Gerra garaian pertsona zibilei zor zaien babesari buruzko Genevako Hitzarmena

Euslege

Gerra garaian pertsona zibilei zor zaien babesari buruzko Genevako Hitzarmena

Gerraren biktimak babestera zuzendutako Nazioarteko Hitzarmenak moldatzeko, Konferentzia diplomatikoak onetsia, 1949ko abuztuaren 12an, Konferentzia hori Genevan egin zela, 1949ko apirilaren 12tik abuztuaren 12ra,

Indarrean jartzea: 1950eko urriaren 21ean

I. Titulua: Xedapen orokorrak

1. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute Hitzarmen hau inguruabar guztietan errespetatzeko eta errespetarazteko.

2. artikulua

Bake garaian indarrean jarri behar diren xedapenez gain, Hitzarmen hau aplikatuko da bi alderdi kontratugile gorenen artean edo zenbaiten artean sor daitekeen gerra adierazpenaren kasuan edo bestelako gatazka armaturen kasuan, alderdietako batek gerra egoera aitortu ez badu ere.

Era berean, Hitzarmena aplikatuko da alderdi kontratugile goren baten lurraldea, osotasunean edo zati batean okupatzen denean, okupazio horrek erresistentzia militarrik izan ez arren.

Gatazkan dagoen potentzietako bat Hitzarmen honen alderdi ez bada, Hitzarmenaren alderdi diren potentziak, gatazka horretan sarturik daudenak, behartuta daude elkarrekiko harremanetan. Gainera, behartuta daude alderdi ez den potentzia horri dagokionez, hitzarmena betetzera, potentzia horrek Hitzarmenaren xedapenak onetsi eta aplikatzen baditu.

3. artikulua

Nazioarteko izaera ez duen gatazka armatuaren kasuan, gatazka hori alderdi kontratugile gorenetako baten lurraldean sortzen dela, gatazkaren alderdi bakoitzak gutxienez ondorengo xedapenak aplikatzeko betebeharra izango du:

1) Liskarretan zuzenean parte hartzen ez duten pertsonak, armak baztertu dituzten indar armatuetako kideak eta gaixotasunagatik, zauriagatik, atxiloketagatik edo beste edozein arrazoiengatik, borrokatzeko gai ez diren pertsonak barne, inguruabar guztietan, gizatasunez tratatuko dira, izaera kaltegarria izan dezakeen inolako bereizketarik gabe, bereizketa horren oinarriak badira arraza, kolorea, erlijioa edo sinesmena, sexua, jaiotza edo ondarea, edo antzeko beste edozein irizpide.

Aurrekoari dagokionez, goian aipatutako pertsonen gainean eragina duten neurrian, ondorengoak debekatzen dira, edonoiz eta edonon:

a) bizitzaren eta gorputz-osotasunaren aurkako atentatuak, bereziki erailketa, horren forma guztietan, mutilazioak, tratu ankerrak, tortura eta sufrimenduak;

b) pertsonak bahiturik hartzea;

c) duintasun pertsonalaren aurkako atentatuak, batik bat, tratu umiliagarri eta apalesgarriak;

d) herri zibilizatuek ezinbestekotzat aitortutako berme judizialak dituen zuzenbidearen arabera eratutako auzitegi baten aurrean, epaiketarik egin gabe emandako kondenak eta exekuzioak.

2) Zaurituak eta gaixoak batu eta artatuko dira.

Erakunde humanitario inpartzial batek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea kasu, gatazkan dauden alderdiei bere zerbitzuak eskaini ahal izango dizkie.

Halaber, gatazkan dauden alderdiek ahal dutena egingo dute, hitzarmen berezien bitartez, Hitzarmen honen beste xedapenak, oso-osorik edo zati batez indarrean jartzeko.

Aurreko xedapenen aplikazioak ez du eraginik izango gatazkan dauden alderdien estatutu juridikoen gain.

4. artikulua

Hitzarmen honek, edozein unetan eta edozein modutan, gatazka edo okupazio kasuan, gatazkan dagoen alderdi baten menpeko pertsonak babesten ditu, eta baita potentzia okupatzaile baten menpe dauden pertsonak, horren herritar izan gabe.

Hitzarmenak ez ditu babesten Hitzarmenaren parte ez den estatu baten herritarrak. Estatu gerra-egilearen lurraldean dauden estatu neutralaren herritarrak eta gerra-egile kidearen estatu bateko herritarrak ez dira pertsona babestutzat hartuko, zein estaturen herritarra izan eta estatu horrek diplomazia ordezkaritza arrunta duen bitartean, zein estaturen menpe egon eta estatu horren aurrean.

Hala ere, II. Tituluaren xedapenen aplikazio-eremu zabalagoa dute, 13. artikuluak zehaztua.

Kanpainan dauden indar armatuetako zauritu eta gaixoen baldintzak arintzeko, 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenean babestutako pertsonak edo itsasoan indar armatuetako kide zaurituen, gaixoen eta itsasoan galdutakoen egoera arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenean babestutako pertsonak edo gerrako presoei zor zaien tratuari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenean babestutako pertsonak, Hitzarmen honen esanahian ez dira pertsona babestu gisa hartuko.

5. artikulua

Gatazkan dagoen alderdi baten lurraldean, alderdi horrek arrazoi sendoak baditu uste izateko Hitzarmen honek babesten duen pertsona bat estatuaren segurtasunaren aurka egintza kaltegarriak egiteagatik susmagarri dela, edo frogatzen bada, egitatez,egintza horietan badiharduela, delako pertsona horrek ezin izango du babesa eduki Hitzarmen honek ematen dituen eskubide eta pribilegioetan, halakoak, horren mesedetan aplikatuz gero, kaltegarri suerta badaiteke estatuaren segurtasunarentzat.

Lurralde okupatu batean, Hitzarmenak babestutako pertsona bat harrapatzen bada espioia edo saboteatzailea izateagatik, edo susmoa dagoelako pertsona hori potentzia okupatzailearen segurtasunaren aurka egintza kaltegarriak egiten diharduela, pertsona horri Hitzarmen honetan ezarritako komunikazio eskubideak ukatuko zaizkio, segurtasun militarrak ezinbestean hori eskatzen duenetan.

Dena den, horrelako kasu bakoitzean, direlako pertsona horiek gizatasunez tratatuko dira beti eta, eginbide judizialen kasuan, ez zaie ukatuko prozesu zuzen eta legezkoa izateko duten eskubidea, Hitzarmen honetan ezartzen den bezala. Era berean, babestutako pertsonaren eskubide eta pribilegio guztien onura berreskuratuko dute, Hitzarmen honen esanguran, ahalik eta azkarren, kasuan kasu, estatuaren edo potentzia okupatzailearen segurtasuna kontuan izanda.

6. artikulua

Hitzarmen hau 2. artikuluan aipatutako gatazka edo okupazio ororen hasieratik aplikatuko da.

Gatazkan dauden alderdien lurraldean, Hitzarmenaren aplikazioa eragiketa militarren amaiera orokorrarekin bukatuko da.

Lurralde okupatuan, Hitzarmenaren aplikazioa eragiketa militarrak amaitu eta urtebete geroago bukatuko da; hala ere, potentzia okupatzailea behartuta dago, okupazioak irauten duen bitartean, –baldin eta potentzia horrek gobernu zereginak betetzen baditu aipatutako lurraldean– zertara eta Hitzarmen honen ondorengo artikuluen xedapenek agintzen dutena betetzera; artikuluok dira: 1etik 12ra, 27, 29tik 34ra, 47, 49, 51, 52, 53, 59, 61etik 77ra eta 143.

Pertsona babestuek, horien askatzea, aberriratzea edo berlekukotzea gertatzen bada aurreko epeen ostean, izango dituzte, artean, Hitzarmen honen onurak .

7. artikulua

11, 14, 15, 17, 36, 108, 109, 132, 133 eta 149. artikuluetan beren-beregi ezarritako akordioez gain, alderdi kontratugile gorenek beste akordio berezi batzuk hitzar ditzakete beste edozein gairen inguruan, gai horiek hala konpontzea beharrezkoa dela uste dutenean. Akordio bereziek ezin izango dute pertsona babestuen egoera kaltetu, Hitzarmen honetan arautzen den bezala, ezta Hitzarmen honetan ematen zaizkien eskubideak murriztu ere.

Pertsona babestuek akordio hauen onurak izango dituzte Hitzarmena aplikagarri zaien heinean, oraingo akordioetan zein geroagoko akordioetan bereziki jasotako kontrako hizpaketak izan ezik; halaber, gatazkan dauden alderdietako batek edo besteak eurentzat neurri onuragarriagoak har ditzake.

8. artikulua

Pertsona babestuek ezin izango diete, inolako inguruabarretan, Hitzarmen honetan ematen zaizkien eskubideei, oso-osoan edo zati batean, uko egin eta, hala denean, aurreko artikuluak aipatutako akordio berezietan jasotako eskubideei ere.

9. artikulua

Hitzarmen hau gatazkan dauden alderdien interesak babesteko ardura duten potentzia babesleen lankidetzarekin eta horien kontrolpean aplikatuko da. Horretarako, potentzia babesleek, euren diplomazia edo kontsulatuetako langileez gain, ordezkariak izenda ditzakete euren herritarren artean edo beste potentzia neutral batzuen herritarren artean. Ordezkari horiek zein potentziaren aurrean burutu behar euren eginkizuna eta horien onespena jaso beharko dute.

Gatazkan dauden alderdiek ahalik eta neurri zabalenean erraztuko dute potentzia babesleen ordezkari eta eskuordeen lana.

Potentzia babesleen ordezkariek nahiz eskuordeek ezin izango dute sekula Hitzarmen honetan ematen zaien eginkizunaren neurririk gainditu; kontuan izan beharko dute, bereziki, euren zereginak gauzatzen dituzten estatuaren ezinbesteko segurtasun beharrizanak.

10. artikulua

Hitzarmen honen xedapenak ez dira oztopo Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak, edo beste erakunde humanitario inpartzial batek, pertsona zibilen babeserako has ditzaketen egintza humanitarioentzat, ezta gatazkan dauden alderdi interesdunen baimenarekin haiei eman dakizkieken sorospenentzat.

11. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek, une oro, adostu ahal izango dute Hitzarmen honetan potentzia babesleei esleitutako zereginak inpartzialtasun eta eragingarritasun berme guztiak eskaintzen dituen erakunde baten esku uztea.

Pertsona babestu batzuek, edozein arrazoi dela bide, potentzia babesle baten egintzen edo aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera izendatutako erakunde baten egintzen onurak jaso ez badituzte, edo dagoeneko jasotzen ez badituzte, atxiloketa egin duen potentziak estatu neutral bati edo delako erakundeari eskatu beharko die, gatazkan dauden alderdiek izendatutako potentzia babesleei Hitzarmen honek esleitutako zereginak beregana ditzan.

Bide hori erabilita ezin bada babesik lortu, atxiloketa egin duen potentziak, erakunde humanitario bati, kasu, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari, eskatu beharko dio, potentzia babesleari Hitzarmen honek esleitutako eginkizun humanitarioak bete ditzan, edo erakunde horren zerbitzu eskaintzak onartu beharko ditu, artikulu honen xedapenei kalterik egin gabe.

Edozein potentzia neutral edo potentzia interesdunak gonbidatutako edozein erakunde edo aipatutako helburuarekin eskaintzen den erakundeak, Hitzarmen honek babesten dituen pertsonak zein gatazka alderdikoak izan eta gatazka alderdi horrekiko duen erantzukizunaz ohartu beharko da. Era berean, berme nahikoa eman beharko du zeregin hori bereganatzeko eta inpartzialtasunaz gauzatzeko

Ezin izango dira aurreko xedapenak indargabetu potentzien arteko akordio berezien bidez, horietako batek mugatuta badu bere askatasuna, aldi baterako bada ere, beste potentziarekin edo bere aliatuekin negoziatzeko, gertakizun militarrak direla eta, bereziki, bere lurraldea oso-osorik edo zati handi batean okupatua izan den kasuetan.

Hitzarmen honetan potentzia babeslea aipatzen den aldi oro, aipamen horrek izendatzen ditu, orobat, artikulu honen esanguran potentzia babeslea ordezkatzen duten erakundeak.

Artikulu honen xedapenak estatu neutral bateko herritarrengana hedatu eta egokituko dira, horiek lurralde okupatu batean edo estatu gerra-egile bateko lurraldean badaude, eta herritarrak zein estatutakoak izan eta horrek ez badu estatu gerra-egilearen lurraldean ohiko diplomazia ordezkaritzarik .

12. artikulua

Pertsona babestuen intereserako egokia dela iritzi duten bakoitzean, bereziki gatazkan dauden alderdiak ados jartzen ez direnean Hitzarmen honen xedapenen aplikazio edo interpretazioaren inguruan, potentzia babesleek euren jardunbide egokiak emango dizkiete auzia ebazteko.

Helburu horrekin, potentzia babesle bakoitzak aukera izango du, alderdietako baten gonbidapenaren ondoren, edo bere ekimenez, gatazkan dauden alderdiei proposatzeko euren ordezkarien bilera bat, batez ere, pertsona babestuez arduratzen diren agintariena, ahal bada, behar bezala aukeratutako lurralde neutral batean egitekoa. Gatazkan dauden alderdiek, zentzu horretan egiten zaizkien proposamenak onartzeko betebeharra izango dute. Potentzia babesleek aukera izango dute, hala denean, gatazkan dauden alderdien onespenaren menpe, potentzia neutralaren herritarra den sona handiko pertsona proposatzeko edo Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak eskuordetutako pertsona aipatua, pertsona horri bileran parte hartzeko gonbitea luzatuko zaio.

II. Titulua: Biztanleriaren babes orokorra gerraren zenbait ondorioren aurka

13. artikulua

Titulu honen xedapenak gatazkan dagoen biztanleria osoari dagozkio, inolako bereizketa kaltegarririk gabe, arraza, naziokotasuna, erlijioa edo iritzi politikoak direla eta; horien xedea da gerrak eragindako sufrimenduak arintzea .

14. artikulua

Bake garaian, alderdi kontratugile gorenek eta, liskarrak hasi eta gero, gatazkan dauden alderdiek, bakoitzaren lurraldean eta, beharrezkoa bada, baita lurralde okupatuetan ere, osasun- eta segurtasun-gune eta -herriak izenda ditzakete, eta halakoak antolatu, zaurituek eta gaixoek, ezinduek, edadetuek, hamabost urtetik beherako haurrek, haurdun dauden emakumeek eta zazpi urtetik beherako haurren amek gerraren ondorioen aurkako babesa bertan izan dezaten.

Gatazkaren hasieran eta gatazkak dirauen bitartean, alderdi interesdunek akordioak hitzar ditzakete euren artean izendatu dituzten gune eta herriak aitortzeko. Horren inguruan, Hitzarmen honen eranskina den akordio egitasmoan ezarritako xedapenak indarrean jar ditzakete, salbuespenez, beharrezko ikusten dituzten aldarazpenak eginez.

Gonbitea luzatzen da Potentzia babesleek eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak euren jardunbide egokiak gauzatu ditzaten osasun- eta segurtasun-gune eta herri horien izendapena eta aitorpena errazteko.

15. artikulua

Gatazkan dagoen alderdi orok proposa diezaioke, zuzenean edo estatu neutral edo erakunde humanitario baten bidez, kontrako alderdiari gune neutralizatuak izendatzea, liskarrak dauden erregioetan, ondorengo pertsonak liskarren arriskuen aurkako babesa izateko, inolako bereizketarik gabe,

a) zaurituak eta gaixoak, armadunak edo armadunak ez direnak

b) liskarretan parte hartzen ez duten pertsona zibilak eta gune horietan dauden bitartean izaera militarreko lanik egiten ez dutenak.

Gatazkan dauden alderdiak ados jarri bezain laster aurreikusitako gune neutralizatuaren kokapen geografikoari buruz eta horren administrazioa, hornikuntza eta kontrolari buruz, akordio bat idatziko da, eta hori gatazkan dauden alderdien ordezkariek sinatuko dute. Akordio horretan gunearen neutralizazioaren hasiera eta iraupena zehaztuko dira.

16. artikulua

Zauritu eta gaixoek, eta ezgaitu eta haurdun dauden emakumeek, babes eta errespetu berezia izango dute.

Eskakizun militarrek halakoa ahalbidetzen badute, gatazkan dagoen alderdietako bakoitzak aldeztuko ditu zenbait neurri, horiek hartzen direla, hildakoak eta zaurituak bilatzeko, itsasoan galdutakoei eta arrisku larrian dauden beste pertsonei laguntzeko, pertsona horiek lapurretaren eta tratu txarren aurkako babesa izan dezaten.

17. artikulua

Gatazkan dauden alderdiek ahal den guztia egingo dute tokiko akordioak hartzeko, setiatutako edo inguratutako gune batetik zaurituak, gaixoak, ezinduak, edadetuak, haurrak eta erditzeko dauden emakumeak ebakuatzeko, eta gune horretara doazen erlijio guztietako ministroak eta osasun-langile eta -materialak igarotzeko.

18. artikulua

Ezin izango dira, inolako inguruabarretan, erasoen jomuga izan zaurituei, gaixoei, ezinduei eta erditzeko dauden emakumeei laguntzeko antolatutako ospitale zibilak; izan ere, gatazkan dauden alderdiek beti errespetatu eta babestu behar dituzte halakoak.

Gatazka batean alderdi diren estatuek agiri bat egin beharko dute ospitale zibil bakoitzarentzat; agiri horrek ospitalearen izaera zibila jaso beharko du, eta era berean, ospitale horiek euren barruan hartzen dituen eraikinak, eta horiek ez direla erabiliko halako xede batekin, 19. artikuluaren esanguran, horiei babesa kentzeko modukoa dena.

Ospitale zibilak ezaugarri baten bidez seinaleztatuko dira, Estatuak horretarako baimena ematen badio. Ezaugarri hori araututa dago 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenaren 38. artikuluan. Hitzarmen hori egin zen kanpainan dauden indar armatuen zauritu eta gaixoen egoera arintzeko.

Eskakizun militarrek ahalbidetzen badute, gatazkan dauden alderdiek beharrezko neurriak hartuko dituzte, lehorreko, aireko eta itsasoko indar arerioek ikus ditzaten argi eta garbi ospitale zibilak seinaleztatzeko erabiltzen diren ezaugarri desberdinak, horien kontrako egintza kaltegarri oro baztertzeko xedearekin.

Helburu militarren hurbiltasunak ospitaleentzat ekar ditzakeen arriskuak direla eta, komenigarri da ardura hartzea horiek ahalik eta urrunen egon daitezen haietatik.

19. artikulua

Ospitale zibilei zor zaien babesa bakar-bakarrik amaitu ahal izango da horiek arerioarentzat kaltegarriak diren egintzak gauzatzeko erabiltzen direnean, gizakiarekiko eginbeharretatik aparte daudenak. Hala eta guztiz ere, babesa amaitu egingo da agindei baten ondoren, bertan ezarri dela zentzuzko epea egintza horiek bukatzeko, eta epe horrek ondorioak sortu ez dituenean.

