132006forulegea,

13/2006 Foru Legea, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko 22/1998 Foru Legea aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

13/2006 FORU LEGEA, abenduaren 30ekoa, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGARI BURUZKO ABENDUAREN 30EKO 22/1998 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

Foru lege honek aldaketa nabarmenak dakarzkio pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari, helburu hauek betetzeko asmoz:

1. Proposatzen den zergen murriztapenari esker zergadunek baliabide gehiago izanen dituzte, eta horrek barne-eskaria sustatuko du hala kontsumoan nola inbertsioetan. Horrenbestez, jarduera handituko da eta lanpostu gehiago sortuko dira. Era berean, "zerga-arraila" txikiagotzen lagunduko du, hots, enpresa batek langile bati dagokionez bere gain hartzen duen lan-kostu osoaren eta langile horrek jasotzen duen soldata garbiaren arteko aldea. Horrek guztiak hazkunde ekonomikoa ekarriko du eta, horrekin batera, interes-tasak ere igoko dira seguruenik.

Zergadunek eskura duten errentaren hazkundeak norberaren eta familien aurrezkiak ere handituko ditu, bai epe luzerakoak, bai epe laburrerakoak.

2. Zergaren tarifa aldatzea eta norberaren eta familiaren gutxienekoak igotzea. Bi neurri horiek familien egoera hobetzen dute eta, azken lau urteotako inflazioaren eraginez, errenta izendunak igotzearen ondoriozko presio fiskalaren hazkundearen ondorioak saihesteko asmoa dute orobat. Azken finean, "hotzezko gehikortasuna" saihestea da helburu nagusia.

3. Beren inguruabar pertsonalak direla-eta berariazko tratua behar duten gizatalde batzuen zerga-egoera hobetzea, esaterako ezgaitasunak dituztenak, menpekotasuna dutenak, hirugarren adinekoak, familia ugariak, besteren konturako langileak eta alargun-pentsioa jasotzen dutenak. Berritasun adierazgarri bat nabarmendu beharra dago: menpekotasun handiko arriskuaren estaldura pribaturako egiten den pizgarria.

4. Zergaren gehikortasunari eutsi eta are indartzea ere, izan ere zergen murriztapena proportzioz handiagoa baita errenta baxuetan errenta altuetan baino.

5. Zerga-bilketako nahikotasunaren printzipioa babestea. Pertsona fisikoen errentaren gaineko Zerga jarduera ekonomikoa bizkortu eta sustatzeko tresna gisa erabiltzen da, baita karga fiskalaren banaketa bidezkoa egiteko ere, baina aldi berean zerga-bilketako nahikotasuna eta beharrezkoa den diziplina fiskala bermatu behar dira, nafarren ekonomia eta gizarte ongizateari laguntzeko politikei heldu ahal izateko behar adina baliabide edukitze aldera.

Foru legeak artikulu bakarra du eta bi azken xedapen. Ezartzen dituen aldaketa zehatzei dagokienez, menpekotasunen bat duten pertsonak babesteari buruzkoak daude lehenbizi. Artikulu bakarraren lehenengo idatz-zatian beste salbuespen kasu bat sartzen da zergari buruzko foru legearen 7. artikuluan. Halatan, salbuetsirik egonen dira zerbitzuari atxikiriko prestazio ekonomiko publikoak, menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta laguntza emateari buruzko legetik heldu direnak. Salbuetsirik deklaratu dira senide batek zaintzeagatik onuradunak hartzen ahalko dituen prestazio ekonomiko publikoak, bai eta onuradunaren asistentzia pertsonalizatuari buruzkoak ere.

Bigarren idatz-zatiaren bidez beste prestazio bat eransten zaio 14. artikuluko 2. idatz-zatiaren a) letran agertzen den zerrendari; horren helburua da laneko errendimendutzat kalifikatzea menpekotasun-aseguruen onuradunek jasotzen dituzten prestazioak, menpekotasunari buruzko araudian xedatzen denarekin bat.

Halaber, hirugarren idatz-zatian xedatutakoarekin bat, orobat deklaratu dira salbuetsirik menpekotasun larriko egoeran nahiz menpekotasun handiko egoeran dauden pertsonek ohiko etxebizitza eskualdatzearen ondorioz izaten dituzten ondare-gehikuntzak, haien adina kontuan hartu gabe.

