetzat hartu behar denaren inguruan halako ñabardurak egin eta gero, erraz uler daiteke, baita justifikatu ere, epaile eta auzitegiek duten betebehar saihestezina, euren eskumeneko gaiak ebazteko.

Vacatio legisaren aldiari dagokionez, lehen zegoen epeari eutsi zaio; beraz, horren aurkakoa xedatu ezean, legeak indarrean jartzen dira, horiek oso-osorik argitaratu eta hogeigarren egunean.{Nolanahi ere, komunikabideak hagitz garatu eta hobetu dira, eta, ondorenez, aniztasuna eta arintasuna dira egungo komunikabideen ezaugarriak. Horregatik, epea laburtzea pentsatu da, Kode Zibila aldarrikatu zeneko inguruabarrak kontuan izanda, orduko hogei egunak, proportzioz, gaurkoak baino laburragoak baitira.{Hori gorabehera, ezin ahantz daiteke legeak ugaritu eta korapilatu egin direla denborak aurrera egin ahala; hortaz, epea laburtuz gero, horien jakitea alde batetik erraztu egiten bada ere, bestetik zaildu egiten da. Faktore horiek guztiak gogoan izanda, aurreko xedapenari bere horretan eustea pentsatu da.

Arau juridikoen aplikazioari buruzko kapituluan, horren zatirik handiena berritzat jo daiteke.{Egiatan, ez dago erabateko adostasunik, interpretazio-lanean erabili beharreko irizpideak kode zibiletan nahitaez agertu beharrari buruz.{Ezezkoaren aldeko tesiari helduta, kode zibilek ez dute horren inguruko araurik jaso behar, interpreteen askatasunaren mesederako; tesi horretan, interpretazio-irizpideak doktrinaren eremura igorrita zehaztu daitezke.{Baiezkoaren aldeko tesiaren arabera, komeni da arauak interpretatzean nolabaiteko eraberekotasuna izatea.{Testu honetan bigarren tesi horri ekin zaio, Oinarri Legeak horixe agintzen baitu. Lege hori arau artikuludun gisa eratu da, berezitasun handiagorik gabe, ondoko arrazoia dela bide: bestela jokatuz gero, irizpideek ez lukete izango gaurko idazkeran dituzten oinarrizkotasuna eta malgutasuna; eta formula hermeneutiko itxiak eta zurrunak ez dira komenigarriak, inondik inora ere.{Interpretazio-arauen artean, hauxe aipatzen da: arauak garai jakin batean aplikatzen dira, eta garai horretako gizarte- errealitatea kontuan hartzekoa da. Irizpide hori erabilita, betiere tentuz erabilita, manu juridikoak egokitu ahal zaizkie eurak eratu eta geroko inguruabarrei.

Arauak aplikatzean kasuan kasuko inguruabarrak aintzat hartu ahal izateko, ekitateari eman zaion balioa hartu behar da kontuan.{Dena den, ekitate hori ez da aipatu zuzenbidearen iturri gisa; osagai horrek zeregin apalagoa betetzen du, alegia, interpretazio-irizpide izatea, aurrekoekin batera.{Ondorenez, ekitatezko irtenbidea ezin zaio gailendu gainerako osagai interpretatzaileen bitartez lortutako konponbideari; hala ere, osagaiok ekitatearen eragin onuragarria izan dezakete.{Salbuespen gisa, legeak beren beregi ahalbidetu du ebazpenen oinarria, huts-hutsean, ekitatea izatea; horretarako, ekitateari balio hori ematen dion esanbidezko araua behar da, orokorrean ekitateak interpretazio- eta laguntza-balioa besterik ez duelako.

Jarduera interpretatzaile hutsa gaindituz, ikerketa integratzailearen alorrean, analogia eta ordezko zuzenbidea aipatu behar dira.

Iturri-sistema ezartzeak berez dakar zuzenbidearen hutsuneak ezabatzea.{Ez da halakorik gertatzen, ordea, lege-hutsune deiturikoekin; halakoak bai ager daitezke, eta horiek konpontzeko biderik egoki eta zuzenena da ikerketa analogikora jotzea.{Analogia ez da erabiltzen inolako araurik ez dagoenean, ezpada arauak kasu zehatz bat arautu eta kasu hori beste batera hedatu ahal denean. Horretara, identitate- edo antzekotasun-arrazoiak direla bide, arau horren oinarria eta bertan beren beregi jasotako kasua beste kasu batera heda daitezke; horrela, kasuan kasuko hutsunea edo gabezia betetzen da.{Analogiaren abantailak gorabehera, zenbait legetan bidezkoa izan daiteke baliabide hori baztertzea.{Ulerbidez, zigor-legeen kasuan, ezin da analogiarik erabili, zigor-arloan legezkotasun-printzipio hertsia aplikatu behar duelako, ezbai edo hausturarik gabe.{Salbuespeneko legeei begira ere, analogia baztertu egin da. Osatu ere, salbuespeneko legeek ius singulare deritzona osatzen dute, eta horrek zuzenbide orokorra zenbait gaitan indargabetzen duenez gero, salbuespeneko legean berariaz jaso ez dena arau orokorraren arabera interpretatu behar da.{Bestalde, aldi jakin baterako legeak araubide berberaren menpe egon behar dira, honako bi arrazoi hauek kontuan izanik: lehenik, horien indar-eremua ezin da inoiz gainditu; bigarrenik, inguruabar horrek salbuespen-kutsu nabaria gehitzen die arauoi.

Bigarren prozedura integratzailea ordezko zuzenbideak osatzen du. Aurreko 16. artikuluari helduta, eginkizun hori Kode Zibilak bete behar du; izan ere, Kode Zibilak adierazten ditu zuzenbide erkidearen ezaugarri nagusiak, atariko tituluaren edukiak frogatzen duen moduan.

Hariari segiz, nabarmentzeko modukoak dira epeen zenbaketari buruzko arau interpretatzaile bereziak.{Arauketa zaharraren eta berriaren arteko aldeak nabariak dira arlo horretan.{Argitasun, erraztasun eta ziurtasunaren mesederako, jarraikoa agintzen du testu honek: egunetik egunera ezarritako epeak egun zehatz batetik aurrera zenbatzen badira, egun hori zenbaketatik kanpo geratu eta zenbaketa biharamunean hasiko da.{Horrela, Oinarri Legeak eskaturiko batasun ahalezkoa lortu da, ondoko arrazoiak direla medio: batetik, Kode Zibilaren 1130. artikulua erregela orokor bihurtu da; eta, bestetik, erabatekotasuna erdietsi da, horren eta Prozedura Zibilaren Legeak nahiz Administrazio Prozedurarenak jasotako arauen artean.{Hilabeteetan edo urteetan zehazturiko epeak datatik datara zenbatu behar dira; zenbaketa egiteko modu horrek dakar gaizki-ulertzerik gutxien, eta, horrez gain, zenbaketa hori bat dator Administrazio Prozeduraren Legeak egiten duenarekin. Horrenbestez, arlo honetan ere, irizpide- batasuna lortu da.{Egun baliogabeak ez baztertzeari buruzko ohiko araua aplikatzen da, epeen zenbaketa zibilari begira bakarrik.

Arau juridikoen eragingarritasun orokorrari buruzko kapituluak, lehenengo eta behin, kodean lehendik jasotako xedapen batzuk hobetu eta errepikatu ditu. Horrez landa, berrikuntza zeharo interesgarriak eta beharrezkoak sartu ditu, besteak beste, lege-maulari eta eskubideaz abusatzeari buruzko zehapena.{Bi erakunde horien egoerak laburrean deskribatzeko, gogoan izan dira, hala doktrina nahiz jurisprudentziaren irakaskuntzak, nola lege-aurrekariak eta zuzenbide konparatua.

Maularen arauketa eratzean, nagusitu egin da antolamendu juridikoa osotasun gisa hartzen duen ideia. Horren ondorioz, maulazkotzat jo behar da arau baten menpe jardutea, baldin eta horrekin lortu nahi bada antolamendu juridikoak galarazten duen emaitza edo antolamendu juridiko osoaren aurkakoa dena.{Halaber, aukeratu den arauari begira, saihestu nahi izan den beste arau bat badago, bigarren hori aplikatu behar da.{Bestela esanda, halako zehapenen ondorioa ez da maulazko emaitza lortzeko zein egintza burutu eta egintza hori deuseztatzea bakarrik; horrekin batera, arau egokia aplikatu behar da, zenbait ondorio deuseztatzaile baztertu gabe.

Bestalde, aspaldi ikusi zen printzipio tradizionala ez dela guztiz baliozkoa. Printzipio horri helduta, norberaren eskubidea gauzatzean, ez dira gainditzen zilegitasunaren mugak. Printzipio horren aurka, norberaren eskubideak gauzatzean, gerta daiteke inoren eskubideei kalte egin, eta, ondorenez, jarduna zilegi ez izatea.{Horixe gertatzen da, hain zuzen ere, eskubidea abusuz eta gizartearen aurka egikaritzen denean.{Bi kasu horiek batera arau daitezke, zenbait ñabardura egin eta gero. Abiapuntua bera da bi-biotan: egikaritzaren muga arruntak gainditzea, hirugarrenari kalte eginez. Egoera hori eratortzen duen egitatea, aldiz, desberdina izan daiteke: agentearen asmoari buruzko datu subjektiboa -pertsona horren jarduera ezin da izan dolozkoa edo erruduna, bestela erantzukizun zibilaren ondoriozko zilegitasunik eza agertuko litzatekeelako-, edota beste izaera bateko datuak, hala nola, kasuan kasuko objektua edo inguruabarrak.{Edozein modutan ere, azpimarratu behar da eskubideaz abusatzeari jarritako zehapena ez dela kalte-ordain egokia ematea bakarrik.{Horrez gain, neurri egokiak hartu behar dira abusua geldiarazteko.{Horrela, betearazpen bereziaren abantailak lortzen dira, eta normaltasuna berrezartzen da.

Maula eta abusuaren debekuarekin batera, eskubideak onustez egikaritzeko printzipioa aldarrikatu da. Onustea, beraz, eskubideen egikaritzarako modulu artezkari gisa eratu da.{Eraketa horren eta harako jarduerei buruzko debekuaren artean, parekotasun ukaezinak daude, nahiz eta onustearen agerpenak zabalagoak izan.{Onusteak erakunde juridiko bakoitzean eragin zehatza izan behar badu ere, egokitzat jo da osagai hori oinarrizko abiapuntutzat hartzea; izan ere, onustea biderik aberasgarriena izan da, etika eta gizartearen arloetako edukia zuzenbidean sartzeko.

Ezbairik gabe, testu berriaren zatirik zabal eta xeheena nazioarteko zuzenbide pribatuko arauei buruzkoa da. Neurri handi batean, arau horiek Oinarri Legean daude jasota, baina garatu egin dira, lan osagarri eta koordinatzaileari esker.{Guztiarekin ere, kontuan izan behar dira egungo errealitateak eskaintzen dituen egoera anitz eta desberdinak; halakoak gero eta gehiago gertatzen ari dira nazioartean edo mundu zabalean. Hala ere, ez da lortu arauketa oso eta behar bezalakorik. Dena den, eta aurreko antolaketari begira, ezin uka daiteke aurrerapauso nabariak egin direla; antolaketa hori zaharkiturik geratu da, gizarte- eta politika-errealitateetan izandako aldaketen ondorioz, teknikaren alorrean izandakoen ondorioz, eta pertsona eta herrien arteko elkarrekin bizitzean edo elkarri zerbait trukatzean gertaturiko aldaketa nabarien ondorioz ere.

Nazioarteko zuzenbide pribatuko arauak idaztean, zenbait irizpide nagusitu dira. Irizpideok labur-zurrean ikusi ahal izateko, honako ezaugarri hauek aipa daitezke:

Lehenengoa.- Erregelak ez dira egituratu alde bakarreko ikusmiratik abiatuz, hots, Espainiako zuzenbidean bakarrik pentsatuz. Aitzitik, erregelok osotasunez itxuratu nahi izan dira, ondokoa zehazteko: Espainiako antolamenduaren arabera, zein den aplikatu beharreko zuzenbidea, bertakoa ala atzerrikoa.

Bigarrena.- 8. artikuluaren edukiari eutsi zaio, zenbaki berberarekin eta guzti. Artikulu horrek ondokoa aldarrikatzen du: Espainian dauden pertsona guztiek bete behar dituzte zigor-legeak, polizia-legeak eta herri segurtasuneko legeak. Nahitaez bete beharreko oinarri horren inguruan, orain arte, ez da inolako gaizki-ulertzerik izan; beraz, ez da egokitzat jo artikulu horretan oinarrizko zuzenketarik sartzea.{Hala eta guztiz ere, artikulua hobetu nahian, beste idatz-zati bat gehitu da, prozesuko legeen lurralde-izaerari buruz.

Hirugarrena.- Lege pertsonaltzat jo da naziokotasunak erakartzen duena; dena den, zenbait kasutan, ohiko bizilekuaren legea erabili da, naziokotasuna zehazteke dagoelako edota babes-neurriak presaz ezarri behar direlako.{Ildo horretatik, ohiko bizileku adierazmoldea erabili da, egoitza erabili beharrean, hurrengo arrazoia aintzat harturik: Kode Zibilaren 40. artikuluak dioenez, pertsona baten egoitza da pertsona horren ohiko bizilekuari dagokion tokia. Horrez gain, ohiko bizileku adierazmoldea da nazioarteko zuzenbidean gehien erabili dena, baita Espainiak sinaturiko itunetan ere.

Laugarrena.- Irizpide tradizional eta orokorrari eutsi zaio. Irizpide horren arabera, pertsonaren alorrean eta horri datxezkion eskubideei buruzko harreman juridikoen alorrean, nazioko legeak agintzen du.{Aurreko 9. artikuluak aipamen urri eta alde bakarreko hau besterik ez zuen egiten: atzerrian bizi arren, espainiarrentzat betebehar izaera dute «familia-eskubide eta -eginbeharrei, edo pertsonen egoera, izaera eta gaitasunari buruzko legeek». Aipamen horren ordez, erregela-multzo bat ezarri da, eta, oinarrian, erregela horiek espainiar nahiz atzerritarrei euren berezko legeen babesa eskaintzen diete, arlo hauetan: pertsona fisiko zein juridikoen gaitasunari, egoera zibilari, ezkontideen arteko harreman pertsonalei eta ondare-harremanei, guraso eta seme-alaben arteko harremanei, tutoretzari eta ezgaia babesteko gainerako erakundeei eta, orobat, heriotzaren ziozko oinordetzari buruzko arloetan. Edozein modutan ere, zenbait ñabardura egin behar dira, lege desberdinen pilaketa eta lehentasunaren inguruan, berbarako, ezkontza, adopzio edo mantenuari buruzko gaietan.

Bosgarrena.- Mortis causa oinordetzan, Kode Zibilean jadanik ezarritako arauketa bateratuaren sistema berberari eutsi zaio. Sistema hori jurisprudentziak hobetu du, kausatzaileak heriotza- unean zuen nazio-legea aintzakotzat harturik. Horrekin batera, egokitzat jo da ondokoa ezartzea: baliozkoak dira testamentuan jasotako xedapenak eta testamentua egitean indarreko legearen arabera agindutako itunak, nahiz eta kausatzailearen heriotza-unean indarreko legea beste bat izan; edozein kasutan ere, seniparteak azken horri egokitu behar zaizkio.

Seigarrena.- Naziokotasunaren aldaketa, bikoiztasuna eta naziokotasun eza aintzat hartu dira, horietako bakoitzarentzat arauketa egokia ezarriz.

Zazpigarrena.- Ondasun higigarri eta higiezinei buruzko arau zaharretan, aldarazpen sakona nabari daiteke. Lehen, estatutu-ulerkerari lotuta, ondasun horiek jabearen legeari edo eurak zeuden tokiko legeari lotzen zitzaizkien, hurrenez hurren. Orain, ordea, ondasun batzuk eta besteak non egon eta toki horretako legeak eraentzen ditu ondasun horien edukitza, jabetza eta gainerako eskubide errealak, baita ondasun higiezinen publizitatea ere. Aldi berean, ontzi, aireontzi eta gainerako garraioei buruz, eta titulu-baloreen jaulkipenari, jabetza intelektualari nahiz industria-jabezari buruz, xedapen egokiak ezarri dira, erakunde horien izaera eta eginkizuna bereziak baitira.

Zortzigarrena.- Kontratuko betebeharren inguruan, hautsi egin da Kode Zibilak lehen zuen isiltasuna.{Lehenik eta behin, alderdiek aukeraturiko legeak eraentzen du, borondatearen autonomia nagusiaraziz; printzipio horrek duen muga bakarra hauxe da: legeak loturaren bat izan behar du kasuan kasuko negozioarekin.{Alderdiek legerik aukeratu ez dutenean bakarrik aplika daitezke honako lege hauek, betiere, modu subsidiarioan: nazioko lege erkidea, ohiko bizileku erkidea eta kontratua egin den tokiko legea.{Erregela orokor horiekin batera, bestelako erregelak ere badira; erregelok nolabaiteko berezitasuna dute, aurrekoetatik aldentzen dira neurri handiagoan edo txikiagoan, eta hurrengo kontratuak arautzen dituzte: ondasun higiezinen inguruko kontratuak (alderdiek lege berezirik aukeratu ezean, tokiko legeak eraentzen ditu halako kontratuak); ondasun higigarri gorpuzdunen salerosketak, salerosketok merkataritzako establezimenduetan egin direnean (halakoak ere tokiko legearen menpe daude); lan-kontratua (alderdiek ezer aukeratu ezean, eta 8. artikuluan ezarritakoa salbu, zerbitzuak non egin eta toki horretako legea jartzen da jokoan); eta, orobat, dohaintzak (dohaintza- emailearen legeak eraentzen ditu halakoak).{«Nazio-interes»aren doktrinak ere harrera ona izan du ondokoa ezartzean: Espainiako antolamenduaren ondoreetarako, atzerritarrak Espainian kostu bidezko kontratuak egiten baditu, eta bere nazio-legearen arabera ezgaia bada, kontratuok baliozkoak izango dira, baldin eta ezgaitasunaren arrazoi hori ez badago aitortuta Espainiako legerian.

Bederatzigarrena.- Era berean, lege-manu horrek kontratuz kanpoko betebeharrak ukitzen ditu; oinarri egokian zehaztutakoari modu hertsian lotuta, egitate kaltegarria non gauzatu eta toki horretako legeak eraentzen ditu halako betebeharrak.{Negozio-kudeaketaren alorrean, erregela hori behin baino gehiagotan errepikatu da hurrengo ñabardurarekin: kudeatzaileak jarduera nagusia non gauzatu eta toki horretako legea hartu behar da kontuan.{Arrazoirik gabeko aberastean -hemen aberaste hori betebeharren iturri gisa aitortu da beren beregi-, lehentasuna du ondare-transferentzia eragin duen legeak.{Horren ildotik, hurrengo irizpide logiko eta zuzena ezarri da, salbuespen zehatz batekin bakarrik: betebeharra arautzen duen legea aplikatu behar zaie horren ondorioei. Bestalde, negozioen munduan maiz-sarri agertzen dira legezko eta borondatezko ordezkaritzak.{Halakoak jarraiko legeen menpe geratzen dira hurrenez hurren: ordezkariaren ahalmenak eratxikitzen dituen legearen menpe; eta, alderdiek ez badute aukerarik egin, ahalmenok zein herritan egikaritu eta herri horretako legearen menpe.

Hamargarrena.- Orokorrean, locus regis actus erregelari eutsi zaio, kontratu, testamentu eta gainerako egintza juridikoen forma eta solemnitateei dagokienez. Hala ere, erregela horrek galdu egin du lehen zuen esklusibotasuna; izan ere, baliozkotzat jo dira zenbait egintza, baldin eta egintzok burutu badira euren edukia arautzen duen legeak ezarritako forma eta solemnitateekin. Gainera, lege horren aginduz forma oinarrizko betekizuna bada, hori bete beharko da beti.{Ondasun higiezinen arloan, ondasunok zein tokitan egon eta toki horretako legeak eraendu ahal ditu horien gaineko egintza eta kontratuak.{Irizpide anitzari ekinez, bi formula horiek onartu badira ere, nolabaiteko eraberekotasuna lortu nahi izan da.{Ildo beretik, Espainiak atzerrian dituen diplomazia eta kontsulatuetako funtzionarioek egintzak eskuesten badituzte, egintza horiei Espainiako legea aplikatu behar zaie. Halaber, ontzi eta aireontzi militarrak euren estatuko lurraldearen zatitzat hartzen dira. Bi erregela horiek, izatez, subiranotasunaren kontzeptu juridiko-publikoaren zentzuzko proiekzioak baino ez dira.{Militarrak izan beharrean merkataritzakoak diren ontzietan, egintzak burutzen badira, egintza horiei buruzko lege egokia hauxe da: ontzia zein herritako banderapean jarri, matrikula hartu edo erregistroan inskribatu, eta herri horretako legea.

Hamaikagarrena.- Aurrerago esan dugun moduan, 8, 9, 10 eta 11. artikuluak aurreko artikuluekin bat etorri arren, horien edukia aberastu egin da. Bestalde, egungo 12. artikuluak ez du aurrekoaren eduki bera.{Eduki hori nahitaez aldatu behar izan da ondoko arrazoia dela medio: Oinarri Legeak beren beregi agintzen duenez, kalifikazioa, igorpena, ordena publikoaren babesa eta lege-maula modu bereizian arautu behar dira, gai horiek guztiak berri-berriak baitira eta aurreko legean ez baitziren agertzen.{Horrela, xedapen bihurtu dira Oinarri Legean xehetasunez adierazitako irizpideak.

Hamabigarrena.- 12. artikuluaren azken hiru xedapenak sartu dira, eztabaidaezinak izateaz gain, osagarriak direlako.{Lehenengoaren ariora, estatu batek sistema legegile anitz dituenean, estatu horretako legeriaren arabera zehaztu behar da horietatik zein aplikatu.{Bigarrenaren ildotik, Espainiako zuzenbidearen gatazka-arauek ius cogens izaera dute, eta, ondorenez, auzitegi eta agintariek ex officio aplikatu behar dituzte arauok.{Azkenak bestelako norabidea izan eta honakoa ezartzen du: atzerriko zuzenbidea inbokatzen duenak hori frogatu behar du; horri kalterik egin gabe, epaile eta auzitegiek nolabaiteko ahalmenak dituzte zuzenbide hori arakatzeko.

Atariko titulu berriaren bosgarren kapituluak 1973ko martxoaren 17ko Oinarri Legea du zuzeneko aurrekaritzat, lege hori baita eraldaketa osoaren oinarria. Aldi berean, eta zeharka bada ere, kapitulu hori bat dator 1947ko maiatzaren 23ko Dekretuaren hitzez-hitzezkotasun eta espirituarekin; dekretu horrek ireki zuen, ireki ere, berrikitan amaitu den konpilazio-prozesua.

Bestalde, foru-zuzenbideak aitortzearen bidez, Espainiako integrazio historiko eta politikoaren sendotasuna, ahuldu beharrean, baieztatu egin da; izan ere, zuzenbide horiek ez dira forma pribilegiatuak, ezta arau zaharkitu batzuen aztarna pertsonalistak ere. Haatik, zuzenbideok isla egiazkoak eta egungoak dira, eurok erakusten baitituzte espainiarren izaera eta bizitzeko moduan atzeman daitezkeen errealitateak.{Ideia hori gogotsu baieztatu zuten ganbera legegilearen eztabaidetan parte hartu zuten batzuek, baita Kodegintzarako Batzorde Nagusiaren osoko bilkuran parte hartu zutenek ere. Ildo beretik, ideia hori gaurko 13. artikuluan gauzatu da. Artikulu horrek zehatz-mehatz jaso du zazpigarren oinarrian ezarritakoa, «estatutu» hitza kenduta; hitz hori alferreko eta desegokia da, eraldaketaz geroztik ez baitu inolako esangurarik.{Artikulu horren testua eta 12. artikuluak 1889ko idazkeran duena elkarrekin konparatuz gero, honako hauek dira atzeman daitezkeen aldaerak: foru-zuzenbideen baieztapena azpimarratu da, horiei zor zaien «begirune oso»ak frogatzen duen bezala; bestalde, «oraingoz» adierazmoldea ezabatu da, horrek iragankortasun zentzugabea adierazten baitzuen, manuaren izaera eta kokapen sistematikoa kontuan hartuta.

Foru-zuzenbideak zuzenbide zibil erkidearekin batera agertzen dira, azken hori ordezkoa izanik, haiei begira. Bi zuzenbide-mota horiek batera agertzeak, alabaina, arazoak dakartza, batik bat, horien aplikazio-esparrua arautu beharra.{Esparru hori erabakitzen duen lotura auzotartasun zibila da; auzotartasuna, naziokotasuna bezala, pertsonaren statusaren zati bat da.{Zehatzago esateko, naziokotasun horrek zenbait irizpide eratortzen ditu, eta irizpideok eratzen dituzte auzotartasun zibilaren eratxikipen eta eskuraketa. Orobat, elkarrekiko baliobestekotasunarekin jorratu dira batera indarrean dauden antolamendu juridiko desberdin horiek.

Oso garrantzitsua da atzerritarrak eskuraturiko naziokotasun espainiarraren eta auzotartasun zibilaren arteko lotura.{Oinarrian, Espainiako naziokotasuna eskuratzeak berarekin dakar auzotartasun zibil erkidea izatea.{Erregela hori nahitaez bete behar da, naziokotasuna eskuratu bada bizilekuan oinarritu gabeko herritartze-agiriaren bitartez. Aitzitik, atzerritarra foru-zuzenbidepeko lurraldean bizi izan bada auzotartasuna eskuratzeko behar den denboran zehar, eta auzotartasun hori aukeratzen badu naziokotasun-espedientean, harako erregela ez da aplikatzen; halakoetan, toki horretan bizi izandako denborak ondore juridiko bikoitza du.

16. artikuluak lege-gatazkak jorratzen ditu, halakoak sortzen direnean Espainian legeria zibil desberdinak izateagatik.{Zinez, nazioartean antolamendu- pilaketak gerta daitezke, eta, horien ondoriozko arazoak nazio barrura islatzean, artikulu zehatza ezarri beharra agertu da.{Horrenbestez, nazioarteko zuzenbide pribatuaren arauek konpon ditzakete beste gatazka-mota batzuk ere. Bi esparru horien artean erabateko bat-etortzerik egon ez arren, antzekotasun nabariak daude, besteak beste, atariko tituluaren azken manuak beren beregi adierazi duen arau hau: auzotartasun zibilak zehaztuko du lege pertsonala.{Nolanahi ere, erregio-eremuko gatazkak gertatzen dira estatu bakar modura egituratu den nazioaren barruan, eta, horregatik, bazter utzi dira nazio eta estatuen arteko desberdintasuna oinarri duten arauak (ulerbidez, kalifikazio, igortze eta ordena publikoari buruzkoak). Lege-maula, aldiz, berdin-berdin gerta daiteke estatuen artean nahiz erregioen artean, baita antolamendu edo legeria zibil bakarraren barruan ere.

Amaitzeko, 16. artikuluak agindu bereziak jaso ditu, Aragoiko Konpilazioan araututako alarguntasun-eskubidearen inguruan. Horrez gain, testu artikuludunetik at -eta behar-beharrezkoa izan ez arren-, jarraiko xedapena agertzen da argibide moduan: atariko titulu berriak ez du aldatzen kasuan kasuko konpilazioan ezarritakoa.{Titulu hori egin da, 1947. urteaz geroztik hasitako konpilazio-prozesua bitartean eta horren jarraian; eta, Oinarri Legearen zioen azalpenak berak dioenez, orain burututako eraldaketak zerikusi ukaezina du prozesu horrekin. Hortaz, ez du inolako zentzurik titulu horrek harako prozeduraren aurkako aldaketa, atzera-egitea edo harmoniarik eza ekartzea.

Horrenbestez, justizia-ministroak proposaturik, Estatuko Kontseiluaren irizpenarekin oinarrian bat etorriz, eta Ministroen Kontseiluak 1974ko maiatzaren 31ko bileran gaia eztabaidatu eta gero, honakoa xedatu dut:

1. artikulua. Kode Zibilaren Atariko titulua Eraldatzeko Oinarri Legearen, martxoaren 17ko 3/1973 Legearen, lehenengo artikuluak emandako eskuespenarekin bat etorriz, eta Estatuari buruzko Lege Organikoaren 51. artikuluak agindutakoaren arabera, Kode Zibilaren atariko tituluari buruzko testu artikuludun hau lege-indarrez sendetsi dut.

2. artikulua. Kode Zibilaren atariko tituluari buruzko testu artikuludun honek ez du aldatzen zuzenbide berezien edo foru-zuzenbideen konpilazioetan arauturikoa.

TESTU ARTIKULUDUNA

Martxoaren 17ko 31/1973 Legearena, Kode Zibilaren Atariko Titulua Eraldatzeko Oinarri Legearena.