Ez da uste izango egintza kaltegarria denik ospitale horietan militar zauritu edo gaixoei laguntza ematea edo bertan egotea militar horiei kendutako arma eramangarriak eta munizioak, oraindik zerbitzu eskudunari eman ez zaizkionak.

20. artikulua

Ospitale zibilen funtzionamendu edo administraziorako soilik izendatutako langile erregeladunak errespetatu eta babestuko dira, barne hartuta zauritu eta gaixo zibilak, ezinduak eta erditzeko dauden emakumeak bilatu, jaso, garraiatu eta laguntzeaz arduratzen dena.

Lurralde okupatuetan eta eragiketa militarren guneetan, langile horiek nortasun-txartel baten bitartez ezagutaraziko dira; bertan jasoko da titularraren estatutua, bere argazkiarekin eta agintaritza arduradunaren zigiluarekin; eta, zerbitzuan dagoen bitartean, zigilatutako besoko baten bidez, hezetasunak eraginik egiten ez diona eta ezkerreko besoan ipinita. Estatuak emango du besoko hori, kanpainan dauden indar armatuen zauritu eta gaixoen egoera arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenaren 38. artikuluan ezarritako ezaugarria izango duena.

Ospitale zibilen funtzionamendu edo administraziorako izendatutako beste edozein langile errespetatu eta babestuko dira eta bere zereginak gauzatzen dituen bitartean besokoa eramateko eskubidea izango du, gorago aipatzen den bezala eta artikulu honetan ezarritako baldintzetan. Bere nortasun-txartelean berari dagozkion zereginak zehaztuko dira.

Ospitale zibil bakoitzeko zuzendaritzak une oro izango du bere langileen zerrenda eguneratua, agintaritza eskudunen, nazionalen edo okupatzaileen esku jartzeko.

21. artikulua

Zauritu eta gaixo zibilen, ezinduen eta erditzeko dauden emakumeen lekualdaketak, ibilgailuen ilaretan eta ospitale-trenetan, lehorrez egindakoak, edo itsasoz egindakoak, halakoak egiteko esleitutako itsasontzietan, 18. artikuluan araututako ospitaleak bezala errespetatu eta babestuko dira, eta estatuaren baimenarekin, kanpainan dauden indar armatuen zauritu eta gaixoen egoera arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenaren 38. artikuluan ezarritako ezaugarri bereizgarria jasoz ezagutaraziko dira.

22. artikulua

Zaurituak eta gaixo zibilak, ezinduak eta erditzeko dauden emakumeak lekualdatzeko bakarrik erabiltzen diren aireontziak, edo osasun-langileak eta -materiala lekualdatzeko erabiltzen direnak, ez dira erasoko; aitzitik, errespetatu egingo dira egiten dituzten hegaldietan, gatazkan dauden alderdi interesdunen artean berariaz hitzartutako altitude, ordu eta ibilbide zehatzen arabera.

Indar armatuen zauritu eta gaixoen egoera arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenaren 38. artikuluan ezarritako ezaugarri bereizgarriarekin seinaleztatu daitezke.

Aurkako akordiorik egon ezean, debekatuta dago arerioaren lurraldearen gainetik edo arerioak okupatutako lurraldearen gainetik hegan egitea.

Aireontzi horiek lurreratze agindu guztiak bete beharko dituzte. Modu horretan agindutako lurreratze kasuan, aireontziak eta horren bidaiariek hegaldia berriz has dezakete, kasuan kasuko kontrol baten ondoren.

23. artikulua

Alderdi kontratugile goren bakoitzak baimenduko du, oztoporik jarri gabe, botikak eta osasun-material ororen bidalketa; halaber, eta kultuaren inguruan beharrezko objektuen bidalketak, aurreko horiek bakar-bakarrik beste alderdi kontratugile baten biztanleria zibilari zuzendutakoak badira, hori etsaia izan arren. Era berean, ezinbesteko janariak, arropa eta hamabost urtetik beherako haurrentzat eta haurdun edo erditzeko dauden emakumeentzat helburututako bizigarriak bidaltzea baimenduko du, oztoporik jarri gabe.

Alderdi kontratugile batek duen betebeharra, aurreko paragrafoan adierazitako bidalketak oztoporik gabe baimentzeko, baldintzatuta dago, zertara eta alderdi horrek bermea edukitzera, ustezko arrazoirik ez dagoela jarraikoen beldur izateko:

a) bidalketak bere helbidetik desbideratu izana, edo

b) kontrola eraginik gabekoa gertatu izana edo

c) halakoetatik etsaiak, bere gerra egintzen edo bere ekonomiaren aldeko abantaila nabarmena lortu izana, bidalketa horiekin beste modu batera berak hornitu edo ekoiztu beharko lituzkeen artikuluak ordeztuz, edo materiala, produktuak edo zerbitzuak askatuz, beste modu batera artikulu horien ekoizpenera esleitu beharko lituzkeenak.

Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako bidalketak egiteko baimena ematen duen potentziak baimen hori honetara baldintza daiteke, alegia, horien hartzaileei egin behar zaien banaketa potentzia babeslearen kontrolpean egitera.

Bidalketa horiek ahalik eta azkarren egingo dira, eta hori egiteko baimena ematen duen estatuak horren baldintza teknikoak zehazteko eskubidea izango du.

24. artikulua

Gatazkan dauden alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte umezurtz gelditu diren hamabost urtetik beherako haurrak edo beraien familiarengandik bananduta daudenak, gerraren ondorioz, abandonaturik gera ez daitezen, eta inguruabar guztietan mantenua, euren erlijioaren praktika eta hezkuntza izan ditzaten; ahal den heinean, zeregin hori euren kultura tradizio bereko pertsonei esleituko zaie.

Gatazkan dauden alderdiek, gatazkak irauten duen bitartean, haur horiek herrialde neutraletan hartzearen alde egingo dute, potentzia babeslearen baimenarekin, halakorik egonez gero, eta lehenengo paragrafoan zerrendatutako printzipioak errespetatuko direlako bermeak badituzte.

Gainera, ahal den guztia egingo dute neurri egokiak hartzeko hamabi urtetik beherako haur guztiak identifikatzeko, haurrek eurek eramango duten nortasun-plaka baten bitartez edo beste edozein baliabide erabilita.

25. artikulua

Gatazkan dagoen alderdi baten lurraldean edo horrek okupatutako lurralde batean dagoen pertsona orok, bere familiako kideei, nonahi egonik ere, eman diezazkieke bakar-bakarrik familia izaerakoak diren berriak eta halako berriak jasotzeko aukera ere izango du. Gutuneria hori berehala igorriko da, arrazoi gabeko atzerapen barik.

Inguruabarrak direla eta, familia arteko gutuneriaren trukea zaila edo ezinezkoa suertatzen denean, gatazkan dauden alderdi interesdunek bitartekari neutral batengana joko dute, 140. artikuluan ezarritako Agentzia Zentrala kasu, horrekin batera zehaztu ditzaten euren betebeharrak baldintza egokienetan betetzea bermatuko duten baliabideak, bereziki, Gurutze Gorriaren Sozietate Nazionalen (Ilargi Erdi Gorriaren, Lehoiaren eta Eguzki Gorriaren) laguntzarekin.

Gatazkan dauden alderdiek beharrezkoa ikusten badute familia arteko gutuneria murriztea, gehienez ere, formularioen eredua erabiltzea ezar dezake; formularioak modu askean aukeratutako hogeita bost hitz izango ditu eta halako bat bidali ahal izango da, bakar- bakarrik, hilero.

26. artikulua

Gatazkan dagoen alderdi bakoitzak erraztuko du, gerraren ondorioz sakabanaturik dauden familia kideek hasitako bilaketa, batzuen eta besteen arteko harremanak berriz ontzeko, eta, ahal dela, elkarrekin batzeko. Zeregin horretan diharduten erakundeen egintza erraztuko du, betiere, alderdiek onesten baditu eta horiek hark hartutako segurtasun neurriak aplikatzen badituzte.

III. Titulua: Pertsona babestuen estatutua eta tratua

I. Atala: Xedapen erkideak, gatazkan dauden alderdien lurraldeetan eta lurralde okupatuetan aplikagarri direnak

Pertsona babestuek eskubidea dute, inguruabar guztietan, euren pertsona izaera, ohorea, familia-eskubideak, sinesmenak eta erlijio eginerak, ohiturak eta usadioak errespetatuak izan daitezen. Beti gizalegez tratatuko dira eta babestuko, bereziki, edozein indarkeria- edo larderia-egintzen aurrean, irainen aurrean eta jendearen jakin-minaren aurrean.

Emakumeak modu berezian babestuko dira euren ohorearen aurkako atentatuen aurrean eta, batik bat, bortxakeria, derrigortutako prostituzioa eta norbanakoen sexu lotsari egindako atentatuen aurrean.

Osasun-egoera, adina eta sexuaren inguruko xedapenak kontuan izanik, gatazkan dagoen zein alderdiren menpeko izan eta alderdi horrek pertsona babestu oro inolako bereizketa kaltegarririk gabe tratatuko ditu, batez ere, arraza, erlijioa edo iritzi politikoei dagokienean.

Hala ere, gatazkan dauden alderdiek, gerraren ondorioz beharrezkoak diren kontrol edo segurtasun neurriak har ditzakete pertsona babestuen aurrean.

28. artikulua

Ezin izango da pertsona babestuen presentzia erabili, puntu edo erregio batzuk eragiketa militarren ondorioetatik babesteko.

29. artikulua

Gatazkan dagoen alderdiak menpean baditu pertsona babestu batzuk, erantzukizun osoa du pertsona babestu horiei bere agenteek emandako tratuaren aldetik, sor daitezkeen banakako erantzukizunei kalterik egin gabe.

30. artikulua

Pertsona babestuek erraztasun guztiak izango dituzte, dela potentzia babesleengana jotzeko, dela Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearengana jotzeko, dela zein herrialdetan egon eta horren Gurutze Gorriaren Sozietate Nazionalarengana (Ilargi Erdi Gorriarena, Lehoiarena eta Eguzki Gorriarena) jotzeko, dela, azkenez ere, laguntza eskaintzen dien edozein erakunderengana jotzeko.

Helburu horiek gauzatzeko, erakunde ezberdin horiek erraztasun guztiak jasoko dituzte agintariengandik, beharrizan militarrak edo segurtasun-beharrizanak ezarritako mugen barruan.

143. artikuluan ezarritako potentzia babesleen eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen ordezkarien ikustaldiez gain, atxiloketa egin duten potentziek edo potentzia okupatzaileek, ahal den neurrian, beste erakunde batzuetako ordezkariek pertsona babestuei egin nahi dizkieten ikustaldiak erraztuko dituzte, horien helburua laguntza espirituala edo materiala ematea denean.

31. artikulua

Ezin izango da izaera fisiko edo moraleko inolako indarkeriarik erabili pertsona babestuen aurka, batez ere, beraiengandik edo hirugarren batzuengandik informazioa lortzeko.

32. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek beren-beregi debekatzen diete euren buruei euren menpe dauden pertsona babestuen sufrimendu fisikoak edo horien heriotza eragin dezaketen neurri oro hartzea. Debeku hori ez zaie bakarrik aplikatuko erailketari, torturari, gorputz-zigorrei, mutilazioei eta pertsona babestu baten mediku tratamenduaren arabera behar ez den esperimentu mediku edo zientifikoei, baizik eta agente zibil edo militarrek egindako beste edozein tratu txarrei ere.

33. artikulua

Ez da pertsona babesturik zigortuko berak egin ez dituen arau-hausteengatik. Zigor kolektiboak debekatuta daude, eta larderia edo terrorismo neurri oro ere.

Lapurreta debekatuta dago.

Debekatuta daude pertsona babestuen aurkako eta horien ondasunen aurkako errepresaliak.

34. artikulua

Pertsonak bahitzea debekatuta dago.

II. Atala: Gatazkan dagoen alderdi baten lurraldeko atzerritarrak

35. artikulua

Gatazka hasieran edo horrek dirauen bitartean, lurraldetik irten nahi duen pertsona babestu orok, horretarako eskubidea izango du, baldin eta irteera horrek ez badie kalterik egiten estatuaren interes nazionalei. Bere irteerari buruzko erabakia legezko prozedura baten arabera hartuko da eta ahalik eta azkarren hartu beharko da. Behin lurraldetik irteteko baimena izanez gero, bidaia egiteko behar besteko diru kopurua izan dezake eta aldean eraman ditzake, zentzuzko neurrian, bere erabilerarako gauzak eta objektuak.

Lurraldetik irteteko baimena ukatzen zaien pertsonek eskubidea izango dute auzitegi batek edo administrazio izaerako kontseilu eskudun batek, atxiloketa egin duen potentziak helburu horrekin eratua, ezetza berriz aztertzeko, ahalik eta eperik laburrenean.

Aurretiaz eskaera eginda, potentzia babeslearen ordezkariek eskuratu ditzakete lurraldetik irteteko baimena eskatu duten pertsonei hori ukatzeko arrazoien azalpena, eta ahalik eta azkarren, egoera horretan dauden pertsonen izenen zerrenda, baldin eta horiek lortzea segurtasun arrazoiek oztopatzen ez badute edota interesdunek horretarako eragozpenak aurkezten badituzte.

36. artikulua

Baimendutako irteerak, aurreko artikuluarekin bat etorriz, segurtasun-, higiene-, osasun- eta elikadura-baldintza egokietan egingo dira. Atxiloketa egin duen potentziaren lurraldetik irten eta geroko gastu guztiak, helmuga duen herrialdearen kontura izango dira edo, herrialde neutralean egindako egonaldiaren kasuan, onuradunak zein potentziaren herritar izan eta potentzia horren kontura izango dira. Lekualdaketa horien nondik norako zehatzak, potentzia interesdunen arteko akordio berezien bitartez erabakiko dira, halakoak beharrezkoak badira.

Hori guztiori gauzatuko da, gatazkan dauden alderdiek, etsaiaren esku jauzitako euren herritarren truke eta aberriratzeari buruz, kasuan kasu, hitzartu dituzten akordio bereziei kalterik egin gabe.

37. artikulua

Aurreneurrizko atxiloketan edo askatasunaz gabetzen duen zigor bat betetzen ari diren pertsona babestuak gizalegez tratuko dira, atxiloketak dirauen bitartean.

Aske uzten dituztenean, lurraldetik irteteko eskaera egin dezakete, aurreko artikuluekin bat etorriz.

38. artikulua

Hitzarmen honen arabera har daitezkeen neurri bereziak salbuetsita, batik bat, 27. artikulutik 41. artikulura, pertsona babestuen egoera, hasteko, bake garaian atzerritarrei zor zaien tratuari buruzko xedapenek arautzen jarraituko dute. Edonola ere, ondorengo eskubideak izango dituzte:

1) bidaltzen zaizkien banakako laguntzak edo laguntza kolektiboak jasotzeko baimena izango dute;

2) euren osasun-egoerak hala eskatzen badu, mediku-tratamendua eta ospitale-laguntza jasoko dute estatu interesdunaren herritarren baldintza berberetan;

3) euren erlijioa praktikatzeko aukera izango dute eta euren kultuaren ministroen laguntza espirituala jasoko dute;

4) bereziki gerraren arriskupean dagoen erregio batean bizi badira, estatu interesdunaren herritarren baldintza berberetan lekualdatzeko baimena izango dute;

5) hamabost urtetik beherako haurrek, haurdun dauden emakumeek eta zazpi urtetik beherako haurren amek, lehentasunezko tratu ororen onura izango dute, estatu interesdunaren herritarren baldintza berberetan.

39. artikulua

Gatazka dela eta, irabazteko asmoaren araberako jarduera galdu duten pertsona babestuei aukera emango zaie lan ordaindua aurkitzeko eta horren inguruan, segurtasun-arretei eta 40. artikuluko xedapenei kalterik egin gabe, zein potentziaren lurraldean egon eta horren herritarren abantaila berberen onurak izango dituzte.

Gatazkan dagoen alderdietako batek, babestutako pertsona bat bere bizimodua irabazteko eragozten dion kontrol neurrien menpe jartzen badu, batik bat, pertsona horrek ezin duenean, segurtasun arrazoiengatik, lan ordaindua bilatu, itxurazko baldintzetan, delako gatazkan dagoen alderdiak pertsona horren eta bere kargura dauden pertsonen beharrizanak asebeteko ditu.

Edozein kasutan ere, pertsona babestuek euren jatorrizko herrialdetik diru-laguntzak jaso ditzakete, potentzia babeslearengandik edo 30. artikuluan aipatutako ongintza-sozietateengandik.

40. artikulua

Babestutako pertsonak ezin izango dira lan egitera behartu, gatazkan dagoen zein alderdiren lurraldean egon eta alderdi horren herritarren baldintza berberetan ez bada.

Babestutako pertsonek arerioaren naziokotasuna badute, ezin izango dira behartu elikadura, ostatua, arropa, garraioa eta gizakien osasuna bermatzeko ohiz beharrezkoak diren lanak baino egitera, eta eragiketa militarrak gidatzearekin zuzeneko zer ikusirik ez dutenak.

Aurreko paragrafoetan aipatutako kasuetan, lan egitera behartutako pertsona babestuak, langile nazionalen lan-baldintza berberak eta babes-neurri berberak izango dituzte, bereziki, soldatei, lanaren iraupenari, tresneriari, aurretiazko prestakuntzari eta lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen kalte-ordainari dagokienez.

Gorago aipatutako aginduak urratuz gero, babestutako pertsonek kexa eskubidea egikaritzeko aukera izango dute, 30. artikuluarekin bat etorriz.

41. artikulua

Babestutako pertsonak zein potentziaren esku egon eta potentzia horrek uste badu Hitzarmen honetan aipatutako beste kontrol neurriak nahikoak ez direla, potentzia horrek erabil ditzakeen neurri zorrotzenak dira derrigorrezko bizilekua ezartzea edo barneratzea, 42 eta 43. artikuluen xedapenekin bat etorriz.

39. artikuluaren bigarren paragrafoaren xedapenak aplikatuz, erabaki baten ondorioz, ohiko bizilekua uztera behartutako pertsonen kasuan, erabaki horrek beste leku batean bizitzera behartzen baditu, orduan, atxiloketa egin duen potentzia, ahalik eta modu zorrotzenean, barneratuei zor zaien tratuari buruzko arauen edukiari egokituko zaio(Hitzarmen honen III. Titulua, IV. Atala).

42. artikulua

Pertsona babestuen barneratzea edo derrigorrezko bizilekua bakarrik agindu ahal izango da, zein potentziaren menpe egon eta horren segurtasunak halakoa ezinbesteko egiten badu.

Potentzia babeslearen ordezkarien bitartez, pertsona batek borondatezko barneratzea eskatzen badu eta egoerak halakoa galdatzen badu, zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrek barneratuko du.

43. artikulua

Barneratua izan den pertsona babestu orok edo derrigorrezko bizilekua duen pertsona babestu orok eskubidea izango du auzitegi edo administrazio izaerako kontseilu eskudun batek, atxiloketa egin duen potentziak horretarako eratuak, ahalik eta eperik laburrenean, horren inguruan hartutako erabakia berriro azter dezan. Barneratzea edo derrigorrezko bizilekua mantentzen bada, orduan, auzitegi edo administrazio izaerako kontseiluak aldizka eta gutxienez urtean bi aldiz, delako pertsonaren kasua aztertuko du, hasierako erabakia horren alde eraldatzeko xedearekin, inguruabarrek halakoa ahalbidetzen badute.

Babestutako pertsona interesdunak aurka jartzen ez badira, atxiloketa egin duen potentziak, ahalik eta azkarren, jakinaraziko dizkio potentzia babesleari barneratuak izan diren edo derrigorrezko bizilekua duten pertsona babestuen izenak, eta barneratua egotetik edo derrigorrezko bizilekua izatetik askatuak izan direnen izenak ere. Baldintza berberetan, ahalik eta azkarren, jakinaraziko zaizkio potentzia babesleari auzitegien edo artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako kontseiluen erabakiak ere.

44. artikulua

Hitzarmen honetan ezarritako kontrol neurriak harturik, atxiloketa egin duen potentziak, egitatez, inolako Gobernuren babesa ez duten errefuxiatuak ez ditu tratatuko etsai atzerritar gisa, horretarako arrazoi bakarra dela estatu etsai baten menpekotasun juridikoa.

45. artikulua

Babestutako pertsonak ezin izango dira Hitzarmen honen alderdi ez den potentzia bati transferitu.

Xedapen hori ez da oztopo izango pertsona babestuak aberriratzeko edo bere egoitzaren herrira itzultzeko, behin liskarrak amaitu eta gero.

Atxiloketa egin duen potentziak ezin izango dizkio pertsona babestuak Hitzarmenean alderdi den potentzia bati transferitu, lehenak ziur jakin arte bigarren potentziak nahi duela eta ahal duela Hitzarmena aplikatu. Pertsona babestuak horrela transferitu izan direnean, Hitzarmena aplikatzeko erantzukizuna pertsona horiek hartzea onartu duen potentziarena izango da, horiek bere esku dauden bitartean. Hala ere, potentzia horrek puntu garrantzitsu guztietan Hitzarmenaren xedapenak aplikatzen ez baditu, babestutako pertsonak eskualdatu dituen potentziak, potentzia babeslearen jakinarazpena ondoren, egoera konpontzeko neurri egokiak hartu beharko ditu edota eskatu pertsona babestuak berari itzultzeko. Eskaera hori bete egingo da.

Pertsona babestu bat, inola ere, ezin izango da transferitu bere iritzi politiko edo erlijio iritziengatik, jazarpena jasan dezakeen herrialde batera.

Liskarren hasiera baino lehen hitzartutako hitzarmenen arabera, artikulu honen xedapenek ez dute zuzenbide erkidearen krimenengatik salatu izan diren pertsona babestuen estradizioa oztopatzen.

46. artikulua

Pertsona babestuen inguruan, aurretiaz hartutako izaera murriztaileko neurriak ezabatu ez badira, liskarrak amaitu eta ahalik eta azkarren indargabetuko dira.

Ondasunen inguruan hartutako neurri murriztaileak ahalik eta azkarren amaituko dira behin liskarrak amaitu eta gero, atxiloketa egin duen potentziaren legearekin bat etorriz.

III. Atala: Lurralde okupatuak

47. artikulua

Lurralde okupatu batean dauden pertsona babestuei ez zaizkie Hitzarmen honen onurak kenduko, inongo inguruabarretan zein modutan, nahiz okupazioaren ondorioz, zein lurralde izan eta horren erakundeetan edo Gobernuan gertatutako aldaketa batengatik, nahiz lurralde okupatuaren agintarien eta potentzia okupatzailearen artean hitzartutako akordioagatik, nahiz potentzia okupatzaileak egindako lurralde okupatu osoaren edo zati baten anexioagatik.

48. artikulua

Zein lurralde okupatuta egon eta potentzia horren herritar ez diren pertsona babestuek, lurraldetik irteteko eskubidea balia dezakete, 35. artikuluan ezarritako baldintzetan; erabakiak hartuko dira potentzia okupatzaileak ezarri behar duen prozeduraren arabera, artikulu horrekin bat etorriz.

49. artikulua

Multzoka edo banaka egindako lekualdaketak, nahitaezko izaera dutenak, eta pertsona babestuak lurralde okupatuetatik potentzia okupatzailearen lurraldera edo beste edozein herrialdera, okupatua izan ala ez, erbesteratzea, debekatuta daude, horren arrazoia edozein izanik ere.

Dena den, potentzia okupatzaileak erregio okupatu jakin baten ebakuazio osoa edo zatikakoa egin dezake, biztanleriaren segurtasunak edo premiazko arrazoi militarrek hori galdatzen badute. Ebakuazioek ezin izango dute pertsona babestuen lekualdaketa eragin, okupatutako lurraldearen barnean baino, salbu eta ezintasun materialen kasuetan. Horrela ebakuatutako biztanleria, eremu horretan liskarrak bukatu bezain laster itzuliko da bere egoitzara.

Potentzia okupatzaileak lekualdaketa edo ebakuazio horiek egiten dituenean, ahal dena egingo dute, pertsona babestuak instalazio egokietan hartu daitezen, lekualdaketak osasun-, higiene-, segurtasun- eta elikadura-baldintza egokietan egin daitezen, eta familia bereko kideak banandu ez daitezen euren artean.

Potentzia babesleari lekualdaketa eta ebakuazioen berri emango zaizkio, horiek gauzatu bezain laster.

Potentzia okupatzaileak ezin izango ditu pertsona babestuak atxiki, bereziki gerraren arriskuen eraginpean dagoen erregio batean, ez bada, biztanleriaren segurtasunak edo premiazko arrazoi militarrek hala galdatzen dutelako.

Potentzia okupatzaileak ezin izango du biztanleria zibilaren zati bat ebakuatu edo lekualdatu berak okupatutako lurralde batera.

50. artikulua

Agintari nazional eta tokikoen laguntzarekin, potentzia okupatzaileak haurren laguntza eta hezkuntzarako erabilitako establezimenduen funtzionamendu egokia erraztuko du.

Haurren identifikazioa errazteko eta horien seme-alabatasuna erregistratzeko beharrezko neurri guztiak hartuko ditu. Inola ere, ezin izango du haien estatutu pertsonala eraldatu, ezta bere menpe dauden talde edo erakundeetan, haien izenik eman ere.

Tokiko erakundeak ezegokiak badira, potentzia okupatzaileak neurriak hartu beharko ditu, ahal bada euren naziokotasun, hizkuntza eta erlijio bereko pertsonen bitartez, gerraren ondorioz umezurtz geratu diren edo euren gurasoengandik bereizi diren haurren mantenua eta hezkuntza bermatzeko, hurbileko seniderik edo lagunik ez dagoenean, haur hauen ardura hartzeko.

136. artikuluaren xedapenen arabera jarritako bulegoaren atal berezi baten esku utziko da, har ditzan neurri egokiak haurrak identifikatzeko, horien seme-alabatasuna zalantzazkoa denean. Idatziz jasoko dira, hutsik egin gabe, aitari, amari edo beste senideei buruz izan daitezkeen argibideak.

Potentzia okupatzaileak ezin izango ditu oztopatu okupazioa baino lehenago, hamabost urtetik beherako haurren mesedetan, haurdun dauden emakumeen mesedetan eta zazpi urtetik beherako haurren amen mesedetan hartutako lehentasunezko neurrien aplikazioa, elikadura, mediku-laguntza eta gerraren ondorioen aurkako babesari dagokienez.

51. artikulua

Potentzia okupatzaileak ezin izango ditu pertsona babestuak behartu euren indar armatuetan edo horien laguntzaileetan zerbitzua eman dezaten. Borondatezko izen emateak lortzera zuzendutako presio edo propaganda oro debekatzen da.

Pertsona babestuak ezin izango dira lan egitera behartu, hamazortzi urte baino gehiago ez badituzte, hala ere, lan horiek bakar-bakarrik dira armada okupatzaileen beharrizanak galdatzen dituztenak edo interes publikoaren zerbitzuak, hala nola, herrialde okupatuaren biztanleriaren elikadura, ostatua, jantziak, garraioa edo osasuna. Pertsona babestuak ezin izango dira behartu eragiketa militarretan parte hartzera behartzen duten lanak egitera. Potentzia okupatzaileak ezin izango ditu pertsona babestuak behartu ezarri zaien lanaren instalazioen segurtasuna derrigorrez bermatzera.

Lana, kasuan kasuko pertsonak zein lurralde okupatuan egon eta lurralde horren barnean bakarrik egingo da. Lan bat ezarri zaion pertsona bakoitzak, ahal den neurrian, bere ohiko lana egiten duen lekuan bizitzen jarraituko du. Lana behar bezala ordaindu beharko da eta langileen gaitasun fisiko eta adimen-gaitasunaren neurrikoa izango da. Artikulu honetan adierazitako lanak egin behar dituzten pertsona babestuei, lan-baldintzen eta babes-neurrien inguruan herrialde okupatuan indarrean dagoen legeria aplikatuko zaie, bereziki, soldatari, lanaren iraupenari, tresneriari, aurretiazko prestakuntzari eta lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen kalte-ordainari dagokienez.

Edozein kasutan ere, eskulana errekisatzeak ezin izango du, inoiz ere, langileen lekualdaketarik eragin, erregimen militar zein paramilitarraren pean.

52. artikulua

Inolako kontratu, akordio edo erregelamenduak ezin izango du oztopatu langile bakoitzak, boluntarioa izan ala ez, edonon dela ere, potentzia babeslearen ordezkariengana jotzeko duen eskubidea, potentzia horren esku-hartzea eskatzeko.

Herrialde okupatu batean langabezia eragiten duen edo bertako langileen enplegu aukerak murrizten dituen neurri oro debekatzen da, horien xedea denean pertsona horiek potentzia okupatzailearentzat lan egitera bultzatzea.

53. artikulua

Debekatuta dago potentzia okupatzaileak ondasun higigarriak edo higiezinak suntsitzea, horiek, banaka edo modu kolektiboan, pertsona partikularren, estatuaren edo elkarte publikoen, gizarte erakundeen edo kooperatiben jabetzapekoak direnean, salbu eta suntsiketa horiek guztiz beharrezkoak direnean gerra eragiketen ondorioz.

54. artikulua

Debekatuta dago potentzia okupatzaileak lurralde okupatutako funtzionario edo magistratuen estatutua eraldatzea edo horien aurka zehapenak edo edozein derrigortze- edo bereizkeria-neurri ematea, kontzientzia iritziak direla eta, euren zereginak betetzeari uko egiten badiote.

Azken debeku hau, ez da oztopo izango 51. artikuluaren bigarren paragrafoa aplikatzeko. Potentzia okupatzailearen boterea bere horretan uzten du zeregin publikoetako titularrak euren karguetatik kentzeko.

55. artikulua

Berez dituen baliabide oro jarrita, potentzia okupatzaileak biztanleria janariz eta mediku-produktuz hornitzeko betebeharra du; batik bat, janariak, botikak eta beharrezko beste edozein gai inportatu beharko ditu lurralde okupatuaren baliabideak nahikoak ez direnean.

Potentzia okupatzaileak ezin izango ditu konfiskatu lurralde okupatuan dauden janariak, gaiak edo mediku-horniketak bere tropentzat eta administrazio langileentzat; biztanleria zibilaren beharrizanak kontuan izan beharko ditu. Nazioarteko beste hitzarmen batzuetan hitzartutakoari kalterik egin gabe, potentzia okupatzaileak neurri egokiak hartu beharko ditu konfiskazio oro bidezko prezio batengatik kalte-ordaina emateko.

Potentzia babesleek lurralde okupatuetako janarien eta botiken hornikuntza egiazta dezakete inolako eragozpenik gabe, premiazko beharrizan militarrek ezar ditzaketen aldi baterako murrizketei kalterik egin gabe.

56. artikulua

Berez dituen baliabide oro jarrita, potentzia okupatzaileak, agintari nazional eta tokiko agintarien lankidetzarekin, establezimenduak eta mediku- eta ospitale-zerbitzuak ziurtatu eta mantentzeko eginbeharra du, orobat, osasun eta higiene publikoak lurralde okupatuetan. Horretarako, beharrezko neurri profilaktiko eta aurretiazkoak hartu eta aplikatuko ditu gaixotasun kutsakorrak eta izurriteak zabaldu ez daitezen. Baimena emango da medikuntza arloko langile orok, euren eginkizuna bete dezaten.

Lurralde okupatuan ospitale berriak ezartzen badira eta estatu okupatuaren erakunde eskudunek dagoeneko ez badituzte euren zereginak betetzen, okupazio agintariek, beharrezkoa bada, 18. artikuluan ezarritako azterketa gauzatuko dute. Antzeko inguruabarretan, okupazio-agintariek ospitaleetako langileen eta garraio-ibilgailuen azterketa ere egin beharko dute, 20 eta 21. artikuluen xedapenen arabera.

Osasun- eta higiene-neurriak hartzen dituenean, eta horiek aplikatzen dituenean, potentzia okupatzaileak lurraldeko okupatuaren biztanleriak dituen eskakizun moral eta etikoak kontuan izango ditu.

57. artikulua

Potentzia okupatzaileak ezin izango ditu ospitale zibilak konfiskatu, behin-behinean baino eta premia larriaren kasuan, zauritu eta gaixo militarrak artatzeko, baldin eta garaiz neurri egokiak hartzen badira ospitaleratutako pertsonen sorospena eta tratamendua bermatzeko eta biztanleria zibilaren beharrizanak asetzeko.

Ezin izango dira ospitale zibiletako materiala eta izakinak errekisatu, biztanleria zibilaren premiak asetzeko beharrezkoak diren bitartean.

58. artikulua

Potentzia okupatzaileak kultu ezberdinetako ministroak baimenduko ditu euren erlijiokideei laguntza espirituala emateko.

Era berean, erlijio izaerako premiek galdatzen dituzten liburu eta objektuen bidalketak onartuko ditu eta lurralde okupatuan horien banaketa erraztuko du.

59. artikulua

Lurralde okupatu bateko biztanleria edo horren zati bat modu aski ezean horniturik dagoenean, potentzia okupatzaileak, biztanleria horren mesedetan sorospen-egintzak onartuko ditu, eta horiek erraztuko ditu bere baliabideen neurrian.

Halako eragiketak has dezakete, estatuek nahiz erakunde humanitario inpartzial batek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak kasu, eta horien edukia izango da, batik bat, janari, mediku-gai eta arropen bidalketa.

Estatu kontratugile orok baimena emango du bidalketa horiek oztoporik gabe egin daitezen eta horien babesa bermatuko du.

Gatazkan kontrako alderdiak okupatutako lurraldera, bidalketak oztoporik gabe egitea baimentzen duen potentziak, dena den, eskubidea du bidalketak egiaztatzeko, aurretiaz ezarritako ordutegi eta ibilbideen araberako igarobidea arautzeko, eta potentzia babeslearengandik berme nahikoa jasotzeko, bidalketa horien helburua, premiazko egoeran dagoen biztanleria laguntzea dela, eta ez, ostera, potentzia okupatzailearen probetxuaren erabilera.

60. artikulua

Sorospen-bidalketek ez dute, inola ere, potentzia okupatzailea askatuko 55, 56 eta 59. artikuluek ezartzen dizkioten erantzukizunetatik. Sorospen-bidalketak ezin izango ditu, edozelan ere, horiei ezarri zaien helmugatik desbideratu, salbu eta lurralde okupatuaren biztanleriaren mesedetan denean, horren premia larriaren kasuetan eta betiere, potentzia babeslearen adostasunarekin.

61. artikulua

Aurreko artikuluetan aipatutako sorospen-bidalketen banaketa potentzia babeslearen lankidetzarekin eta bere kontrolpean egingo da. Eginbehar hori potentzia okupatzailearen eta potentzia babeslearen arteko akordio baten ondoren, estatu neutral bati, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari edo beste edozein erakunde humanitario inpartzial bati eskuordetu ahal izango zaie.

Ez da inongo eskubiderik, zergarik edo tasarik kobratuko lurralde okupatuan sorospen-bidalketa horiengatik, ez bada, kobrantza hori beharrezkoa dela lurraldearen ekonomiaren intereserako. Potentzia okupatzaileak bidalketa horiek azkar banatzea erraztu beharko du.

Alderdi kontratugile guztiek ahal den guztia egingo dute, lurralde okupatuak helmuga dituzten sorospen-bidalketa horien igarobide eta garraio doakoak baimentzeko.

62. artikulua

Ezinbesteko segurtasun-kontuei kalterik egin gabe, lurralde okupatuan dauden pertsona babestuek eurei igorritako banakako sorospen-bidalketak jaso ditzakete.

63. artikulua

Potentzia okupatzailearen ezinbesteko segurtasun-kontuengatik, ohiz kanpo ezarritako behin-behineko neurriei kalterik egin gabe:

a) onartutako Gurutze Gorriaren Sozietate Nazionalek (Ilargi Erdi Gorria, Lehoia eta Eguzki Gorria) euren egintzekin jarraitzeko aukera izango dute Gurutze Gorriaren printzipioekin bat etorriz, horiek Gurutze Gorriaren Nazioarteko Konferentziak zehaztu dituela. Beste sorospen-sozietateek euren jarduera humanitarioekin jarrai dezakete, antzeko baldintzetan;

b) potentzia okupatzaileak ezin izango du, direlako sozietateen langileei eta egiturari dagokienez, inolako aldaketarik eskatu, horrek gorago aipatutako jarduerari kalte egiten badio.

Printzipio berberak aplikatuko dira erakunde berezien jarduera eta langileei, erakunde horiek izaera militarra ez badute, eta erakunde horiek izan badira edo geroago eratzen badira, biztanleria zibilaren bizi baldintzak bermatzeko xedearekin, zeren bitartez eta oinarrizko zerbitzu-publikoen mantentzearen bitartez, sorospen-banaketaren bitartez eta salbamendu-antolaketaren bitartez.

64. artikulua

Lurralde okupatuaren zigor legeriak indarrean jarraituko du, non potentzia okupatzaileak hori indargabetu edo eten dezakeen neurrian, halako legeria bere segurtasunerako arriskua bada edo oztopoa Hitzarmen hau aplikatzeko. Azken arrazoi honi eta justiziaren administrazio eragingarria bermatzeko premiari kalterik egin gabe, lurralde okupatuaren auzitegiek legeria horretan ezarritako arau-hauste guztien inguruan jarduten jarraituko dute.