Maiatzaren 2ko 14/1975 Legea (Estatuko Burutza), Kode Zibiletik eta Merkataritza Kodetik emakume ezkonduaren egoerari eta ezkontideen eskubide nahiz eginbeharrei buruzko artikulu zehatz batzuk eraldatu dituena («EAO», 107. zk., 1975eko maiatzaren 5ekoa)

I. Zuzenbide pribatuaren esparruan gaur egun erro-errotik sustraituta dago emakume ezkonduaren egoera juridikoari buruzko doktrina-joeretatik bat; joera horrek premiazko beharrizanak islatzen ditu.{Arean ere, emakume ezkonduak muga esanguratsuak ditu jarduteko gaitasunean; aurreko aldietan mugok nolabaiteko justifikazioa bazuten ere, egungo egunean ez dute inolako zentzurik.{Gainerakoan, muga horiei buruzko arauek eragingarritasun formala besterik ez dute, eta, bizitza juridikoan oztopoak sortzeaz gain, arau horiek ez diete benetako babesik ematen familiaren arloko interesei.

Gizartean izandako aldaketa garrantzitsuak direla bide, komenigarritzat jo da familia-zuzenbidea berrikustea.{Edozein kasutan ere, helburu hori tentuz gauzatu behar da, hurrengo urratsak bete ostean: batetik, kasuan kasuko irtenbideak xehetasunez eta sakon aztertzea; eta, bestetik, errealitatea bera eta horretan atzemandako beharrizanak ikertzea, zuzenbide konparatuak eskain ditzakeen osagaiak aintzat hartuta eta, betiere, zuzenbidearen alor hori beren beregi ukitzen duten gida-lerro etikoak gogoan izanda.

Ezbairik gabe, badira erraz eraldatzeko moduko alde batzuk; horiek arautuz gero, ezkontideen egoera juridikoa orekatuagoa izatea lor daiteke.{Emakumeari aitortu behar zaio, batez ere, gizabanakoaren duintasunari arlo juridikoan berezko zaizkion askatasun-esparrua eta jarduteko gaitasuna; duintasun hori oinarrizko legeek aldarrikatu dute.{Hortaz, eraldatzeko moduko aldeak dira, besteak beste, naziokotasuna, arlo juridikoko jarduna eta, era berean, ezkontzaren ondasun-eraentza ezkontzaren ondoren aldatzeko aukera.

II. Emakume ezkonduaren naziokotasunari dagokionez, Kode Zibilak zurruntasunez aplikatu du familia-batasunari buruzko printzipio deritzona.{Gisa honetan, emakumea ezkontzen bada, emakume horrek senarraren naziokotasuna eskuratzen du, salbuespenez senarraren antolamendu juridikoak naziokotasun hori ukatzen dionean izan ezik.{Edu berean, senarrak bere naziokotasuna aldatzen badu, emazteak naziokotasun hori eskuratuko du nahitaez, baldin eta ez badago epaiketa bidez bananduta.

Familia-batasun hertsiaren erregelak nolabaiteko gizarte-oinarria izan zezakeen nazio-erkidegoak atal itxi eta elkarren arteko komunikazio gabekoak zirenean.{Horrexegatik uste ohi zen familia, gizartearen eta estatuaren bitarteko gorputz gisa, nazio-batasun zurrunaren erakusgarri izan behar zela.{Gaur egun, ordea, nazioarteko harremanak izugarri ugaritu dira, bai estatuen artean, baita gizabanakoen artean ere. Horrez gain, nazioak baino erkidego zabalagoak eratzeko joera ikusi da. Hori guztia dela medio, egungo familia nazio desberdinetako gizabanakoek osa dezakete, eta, aldi berean, familiaren koherentzia afektibitatearen barne eremuan lortzen da, ez, ordea, kanpoko alde formalean.

Are gehiago, egungo arauketak, praktikan, zenbait irtenbide ekarri ditu, eta irtenbideok justiziaren inguruko sen onaren aurkakoak direla ematen du.{Maiz-sarri gertatu ohi da emakume espainiarrak, atzerritarrekin ezkontzeagatik, atzerritartzat hartzea, nahiz eta Espainiatik inoiz irten ez. Halako kasuetan, senarraren nazioko legeak haren naziokotasuna eman ohi zien emakumeei, eta horrek ondorio latza zekarren: emakumeek euren jaioterriko eta bizilekuko kargu, enplegu edo lanpostuak galtzen zituzten.

Eraldaketak honako irizpide hau nagusiarazi du: ezkontzak ez du berezko eraginik Espainiako naziokotasuna eskuratu, galdu edo berreskuratzean.{Espainiarra atzerritarrarekin ezkontzen bada, Espainiako naziokotasuna galduko du hala nahi badu.{Gisa bertsuan, atzerritarra emakume edo gizonezko espainiarrarekin ezkontzen denean ere, atzerritar horrek Espainiako naziokotasuna eskuratuko du hala nahi badu.

Arrazoi berberen ondorioz, Kode Zibillaren 23. artikuluko hirugarren eta laugarren paragrafoak indarrik gabe utzi dira, naziokotasunaren galera automatikoa ezabatzeko.{Halaber, 25. artikuluaren lehenengo paragrafoa ezabatu da; izan ere, emakume ezkonduak Espainiako naziokotasuna berreskura dezan, naziokotasuna berreskuratzeko erregela orokorrak bete behar dira.

III. Eraldatu egin da emakume ezkonduak jarduteko duen gaitasunari buruzko araubidea. Eraldaketa hori gauzatzeko, 57. artikulutik 65.erakoak berrantolatu dira, eta, horrez landara, kodearen zenbait manu ukitu dira, hain zuzen ere, emaztearen egintza eta kontratuak burutzeko, senarraren lizentzia ezartzen dutenak.

57 eta 58. artikuluak ezkontideen arteko harreman pertsonalei buruzkoak dira; artikulu horien oinarri etikoak eta gizarte-oinarriak oso sakonak direnez gero, ez da erraza horien kalifikazio juridikoa egitea. Ondorenez, artikuluok egokitu zaizkio ezkontideen arteko parekotasuna lortzeko helburu orokorrari; horretarako, kontuan izan da ondare-eraginezko egintza eta harremanen inguruan ezarritakoa.{Ildo beretik, 57. artikuluaren aipamena ezabatu da, bereizkeria baitakar; horren arabera, babesa senarraren ezaugarritzat eta obedientzia emaztearen betebehartzat hartzen dira. Orain, artikulu horrek elkarrekikotasun osoz ezartzen du honako hau: senar-emazteek babesa eskaini behar diote elkarri, eta familiaren intereserako jardun behar dute. Horretara, familiak ezkontza barneratzen du, eta ezkontza horri esangura garrantzitsu eta gizabanakoaz harantzagokoa ematen dio; horrela, familia bera erakunde orokor bihurtu da. Bide horretatik, erakunde horrek lortu du lehen ez zuen lege-onarpena.{58. artikuluan eginiko aldaketaren ondorioz, emazteak berdintasuneko parte-hartzea du, ezkontideen bizilekua zehazteko unean; hala ere, senar-emazteen arteko adostasunik izan ezean, bestelako irizpideak ere aintzakotzat har daitezke.

Antolaketa berriaren zinezko oinarria da ezkontzak ondore murrizgarririk ez ekartzea, ezkontideek jarduteko duten gaitasunari begira.{Horrenbestez, ezkontideek ez dute elkarrenganako lege-ordezkaritzarik; aitzitik, borondatezko ordezkaritzak bakarrik onar daitezke.{Horren nahitaezko ondorioa izan da, halaber, hurrengoa: ezkontide bakoitzak bere kautan eta modu esklusiboan gauza ditzake berari dagozkion egintza juridikoak, baita bere eskubideak egikaritu ere.{Ezkontza-batasunen araubidea aldatzeko asmorik ez dagoenez, ez da deusik ezarri horien inguruan. Kontrara, eraldaketak modu orokor eta abstraktuan bakarrik aipatu ditu kasu batzuk, horietan ezkontide batek bestearen adostasunarekin jardun behar duelako lege-aginduz.{Gai horri ekinez, adostasunaren eta lizentziaren arteko desberdintasun teorikoa jaso da, gaur egun orokorrean onartuta baitago desberdintasun hori. Adostasuna izaera orokorreko egintza edo negozio juridikoei buruzkoa da; lizentzia, ordea, gaitasunaren osagarri den aldetik, bakarreko egintza edo eskubideen alorrean gauzatzen da.{Horrela, lizentziak ezabatu diren bitartean, adostasunaren egungo araubidea errespetatu da.{Hori bai, argi utzi nahi izan da gaur lege-hutsunea dena, eta egungo 62. artikulua desagertuz gero, larriagotu egin daitekeen arazoa: egintza edo negozio juridikoa burutzeko, ezkontide bi-bien adostasuna beharrezkoa izan eta halakorik ez badago, edo garbi ez badago horietako batek bere adostasuna eman duela, orduan egintza deusezta daiteke, horren baieztapenik ez badago.{Erregela horretatik kanpo utzi dira zenbait egintza eta kontratu, horiek burutzen badira familiaren ohiko beharrizanei aurre egiteko; halakoak gauzatzeko, bi ezkontideek legitimazio osoa dute, euren betebeharrak zuzkitzeko baliabide gisa.

Orain arte azaldu printzipio nagusiak garatzeko, Kodearen manu zehatz batzuk aldarazi behar izan dira.

Bide horretatik, 68. artikuluaren laugarren erregela aldatu da. Erregela horrek ezkontzaren ondasun-eraentzari buruzko arauak jasotzen ditu, deuseztasun- edo banantze-epaiketaren izapidetza- faserako. Fase horretan, senarrak bere ondasunen administrazio eta xedapena ditu, eta, ondorenez, emazteak ere ahalmen berberak izan ditzake bere ondasunei begira.{Aldi berean, epailearen erabakimenaren menpe utzi da emazteari irabazpidezko ondasun guztien edo batzuen administrazioa eratxikitzea; ezabatu egin da, beraz, arau horrek aurreko testuan zuen salbuespeneko izaera.

189. artikuluari ere idazkera berria eman zaio; idazkera berri hori artikuluaren esangurari hobeto uztartzen zaio, eta zentzuzkoa da lege-aldaketaren irizpide eratzailea kontuan izanik.

Bestalde, 224. artikulua aldarazi da, senarraren agintaritzari buruzko aipamena ezabatuz; alabaina, horren edukiaren mamiari eutsi zaio. 229. artikuluan, berriz, emakume adingabeari buruzko muga berezia ezabatu da; horren ondorioz, emakume hori geratu da, ezkontza bidez emantzipatu direnei buruzko araubide orokorraren menpe.

237. artikulua aldarazi da orobat. Artikulu horren aurreko idazkeraren arabera, emakume ezkonduak ez zuen gaitasunik, tutore edo protutore izateko. Horren zentzuzko ondorio gisa, ezabatu egin da 244. artikuluko desenkusa, hori emakumeen aldekoa baitzen beti.{Modu berean, desenkusa-arrazoietatik kendu da bost seme-alaba edo gehiago legitimoak izatea; izan ere, bestelako izaera duten seme-alabek ere ondore bera eragin dezakete. Halaber, txirotasunaren kontzeptu zaharkitua kendu eta, horren ordez, osasun eza edo irakaspen askieza sartu da; bi inguruabar horiek eragotzi egiten dute tutore-karguaren eginbeharrak normaltasunez betetzea.

Ildo bertsutik, 893. artikuluak senarraren lizentzia ezarri zuen, emakume ezkondua albazea izateko; 995. artikuluak ere gauza bera ezarri zuen, jarauntsia onartu eta arbuiatzeko. Bi-biok ezabatu egin dira.{Edozein kasutan ere, jarauntsiaren onarpena oinarrian dohaineko egintza denez gero, 995. artikuluaren bigarren paragrafoko erregela aplikatzen da hurrengo kasuetan ere: ezkontideetatik batek jarauntsia onartzen duenean bestearen adostasunik gabe.

Ideia berberekin bat etorriz, 1053. artikuluaren edukia aldatu da. Orain, artikulu horren arabera, emakumeak ahalmena du jarauntsiaren banaketa eskatzeko.

Kontratuetan eman beharreko adostasunari dagokionez, 1263. artikuluaren hirugarren paragrafo laidogarria desagerrarazi da; artikulu horrek emakumea parekatzen zuen gaitasunaren ohiko betekizun fisiko eta psikikoak ez dituztenekin.

IV. Eraldaketak ukitu duen hirugarren aldea da ezkontza bitartean ezkontideek ezkontzaren ondasun-eraentza aldarazi ahal izatea.{Agidanez, hauxe izan zatekeen aldaezintasunari buruzko erregelaren zergatia: ezkontza osteko itunen bitartez, ezkontide bat -gehienetan, emaztea- bestearen eragin psikologikoaren menpe gera zitekeen, eta, egoera horretan, ezin da borondatea askatasun osoz adierazi.

Horren inguruan esan daiteke aurkako erregela, hots, orain barneratzen dena, aspaldi dagoela indarrean Espainiako gune zabal batzuetan; salbuespen txikiekin, foru-zuzenbideko lurraldeetan tradiziozkoa da aurkako erregela hori. Gainera, erregela horrek, arazoak sortu beharrean, lehendik zeudenak modu baketsuan konpontzeko balio izan du.{Zinez, halako itunek askatasun eza edo borondate akastuna ezkuta dezaketela uste izan daiteke. Uste edo beldur hori zuzentzeko, itunok debekatu beharrean, nahiko da erregela orokorretara jotzea, horiek kontratuetako borondatearen kautotasuna babesten baitute.

Jakina denez, ezkontzako itunek izaera konplexua dute, ondoko arrazoia dela medio: itunotan sartzen dira, hala ezkontideek ezkontzaren ondasun-eraentza eratzeko egiten duten ituna, nola beste pertsona batzuek ezkontide bientzat edo batentzat eginiko xedapenak.{Hori dela eta, bi motatako aldarazpenak bereizi behar dira.{Alde batetik, ezkontideek bi-bion adostasunez jarduten badute, edozein unetan aldaraz dezakete aurreko ondasun-eraentza, hori hitzarmenezkoa izan zein legezkoa izan.{Horretarako, adin-nagusitasunaren betekizuna ezarri da, datu horrek ematen baitu jarduteko gaitasun osoa.{Beste alde batetik, ezkontzako itunetan xedapenak edo erregelak jaso eta, horien bitartez, bestelako pertsonek eskubideren bat eratu badute ezkontide bientzat edo batentzat, edo, alderantziz, ezkontideek inorentzat eratu badituzte eskubideok, orduan arreta bereziarekin arautu behar da itunon aldarazpena.{Aldarazpen horrek eskubideok uki ditzan, egilesleen adostasuna behar da, horiek bizirik badaude oraindik.

Ezkontzako itunak eta ezkontzaren ondasun-eraentza aldaraztean, modu berezian babestu behar dira interes orokorra eta hirugarrenen interesak.{Babes horrek ardatz nagusi bi ditu.{Hasteko, publizitate-araubidea ezarri da.{Hortaz, itunak eta ezkontzaren ondasun-eraentza aldaraziz gero, aldarazpenoi publizitatea eman behar zaie, Erregistro Zibilaren bitartez; horretara, 1957ko ekainaren 8ko Legean jasotako manuak sendotu egin dira.{Erregistro bidezko publizitatea lor daiteke, berebat, Jabetza Erregistroaren bidez, ondasun higiezinen kasuan.{Publizitate-sistemaren erregela osagarri gisa, hauxe ezarri da: itun aldarazleak izanez gero, itun horien idatzoharra egin behar da aurreko hizpaketa jasotzen duen eskrituran, eta notarioak ematen dituen kopia guztietan ere agerrarazi behar da inguruabar hori.

Bigarren babes- edo berme-neurria berezkoa da, eta azalpenik ere ez du behar.{Horren arabera, itunek ezkontzaren ondasun-eraentza aldarazten badute, itun horiek erlatiboak eta atzeraezinak dira; beraz, itunok ezin diete kalterik egin hirugarrenek eskuraturiko eskubideei.

V. Emakume ezkonduak jarduteko duen gaitasuna aitortzeko, aldaketa egokiak egin behar izan dira Kode Zibilean: batetik, ezkonsariaz bestelako ondasunen eraentzari buruzko manuak aldatu dira (1381. artikulutik 1391.erakoak); eta, bestetik, ezkontideen arteko ondasun-banantzeari eta ezkontza bitartean emazteak ezkontza-sozietatearen ondasunak administratzeari buruzko artikuluak ukitu dira (1432. artikulutik 1444.erakoak).

Ezkonsariaz bestelako ondasunen eraentzari helduta, hauxe ezarri da, aurreko mugetatik aldenduz: emazteak bere kautan xeda ditzake ondasun horiek, eta, gainera, emaztea epaiketan ager daiteke ondasunoi buruzko auzia burutzeko; senarrak bere emaztearen ahalordedun moduan bakarrik egikari ditzake ondasunon inguruko akzioak.

1389 eta 1391. artikuluetako erregelek arautzen dute ezkonsariaz bestelako ondasunen administrazioa senarrari ematea, bai eta ondasunok itzultzea ere. Erregelok, ezkonsaripeko ondasun zenbatetsigabeei eginiko igorpenak izan beharrean, orain ezkontzako itunetan hitzarturikoaren mendeko arauak dira. Ezbairik gabe, ezkontzako itunek irizpide nagusia osatzen dute, eta, halakorik izan ezean, mandatuari buruzko xedapen egokiak aplikatu behar dira, oro har erakunde horrek arautzen dituelako inoren ondasunak administratzeari buruzko arazo guztiak.

Ondasunak epaiketa bidez banantzeari dagokionez, komenigarritzat jo da gaur egun kodearen 73 eta 1433. artikuluen artean dagoen aurkakotasuna gainditzea. Horretarako, hauxe ezarri da: epai irmoaren bidez bananduta dagoen ezkontideak eska dezake ondasunak banantzea, ezkontide hori erruduna izan zein errugabea izan.

Behin ondasunen banantzea gertatu eta gero, ezkontza-sozietatea likidatu behar da; hori egitean, ezkontide bakoitzak izango du berari adjudikaturiko ondasunen jabetza osoa. Horretarako, ez da kontuan hartzen ezkontide hori banantze pertsonalaren errudun izan den ala ez.

Ondasunak interdikzio edo absentziaren bitartez banantzen direnerako, hauxe besterik ez da xedatu: absenteari edo interdikziopekoari adjudikaturiko ondasunen administrazioa eta xedapena haren ordezkari edo tutoreari dagozkio, ondasun horien eraentza zehatzaren arabera.

Azkenik, eraldaketak Kode Zibilaren zenbait manu ukitu ditu; manuotan arautzen da emazteak ezkontzako ondasunak administratzea.{1441. artikuluak eginiko bereizketari eutsi zaio; beraz, administrazio hori zuzenean edo epailearen erabakiz eratxiki dakioke emazteari.{Zuzeneko eratxikipena gertatzen da 1441. artikuluak ezarritako kasuetan; horren inguruan, hauxe bakarrik argitu da: absentzia-kasuetan, administrazioa emazteari dagokio, absentzia- adierazpena eskatzen denetik ondasunen banantzea erabaki arte.

Administrazioa epailearen erabakiz eratxikitzen denean, egokitzat jo da beste kasu bat gehitzea, alegia, senarrak familia bertan behera uztea; izan ere, kasu horren eta 1441. artikuluak ezartzen zituen gainerako kasuen zergatia eta oinarria berberak dira.

1442. artikuluko erregela, orobat, elkarrekikotasun-irizpidearen arabera aldarazi da: senar-emazteen ondasunen administrazioa emazteari dagokionean, senarrak kasu horretan izango lituzkeen ahalmen eta erantzukizun berberak izango ditu emazteak ere bai.

1444. artikuluko erregela ez zen erraz justifikatzeko modukoa; horrez gain, erregela horrek ulermen-arazo ugari sorrarazi ditu.{Ororen gainetik, artikulu horren aurretik agertzen zen «xedapen orokor» idazpurua ezabatu da, anomaloa eta azaltzeko zaila baitzen.{Bestalde, jadanik manu hori ez da banantzeari buruzkoa, eraentza horretan orain ez delako beharrezkoa epailearen lizentzia berezirik. Horrenbestez, artikulu horrek hurrengo kasuak bakarrik aipatzen ditu: ezkontza-sozietateko ondasunen administrazioa legez edo epailearen erabakiz eratxikitzeko kasuak.{Senar-emazteen ondasunak edo ezkontza-sozietateko ondasunak beti dira ondasun erkideak. Eraldaketaren muina senar-emazteak parekatzea denez gero, egokitzat jo da emazte administratzaileari 1413. artikuluak senarri ematen dizkion ahalmen berberak eratxikitzea, ondasun erkideak xedatzeko. Ildo beretik, ondasun higiezinak eta merkataritzako establezimenduak xedatzeko, emazteak behar du manu berberak ezartzen duen epai-baimena.

VI. Ahaleginak egin dira artikuluen arteko zenbaketari eusteko; baina, zenbait aldaketaren ondorioz, ordeztu egin behar izan dira 73 eta 315. artikuluetan beste manu batzuei buruz egindako aipamenak.

VII. Zuzenbide pribatuaren esparruari dagokionez, Kode Zibilean jasotako egintzek ez dituzte agortzen emakumearen jardun-aukerak.{Bada beste arlo garrantzitsurik ere, alegia, emakume ezkonduak merkataritzako eremuan jardun ahal izatea. Arlo hori Merkataritza Kodeak arautu eta, horretarako, oinarri gisa hartu du Kode Zibilak emakume ezkonduaren jardute-gaitasunari buruz ezarritako ulerkera orokorra.{Kode Zibila eraldatu denez gero, Merkataritza Kodea ere aldatu beharra dago irizpide berberari ekiteko.{Esan bezala, Kode Zibilaren eraldaketan berealdiko garrantzia izan du hitzarmenez ezarritako ondasun-eraentzak, horren eraketa eta aldarazpena bultzatu baita; gauza bera gertatzen da Merkataritza Kodearen inguruko lege-aldaketaren kasuan.{Hori dela eta, emakume ezkondua edo, hobeto esanda, ezkontideetatik edozein, merkataritzan aritzeari buruz, arauketa berria ezarri da; arauketa horren baitan, oinarrizko arautzat aipatu behar da 12. artikulua. Artikulu horrek dioenez, aurreko artikuluetan ezarritakoak ezin dio kalterik egin Merkataritzako Erregistroan behar bezala inskribaturiko ezkontza-itunetan xedaturikoari.{Arean ere, ituna da norberaren interesak antolatzeko modurik zuzenekoena; eta Merkataritzako Erregistroan eginiko inskripzioa da, ostera, publizitate orokor eta ziurra izateko modu bakarra.{Hori gorabehera, eraldaketa gauzatzean, behar-beharrezko gertatu da ondoko kasua jasotzea: agindu edo hizpaketa zehatzik ez izateagatik, Erregistroan argitaratzeko moduko hitzarmenezko irtenbiderik ez lortzea. Hortaz, ordezko lege-araubide gisa, 4 eta 11. artikuluetan jasotakoa ezarri da, hurrengo xedea betetzeko: ezkontideei merkataritzan aritzeko erraztasunak ematea, hor ere senarraren aginteari buruzko erregela zaharkitua ezabatuz.

Horrenbestez, eta Espainiako Gorteek onetsitako legearekin bat etorriz, jarraikoa sendetsi dut:

1. artikulua. Kode Zibilaren hurrengo artikuluak aldarazten dira: 19, 20, 21, 22, 23, 24, 25, 57, 58, 59, 60, 61, 62, 63, 64, 65, 66, 68, 73, 189, 224, 225, 229, 237, 244, 315, 893, 995, 1053, 1263, 1301, 1315, 1316, 1319, 1320, 1321, 1322, 1361, 1383, 1387, 1388, 1389, 1390, 1391, 1433, 1434, 1435, 1436, 1437, 1438, 1439, 1441, 1442, 1443, 1444, 1548 eta 1716. artikuluak.

2. artikulua. Eraldaketak Kode Zibilaren zenbait artikulu ukitu ditu, eta artikulu horien testua hurrengoa izango da: […]

3. artikulua. Kode Zibiletik artikulu horien xedapenak indarrik gabe geratzen dira, halakoak ezabatu edo ordeztu behar diren heinean.

4. artikulua. Merkataritza Kodearen 4, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12 eta 21. artikuluak aldarazten dira.

5. artikulua. Eraldaketak Merkataritza Kodearen zenbait artikulu ukitu ditu, eta artikulu horien testua hurrengoa izango da: […]

6. artikulua. Merkataritza Kodetik artikulu horien xedapenak indarrik gabe geratzen dira, halakoak ezabatu edo ordeztu behar diren heinean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau indarrean jarri aurretik, emakume espainiarrak naziokotasuna galdu badu ezkontzaren ondorioz, naziokotasun hori berreskura dezake, Kode Zibilaren 24. artikuluko idazkera berrian ezarritakoaren arabera.

Kode Zibilaren 21. artikuluko idazkera berrian ezarritako araubidea aplika dakioke emakume atzerritarrari ere, hori gizonezko espainiarrarekin ezkondu bada lege hau indarrean jarri aurretik; ondorenez, emakume horrek bere lehengo naziokotasuna berreskura dezake jatorrizko legearen arabera.

Maiatzaren 26ko 22/1978 Legea (Estatuko Burutza), adulterioari eta ezkondu gabe bizitzeari zigorra kendu diena («EAO», 128. zk., 1978ko maiatzaren 30ekoa; errakuntzen zuzenketa, «EAO», 131. zk., 1978ko ekainaren 2koa)

1. artikulua. Zigor Kodearen 449. artikulutik 452.erakoak indarrik gabe geratzen dira; eta, horren ondorioz, kode horren II. liburuko IX. tituluaren VI. kapitulua, «adulterioa» idazpuruduna, ezabatu, eta, ondoz ondo, VII eta VIII. kapituluen zenbaketa zuzentzen da, eta aurrerantzean horiek VI eta VII. kapituluak izango dira.

2. Halaber, Zigor Kodearen 443. artikuluko azken lerrokada indarrik gabe geratzen da.

2. artikulua. 1. Kode Zibilaren 84. artikuluko 7. paragrafoa indarrik gabe geratzen da, eta, horren lekuan, artikulu bereko 8. zenbakiaren testua jartzen da.

2. Kode Zibilaren 109. artikuluaren zati bat indarrik gabe geratzen da; azken tartekadura ezabatuta, artikulu horrek honako idazkera hau izango du: […]

3. artikulua. Kode Zibilaren 756. artikuluko 5. paragrafoa indarrik gabe geratzen da. Halaber, indarrik gabe geratzen dira xedapen horretara eginiko igorpenak; igorpenok jasotzen dira 758. artikuluaren 2. paragrafoan, eta 852. artikuluan, 853. artikuluaren 1. paragrafoan eta 854. artikuluaren 1. paragrafoan. Hortaz, horietan guztietan, 756. artikuluaren 5. paragrafoari buruz egindako aipamenak ezabatu dira.

2. 756. artikuluaren 6. zenbakiko testua lekuz aldatzen da 5. zenbakira; eta 7. zenbakiaren testua, 6. zenbakira.

3. 756. artikuluaren 3. zenbakian, «aflikzio-zigor» adierazmoldearen ordez, «presondegiratze edo presoaldi handia baino txikiagoa ez den zigor» esamoldea jarri behar da.

4. artikulua. Kode Zibilaren 852. artikulua aldarazten da, eta horren testua hauxe izango da: […]

5. artikulua. 853. artikuluaren lehenengo paragrafoan seme-alaba adoptatuak sartzen dira, eta paragrafo horren idazkera hauxe izango da: […]

2. 854. artikuluaren lehenengo lerrokadan guraso adopzio-hartzaileak sartzen dira, eta lerrokada horren idazkera hauxe izango da: […]

Azaroaren 16ko 33/1978 Errege Dekretu-legea (Estatuko Burutza), adin-nagusitasunari buruzkoa («EAO», 275. zk., 1978ko azaroaren 17koa)

Lege bidez herritarren adin-nagusitasunari ezarritako muga gutxitu egin da Espainiako antolamenduan, kultur esparru bereko beste herri batzuetan gertatu den bezala. Arean ere, legeak adin zehatza ezartzen du, herritarrak bizitza juridikoaren osotasunean sar daitezen, eta arlo zibilean edo administrazio, politika zein bestelako arloetan jarduteko gaitasuna izan dezaten. Adin hori emeki-emeki txikiagotuz joan da ondoko arrazoia dela medio: eskolatze-aldia luzeagoa izatean, gazteek irakaspen gehiago jaso dezakete, eta, aldi berean, orotariko informazioa dute eskura; ondorenez, gazteok lehen baino arinago egin diezaiekete aurre bizitzaren beharrizanei. Bide bertsutik, adin-nagusitasuna gutxitzean, biziki pizten da gazteen erantzukizun-sena.{1943. urtean, hogeita bat urte betetzean lortzen zen adin-nagusitasuna; baina, bistakoa denez, orduko egoerak ez du zerikusirik egungo egunean Espainiako gizarteak bizi duenarekin. Gizarte honek azken urteotan aurrerapausoak eman ditu ekonomia, gizarte eta kulturaren alorretan. Aurrerapauso horiek, egitez, bete-betean sartu dituzte hainbat gazte Espainiako bizitzaren egunerokotasunean, bai esparru publikoan, baita pribatuan ere. Gazteok hogeita bat urtekoak baino gazteagoak izan arren, jarduteko gaitasun fisiko, psikiko nahiz morala eta gizarte- gaitasun osoa dute bizitza juridikoari begira, eta, horregatik, gazteok ez dute behar inolako ordezkorik, ez gaitasun osagarririk.{Gizarte-testuinguru horretatik sortzen da adin-nagusitasunari muga berria ezarri beharra; muga hori hemezortzi urtetan jarri da, Europako beste antolamenduek egin duten bezala.{Adin-nagusitasunaren muga berri horrek zuzeneko eragingarritasuna izan behar du Espainiako bizitza osoan. Horretarako, teknikaren aldetik, berrikuntza hori arau orokor gisa ezarri behar da, eta, horrekin batera, aldarazi behar dira hogeita bat urteko adin-nagusitasuna ezartzen zuten lege-testu nagusietako manuak. Beste alde batetik, argiro zehaztu behar da adin-nagusitasun berriaren ondoreek ezin dutela eragin negatiborik izan honako onura hauen gain: hogeita bat urteko adin-nagusitasuna lortu bitartean, aurreko antolamenduak gazteei eratxikitzen zizkien onuren gain.