Hala ere, potentzia okupatzaileak lurralde okupatuaren biztanleriari ezinbestekoak diren xedapenak ezar diezazkioke Hitzarmen honetatik eratorritako betebeharrak bete ahal izateko, eta lurraldearen ohiko administrazioa eta segurtasuna bermatzeko, nahiz potentzia okupatzailearena, nahiz indarrean edo okupazioaren administrazioaren kide eta ondasunena nahiz horrek erabiltzen dituen establezimendu eta komunikazio bideena.

65. artikulua

Potentzia okupatzaileak aldarrikatutako zigor xedapenak ez dira indarrean jarriko horiek argitaratu arte eta biztanleriari bere hizkuntzan jakinarazi arte. Ezin izango dute atzeraeraginezko ondoriorik sortu.

66. artikulua

Potentzia okupatzaileak, berorrek aldarrikatutako zigor xedapenen arau-hauste kasuan, 64. artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera, salatuak jar ditzakete politikoak ez diren eta legearen arabera eratutako auzitegi militarren menpe, baldin eta horiek lurralde okupatuan badihardute. Gora jotzeko auzitegiek ahal den neurrian herrialde okupatuan jardungo dute.

67. artikulua

Auzitegiek bakar-bakarrik aplika ditzakete arau-haustearen aurreko lege-xedapenak eta zuzenbidearen printzipio orokorrarekin bat datozenak, bereziki, zigorren proportzionaltasun printzipioari dagokionez. Kontuan izan beharko dute salatua potentzia okupatuaren herritarra ez dela.

68. artikulua

Pertsona babestu batek arau-hauste bat egiten duenean soil-soilean potentzia babesleari kalte egiteko, eta arau-hauste horrek okupazio indarren edo administrazioaren kideen bizitzari edo osotasun fisikoari erasotzen ez badie, arrisku kolektibo larri bat eragiten ez badu eta indarren edo okupazioaren administrazioaren ondasunen aurka edo horiek erabiltzen dituzten instalazioen aurka larri erasotzen ez badu, pertsona horri barneratze- edo kartzelaratze-zigorra jarriko zaio; eta barneratze- edo kartzelaratze-zigorraren iraupena egindako arau-haustearen araberakoa izango da. Gainera, barneratzea edo kartzelaratzea dira hartu daitekeen neurri bakarra, pertsona babestuak askatasunaz gabetzeko, halako arau-hausteei dagokienez, Hitzarmen honen 66. artikuluan ezarritako auzitegiek, kartzela-zigorra iraupen bereko barneratze-zigorra bihur dezakete, askatasun osoz.

64 eta 65. artikuluekin bat etorriz, potentzia okupatzaileak aldarrikatutako zigor izaerako xedapenetan, ezin izango zaie heriotza-zigorrik ezarri pertsona babestuei; pertsona horiek ez badira errudunak espioitzagatik, potentzia okupatzailearen instalazio militarren aurkako sabotaje egintza larriengatik edo pertsona baten edo zenbaiten heriotza eragiten duten asmo osoko arau-hausteengatik, baldin eta lurralde okupatuaren legeriak, okupazioa hasi baino lehen indarrean zegoenak, kasu horietarako heriotza-zigorra aurreikusten bazuen.

Ezin izango da heriotza-zigor epairik eman pertsona babestu baten aurka, auzitegia ohartarazi aurretik, salatuak, potentzia okupatzailearen herritarra ez izateagatik, ez duela inolako leialtasun betebeharrik potentzia horrekiko.

Ezin izango da, inola ere, heriotza-zigor epairik eman pertsona babestu baten aurka, horrek arau-haustea egiten duenean, hamazortzi urte baino gutxiago baditu.

69. artikulua

Kasu guztietan, aurreneurrizko atxiloketaren iraupena kenduko da pertsona babestu bat zein kartzelaratze zigorrera kondenatua izan eta horren iraupenetik.

70. artikulua

Potentzia okupatzaileak ezin izango du pertsona babestuak atxilotu, auzipetu edo kondenatu okupazioa baino lehen edo horren aldi baterako etenaldiaren bitartean gauzatutako egintzengatik edo adierazitako iritziengatik, gerraren lege eta ohituren aurkako arau-hausteak salbuetsita.

Gatazka hasi baino lehen, lurralde okupatuan babesa bilatu duten potentzia okupatzailearen herritarrak ezin izango dira atxilotu, auzipetu, kondenatu edo lurralde okupatutik kanpo erbesteratu, ez bada, liskarrak hasi eta gero egindako arau-hausteengatik edo liskarrak hasi baino lehen egindako zuzenbide arrunta delituengatik; delitu horiek, zein estatuko lurraldea okupatuta egon eta estatu horren legeriaren arabera, bake garaian ere, estradizioa bidezkotuko lukete.

71. artikulua

Potentzia okupatzailearen auzitegi eskudunek ezin izango dute kondenarik eman aurretiaz lege-prozesu bat egon ez bada.

Potentzia okupatzaileak auzipetutako salatu orori, atzerapenik gabe jakinaraziko dizkio idatziz eta horrek ulertzen duen hizkuntzan, bere aurka egin diren kargu guztiak; auzia ahalik eta azkarren izapidetuko da. Potentzia babesleari jakinaraziko zaio potentzia okupatzaileak pertsona babestuen aurka hasitako prozesu bakoitzari buruz, salatzailearen karguek heriotza-epaia edo bi urte edo gehiagoko kartzelaratze-zigorra eragin dezaketenean; delako potentziak prozesuaren egoerari buruzko informazioa izan dezake beti. Gainera, potentzia babesleak, delako prozesuei buruz eta pertsona babestuen aurka potentzia okupatzaileak hasitako beste edozein auziri buruz, era guztietako informazioa lortzeko eskubidea izango du, halakoa eskatzen badu.

Potentzia babesleari jakinarazpena, artikulu honen bigarren paragrafoan ezarrita dagoen moduan, berehala egin beharko da eta kasu guztietan, potentzia babesleak lehenengo entzunaldiaren data baino hiru aste lehenago hartu beharko du. Zigor-eginbideak hasten direnean, artikulu honen xedapenak oso-osorik errespetatu izanaren frogarik aurkezten ez bada, ezin izango da entzunaldia egin. Jakinarazpenak, batik bat, ondorengo osagaiak jaso beharko ditu:

a) salatuaren nortasuna;

b) bizilekua edo atxiloketa lekua;

c) salaketaren kargua edo karguen zehaztapena (horiek zein zigor xedapenetan oinarria izan eta xedapen horien aipamenarekin);

d) auzia epaitzeko ardura duen auzitegiaren aipamena;

e) lehenengo entzunaldiaren lekua eta data.

72. artikulua

Salatu orok bere defentsarako beharrezko frogabideak erabiltzeko eta, batik bat, lekukoak deitzeko eskubidea izango du. Berak aukeratutako defendatzaile aditu baten laguntza izateko eskubidea du; aditu horrek askatasun osoz bisita dezake salatua eta bere defentsa prestatzeko erraztasun guztiak izango ditu.

Salatuak ez badu defendatzailerik aukeratzen, potentzia babesleak jarriko dio bat. Salatuak salaketa larri baten aurrean erantzun behar badu eta potentzia babeslerik ez badago, potentzia okupatzaileak defendatzaile bat jarri beharko dio, aurretiaz salatuaren onarpena izanda.

Salatu orok, berak borondatez uko egiten ez badio, interprete baten laguntza izango du, nahiz auziaren izapidetzak iraun bitartean, nahiz auzitegiaren aurrean egin beharreko entzunaldiak iraun bitartean. Interprete hori edozein unetan ezetsi dezake eta horren ordezkapena eskatu.

73. artikulua

Kondenatu orok eskubidea izango du auzitegiak zein legeria aplikatu eta bertan ezarritako gora jotze prozedurak erabiltzeko. Oso-osorik jakinaraziko zaizkio dituen gora-jotze eskubideak, eta horiek egikaritzeko dituen epeak ere.

Atal honetan ezarritako zigor prozedura aplikatuko zaie, antzekotasunez, gora-jotzeko kontuei. Auzitegiak aplikatutako legerian ez bada gora-jotzeko helegiterik aurreikusten, kondenatuak eskubidea izango du epaia eta kondenaren aurka gora-jotze helegitea aurkezteko, potentzia okupatzailearen agintari eskudunaren aurrean.

74. artikulua

Potentzia babeslearen ordezkariek eskubidea izango dute pertsona babestu bat epaitzen duen edozein auzitegiko entzunaldira joateko, ez bada, salbuespenez, epaiketa ateak itxita egiten dela, potentzia okupatzailearen segurtasunaren intereserako; kasu horretan, horrek potentzia babeslea ohartaraziko du. Potentzia babesleari igorri beharko zaio epaiketaren lekua eta hasiera data jasotzen dituen jakinarazpena.

Heriotza-zigorra edo bi urte edo gehiagoko kartzelaratzea eragiten duten epai guztiak potentzia babesleari jakinarazi beharko zaizkio, ahalik eta azkarren, zigor hori ezartzeko arrazoiak adieraziz; horiek egindako jakinarazpenaren aipamena ekarriko dute, 71. artikuluarekin bat etorriz, eta, askatasunaz gabetzeko zigorra dakarren epaiaren kasuan, hori bete beharko den lekuaren aipamena ere. Beste epaiak auzitegiaren aktetan jasoko dira eta potentzia babeslearen ordezkariek azter ditzakete. Heriotza-zigorra edo bi urte edo gehiagoko askatasunaz gabetzeko zigorraren kasuan, gora-jotzeko epeak ez dira zenbatzen hasiko potentzia babesleak epaiaren jakinarazpena jaso arte.

75. artikulua

Heriotza-zigorra duten kondenatuei ezin izango zaie, inola ere, ukatu indultua eskatzeko eskubidea.

Ez da heriotza epairik exekutatuko gutxienez, sei hilabeteko epea igaro baino lehen, potentzia babesleak heriotza kondena baieztatzen duen behin betiko epaia edo indultua ukatzen duen erabakiaren jakinarazpena jasotzen duenetik.

Sei hilabeteko epe hori kasu zehatz batzuetan laburtu ahal izango da, inguruabar larri eta kritikoetatik ondorioztatzen denean, potentzia okupatzailearen segurtasuna edo bere indar armatuena antolatutako mehatxuaren eraginpean dagoela; potentzia babesleak beti jasoko du epearen murrizketaren jakinarazpena eta beti izango du aukera, okupazioaren agintaritza eskudunen aurrean, garaiz, heriotza-kondena horien inguruko eskaerak egiteko.

76. artikulua

Erruztatutako pertsona babestuak herrialde okupatuan atxilotuta geldituko dira eta, kondenatuak izanez gero, han bertan bete beharko dute zigorra. Ahal bada, gainontzeko atxilotuengandik bananduak egongo dira eta osasun-egoera onean mantentzeko, elikadura eta higiene nahikoa bermatzen dituen erregimenaren pean egongo dira, gutxienez, herrialde okupatuaren presondegiei dagokien erregimenaren parekoa dena.

Euren osasun-egoerak behar duen mediku-laguntza jasoko dute.

Eurek eskatutako laguntza espirituala jasotzeko baimena ere izango dute.

Emakumeak aparteko lokaletan egongo dira eta gertuko emakumeen zaintzapean.

Kontuan izan beharko da adingabeentzat aurreikusitako erregimen berezia.

Atxilotutako pertsona babestuek potentzia babeslearen eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen ordezkarien bisita izateko eskubidea izango dute, 143. artikuluaren xedapenekin bat etorriz.

Gainera, eskubidea izango dute sorospen-fardel bat jasotzeko, gutxienez, hilean behin.

77. artikulua

Lurralde okupatuan auzitegiek auzipetu edo kondenatu dituzten pertsona babestuak, okupazioa bukatzen denean, askatutako lurraldearen agintariei entregatuko zaizkie dagokien espedientearekin batera.

78. artikulua

Potentzia okupatzaileak beharrezkoa ikusten badu, premiazko arrazoiak direla eta, segurtasun-neurriak hartzea, pertsona babestuei dagokienez, horiei, gehienez ere, derrigorrezko bizilekua edo barneratzea ezar diezaieke.

Derrigorrezko bizilekuari edo barneratzeari buruzko erabakiak legezko prozedura baten arabera hartuko dira; prozedura hori potentzia okupatzaileak zehaztuko du, Hitzarmen honen xedapenekin bat etorriz. Delako prozesuan interesdunen gora-jotzeko eskubidea ezarri behar da. Gora-jotze horri dagokionez, ahalik eta eperik laburrenean erabakiko da. Erabakiak mantentzen badira, potentzia horrek eratutako erakunde eskudun batek aldizka berrikusiko ditu, ahal bada, sei hilabetetik behin.

Derrigorrezko bizilekua duten pertsona babestuek eta, beraz, euren egoitza utzi behar dutenek, Hitzarmen honen 39. artikuluaren xedapenen onurak izango dituzte, inolako murrizketarik gabe.

IV. Atala: Barneratuei zor zaien tratuari buruzko arauak

I. Kapitulua: Xedapen orokorrak

79. artikulua

Gatazkan dauden alderdiek ezin izango dituzte pertsona babestuak barneratu; barneratze horiek 41, 42, 43, 68 eta 78. artikuluen xedapenekin bat ez badatoz.

80. artikulua

Barneratuek euren gaitasun zibil osoa gordeko dute eta horretatik eratorritako eskubideak egikarituko dituzte, hori barneratu estatutuarekin bateragarria den neurrian.

81. artikulua

Gatazkan dauden alderdiak, pertsona babestuak barneratzen badituzte, behartuta daude horiei mantenua doan ematera eta euren osasun-egoerak eskatzen duen mediku-laguntza ematera.

Gastu horien diru-ordainketa egiteko, ez da inolako kenketarik egingo barneratuen diru-laguntzetatik, soldatetatik edo kredituetatik.

Atxiloketa egin duen potentziaren kontura izango dira barneratuen menpe dauden pertsonen mantenua, pertsona horiek bizirauteko baliabide nahikoak ez badituzte edo euren kabuz bizimodua aurrera atera ezin badute.

82. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak, ahal den neurrian, barneratuak euren naziokotasuna, hizkuntza eta ohituren arabera taldekatuko ditu. Herrialde bereko herritar barneratuak ez dira bananduko hizkuntza desberdintasunean oinarrituta bakarrik.

Barneratzeak irauten duen bitartean, familia bereko kideak, eta batez ere, gurasoak eta euren seme-alabak, leku berean bilduko dituzte, salbu eta lan-beharrizanak, osasun-arrazoiak edo atal honen IX. kapituluan ezarritako xedapenen aplikazioak beharrezkoa egiten dutenean aldi baterako banaketa. Barneratuek eska dezakete euren seme-alabak, aske daudenak senideen zaintzarik gabe, eurekin batera barneratzea.

Ahal den neurrian, barneratutako familia bereko kideak lokal berberetan bilduko dira eta ez dira beste barneratuekin batera sartuko; beharrezko erraztasunak emango zaizkie familia-bizitza egiteko.

II. Kapitulua: Barneratze-lekuak

83. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak ezin izango ditu barneratze-lekuak kokatu, bereziki, gerraren arriskuan dauden erregioetan.

Potentzia babeslearen bitartez, potentzia etsaiei jakinaraziko die informazio egokia, barneratze-lekuen kokapen geografikoari buruzkoa.

Izaera militarreko inguruabarrek halakoa ahalbidetzen dutenean, barneratze-kanpamenduak IC hizkien bidez seinaleztatuko dira, egunez airetik erraz ikusteko moduan jarrita; hala ere, potentzia interesdunek seinaleztatzeko beste modu batzuk erabaki ditzakete. Bakarrik barneratze-kanpamenduak seinaleztatu daitezke modu horretara.

84. artikulua

Barneratuak gerrako presoengandik eta edozein arrazoi dela bide, askatasunaz gabetuak izan diren pertsonengandik aparte egon eta gobernatuko dira.

85. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak beharrezko eta ahal diren neurri guztiak hartu behar ditu pertsona babestuak egon daitezen, barneratzea hasten denetik, higiene- eta osasun-berme guztiak betetzen dituzten eraikin edo kantonamenduetan, klimaren gogortasunetatik eta gerraren ondorioetatik eragingarritasunez babesten dituztenetan. Barneratze iraunkorreko lekuak ez dira inola ere erregio osasungaitzetan edo barneratuentzat klima kaltegarria den tokietan egongo. Aldi baterako erregio osasungaitz batean edo osasunarentzat klima kaltegarria den leku batean barneratuta dauden kasu guztietan, inguruabarrek ahalbidetzen duten bezain azkar, pertsona babestuak halako arriskuen beldur izango ez diren barneratze-leku batera lekualdatuko dira.

Lokalak hezetasunaren aurka erabat babestuta egon beharko dira, argiztapen egokia eta berokuntza nahikoa izango dute, bereziki, iluntzetik argiak itzali arte. Logelak behar bezain zabalak izan beharko dira eta ondo aireztatuta egon; barneratuek oheko arropa egokiak izango dituzte eta manta nahikoak euren adina, sexua eta osasun-egoera kontuan izanda, eta lekuko klima baldintzak ere.

Barneratuek, gau eta egun, higiene-arauak betetzen dituzten instalazioak izango dituzte, garbitasun-egoera egokia eta iraunkorra dutenak. Behar duen beste ur eta xaboi emango zaizkie eguneroko gorputz-garbitasunerako eta arropak garbitzeko; horretarako, behar diren instalazioak eta erraztasunak izango dituzte. Berebat, dutxa- edo bainu-instalazioak izango dituzte. Behar den denbora emango zaie eguneroko gorputz-garbitasunerako eta garbiketa-lanetarako.

Salbuespenezko neurri gisa, beharrezkoa denean, familia talde berekoak ez diren emakumeak aldi baterako gizonak dauden barneratze-leku berean egotea, aparteko logela- eta osasun-instalazioak egongo dira.

86. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak barneratuen esku utziko ditu erlijio-ekitaldietarako lokal egokiak, horien erlijioa edozein izanik ere.

87. artikulua

Barneratuek antzeko erraztasun batzuk ez badituzte, barneratze-leku guztietan kantinak egongo dira, bertan barneratuek, tokiko saltokietakoa baino garestiagoa ez den prezioan, elikagaiak eta eguneroko objektuak, xaboia eta tabakoa barne, lortzeko aukera izan dezaten, horiek, barneratuen ongizate eta erosotasun pertsonala areagotu ditzaketela.

Kantinetako irabaziak laguntza bereziko funts batean sartuko dira, funts hori barneratze-leku bakoitzean eratuko da eta zein lekutan barneratuak izan eta leku horretako barneratuen mesedetan kudeatuko da. Barneratuen batzordeak, 102. artikuluan ezarriak, kantinen administrazioa eta delako funtsaren kudeaketa ikuskatzeko eskubidea izango du.