Gizartean gertaturiko kasu horiek eta Espainian jazotzen ari den aldaketa politikoa ikusita, on dirudi adin-nagusitasuna ahalik arinen aurreratzea, Espainiako gazteek herriaren bizitza juridiko eta politikoan nahiz gizarte-bizitzan parte hartzeko aukera izan dezaten.

Horrenbestez, Ministroen Kontseiluak 1978ko azaroaren 10ean izandako bileran arazoa eztabaidatu ondoren, Gorte Nagusien Eraketarako Legeak 13. artikuluan emandako eskuespena erabilita, eta Eraldaketa Politikoari buruzko urtarrilaren 4ko 1/1977 Legearen bigarren xedapen gehigarriko lehenengo zenbakiak aipatzen duen Gorte Batzordeari entzun eta gero, hauxe xedatu dut:

1. artikulua. Espainiar guztientzat adin-nagusitasuna hasten da hemezortzi urte betetzean.

2. artikulua. Kode Zibilaren 19, 168, 278, 318, 320 eta 323. artikuluak modu honetan aldarazi dira: […]

3. artikulua. Merkataritza Kodearen 5. artikulua aldarazi da, «hogeita bat» adierazmoldearen ordez, «hemezortzi» hitza jarriz.

4. artikulua. Aragoiko Zuzenbide Zibilaren Konpilazioari buruz apirilaren 8an emandako 15/1967 Legearen 6, 27 eta 99.1 artikuluak aldarazi dira, «hogeita bat urte» adierazmoldearen ordez, «hemezortzi urte» adierazmoldea jarriz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. Errege dekretu-lege hau indarrean jartzen denetik, beronen 1. artikuluan xedaturikoa eragingarria izango da, antolamendu juridikoaren ondoko manuei begira: eskubide zibilak, eskubide administratibo nahiz politikoak, edota bestelako eskubideak egikaritzeko, hogeita bat urteko adina ezartzen duten manuei begira. Edozein kasutan ere, ezin zaie kalterik egin antolamenduak hogeita bat urterainoko gazteentzat edo horien familientzat aitorturiko eskubide edo egoera onuragarriei, betiere eskubideok ezartzen dituzten arauak indarrean dauden bitartean.

Bigarrena. Nafarroako Zuzenbide Zibil Bereziaren Konpilazioa edo Nafarroako Foru Berria aldarazteko, horri berezko zaion eremuan, martxoaren 1eko 1/1973 Legearen azken xedapenetatik lehenengoan xedaturikoa bete beharko da.

AZKEN XEDAPENA

Errege dekretu-lege honen berri emango zaie berehalakoan Gorteei, eta berau indarrean jarriko da «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratzeaz batera.

Urriaren 8ko 50/1980 Legea, aseguru-kontratuari buruzkoa («EAO», 250. zk. 1980ko urriaren 17koa)

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau indarrean jarri aurretik egin badira aseguru-kontratuak, kontratu horiek beroni egokituko zaizkio, askoz jota, hau indarrean jarri eta hurrengo bi urteetako epean; eta, egokitzapena egiten denetik edo aipatu urteak igaro direnetik, kontratuok lege honen manuen menpe geratuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Lege hau indarrean jarriko da «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu forma: eta sei hilabete igarotakoan.{Indarrean dirau uztailaren 4ko 10/1970 Legeak, Esportaziorako Kreditu Aseguruaren Araubidea Aldarazi zuenak.

Lege hau indarrean jartzean, indarrik gabe geratuko dira Kode Zibilaren 1791. artikulutik 1979.erakoak, Merkataritza Kodearen 380. artikulutik 438.erakoak eta lege honetako manuen aurkako diren gainerako xedapenak.

Maiatzaren 13ko 11/1981 Legea, seme-alabatasunari, guraso-ahalari eta ezkontzaren ondasun-eraentzari buruzko arloetan, Kode Zibila aldarazi duena («EAO», 119. zk., 1981eko maiatzaren 19koa)

1. artikulua. Kode Zibilaren I. liburuko V. tituluaren 108. artikulutik 141.erakoak aldarazten dira, eta horien idazkera hauxe izango da: […]

2. artikulua. Kode Zibilaren I. liburuko VII. tituluaren 154. artikulutik 171.erakoak aldarazten dira, eta horien idazkera hauxe izango da: […]

3. artikulua. Kode Zibilaren IV. liburuko III. tituluak, eta, horren barruan, 1315. artikulutik 1444.erakoek, honako idazkera hau izango dute: […]

4. artikulua. Kode Zibilaren hurrengo artikuluak berridazten dira jarraian adierazi moduan: […]

5. artikulua. Kasuan-kasuan zehaztutako lerrokada eta paragrafoetan, jarraian adierazitako artikuluak aldarazten dira: […]

6. artikulua. 834.etik 840.erako, 841.etik 847.erako, 935.etik 942.erako, 943.etik 955.erako eta 956.etik 958.erako artikuluen aurretik, honako idazpuru hauek jarri behar dira, hurrenez hurren: «Zazpigarren atala. Alargunaren eskubideak »; «Zortzigarren atala. Jarauntsi-zatiaren ordainketa, kasu berezietan»; «Bigarren atala. Aurrekoenganako zuzeneko lerroa»; «Hirugarren atala. Ezkontidea eta alboko ahaideak oinordeko izatea»; eta, orobat, «Laugarren atala. Estatua oinordeko izatea».

I. liburuaren XI. tituluko idazpurua aldatu, eta, horren ordez, «adin-nagusitasuna eta emantzipazioa» jarri behar da.{Titulu hori kapituluetan eta idazpuruetan zatituta dago, eta zatiketa hori ezabatu egin da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Lege hau indarrean jartzeaz geroztik, beronek eraenduko ditu pertsonen seme-alabatasuna eta horren ondoreak, eta ez da kontuan hartuko jaioteguna, ezta seme-alabatasuna lege bidez zehazteko data ere.

Bigarrena. Ematearen bitartez seme-alabak legitimatu, eta seme-alaba horiek izango dituzte lege honetan ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna duten seme-alabentzat ezarritako oinordetza- eta mantenu-eskubide berberak.

Hirugarrena. Seme-alabatasunaren inguruko akzioak aurreko legeriarekin bat etorriz sortu badira, legeria horrek zehazturiko iraupena izango dute, salbu eta lege berriak epe luzeagoa ematen dienean.

Laugarrena. Aurreko xedapenean ezarritakoa salbu, semea edo alaba jaio bada lege hau indarrean jarri aurretik, eta une horretan familia-harremanetan seme edo alaba horrek ez badu egoera-edukitzarik bere amaren senarrari begira, senar horrek bere aitatasuna aurkara dezake, lege berria indarrean jarri eta hurrengo urtean zehar.

Bosgarrena. Aurreko legeriaren arabera semea edo alaba, legitimoa ez izateaz gain, odolekoa ere ez bada, seme edo alaba hori aitortzeak berarekin dakar horren seme-alabatasuna zehaztea, lege honek ezartzen dituen ondoreekin, betiere beronek agintzen dituen betekizunak jadanik gauzatu direnean.

Seigarrena. Seme-alabatasunaren gaineko epai irmoa izateak ez du eragozten horren inguruko akzioa berriro egikaritzea, baldin eta akzio horren oinarri badira legeria berrian bakarrik jasotako froga nahiz egitateak.

Zazpigarrena. Aurreko legeriak bakarrik eraenduko ditu seme-alabatasun akzioak, baldin eta zein guraso, seme edo alabaren inguruan eztabaida sortu eta hori hilda badago lege hau indarrean jartzen denean.

Zortzigarrena. Lege hau indarrean jarri aurretik oinordetzak ireki badira, aurreko legeriak eraenduko ditu oinordetza horiek; lege berriak eraenduko ditu ondoren irekitakoak.

Bederatzigarrena. Lege hau indarrean jartzen denetik, beronek eraenduko ditu guraso-ahalaren eratxikipena eta egikaritza, semearen edo alabaren jaioteguna edozein izanda ere.

Hamargarrena. Prozedura Zibilaren Legea aldarazten ez den bitartean, borondatezko jurisdikzioaren arauak aplikatuko zaizkio jardunari, jardunik izan bada behinik behin:

1) Lege honetan ezarritako epai-baimenak emateko.

2) Auziak konpontzeko, horiek sortu badira guraso-ahala egikaritzean, eta ezkontideen arteko harreman pertsonaletan eta ondare-harremanetan, eta auzioi presako irtenbidea eman behar bazaie.

Prozedura horretan, errekurtsoak onartuko dira beti, ondore bakarrarekin.

Edozein kasutan ere, ezin izango zaio kalterik egin akzio egokiak epaiketako bide arruntean egikaritzeari.

Hamaikagarrena. Lege honetako xedapenek ez dituzte aldaraziko jadanik eratuta dauden babes-erakundeak; hala ere, geroko aldaketak lege honetan xedaturikoari egokituko zaizkio.

AZKEN XEDAPENA

Sei hilabeteko epean, Gobernuak aginduko du lehen auzialdiko epaitegi beharrezkoak sortu eta abian jartzea, hurrengo hiriburuetan: jurisdikzio zibila eta zigor-jurisdikzioa bereizita egonik, eta familia-zuzenbidearen inguruko jardun-kopurua eta bertako biztanleria kontuan izanik, halako epaitegiak behar dituzten hiriburuetan. Banaketaren bitartez, epaitegi horien eskumenekoak izango da, modu esklusiboan, Kode Zibilaren I. liburuko VII. tituluan ezarritako epai-jarduna.

Uztailaren 7ko 30/1981 Legea, Kode Zibilean ezkontzaren arauketa aldarazi duena, eta deuseztasun-, banantze- nahiz dibortzio-auzietan bete beharreko prozedura zehaztu duena («EAO», 172. zk., 1981eko uztailaren 20koa)

1. artikulua. Kode Zibilaren I. liburuko IV. tituluak idazkera hau izango du: […]

2. artikulua. Kode Zibilaren hurrengo artikuluak aldarazi egiten dira jarraian adieraziko den moduan: […]

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Dibortzioari buruzko 1932ko martxoaren 2ko Legearen babespean, norbaitzuk dibortziatu badira epai irmoaren bidez, dibortziatu horiek berriro ezkon daitezke, sententzia epaiketa bidez deuseztatu denean izan ezik.

Bigarrena. Lege hau indarrean jarri aurretik zenbait egitate gertatu edo egoera batzuk sortu badira, egitate edo egoerok izango dituzte Kode Zibilaren I. liburuko IV. tituluaren VI, VII eta VIII. kapituluetan ezarritako ondoreak.

Banantze edo dibortzioari buruzko demanda jartzeko, zenbaketaren barruan sartuko dira jadanik igaro diren denboraldiak, kode honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK1

1 Urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea prozedura zibilari buruzko lege berria da. Lege horren xedapen indargabetzaile bakarrak, 2. paragrafoan, indarrik gabe utzi ditu lehenengotik bederatzigarrenerako xedapen gehigarri hauek.

Prozedura Zibilaren Legea aldarazten ez den bitartean, hurrengo auzibide arauak beteko dira: […]

Hamargarrena. Pentsioen eta Gizarte Segurantzaren inguruko legeria egokian behin betiko arauketa eman arte, honako arau hauek aplikatuko dira behin-behinean:

1. Xedapen gehigarri honek pentsioen inguruan ezartzen duenari kalterik egin gabe, Gizarte Segurantzako prestazioak jasotzeko eskubidea dute ezkontza edo seme-alabatasunaren ondorioz onuradun gertatu diren ezkontide eta ondorengoek; horretan ez da aintzat hartuko epaiketa bidezko banantzea edo dibortzioa gertatu den ala ez.

2. Norbaitzuk ezin izan badira ezkondu, egundaino indarrean egon den legeriak hori eragotzi izan duelako, baina ezkondu legez elkarrekin bizi izan badira, eta horietako bat hil bada lege hau indarrean jarri aurretik, besteak eskubidea izango du, xedapen honen 1. paragrafoan aipaturiko onurak eta hurrengo paragrafoan ezarritakoaren araberako pentsioa jasotzeko.

3. Ezkontide legitimoak edo hori izandakoak eskubidea izango du, alarguntasun- pentsioa eta heriotzaren ondoriozko beste eskubide pasiboak edo prestazioak jasotzeko, hildako ezkontidearekin bizi izandako denboraren arabera, eta banantzea edo dibortzioa eragin duten arrazoiak aintzat hartu gabe.

4. Legez banantzeko egoeran jarri direnek, euren aurreko edo ondorengoei begira izango dituzte ezkontza deseginda egon balitz izango zituzketen eskubide berberak.

5. Ezkontideari dagokionez, eta Kode Zibilaren 101. artikuluko kasuetan, ondorerik gabe geratuko dira aurreko paragrafoek eratorritako eskubideak.

AZKEN XEDAPENA

Behin familia-epaitegiak sortu eta gero, horiek bereganatuko dituzte lege honetan lehen auzialdiko epaitegiei eratxikitako eginkizunak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da abenduaren 26ko 78/1980 Legea, ezkontzaren banantze-kausetan bete beharreko prozedura zehaztu zuena.

Uztailaren 13ko 51/1982 legea (Estatuko Burutza), Kode Zibilaren 17. artikulutik 26.erakoak aldarazi dituena («EAO», 181. zk., 1982ko uztailaren 30ekoa)

Artikulu bakarra. Kode Zibilaren I. liburuko I. tituluaren 17. artikulutik 26.erakoak aldarazi dira; artikuluok honako idazkera izango dute: […]

XEDAPEN IRAGANKORRA

26. artikuluan xedaturikoari kalterik egin gabe, eta lege hau indarrean jarri aurretik, norbaitzuek Espainiako naziokotasuna galdu badute emigrazioa dela eta, naziokotasun hori berreskura dezakete, artikulu horren 2 eta 4. baldintzak betetzearekin bakarrik.

Urriaren 24ko 13/1983 Legea (Estatuko Burutza), Kode Zibila tutoretzaren arloan eraldatu duena («EAO», 256. zk., 1983ko urriaren 26koa)

1. artikulua. Kode Zibilaren I. liburuko IX eta X. tituluek honako idazkera hau izango dute: […]

2. artikulua. 1. Kode Zibilaren 32. artikuluko 2. paragrafoa ezabatu da.

2. 1931ko uztailaren 3ko Dekretua indarrik gabe geratzen da.

3. artikulua. Kode Zibilaren 307. artikulutik 313.erakoak eduki barik geratzen dira.

4. artikulua. Kode Zibilaren 171. artikuluko lehenengo lerrokadak honako idazkera hau izango du: […]

5. artikulua. Kode Zibilaren 176. artikuluak izango du maiatzaren 13ko 11/1981 Legean onetsitako testuaren idazkera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Prozedura Zibilaren Legean beste arauketa bat ezartzen ez den bitartean, ezgaiketa-prozedurari eta zarrastelkeria adierazteko prozedurari aplikatuko zaizkie munta txikiko adierazpen-epaiketaren arauak; halakoetan, ez da onartuko demandari amore ematerik, ezta transakzioa egiterik ere.{Kode Zibilaren I. liburuko IX eta X. tituluek eratorritako beste prozeduren izapideak egin behar dira, Prozedura Zibilaren Legean borondatezko jurisdikzioari buruz ezarritako xedapenen arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Aurreko legeriaren indarraldian zehar eta horren menpe tutoreak izendatu badira, horiek euren karguei eutsiko diete; baina, karguok betetzean, lege honen xedapenen menpe geratuko dira.

Bigarrena. Gaur egun zarrastelen gain eratuta badaude tutoretzak, aurrerantzean lege honetan kuradoretzarentzat ezarritakoa aplikatuko zaie tutoretza horiei.

Hirugarrena. Interdikzio zibilaren zigorrak dirauen bitartean, halako kondena izan dutenen tutore izango dira kode honetako 234 eta 235. artikuluetan zehazturiko pertsonak, eta aurrerantzean kodearen manuak aplikatuko zaizkie tutoretza horiei.{Arau berberak aplikatuko zaizkie lege hau indarrean jartzean irmo diren interdikzioei, eta tutore izateari eutsiko dio une horretan halakoa zenak.

AZKEN XEDAPENA

Sei hilabeteko epean, Gobernuak lege-proiektua igorriko dio Diputatuen Kongresuari, Kode Zibilean eta beste lege-testu batzuetan aldarazi beharreko arauei buruz, arauok Kode Zibilaren IX eta X. tituluetako testu berriarekin bat etor daitezen.

Martxoaren 31ko 6/1984 Legea, Kode Zibilaren, Merkataritza Kodearen, Hipoteka Legearen, Prozedura Kriminalaren Legearen eta Sozietate Anonimoen Araubideari buruzko Legearen artikulu zehatzak aldarazi dituena, interdikzioaren arloan («EAO», 80. zk., 1984ko apirilaren 3koa)

1. artikulua. Kode Zibilaren xedapenetatik jarraian aipatuko direnak ezabatu edo aldarazi egin dira honetara:

Lehenengoa. 681. artikulua. Horren seigarren zenbakian ezabatu da «… eta interdikzio zibileko zigorraren menpe daudenak» adierazmoldea.

Bigarrena. 853. artikulua. Laugarren arrazoia ezabatu da.

Hirugarrena. 1700. artikulua. Horren hirugarren paragrafoak idazkera hau izango du: «Bazkideetatik edozeinen heriotza edo kaudimengabeziaren ondorioz, eta 1699. artikuluak ezarritako kasuan».

Laugarrena. 1732. artikulua. Horren hirugarren paragrafoak idazkera hau izango du: «Mandatugilearen edo mandatariaren heriotza, porrot edo kaudimengabeziaren ondorioz».

2. artikulua. Merkataritza Kodearen 13. artikuluko 1. paragrafoa ezabatu da.

3. artikulua. Prozedura Kriminalaren Legeko 995. artikulua ezabatu da.

4. artikulua. Sozietate Anonimoen Araubideari buruzko Legearen 82. artikuluak idazkera hau izango du: […]

5. artikulua. Hipoteka Legearen 2. artikuluko 4. paragrafoak idazkera hau izango du: […]

Ekainaren 29ko 24/1984 Legea, diruaren legezko korritu-tasa aldarazi duena («EAO», 158. zk., 1984ko uztailaren 3koa)

1939ko urriaren 7ko Legeak diruaren legezko korritua ezarri zuen. Korritu hori aipatzen du Kode Zibilaren 1108. artikuluko 2. paragrafoak, eta 100eko 4koa da.

Merkatuan korritu-tasak igo badira ere, harako legea ez da aldarazi.{Edonola ere, legezko korrituari 100eko 4ko tasan eustea gaur egun ez dago justifikatuta, hurrengoa kontuan hartuz gero: azaroaren 27ko 6/1974 Dekretu-Legearen 15.1 artikuluak, orduko, Tributuei buruzko 1963ko abenduaren 28ko Lege Orokorraren 58.2b) artikulua aldarazi zuen. Horrela, tributu-zorretan, berandutza- korritu gisa hartzen da Espainiako Bankuak, likidazioa egiteko unean, ezarrita duen oinarrizko korritua.{Aurrekontuei buruzko 1977ko urtarrilaren 4ko Lege Orokorrak irizpide berbera ezarri zuen 36.2 artikuluan; are gehiago, irizpide hori hedatu zen Herri Ogasunarenganako eskubide eta betebehar guztietara.{Arestian, abenduaren 26ko 77/1980 Legeak 921bis artikulua sartu du Prozedura Zibilaren Legean. Artikulu horren arabera, jurisdikzio-ebazpenek kondena ezartzen badute, eta, kondena horren ondorioz, kopuru likidoak ordaindu behar badira, korrituak sortzen dira, harako ebazpenak eman direnetik halakoak oso-osorik betearazi arte. Horretarako, erreferentzia gisa hartzen da Espainiako Bankuak finkaturiko oinarrizko korritua edo birdeskontua, eta horri bi puntu gehitzen zaizkio, betiere Aurrekontuei buruzko Lege Orokorrean Herri Ogasunarentzat agindutako espezialitateak salbu.

Diruaren korritu-tasari 100eko 4an eustea, beraz, ez dator bat gizarte-errealitatearekin; zaharkituta geratu da, bereizkeria dakar Herri Ogasunarenganako eskubide eta betebeharretan aplikatzen denari begira, eta erraztu egiten ditu mota guztietako ez-betetzeak. Halakoak gertatuko dira, jurisdikzio-ebazpen kondenatzailea emateagatik, Prozedura Zibilaren Legeko 921bis artikulua tartean sartu arte.

Hori guztia gogoan izanik, jarraikoa proposatzen da: berandutzako lege-korritua bat etorri behar da Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren 36.2 artikuluan jasotakoarekin. Horrela, jurisdikzio-ebazpena kondenatzaile izan, eta, ondorenez, kopuru likidoa ordaindu behar bada, ebazpen horrek berebiziko indarra hartuko du betearazpen-unean, bi puntutan gehitu baita, Prozedura Zibilaren Legeko 921bis artikuluaren arabera. Gainera, jurisdikzio-ebazpena eman baino lehen ere, hartzekodun legitimoak behar beste babesturik geratu dira.

Bestalde, 1939ko urriaren 7ko Legeak erreserba formalaren ondorea sortu zuen. Horrek hauxe eragin zuen: lege hori indarrean jartzeaz geroztik, ezin zen aplikatu Gobernuari Kode Zibilaren 1108. artikuluko bigarren paragrafoak emandako gaikuntza.{Hortaz, formula berezia proposatu da, ezin baita gehiago atzeratu lege-korrituaren gaineko tasaren eguneratzea. Formula horrek kontuan hartu ditu malgutasunaren eskakizunak; halaber, gai honetan ez da berriz aldaezintasunik ezarri behar, lege-lerrunarekin bederen, horrek desfaseko ondorio berberak ekar baititzake.{Nolanahi den ere, ez da 1939ko Legea indarrik gabe utzi eta Kode Zibilaren 1108. artikuluko 2. paragrafoa berpiztu bakarrik.{Aitzitik, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren 36.2 artikuluarekin gertatzen den bezala, diruaren korritu-tasa lotu zaio Espainiako Bankuak zehazturiko korritu-tasa oinarrizkoari. Horrela, indartu egin da erakunde horren autonomia, diru-politikaren alorrean.

1939ko urriaren 7ko Legean gertatu zen bezala, beren beregi zehaztu da diruaren lege-korrituak izan behar duen aplikazio-eremu orokorra, lege berezietan xedatutakoari kalterik egin gabe. Zuzenbide iragankorraren irizpideei dagokienez, legearen aplikazioa hedatzen da, gerogarrenean hartutako betebeharretara ez ezik, aurretiaz hartutako betebeharren ondoriozko korrituetara ere, baldin eta horiek eskatzeko modukoak badira, eta hitzarturiko korriturik izan ez, eta lege-korritua sortzeko eskubidea eratu edo adierazi bada, lege berria indarrean jarri eta gero.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Beren beregi indarrik gabe geratu dira 1899ko abuztuaren 2ko Legea eta 1939ko urriaren 7koa, bai eta Kode Zibilaren 1108. artikuluko bigarren paragrafoa ere.

Era berean, eta lege honen 1 eta 2. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, aldarazi egiten dira Tributuei buruzko Lege Orokorraren 58.2b) eta Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren 36.2 artikuluak.

Abuztuaren 2ko 29/1985 Legea, urei buruzkoa («EAO», 189. zk., 1985eko abuztuaren 8koa)

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Lege honetan beren beregi arautu ez diren gaietan, Kode Zibilean xedatutakoa beteko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1. Indarrik gabe geratu dira hurrengo xedapenak:

Urei buruzko Legea, 1879ko ekainaren 13koa.

1889ko uztailaren 24ko Kode Zibilaren 407. artikulutik 425.erakoak, lege honetan ezarritakoaren aurkakoak diren heinean.

Azaroaren 11ko 21/1987 Legea, Kode Zibileko eta Prozedura Zibilaren Legeko zenbait artikulu aldarazi dituena, adopzioaren arloan («EAO», 275. zk., 1987ko azaroaren 17koa)

HITZAURREA

Uztailaren 7ko 7/1970 Legea aldarrikatu aurretik ere, adopzioaren arauketak ondoz ondoko eraldaketa ugari izan ditu, maiatzaren 13ko 11/1981 Legeak eta uztailaren 7ko 30/1981 Legeak sartutako ukitu txikiekin batera.{1970eko aldarazpenak Kode Zibilaren modernizazioa ekarri bazuen ere, eta legegilearen asmoak zintzoak izan arren, aitortu beharra dago egundaino indarrean egon den araubideak ez duela bete-betean ase erakunde horren gizarte-eginkizuna; urteak igaro ahala lortutako esperientziak agerian utzi ditu araubide horretako arauen akatsak eta urritasunak.

Aurreko legeriaren akats nagusia hauxe omen zen: inolako kontrolik ez egotea adopzioaren aurreko jardunaren gain. Kontrol hori behar-beharrezkoa da, adopzioaren erakundeak bere benazko gizarte-eginkizuna betetzeko, hau da, familia-bizimodu arruntik ez duten adingabeak babesteko.{Halako kontrolik ez izatearen ondorioz, eta komunikabideetan salatu izan den moduan, batzuetan umeen trafiko higuingarria gertatu da; beste zenbaitetan, ostera, adopzio-hartzaileak ez dira behar bezala aukeratu.{Horrez gain, eta beste ikusmolde bati helduta, aurreko legeriak ez zien arauketa egokirik eman bertan behera utzitako adingabeen kasuei; izan ere, adopzioaren arauketa zurrunegia zen, eta, ezbairik gabe, arauketa horrek oztopatu egin zituen ageri-agerian gomendagarri ziren adopzioak.{Ildo bertsutik, legeria horren eragozpen gisa, hizpidera ekar daitezke jarraiko biak ere: batetik, adin nagusikoak nolanahi adoptatu ahal izatea; eta, bestetik, adopzio soilaren erakundeari eustea, nahiz eta berori garrantzi juridikorik gabeko eta bazterreko erakundea izan, eta babes berezirik behar ez zuten helburu txikietarako bakarrik erabili.

Horrenbestez ulertu izan da harako sistemak ez ziola behar besteko garrantzirik eman adoptatuaren interesak izan behar duen nagusitasunari. Interes horrek lehentasuna izan behar du, adopzio-kasuetan jokoan dauden gainerako interesen gain, horiek ere guztiz baztertu gabe; zehatzago, adoptatuaren interesak lehentasuna izan behar du, adopzio-hartzailearen interesen eta adoptatuaren guraso edo zaintzaileen interesen gain.

Lege honek, horratik, jarraiko bi printzipio nagusiok ditu abiaburu: bateko, adopzioa familiaren integraziorako tresna gisa eratzea, batik bat, hori gehien behar dutenen mesederako; besteko, adoptatuaren onurari lehentasuna ematea, beharrezkoa den orekarekin, eratze-prozesuan izan daitezkeen interes legitimoetatik beste edozeinen aurretik.{Familiaren integrazio hori lortzeko eta adingabearen interesari lehentasuna emateko, lege honek goitik behera hautsi du adoptatuak aurreko familiarekin zuen lotura juridikoa. Horrez gain, legeak ope legis sortu ditu seme-alabatasun harremanak, eta horiei aplika dakizkieke Kode Zibilaren 108. artikuluak eta ondorengoek seme-alabatasunaren inguruan jasotako arau orokorrak.

Printzipio horietatik lehenengoa dela bide, eta salbuespeneko kasu bereziak alde batera utzita, aurrerantzean adingabeak bakarrik adopta daitezke. Halaber, aurretiazko erakunde gisa, xehetasun handiarekin arautu da familia-harrera; erakunde hori ez da nahitaezkoa, baina maiz-sarri erabil daitekeela uste izan da.{Azken hori berrikuntza esanguratsua da, eta bada horren antzekorik Europako zenbait zuzenbidetan. Berrikuntza hori barneratzean, lehen mailako lege-lerruna aitortu zaio gaurdaino administrazio-arauetan sakabanaturik zegoen erakundeari.{Orobat ulertu izan da erakunde horrek baduela Kode Zibilean sartzeko adina garrantzirik; gainera, Kode Zibilean sartzean, elkarrengandik urrun dauden eginerak batu eta horien aplikazioa zabaltzea lortuko da.{Legeak ahaleginak egin ditu, bestalde, adingabearen eta hori hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arteko harremanei eduki juridikoa eta, batik bat, eduki pertsonala emateko, odoleko gurasoen eskubideak ahanzteke.{Laburbilduz, jarraikoa azpimarratu behar da: familia-harrera administrazio-bidean gauzatu arren, harrera hori hasiera-hasieratik dago Fiskaltzaren zaintzapean eta epailearen kontrolaren menpe.

Familia-harreraren eta adopzioaren osagarri gisa, eta bi erakundeok modu argiagoan arautzeko, lege honek zenbait arau jaso ditu babesik gabeko adingabeak jagon eta zaintzeari buruz.{Aurreko 239. artikuluaren irizpidetik aldenduz, eta kasuak sorrarazten duen presa kontuan hartuta, ulertu izan da babesgabezia-egoeretan herri-erakunde eskudunak -hau da, lurralde horretan adingabeen babesaren ardura duen erakundeak- zuzeneko babesa eskaini behar duela.{Adingabe horien zaintza erakundeari berari dagokio; baina Fiskaltzak goi jagotza izango du, eta bere ustez beharrezkoak diren babes-neurriak proposa diezazkioke epaileari. Zaintza-kasuetan, gainera, babes-erakundeak jardun dezake bere mendeko establezimendu publikoen nahiz establezimendu pribatuen zuzendarien bitartez, edo familia-harrera gauzatzen duten pertsonen bidez.

Aurrerago aipatu izan denez, adingabearen interesak izan behar du lehentasuna. Lehentasun hori dela medio, eta adingabea hamabi urtekoa baino nagusiagoa izanez gero, horren adostasuna behar da adopzioa edo harrera burutu ahal izateko. Ildo bertsutik, modu berezian balioetsi behar da adingabearen adostasunik eza, horrek behar besteko adimena duenean, nahiz eta hamabi urtekoa baino gazteagoa izan.{Orobat, printzipio berberak oinarri gisa balio du, harrera edo adopzio prozeduraren berme guztietan.{Ikusmira horretatik abiatuta, jadanik adopzioa ez da adopzio-hartzailearen eta odoleko gurasoen arteko negozio pribatu soila. Aitzitik, ahaleginak egin behar dira adopzio-hartzaile hori modu objektiboan eta behar bezala aukeratzeko. Ondorenez, fidagarri ez diren bitartekariak baztertzea lortu da, horiek asmo txarrekoak zein onekoak izan.

Bide beretik, lege berriaren oinarrizko osagaiak dira herri-erakundeak edo horiekin elkarlanean ari diren erakunde pribatuak; horiei dagokie, batik batik, adopzioak proposatzea, eta, beti, umeak familia-harreraren araubidepean jartzea.{Erakunde pribatu laguntzaileen kasuan, legeak xedapen gehigarri batean jaso du Administrazioak egin beharreko kontrola, eta horrekin batera zehaztu du zeintzuk diren nahitaezko betekizunak, edozein erakunde kalifikatua izateko, erakunde laguntzaile gisa; guztiarekin ere, gai horiek erregelamendu bidez gara daitezke.{Begi-bistakoa da, ezbairik gabe, eraldaketa arrakastatsua izan dadin, erakunde horiek guztiek artez jardun behar dutela. Zernahi gisaz, eta lege-berrikuntza guztiak arriskutsuak izan arren -are gehiago sistema goitik behera aldatzen denean-, ulertu izan da hemen proposaturikoa dela adopzio-prozedurari seriotasuna eta ziurtasuna emateko bide bakarra.

Gainerakoan, prozedura hori epaiketa bidezkoa izan eta, horretan, Fiskaltzaren esku-hartzea nahitaezkoa da, lehen gertatzen zen bezala.{Edonondik begiratuta ere, prozedura erraztu egin da, aurrenik, notarioaren aurrean burutu beharreko azken etapa desagertu delako, eta, hurrenik, eta beharrezko bermeei kalterik egin gabe, legeak bazter utzi duelako adopzio-hartzaile eta adoptatuarekin lotura bereziak dituzten pertsonen baiezkoa. Dena den, adopzio- hartzailearen eta adoptatuaren adostasuna behar-beharrezkoa da.

Luzeegia izango litzateke arauketa berriaren inguruan xehetasun gehiago ematea; arauketa horri begira, gogoan izan dira zuzenbide konparatuak eskaintzen dituen hobekuntza teknikoak eta legeria desberdinetan berrikitan izandako eraldaketak.{Horri buruz zerbait aipatzekotan, adopzioaren indartzea azpimarra daiteke; egin-eginean ere, erakunde hori indartu egin da, urritu egin direlako adopzioaren azkentzea epaiketa bidez dekretatzeko arrazoiak.{Adopzio soilaren ezabatzea, bestalde, erakunde horren ideologia berriaren nahitaezko ondorioa da.

Lege honen nahitaezko osagarria da Kode Zibilaren 9. artikuluaren barruan aldaraztea nazioarteko zuzenbide pribatuari buruzko idatz-zatia.{Eraldaketarekin lortu nahi izan da emakumearen aurkako bereizkeria iraintzaileak ezabatu, eta, horrez gain, arauketa argiagoa eta aise aplikatzeko modukoa izatea.{Helburu horrekin, babesik handiena merezi duten pertsonak seme-alabak direnez gero, horien lege pertsonalak eraendu behar ditu seme-alabatasun ororen ondoreak, adopzio bidezkoarenak barne. Aldi berean, ondore horietatik bereizi da adopziozko seme-alabatasunaren eraketa.{Bigarren horri dagokionez, Espainiako legeak eraentzen ditu, oro har, Espainian eraturiko adopzioak; badira salbuespen batzuk horren inguruan, baina horiek adoptatua hobeto babesteko jarri dira, eta erraz uler daitezke.{Atzerrian eraturiko adopzioei helduta, batetik, Espainiako kontsulen eskumenak zehaztu dira, eta, bestetik, sistema berezia bideratu da, atzerriko agintari eskudunen aurrean formalizaturiko adopzioak guztiz eragingarriak izan daitezen Espainiako antolamenduan.

Amaitzeko, zuzenbide iragankorraren arazoak konpontzeko, izaera horretako bi xedapen labur onetsi dira. Halakoen xedea da arazo korapilatsuak argiro konpontzea, arazo horiek legeria berriztatzearen ondorioz sortzen direnean.

Azken finean, uste izatekoa da lege honen bitartez adopzioak bere gizarte-eginkizun garrantzitsua oso-osoan betetzea behartsuenen mesederako, hori berori baita egungo egunean Espainiako gizarteak aho batez eskatzen duena.

1. artikulua. Kode Zibilaren 9. artikuluko 4 eta 5. paragrafoek idazkera hau izango dute: […]

2. artikulua. Kode Zibilaren I. liburuko VII. tituluaren V. kapituluak, 172. artikulutik 180.erakoak jasotzen dituenak, ondoko idazpurua izango du: «Adopzioa eta adingabeak babesteko beste moduak». Kapitulu horren edukia hauxe izango da: […]

3. artikulua. Kode Zibilaren testuan eta gainerako lege-xedapenetan, «adopzio soil» deiturikoaren ordez, lege honek arauturiko adopzioa jarri behar da.

4. artikulua. Kode Zibilaren 160, 161, 164 eta 165. artikuluek idazkera hau izango dute: […]

5. artikulua. Kode Zibilaren 222, 229, 232, 239 eta 321. artikuluek idazkera hau izango dute: […]

6. artikulua. Prozedura Zibilaren Legeko 63. artikuluaren 16. erregelako testua hurrengoa izango da: […]

7. artikulua. Prozedura Zibilaren Legeko hirugarren liburuaren bigarren tituluak idazkera hau izango du: […]

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. Lege honetan aipaturiko herri-erakundeak dira estatu, autonomia- erkidego edo toki-erakundeetako organoak, baldin eta, legeen arabera, eurei badagokie adingabeen gaineko babesa, kasuan kasuko lurraldean.

Autonomia-erkidegoek eskumena dute adingabeak babesteko, eta, eskumen hori egikarituz, euren lurraldean elkarte edo fundazioak gaitu ahal dituzte, familiaren integraziorako erakunde laguntzaile gisa, baldin eta elkarte edo fundazio horiek kasuan-kasuan aplikatu beharreko legeen arabera eratu badira, ez badute irabaziak lortzeko asmorik, haien estatutu edo erregeletan adingabeen babesa agertzen bada helburu nagusitzat, eta euren eginkizunak betetzeko adina baliabide material nahiz diziplina aniztuneko ekipoak badituzte.

Erakunde laguntzaile horiek zaintza- eta tartekaritza-eginkizunetan bakarrik jardun dezakete, herri-erakunde nagusiak ezarritako mugak gogoan izanda; horrekin batera, erakunde horiek agintaritza gaitzailearen gida-lerro, ikuskapen nahiz kontrolaren menpe egon behar dira.

Gainerako pertsona eta erakundeek ezin dute eskurik hartu familia-harrerarako edo adopziorako tartekaritza-eginkizunetan.

Gaikuntza eman aurretik, espedientea egin behar da.{Gaikuntza hori ondorerik gabe utz daiteke, elkarte edo fundazioak beharrezko betekizunak gauzatzen ez baditu edo lege-arauen aurka badihardu.

Justizia Ministerioari dagokio koordinazio- lana betetzea, informaziorako, elkarlanerako, estatistiketarako edo nazioarteko harremanetarako; horretarako, autonomia-erkidegoek beharrezko informazioa eman beharko dute.

Herri-erakundeetan edo erakunde laguntzaileetan lan egiten duten pertsonek isilpean gorde behar dituzte lortutako informazioa eta harrerapekoen edo adoptatuen seme-alabatasunari buruzko datuak; pertsona horiek saihestu behar dute, batez ere, jatorrizko familiak familia adopzio-hartzailea ezagutzea.

Herri-erakundeak pertsona bat adopzio- hartzaile gisa aukeratzen duen unetik, pertsona horrek erakundeari eska diezaioke adingabearen osasunari buruzko datuak ematea.

Bigarrena. Lehen auzialdiko epailea eskuduna da lege honetan ezarritako epaiketa-eginkizunak gauzatzeko; bestela, epaile eskuduna izango da Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 98. artikuluaren arabera zehazturikoa.

Hirugarrena. Lege honek ezkontideen gaitasuna aipatzen duenean biek batera adingabea adopta dezaten, aipamen berbera aplika dakieke gizonezkoari eta emakumeari, baldin eta horiek bikote iraunkorra osatzen badute eta euren arteko afektibitate-harremanak senar-emazteen arteko harremanen antzekoak badira.

Laugarrena. Norbait osasun-laguntzarako eskubidearen onuradun edo titular bada Gizarte Segurantzaren edozein araubideren menpe, eta, lege-harreraren bitartez, pertsona horren ardurapean utzi bada adingabea, adingabe horrek harako prestazioa jasotzeko eskubidea du harrerak dirauen bitartean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Lege hau indarrean jartzean auzitegietan erabaki gabe badaude adopzio osoaren inguruko espedienteak, aurreko legeria aplikatuko zaie bete-betean espediente horiei, salbu eta eskatzaileek lege berria aplikatzeko eskatzen dutenean.{Adopzio soilari buruzko espedienteetan ez bada epai-ebazpenik ematen, espedienteok largetsi egingo dira.

Bigarrena. Adopzio soil edo erdi osoek indarrean diraute, aurreko legeriak horiei emandako ondoreekin; hala ere, lege honek arauturiko adopzioa gerta daiteke, horretarako betekizunak gauzatzen badira.

AZKEN XEDAPENA

Adingabeen gaineko babes-neurriei buruzko prozedura-arauak aplikatuko dira, Kode Zibilean eta lege honetan agindutako egokitzapenekin.

Abenduaren 5eko 36/1988 Legea, tartekaritzari buruzkoa («EAO, 293. zk., 1988ko abenduaren 7koa»)

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1. Indarrik gabe geratzen da 1953ko abenduaren 22ko Legea, zuzenbide pribatuko tartekaritzak arautzen dituena.

2. Indarrik gabe geratzen dira Prozedura Zibilaren Legeko 1687. artikuluaren 4. zenbakia, eta bigarren liburuko XXI. tituluaren IX. atala.

4. Edukirik gabe geratzen da Kode Zibilaren laugarren liburuko XIII. tituluaren II. kapitulua.

4. Halaber, indarrik gabe geratzen dira lege honen aurkako diren xedapen guztiak.

Urriaren 15eko 11/1990 Legea (Estatuko Burutza), sexuaren araberako bereizkeria ezaren printzipioa aplikatuz, Kode Zibila eraldatu duena («EAO», 250. zk., 1990eko urriaren 18koa)

HITZAURREA

Maiatzaren 13ko 11/1981 Legeak eta uztailaren 7ko 30/1981 Legeak eraldaketa sakonak egin zituzten Kode Zibilean, eta, zehatzago, guraso-ahalaren, seme-alabatasunaren eta ezkontza-harremanen arloetan; eraldaketa horien ondorioz, Kode Zibilaren manuak egokitu zitzaizkion Konstituzioaren 14 eta 32. artikuluetan aldarrikaturiko berdintasun-printzipioari.

Lege horiek, eta adopzioaren alorrean, azaroaren 11ko 21/1987 Legeak ere, modernizazioa ekarri dute. Modernizazio hori gorabehera, Kode Zibilak oraindik baditu manu batzuk, berdintasun- printzipioaren eragingarritasun osoa oztopatzen dutenak; arean ere, harreman eta egoera juridiko jakin batzuen eragingarritasuna zehazteko, artikulu batzuek irizpide bereizleak erabiltzen dituzte, eta irizpide horiek sexuaren araberako lehentasun edo tratu desegokia dakarte.

Lege honen helburuak dira, lehenik, sexuaren araberako bereizkeriak ezabatzea, halakoek legeria zibilean oraindik indarrean dirauten heinean, eta, hurrenik, arauen bitartez garatzea Konstituzioan ezarritako berdintasun-printzipioa.

1. artikulua. Kode Zibilaren 9. artikuluko 2, 3, 5 eta 8. paragrafoek idazkera hau izango dute: […]

2. artikulua. Kode Zibilaren 14, 16, 1066 eta 1267. artikuluek idazkera hau izango dute: […]

3. artikulua. Kode Zibilaren 93. artikuluari bigarren lerrokada gehituko zaio modu honetan: […]

4. artikulua. Kode Zibilaren 159. artikuluak idazkera hau izango du: […]

5. artikulua. Kode Zibilaren 648.1 artikuluan, «ondra» adierazmoldearen ordez, «ohorea» jarri behar da.

Kode Zibilaren 648.2 eta 1942.2B) artikuluetan, «emazte» adierazmoldearen ordez, «ezkontide» jarri behar da.

Era berean, 754. artikuluaren lehenengo lerrokadan, «emaztearen» adierazmoldearen ordez, «ezkontidearen» adierazmoldea jarri behar da.

6. artikulua. Kode Zibilaren 756. artikuluko 1. paragrafoak idazkera hau izango du: […]

7. artikulua. Kode Zibilaren 852. artikuluko azken tartekadura ezabatu da.

8. artikulua. Kode Zibilaren 853. artikuluko 3. arrazoia ezabatu da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Emakume ezkonduak senarraren izatea bereganatu eta, horren ondorioz, auzotartasuna galdu badu, auzotartasun hori berreskura dezake, baldin eta lege hau argitaratu eta hurrengo urtean horretarako adierazpena egiten badu Erregistro Zibilean.

Abenduaren 17ko 18/1990 Legea (Estatuko Burutza), Kode Zibila naziokotasunaren arloan eraldatu duena («EAO», 301. zk., 1990eko abenduaren 17koa)

HITZAURREA

Naziokotasunari buruzko arauak zeharo esanguratsuak dira estatu bakoitzean, arauok mugatzen dutelako estatu horretako osagai pertsonal ordeztezina.{Oinarrizko izaera hori dela eta, lege hau beste edozein baino argiago eta zentzuzkoagoa izan behar da, Administrazioak edozein unetan jakin dezan zeintzuk diren bertako herritarrak, eta horiek harritu ez daitezen manu nahasgarriak edo kontraesanekoak aplikatu edo interpretatzen direnean.{Lege honen xedea da, beraz, uztailaren 13ko 51/1982 Legeak ekarri zituen zailtasun hermeneutikoak gainditu, eta sistema harmoniatsu eta argiagoa ezartzea, printzipioen alorrean eta printzipio horien aplikazio praktikoan.

Duda-izpirik gabe, 1982ko arauketaren ildo nagusiei eutsi zaie, arauketa horrek aintzat hartu zituelako -eta hala egin behar zuen- Konstituzioaren manuak, eta, batez ere, gai zehatz honi buruzko 11. artikulua.{Horrenbestez, ez da aldaketa sakonik izango Espainiako naziokotasuna jatorriz nahiz gertatze bidez eskuratzearen inguruko printzipio eratzaileetan, ezta naziokotasun hori galdu, horri eutsi edo hura berreskuratzearen inguruko printzipioetan ere. Zernahi gisaz, ahaleginak egin dira halako eremu nagusietan esperientziak agerian utzi dituen akats, hutsune eta kontraesanak zuzentzeko.

Horren ildotik, Espainiako jatorrizko naziokotasuna eratxikitzean, Kode Zibilaren 17. artikulu berriak ukitu teknikoak egin ditu. Ukitu horiez gain, artikulu horren benazko xedea da Espainian jaio direnen arazoa konpontzea, arrazoi desberdinen ondorioz horien seme-alabatasuna ezin denean inskribatu Udaleko Erregistro Zibil eskudunean.{Pertsona horiei Espainiako naziokotasuna eratxiki ahal izateko, bi betekizun gauzatu behar dira: horiek Espainian jaio edota horren inguruko presuntzioa izatea, eta, horrekin batera, seme-alabatasuna Kode Zibilaren 113. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatuta ez egotea.{«Seme-alabatasun ezezagun» adierazmoldea eta «inskribatu gabeko seme-alabatasun» esamoldea aurrez aurre jartzean, nahasteak sortu ohi ziren; izan ere, semeak edo alabak atzerriko gurasoen naziokotasuna bereganatzen duenean, seme edo alaba hori ez da zertan espainiarra izan, lege bidez frogatu den seme-alabatasuna Erregistroan ez agertzeagatik.

Aipamen berezia egin behar da 17. artikuluaren azken paragrafoaren inguruan, horrek ez duelako zerikusirik orain arte indarrean egon den artikuluarekin.{Arean ere, gehiegizko ondoriotzat jo da seme-alabatasunarengatik edo Espainian jaiotzeagatik Espainiako naziokotasuna zuzenean eratxikitzea. Gainera, eratxikitze horrek nahasmendua eragin diezaioke interesdunari, horrek egitateon berri jasotzen badu hemezortzi urte bete eta gero; gerta daiteke une horretan pertsona horrek loturarik ez izatea edo lotura eskasak izatea Espainiarekin.{Haatik, pertsona horren eskubidea mugatzen bada Espainiako naziokotasuna aukeraren bidez eskuratzera, gehiago errespetatzen dira errealitatea eta pertsona horren interesa.

Bada, irizpide hori erabil daiteke norbaiten naziokotasuna bat-batean eta zuzenean alda dadin saihesteko. Irizpide horrek eratzen du 18. artikulu berriaren idazkera.{Norbaitek Espainiako naziokotasuna iure sanguinis edo iure soli badu, eta, eratxikipen titulua deuseza izateagatik, frogatzen bada pertsona hori ez zela benetan espainiarra, ez dirudi zuzena denik deuseztasunaren atzera- eraginezko ondore guztiak naziokotasunaren arloan aplikatzea.{Emaitza hori saihesteko, beste bide bat onartu da Espainiako herritartasuna lortu ahal izateko; bide hori Europako zuzenbide konparatuan lehendik ere erabili izan da.{Bidea da, izan ere, egoera-edukitzaren ziozko herritartasuna.{Edukitza horretan, ohiko baldintzak bete behar dira, alegia, titulu zuzena, egoera hori epe zehatz batean luzatzea eta onustea.{Azken betekizun hori 25. artikuluaren 2. paragrafoari lotu behar zaio; hortik argiro atera daiteke, zenbait kasutan, egoera-edukitza onuragarri izan daitekeela Espainiako naziokotasuna jaiotzaren ostean lortzen dutenentzat ere bai.

Aukeraren arauketari dagokionez, aukera hori egikaritzeko baldintza gisa hartu da espainiar baten guraso-ahalpean dagoen edo egon den pertsonaren kasua.{1982. urtean, ezabatu egin zen familia-mendekotasunaren bidezko eskuraketa. Harrezkero, nahiko da interesdunen borondate-aitorpena, norbaitzuek Espainiako naziokotasuna gertatze bidez lortu eta euren seme-alabek naziokotasun hori izan dezaten; betiere, aitorpen hori epe zehatz batzuen barruan egin behar da.{Aitzitik, espainiarraren tutoretzapean dauden pertsonen kasuan, ez da horrenbesteko loturarik ikusi Espainiarekin; hori dela eta, interesdunen borondate-aitorpenak ez du balio pertsona horiek aukera-eskubidea egikari dezaten.{Halako kasuetan, urtebetean Espainian izan behar da bizilekua; dena den, kasu hori modu zabalean idatzi da, zaintza-modu guztiak barneratzen dituen adierazmoldea erabiliz.{Gainerakoan, aukeraren arauketan erregistro-aipamenak ezabatu dira, Erregistro Zibilari buruzko legeriaren arau orokorrek ezin hobeto arautu dituztelako aipamenok. Bestalde, zehatzago finkatu dira aukera-eskubidea egikaritzeko iraungitze-epeak, eta, azken finean, ondokoa onartu da: hamalau urtekoa baino gazteagoa den adingabearen lege-ordezkariak edo ezgaituarenak horren izenean egikari dezake aukera.{Horretara, aurreko legeriaren hutsunea osatu eta egoera ez-zuzena konpondu da; ezin uler daiteke norbaitek borondate-aitorpena egiteko gaitasunik izan ez eta, ondorenez, Espainiako naziokotasuna eskuratu ezin izatea, agian horren ahaide guztiek dagoeneko naziokotasun hori lortu dutenean.{Edozein kasutan ere, inoren izenean naziokotasuna aukeratzean, pertsona horren egoera zibila goitik behera aldatzen da. Horregatik, halako aukeraketa egiteko, Fiskaltzak horren inguruko irizpena eman behar du, eta, ondoren, Erregistro Zibileko arduradunaren baimena behar da, adingabearen edo ezgaiaren antzeko beste esku-hartze batzuetan gertatzen den bezala.

Bestelako naziokotasuna eskuratzeagatik Espainiakoa galtzeari dagokionez, 24. artikuluaren idazkera berriak konpondu nahi ditu aurreko arauketak zekartzan interpretazio-arazo larriak.{Arauketa horretan, araubide zeharo desberdinak aplikatzen ziren atzerriko naziokotasuna eskuratzean interesdunak zuen adinaren arabera. Gaur egun ez da halakorik gertatzen.{Hiru urteko epea ezarri da, eta epe horrek batzuentzat zein besteentzat balio du, zenbaketa hasteko unea desberdina bada ere. Behin epe-muga igarotakoan, emigranteei eta horien seme-alabei begira asko erraztu da Espainiako naziokotasuna berreskuratzeko prozedura, 26. artikuluak batzuen eta besteen inguruan eginiko aipamenen bitartez.{Beste alde batetik, Espainiako naziokotasuna galtzeko, nahitaezkoa da ohiko bizilekua atzerrian izatea; horretara, Espainian gauzatutako uko-egiteak saihestu nahi izan dira, uko-egite horiek iruzur gisako helburuak izan zitzaketelako; orain indarrik gabe utzi den legeriak, ordea, halakoak onartzen zituen.

Azken buruan, errespetatu egin da, eta ezin da bestela izan, Konstituzioak naziokotasunaren galerari buruz ezarritako araubide berezia; araubide hori aplikatzen zaie, jatorriz espainiarrak izanik, beste herri batzuetako naziokotasuna eskuratzen dutenei, baldin eta herri horiek Espainiarekin lotura bereziak badituzte. Bada, herri horien zerrenda jaso, eta zerrenda hori bat dator kodearen 23. artikuluak aurreko idazkeraren arabera zuen edukiarekin.

Gainerakoan, eta Espainiako naziokotasuna herritartze-agiriaren bidez edo bizilekuaren bitartez eskuratzeari dagokionez, ohiko ezaugarriei eutsi zaie.{Hala ere, bada erraz azaltzeko moduko aldaketarik: adibidez, berme egokiak jarrita, adingabe edo ezgaiek aukera dezakete emate-modu bat edo bestea; halaber, atzerritarrak Espainian epe laburrean bizilekua izan eta bere ezkontidearen naziokotasuna lor dezan, ezkontza izan behar da ezkontideak elkarrekin bizitzearen ondorio.

Ildo beretik, berreskuratzearen inguruko araubideak orain arteko irizpideei ekin die, aurreko betekizunak erraztuz; hori guztia begi-bistakoa da, bi testuok alderatuz gero.{Atal honetan, azpimarratzekoa da ezabatu egin direla aurreko barkatze arraroak, halakoak nahitaezkoak baitziren Espainian legezko bizilekua izateko.

Bestalde, nolabaiteko azalpena behar dute legearekin batera datozen xedapen iragankorrek ere.

Legeen atzeraeragin eza ezartzen duen printzipio orokorra erregela bihurtu da (lehenengo xedapena), baina hurrengo bi xedapenek horren inguruko ñabardurak ezarri dituzte; ñabardurokin erraztu nahi izan da Espainiako naziokotasuna aurretiaz gertaturiko egoeretan eskuratu ahal izatea.{Aurrerago esan den moduan, emigranteek eta horien seme-alabek Espainiako naziokotasuna izan dutenean, naziokotasun hori berreskura dezakete, 26. artikuluko prozedura pribilegioduna erabilita. Zernahi gisaz, bi xedapen iragankor horiek aurrerapausoa eman dute, batez ere, zenbait emigranteren seme-alaben mesederako, alegia, jaiotza-unean espainiarrak ez ziren emigranteen seme-alaben mesederako.{Horren ildotik, ulertu izan da aukera horren bitartez konponduko direla prozesu historiko baten azken aztarna kaltegarriak; prozesu hori espainiarren emigrazio jendetsua izan zen, eta, egiatan, egun nekez gerta daiteke halakorik.

Xedapen iragankor hauen bitartez, eta legearen gainerako manuen bidez, azken finean lortu nahi izan da gerora begira Espainiako naziokotasuna batasunez eta zentzuz araututa geratzea, mailaz mailako araubide lotuezinak elkarren gain jarri barik.

Amaitzeko, esan behar da Kode Zibilaren 15. artikuluan eginiko aldarazpena eraldaketaren nahitaezkoa osagarria dela.{Atzerritarrak Espainiako naziokotasuna eskuratzen badu, auzotartasun zibila ere eskuratu behar du.{Aurrerantzean, eta ahal den neurrian, auzotartasun hori finkatzeko irizpideek kontuan hartuko dute interesdunaren borondatea; halaber, ezabatu egin da orain arte auzotartasun zibil erkideari emaniko lehentasun bidegabea.

Artikulu bakarra. Kode Zibilaren 15, 17, 18, 19, 20, 21, 22, 23, 24, 25 eta 26. artikuluek idazkera hau izango dute: […]

XEDAPEN GEHIGARRIA

Notariotzari buruz 1862ko maiatzaren 28an emandako legearen 35. artikuluak idazkera hau izango du: […]

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Espainiako naziokotasuna aurreko legeriarekin bat etorriz eskuratu edo galtzen bada, eskuraketa edo galera horrek indarrean dirau, nahiz eta egungo legeak eskuraketa edo galeraren arrazoia jaso ez.

Bigarrena. Lege hau indarrean jartzean espainiar ez direnek Espainiako jatorrizko naziokotasuna aukera dezakete, baldin eta pertsona horiek espainiarrak izango balira, Kode Zibilaren 17 edo 19. artikuluak aplikatuz gero. Aukera hori burutzeko, bi urteko epea izango dute, lege hau indarrean jartzen denetik zenbatuta; horrez gain, pertsona horiek kode honen 20 eta 23. artikuluek ezarritako beste baldintzak bete beharko dituzte.