Barneratze-lekua ixten denean, laguntza-funtsaren aldeko saldoa beste barneratze-leku bateko funtsera transferituko da, naziokotasun bereko barneratuek erabil dezaten eta, halako lekurik ez badago, laguntza-funts zentral batera, oraindik ere atxiloketa egin duen potentziaren menpe dauden barneratu guztien mesedetan administratuko dena. Askapen orokorraren kasuan, irabazi horiek atxiloketa egin duen potentziaren esku geldituko dira, salbu eta potentzia interesdunek aurkako akordioa hitzartu dutenean.

88. artikulua

Aireko bonbardaketa eta gerrako beste arrisku batzuen eraginpean dauden barneratze-leku guztietan, babesleku egokiak jarriko dira eta beharrezko babesa bermatzeko kopuru egokian. Alarma kasuan, barneratuak, ahalik eta azkarren, babeslekuetan sar daitezke, halako arriskuen aurka euren kantonamenduen babesean parte hartzen dutenak salbu. Era berean, aplikagarri izango zaie biztanleriaren mesedetan hartutako babes-neurri oro.

Barneratze-leku guztietan, sute arriskuen aurkako neurri nahikoak hartuko dira.

III. Kapitulua: Elikadura eta jantziak

89. artikulua

Barneratuen eguneko oinarrizko mantenua behar bestekoa izango da kopuruari, kalitateari eta barietateari dagokienez, barneratuak osasun-egoera onean mantentzeko eta elikadura gabeziagatik arazoak eragozteko; barneratuak ohituta dauden elikadura mota ere izango da kontuan.

Halaber, eskura dituzten jaki gehigarriak euren kabuz ondu ahal izateko baliabideak hartuko dituzte.

Barneratuei edateko ur nahikoa emango zaie. Erretzea baimenduta dago. Lan egiten duten barneratuei egokitu zaizkien eginbeharrak gauzatzeko beharrezko jaki gehigarriak emango dizkie.

Emakume haurdunek eta bular-emaileek, eta hamabost urtetik beherako haurrek, jaki gehigarriak jasoko dituzte euren beharrizan fisiologikoen arabera.

90. artikulua

Barneratuei erraztasun guztiak emango zaizkie jantziez, oinetakoez eta barruko arropaz euren buruak horni ditzaten, atxiloketa gertatzen denean, eta geroago ere lortzeko, hori beharrezkoa bada. Barneratuek, tokiko klima kontuan izanda, arropa nahikorik ez duten kasuan eta lortzea ezinezkoa bada, atxiloketa egin duen potentziak halakoa dohainik emango die.

Atxiloketa egin duen potentziak ematen dizkien jantziak eta horiek daramatzaten markak kanpoaldean ez dira iraingarriak ezta barregarriak ere izango.

Langileek lanerako jantzia jasoko dute, barne hartuta babes-jantzi egokia, lanaren izaerak halakoa eskatzen duenean.

IV. Kapitulua: Higienea eta mediku-laguntza

91. artikulua

Barneratze-leku bakoitzean erizaindegi egokia egongo da, mediku aditu baten agintaritzapean, bertan barneratuek behar duten laguntza eta dieta egokia izan ditzaten. Gela isolatuak prestatuko dira gaixotasun kutsakorrak edo buruko gaixotasunak dituzten gaixoentzat.

Gaixotasun larria edo egoeragatik tratamendu berezia, ebaketa kirurgikoa edo ospitaleratzea behar duten barneratuak eta erditzeko dauden emakumeak, halakoen ardura izateko prestakuntza egokia duen establezimendu egokian onartuko dira, eta bertan laguntza jasoko dute; laguntza hori ez da izango biztanleriari orokorrean eskaintzen zaiona baino gutxiagokoa.

Barneratuak, ahal den neurrian, euren naziokotasun bereko medikuek tratatuko dituzte.

Ezin izango da eragotzi barneratuak mediku-agintaritzarengana joatea aztertuak izan daitezen. Atxiloketa egin duten agintariek, aztertuak izan eta hala eskatzen duten barneratuei, adierazpen ofizial bat emango diete, eta bertan jasoko dira zaurien edo gaixotasunaren izaera, tratamenduaren iraupena eta jasotako laguntza. Aipatu adierazpenaren kopia igorriko zaio Gerrako Presoen Agentzia Zentralari, 140. artikuluaren arabera.

Barneratuari tratamendua eta bere osasuna egoera onean mantentzeko beharrezko diren aparatuak, bereziki, hortz-protesiak edo bestelakoak, eta betaurrekoak dohainik emango zaizkio.

92. artikulua

Hilabetean behin gutxienez, mediku-ikuskapenak egingo dira; ikuskapen horien xedea izango da batik bat, barneratuen osasun-, elikadura- eta garbitasun-egoera kontrolatzea, eta gaixotasun kutsakorren antzematea, bereziki, tuberkulosia, gaixotasun benereoak eta paludismoa. Horrek, nagusiki, barneratu bakoitzaren pisua kontrolatzea eragingo du eta, gutxienez, urtean behin, azterketa erradioskopikoa egitea.

V. kapitulua: Erlijioa, jarduera intelektualak eta fisikoak

93. artikulua

Barneratuek askatasun osoa izango dute eurek aukeratutako erlijioa praktikatzeko, barne hartuta erlijio horren kultu-ekitaldietara joatea, baldin eta egintza horiek bateragarriak badira atxiloketa egin duten agintariek ezarritako diziplina neurri arruntekin.

Kultu baten zerbitzari diren barneratuek baimena izango dute erlijiokideen artean euren ministerioan osotasunean jarduteko. Horri dagokionez, atxiloketa egin duen potentzia arduratuko da horiek modu egokian banandu daitezen barneratze-leku ezberdinetan, hizkuntza bera hitz egin eta erlijio bera dutenen artean. Kopuru nahikoan ez badaude, beharrezko erraztasunak emango dizkie, besteak beste, garraiobideak barneratze-leku batetik beste batera joateko, eta ospitaletan dauden barneratuak ikusteko baimena izango dute. Kultu baten zerbitzariek euren ministerioaren ekitaldietarako, atxiloketa egin duen herrialdearen erlijio-agintariekin gutuneria askatasuna izango dute eta, ahal den neurrian, bere sinesmenaren nazioarteko erakundeekin ere. Gutuneria hori ez da 107. artikuluan aipatutako multzoaren osagaitzat hartuko, baina 112. artikuluaren xedapenen menpe egongo da.

Barneratuek ez dutenean bere kultuaren zerbitzari baten laguntzarik edo behar besteko zerbitzaririk ez dagoenean, sinesmen bereko tokiko erlijio agintariak, atxiloketa egin duen potentziarekin ados jarrita, zerbitzari bat izendatuko du, zerbitzari horrek barneratuen kultu bera izango du, edo ikuspegi konfesionaletik begiratuta, hori egingarria bada, antzeko kultu baten zerbitzaria edo laiko aditua. Horrek, horretara gauzatzen duen zereginari dagozkion abantailak izango ditu. Horrela izendatutako pertsonak, atxiloketa egin duen potentziak diziplina eta segurtasunaren intereserako ezarritako erregelamendua bete beharko du.

94. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak barneratuen jarduera intelektualak, heziketa, jolas- eta kirol-jarduerak sustatuko ditu, eta euren esku utziko du horietan parte hartzea ala ez. Jarduera horiek gauzatzeko ahal dituen neurri guztiak hartuko ditu eta eskuragarri jarriko dizkie, batik bat, horietarako lokal egokiak.

Barneratuei ahal diren erraztasun guztiak emango zaizkie euren ikasketekin jarraitzeko edo beste ikasketa berri batzuk hasteko.

Haurren eta nerabeen heziketa bermatuko da, horiek eskoletara joan daitezen, barneratze-lekuen barrualdean zein kanpoaldean.

Barneratuek ariketa fisikoak egiteko, kiroletan eta kanpoaldean jokoetan parte hartzeko aukera izango dute. Helburu horretarako, barneratze-leku guztietan gune ireki nahikoak gordeko dira. Haurrentzat eta nerabeentzat leku bereziak gordeko dira.

95. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak ezin izango ditu barneratuak langile gisa enplegatu, ez bada, barneratuek hori nahi dutela. Edozelan ere, debekatuta daude: barneraturik ez dagoen pertsona babestu bati ezarritako lana, hori Hitzarmen honen 40 edo 51. artikuluen arau-haustea bada, eta lan apalesgarri edo umiliagarriak.

Sei asteko lanaldia eta gero, barneratuek lan egiteari uko egin diezaiokete edozein unetan, halakoa zortzi egun aurretik jakinarazita.

Xedapen horiek ez dute kaltetzen atxiloketa egin duen potentziaren eskubidea zertarako eta, barneratutako medikuak, dentistak edo beste osasun-langile batzuk behartzeko barneratutako kideen alde euren lanbidean jarduteko; barneratuei barneratze-lekuetan administrazio- eta mantentze-lanak egiteko; sukalde-lanak edo etxeko beste eratako lanak egin ditzaten agintzeko; eta azkenik, barneratuak aireko bonbardaketetatik edo gerraren ondoriozko beste arrisku batzuetatik babestera zuzendutako zereginetan aritzeko. Hala ere, ezin izango da inongo barneraturik behartu horretara, gorputz-indarraren aldetik lan horiek egiteko ezgai dela adierazi badu administrazioko mediku batek.

Atxiloketa egin duen potentziak bere gain hartuko du erantzukizun osoa lan-baldintzei, mediku-laguntzari, soldaten eta alogeren ordainketari edo lan-istripuengatik edo lanbide-gaixotasunengatik kalte-ordainen ordainketari dagokienez. Lan-baldintzak, eta lan-istripuengatik edo lanbide-gaixotasunengatik kalte-ordainak, nazio-legeriaren eta ohituraren araberakoak izango dira; horiek ez dira izango erregio berean era bereko lanei aplikatzen zaizkienak baino beheragokoak. Soldatak ekitatearen bidez zehaztuko dira halako akordio batez, atxiloketa egin duen potentziaren, barneratuen eta, kasuan kasuko, atxiloketa egin duen potentzia zein izan eta potentzia hori ez den lan-nagusien artekoa, kontuan izanda potentzia horrek duen betebeharra barneratuari diruz laguntzeko, mantenua dohainik izateko eta bere osasun-egoerak behar duen mediku-laguntza emateko. Hirugarren paragrafoan ezarritako lanetan iraunkortasunez lan egiten duten barneratuek ekitatearen araberako soldata bat jasoko dute atxiloketa egin duen potentziarengandik; lan-baldintzak eta lan-istripuengatik eta lanbide-gaixotasunengatik kalte-ordainak ez dira izango erregio berean era bereko lanagatik aplikatzen direnak baino beheragokoak.

96. artikulua

Lan-destakamendu oro barneratze-leku baten menpe egongo da. Atxiloketa egin duen potentziaren agintari eskudunek eta barneratze-lekuaren komandanteak izango dute, aipatu destakamenduetan, Hitzarmen honen xedapenak betetzeko ardura. Komandanteak bere menpe dauden lan-destakamenduen zerrenda eguneratua izango du eta hori potentzia babeslearen ordezkariei, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen ordezkariei edo barneratze-lekuak bisitatzen dituzten beste edozein erakunde humanitarioen ordezkariei jakinaraziko die.

VI. kapitulua

Jabetza pertsonala eta finantza-baliabideak

97. artikulua

Barneratuek baimena dute euren objektuak eta gauza pertsonalak gordetzeko. Ezin izango zaizkie diru kopuruak, txekeak, tituluak, etab. kendu, ezta daramatzaten baliozko objektuak ere, ezarritako prozedurekin bat etorriz egiten ez bada. Horren inguruko jasoagiri zehaztua emango zaie.

Diru kopuruak barneratu bakoitzaren kontuan sartu beharko dira, 98. artikuluan ezarrita dagoen moduan; ezin izango dira beste moneta batera aldatu, ez bada diru horren jabea barneratuta dagoen lurraldeko legeriak horrela eskatzen duela, edo barneratuaren beraren onarpenarekin egiten dela.

Ezin izango zaizkie kendu, batez ere, balio pertsonal edo sentimentala duten objektuak.

Barneratua emakumea denean, beste emakume batek bakarrik azter dezake.

Barneratuek, askatu edo aberriratzen direnean, eskudirutan jasoko dute kontuan euren alde dagoen saldoa, 98. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta barneratzeak iraun bitartean kendu zaizkien objektuak, diru kopuruak, txekeak, tituluak, etab., salbu eta indarrean dagoen legeriaren arabera, atxiloketa egin duen potentziak gorde behar dituenean objektu edo baloreak. Legeria horren ondorioz ondasun bat atxikia den kasuan, interesdunak horren ziurtagiri zehaztua jasoko du.

Barneratuek daramatzaten familia- eta nortasun-agiriak ezin izango zaizkie kendu, jasoagiriaren trukean ez bada Barneratuek, behin ere ez dira nortasun-agiririk gabe egongo. Agiri horiek izan ezean, agiri bereziak jasoko dituzte, atxiloketa egin duten agintariek luzatuta, eta horiek nortasun-agirien ordezkoak izango dira, barneratzea bukatu arte.

Barneratuek diru kopuru jakin bat izan dezakete, eskudirutan zein erosketa-txartel moduan, bakoitzak bere erosketak egiteko.

98. artikulua

Barneratu guztiek erregulartasunez laguntzak jasoko dituzte, elikagaiak eta beste objektuak erosteko, hala nola, tabakoa,eguneroko gorputz garbitasunerako artikuluak, etab. Laguntza horiek kredituak edo erosketa-txartelak izan daitezke.

Berebat, barneratuek zein potentziaren herritarrak izan eta potentzia horrengandik, potentzia babesleengandik, sorospena ematen dien edozein erakunderengandik edo familia kideengandik, laguntzak jaso ditzakete, eta euren ondasunen irabaziak, atxiloketa egin duen potentziaren legeriarekin bat etorriz. Jatorrizko potentziak emandako laguntzen zenbateko bera izango da barneratu maila bakoitzarentzat (ezgaituak, gaixoak, haurdun dauden emakumeak, etab.), eta potentzia horrek ezin izango du zenbatekoa finkatu ezta atxiloketa egin duen potentziak banatu ere, Hitzarmen honen 27. artikuluan debekatutako bereizkerietan oinarriturik.

Atxiloketa egin duen potentziak, barneratu bakoitzarentzat, kontu bat eramango du, kontu horren hartzekoan artikulu honetan aipatutako laguntzak barneratuak sortutako soldatak eta egin zaizkion diru bidalketak idatzohartuko dira. Era berean, kontu horretan sartuko dira kendu eta eurek geroago jasotzeko gelditzen diren diru kopuruak, barneratuta dagoen lurraldean indarreko legeriaren arabera. Dagokion lurraldean indarreko legeriarekin bateragarriak diren erraztasun guztiak emango zaizkio bere familiari edo ekonomikoki bere menpe dauden pertsonei laguntzak igortzeko. Kontu horretatik gastu pertsonalentzako beharrezko diru kopuruak atera ditzake, atxiloketa egin duen potentziak ezarritako mugen barruan. Beti emango zaizkio zentzuzko erraztasunak bere kontua kontsultatzeko edo horren laburpenak lortzeko. Kontu horren berri potentzia babesleari jakinaraziko zaio, hori eskatzen badu, eta lekualdaketa kasuan, barneratuak kontu horrekin jarraituko du.

VII. Kapitulua

Administrazioa eta diziplina

99. artikulua

Barneratze-leku oro ofizial baten edo funtzionario arduradun baten menpe egongo da, delako funtzionarioa indar armatu erregeladun edo atxiloketa egin duen potentziaren administrazio zibil erregeladun mailakoen artean aukeratuko da. Barneratze-lekuaren ofizialak edo funtzionario buruak Hitzarmen honen testua izango du bere herrialdeko hizkuntza ofizialean edo hizkuntza ofizialetako batean, eta Hitzarmenaren aplikazioaren erantzukizuna bereganatuko du. Zaintza-langileei Hitzarmen honen xedapenen inguruan eta bere aplikazioari dagozkion erregelamenduen inguruan irakatsiko zaie.

Barneratze-lekuaren barrualdean eta barneratuek ulertzen duten hizkuntzan, Hitzarmen honen testua eta honekin bat etorriz hitzartutako akordio berezien testuak egongo dira, edo barneratze batzordearen esku egongo dira.

Erregelamenduak, aginduak eta ohartarazpena, horien izaera edozein dela ere, jakinarazi beharko zaizkie barneratuei; barneratze-lekuen barrualdean ikusgai egongo dira barneratuek ulertzen duten hizkuntzan.

Barneratuei banan-banan zuzendutako agindu eta manu guztiak ere ulertzen duten hizkuntzan emango zaizkie.

Diziplinak barneratze-lekuetan, gizateriaren printzipioekin bateragarria izan behar du eta ez du, inola ere, ekarriko barneratuei euren osasunarentzat arriskutsuak diren lan fisikoak edo izaera fisiko edo moraleko neurri apalesgarriak ezartzen dizkieten erregelamendurik. Tatuajeak edo gorputzean identifikazio-marka edo -zeinuak jartzea debekatuta dago.

Era berean debekatuta daude ordezkorik gabeko jagoletza aldi neurri gabeak edo zerrenden pase luzeak, zigor gisa ezarritako ariketa fisikoak, maniobra militarreko ariketak eta janari murrizketak.

101. artikulua

Barneratuek eskubidea izango dute, zein agintarien menpe egon eta horiei eskaerak egiteko, barneratuei erregimenaren inguruari dagokionez.

Eskubidea izango dute baita ere, inolako murrizketarik gabe, barneratuen batzordearen bitartez nahiz zuzenean, beharrezkoa dela uste badute, potentzia babesleen ordezkariengana jotzeko, barneratze-erregimenaren inguruan dituzten kexa arrazoiak zeintzuk diren azalduz.

Eskaera eta kexa horiek berehala eta inolako aldaketarik gabe igorri beharko dira. Horien ondorioz ezin izango da zigorrik ezarri, kexak oinarririk gabekoak izan arren.

Barneratuen batzordeek aldizkako txostenak bidal diezazkiekete potentzia babesleen ordezkariei, barneratze-lekuen egoeraren inguruan eta barneratuen premien inguruan.

102. artikulua

Barneratze-leku bakoitzean, barneratuek askatasunez eta isilpeko botoen bidez, sei hilabetetik behin, batzordearen kideak aukeratuko dituzte; horiek barneratuak atxiloketa egin duen potentziaren agintarien aurrean, potentzia babesleen aurrean, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen aurrean eta laguntza ematen dien beste edozein erakunderen aurrean ordezka ditzaten. Batzorde honen kideak berriz hauta daitezke.

Aukeratutako barneratuak euren zereginetan hasiko dira, euren aukeraketa atxiloketa egin duten agintariek onetsi eta gero. Potentzia babesle interesdunei jakinarazi beharko zaizkie kasuan kasuko ezezkoen edo kargugabetzeen arrazoiak.

103. artikulua

Barneratuen batzordeek barneratuen ongizate fisikoa, morala eta intelektuala sustatzen lagundu beharko dute.

Haatik, barneratuek erabakitzen badute elkarren arteko laguntza-sistema bat antolatzea, delako antolakuntza batzordeen ardurapekoa izango da, Hitzarmen honek beste xedapen batzuetan esleitzen zaizkien zeregin berezietatik aparte.

104. artikulua

Barneratuen batzordeetako kideak ezin izango dira behartu bestelako lanik egitera, horrek euren zeregina egitea oztopatzen badu.

Batzordeetako kideek barneratuen artean behar dituzten laguntzaileak izenda ditzakete. Erraztasun material guztiak emango zaizkie eta, batik bat, nolabaiteko mugimendu-askatasuna, euren zereginak gauzatzeko beharrezkoa dena (lan-destakamenduei bisitak egitea, merkatu-gaien harrera, etab.).

Halaber, erraztasun guztiak ere emango zaizkie posta eta telegrafo bidezko gutuneria izateko atxiloketa egin duten agintariekin, potentzia babesleekin, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearekin eta horren ordezkariekin, eta barneratuei laguntza ematen dieten erakundeekin ere. Destakamenduetan dauden batzordeen kideek erraztasun berberak izango dituzte barneratze-leku nagusiaren batzordearekin gutuneria izateko. Gutuneria horiek ez dira mugatuak izango eta ez dira 107. artikuluan aipatutako gutuneria-multzoaren osagaitzat hartuko.

Batzordeko kide inor ezin izango da lekualdatu, ez bazaio zentzuaren arabera beharrezkoa den denbora eman, bere ondorengoari aribidean dauden gaien inguruko informazioa emateko.

VII. Kapitulua

Kanpoaldearekin harremanak

105. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak, pertsona babestuak barneratu bezain laster, horiei eta horiek zein potentziaren herritarrak izan eta potentzia horri eta potentzia babesleari jakinaraziko dizkie kapitulu honen xedapenak aplikatzeko ezarritako neurriak, era berean, neurri horien eraldaketa guztiak ere jakinaraziko dizkie.

106. artikulua

Barneratu orok aukera izango du, barneratzea hasten denetik edo, beranduen jota, barneratze-lekura heldu eta aste betera edo gaixotasun kasuan edo beste barneratze-leku batera edo ospitalera eraman duten kasuan, zuzenean bere familia kideei eta 140. artikuluan ezarritako Agentzia Zentralari, halako barneratze-txartela bidaltzeko. Txartel hori, ahal dela, Hitzarmen honen eranskinean dagoen ereduaren arabera idatziko da eta bertan jakinaraziko zaizkie hartzaileei barneratuaren helbidea eta osasun-egoera. Txartel horiek ahalik eta arinen bidaliko dira, eta eurok bidaltzea ezin izango da inola ere atzeratu.

107. artikulua

Barneratuek gutun eta posta-txartelak bidali eta jasotzeko baimena izango dute. Atxiloketa egin duen potentziak irizten badu barneratu bakoitzak bidalitako gutun eta posta-txartelen kopurua mugatzeko beharra dagoela, baimena eman beharko du, gutxienez, hilean bi gutun eta lau txartel bidaltzeko eta ahal dela, Hitzarmen honen eranskinetako ereduen arabera idatziak. Barneratuei bidalitako gutuneria mugatu egin behar bada, erabaki hori jatorrizko potentziak baino ezin izango du hartu, kasuan kasu atxiloketa egin duen potentziak hala eskatuta. Gutun eta txartel horiek zentzuzko epe batean igorri beharko dira; eta ezin izango dira atzeratu ezta geldiarazi ere, diziplina arrazoiak direla eta.

Denbora luzean zehar familiakoen berririk jaso ez duten barneratuek edo jasotzeko aukerarik ez dutenek edo bide arruntetik bidaltzeko aukerarik ez dutenek, eta familiarengandik oso urruti daudenek, euren arteko distantzia handiagatik, telegramak bidaltzeko baimena izango dute, horien kostua euren esku dagoen diruarekin ordainduko dute. Barneratuek onura honi etekina aterako diete ageriko larrialdi kasuetan ere.

Orokorrean, barneratuen gutuneria bakoitzaren ama hizkuntzan idatziko da. Gatazkan dauden alderdiek baimendu dezakete beste hizkuntza batzuetan egindako gutuneria.

108. artikulua

Barneratuek baimena izango dute posta bidez edo beste edozein baliabideren bitartez, banakako bidalketak edo bidalketa kolektiboak jasotzeko, horien edukia denean, bereziki, jakiak, arropa, botikak, eta euren beharrak asetzeko gaiak, batez ere, erlijioari, ikasketei edo aisiari dagozkien liburuak eta objektuak. Bidalketa horiek ezin izango dute, inola ere, atxiloketa egin duen potentzia askatu, Hitzarmen honen arabera dituen betebeharretatik.

Izaera militarreko arrazoiak direla eta beharrezkoa bada halako bidalketen kopurua mugatzea, orduan, kontu hori ohartaraziko zaie potentzia babesleari, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari edo barneratuei laguntzen dieten beste edozein erakunderi, horiei eman bazaie bidalketa hori igortzeko ardura.

Banakako edo taldeko fardelen bidalketari dagozkion modalitateak potentzia interesdunen arteko akordio berezien objektu izango dira, hori beharrezkoa bada, eta alderdiek ezin izango dute, inola ere, barneratuen artean laguntza bidalketen banaketa atzeratu. Jaki eta arropa sortak ez dute libururik edukiko; orokorrean, mediku-laguntzak fardel kolektiboetan bidaliko dira.

109. artikulua

Laguntza kolektiboen bidalketen jasotze eta banatze inguruko modalitateei buruz gatazkan dauden alderdien artean akordio berezirik egon ezean, Hitzarmen honen eranskinaren erregelamendua aplikatuko da.

Gorago aipatutako akordio berezietan ezin izango da mugatu, inola ere, barneratuen batzordeek duten eskubidea, barneratuei igorritako laguntza kolektiboko bidalketak eskuratzeko, horiek banatzeko eta xedatzeko, hartzaileen interesen arabera.

Akordio horietan ezin izango da murriztu potentzia babeslearen ordezkariek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak edo barneratuei laguntza ematen dieten erakundeek duten eskubidea, horien konturakoa bada laguntza kolektiboen bidalketa, zertarako eta bidalketa horien hartzaileen arteko banaketa kontrolatzeko.

110. artikulua

Barneratuei bidalitako laguntza guztiak sarrera- eta aduana-zergetatik eta bestelako zerga batzuetatik salbuetsita egongo dira.

Posta-tasa guztietatik salbuetsita egongo dira, jatorrizko herrialdetan nahiz xede herrialdetan, eta tarteko herrialdeetan ere, barneratuei egindako bidalketa guztiak, posta bidezko laguntza-fardelak barne, eta beste herrialde batzuetatik bidalitako diru bidalketak, edota beraiek posta bidez igorritakoak, zuzenean zein zeharka, 136. artikuluan ezarritako informazio bulegoen bitartez eta 140. artikuluan aipatu Informazio Agentzi Zentralaren bitartez. Horretarako, beren-beregi, Hitzarmen honen erregimenaren pean dauden barneratutako gainontzeko pertsona babestuei hedatuko zaie 1947ko Mundu-mailako Posta Hitzarmenean eta Mundu-mailako Posta Batasunaren akordioetan ezarritako salbuespenak, etsaiaren naziokotasuna izan eta kanpamenduetan edo presondegi zibiletan atxilotuta daudenen pertsona zibilen mesedetan, hain zuzen ere. Akordio horietan alderdi ez diren herrialdeek behartuta daude ezarritako frankiziak, baldintza berberetan ematera.

Barneratuei bidalitako laguntzen garraio-gastuak, pisua edo beste arrazoiren bat dela bide, ezin zaienean eurei posta bidez igorri, atxiloketa egin duen potentziaren kontura izango dira, horren kontrolpean dauden lurralde guztietan. Hitzarmenean alderdi diren beste potentziek ordainduko dituzte bakoitzari dagozkion garraio-gastuak, euren lurraldeetan.

Bidalketa horien garraio-gastuak igorleak ordainduko ditu, gorago aipatutako paragrafoetan ezarritakoak estaldu ez badituzte.

Alderdi kontratugile gorenak ahaleginduko dira barneratuek igorritako edo eurei bidalitako telegrama-tasak ahalik eta gehien murrizten.

111. artikulua

Eragiketa militarrek oztopatzen badiete potentzia interesdunei 106, 107, 108 eta 113 artikuluek ezarritakoaren arabera, bidalketen garraioa bermatzeko duten betebeharra betetzea, orduan potentzia babesle interesdunak, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea edo gatazkan dauden alderdiek onartutako beste edozein erakunde ardura daitezke bidalketa horien garraioa bermatzeko, horretarako bide egokiak erabiliz (bagoiak, kamioiak, itsasontziak edo hegazkinak, etab.). Helburu horretarako, alderdi kontratugile gorenek ahal den guztia egingo dute halako garraiobideak emateko eta horien zirkulazioa baimentzeko, eta ibilbide horretarako beharrezko diren baimen-agiriak luzatuko dituzte.

Garraiobide horiek erabil daitezke ondorengoak bidaltzeko:

a) 140. artikuluan ezarritako Informazioaren Agentzia Zentralaren eta 136. artikuluan ezarritako bulego nazionalen artean trukatzen dituzten gutuneria, zerrendak eta txostenak,

b) potentzia babesleek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak edo barneratuei laguntza ematen dien beste edozein erakundek trukatzen dituzten barneratuei buruzko gutuneria eta txostenak, dela ordezkari propioekin, dela gatazkan dauden alderdiekin.

Xedapen horiek ez dute inola ere murrizten gatazkan dauden alderdi bakoitzak beste garraiobide batzuk antolatzeko duen eskubidea, hala nahi badu, eta ibiltzeko baimen-agiriak luzatzeko, aldez aurretik ezarritako baldintzetan.

Garraiobide hauek erabiltzeagatik sortutako gastuak gatazkan dauden zein alderdietako menpekoek erabili eta alderdi horiek hainbanakoan ordainduko dituzte.

112. artikulua

Barneratuei bidalitako edo beraiek igorritako gutuneriaren zentsura ahalik eta epe laburrenean egin beharko da.

Barneratuei zuzendutako bidalketen kontrola ezin izango da egin halako baldintzetan, non kontrolpeko gaien iraupena arriskuan jartzen den; hartzailearen edo berak baimendutako armada kide baten aurrean egingo da. Banakako bidalketak edo bidalketa kolektiboak ematea ezin izango da atzeratu zentsura zailtasunen aitzakiarekin.

Arrazoi militar edo politikoak direla eta, gatazkan dauden alderdiek ezarritako gutuneria debeku oro behin-behinekoa baino ez da izango, eta ahalik eta gutxien iraungo du.

113. artikulua

Atxiloketa egin duten potentziek erraztasun guztiak emango dituzte barneratuei zuzendutako edo horiek igorritako testamentuak, ahalordeak edo beste edozein dokumentu bidaltzeko, potentzia babeslearen bitartez edo 140. artikuluan ezarritako Agentzia Zentralaren bitartez edo beharrezko beste bide batzuen bitartez.

Edozein kasutan ere, atxiloketa egin duten potentziek barneratuei delako agiriak idazteko eta modu egokian horiek legeztatzeko erraztasunak emango dizkiete; eta baimena emango diete, batez ere, legelari bati kontsulta egiteko.

114. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak barneratze-erregimenarekin eta indarrean dagoen legeriarekin bateragarriak diren erraztasun guztiak emango dizkie barneratuei, euren ondasunak administra ditzaten. Horretarako, barneratuek baimen ditzakete barneratze-lekutik irteteko, larrialdi kasuetan, eta inguruabarrek halakoa ahalbidetzen badute.

115. artikulua

Barneratu bat edozein auzitegiren aurrean prozesu baten alderdia bada, atxiloketa egin duen potentziak auzitegiari jakinarazpenak emango dizkio, interesdunak hori eskatu eta gero, haren atxiloketaren inguruan eta, lege mugen barruan, beharrezko neurri guztiak hartu direla zaindu beharko du, haren barneratzea dela eta, inolako kalterik izan ez dezan prozesuaren prestaketa eta bilakaerari dagokienez, edo auzitegiak emandako edozein epairen betearazpenari dagokionez.

116. artikulua

Barneratu bakoitzari baimena emango zaio, tarte erregularretan eta ahalik eta maiztasun handienarekin, bisitak izan ditzan, batez ere, familia kideena.

Larrialdi kasuan eta ahal den neurrian, bereziki senitarteko baten heriotza edo gaixotasun larriaren kasuan, baimena emango da barneratua familiaren egoitzara joan dadin.

IX. Kapitulua

Zigor -eta diziplina-zehapenak

117. artikulua

Kapitulu honen xedapenei kalterik egin gabe, barneratzeak iraun bitartean, arau-hausteak egiten dituzten barneratuei, barneratuak zein lurraldetan egon eta bertan indarrean dagoen legeria aplikatuko zaie.

Legeek, erregelamenduek edo agindu orokorrek adierazten badute barneratuek egindako egintzak zigorgarriak direla, eta egintza berberak zigorgarriak ez badira barneratuta ez dauden pertsonak egiten dituztenean, orduan, zigor horrek bakar-bakarrik diziplina izaera izango du.

Barneratua behin baino ezin zigor daiteke egintza berberagatik edo kargu berberagatik.

118. artikulua

Zigorra zehazteko, auzitegiek edo agintariek kontuan izango dute, ahal den neurririk handienean, salatua ez dela atxiloketa egin duen potentziaren herritarra. Orobat, salatuak egindako arau-haustearen zigorra arintzeko askatasuna izango dute, eta horren inguruan, ez dute zigor horren gutxienekoa aplikatzeko betebeharrik izango.

Debekatuta dago eguzki-argirik sartzen ez den lokaletan kartzelaratzea eta, orokorrean, ankerkeria modu oro.

Diziplina- edo judizio-bidezko zigorrak bete eta gero, zigortuak gainontzeko barneratuak bezala tratatu beharko dira.

Barneratu baten aurreneurrizko atxiloketaren iraupena diziplina- edo judizio- bidez ezarritako zigor edo askatasun gabetze orotatik kenduko da.

Barneratuen batzordeei emango zaie eurek ordezkatzen dituzten barneratuen aurkako prozesu guztien berri eta prozesu horiei dagozkien emaitzen berri.

119. artikulua

Barneratuei aplikagarri diren diziplina-zigorrak ondorengoak dira:

1) 95. artikuluan ezarritakoaren arabera, soldataren ehuneko 50erainoko isuna, gehienez ere, hogeita hamar eguneko aldian;

2) Hitzarmen honetan ezarritako tratuaz gain emandako abantailak ezabatzea,

3) egunean bi ordu baino gehiagoko iraupena ez duten zereginak, eta barneratze-lekuaren mantentze-lanetan gauzatzen direnak;

4) atxiloketak.

Diziplina zigorrak ez dira izango, inola ere, krudelak, basatiak edo barneratuen osasunarentzat arriskutsuak. Kontuan izan beharko da zigortuaren adina, sexua, eta osasun-egoera.

Zigor berberak ez du sekula iraungo gehienez, hurrenez hurreneko hogeita hamar egunetik gora, barneratua, kondenaren unean, zenbait egintzen erantzule bada ere, diziplinaren alorrean, delako egintzek elkarren artean zerikusia izan ala ez.

120. artikulua

Ihes egin duten barneratuek edo ihes egiten saiatu eta berriz ere harrapatuak izan direnak, ezin izango dira zigortu, ezta berrerortze kasuan ere, diziplina-zigorrekin baino.

118. artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoa gorabehera, ihes baten ondorioz edo burutu gabeko ihes baten ondorioz zigortutako barneratuak zaintza-erregimen bereziaren menpe jar daitezke, baldin eta erregimen horrek barneratuaren osasunean eraginik ez badu, barneratze-leku batean betetzen bada, eta horrek berekin ez badakar Hitzarmen honetan jasotako bermeak ezabatzea.

Ihesa edo ihes ahaleginetan lagundu duten barneratuak ezin izango dira zigortu diziplina-zigor batekin baino.

121. artikulua

Ihesa edo ihes ahalegina, berrerortzea egon arren,ez da inguruabar astungarritzat joko, baldin eta barneratua ihesean egindako arau-hauste batengatik auzitegiaren aurrean agertu behar bada.

Barneratu batek egindako arau-hausteak zein motatako zigorra jasoko duen, diziplinazkoa edo epai bidezkoa, zehaztu behar denean, gatazkan dauden alderdiek zaindu beharko dute agintari eskudunak izan daitezen ahalik eta esku zabalenak, gaia ikuskatzeko orduan, batik bat, ihesarekin edo ihes ahaleginarekin lotura duten egintzei dagokienez.

122. artikulua

Diziplinaren aurkako faltak diren egintzak berehalako galdeketa baten xede izango dira. Arau hori aplikatuko da, gehienbat, ihes edo ihes ahalegin kasuetan; berriz harrapatutako barneratua agintari eskudunen esku jarriko da, ahalik eta azkarren.

Aurreneurrizko atxiloketa, diziplina-faltaren kasuan, gutxiengo hertsira, murriztuko da barneratu guztientzat, eta ez du hamalau egun baino gehiago iraungo; edozein kasutan, horren iraupena ezartzen zaion askatasunaz gabetzeko zigorretik kenduko da.

124 eta 125. artikuluen xedapenak diziplina alorreko faltagatik aurreneurri gisa atxilotutako barneratuei aplikatuko zaizkie.

123. artikulua

Auzitegien eta agintari buruen eskumenari kalterik egin gabe, diziplina-zigorrak bakar-bakarrik ezarriko ditu barneratze-lekuko komandanteak edo ofizial batek edo bere diziplina-boterea zein funtzionario arduradunari eskuordetu eta horrek.

Diziplina-zigor bat ezarri aurretik, barneratu salatuari jakinaraziko zaizkio, zehaztasunez, berari egozten dizkioten egintzak. Bere portaera azaltzeko aukera emango zaio, bere burua defenda dezan, lekukoak aurkezteko eta, beharrezkoa bada, interprete aditu baten laguntza izateko. Erabakia salatuaren eta barneratuen batzordearen kide baten aurrean hartuko da.

Ez da hilabete baino behiago igaroko diziplina-erabakia hartzen denetik eta hori betearazi artean.

Barneratu bati diziplina-zigor berri bat ezartzen zaionean, zigor bakoitza betetzeko gutxienez hiru eguneko tartea egongo da, baldin eta horietako batek hamar egun edo gehiago irauten badu.

Barneratze-lekuko komandanteak ezarritako diziplina-zigorrak erregistro batean idatziz jasoko ditu; erregistro hori potentzia babeslearen ordezkarien eskura egongo da.