Hirugarrena. Seme edo alabaren ama edo aita jatorriz espainiarra izan eta bera Espainian jaio bada, seme edo alaba horrek Espainiako naziokotasuna aukera dezake.{Horretarako, hiru urteko epea izango du, lege hau indarrean jartzen denetik zenbatuta. Eskubide hori egikaritzeko, interesdunak Espainian izan behar du bizilekua, aukera egiteko unean.{Dena den, betekizun hori ken daiteke Kode Zibilaren 26.1a) artikuluak naziokotasuna berreskuratzeari buruz ezarritakoa aplikatuz.

Urtarrilaren 7ko 1/1991 Legea (Estatuko Burutza), Kode Zibila eta Zigor Kodea aldarazi dituena, irakasleen erantzukizun zibilari buruzko arloan («EAO», 7. zk., 1991ko azaroaren 8koa)

Zigor Kodearen 22. artikuluak eta Kode Zibilaren 1903. artikuluak erantzukizun- araubidea ezartzen dute irakasle eta maisu-maistrentzat; alabaina, araubide hori ez dator bat egungo gizarte- errealitatearekin.{Arau horien oinarria culpa in vigilando deiturikoa da, eta, arauok ezarri zirenean, mendekotasun-harreman estuak zeuden irakaslearen eta ikasleen artean. Egungo irakaskuntzan, aldiz, ez da halakorik gertatzen.

Hori dela eta, erantzukizun-araubidea aldarazi behar da, zentroen titularrek erantzukizuna izan dezaten, ikasleek egindako kalteengatik; titular horiei dagokie kasuan kasuko antolaketa neurriak hartzea. Hala eta guztiz ere, Kode Zibilaren 1904. artikulua eraldatzeaz geroztik, doi-doi zehazturiko kasu batzuetan, zentroen titularrak irakasleei erreklama diezaieke berak ordaindutako zenbatekoa. […]

2. artikulua. Kode Zibilaren 1903. artikuluko bosgarren paragrafoa ezabatu da.{Artikulu horren seigarren paragrafoak idazkera hau izango du: […]

3. artikulua. Kode Zibilaren 1904. artikuluak idazkera hau izango du: […]

Abenduaren 20ko 30/1991 Legea (Estatuko Burutza), Kode Zibila testamentuen arloan aldarazi duena («EAO», 306. zk., 1991ko abenduaren 23koa)

Kode Zibilak notario-testamentuaren inguruko arauketa ezarri zuenetik, arauketa hori ehun urtetik gora egon da indarrean. Indarraldi luze horrek esperientzia sendoa eragin, eta esperientzia horrek gomendatzen du arauketaren berrikuspen aurrerakoia.

Berrikuspenak notario-testamentuaren hainbat alde ukitzen ditu, hori definitzeko ezaugarriei eutsi bazaie ere.{Horrela, betidanik «argialdian egindako testamentu» deitu izan den kasua egokitu zaio ezgaiketaren inguruan indarrean dagoen lege-arauketari. Bestalde, edonor identifikatzeko, agiri ofizialak erabili beharra ezarri da; 1889an, ez zegoen halako agiririk, egungo ezaugarriak izan zitzakeenik behinik behin. Azkenik, baliabide mekanikoak erabiltzea onartu da, testamentu itxia egiteko.

Arreta berezia jarri da notario-testamentua egitean lekukoak izatearen inguruan.{Horretan, guztion asmoa jaso da: ahalik eta zuhurtasun eta diskreziorik gehien izan behar da barne-barnetiko egintzetan, eta halakoa da azken nahiaren xedapena. Horrenbestez, orain ez da beharrezkoa testamentua formalizatzean lekukoak testamentugile eta notarioarekin batera egotea.{Hala ere, edozein arrazoi dela bide, testamentugileak irakurtzen ez badaki, ezin badu irakurri, sinatzen ez badaki edo ezin badu sinatu, lekukoak bertan egon behar dira. Ildo berari ekinez, aditasun berezia jarri da irakurtzen ez dakien edo irakurri ezin duen gorraren kasuan, hori ohiko izaten baita.

Edu berean, garrantzi berezia eman zaio testamentua notarioak ez dakien hizkuntzan egiteari, testamentu hori testamentugilearen hizkuntzan idatziko dela ziurtatzeko, eta Espainiako hizkuntza ofizialen aniztasunari egokitzeko.

Artikulu bakarra. Kode Zibilaren 665, 681, 684, 685, 694, 695, 696, 697, 698, 699, 706, 707, 709, 710, 711 eta 734. artikuluek idazkera hau izango dute: […]

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau indarrean jarri baino lehen egin badira testamentuak, horiek baliozkoak izango dira, baldin eta, aurreko legerian ezarritako betekizunak gauzatu ez arren, lege honetan xedatutakoa betetzen badute, betiere epai-ebazpen irmoak testamentuok deuseztatzen ez dituenean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1939ko apirilaren 1eko Legearen bigarren artikulua indarrik gabe geratu da; artikulu horrek arautu zuen eskritura publikoen eskuespenean lekukoek izan behar duten esku-hartzea.

Abenduaren 23ko 15/1993 Legea (Estatuko Burutza), espainiako naziokotasuna aukeratzeko epea luzatu duena. epe hori ezarri zuen naziokotasunaren arloan Kode Zibila eraldatzeko abenduaren 17ko 18/1990 Legearen hirugarren xedapen iragankorrak («EAO», 307. zk., 1993ko abenduaren 24koa)

ZIOEN AZALPENA

Abenduaren 17ko 18/1990 Legeak Kode Zibila eraldatu zuen naziokotasunaren arloan. Lege horren zioen azalpenak adierazten du zein den hirugarren xedapen iragankorraren helburua: Espainiako naziokotasuna aukeratzeko onura zabaltzea «zenbait emigranteren seme-alaben mesederako, alegia, jaiotza- unean espainiarrak ez ziren emigranteen seme-alaben mesederako.{Horren ildotik, ulertu izan da aukera horren bitartez konponduko direla prozesu historiko baten azken aztarna kaltegarriak; prozesu hori espainiarren emigrazio jendetsua izan zen, eta, egiatan, egun nekez gerta daiteke halakorik».

Xedapen iragankorrak hiru urteko epea ezarri du, zenbait emigranteren seme-alabek (hau da, jaiotza-unean espainiar ez ziren emigranteen seme-alabek) Espainiako naziokotasuna aukeratzeko onura egikari dezaten. Epe hori askiez gerta daiteke munduan barrena sakabanaturik eta hiriguneetatik urrun bizi diren onuradunentzat, halako tokietan zailagoa baita informazioa eskuratzea.

Arlo honetan legegilearen asmoa da emigranteei eta horien seme-alabei aukera egiteko onura ematea, eta prozesu historiko luze baten azken aztarnak konpontzea; asmo hori eta kasuan kasuko onuradunen inguruabar bereziak kontuan hartuta, egokitzat jo da Espainiako naziokotasuna aukeratzeko epea luzatzea, hau da, legearen hirugarren xedapen iragankorrak ezarritako epea luzatzea.

Epe hori beste bi urte gehiago luzatzea nahiko dela uste izan da. Hortaz, epe hori 1996ko urtarrilaren 7an amaitzen da, honako bi arrazoiok direla medio: batetik, ez da gehiegi luzatu nahi egoera iragankor hori; eta, bestetik, legegileak giza talde zehatzari onurak ematen dizkionean, giza talde horrek interesa erakutsi behar du berari eskaini zaizkion aukerak aprobetxatzeko.

Artikulu bakarra. 1996ko urtarrilaren 7a arte luzatu da abenduaren 17ko 18/1990 Legeak, Kode Zibila naziokotasunaren arloan eraldatu zuenak, hirugarren xedapen iragankorrean ezarritako epea.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra. Arau hau indarrean jarriko da, «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratzen den egunaren biharamunean.

Abenduaren 23ko 35/1994 Legea (Estatuko Burutza), alkateek ezkontza zibilari eman diezaioketen eskuespenaren arloan Kode Zibila aldarazi duena («EAO», 307. zk., 1994ko abenduaren 24koa)

ZIOEN AZALPENA

Kode Zibilaren 51. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Erregistroaz arduratzen den epaileari dagokio ezkontza zibila eskuesteko eskumena; halako epailerik ez duten udalerrietan, behin espedientearen instrukzioa egin eta gero, ezkontza eskuets dezake kasuan kasuko udal-mugarteko alkateak, edo, bestela, araudi bidez izendaturiko eskuordeak.

Ondorenez, heriotza-arriskuan eginiko ezkontzen salbuespeneko kasuak bazter utzita, gogoan izan behar da Espainiako legeriak ezarri duela, gainerako kasu guztietan, alkateak bakarrik eskuets dezakeela ezkontza; edo, osterantzean, bake-epaileak, lehen auzialdi eta instrukzioko epailearen eskuorde gisa, baldin eta udalerri horretan ez badago epailerik Erregistro Zibilaz arduratzen denik.

Horrek esan nahi du, ezkontza zibila eskuesteko eskumen objektiboa alkateari eratxikitzeko, kontuan izan behar dela aurrerago aipaturiko epai-organorik dagoen ala ez.

Hala eta guztiz ere, herriek biztanle gutxi izan eta herri horretako alkateek ezkontzak egin ahal badituzte, biztanle gehiago dituzten udalerrietako alkateek ere hori egin dezakete, nahiz eta udalerri horietan Erregistro Zibilaz arduratzen diren epaileak egon.

Gainera, ezkontza zibilak eskuesteko ahalmena alkate guztiei zabaltzean, demokraziaren printzipioa indartzen da; arean ere, herriaren ordezkaria, eskuarki, udalerriko auzotar guztiek ezagutzen dute, eta pertsona horri aukera ematen zaio, gizartean garrantzi handikoa den eginkizuna betetzeko.

Beste alde batetik, ezin ahantz daiteke sarri askotan Erregistro Zibileko zenbait bulegotan ezkontza bat baino gehiago egiten direla egun berean; aldez edo moldez, horrek ezkontzen ugaritze larregia ekar dezake.{Halaber, aukera hori onartzean, gaindi daitezke zenbait egoeratan sor daitezkeen eragozpenak; ulerbidez, herri batzuetan Erregistro Zibilaz arduratzen den epaile bat bakarrik dago, eta, epaile plaza hori hutsik geratzen bada, arazoak sor daitezke.

Hori guztia dela bide, komenigarria izango litzateke legeriak irtenbideak ematea halako egoerei. Esate baterako, legeriak ahalbidetu beharko luke ezkontza zibila egin nahi dutenek eurek aukeratu ahal izatea ezkontza hori nork baimenduko duen: Erregistro Zibilaz arduratzen den epaileak edo ezkontza zein udalerritan egin eta bertako alkateak.

Artikulu bakarra. Kode Zibilaren 49, 51, 52, 53, 55, 57, 58, 62 eta 73. artikuluek idazkera hau izango dute: […]

AZKEN XEDAPENA

Bakarra. 1. Lege hau indarrean jarriko da 1995eko martxoaren 1ean.

2. Gobernuak baimena du xedapen egokiak eman, eta lege hau garatu eta betearazteko.

Azaroaren 2ko 29/1995 Legea (Estatuko Burutza), naziokotasuna berreskuratzearen arloan Kode Zibilla aldarazi duena («EAO», 264. zk., 1995eko azaroaren 4koa)

ZIOEN AZALPENA

Indarreko legeriak honako betekizun hau ezarri du Espainiako naziokotasuna berreskuratu ahal izateko: interesdunak Espainian izatea bere lege-bizilekua.

Betekizun hori Gobernuak barka dezakeen arren, azken urteotako esperientziak erakutsi du barkatze horren izapidea, kasurik gehienetan, baiezkoa izan eta, horrez gain, gehiegizko eta luzeegia ohi dela.

Lege honen helburua da, beraz, emigranteen eta horien seme-alaben kasuan betekizun hori ezabatzea. Ezabatze hori bat dator Konstituzioaren 42. artikuluaren arabera estatuak duen eginbeharrarekin; artikulu horrek xedatzen duenez, estatuko politikaren orientabidea izan behar da atzerrian dauden langile espainiarrak Espainiara itzultzea.{Espainiako naziokotasuna galtzeak ez badu zerikusirik emigrazio-fenomenoarekin, aurreko betekizuna gauzatu behar da, eta, ondorenez, interesdunak Espainian izan behar du bere lege-bizilekua. Zernahi gisaz, kasu horretan ere, bada barkatzerik; baina barkatze hori, Gobernuak eman beharrean, justizia- eta barne-ministroak eman behar du.

Gainerakoan, legeak zuzendu du Kode Zibilaren 26. artikuluko 2. paragrafoaren idazkera-akatsa. Horrez gain, legeak xedapen iragankorrean ezarri du aukerari buruzko aitorpena egiteko epea, baldin eta aukera hori seme-alabek egikaritzen badute, eta seme-alabon gurasoa jatorriz espainiarra izan eta Espainian jaio bada.

Artikulu bakarra. Kode Zibilaren 26. artikulua aldaraztea

Aurrerantzean, Kode Zibilaren 26. artikuluak idazkera hau izango du: […]

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Aukera-eskubidea egikaritzeko epea.

Seme-alaben gurasoa jatorriz espainiarra izan eta Espainian jaio bada, seme-alabok Espainiako naziokotasuna aukera dezakete, baldin eta horretarako aitorpena egiten badute 1997ko urtarrilaren 7a baino lehen.

Bigarrena. Emakumeak Espainiako naziokotasuna berreskuratu ahal izatea, naziokotasun hori ezkontzaren ondorioz galdu duenean, 14/1975 Legea indarrean jarri baino lehen.

Emakume espainiarrak Espainiako naziokotasuna galdu badu ezkontzaren ondorioz 14/1975 Legea indarrean jarri baino lehen, naziokotasun hori berreskura dezake, Kode Zibilaren 26. artikuluak emigranteei eta horien seme-alabei buruz ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra. Indarrik gabe geratzen diren xedapenak. Indarrik gabe geratzen dira maiatzaren 2ko 14/1975 Legearen eta uztailaren 13ko 51/1982 Legearen xedapen iragankorrak, abenduaren 17ko 18/1990 Legearen hirugarren xedapen iragankorra, eta, era berean, lege honetan ezarritakoaren aurkako diren xedapenak, horien lerruna berbera izan nahiz beheragokoa izan.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da, «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta bi hilabete igarotakoan.

Urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa (Estatuko Burutza), adingabearen gaineko babes juridikoari buruzkoa, eta Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea zati batez aldarazi dituena («EAO», 15. zk., 1996ko urtarrilaren 17koa)

ZIOEN AZALPENA

1

Espainiako 1978ko Konstituzioaren I. tituluko III. kapitulura biltzen dira gizarte eta ekonomiazko politikaren printzipio artezkariak. Lehenengo lekuan, kapitulu horrek herri-botereei ezartzen die familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa ziurtatzeko betebeharra; familiaren barnean, herri-botereek adingabeak babestu behar dituzte batez ere.

Bada, konstituziogilearen kezka izan zen esparru juridiko egokia ematea adingabea babesteko. Kezka bera islatzen da Espainiak arestian berretsi dituen itun batzuetan ere. Nazioarteko itun horien artean nabarmendu daiteke, batik bat, Umearen Eskubideei buruz Nazio Batuek 1989ko azaroaren 20an onetsi zuten Konbentzioa, Espainiak 1990. urteko azaroaren 30ean berretsia. Konbentzio horrek filosofia berri baten hasiera dakar adingabeei begira. Filosofia horren baitan azpimarratu egiten da adingabeak gizartean betetzen duen zeregina; gainera, adingabe horrek gero eta protagonismo handiagoa izan behar du.

Beharrizan berbera atzeman dute nazioarteko beste erakunde batzuek ere. Ildo horretatik, Europako Parlamentuak Umearen Eskubideei buruzko Gutun Europarra onetsi zuen, A 3-0172/92 Ebazpenaren bitartez.

Konstituzioaren aginduari helduz, eta aurrerago aipaturiko joera orokorrarekin bat etorriz, azken urteotan gure antolamendu juridikoan berrikuntza-prozesu garrantzitsua burutu da adingabearen esparruan.

Aurren-aurrenik, seme-alabatasuna, guraso-ahala eta ezkontzaren ondasun-eraentza aldarazteko, maiatzaren 13ko 11/1981 Legea eman zen. Lege horrek ezabatu egin zuen seme-alabatasun legitimoaren eta ez-legitimoaren arteko bereizketa. Guraso-ahalaren egikaritzaz denaz bezainbatean, aita eta ama parekatu zituen; berebat, aitatasunaren inguruko ikerketa ahalbidetu zuen.

Denboraren buruan, aldarrikatu dira beste lege batzuk ere, hala nola, jarraikoak: urriaren 24ko 13/1983 Legea, Tutoretzari buruzkoa; azaroaren 11ko 21/1987 Legea, Kode Zibilera eta Prozedura Zibilaren Legera adopzioaren inguruan bildutako artikulu batzuk aldarazi dituena; ekainaren 9ko 5/1988 Lege Organikoa, Adingabeenganako Exhibizionismo eta Sexu Probokazioari buruzkoa; ekainaren 5eko 4/1992 Lege Organikoa, adingabeen epaitegietako eskumena eta prozedura arautu zituen legea eraldatzekoa; eta, azkenik, uztailaren 12ko 25/1994 Legea, Espainiako antolamendu juridikoan 89/552/EEE Zuzentaraua baitaratzekoa. Azken horri dagokionez, estatu kideek lege, araudi eta administrazio-xedapen desberdinak onetsi dituzte, irrati-telebista hedatzeko jarduerei buruz; manu horiek guztiak koordinatzea izan da, hain zuzen ere, harako zuzentarauaren helburua.

Hor aipaturiko legeen artean, azaroaren 11ko 21/1987 Legea izan da, duda-mudarik gabe, adingabearen gaineko babesaren esparruan aldaketarik garrantzitsuenak egin dituena.

Lege horren ondorioz, adingabeak bertan behera uzteari buruzko kontzeptu zaharkituaren ordez, babesgabeziaren erakundea etxekotu da. Aldaketa horrek berebiziko arintasuna ekarri die adingabearen gaineko babes-prozedurei; izan ere, herri-erakunde eskudunak modu automatikoan bereganatu du adingabearen gaineko tutoretza, adingabe horren babesgabezia larria denean.

Halaber, lege horren ulerkerari helduta, adopzioa da familiaren erabateko integrazioa lortzeko bidea. Familia-harrera, berriz, adingabea babesteko erakunde berria da, eta hala itxuratzen du legeak. Bide beretik ere, adingabearen interes gorena printzipio eratzailea da, adingabe horren inguruko jarduera guztietan, jarduerok administrazio-izaerakoak izan nahiz epaiketa bidezkoak izan. Gainera, gehitu egin dira Fiskaltzak adingabeari begira dituen ahalmen eta betebeharrak.

Nondik-nahi begiratuta ere, eta lege horrek aurrerakada zalantzaezina eragin eta berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituen arren, horren aplikazioak ageri-agerian utzi ditu hutsune batzuk. Gisa bertsuan, legearen aldarrikapenetik gure egunok arte igaro izan den denbora-tarte horretan, gizartean beharrizan eta eskari berriak sortu dira.

Erakunde frankok, publiko zein pribatuek -Parlamentuko Ganbera biek, Herri Defendatzaileak, Estatuko Fiskal Nagusiak eta adingabeen inguruko elkarteek- eskari horiek guztiak jaso dituzte, eta Gobernuari beharrizana helarazi diote, antolamendu juridikoa egungo sozietatearen errealitateari egokitzeko.

2

Lege hau, izatez, eskari horiei eginiko lehenengo erantzuna da. Lege honek, bada, sakon-sakonean eraldatu ditu Kode Zibilean adingabearen babesari buruz arauturiko erakunde tradizionalak.

Zinez, lege honen muina osatzen du aurrerago aipaturiko kodearen manu jakin batzuei egindako aldarazpenak; hala da eta hala behar du izan. Edozein modutan ere, lege honen edukiak kode horren mugak gainditzen ditu, eta babes-esparru juridiko zabalagoa eratzen du; esparru hori loteslea da herri-botereentzat, adingabeei zehatz-mehatz loturiko erakundeentzat, guraso eta ahaideentzat, eta, oro har, herritar guztientzat.

Gure gizartean izandako kultur transformazioek eurekin ekarri dute umeak gizartean duen estatusa aldatzea. Horren ondorioz, ikusmolde berri batetik ekin behar zaio umeek dituzten giza eskubideen gaineko moldaketari.

XX. mende-hondarretik, Espainian eta gainerako herri aurreratuetan, indarrean dago umeen babeserako zuzenbidea. Nolanahi ere, ikusmira berriari helduta, zuzenbide hori eraldatu beharra dago. Eraldaketa horren bidez, adingabeei aitortu behar zaizkie, batetik, eskubideen erabateko titulartasuna eta, bestetik, eskubide horiek egikaritzeko mailaz mailako gaitasuna.

Konstituzioaren osteko legegintza-garapenak joera hori erakusten du, pertsona adingabeak eskubidedun subjektutzat hartzen dituenean.{Horren harira, antolamendu juridiko osora eta adingabea ukitzen duten autu guztietara hedatu da adingabeak «esan beharrekoa entzun behar da, horrek behar besteko adimenik badu» adierazmoldea.{Nabari denez, kontzeptu horrek aintzakotzat hartzen du adingabearen heldutasun-maila, adingabe horrek bere eskubideak zuzen-zuzenean egikari ditzakeen ala ez erabakitzeko.

Heldutasun-mailak mugak erator ditzake, baina muga horiek modu murrizgarrian interpretatu eta prozeduretan mamitu behar dira; beste era batera esateko, adingabearen adinaren arabera egokienak diren prozedurak erabili behar dira.

Antolamendu juridikoak, eta bereziki, lege honek, arian-arian islatu dute adingabeen inguruko ulerkera berri hori. Ulerkera horren eretzean, adingabeak subjektu aktibo, parte-hartzaile eta sortzaile dira; eta, halakoak izanik, gaitasuna dute, lehenik eta behin, euren gizarte-ingurunea eta ingurune pertsonala aldarazteko eta, bigarrenik, euren eta gainerako pertsonen beharrizanak bilatu eta asetzeko prozesuan parte hartzeko.

Gaur egungo jakintza zientifikoek ondorioztatzen dute ez dagoela begi-bistako desberdintasunik babes-beharrizanen eta subjektuaren autonomiari lotutako beharrizanen artean. Aitzitik, gizarte eta zuzenbidearen ikuskeratik, umeen babesa ziurtatzeko modurik egokiena da umeok subjektu gisa duten autonomia bultzatzea.{Hori egitean, adingabeak berak ezari-ezarian atzeman dezake gauza dela bere egoera pertsonala eta gerogarrenean egoera horrek izango duen isla kontrolatzeko.{Gaur egun horixe da, izan ere, umeen gaineko babes-sistema guztiek duten kezkarik larriena; beraz, hori berori da antolamendu juridiko guztiek, eta adingabeen suspertze- eta babes- bideek duten erronka.{Horrexegatik, lege honek ere subjektuaren inguruko ulerkera hori du oinarri: adingabeen beharrizanak, euren eskubide eta babesaren sostengu gisa.

Hasteko, I. tituluak aitortu ditu, orokorrean, nazioarteko itunetan baitaratutako eskubideak, Espainiak itun horiek sinatu dituen heinean. Gainera, itunok irizpide moduan erabili behar dira, adingabeei aplika dakizkiekeen arauak interpretatzeko.

Bestalde, adingabeek dituzten eskubide guztien artean, batzuk ñabartzeko beharra sortu da; horretarako, konbinatu egin dira, batetik, eskubide horiek egikaritzeko aukera, eta, bestetik, adingabeei euren adinaren arabera zor zaien nahitaezko babesa.

Bada, berrindartu edo biziberritu behar dira ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, eta norberaren irudirako eskubideen babes zibilari buruz maiatzaren 5ean emandako 1/1982 Lege Organikoak ezarri zituen berme-mekanismoak. Bide horretatik, komunikabideei debekatu egin zaie adingabeen gaineko datu edo irudiak zabaltzea, hori adingabeen interesarentzat kaltegarria izan badaiteke, nahiz eta kasuan kasuko adingabea zabalkundearekin ados egon.{Horrekin, adingabea babestu nahi izan da, manipulatua izan ez dadin; adingabearen lege-ordezkariek eta beraren inguruko taldeek ere adingabe hori manipula dezakete, eta hori eragotzi beharra dago.{Aztergai dugun aldarazpena osatzen du Fiskaltzaren legitimazio aktiboak.

Artikuluek eurek ere beren beregi jasotzen dute adingabeei dagokien partaidetza- eskubidea; zehatzago esateko, artikulu horiek ezartzen dutenez, adingabeek eskubidea dute elkarteen kide izateko, eta, horrez gain, betekizun batzuk gauzatuz gero, ume eta gazteen elkarteak bultzatzeko ere bai. Eskubide horren osagarri gisa, adingabeek jendaurreko batzarretan eta manifestazio baketsuetan parte hartzeko eskubidea dute. Adingabeek, alabaina, guraso, tutore edo zaintzaileen baimena izan behar dute, legeak betekizun hori ezartzen baitu.

Legeak printzipio orokor batzuk ezartzen ditu, gizartean babesgabezia-egoerak azaltzen direnean nola jardun behar den finkatzeko. Horren harira, egoerok konpondu ahal izateko, herri-erakundeak ikertu behar ditu berak ezagutzen dituen egitateak; hori egin eta gero, egoera horiek konpon daitezke, gizarte-zerbitzuen esku-hartzearekin, edo, hala denean, herri-erakundeak berak adingabearen gaineko tutoretza bereganatuz, legearen arabera.

Modu berean ere, edonork atzematen badu adingabe bat arriskuan edo babesgabezia-egoeran izan daitekeela, berehalako laguntza eman behar dio adingabeari, eta, ondoren, egitatearen berri eman behar die agintariei nahiz euren agenterik hurbilenei.{Edu berean, eta zehatzago oraindik, herritarren eginbeharra da herri-agintari eskudunei komunikatzea adingabea ez dela ikastetxera joaten, ez-joate hori ohikoa bada eta hori egiteko ez badago inolako arrazoirik.

Ildo beretik, eta gizartean adingabeek izan ditzaketen babesgabezia-egoeren inguruan, lege honek bereizketa berritzaile bat egiten du. Legeari helduta, desberdinak dira arrisku-egoerak eta babesgabezia-egoerak eta, horren ondorioz, herri-erakundeak ez du modu berean esku hartu behar bi horietan.{Arrisku-egoeretan, adingabearentzat kalte bat gertatzen da, baina kalte horren larritasunak ez du justifikatzen adingabea bere familiarengandik bereiztea. Hori dela eta, herri-erakundeak arrisku-egoeretan hartzen du esku, familiaren barnean arriskua dakarten faktoreak ezabatzeko; herri-erakundea horretan saiatzen da, eta ez du besterik egiten. Babesgabezia-egoeretan, aldiz, egitateak larriak dira, eta larritasun horrek justifikatzen du adingabea bere familiatik bereiztea. Horrelako kasuetan, herri-erakundeak adingabearen gaineko tutoretza bereganatzen du, eta, une berean, azkendu egiten da guraso-ahala edo tutoretza arrunta.

Bestalde ere, lege honetan barrena nabari daiteke beste kezka bat ere. Kezka horren sorburua izan da 21/1987 Legearen aplikazioak eratorritako esperientzia. Esperientzia horrek agerian jarri du bizkortu eta argitu behar direla adingabea uki dezaketen prozeduren izapideak, prozedura horiek administrazio- izaerakoak izan zein epaiketa bidezkoak izan. Izapideok bizkortuz eta argituz lor daiteke, hain zuzen ere, adingabea sekula ez geratzea defentsa edo babesik gabe.

Horrenbestez, eta printzipio orokor gisa, jarduera orok kontuan izan behar du, batik bat, adingabearen interesa, eta ezin dio inolako eragozpenik jarri adingabe horrek ikastetxean, gizartean edo lanean duen bizimoduari. Bide bertsutik, berrogeita zortzi orduko epean, guraso, tutore eta zaintzaileei jakinarazi behar zaizkie babesgabezia-egoera badela adierazten duten ebazpenak; halaber, aurreko horiei informazioa eman behar zaie, ahal den neurrian, modu pertsonal, argi eta ulergarrian, Administrazioaren esku-hartzea eragin duten arrazoiei buruz eta kasuan-kasuan harturiko erabakiak izan ditzakeen ondoreei buruz.

Orobat, epaileak zenbait neurri har ditzake, seme-alabentzat kaltegarri gerta daitezkeen egoerak saihesteko. Neurriok Kode Zibilaren egungo 158. artikuluan azaltzen dira, eta adingabe guztiei aplika dakizkieke. Gisa berean, neurriok aplikatu ahal zaizkie guraso eta seme-alaben arteko harremanen esparrua gainditzen duten egoerei, eta, ondorenez, tutoretzak eta zaintzak eratortzen dituzten harremanei ere bai. Halaber, epaileak kautela-neurri gisa har ditzake halakoak, edozein prozedura hasi aurretik nahiz prozedura bitartean, eta hori zigor-prozedura izan zein prozedura zibila izan.