124. artikulua

Barneratuak ez dira, inola ere, presondegi-establezimenduetara (espetxeak, presondegiak, kartzelak, etab.) eramango diziplina-zigorrak bertan betetzeko.

Diziplina-zigorrak betetzeko lokaletan higiene-eskakizunak bete beharko dira; batez ere, logelan tresneria nahikoa egongo da; zigortutako barneratuek garbitasun-egoera mantentzeko baldintzak izango dituzte.

Diziplinazko zigor bat duten barneratu emakumeek, gizonezkoentzat diren lokaletatik aparte beteko dute atxiloketa, eta emakumeen gertuko zaintzapean egongo dira.

125. artikulua

Diziplinazko zigorrak dituzten barneratuek egunero kirola egin dezakete , eta kanpoaldean egon ere, gutxienez bi orduz.

Baimena izango dute, horretarako eskaera eginda, egunero medikuarengana joateko; euren osasun-egoerak behar duen laguntza jasoko dute eta, kasuan kasu, barneratze-lekuko erizaindegira edo ospitale batera eramango dira.

Idazteko eta irakurtzeko baimena izango dute, eta gutunak bidali eta jasotzeko baimena ere. Fardelak eta diru bidalketak, aldiz, zigorra amaitu arte hartzaileei ez ematea izan daiteke; horiek bitartean barneratuen batzordeak gordeko ditu, eta horrek fardeletan dauden gai galkorrak erizaindegira bidaliko ditu.

Diziplina-zigor baten ondorioz zigortuak izan diren barneratuei ezin zaizkie kendu 107 eta 143. artikuluetan jasotako xedapenen onurak.

126. artikulua

71 eta 76. artikuluak, biak barne, antzekotasunez, aplikatuko zaizkie atxiloketa egin duen potentziaren nazio lurraldean dauden barneratuen aurkako eginbide judizialei.

X. Kapitulua

Barneratuen lekualdaketa

127. artikulua

Barneratuen lekualdaketa gizatasunez egingo da beti, orokorrean trenez edo beste garraiobidez eta betiere halako baldintzetan, atxiloketa egin duen potentziak bere tropen lekualdaketetan izaten dituzten baldintzak baino okerragoak ez direnetan. Salbuespenez, lekualdaketak oinez egin behar badira, horiek ezin izango dira egin barneratuen egoera fisikoak hori egitea ahalbidetzen ez badu eta ezin izango dute, inola ere, eurei gehiegizko nekerik eragin.

Atxiloketa egin duen potentziak, lekualdaketa egiten den bitartean, edateko ura eta elikagaiak kopuru, kalitate eta mota nahikoan emango dizkie barneratuei, osasun-egoera egokian mantentzeko, eta arropa, ostatu egokia eta beharrezko mediku-laguntza ere. Beharrezko neurri egokiak hartuko ditu lekualdaketa egiten den bitartean segurtasuna bermatzeko eta, irteera baino lehen, lekualdatzen diren barneratuen zerrenda osoa egingo du.

Gaixorik, zaurituta edo ezgaituta dauden barneratuak, eta erditzeko dauden emakumeak, ez dira lekualdatuko, baldin eta horrek, bidaiaren ondorioz, euren osasun-egoera arriskuan jartzen badu, euren segurtasunak halakoa eskatzen duen bitartean.

Frontea barneratze-leku batera hurbiltzen bada, barneratuak bakarrik lekualdatuko dira, eragiketa segurtasun baldintza nahikoarekin egin daitekeenean, edo bertan gelditzea arriskutsuagoa denean, lekualdatzea egitea baino.

Atxiloketa egin duen potentziak kontuan izan beharko du, barneratuen lekualdaketa erabakitzen duenean, horien interesak, gehienbat, eurok aberriratzeko edo euren egoitzara itzultzeko zailtasunak areagotu ez daitezen.

128. artikulua

Lekualdaketa gauzatzen bada, barneratuei modu ofizialean jakinaraziko zaie irteera eta posta-helbide berria; jakinarazpen hori aurrerapen nahikoarekin egingo da barneratuek euren ekipajea egin eta euren familiak jakinaren gainean jar ditzaten.

Baimena izango dute bakoitzak bere gauzak, gutuneria eta jaso dituzten fardelak aldean eramateko; ekipajearen pisua muga daiteke lekualdaketaren baldintzek hala eskatzen badute, edozelan ere, onartutako pisua hogeita bost kilotik gorakoa izango da barneratu bakoitzeko.

Aurreko barneratze-lekura bidalitako gutuneria eta fardelak atzerapenik gabe igorriko zaizkie.

Barneratze-lekuko komandanteak, barneratze batzordearekin bat etorriz, barneratuen ondasun kolektiboak transferentzia bermatzeko neurri egokiak hartuko ditu, orobat, euren ekipajeena, artikulu honen bigarren paragrafoaren arabera ezarritako murrizketak direla eta, barneratuek horiek eraman ezin dituztenean.

XI. Kapitulua

Heriotzak

129. artikulua

Barneratuek agintari eskudunen esku utz ditzakete euren testamentuak, horiek testamentuen zaintza bermatuko dutela. Barneratu bat hiltzen denean, bere testamentua berak izendatutako pertsonei igorriko zaie, atzerapenik gabe.

Mediku batek ziurtatutako du barneratu bakoitzaren heriotza eta heriotzaren arrazoiak eta inguruabarrak jasotzen dituen ziurtagiri bat luzatuko da.

Heriotza-agiri ofiziala idatziko da, behar bezala erregistratua, barneratze-lekuko lurraldean indarrean dauden aginduekin bat etorriz, eta berehalaxe horren kopia bat, hori zehatza dela egiaztatuta, potentzia babesleari eta 140. artikuluan ezarritako Agentzia Zentralari bidaliko zaie.

130. artikulua

Atxiloketa egiten duten agintariak arduratuko dira gatibualdian hildakoak egokiro ehortziak izan daitezen, ahal bada bere erlijioaren errituen arabera, eta hilobiak errespetatuak, modu duinean mantenduak eta markatuak izan daitezen, eta betiere, antzemateko moduan egon daitezen.

Hildako barneratuak banan-banan ehortziko dira, salbu eta taldeka ehortzeko ezinbesteko arrazoiak daudenean. Gorpuak ezin izango dira erraustu, ez bada higiene-arrazoiak edo hildakoaren erlijioak hala eskatzen badute, edo hildakoak halako nahia adierazi bazuen. Errausketa kasuan, halakoa heriotza-agirian jasoko da, horretarako arrazoiak azalduz. Atxiloketa egin duten agintariek arduraz gordeko dituzte errautsak; eta ahal den azkarren senide hurbilenei igorriko zaizkie, horiek eskatzen badute.

Inguruabarrek ahalbidetzen duten bezain laster, eta gehienez ere, liskarrak amaitzen direnean, atxiloketa egin duen potentziak hildako barneratuak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri bidaliko dizkio, 136. artikuluan ezarritako informazio bulegoaren bitartez, hildako barneratuen hilobien zerrendak. Zerrenda horietan hildakoak identifikatzeko beharrezko zehaztasun guztiak emango dira eta euren hilobien kokaleku zehatza.

131. artikulua

Barneratu baten heriotza edo zauri larri oro, zentinela batek, beste barneratu batek edo osterantzeko edozein pertsonak, ziur edo ustez eragindakoa edota heriotza zer nolakoa izan eta horren arrazoiak ezezagunak badira, kasu horietan berehala sustatuko da atxiloketa egin duen potentziaren aldetik halako ikerketa ofiziala.

Gai horren berri berehala emango zaio Potentzia babesleari. Lekuko guztien adierazpenak jasoko dira eta txosten bat egingo da, aipatu potentziari igorriko zaiona.

Ikerketak pertsona baten edo batzuen erruduntasuna frogatzen badu, atxiloketa egin duen potentziak neurri egokiak hartuko ditu erantzulearen edo erantzuleen aurka eginbide judizialak hasteko.

XII. Kapitulua

Askatzea, aberriratzea eta herrialde neutraletan ospitaleratzea

132. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak barneratutako pertsona oro aske utziko du, bere barneratzea eragin zuten arrazoiak desagertu bezain laster.

Berebat, gatazkan dauden alderdiak ahal den guztia egingo dute liskarrek irauten duten bitartean, akordioak egiteko, maila jakin batzuetako barneratuek askatzeko, aberriratzeko, euren egoitzara itzultzeko edo herrialde neutral batean ospitaleratzeko asmoarekin, batik bat, haurrak, haurdun dauden emakumeak eta bular-emaileak edo seme-alaba txikiak dituztenak, zaurituak eta gaixoak edota denbora luzean gatibu egon diren barneratuak.

133. artikulua

Liskarrak amaitu ondoren, barneratzea ahal den azkarren bukatuko da.

Dena den, gatazkan dagoen alderdietako baten lurraldean barneratuak, euren aurka arau-hausteengatik zigor prozesu bat irekita dagoenean eta horiek bakarrrik diziplina zigorraz zigortzeko modukoak ez direnean, prozesua amaitu arte atxiki daitezke eta, kasuan kasu, zigorra bete arte. Gauza bera esan bedi aurretiaz zigor askatasunaz gabetzeko kondena izan dutenentzat.

Atxiloketa egin duen potentziaren eta potentzia interesdunen arteko akordioaren bitartez, batzordeak eratu beharko dira, liskarrak edo lurraldearen okupazioa amaitu eta gero, sakabanatuta dauden barneratuak bilatzeko.

134. artikulua

Liskarrak eta okupazioa amaitzen direnean, alderdi kontratugile gorenek ahal den guztia egingo dute barneratuek euren egoitzara itzultzea bermatzeko, edo euren aberriratzea errazteko.

135. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak ordainduko ditu askatutako barneratuen itzulerako gastuak, barneratu ziren unean bizi ziren lekura itzultzeko edo, horiek bidaian edo itsaso zabalean harrapatu bazituzten, bidaia amaitzeko edo abiapuntura itzuli ahal izateko .

Atxiloketa egin duen potentziak ukatzen badio askatutako barneratu bati bere lurraldean bizitzeko baimena, horrek aurretiaz bertan bazuen bere ohiko egoitza, potentzia horrek ordainduko ditu aberriratze-gastuak. Dena den, barneratuak nahiago badu bere herrialdera itzuli, dela bere kontua, dela zein gobernuri leialtasuna zor eta horren aginduak betetzeko, orduan atxiloketa egin duen potentzia ez dago behartuta bere lurretatik haratagoko gastuak ordaintzera. Berak eskaera egin eta gero, pertsona bat, barneratua izan bada, atxiloketa egin duen potentziak ez du pertsona hori aberriratzeko gastuak ordaintzeko betebeharrik.

Barneratuak 45. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz lekualdatzen badira, lekualdaketa gauzatzen duen potentzia eta horiek hartzen dituen potentzia ados jarriko dira bakoitzak ordaindu behar dituen gastuen inguruan.

Xedapen horiek ezin dira izan gatazkan dauden alderdien artean hitzartu ahal diren akordio berezien aurkakoak, arerioaren esku dauden euren herritarren arteko trukaketari eta herritarren aberriratzeari dagokienez.

V. Atala

Informazioen Bulegoak eta Agentzia Zentrala

136. artikulua

Gatazka baten hasieran, eta okupazio kasu guztietan, gatazkan dauden alderdietako bakoitzak informazio-bulego ofizial bat eratuko du, bere menpe dauden pertsona babestuen inguruko datuak jaso eta bidaltzeaz arduratuko dena.

Ahalik eta eperik laburrenean, gatazkan dauden alderdietako bakoitzak bulego horri igorriko dio hartu dituen neurrien informazioa, bi aste baino gehiago atxiloturik dagoen pertsona babestu ororen aurka, pertsona hori behartu badute derrigorrezko bizilekuan egotera zein barneratua izan bada. Berebat, bere zerbitzu eskudun ezberdinei eskatuko die, berehala eman diezaizkiotela aipatu bulego horri pertsona babestu horien egoeran gertatutako aldaketei buruzko argibideak, hala nola, lekualdaketak, askatzeak, aberriratzeak, ihesak, ospitaleratzeak, jaiotzak eta heriotzak.

137. artikulua

Informazio-bulego nazionalak berehalaxe igorriko dizkie, baliabiderik azkarrenak erabilita, batetik, potentzia babesleen bidez, eta, bestetik, 140. artikuluan ezarritako Agentzia Zentralaren bidez, pertsona babestuen inguruko informazioa, pertsona horiek zein potentziaren herritarrak izan eta potentzia horri edo euren egoitza zein lurraldetan egon eta lurralde horretako potentziari. Era berean, bulegoek pertsona babestuen inguruan eurei zuzentzen zaizkien eskaera guztiei erantzungo diete.

Informazio-bulegoek pertsona babestu baten inguruko informazioa emango dute, salbu eta datu-emate horrek kalte egin diezaiekeenean pertsona interesdunari edo bere familiari. Halako kasuetan ere, Agentzia Zentralari ezin izango zaio informazioa ukatu, horrek, inguruabarren jakitun egonda, 140. artikuluan aipatutako beharrezko neurriak hartuko ditu.

Bulegoak egiten dituen idatzizko jakinarazpen guztiak sinadura edo zigilu batekin kautotuko dira.

138. artikulua

Informazio-bulego nazionalak jasotako datuak eta berak igorritakoak nahikoak izan beharko dira pertsona babestua zehaztasunez identifikatu ahal izateko, eta berehala bere familiari jakinarazteko horren berri. Datu horiek bilduko dituzte pertsona bakoitzarentzat, gutxienez, izen-abizenak, jaioterria eta jaioteguna osorik, naziokotasuna, aurreko egoitza, zeinu bereziak, aitaren izena eta amaren abizena, pertsona horren inguruan hartutako neurriaren izaera eta data, eta atxilotua izan zen lekua, gutuneria bidaltzeko helbidea, informatu behar den pertsonaren izena eta helbidea.

Modu berean igorriko dira ohikotasunez, ahal bada astero, modu larrian gaixo edo zauritutako barneratuen osasun-egoerari buruzko xehetasunak.

139. artikulua

Berebat, informazio-bulego nazionalaren ardura izango da 136. artikuluan adierazten diren pertsona babestuek utzitako baliozko objektu pertsonalak jasotzea eta zuzenean edo, beharrezkoa bada, Agentzia Zentralaren bitartez, interesdunei igortzea, bereziki, aberriratze, askatze, ihes edo heriotza kasuetan. Bulegoak objektu horiek fardel lakratuetan bidaliko ditu; fardel horiek adierazpenak ere bilduko dituzte, horiek objektuak zein pertsonenak izan eta horien identitatea zehaztasunez idatzita jasoko dute, bai eta fardelaren inbentario oso bat ere. Idatziz jasoko dira, zehatz-mehatz, mota honetako baliozko objektuaren jasotze eta bidalketa guztiak.

140. artikulua

Herrialde neutral bakoitzean Informazio Agentzia Zentral bat sortuko da pertsona babestuei eta horien barruan, bereziki, barneratuei dagokienez. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak, beharrezko irizten badu, halako Agentzia antolatzea proposatuko die potentzia interesdunei. Delako agentzia gerrako presoei zor zaien tratuari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenaren 123. artikuluan ezarritako berbera izan daiteke.

Agentzia hori arduratuko da, lor daitezkeen 136. artikuluan ezarritako datu guztiak, bide ofizialetik nahiz pribatutik, bateratzeaz; datu horiek ahalik eta azkarren igorriko ditu pertsona interesdunen jatorrizko herrialdera edo bizileku herrialdera, salbu eta datu horiek igortzeak zein pertsonen ingurukoak izan eta pertsona horiei edo bere familiari kalte egin diezaieketenean. Halako igorpenak egiteko erraztasun guztiak jasoko ditu gatazkan dauden alderdietatik.

Alderdi kontratugile gorenak, eta batik bat, Agentzia Zentralaren zerbitzuak jasotzen dituzten herritarren herrialdeak, gonbidatuak izango dira Agentzia horri beharrezko finantza laguntza emateko.

Ez da uste izango xedapen hauek Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen eta 142. artikuluan aipatutako sorospen-sozietateen jarduera humanitarioa mugatzen dutela.

141. artikulua

Informazio-bulego nazionalek eta Informazio Agentzia Zentralak posta-frankizia onura izango dute eta orobat, 110. artikuluan ezarritako salbuespen guztiak eta, ahal den neurrian, telegrafia-frankizia edo, gutxienez, tarifen murrizketa nabarmenak.

IV. Titulua

Hitzarmenaren aplikazioa

I. Atala

Xedapen orokorrak

142. artikulua

Segurtasuna bermatzeko edo bestelako edozein zentzuzko beharrizanei aurre egiteko ezinbesteko neurriei kalterik egin gabe, atxiloketa egin duten potentziek ahalik eta harrera onena emango diete erlijio-erakundeei, sorospen-sozietateei edo pertsona babestuei laguntza ematen dieten beste edozein erakunderi. Horiei eta behar bezala eskuetsitako euren ordezkariei emango zaizkie pertsona babestuak ikusteko beharrezko erraztasunak, horien artean bana ditzaten laguntzak, edozein jatorri duen materiala, horrek erlijioa, heziketa edo jolasa baditu xede , edo barneratze-lekuetan erabilgarri duten denbora antolatzen laguntzea. Aipatutako sozietateak edo erakundeak eratu daitezke, bai atxiloketa egin duen potentziaren lurraldean, bai beste herrialde batean edo nazioarteko izaera izan dezakete.

Atxiloketa egin duen potentziak sozietateen eta erakundeen zenbatekoa mugatu ahal izango du, horien ordezkariek eskumena dutenean euren lurraldean eta euren kontrolpean jarduerak gauzatzeko, baldin eta, delako muga horrek eragozten ez badu pertsona babestuei laguntza eragingarria eta nahikoa ematea.

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen egoera berezia beti aitortu eta errespetatuko da.

143. artikulua

Potentzia babeslearen ordezkariek edo eskuordeek baimena izango dute pertsona babestuak dauden leku guztietara joateko, bereziki barneratze-, atxilotze- eta lan-lekuetara joateko. Pertsona babestuek erabiltzen dituzten lokal guztietara sar daitezke eta horiekin hitz egin dezakete lekukorik gabe, interpretearen bitartez, hori beharrezkoa bada.

Ikustaldi horiek ezin dira debekatu, horretarako premiazko beharrizan militarrak ez badira; orduan ere, salbuespenez eta aldi baterako. Horien maiztasuna eta iraupena ezin dira mugatu.

Potentzia babesleen ordezkariek eta eskuordeek askatasun osoa izango dute ikusi nahi dituzten lekuak aukeratzeko. Atxiloketa egin duen potentziak edo potentzia okupatzaileak, potentzia babesleak eta, kasuan kasu, ikustatuak izan behar diren pertsonak zein potentziaren jatorrizkoak izan eta potentzia horrek, adostu dezakete interesdunen herrikideak baimenduak izan daitezen ikustaldietan parte hartzeko.

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen ordezkariek pribilegio berberen onurak izango dituzte. Ordezkari horien izendapena euren jarduera zein lurraldetan gauzatu behar eta lurralde horren onespenaren menpe egongo da.

144. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute, bake zein gerra garaian, Hitzarmen honen testua ahalik eta zabalen hedatzeko, bakoitzaren herrian eta, batez ere, heziketa militarreko programetan, eta ahal bada, zibilean ere, biztanleriak ezagutu ditzan Hitzarmenaren printzipioak.

Gerra garaian, pertsona babestuei dagokienez, erantzukizunak bereganatzen dituzten agintari zibilek, militarrek, polizia agintariek nahiz besteek, Hitzarmenaren testua izan beharko dute eta bereziki horren xedapenen inguruan jakitun egon.

145. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek elkarri jakinaraziko dizkiote, Suitzako Kontseilu Federalaren bidez eta, liskarrek irauten duten bitartean, potentzia babesleen bitartez, Hitzarmen honen itzulpen ofizialak, eta honen aplikazioa bermatzeko, kasuan kasu, onetsi dituzten lege eta erregelamenduak.

146. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute beharrezko legegintza-neurri guztiak hartzeko zigor-zehapen egokiak zehazteko. Zehapen horiek aplikatuko zaie Hitzarmen honen aurka edozein arau-hauste larri gauzatu egin duten edo egitea agindu duten pertsonei, ondorengo artikuluan zehaztutakoaren arabera.

Alderdi kontratugile bakoitzak edozein arau-hauste larri egin dutelako edo egitea agindu dutelako salatuak izan diren pertsonak bilatzeko betebeharra izango du eta euren auzitegien aurrean agerrarazi beharko ditu, pertsona horien naziokotasuna edozein izanik ere. Nahiago badu, eta euren legerian zehaztutako baldintzen arabera, aukera izango du beste alderdi kontratugile interesdun bati emateko honek epai dezan, azken honek pertsona horien aurka kargu nahikoak azaldu baditu.

Alderdi kontratugile bakoitzak neurri egokiak hartuko ditu, ondorengo artikuluan definitutako arau-hauste larriez gain, Hitzarmen honen xedapenen aurkako egintzak ere buka daitezen.

Erruztatuek, inguruabar guztietan, prozedura bermeen eta defentsa askearen onurak izango dituzte, eta onura horiek ez dira izango gerrako presoei zor zaien tratuari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenaren 105. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoak baino beheragokoak.

147. artikulua

Aurreko artikuluan aipatzen diren arau-hauste larriak dira ondorengo egintzetatik edozein, Hitzarmenak babestutako pertsona edo ondasunen aurka egiten badira: hala nahita egindako erailketa, tortura edo tratu ankerrak, esperimentu biologikoak barne, hala nahita eragindako sufrimendu handiak edo osotasun fisiko edo osasunaren aurkako atentatu larriak, erbesteratzea edo legez kanpoko lekualdatzea, pertsona babestu bat potentzia etsaiaren indar armatuei zerbitzu ematera derrigortzea, edo Hitzarmen honen arauen arabera lege bidez eta inpartzialtasunez epaitua izateko eskubideaz gabetzea, pertsonak bahituta hartzea, ondasunak suntsitzea eta horietaz jabetzea, hori egitea beharrizan militarrek justifikatu ezin dutenean, eta halakoak modu nabarmenegian egin direnean, legearen kontra eta nahikeriaren arabera.

148. artikulua

Alderdi kontratugileetako inork ezin izango du berak edo beste alderdi kontratugile batek dituzten erantzukizunetatik bere burua salbuetsi, ezta beste alderdi kontratugile bat ere salbuetsi, aurreko artikuluan ezarritako arau-hausteen ondorioz.

149. artikulua

Gatazkan dagoen alderdietako baten eskaera egin ondoren, galdeketa bat egin beharko da, alderdi interesdunen artean zehaztuko dituzten modalitateen arabera, Hitzarmenaren edozein urraketa alegaturen gainean.

Galdeketa prozeduraren inguruan ez bada akordio batera heltzen, alderdiak arbitro bat aukeratzeko ados jarriko dira, eta horrek erabakiko du jarraitu beharreko prozeduraren gainean.

Behin urraketa egiaztatu eta gero, gatazkan dauden alderdiek gelaraziko dute hori eta ahalik eta azkarren zigortuko dute.

II. Atala

Azken xedapenak

150. artikulua

Hitzarmen hau frantsesez eta ingelesez idatzita dago. Bi testuak kautoak dira.

Suitzako Kontseilu Federala arduratuko da Hitzarmenaren itzulpen ofizialak egin daitezen errusieraz eta espainieraz.

151. artikulua

Hitzarmen hau, gaurko data izango duena, 1950eko otsailaren 12ra arte sina daiteke, 1949kok apirilaren 21ean Genevan hasitako Konferentzian zein potentzia ordezkatuak izan eta horien izenean.

152. artikulua

Hitzarmen hau ahalik eta arinen berretsiko da, eta berrespenak Bernan gordailutuko dira.

Berrespen-instrumentu bakoitzaren gordailuaren agiria jasoko da, eta horren kopia, kopia zehatza dela egiaztatu ondoren, Suitzako Kontseilu Federalak igorriko die dagokien potentziei, horien izenean Hitzarmena sinatu bada edo horrekiko atxikimendua jakinarazi badute.

153. artikulua

Hitzarmen hau indarrean jarriko da, gutxienez, bi berrespen-instrumentu gordailutu eta sei hilabetera.

Geroago, indarrean jarriko da alderdi kontratugile goren bakoitzarentzat, berrespen-instrumentu gordailutu eta sei hilabetera.

154. artikulua

Hagako Hitzarmenek, 1899ko uztailaren 29koak zein 1907ko urriaren 18koak, lotzen dituzten potentzien arteko harremanetan, lehorreko gerraren lege eta ohituren inguruan, eta potentziok hitzarmen honen alderdiak badira, orduan, Hitzarmen honek osatuko du aipatutako Hagako Hitzarmenen eranskinak diren Erregelamenduaren II eta III. atalak.

155. artikulua

Hitzarmen hau, indarrean sartzen den datatik irekita geratuko da zein potentziaren izenean sinatu ez eta potentzia horren atxikimendua jasotzeko.

156. artikulua

Atxikimenduak idatziz jakinaraziko zaizkio Suitzako Kontseilu Federalari, horiek jaso eta sei hilabete geroago sortuko dituzte ondorioak.

Suitzako Kontseilu Federalak atxikimenduak jakinaraziko dizkie dagozkien potentziei, horien izenean Hitzarmena sinatu bada edo horrekiko atxikimendua jakinarazi badute.

157. artikulua

2 eta 3. artikuluetan ezarritako egoerek eragingo dute gordailututako berrespenak eta gatazkan dauden alderdien atxikimendu jakinaraziek berehalako ondorioak izatea, horiek liskarrak edo okupazioa hasi aurretik edo geroago egin arren. Gatazkan dauden alderdien berrespenen edo atxikimenduen jakinarazpenak, Suitzako Kontseilu Federalak egingo ditu, biderik azkarrena erabilita.

158. artikulua

Alderdi kontratugile goren bakoitzak Hitzarmen hau salatzeko ahalmena izango du.

Salaketa idatziz jakinaraziko zaio Suitzako Kontseilu Federalari, eta honek jakinaraziko die alderdi kontratugile goren guztien gobernuei.

Salaketak Suitzako Kontseilu Federalari jakinarazi zaionetik urtebete geroago sortuko ditu ondorioak. Dena den, potentzia salatzailea gatazkaren batean dagoenean, jakinarazitako salaketak ez du inolako ondoriorik sortuko, baldin eta bakea adostu ez bada eta, edozein kasutan ere, Hitzarmen honek babesten dituen pertsonen askatze- eta aberriratze-eragiketak amaitu ez badira.

Salaketak bakar-bakarrik balioko du potentzia salatzailearekiko. Ez du inolako ondoriorik sortuko gatazkan dauden alderdiek bete behar dituzten betebeharrekiko, jendeen arteko zuzenbidearen printzipioen arabera, printzipio horiek eratortzen baitira lehendik ezarritako usadioetatik, gizateriaren legeetatik eta jendearen kontzientziak sortutako iritzietatik.

159. artikulua

Suitzako Kontseilu Federalak Hitzarmen hau Nazio Batuen Idazkaritzara igorriko du, bertan erregistroa gauzatzeko. Era berean, Suitzako Kontseilu Federalak Nazio Batuen Idazkaritzari adieraziko dizkio Hitzarmen honen inguruan jasotzen dituen berrespen, atxikimendu eta salaketa guztiak.

Horren fede emanaz, behean sinatzen dutenek, bakoitzari dagozkion ahalorde osoak gordailutu eta gero, Hitzarmen hau sinatu dute.

Genevan egina, 1949ko abuztuaren 12an, frantsesez eta ingelesez. Jatorrizkoa Suitzako Konfederazioko artxiboetan gordailutu behar da. Suitzako Kontseilu Federalak Hitzarmenaren kopia bidaliko dio, kopia zehatza dela egiaztatu eta gero, estatu sinatzaile bakoitzari, bai eta Hitzarmenari atxikimendua eman dioten estatuei ere.

I. Eranskina

Osasun- eta segurtasun-gune eta herriei buruzko akordio egitasmoa

1. artikulua.- Osasun- eta segurtasun-guneak modu hertsienean gordeko dira kanpainan dauden indar armatuetako zauritu eta gaixoen baldintzak arintzeko, 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenaren 23. artikuluan eta gerra garaian pertsona zibilen babesari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenaren 14. artikuluan aipatzen diren pertsonentzat, eta gune eta kokapen horien antolakuntza eta administrazioaz arduratzen diren langileentzat, eta bertan bildutako pertsonen laguntzaz arduratzen direnentzat ere.

Hala ere, gune horien barnean bizileku iraunkorra duten pertsonek bertan bizitzeko eskubidea izango dute.

2. artikulua.- Edozein arrazoi dela eta, osasun- eta segurtasun-gune batean bizi diren pertsonek ez dute egingo, ez gune horren barnealdean ez eta kanpoaldean ere, eragiketa militarrekin edo gerrako materialaren ekoizpenarekin zuzeneko zer ikusia duen lanik.

3. artikulua.- Osasun- edo segurtasun-gune bat izendatzen duen potentziak beharrezko neurri guztiak hartuko ditu sarrera debekatzeko, gune horietan sartzeko edo bertan egoteko eskubiderik ez duten pertsona guztiei.

4. artikulua,- Osasun- eta segurtasun-guneek ondorengo baldintzak beteko dituzte:

a) gune horiek izendatu dituen potentziak kontrolatutako lurraldearen zati txiki bat baino ez dira izango.

b) ostatu aukerei dagokionez, ez dira toki jendetsuak izango;

c) helburu militarretatik eta instalazio industrial edo administratibo garrantzitsu guztietatik urrun eta gabetuak egongo dira;

d) ez dira egongo gerraren ibilbiderako, garrantzitsuak izan daitezkeen erregioetan.

5. artikulua,- Osasun- eta segurtasun-guneek ondorengo betebeharren menpe egongo dira:

a) gune horietan dauden lotura-bideak eta garraiobideak ez dira erabiliko langileak edo material militarra lekualdatzeko, halakoak igarotze bidean badira ere;

b) inolako inguruabarretan ez dira modu militarrean defendatuko.

6. artikulua.- Osasun- eta segurtasun-guneak hondo zuriaren gainean marra zeihar gorriekin seinaleztatuko dira, horiek kanpoaldean eta eraikinetan jarriko dira.

Bakarrik zauritu eta gaixoentzat gordetako guneak hondo zuriaren gainean gurutze gorriekin seinaleztatu daitezke (ilargi erdi gorriak, lehoiak eta eguzki gorriak).

Gauez, argiztapen egokiaren bitartez ere seinalezta daitezke.

7. artikulua.- Bake garaian edo liskarrak hasten direnean, potentzia bakoitzak alderdi kontratugile gorenei jakinaraziko die, euren kontrolpeko lurraldean izendatutako osasun- eta segurtasun-guneen zerrenda, eta gatazkak dirauen bitartean, izendatutako beste edozein guneren berri ere emango die.

Alderdi etsaiak, gorago aipatutako jakinarazpena jaso bezain laster, gunea legez eratua geldituko da.

Hala ere, kontrako alderdiak uste badu hitzarmen honetan xedatutako baldintzen bat, modu nabarmenean, ez dela betetzen, gunea aitortzeari uko egin diezaioke; gune hori zein alderdiren menpe egon eta alderdi horri berehalaxe jakinaraziko dio ezezkoa, edota bere aitorpena, 8. artikuluan eratutako kontrola ezartzearen menpe jarri dezake.

8. artikulua.- Kontrako Alderdiak izendatutako osasun- edo segurtasun-gune bat edo batzuk aitortu dituen potentzia bakoitzak, eskubidea izango du eskatzeko batzorde berezi batek edo batzuek egiazta ditzaten ea gune horiek hitzarmen honetan aipatutako baldintzak biltzen dituzten eta betebeharrak ere betetzen dituzten.

Horretarako, batzorde berezien kideek, une oro, gune ezberdinetan sartzeko askatasuna izango dute eta horietan etengabe bizi daitezke. Euren kontrol eginkizuna gauzatzeko erraztasun guztiak emango zaizkie.

9. artikulua.- Batzorde bereziek hitzarmen honen xedapenen aurkakoak iruditzen zaizkien egitateak frogatzen badituzte, gune hori zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri berehala jakinaraziko dizkiote eta, gehienez, bost eguneko epea emango diote, hori zuzentzeko; orobat, gune hori aitortu duen potentziari horren berri emango diote.

Epe hori igaro ondoren, gunea zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrek oharra kontuan hartu ez badu, kontrako alderdiak adierazi dezake ez duela bere burua behartuta ikusten, hitzarmen honen aurrean, gune horri dagokionez.

10. artikulua.- Osasun- edo segurtasun-gune bat edo batzuk izendatu dituen potentziak, eta horren kontrako potentziek, gune horien izatea jakinarazi bazaie, izendatuko dituzte edo potentzia neutral batzuen bidez izendaraziko dituzte, 8 eta 9. artikuluetan aipatutako batzorde berezien kide izan daitezkeen pertsonak.

11. artikulua.- Osasun- eta segurtasun-guneak ezin izango dira, inola ere, eraso, eta gatazkan dauden alderdiek beti babestu eta errespetatuko dituzte.

12. artikulua.- Lurralde baten okupazio kasuan, bertan dauden osasun- eta segurtasun-guneak babestuak izaten jarraitu beharko dute eta xede horretarako erabiltzen.

Hala ere, potentzia okupatzaileak horien erabilera eralda dezake, baldin eta bertan dauden pertsonen egoera bermatzen badu.

13. artikulua.- Hitzarmen hau aplikatuko zaie, berebat, Potentziek, osasun- eta segurtasun-guneen helburu berberekin, izendatzen dituzten herriei.

II. Eranskina

Barneratu zibilentzako sorospen kolektiboei buruzko erregelamendu egitasmoa.

1. artikulua.- Baimena emango da barneratuen batzordeek euren ardurapean dauden sorospen kolektiboak bana ditzaten administrazioaren alorrean bere barneratze-lekuari dagozkion barneratu guztien artean, barne hartuta ospitaletan, espetxeetan edo bestelako espetxe-establezimenduetan daudenak.

2. artikulua.- Sorospen kolektiboen bidalketen banaketa emaileen jarraibideen arabera eta barneratuen batzordeek ezarritako planen arabera egingo da; hala ere, mediku-sorospen banaketa, lehentasunez, mediku-buruekin bat etorriz gauzatuko da. Mediku-buruek jarraibide horiek indargabetu ditzakete ospitaleetan eta lazaretoetan, euren pazienteen beharrizanek hala eskatzen duten neurrian. Horrela definitutako esparruan, banaketa hau beti ekitatearen arabera egingo da.

3. artikulua.- Jasotako gaien kalitatea eta kopurua egiaztatzeko eta horren inguruan, emaileei igorriko zaizkien txosten zehatzak idazteko, barneratuen batzorde kideek baimena izango dute euren barneratze-lekuetatik gertu dauden geltokietara eta beste guneetara joateko, sorospen kolektiboen bidalketak heltzen diren guneetara, hain zuzen ere.

4. artikulua.- Barneratuen batzordeek beharrezko erraztasunak izango dituzte sorospen kolektiboen banaketa egin den egiaztatzeko, euren barneratze-lekuko azpi banaketa guztietan eta eranskin guztietan, euren jarraibideekin bat etorriz.

5. artikulua.- Baimena emango da barneratuen batzordeek bete ditzaten eta betearazi ditzaten, lan-destakamenduen batzorde horien kideen bidez edo lazareto edo ospitaleetako mediku-buruen bidez, halako formulario edo galdeketak. Horiek emaileei igorriko zaizkie eta sorospen kolektiboei buruzkoak izango dira (banaketa, beharrizanak, kopuruak,etab.) Halako formulario eta galdeketak, behar bezala beteta, emaileei igorriko zaizkie atzerapenik gabe.

6. artikulua.- Euren barneratze-lekuetako barneratuei sorospen kolektiboen banaketa zuzena bermatzeko eta aurre egin ahal izateko, kasuan-kasuan, barneratu berri gehiago heltzeak sor ditzakeen beharrizanei, barneratuen batzordeek sorospen kolektiboen erreserba nahikoak sortu eta mantentzeko baimena izango dute. Horretarako, biltegi egokiak izango dituzte; gordailu bakoitzaren ateak bi sarraila izango ditu; bateko giltza, barneratuen batzordeak izango du, eta besteko giltza, barneratze-lekuko komandanteak.

7. artikulua.- Alderdi kontratugile gorenek eta, batik bat, atxiloketa egin duten potentziek, ahal den neurrian, eta biztanleria hornitzeari buruzko erregelamentazioari kalterik egin gabe, bere lurraldean egindako erosketa guztiak baimenduko dituzte, barneratuei sorospen kolektiboak banatzeko; era berean, funtsen lekualdaketak eta bestelako finantza-neurriak, neurri tekniko edo administratiboak erraztuko dituzte, erosketa horiei dagokienez.

8. artikulua.- Aurreko xedapenek ez dute gutxiesten barneratuek duten eskubidea sorospen kolektiboak jasotzeko, barneratze-leku batera heldu aurretik edo lekualdaketan zehar. Ez du gutxiesten ere, potentzia babeslearen ordezkariek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen ordezkariek edo barneratuei laguntza ematen dien beste edozein erakunderen ordezkariek duten aukera, erakunde horiek sorospenak eskualdatzeko ardura badute, zertarako eta, egoki iritzi duten beste edozein bide dela medio, sorospen horien banaketa bermatzeko, hartzaileen eskura hel daitezen.

euskal legezalea