Azken buruan, bizkortasun- edo arintasun-printzipioa nagusiarazi nahi izan da adingabea ukitzen duten prozedura guztietan, prozedura horiek administrazio- izaerakoak izan zein epaiketa bidezkoak izan. Horretara saihestu daitezke prozeduren zurruntasunak eragin ditzakeen kalteak.

Aipamen berezia izan behar du familia- harreraren erakundeak.{21/1987 Legeak ezarri zuen familia-harrera hori, eta herri-erakunde eskudunak berori era zezakeen, gurasoak ados etorriz gero; gurasoak ados etorri ezean, herri-erakundeak epailearengana jo behar zuen, horrek familia-harrera era zezan.{Manu hori aplikatzearen ondorioz, gure egunok arte, zenbait kasutan gertatu izan da gurasoak familia-harrera eratzearen kontra azaltzea, baina beste ahaide batzuk ados etortzea adingabea euren etxean hartzearekin. Horrelakoetan, gurasoen adostasuna ez izateagatik, herri- erakundeek zentro jakin batzuetan barneratu behar izan dituzte adingabeak, erakundeek horretara beharturik ikusi baitute euren burua. Barneratze horrek berarekin ekarri du umeek kalte psikologikoak eta emozionalak izatea, umeok familiaren bizigirotik kanpo geratu baitira, hori beharrezkoa izan ez arren.

Egoera horri aurre egiteko, lege honek aukera ematen dio herri-erakundeari, horrek adingabearen intereserako behin-behineko familia-harrera erabaki dezan.{Hariari segiz, herri-erakundeak behin-behineko familia-harrera erabaki dezake, gurasoak harrerarekin ados ez daudenean edo horren aurka jartzen direnean; harrerak bere horretan dirau, beharrezkoa den espedientearen izapideak egin arte, eta epaileak ebazpenik ematen ez duen artean.{Gauzak horrela, umeen gaineko harrera eratzea erraztu da, umeon gurasoek gehieneko axolagabekeria erakutsi dutenean.

Egundaino, indarreko legeriari helduz, harrera aldi baterako egoera zen, eta, ondorenez, horren arauketak ez zuen ezelako bereizketarik egiten, adingabeak izan zitzakeen inguruabar desberdinen arabera. Halaber, familia hartzaileak autonomia mugatua zuen adingabea zaintzeko.

Egungo egunean, herri askotan eztabaidatzen da adingabeen babeserako erakunde juridikoek konponbide egokia ematen dieten ala ez adingabe horiek izan ditzaketen babesgabezia-egoera desberdinei.{Egiatan, umeen babeserako sistemek hobera egin dezaten, nahitaezkoa da erakunde juridiko desberdinak izan eta profesionalen eginerak malgutzea.{Lege honek bide horretatik jotzen du, eta, horretarako, familia-harrera moldatu du, eta, harrera horren egonkortasunaren arabera, hartzaileen eta harrerapeko adingabearen arteko harremanak egokitu ditu.

Hiru harrera-mota bereizi izan dira, bakoitzak betetzen duen helburua kontuan hartuta.{Lehendabiziko, harrera bakuna eratzen da, denborazko baldintza jakin batzuk betetzen direnean; baldintza horietan aurreikus daiteke, neurri batean besterik ez bada ere, adingabea bere familiarekin itzuliko dela. Bigarren, harrera iraunkorra eratzen da, egoera horrek egonkortasun handiagoa izan behar duenean, adingabearen edo beraren familiaren adina zein beste inguruabar batzuk direla medio. Harrera iraunkorraren kasuan, familia hartzailearen autonomia gehitu egiten da, familia horrek adingabea zaintzeko dituen eginkizunei dagokienez; epaileak tutoretzaren ahalmenak eratxikitzen dizkio familia hartzaileari, horrek errazago gauza ditzan bere erantzukizunak.

Hirugarren, beren beregi ezartzen da adopzio aurreko harreraren modalitatea. 21/1987 Legean, modalitate hori zioen azalpenean bakarrik agertzen zen; beste legeria batzuetan ere badago halako modalitaterik.{Lege honen arabera, adopzioaren aurretik denbora-tarte bat ezar daiteke, harrera helburu horrekin formalizatuz gero. Horrelakoak gerta daitezke, herri-erakundeak adopzio- proposamena egin diolako epaileari edo, proposamen hori egin baino lehen, beharrezkotzat jo izan delako denbora- tarte bat izatea, adingabea familia berriari egoki edo horretara molda dadin.

Horrekin zuzendu egin dira Kode Zibilaren 173.1 artikuluak zituen akatsak. Gaur egun, harrera-mota desberdinak bereizten dira, inguruabar hauek kontuan izanik: familiaren egoerak hobera egin dezakeen ala ez; adingabearen itzulerak berari kalterik eragin ahal dion ala ez; inguruabarren arabera egokiagoa den harrera iraunkortasunez eratzea edo, kontrara, harrera hori adopzioaren aurretik eratzea.{Era berean, Kode Zibilak formalizazio-agiri bat ezarri du, eta horrek izan behar dituen betekizunak zehaztu ditu.

Adopzioaz denaz bezainbatean, lege-eskakizuna da adopzio-hartzaileak egokiak izatea. Proposamena herri-erakundeak egiten badu, horri dagokio harako lege-eskakizuna betetzen den ala ez egiaztatzea; gainerako kasuetan, epaileak egiten du zuzen-zuzenean egiaztatze hori. Egokitasunaren betekizuna ez zegoen beren beregi jasota gure zuzenbide positiboan.{Hala ere, eskakizun hori modu esplizituan agertzen da, batetik, Umearen Eskubideei buruzko Konbentzioan, eta, bestetik, Hagako hitzarmen batean, alegia, adingabeen gaineko babesari eta nazioarteko adopzioaren esparruan izan beharreko lankidetzari buruzko hitzarmenean. Bestalde, praktikan betekizun hori aintzakotzat hartzen zen, familia adopzio-hartzaileak hautatzeko prozeduretan.

Legeak nazioarteko adopzioa arautzen du.{Azken urteotan, arras gehitu dira adopzio-hartzaile espainiarrek adoptaturiko ume atzerritarren kasuak.{21/1987 Legea egitean, gertaera hori ez zen gaur bezain ohikoa, eta ez zegoen hainbesterako premiarik, eraldaketa horretan nazioarteko adopzioaren arazoari oldartzeko.{Bada, lege honek bereizten ditu, batetik, herri-erakundeek zuzen-zuzenean bete behar dituzten eginkizunak, eta, bestetik, herri-erakunde horiek agentzia pribatuei eskuordetu ahal dizkieten bitartekaritza-eginkizunak, agentzia horiek egiaztagiri egokia baldin badute.{Era berean, lege honek baldintza eta betekizun batzuk ezartzen ditu, agentziek egiaztagiria lor dezaten; baldintza eta betekizun horien artean nabarmendu daiteke agentziek irabaziak lortzeko asmorik ez izatea.

Halaber, Kode Zibilaren 9.5 artikulua aldarazi egin da, eta, horren ondorioz, atzerrian eraturiko adopzioen kasuan ere, adopzio-hartzaileak egokiak izan behar dira, adopzio horiek Espainian eragingarriak izan daitezen. Hori ezartzean, lege honek bete egin du Umearen Eskubideei buruzko Konbentzioa berrestean hartutako konpromisoa; izan ere, Nazio Batuek egindako konbentzio horretan, estatu kideek euren gain hartzen dute betebehar jakin bat, eta, betebehar hori betetzeko, eskubide berberak izan behar dituzte estatu horretan adoptatu umeek eta beste herri batean adoptatuek.

Bukatzeko, lege honek jorratzen ditu tutoretzaren inguruko gai batzuk ere. Hori egiteko, Kode Zibilaren zenbait artikulu garatu dira, halakoetan ñabardura batzuk sartzeko, adingabeei dagozkien arazoei begira.{Horren harira, eta ahal den neurrian, adingabearen gaineko tutoretzaren helburua izan behar da adingabea tutorearen familian integratzea.{Berebat, tutorea kargutik enkaitzeko arrazoien artean sartzen da elkarrekin bizitzeko arazo larri eta etengabeak izatea; gainera, prozedura horretan, adingabeak esan beharrekoa entzun behar da.

Testu osoan barrena indartu egin da Fiskaltzaren esku-hartzea, 21/1987 Legeak jarritako lorratzari eutsiz. Ildo horretatik, erakunde horren jardute-bideak gehitu egin dira; Fiskaltzaren estatutuari helduta, erakunde horri dagokio lege-ordezkaritzarik ez duten adingabe eta ezgaituen gaineko ordezkaritza.

Legeak jorratzen dituen autuetarik beste bat da adingabea zentro psikiatriko batean sartzea. Legeak arazo horri ekiten dio, barnerapen hori gehieneko bermeekin gauza dadin, tartean adingabea baitago. Bide horretatik, beharrezkoa da epailearen aurretiazko baimena izatea, Kode Zibilaren 211. artikuluko erregelak betetzea eta Fiskaltzak manuzko txostena ematea. Ondore horietarako, adingabea eta ustezko ezgaia parekatu egiten dira. Bestalde, barnerapena borondatezkoa izan dela baieztatzeko, ez da aski gurasoen adostasuna izatea, presaz egindako barnerapenaren kasuan izan ezik.

3

Lege honek begirunea izan nahi dio estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean Konstituzioak eta estatutuek egindako eskumen-banaketari.

Esangura horretan, legeria zibilari, prozesuko legeriari eta Justizia Administrazioari buruzko arazoak arautzen ditu lege honek, horretarako Konstituzioaren gaikuntza zehatza baitu, 149.1 artikuluaren 5, 6 eta 8. paragrafoen arabera.

Edozein modutan ere, azken xedapen zehatz batean, oso-osorik iraunarazten dira autonomia-erkidegoen eskumenak, autonomia-erkidego horiek euren zuzenbide zibila dutenean, zuzenbide hori foru-zuzenbide izan zein zuzenbide berezi izan. Arean ere, azken xedapen horrek ezartzen duenez, lege hau subsidiarioa da, autonomia-erkidego horietan indarrean dauden xedapen zehatzei begira.

Era berean, administrazio-izaerako eskumenak aipatzen direnean, argiro-argiro esaten da eskumen horiek autonomia- erkidegoei, eta Ceuta eta Melillako hiriei dagozkiela, Konstituzioak egindako eskumen-banaketaren arabera, eta erkidego eta hiri horiek euren estatutuetan bereganatu dituzten eskumenekin bat etorriz.

4

Amaitzeko, lege honek Kode Zibilaren artikulu batzuk aldarazi ditu, gramatika eta edukiaren inguruko akats batzuk zuzentzeko, akatsok agertu baitira kode horretan ondoz ondo egindako eraldaketa partzialengatik.

Kode Zibilean izandako eraldaketa batzuek zeharka baino ez zuten ukitu tutoretzaren erakundea. Eraldaketok bazter utzita, urriaren 24ko 13/1983 Legeak aldarazi egin zuen Kode Zibilaren I. liburuko X. titulua, «Adingabeen edo ezgaituen gaineko tutoretza, kuradoretza eta zaintza» arautzen duena; era berean, lege horrek hobetu egin zuen Kode Zibilak tutoretza arruntaren inguruan jasota zuen araubidea.{Halaber, azaroaren 11ko 21/1987 Legeak idazkera berria eman zien tutoretza arautzen zuten artikuluei, tutoretza hori lege-aginduz herri-erakundeek berenagatzen zutenean. Oraingoan ere, tutoretza horren gaineko artikuluak eraldatu dira.

Tutoretzaren erakundeak bi alde horiek dituenez, Kode Zibilaren barnean bi-bion arauketa harmonizatu beharra dago. Kodegintzarako Batzorde Nagusiaren Lehenengo Atala zuzenbide pribatuaren ingurukoa denez gero, berorrek ekin dio harmonizatze-lanari, eta aipatu artikuluak aldarazi ditu; 1983ko eraldaketaz geroztik, artikulu horiek ez ziren batere koherenteak, eta euren aplikazio praktikoa konplexua zen oso.

Horrela, lege honen oinarrizko helburua da adingabeak babestea, tutoretza administratiboaren bidez; horregatik, aldarazi dira beste artikulu batzuk ere, gai horri lotuta daudelako.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Kode Zibilaren 9.4 artikuluak idazkera hau izango du: […]

Bigarrena. Kode Zibilaren 9.5 artikuluko 3, 4 eta 5. paragrafoek idazkera hau izango dute: […]

Hirugarrena. Kode Zibilaren 149. artikuluak idazkera hau izango du: […]

Laugarrena. Kode Zibilaren 158. artikuluak idazkera hau izango du: […]

Bosgarrena. Kode Zibilaren 172. artikuluak idazkera hau du: […]

Seigarrena. Kode Zibilaren 173. artikuluak idazkera hau izango du: […]

Zazpigarrena. Kode Zibilean beste artikulu bat sartzen da, 173bis zenbakiarekin; artikulu horrek idazkera hau izango du: […]

Zortzigarrena. Kode Zibilaren 174.2 artikuluak idazkera hau du: […]

Bederatzigarrena. Kode Zibilaren 175.1 artikuluak idazkera hau du: […]

Hamargarrena. Kode Zibilaren 176. artikuluak idazkera hau izango du: […]

Hamaikagarrena. Kode Zibilaren 177. artikuluak idazkera hau izango du: […]

Hamabigarrena. Kode Zibilaren 211. artikuluko 1. paragrafoak idazkera hau izango du: […]

Hamahirugarrena. Kode Zibilaren 216. artikuluak bigarren lerrokada izango du, eta lerrokada horren idazkera hauxe izango da: […]

Hamalaugarrena. Kode Zibilaren 234 artikuluak azken lerrokada izango du, idazkera honekin: […]

Hamabosgarrena. Kode Zibilaren 247. artikuluak idazkera hau izango du: […]

Hamaseigarrena. Kode Zibilaren 248. artikuluak idazkera hau izango du: […]

Hamazazpigarrena. Kode Zibilaren 260. artikuluari bigarren lerrokada gehitu zaio, eta lerrokada horren idazkera hauxe da: […]

Hemezortzigarrena. 1. Kode Zibilaren hurrengo artikuluek idazkera hau izango dute: […]

2. Kode Zibilaren honako artikuluak aldarazten dira: […]

[…] Hemeretzigarrena. Prozedura Zibilaren

Legea honela aldaraziko da: […] 1999ko apirilaren 6ko Legea, uztailaren 21eko 49/1960 Legea, jabetza horizontalari buruzkoa, eraldatu duena («EAO», 84. zk., 1999ko apirilaren 8koa)

ZIOEN AZALPENA

Uztailaren 21eko 49/1960 Legeak, Jabetza Horizontalari buruzkoak, indarraldi luzea izan du, eta indarraldi luze horrek agerian utzi du aipatu legeak zer-nolako erabilera duen hainbat esparrutan, besteak beste, lege horren araubidepean dauden jabekideen arteko harremanak arautzean, eraikuntza suspertzean eta hirigintzaren arloan.{Otsailaren 23ko 2/1988 Legea eta ekainaren 21eko 3/1990 Legea aurrerapauso handiak izan ziren, harako legea gizarte- errealitateari hurbiltzeko.{Hala eta guztiz ere, behin sasoi bat igarotakoan, gizartean irrika berriak sortu dira, jabetza horizontala arautzeko moduaren inguruan.

Horrela, gaur egun aho batekotasunaren erregela zorrotzegia da, oztopatu egiten baitu zenbait jarduera gauzatzea; askotan, halako jarduerak komenigarri dira jabeen erkidegoarentzat, eta, are gehiago, ingurugiroko nahiz bestelako arrazoiak gogoan izanik, gizartearen gainerako kideentzat ere bai.{Horrela, komenigarritzat jo da gehiengoaren araubidea malgutzea, zenbait zerbitzu ezartzeko (atezaindegia; igogailuak; oztopo arkitektonikoak ezabatzea, horiek elbarriak ibil daitezen eragozten badute; telekomunikazio-zerbitzuak; eguzki-energiaren gaineko aprobetxamenduak etab.).

Gizartearen eskari nagusien artean, beste bat da jabeen erkidegoek legebidez kobratzea erkidego horietako partaide diren jabekideek eurei zor dietena.{Eraldaketa honen bitartez, aurre egin nahi zaio «berankortasunaren aurkako borroka» deitu izan denari, horretarako balio duten neurri batzuk ezarriz: erreserba-fondo bat sortzea; eskualdaketaren gaineko agerkari publikoan publizitatea ematea, jabeek zor dituzten kopuruei buruz; eskualdatutako ondasun higiezinak lotura erreala izatea gastu orokor batzuekin, alegia, eskualdaketa zein urtetan gertatu, eta urte horretako eta aurreko urteko gastuekin; eskualdatzaileak erantzukizun solidarioa izatea, titulartasun-aldaketa jakinarazten ez duenean; jabeen erabakiei izaera betearazlea eratxikitzea, erabakiok batzak egindako aktan formalizatzen direnean; epaiketa bidezko betearazpen- prozedura arin eta eragingarria ezartzea, erkidegoak dituen kredituak kobra daitezen etab.

Lege honek, orobat, beste arazo batzuk arautu eta eguneratzen ditu: batzen aktak eratzea; erkidegoaren organoek dituzten eginkizunak zehaztea, eta, batik bat, administratzailearen eginkizunak zehaztea, hori edozein jabekide edo horretarako lanbide-kualifikazioa duen pertsona fisikoa izan daitekeelarik; deialdiak egiteko araubidea; boto-eskubidearen egikaritza; lehendakari karguari uko egitea; eta, orokorrean, erkidegoaren eguneroko bizimoduak dakartzan beste arazo batzuk, horiek agerian jarri baitute erkidegoaren arauketa urria zela.

Horrekin guztiarekin, Jabetza Horizontalari buruzko Legeak malgutasuna eta dinamismoa lortzen ditu, eta, era berean ere, eragingarritasuna; gainera, legea gizartearen eskakizun berriei egokitzen zaie. Horrela, ziur asko, Jabetza Horizontalari buruzko Legea, gerogarreneko hamarkadetan ere, gure herriarentzat garrantzirik handien duen arau juridikoa izango da.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

1. Kode Zibilaren 396. artikuluak idazkera hau izango du: […]

1999ko maiatzaren 18ko 18/1999 Legea, Kode Zibilaren 9. artikuluko 9. paragrafoa aldarazi duena («EAO», 119. zk., 1999ko maiatzaren 19koa)

ZIOEN AZALPENA

Guztiontzat ezagun diren arrazoien ondorioz, nazioarteko adopzioak azken urteotan asko ugaritu dira. Erakunde horri hamaika arazo datxezkio, eta arazook kezka sorrarazi dute.{Kezka horrekin batera, abusuzko jarduera pribatuak saihestu beharra dago. Hori guztia kontuan izanik, Hagako Hitzarmena egin da 1993ko maiatzaren 29an, umearen babesari eta nazioarteko adopzioaren arloan izan beharreko lankidetzari buruz. Hitzarmen hori hainbat herrik sinatu dute, horien artean, Espainiak («Estatuko Aldizkari Ofiziala», 1995eko abuztuaren 1ekoa).{Hitzarmenaren helburua da umearen gaineko babesa ziurtatzea; horretarako, adopzioa eratzeko auzibide orotan esku hartu behar dute jatorrizko estatuko eta estatu jasotzaileko agintaritza zentralek edo erakunde egiaztatuek.

Zinez, espainiarrek atzerrian adopzioa eratu eta adopzio hori hitzarmenaren gida-lerroei egokitu zaie. Edozein modutan ere, ezin izan da saihestu desberdintasunak izatea atzerriko adopzioak dituen ondoreen eta erakunde horrek Espainian sortzen dituenen artean.{Adopzioa hitzarmenarekin bat etorriz ziurtatu denean ere (23. artikulua), hori adopzio gisa Espainian aitortzeak ezin du zuzenean eragin adopzio soila oso-osoko ondoreak dituen adopzio bihurtzea; eta halakoa da Espainian adopzioa.{Horixe onartu behar izan du Hagako Hitzarmenak berak; izan ere, hitzarmenaren 27. artikuluak arautzen duenez, adopzioa alda daiteke estatu jasotzailean.

Gaur egun, Espainiari dagokionez, atzerrian eratutako adopzioari ondoreak aitortzen zaizkio Espainian. Aitorpen hori arautzen du Kode Zibilaren 9. artikuluko 5. paragrafoaren azken tartekadurak; urtarrilaren 15eko 1/1996 Legeak, Adingabearen gaineko Babes Juridikoari buruzkoa izan, eta Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea zati batez aldarazi zuenak, artikulu hori berridatzi zuen.{Arau horren bitartez, batetik, hurrengoa ezartzen da: atzerrian eratutako adopzioa ez da Espainian adopzio gisa onartuko, herri-erakunde eskudunak adopzio-hartzailearen egokitasuna adierazten ez duen bitartean, baldin eta adopzio-hartzaile hori espainiarra bada, eta adopzio-unean Espainian badu bere egoitza. Bestetik, jarraikoa gaineratzen da: «… Espainian ezin da adopzio gisa onartu adopzio-hartzaile espainiarrak atzerrian eraturikoa, horren ondoreak ez badatoz bat Espainiako legerian ezarritakoekin».

Legegilearen erabakia egokia da, honako kasu hauetan: atzerriko erakundeak seme-alabatasun harremanik ezartzen ez duenean adopzio-hartzailearen eta adoptatuaren artean; eta, era berean, adoptatuak eutsi egiten dienean aurreko familia biologikoarekin dituen loturei.{Nolanahi ere, konponbidea ez da batere ziurra, adopzioaren ondoreak desberdinak izan, eta desberdintasun horren arrazoia denean atzerriko adopzioa ezeztakorra izatea, seme edo alaba adoptatuaren adingabetasuna bitartean, adopzio-hartzaileak hala eskatuz gero.{Hori berori bada atzerriko adopzioaren eta Espainiakoaren arteko desberdintasun bakarra, zuzen dirudi nolabaiteko bideak irekitzea, atzerriko adopzio horiek Espainiako antolamenduan eragingarritasuna izan dezaten, Espainian epaiketa bidez adopzioa «ex novo» sortu beharrik gabe.

Hori berori da, hain zuzen ere, lege honen xede bakarra.{Erregistro Zibileko arduradunaren aurrean egindako agerraldiaren bidez edo beste agiri publiko batean, espainiar adopzio-hartzaileak edo adopzio-hartzaileek beren beregi uko egiten badiote atzerriko legeak adopzioa ezeztatzeko eurei ematen dien eskubideari, orduan ez dago inolako eragozpenik, adopzio hori Espainian onar eta, ondoren, Erregistroan inskriba dadin, inskripzio horrek eratortzen dituen ondore guztiekin.

ARTIKULU BAKARRA

Kode Zibilaren 9. artikuluko 5. paragrafoari azken lerrokada gehitzen zaio, eta lerrokada horrek idazkera hau du: […]

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Lege honetan xedatutakoa aplikatuko zaie berau indarrean jarri aurretik eratutako adopzioei ere.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Lege hau indarrean jarriko da, berau «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratzen den egun berean.

Azaroaren 5eko 40/1999 Legea, izen-abizenei eta horien hurrenkerari buruzkoa («EAO», 226. zk., 1999ko azaroaren 6koa)

ZIOEN AZALPENA

Kode Zibilak eta Erregistro Zibilaren Legeak abizenen inskripzioa arautzen dute. Egundaino, arauketa horrek hurrengo erregela orokorra ezarri izan du: abizenek seme-alabatasuna eratortzen dutenez gero, abizenok hurrenkera zehatza izan behar dute; lehenengo, aitaren abizena eta, gero, amarena. Indarreko arauketa horri ekinez, semeak edo alabak aukera du egoera hori aldarazteko, behin adin-nagusitasuna lortu eta gero.

Maiatzaren 13ko 11/1981 Legeak Kode Zibila aldarazi zuenean, orduko, egoera hori aldatzeko ahaleginak egin ziren. Orain, berriro ere, egoera berberari konponbidea eman nahi zaio, Konstituzioak ezarritako berdintasun-printzipioaren arabera, eta gai honi buruz nazioarteko esparruan hartutako erabakiak gogoan izanik.{Arazo horretan, nahiko da Nazio Batuek 1979ko abenduaren 18an egindako Konbentzioaren 16. artikulua hona ekartzea; artikulu horren aginduz, estatu sinatzaile guztiek beharrezko neurriak hartu behar dituzte, izenaren gaineko eskubidean bereizkeriako xedapen oro desagerrarazteko. Bide beretik, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak, 1978. urteaz geroztik, gomendio hau luzatu die estatu kideei, 78/37 Ebazpena dela medio: estatu kideek gizonezkoaren eta andrazkoaren arteko bereizkeria guztiak desagerrarazi behar dituzte, izenari buruzko araubidetik. Era berean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, 1994ko otsailaren 22ko epaian, Burghartz C. Suisse kasuan, bereizkeria sexistak zehatu zituen, abizenak aukeratzeko orduan.

Hortaz, emakumearentzat zuzenagoa da eta bereizkeria gutxiago dakar hasiera- hasieratik gurasoek, elkarrekin ados jarrita, euren seme-alaben abizenen hurrenkera aukeratu ahal izateak. Zernahi gisaz, behin gurasoek lehenengo seme edo alabari buruz erabakia hartu eta gero, hurrenkera hori berori aplikatuko zaie etorkizunean lotura berberarekin izandako seme-alabei ere. Horrek ez du eragozten, ordea, aukera erabili ezean, legean ezarritakoa aplikatzea.

Bestalde, urtarrilaren 4ko 17/1977 Legeak Erregistro Zibilaren Legeko 54. artikulua eraldatu zuen; artikulu horrek aukera ematen zuen, norberaren izen bereziaren ordez, horren baliokide onomastikoa jartzeko, Espainiako estatuko hizkuntzetatik edozeinetan. Hogei urte baino gehiago igaro dira, jada, lege hori onetsi zenetik. Gaur egun, herritar batek adin-nagusitasuna lortzen badu eta Erregistro Zibilean bere izena gaztelaniaz inskribatuta badago, ez du aukerarik bere izen berezia Espainiako estatuan ofizial diren hizkuntzetatik beste batera itzultzeko.

Hori guztia dela eta, onetsitako lege honek erraztu egiten du Espainiako estatuko hizkuntza desberdinak behar bezala erabiltzea, eta, haien hizkuntza-aberastasuna errespetatuz, estatutu juridikoa lortzea.

Halaber, eta arrazoi berberen ondorioz, lege honek ahalbidetzen du abizenak ortografiaren arabera erregularizatzea, Erregistroan inskribatutako idazkera ez datorrenean bat kasuan kasuko hizkuntzaren gramatika eta fonetikarekin.

Gainerakoan, lege honek xedapen iragankor bat baitaratu du osagarri moduan. Xedapen horrek dioenez, lege hau indarrean jartzeko unean gerta daiteke seme-alabak adingabeak izatea.{Halakoetan, seme-alabon abizenen hurrenkera aldatu ahal izateko, nahitaezkoa da haiei entzunaldia egitea, behar besteko adimenik badute bederen.

1. artikulua

Kode Zibilaren 109. artikuluak idazkera hau du: […]

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Lege hau indarrean jartzeko unean, gurasoek seme-alaba adingabeak badituzte eta seme-alabok lotura berekoak badira, gurasoek, elkarrekin ados jarrita, amaren abizena aurreratzeko erabakia har dezakete neba-arreba guztientzat.{Alabaina, seme-alabek behar besteko adimenik badute, nahitaezkoa izango da, adingabe horien abizenen hurrenkera aldatzeko, erregistro-espedientean onespena lortzea; espediente horretan, adingabeek esan beharrekoa entzungo da, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 9. artikuluari helduta.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Urtarrilaren 4ko 17/1977 Legearen bigarren artikulua indarrik gabe geratzen da; lege horrek Erregistro Zibilaren Legeko 54. artikulua eraldatu zuen.{Era berean, indarrik gabe geratzen dira lege honetan ezarritakoaren aurkako diren xedapen orokor guztiak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Lege hau indarrean jarriko da, «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta hiru hilabete igaro eta gero.{Epe horren barruan, Gobernuak Erregistro Zibilaren Erregelamendua aldaraziko du, lege honetan xedatutakoari egokitzeko hori beharrezkoa den heinean.

Urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea, prozedura zibilari buruzkoa («EAO», 7. zk., 2000ko urtarrilaren 8koa)

ZIOEN AZALPENA

[…] Kode Zibilari dagokionez, nabarmendu behar da, nahiz eta frogabideei buruzko arauak ezabatu, trafiko juridikoan garrantzia izan ditzaketen agiriei buruzko manuei eutsi zaiela.{Manu horietatik batzuk esanbidez aipatzen dute froga; gainera, manuok kontraesanekoak ez badira eta, haatik, harmonia gordetzen badute lege honetako manuekin, ulertu behar da manu horiek epaiketatik kanpoko egiazkotasunaz eta eragingarritasunaz dihardutela.{Arau horiek sustrai sendoak dituzte, eta, horregatik, ez da komeni izan horiek indargabetzea, etorkizunean arauok hobetu ahal izango badira ere. […]

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

[…] 2. Era berean, indarrik gabe geratzen dira honako manu, lege eta xedapen hauek:

1) 8. artikuluaren bigarren paragrafoa; 12. artikuluaren seigarren paragrafoko bigarren lerrokada; 127. artikulutik 130.erakoak, hori barne; 134. artikuluaren bigarren paragrafoa eta 135. artikulua; 202. artikulutik 214.erakoak, hori barne; 294. artikulutik 296.erakoak, hori barne, eta 298. artikulua; eta 1214, 1215, 1226 eta 1231. artikulutik 1253.erakoak, hori barne, horiek guztiak Kode Zibilekoak direla. […]

10) Uztailaren 7ko 30/1981 Legearen lehenengo xedapen gehigarritik bederatzigarrena arte; lege horrek ezkontzaren arauketa aldarazi zuen Kode Zibilean, eta berak zehaztu zuen zein prozedura bete behar den deuseztasun-, banantze eta dibortzio-auzietan. […]

Urtarrilaren 7ko 4/2000 Legea, heriotza-adierazpenaren arauketa aldaraztekoa, ontziak hondoratzean eta bestelako ezbeharretan desagertutakoen kasurako («EAO», 8. zk., urtarrilaren 10ekoa)

ZIOEN AZALPENA

Itsasoko eta aireko jarduerak garraio- helburuekin edo arrantza-helburuekin gauzatzen direnean, jarduerok bizitza ekonomikoaren sektore garrantzitsua osatzen dute. Sektore hori naturako ingurumen fisiko jakin batean burutzen da, alegia, itsasoan.

Horrek berez dakar zailtasun-, nekezia- eta, batez ere, arrisku-maila handiagoa izatea, sektore horretako langileen bizitza eta osotasun fisikoarentzat.

Itsasoko eta aireko jarduera, garraiorako egin zein arrantzarako egin, arrisku larrien menpe dago; arriskuok dira, besteak beste, matxurak, suteak, ontzien hondoratzea, eta, bereziki, ezbehar klimatologikoak, horiek istripu eta ondorio larriak eragin baititzakete, itsaso zabalean gertatzen direnean.

Inguruabar horiek guztiek ondorio kaltegarriak ekarri ohi dituzte, beraz, itsasoko garraio-jardueran, eta, batik bat, arrantza-jardueran, ontzien neurriaren ondorioz. Horregatik, halako lan-jarduerak arrisku handikoak dira, eta, zoritxarrez, halakoetan gertatzen dira, maiz-sarri, heriotzak, bai heriotza kolektiboak, ontziak hondoratzearen ondorioz, bai banakako heriotzak, gizabanakoa itsasora erori, uretan galdu eta bertan desagertzeagatik.

Gizabanakoa itsasoan desagertzen denean, horrek zorigaitz handia dakar haren familiakoentzat, eta, aldi berean ere, zenbait arazo sorrarazten ditu, pertsona, laguntza, administrazio eta ekonomiaren esparruetan. Arazo horiei aurre egiteko, legegintzazko arauketa eragingarria izan behar da, errealitatearekin bat datorrena. Arauketa horren bitartez, nolabait arin edo bigun daiteke familiako kide bat itsasoan galtzeak dakarren giza arazo larria.

Izaera horretako egitatea gertatutakoan, Gizarte Segurantzari buruzko legeriak mekanismo babesleak ezarri ditu, bi helburu hauek erdiesteko: batetik, lan-istripuaren ondoriozko kalte-ordainei aurre egiteko; eta, horrekin batera, hala badagokio, alarguntasun- eta zurztasun- pentsioak emateko.

Zernahi gisaz, zuzenbidearen arloan badira bestelako arazoak ere, pribatuak nahiz ekonomikoak (ondasun higiezinak eskualdatzea, kontu-korronteak, hipoteka-kredituak eta pertsonalak, aseguruak kobratzea etab.). Arazo horiei aurre egiteko, indarreko legeriak bi edo hiru urteko epeak ezartzen ditu, desagerpenaren inguruabarrak aintzakotzat harturik. Epe horiek ezartzean, jarauntsiaren inguruko arazo guztiei hel dakieke, eta halakoak konpon daitezke, heriotza-adierazpen izeneko erakunde juridikoaren bitartez.

Epaileak heriotza-adierazpena ematen duenean, gizabanakoa hil delako presuntzioa sortzen da; presuntzio horren ondorioz gerta daitezke egiaztaturiko heriotzak berak dakartzan ondore juridiko berberak.

Azken finean, mekanismo juridiko horren bitartez, segurtasuna, egonkortasuna eta konponbidea eman dakizkieke administrazio, ondare eta ekonomiaren inguruko arazoei, halakoak jasan behar baitituzte desagertuen familiakoek.

Kode Zibilaren 194. artikuluak bi eta hiru urteko epeak ezartzen ditu, ezbehar, aireko istripu eta itsasoan gertaturiko ontzi-galeren kasuetarako. Horien inguruan, probabilitate-epaiketa egiten da, eta, horrekin batera, heriotzaren gaineko lege-presuntzioa ezarri ere bai, ondore guztietarako, itsasoan galdutakoen inguruan.

Ondorenez, itsasoan familiakide maiteak desagertzen direnean, horrek kalte larriak eragiten ditu familietan; kalte horiei aurre egin behar zaie sentikortasunarekin eta azkartasunez. Ezbehar eta ontzi-galeren inguruko esperientzia praktikoak erakusten du nahitaezkoa dela kasuan kasuko aldarazpena egitea, aipatu artikuluak errealitateari egokitzeko. Horrela, heriotza-adierazpenaren epeak laburtu behar dira.

Era berean, azaldutako guztiaz gain, badira beste mota batzuetako ezbeharrak ere, hala nola, lan-istripu, eztanda eta naturako hondamendien ondorioz gertaturikoak (uholdeak nahiz mendietan izandako ekaitzak) edo horien antzekoak. Tamalez, horiek gizabanakoen desagertzea eragiten dute, inolako zantzurik utzi gabe. Horrexegatik, kasu horretan ere, aipatu kodearen 193. artikuluan aldarazpen txikia egitea komeni da.

LEHENENGO ARTIKULUA

Kode Zibilaren 193. artikuluko hirugarren paragrafoaren lehenengo lerrokada aldarazten da, eta horren idazkera hauxe izango da: […]

BIGARREN ARTIKULUA

Kode Zibilaren 194. artikuluko 2 eta 3. paragrafoak aldarazten dira, eta euren idazkera hauxe izango da: […]

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Lege hau indarrean jarriko da, «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta biharamunean.

Uztailaren 11ko 34/2002 Legea, informazio-gizartearen zerbitzuei eta merkataritza elektronikoari buruzkoa («EAO», 166. zk., 2002ko uztailaren 12koa)

ZIOEN AZALPENA

I

Lege honen xedea da Espainiako antolamendu juridikoan barneratzea Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ekainaren 8an emandako 2000/31/EB Zuzentaraua. Zuzentarau horrek informazio- gizartearen inguruko zenbait arazo jorratzen ditu, bereziki, barne merkatuko merkataritza elektronikoa (merkataritza elektronikoari buruzko zuzentaraua).{Era berean, lege honek zati batez barneratzen du Europako Parlamentuak eta Kontseiluak maiatzaren 19an emandako 98/27/EB Zuzentaraua ere. Zuzentarau horrek bukarazte-akzioak arautzen ditu, kontsumitzaileen interesak babesteari dagokionez; izan ere, bertan ezarritakoarekin bat eginez, bukarazte-akzioa erabili ahal izango da, lege honetan xedatutakoa urratzen duten jokabideen aurka.

2000/31/EB Zuzentarauak «informazio- gizarte» adierazmoldea erabiltzen du. Adierazmolde horren erabilera hedatu egin da, telekomunikazioen sarea izugarri zabaldu delako, eta, bereziki, Internetek berak egundoko gehikuntza izan duelako, orotariko informazioa transmititzeko eta elkarrekin trukatzeko bide gisa.{Halako sareak bizitza ekonomikoan eta gizarte- bizitzan barneratuz gero, barneratze horrek kontaezineko abantailak ekar ditzake, besteak beste, enpresen eragingarritasuna hobetzea, erabiltzaileek aukeratzeko posibilitate gehiago izatea eta enplegu-iturri berriak agertzea.{Dena den, Internet eta teknologia berriak ezartzearen ondorioz, zenbait zalantza juridiko sortzen dira. Zalantza horiek argitzea nahitaezkoa da, eta, horretarako, esparru juridiko egokia ezarri beharra dago. Esparru horrek konfiantza sorrarazi behar du eragile eta esku-hartzaileengan, konfiantza hori ezinbestekoa baita, bide berri hori erabiltzeko orduan.

Horixe da, hain zuzen ere, lege honen asmoa. Beronen eretzean, bide elektronikoetatik egindako jarduerei euren berezko arauak aplikatuko zaizkie, arauok orokorrak izan zein bereziak izan. Lege honek, beraz, arazo gutxi batzuk baino ez ditu jorratuko; arazo horiek berri-berriak direnez edo halakoak bide elektronikoetan erabiltzea oso berezia denez gero, euren berezko arauketa urri geratzen da.

II

Lege honetan, «informazio-gizartearen zerbitzuak» aipatzen dira. Zerbitzuon kontzeptua, zinez, oso zabala da, beraren barruan sartzen baitira, besteak beste, honako jarduera hauek: ondasunak eta zerbitzuak bide elektronikoetatik kontratatzea; bide horietatik informazioa hornitzea (hala egiten dute, esate baterako, sarean aurki daitezkeen egunkari edo aldizkariek); bitartekaritza- jarduerak burutzea, ulerbidez, sareari heltzeko zuzkidurari dagokionez, telekomunikazio-sareen bidez datuak eskualdatzeari dagokionez, erabiltzaileek hala eskatuta Interneteko orriak aldi baterako kopiatzeari dagokionez, beste inork emandako argibideak, zerbitzuak edo aplikazioak norberaren zerbitzarian gordetzeari dagokionez, bilaketarako tresnak edo Interneteko beste toki batzuekin loturak ahalbidetzeari dagokionez, bai eta erabiltzaileen eskariz egin daitezkeen bestelako zerbitzuei dagokienez ere (bideo- edo audio-artxiboak deskargatzea…).{Zerbitzu horiek guztiak, betiere, jarduera ekonomikoak izan behar dira emailearentzat. Emaileok askotarikoak izaten dira, hala nola, telekomunikazioetako eragileak, Internet eskuratzeko hornitzaileak, atariak, bilaketarako motorrak eta beste subjektu batzuk ere, baldin eta subjektuok Interneteko toki batetik aipatu jardueretatik bat burutzen badute, merkataritza elektronikoa barne.

Subjektuen ikusmirari helduta, lege hau aplikatzen zaie, orokorrean, Espainian ezarritako zerbitzu-egileei.{«Ezartzeak» esan nahi du toki horretan jarduera ekonomikoa zuzendu eta kudeatzea. Definizio horrek kontuan hartzen du, bistan dagoenez, egoitza fiskalaren kontzeptua, Espainiako tributu- arauek jasotzen duten bezala. Gainera, definizio hori bat dator ezartzeari buruz Europar Batasuneko zuzenbidean erabiltzen den esanahi materialarekin ere.{Lege hau aplikatzen zaie, orobat, Espainian egoitza ez dutenei ere, baldin eta informazio-gizartearen zerbitzuak egiten badituzte, Espainian «iraunkortasunez ezarritako» toki batetik.{Azken kasu horretan, zerbitzu- egileok zati batez bakarrik geratzen dira lege honen menpe, alegia, Espainiatik egiten dituzten zerbitzuei dagokienez bakarrik.

Ondorenez, lege honetan nahitaezko osagaia da zerbitzu-egilea zein tokitan dagoen ezarrita. Toki horren araberakoa da, lege honen aplikazio-eremua ez ezik, Espainiako antolamenduaren gainerako xedapen aplikagarrien eremua ere, zerbitzu-egileek burutzen dituzten jardueren arabera.{Bestalde, kontuan hartu behar da zerbitzu-egileak zein tokitan dauden ezarrita, horren araberakoa delako, halaber, zein lege aplikatuko zaien eta zein izango den agintari eskuduna, haiek kontrolatzeko. Hori bat dator 2000/31/EB Zuzentarauaren gida-lerroekin, horien aginduz jatorrizko herriaren legea aplikatu behar delako.

Gainerakoan, informazio-gizartearen zerbitzuek euren jatorria badute Europako Ekonomia Esparruaren barneko beste herri batzuetan, orduan, Espainian zerbitzu horiek askatasunez egin daitezen murriztu ahal izateko, nahitaez bete behar da 2000/31/EB Zuzentarauan jasotako kasuetatik bat. Kasu horietan, kalte edo arrisku larriak gertatzen dira oinarrizko balio batzuen aurka, hala nola, ordena publikoaren, herri-osasunaren edo adingabeen gaineko babesaren aurka.{Modu berean, zerbitzuen jatorria estatu horietan izanik, zerbitzu horiek askatasunez egitea murriztu ahal izango da, baldin eta zerbitzuok gai berezi bat jorratzen badute eta gai hori jatorrizko herriaren printzipiotik baztertuta badago. Legeak 3. artikuluan zehazten du zeintzuk diren gai horiek; gaiotan ez dira betetzen, hala denean, Espainiako arautegian jasotako xedapen aplikagarriak.

III

Interneteko eremuaren izena edo izenak, zerbitzu-egileari dagozkion heinean, erregistro publikoan jaso behar dira idatzoharraren bidez. Izan ere, zerbitzu-egile hori erregistro publiko batean inskribatuta egongo da, nortasun juridikoa eskuratzeko edo, besterik gabe, publizitate-ondoreetarako bakarrik. Bada, erregistro horretan idatzoharraren bidez jasoko dira harako izenak ere, lotura egokia bermatzeko zerbitzu-egilearen, horren ezartze fisikoaren eta sarean duen «ezartze» edo kokapenaren artean; sareko kokapen hori, jakina denez, Interneteko helbidea izango da. Horrela, herritarrentzat eta Herri Administrazioarentzat eskuragarria izango da lotura hori.

Lege honek zehaztu du, orobat, zeintzuk diren zerbitzu-egileen betebeharrak eta erantzukizunak, bitartekaritza- jarduerak burutzen dituztenean; halako jarduerak dira, besteak beste, sarean datuak eskualdatu, kopiatu, gorde eta aurkitzea.{Orokorrean, betebehar eta erantzukizun horien ondorioz, zerbitzu-egileek lankidetzan aritu behar dira, zilegi ez diren zerbitzu edo edukiak heda ez daitezen.{Arau horiek bete ezean, erantzukizunak sortuko dira, eta erantzukizunok, administrazio- arlokoak ez eze, arlo zibilekoak eta arlo penalekoak ere izan daitezke, ukitutako ondasun juridikoak eta arau aplikagarriak kontuan hartuta.

Bestalde, lege honetan azpimarratzekoa da beste asmo hau: babestu nahi dira zerbitzuen jasotzaileek dituzten interesak. Horrela, jasotzaile horiek behar besteko bermeak izan ditzakete, Interneten bidez zerbitzu edo ondasun bat kontratatzen dutenean.{Helburu horren eretzean, legeak betebehar berezi bat ezartzen die zerbitzu-egileei; betebehar horren ondorioz, zerbitzu-egileek euren identifikazio-datuak ezagutarazi behar dizkiete Interneteko tokia bisitatzen duten guztiei. Gainera, zerbitzuen jasotzaileei argibideak eman behar dizkiete, zerbitzuotan aplikatutako prezioei buruz. Era berean, zerbitzuen jasotzaileei ahalbidetu behar diete kontratuaren baldintza orokorrak ikusi, inprimatu eta gordetzea, kontratuak halako baldintzarik badu bederen.{Kontratazioa kontsumitzaileekin egiten denean, zerbitzu-egileak kontsumitzaile horiek gidatu behar ditu kontratazio-prozesuan zehar. Berak adierazi behar die zein pauso eman behar duten eta nola konpon ditzaketen datuak sartzean gertatutako okerrak; eta, berebat, egindako onarpena baieztatu behar die, behin hori jasotakoan.

Merkataritzako komunikazioei dagokienez, lege honek hurrengoa ezarri du: merkataritzako komunikazioak halakotzat identifikatu behar dira, eta ezin dira bidali korreo elektronikoz nahiz bestelako komunikabide elektroniko baliokideak erabiliz, jasotzaileak bere adostasuna eman duenean izan ezik.

IV

Lege honek, bestalde, ahalbidetu nahi du kontratuak bide elektronikoetatik egitea. Jakina denez, gure zuzenbidean aginduzkoa da printzipio espiritualista, kontratuak burutzeko unean. Printzipio horrekin bat etorriz, baliozkoa eta eragingarria da bide elektronikoetatik emandako adostasuna. Lege honek adierazten du, era berean, teknika horren esanbidezko onarpena ez dela beharrezkoa, kontratuak alderdien artean eragina izan dezan. Legeak ziurtatzen du, orobat, paperean jasotako agiriak eta agiri elektronikoak baliobestekoak direla; horrela, batzuek eta besteek betetzen dute «idatzizko forma»ren baldintza, lege desberdinetan jasota dagoena.

Bide batez, kontratu elektronikoak egiteko unea eta tokia finkatzen dira. Horretarako, konponbide bat bakarrik onartzen da, eta konponbide hori aplika dakieke, halaber, urrunetik egindako bestelako kontratuei. Orain arte, Kode Zibilean eta Merkataritza Kodean irizpide desberdinak erabili izan dira gai horretan, baina aurrerantzean irizpideok bateratuta geratuko dira.

Lege honetan zenbait xedapen jasotzen dira, kontratazio elektronikoaren arazo orokorrei buruz eta, zehatzago, kontratu elektronikoen baliozkotasun eta eragingarritasunari buruz, eta adostasuna emateko uneari buruz. Xedapen horiek aplikagarriak izango dira, nahiz eta alderdietatik bat ere ez izan informazio- gizartearen zerbitzu-egile edo jasotzaile.

Legeak sustatu nahi du berak arautzen dituen gaietan jokabide-kodeak prestatzea. Legegileak uste du jokabide- kodeak autorregulaziorako tresna egokiak direla; izan ere, kodeen bitartez, legearen manu desberdinak sektore bakoitzaren ezaugarri berezietara egokitu daitezke.{Bide beretik, erabiltzaileentzat erraz, azkar eta erosoa den heinean, tartekaritzaren baliabidea suspertu nahi du legeak. Suspertu nahi ditu, berebat, gatazkak konpontzeko bestelako prozedura alternatiboak ere; jokabide-kodeen bitartez, halako prozedurak sor daitezke, eta, prozeduron bidez, kontratazio elektronikoaren ondoriozko eztabaidak konpon daitezke, informazio-gizartearen beste zerbitzuetako arazoak konpon daitezkeen bezala.{Lege honek erraztu egin nahi du, gainera, bide elektronikoak erabiltzea prozedura horien izapideak egiteko orduan. Dena den, tartekaritzari buruzko arautegi berezkoak erregela bereziak ematen baditu bide horiek erabiltzeari buruz, erregela horiek errespetatu beharko dira.

2000/31/EB eta 98/27/EB zuzentarauetan xedatutakoarekin bat eginez, bukarazte-akzioa arautu du lege honek. Akzio hori egikaritu ahal izango da zenbait jokabideren aurka, jokabide horiek lege honen aurkakoak badira, eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak urratzen badituzte.{Akzio hori egikaritu ahal izateko, lege honetan xedatutakoaz gain, kontuan hartu beharko da 98/27/EB zuzentaraua barneratzeko lege orokorrean ezarritakoa.

Lege honek aukera ematen die, halaber, herritar eta erakundeei, ministerio eta administrazio-organo desberdinetara jotzeko; bertara joz gero, herritar eta erakundeok argibide praktikoak lortu ahal izango dituzte lege honek arautzen dituen arazoei buruz. Horretarako, mekanismo egokiak jarri behar dira abian, horien arteko koordinazioa ziurtatzeko, eta erabiltzaileei emandako informazioaren homogeneotasuna eta koherentzia bermatzeko.

Amaitzeko, lege honek araubide zehatzailea ezarri du. Araubide hori, neurrizkoa izanik, eragingarria ere bada, 2000/31/EB Zuzentarauak adierazten duen bezala, zerbitzu-egileek lege honetan xedatutakoa bete dezaten.

Modu berean, lege honek zenbait agindu ezarri ditu, elbarritasunen bat dutenek errazago eskura dezaten bide elektronikoek emandako informazioa eta, batez ere, herri-administrazioek emandako informazioa. Konpromiso hori Europar Batasuneko Kontseiluak bereganatu zuen, 2002ko martxoaren 25ean emandako ebazpenean; ebazpen horrek web publikoen eta horien edukien eskuragarritasuna arautzen du.

Xedapen hau prestatzeko, herri-kontsultarako prozesu zabala burutu, eta, arau eta araudi teknikoen arloan, informazio-prozedura egokia gauzatu da. Prozedura hori araututa dago, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ekainaren 22an emandako 98/34/EB Zuzentarauan. Alabaina, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak berak aldarazi egin dute zuzentarau hori, uztailaren 20ko 98/48/EB zuzentarauaren bidez. Uztailaren 31ko 1.337/1999 Errege Dekretuak ere haren testua eraldatu du. […]

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Bat. Kode Zibilaren 1262. artikulua aldarazten da, eta artikulu horrek honako idazkera hau du: […]

Urriaren 8ko 36/2002 Legea, Kode Zibila naziokotasunaren arloan aldarazi duena («EAO», 242. zk., 2002ko urriaren 9koa)

ZIOEN AZALPENA

Naziokotasuna, izatez, hauxe da: pertsona fisikoak bere estatuarekin duen lotura politiko eta juridikoa. Kode Zibila 1889. urtean argitaratzeaz geroztik, naziokotasun horren arauketak hainbat eraldaketa izan ditu. Eraldaketaren arrazoiak askotarikoak izan dira. Zenbait kasutan, eraldaketa egin da, indarreko legeria errealitate berriei egokitzeko, halako errealitateak ezari-ezarian agertzen baitira. Beste kasu batzuetan, 1978. urtetik aurrera, eraldaketak egin dira, Espainiako Konstituzioaren aginduak betearazteko.{Zehatz esanda, argi izan behar da 42. artikuluak jasotzen duten mandatua. Mandatu horren arabera, estatuari dagokio langile espainiarren eskubide ekonomikoak eta gizarte- eskubideak zaintzea, horiek atzerrian daudenean. Horrekin batera, estatuaren betebeharra da beraren politika bideratzea, haiek euren ingurunera itzul daitezen.{Espainiako naziokotasunari eutsi eta hori eskualdatu ahal izatea, zalantzarik gabe, bide eragingarria izan daiteke mandatu hori betetzeko. Horixe da, hain zuzen ere, lege honen helburu nagusia.

II

Bide horretatik, honako aukera hau onartu da 20. artikuluan: norbaiten aita edo ama Espainian jaioa eta jatorriz espainiarra bada, orduan pertsona horrek Espainiako naziokotasuna aukera dezake, inolako adin-mugarik gabe.{Horrela, erantzun egokia ematen zaio, alde batetik, 1998ko otsailaren 27an «Gorte Nagusietako Aldizkari Ofizialean» argitaratutako txostenari, eta, zehatzago, txosten horretan jasotako gomendioari. Txostena Diputatuen Kongresuko Azpibatzordeak prestatu zuen, azpibatzorde hori beren beregi sortu baitzen, espainiarrek atzerrian duten egoera ikertzeko. Bestetik, erantzun egokia ematen zaie atzerrian dauden espainiarrek eurek Emigrazio Kontseiluan aurkeztu dituzten erreklamazioei. Erreklamazio horietan, espainiarrek eskatzen zuten 18/1990, 15/1993 eta 29/1995 legeetan ondoz ondo ezarritako aukera-epeen sistema gainditzea, epeok bukaeradunak baitziren.

Ildo bertsutik, 24. artikulua aldatu da, sistema berri bat ezartzeko. Artikulua aldatu aurretik, norbaitek betetzen bazuen artikulu horren 1. paragrafoan ezarritako kasuetatik bat, naziokotasuna galtzen zuen, zuzen-zuzenean, 2. paragrafoan ezarritako epea bete eta gero. Sistema berrian, ordea, galera hori eragotzi nahi da, 2. paragrafoko epe hori bete aurretik.{Horrekin guztiarekin bat eginez, 25. artikulua ere aldatu da. Artikulu horretatik, gainera, desagertu egin da zigor moduan naziokotasuna galtzea, zigor hori ez baita jadanik jasotzen Zigor Kodearen testuan.

Bide berberari eutsiz, 26. artikulutik ezabatu egin da aurreko naziokotasunari uko egiteko betekizuna. Arean ere, betekizun hori, praktikan, oztopo gaindiezina zen, Espainiako naziokotasuna berreskuratu ahal izateko.{Horrela, men egin zaio Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran 2000ko urriaren 18an onetsitako mozioari; mozio horrek emigrante espainiarren egoera hobetu nahi du, hala zuzenbidearen ikusmiratik, nola ekonomiaren ikuskeratik.

III

Bestalde, komenigarri gerta daiteke indarreko testuetan hobekuntza teknikoak egitea. Hobekuntza horiek gomendagarriak dira hainbat arrazoi direla bide, hala nola, testuok aplikatzean lortutako eskarmentua, testuok onetsi zirenetik gertatutako legegintza-jarduera eta jurisprudentzia bera ere. Dena den, hobekuntzok norainoko desberdinak dituzte.

Hasteko, 22.3 artikulua aldarazi, eta, aldarazpen horrekin, hurrengoa baieztatu nahi da: bizilekua izatea Espainiako naziokotasuna eskuratzeko oinarria denez gero, bizileku hori eragingarria izan behar da. Horrela, zenbait zalantza argitu dira, halakoak sortzen baitziren legezko bizilekua zer den interpretatzeko orduan; ez zegoen argi kontzeptu horretan bizileku fisikoa sartzen zen ala ez.{Bestalde, eraldaketak bat egiten du Auzitegi Gorenak 1998ko azaroaren 19an emandako epaiarekin. Epai horren arabera, bizilekua izateko betekizuna honetara ulertu behar da: bizileku horrek frogatu behar du interesdunaren asmoa eta borondatea dela Espainiako erkidegoan integratzea.

Era berean, 26.2 artikulutik desagertu da aurretiazko betekizun bat. Izan ere, Gobernuaren aurretiazko gaikuntza beharrezkoa zen Espainiako naziokotasuna berreskuratzeko, soldadutza edo ordezko gizarte-prestazioa bete ezik.

Lehenengo xedapen gehigarriaren helburua da Espainiako naziokotasunari buruzko prozedurak egokitzea azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arautegiari; jakina denez, lege horrek arautu ditu herri-administrazioen araubidea eta administrazio-prozedura erkidea. Ildo horretatik, urtebeteko epe gehienekoa ezarri da espedienteak ebazteko, espedienteon izapidetzak zailtasun handiak baititu. Bestalde, administrazio-isiltasunaren auzia ezezko esanguran konpondu da, kontrako konponbideak ondorio kaltegarriak izango lituzkeelako.

Hortaz, Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 2. paragrafoak estatuari ematen dion eskumen esklusiboa kontuan hartuta, lege hau eskumen horren babespean ematen da.

Artikulu bakarra

Kode Zibilaren 20, 22, 23, 24, 25 eta 26. artikuluek idazkera hau izango dute: […]

Lehenengo xedapen gehigarria

Lege-bizilekuaren betekizunari dagokionez, naziokotasuna eskuratzeko eskaria bizileku hori izatearen ondorioz egiten denean, bai eta betekizun hori barkatzeko eskaria egiten denean ere, eskariok ebatzi behar dira, askoz jota, urtebeteko epean; epe horren zenbaketa hasiko da, ebazpena eman behar duen organo eskuduna zein izan eta eskariok organo horretara heltzen direnetik. Epe hori igaro eta gero, ez bada esanbidezko ebazpenik eman, eskariei gaitz iritzi zaiela ulertu beharko da, Erregistro Zibilaren Legeko bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa kontuan hartuta.

Bigarren xedapen gehigarria

Kode Zibilaren 24.3 artikuluan jasotako galera-arrazoia aplikatuko zaie, bakar- bakarrik, lege hau indarrean jarri eta gero adin-nagusitasuna edo emantzipazioa lortzen dutenei.

Abenduaren 10eko 9/2002 Lege Organikoa, Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa eta Kode Zibila aldarazi dituena, adingabeak gurasoen eskumendetik ateratzeari buruz («EAO», 296. zk., 2002ko abenduaren 11koa)

ZIOEN AZALPENA

Gure Konstituzioa onesteaz geroztik, adingabearen interesak babestea gida-lerro nagusi bihurtu da Espainian legeak emateko orduan.

Hala gertatu da, bereziki, adingabeen gaineko zaintzari dagozkion autuetan. Horrekin saihestu nahi izan da, ahal den neurrian behintzat, familiaren krisiek adingabeoi kal-

1995eko Zigor Kodeak, beste berrikuntza garrantzitsu batzuen artean, hurrengoa ekarri zuen: delituen artetik ezabatu egin zuen zazpi urtetik beherako adingabeak gurasoen eskumendetik ateratzea; beste modu batera esanda, egitate horri delituen berezko izatea kendu zion.{Aitzitik, zigor astunagoa jarri zien legearen aurkako atxiloketa-delituei edo bahiketa- delituei, biktima adingabea edo ezgaia denean.{Hala ere, zenbait kasutan, gurasoetatik bat izaten da adingabe edo ezgai hori familiaren eskumendetik ateratzen duena edo horretara itzultzeko ezezkoa ematen duena, nahiz eta lege-aginduz beste ezkontideak edo osterantzeko pertsona zein erakundeak izan adingabearen gaineko zaintzari dagozkion ahalmenak. Kasu horietan, zigor-erantzun argia ezarri behar da, desobedientzia- delitu generikoaz landa. Era berean, esparru zibilean kautelazko neurriak hartu behar dira, adingabeak legearen aurka gurasoen eskumendetik atera ez daitezen edo bahituak izan ez daitezen. […]

Bosgarren artikulua

Kode Zibilaren 103. artikuluak beste lerrokada bat izango du, eta horren idazkera hauxe izango da: […]

Seigarren artikulua

1. Kode Zibilaren 158. artikuluko 3. paragrafoak idazkera hau izango du: […]

2. 158. artikuluko 3. paragrafoa, aurrerantzean, 4. paragrafoa izango da, idazkera berberarekin.

Azken xedapenetatik lehenengoa

Bosgarren eta seigarren artikuluak, eta hirugarren xedapen gehigarriak ere, lege arruntaren izaera dute.

Apirilaren 1eko 7/2003 Legea, enpresa berria deituriko sozietate mugatuari buruzkoa, erantzukizun mugatuko sozietateei buruzko martxoaren 23ko 2/1995 Legea aldarazi duena («EAO», 79. zk., 2003ko apirilaren 2koa)

ZIOEN AZALPENA

I

Jakina denez, Espainiako merkataritza- legeria Europar Batasuneko zuzentarauei egokitu behar zaie, eta hori gertatu da, bereziki, sozietateen artean. Hori dela eta, abian jarri da Espainiako merkataritza- legeria eraldatzeko prozesua. Prozesu horrek aurrerakada garrantzitsua izan du 1995. urtean, une horretako beharrizanak objektiboak eta presazkoak izan direlako.{Ildo horretatik, martxoaren 23ko 2/1995 Legeak erantzukizun mugatuko sozietateak arautu ditu, eta lege horrek malgutasun handiagoa ezarri du sozietate-mota horren araubidean. Legeak erantzukizun mugatuko sozietatea itxuratu du, sozietate itxi bat izango balitz bezala; sozietate itxi horretan, osagai pertsonalistak eta kapitalistak agertzen dira, harmonia bete-betean. Horregatik, sozietate-mota hori eredugarria da enpresa txiki eta ertainentzat.

Ordutik hona, Europar Batasuneko erakundeen barruan, hainbat ahalegin egin dira, enpresak sortzeko baldintzak zeintzuk izan eta baldintza horiek hobetzeko eta errazteko. […]

Azkenik, indarreko Kode Zibilean hiru aldaketa zehatz egin dira. Hiru horiekin, familiakideen arteko harremanak eta ekoizpen-batasunaren oinordetza antolatu nahi izan dira, horiek tresna egokiekin zuzkituz; tresnoi esker, ekintzailea bizirik dagoen bitartean, oinordetzarik egokiena diseinatu ahal izango da enpresarentzat, enpresa hori edozein motatakoa izanik (sozietatea, banakako enpresa etab.).{Aldaketa hauek lurralde erkidean bakarrik aplika daitezke, horietan Kode Zibila aplikatzen baita, Espainiako Konstituzioaren 149.1.8 artikuluarekin bat etorriz. Gainera, aldaketok egiteko, aintzakotzat hartu da antolamentu pribatua estatuko legeria zibil desberdinetan integratzeko irizpidea. […]

Testuaren bukaeran, azken xedapenak jasotzen dira. Bost dira halakoak.{Lehenengoak Kode Zibilaren 1056. artikuluko bigarren lerrokada, 1271. artikuluko bigarren lerrokada eta 1406.2 artikulua aldarazten ditu.{Gainerako laurek hurrengo puntuak finkatzen dituzte: Gobernuaren gaikuntza, lege-testu hau gerogarrenean garatzeko, eta erregelamendu bidez bestelako aldarazpenak eta garapenak burutzeko; legearen aplikazioari buruzko txostena; beronen konstituzio-oinarria; eta, orobat, indarrean jartzea. […]

Azken xedapenetatik lehenengoa. Kode Zibilaren aldarazpenak

Kode Zibilean, honako aldarazpen hauek egiten dira:

1. 1056. artikuluaren bigarren lerrokada aldarazten da, eta lerrokada horrek honako idazkera hau du: […]

2. 1271. artikuluaren bigarren lerrokada aldarazten da, eta lerrokada horrek honako idazkera hau du: […]

3. 1406.2 artikulua aldarazten da, eta artikulu horrek honako idazkera hau du: […]

Uztailaren 9ko 22/2003 Legea, konkurtsoari buruzkoa («EAO», 164. zk., uztailaren 10ekoa)

ZIOEN AZALPENA

I

Lege honen helburua da Espainiako ondare-zuzenbideak luzaroan izan duen gurari sakona asetzea: konkurtsoari buruzko legeria eraldatzea.{Indarreko legeriari kritika zorrotz eta oinarridunak egin zaizkio, baina kritika horiek, gaur arte, ez dute legegintza-konponbiderik izan. Halako konponbideak presakoak dira egiatan, eta horiek prestatzeko ahaleginak meritu handikoak izan dira. Nolanahi ere, konponbideok atzeratu egin dira, eta horrek ekarri du indarreko legeriaren akatsak gero eta larriagoak izatea: zaharkituta egotea; gure garaiotako gizarte- eta ekonomia-errealitatearekin bat ez etortzea; sakabanatuta egotea; sistema harmonikorik ez izatea; interes berezi batzuek interes orokorren gainetik lehentasuna izatea, eta, ondorenez, hartzekodunen arteko berdintasun-printzipioari kalte egitea. Horren guztiaren ondorioz, indarreko konponbideak, askotan, bidegabeko gertatu dira, praktikak ahalbidetutako gaitzuste, abusu eta itxura-egiteei esker, konkurtso-erakundeen inguruko arauek ez baitituzte horiek eragingarritasunez zehatu. […]

XII

Eraldaketaren sakontasuna ageri-agerian geratzen da, legea ixten duten xedapen gehigarri, iragankor, indargabetzaile eta azkenak kontuan hartuta.{Arauketa berriak bere barruan hartzen ditu gure antolamendu juridikoaren sektore anitz, eta eragina du arau askoren gainean. Arauok, kasu batzuetan, aldarazi egingo dira eraldaketaren ondorioz, eta, beste batzuetan, indarrik gabe geratuko dira.{Horrela, indarreko zuzenbidea harmonizatu nahi da lege honek egindako eraldaketarekin. Eta, aldi berean, beronen eremua mugatu nahi da konkurtsoaren arlora.{Hori dela medio, Kode Zibilaren IV. liburuko XVII. tituluan jasotako xedapenetatik («Kredituen pilatzea eta hurrenkera» izenburupeko horietatik), indarrik gabe geratzen dira kita eta itxaroteari buruzko prozedurak eta konkurtso-prozedurak arautzen dituztenak; indarrean diraute, ordea, exekuzio bereziaren kasuetan kredituen arteko lehenespena ezartzen dutenek.{Modu berean ere, kasu horietarako indarrean diraute merkataritzako «pribilegio» izenekoek; dena den, konkurtsoan, lege honek beren beregi aitortutako pribilegioak baino ez dira onartzen.{Arauketa zehatza dute, bestalde, ontzi eta aireontzien gaineko pribilegioek; horien titularrei banantze-eskubidea aitortzen zaie konkurtsoan, konkurtsotik kanpoko exekuziorako.

Kredituen pilatzea eta hurrenkerari dagokionez, konkurtso-eremua eta konkurtsotik kanpokoa mugatu behar dira, lege honi berezko zaion gaia behar bezala definituta gera dadin. Zernahi gisaz, mugatze horrek desadostasun-arazoak sorraraz ditzake, zuzenbide zaharraren arauketa eta konkurtso-eraldaketa ekarri duena oso desberdinak direlako. Hala ere, konkurtso-eraldaketa honetan ezin dira oso-osorik berrikusi konkurtsotik kanpo kredituek dituzten lehenespen guztiak.{Berrikuspen hori beharrezkoa da, alde batetik, sistema zaharkituta dagoelako; sistema horren osagaiak hondar historikoak dira, eta euren artean ez dute gai honetan aginduzko izan behar den hurrenkera logikoa. Berrikuspena beharrezkoa da, beste alde batetik, presa- presazko eskakizuna delako sistema hori konkurtso-eraldaketarekin harmonizatzea.{Hori guztia dela medio, azken xedapenetatik hogeita hamahirugarrenak Gobernuari agintzen dio, sei hilabeteko epean, lege hau indarrean jartzen denetik zenbatuta, Gorte Nagusiei lege-proiektua aurkezteko; lege-proiektu hori Kode Zibilaren eta Merkataritza Kodearen eraldaketei buruzkoa izango da, exekuzio berezien kasuan kredituen pilatzea eta hurrenkera aldarazteko. […]

Xedapen indargabetzaile bakarra

1. Ordainketa Etendurari buruzko 1922ko uztailaren 26ko Legea indarrik gabe geratzen da. […]

3. Indarrik gabe geratzen dira, halaber, hurrengo manu eta xedapenak:

1) 1829ko Merkataritza Kodearen IV. liburua.

2) Kode Zibilaren 1912. artikulutik 1920.erakoak eta 1924. artikuluaren 2. paragrafoko A) lerrokadatik G) artekoak. […]

Azken xedapenetatik lehenengoa.

Kode Zibila eraldatzea

Kode Zibilaren 1921. artikuluari bigarren lerrokada bat eransten zaio, honako idazkera honekin: […]

Azken xedapenetatik hogeita hamabosgarrena. Indarrean jartzea

Lege hau indarrean jarriko da 2004ko irailaren 1ean; salbuespenez, berau «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta biharamunean indarrean jarriko da azken xedapenetatik hirugarrenak Prozedura Zibilaren Legeko 463, 472 eta 482. artikuluei egindako aldarazpena, bai eta azken xedapenetatik hogeita hamabigarrenak jasotako agindua ere.

Irailaren 29ko 11/2003 Lege Organikoa, neurri zehatzak ezarri dituena, herritarren segurtasunari, etxeko indarkeriari eta atzerritarren gizarte-integrazioari buruzko gaian (EAO, 234. zk., irailaren 30ekoa)

ZIOEN AZALPENA

[…] IV

Gure antolamendu juridikoak erantzun eta babes egokia eskaintzen die Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrei.{Hala eta guztiz ere, egia da gertaera hori gero eta garrantzitsuagoa dela, eta horren inguruan pilatutako eskarmentuak eraldaketak erakartzen dituela ikuspuntu desberdinetatik: […]

4) Erakunde zibilak egokitzea gure herrian elkarrekin bizi diren kultura berrietara.

Inmigranteak Espainiako gizartean hobeto integra daitezen, eta naziokoen antzeko eskubideak dituztela bermatzeko helburuarekin, Kode Zibila eraldatzen da banantze eta dibortzioaren arloan. Horrekin bermatu nahi da emakumezkoa babestuta egotea, inmigrazioaren gertaera dela-eta agertu diren gizarte-errealitate berrietan.{Zehatzago esateko, Kodegintzako Batzorde Nagusiak egindako lanei jarraiki, Kode Zibilaren 107. artikulua aldarazi da emakume atzerritar batzuen arazoak konpontzeko; izan ere, emakumeok, batez ere jatorri musulmana dutenek, arazoak izaten dituzte banantzea edo dibortzioa eskatzen dutenean.

Gizabanakoak interesa izan dezake banantzea edo dibortzioa lortzeko, hori autonomia pertsonalaren adierazpidea baita. Interes horrek lehentasuna izan behar du, nazioko legea aplikatzeko irizpidearen gainean.{Eta halako kasuetan gertatzen da, gertatu ere, Espainian bizi diren gizabanako zehatz batzuek oztopoak izaten dituztela banantzea eta dibortzioa lortzeko, ezkontideen nazioko lege erkidea aplikatzearen ondorioz.

Horretarako, Kode Zibilaren 107. artikulua eraldatu da. Eraldaketak ezarritakoaren ondorioz, Espainiako legea aplikatuko da, ezkontideetatik bat espainiarra denean edo Espainian bizilekua duenean. Espainiako legeak, beraz, lehenespena du, kasuan-kasuan aplikagarri izan daitekeen legeari begira, baldin eta azken horrek ez badu banantzea edo dibortzioa aitortzen, edo, aitortuta ere, bereizkeria badakar edo ordena publikoaren aurkakoa bada. […]

Hirugarren artikulua. Kode Zibila aldaraztea

Bat. Kode Zibilaren I. liburuko IV. tituluaren XI. kapituluko idazpuruak honako idazkera hau izango du: […]

Bi. Kode Zibilaren 9. artikuluko 2. paragrafoaren bigarren lerrokadak honako idazkera hau izango du: […]

Hiru. Kode Zibilaren 107. artikuluak honako idazkera hau izango du: […]

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea

Lege organiko hau indarrean jarriko da, «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta biharamunean.

Azaroaren 18ko 41/2003 Legea, desgai diren pertsonen ondarea babestekoa, eta, helburu horrekin, Kode Zibila, prozedura zibilaren legea eta zerga-arloko arautegia aldaraztekoa (EAO, 277. zk., azaroaren 19koa)

ZIOEN AZALPENA

[…] VI […]

Autotutoretza hori arautzeko, gutxieneko aldaketak egin dira Kode Zibilean. Aldaketa horiei esker, gaitasuna dutenei gaikuntza eman zaie, euren buruen ezgaiketa aurreikusiz, egoki deritzeten xedapenak ezartzeko. Manu berean ere, gurasoek tutoretzari begira dituzten ahalmenak arautu dira. Arauketa horri helduta, tutore izateko lehentasuna du, lehenengo eta behin, tutoretzapekoak berak izendatuko duenak. Alabaina, bere horretan uzten da epaileari deien hurrenkera aldatzeko dagokion ahalmen generikoa; epaileak ahalmen hori erabiliko du ezgaituaren interesa gogoan izanik hori komenigarri denean, betiere izendapena egin ondoren kontuan hartu beharreko inguruabarrak gertatu direnean.

Gainera, mekanismo egokien bidez bermatzen da tutoretzaren eraketaren gain zein epailek eskumena izan eta epaile horrek tutoretzaren inguruko xedapenak aztertzea, xedapenok gurasoek eman nahiz ezgaituak berak ezarri.

Autotutoretzaren arauketa hori osatzeko, Kode Zibilaren 1732. artikulua eraldatu da. Eraldaketa horren helburua izan da, izan ere, hurrengoa ezartzea: behin mandatua eman eta gero, mandatugilea epaiketa bidez ezgaituta geratzen bada, hori ez da mandatua azkentzeko arrazoia izango, mandatugileak mandatuaren iraupena agindu duenean ezgaiketa gertatu arren. Horri kalterik egin gabe, epaileak mandatuaren azkentzea erabaki dezake mandatugilearen gain tutoretza eratzen den unean, edo geroagoko une batean, tutoreak hala eskatuta.

Bukatzeko, ustezko ezgaiari bere ezgaiketa sustatzeko legitimazioa ematen zaio. Hortaz, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 757.1 artikulua aldarazten da.

VII

Bigarrenik, oinordetza-zuzenbidearen arloan zenbait aldarazpen egin dira.{Honetara:

a) Ezduintasun-arrazoia da, eta, beraz, abintestato oinordeko izateko ezgaitasuna dakar kausatzaileari, bizirik zegoen bitartean, beharrezko zuen laguntza ez emateak. Beharrezko laguntzatzat jotzen da Kode Zibilaren I. liburuko VI. tituluan araututako mantenua. Hala gertatuko da, nahiz eta kausaduna mantenua emateko betebeharra duten pertsonetatik bat ere izan ez.

b) Testamentugileari aukera ematen zaio, seniparte hertsia fideikomisozko ordezpenarekin kargatzeko. Hori egin ahal izango du, ordezpenaren onuraduna epaiketa bidez ezgaitutako seme, alaba edo ondorengo bat denean.{Kasu horretan, lege honek araututako beste kasu batzuekin gertatu aldera, eta Kode Zibilaren xedapen gehigarri berriak argitzen duenez, nahitaezkoa da onuraduna epaiketa bidez ezgaitua izatea, ez, ordea, legearen 2.2 artikuluan ezarritako elbarritasuna izatea.

c) Kode Zibilaren 822. artikulua eraldatu da. Horrela, desgai diren pertsonen ondareari zuzeneko babesa ematen zaio. Zehatzago esateko, tratu onuragarria ematen zaie dohaintza edo legatuei, baldin eta, horien objektua biztantze-eskubidea izanik, desgai diren senipartedunen mesederako egiten badira eta senipartedun horiek dohaintza- emaile edo testamentugilearen bizi baziren biztantze-eskubidepeko etxebizitza ohikoan. Dena den, legatuan edo dohaintzan emandako biztantze-eskubidea, kautela moduan, eskualdaezina izango da.

Manu berberak, halaber, biztantze-eskubidearen legezko legatua ematen dio, ohiko etxebizitzaren gainean, desgai den senipartedunari, horrentzat beharrezko bada eta kausatzailearekin batera bizi bazen; dena den, horrek ez dio kalterik egingo kausatzaileak biztantze-eskubidearen inguruan ezarritako testamentu-xedapenetatik bati ere ez.

d) Kode Zibilaren 831. artikulua eraldatu da. Eraldaketaren helburua izan da, izan ere, erakunde berri bat sortzea, desgai diren pertsonen ondarea zeharka babesteko.{Horrela, testamentugileari ahalmen zabalak ematen zaizkio, testamentuan alargunari ahalmen zabalak emateko, alargun horrek aurrez hildakoaren jarauntsia hobe eta bana dezan, bi-bion seme-alaba edo ondorengoen artean. Horri esker, jarauntsiaren banaketa ez da presaka egingo, ondorengoetatik bat desgaia denean. Aitzitik, banaketa hori geroagoko une batera atzera daiteke; geroagoko une horretan, kontuan hartu ahal izango da inguruabarretan izandako aldaketa, eta desgai den pertsonak orain dituen egoera eta beharrizanak.{Bestalde, ahalmen horiek elkarri eman ahal dizkiote gurasoek, elkarrekin ezkonduta egon ez arren, baldin eta bi-biok ondorengoak izan badituzte elkarrekin.

e) Kode Zibilaren 1041. artikuluari lerrokada berri bat erantsi zaio. Horrekin saihestu nahi da guraso eta aurrekoek egindako gastu jakin batzuk kolazionatzea. Gastu horien artean sartu behar dira guraso edo aurrekoek egindako ondare-xedapen guztiak, horien helburua izan bada desgai diren seme-alaba edo ondorengoen beharrizan bereziak betetzea.

VIII

Hirugarrenik, Kode Zibilaren IV. liburuko XII. titulua, ausazko kontratuei buruzkoa, aldatu da, bertara hitzarmenezko mantenuaren arauketa laburra baina behar adinakoa bilduz. Kasu horretan, mantenu-betebeharra itun bidez sortzen da, ez, ordea, lege bidez; alderantzizkoa gertatzen da, lege-testu berberaren 142. artikuluak eta ondorengoek ahaideen artean araututako mantenuarekin.

Kontratu hori praktikan askotan egiten da, eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak ere behin baino gehiagotan aztertu izan du. Berori arautzean zabaldu egiten dira egun bizi arteko errentaren kontratuak eskaintzen dituen aukerak. Horrela, desgai diren pertsonen beharrizan ekonomikoak bete daitezke, eta, orokorrean, mendekotasuna duten pertsonena, esaterako, adinekoena. Era berean ere, kontratua egiten duten alderdiei aukera ematen zaie mantenu-emailearen betebeharra neurtzeko, mantenu-hartzailearen bizi-beharrizanen arabera.

Kontratu honen erabilgarritasuna agerian geratzen da, bereziki, honako kasu honetan: desgaia den pertsona baten gurasoek mantenu-emaileari kapital bat eskualdatzen diotenean, ondasun higigarriez edo higiezinez osatua, desgai den seme edo alabaren mesederako. Hori egin daiteke, Kode Zibilaren 1257. artikuluan hirugarrenaren mesederako araututako hizpaketaren bidez. […]

I. KAPITULUA

Desgai diren pertsonen ondare babestua

1. artikulua. Xedea eta araubidea

1. Lege honen xedea da zenbait erraztasun ematea, desgai diren pertsonen ondarera dohain bidez ondasunak eta eskubideak ekar daitezen. Beronen xedea da, orobat, mekanismo egokiak ezartzea, ondasun eta eskubideok, bai eta horien fruitu, produktu eta etekinak, ondare-titularren bizi-beharrizanak asetzeari lotuta daudela bermatzeko.

Ondasun eta eskubide horiek osatuko dute desgai diren pertsonen ondare bereziki babestua.

2. Desgai diren pertsonen ondare babestuari aplikatuko zaio lege honetan eta beronen garapenerako xedapenetan ezarritakoa; horietan guztietan ezarritakoak lehenespena izango du, Kode Zibilaren IX eta X. tituluan ezgaiketaren ondoreei buruz arautu eta xedatutakoari begira.

2. artikulua. Onuradunak

1. Desgai diren pertsonen ondare babestuari dagokionez, ondare horren onuradun bakarra izango da ondarea zein pertsonaren intereserako eratu eta berori, eta bera izango da titularra.

2. Lege honen ondoreetarako, desgai diren pertsonak hurrengoak bakarrik izango dira:

a) Ehuneko 33ko edo hortik gorako elbarritasun psikikoa dutenak.

b) Ehuneko 65eko edo hortik gorako elbarritasun fisikoa edo zentzumen-elbarritasuna dutenak.

3. Elbarritasun-gradua egiaztatuko da, erregelamenduarekin bat etorriz luzatutako ziurtagiriaren bidez edo ebazpen judizial irmoaren bidez. […]

II. KAPITULUA

Kode Zibilean eta Prozedura Zibilaren Legean egin beharreko aldarazpenak

9. artikulua. Kode Zibilaren aldarazpenak, autotutoretzaren arloan.

Bat. Kode Zibilaren 223. artikuluak honako idazkera hau izango du: […]

Bi. Kode Zibilaren 234. artikuluko lehenengo lerrokadak honako idazkera hau izango du: […]

Hiru. 239. artikuluari beste lerrokada bat eransten zaio, eta lerrokada horrek honako eduki hau izango du: […]

10. artikulua. Kode Zibila aldaraztea, oinordetza-araubidearen arloan

Bat. Kode Zibilaren 756. artikuluari 7. paragrafoa gehitzen zaio, honako idazkera honekin: […]

Bi. Kode Zibilaren 782. artikulua aldarazten da, eta artikulu horrek honako idazkera hau izango du: […]

Hiru. Kode Zibilaren 808. artikuluari hirugarren lerrokada gehitzen zaio, honako idazkera honekin, oraingo hirugarrena laugarren bihurtuz: […]

Lau. Kode Zibilaren 813. artikulua aldarazten da, eta artikulu horren bigarren lerrokadak honako idazkera hau izango du: […]

Bost. Kode Zibilaren 821 eta 822. artikuluek honako idazkera hau izango dute: […]

Sei. Kode Zibilaren 831. artikuluak honako idazkera hau izango du: […]

Zazpi. Kode Zibilaren 1041. artikuluari bigarren lerrokada gehitzen zaio, eta lerrokada horrek honako idazkera hau izango du: […]

11. artikulua. Kode Zibila aldaraztea, mandatuaren arloan

Kode Zibilaren 1732. artikuluak honako idazkera hau izango du: […]

12. artikulua. Kode Zibila aldaraztea, mantenu-kontratuaren arloan

Bat. Kode Zibilaren IV. liburuko XII. tituluaren barruan, II. kapitulu berria sortzen da, «Mantenu-kontratua » idazpuruarekin; kapitulu horrek bere barruan hartzen ditu 1791. artikulutik 1797.erakoak.

Bi. Kode Zibilaren 1791. artikulutik 1797.erakoek honako idazkera hau izango dute: […]

13. artikulua. Kode Zibilari xedapen gehigarri bat eranstea

Kode Zibilari laugarren xedapen gehigarria eransten zaio: […]

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea

Lege hau indarrean jarriko da, «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta biharamunean.

Azaroaren 21eko 42/2003 Legea, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea aldaraztekoa, iloben eta aitona-amonen arteko familia-harremanei dagokienez (EAO, 280. zk., azaroaren 22koa)

ZIOEN AZALPENA

[…] Ildo horretatik, Kode Zibilaren indarreko arauek tratamendu urri-urria ematen diote adingabeen garapen pertsonalerako berebiziko garrantzia duen osagai bati, alegia, ilobek aitona-amonekin dituzten harremanei.

Legegileak ezin du ahantzi familia-eremua ez dela agortzen guraso eta seme-alaben arteko harremanetan; horiek, egia esan, lehentasunekoak dira, baina ezin dira beste familia-harremanetatik urrundu.{Halaber, Kode Zibilaren egungo 160. artikuluak bigarren mailako aipamena egiten du, eta aipamen horrek ez du behar beste azpimarratzen aitona-amona eta iloben arteko harremanek duten garrantzia. […]

Helburu horiek iristeko, proposatutako aldarazpenak B) lerrokada berri bat eransten dio Kode Zibilaren 90. artikuluari; horren arabera, hitzarmen arauemaileak jaso ahal izango du, seme edo alabarentzat egokien den moduan, aitona- amonek bete beharreko bisita-araubidea eta haiekin izan beharreko komunikazioa.

Bestalde, Kode Zibilaren 94. artikulua aldarazi da, aitona-amonek bete beharreko bisita-araubideari buruz epaileak bere irizpena adieraz dezan.

Era berean, 90. artikuluan egindako aldarazpenarekin bat etorriz, Kode Zibilaren 103. artikulua eraldatu da. Horri helduta, ezkontideen artean adostasunik izan ezean, epaileak aitona-amonen ardurapean utz dezake, lehenengo lekuan, seme-alaben gaineko tutoretza, salbuespenez bada ere; aukera hori erabili ahal izango da, beste senide, pertsona edo erakunde batzuei zaintza hura eman baino lehenago.

Bide beretik, arreta berezia jarri da Kode Zibilaren 160. artikuluan. Artikulu hori ez zaie aplikatzen ezkontza-hausturei bakarrik. Aitzitik, babesa eskaini nahi da beste egoera batzuetan ere, hala nola, gurasoek inolako interesik erakusten ez dutenean edo horietako bat absente dagoenean, inguruabar horietan kalteturik gerta baitaitezke iloba eta aitona-amonen arteko harremanak.

Halaber, Kode Zibilaren 161. artikuluaren idazkera berriari eutsiz, esanbidezko eta berezi egiten da aitona-amonek bete beharreko bisita-araubidea, bai eta haiek ilobekin izan beharreko harremanak ere, ilobok harrerapean daudenean. […]

Lehenengo artikulua. Kode Zibila aldaraztea, iloben eta aitona-amonen arteko familia-harremanei dagokienez

Kode Zibilaren hurrengo artikuluak aldarazten dira:

Bat. 90. artikuluari B) lerrokada berri bat eransten zaio, honako idazkera honekin, oraingo B), C), D) eta E) lerrokadak, hurrenez hurren, C), D), E) eta F) bihurtuz. […]

Bi. 90. artikuluko azken-aurreko lerrokadak honako idazkera hau izango du: […]

Hiru. 94. artikuluari bigarren lerrokada eransten zaio, honako idazkera honekin: […]

Lau. 103. artikuluko 1. neurriari dagokionez, bi lerrokadak aldarazten dira, eta lerrokadok honako idazkera hau izango dute: […]

Bost. 160. artikuluaren bigarren eta hirugarren lerrokadek honako idazkera hau izango dute: […]

Sei. 161. artikuluak honako idazkera hau izango du: […]

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea

Lege hau indarrean jarriko da, «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta biharamunean.

euskal legezalea