Foru legearen laugarren eta bosgarren idatz-zatiek zergan ezarrita dauden gutxieneko pertsonal eta familiarrak igotzea dute xede. Gutxieneko horiek zuzeneko lotura dute subjektu pasiboaren betebehar ekonomiko pertsonal eta familiarrekin, izan ere, betebehar horiek modulatu eta baldintzatzen baitute subjektu pasiboaren errenta. Hori dela eta, errentaren gaineko zergak, zergadunaren benetako ahalmen ekonomikoa kargatzen duenez, benetan eskura dagoen errenta finkatu behar du lehendabizi, hau da, subjektu pasiboaren gutxieneko pertsonal eta familiarrak deskontatu behar ditu errenta osotik. Erreformaren ondorioz, gutxieneko pertsonal eta familiarrak eguneratu dira, 2003tik aldatu gabe baitzeuden, eta gehiago igo dira ezgaitasunak dituztenen, hirugarren adinekoen eta familien gutxienekoak. Aitari edo amari dagokion gutxieneko pertsonala ere igo da, guraso bakarreko familietan, bederatzigarren idatz-zatian xedatutakoarekin bat.

Seigarren idatz-zatiak 59. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen du eta zergaren tarifa berria finkatzen du. Gutxieneko tasa 100eko 13koa izanen da, aurrekoa baino puntu bat gutxiago alegia, eta gehienekoa, berriz, 100eko 42koa, aurrekoa baino bi puntu gutxiago alegia. Tarifak sei tarte ditu (lehen baino bat gutxiago), tasa marjinalak murriztu dira eta tarteak handitu. Adierazi beharra dago ezen, tarifa berriaren arabera, murrizpena handiagoa izanen dela tarte baxuetan altuetan baino.

Beste aldaketa nabarmen bat lan kenkariaren araubideari dagokio, eta zazpigarren idatz-zatian egiten da. Aldaketa nabarmenena da kenkari orokorra 685 eurotik 700 eurora igotzen dela. Dena dela, igoera handiagoa izanen da 9.100 euroko edo hortik beheitiko laneko errendimendu garbiak dituzten subjektu pasiboentzat, kenkaria 850 eurokoa izanen baita. 9.100,01 eta 10.600 euro bitarteko laneko errendimendu garbiak dituzten subjektu pasiboentzat, berriz, kenkaria progresiboa izanen da: kenkaria 850 eurokoa izanen da, eta horri formula honetatik ateratzen dena kenduko zaio: etekin garbien eta 9.100ren ateko aldea bider 0,1. Langile aktibo gisa jasotzen dituzten laneko errendimenduak ateratzen dituzten subjektu pasiboen laneko kenkaria ere igo da, baldin eta 100eko 33tik 100eko 65era bitarteko minusbaliotasuna frogatzen badute, 1.085 eurotik 1.500 eurora igo baita.

Zortzigarren idatz-zatiaren bidez, zergari buruzko foru legearen 67. bis artikulua aldatzen da, alargun pentsioen ondoriozko kenkariari buruzkoa dena. Testu berriaren arabera, prestazio publiko horietarako erreferentea lanbide arteko gutxieneko soldata izanen da, hain zuzen ere kasuan kasuko urtean kontzeptu horregatik kobratu dena.

Azken xedapenak erregelamenduzko gaikuntzari eta foru lege honek indarra hartzeari buruzkoak dira.

Artikulu bakarra. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen aldaketa.

2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen manu ondotik heldu direnek ondoko testua izanen dute:

Bat._7. artikuluari s) letra gehitu zaio.

"s) Zerbitzuari atxikiriko prestazio ekonomiko publikoak, laguntza familian eta modu pertsonalizatuan jasotzekoak, menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta laguntza emateari buruzko legetik heldu direnak."

Bi._Prestazio bat gehitu da (zazpigarrena) 14. artikuluko 2.

idatz-zatiko a) letrako zerrendan.

"7.a. Menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta laguntza emateari buruzko legean xedatzen denaren arabera, menpekotasun-aseguruen onuradunek jasotzen dituzten prestazioak."

Hiru._39. artikuluko 5. idatz-zatiko b) letra aldatu da.

"b) Hirurogeita bost urtetik goitikoek edo menpekotasun larriko egoeran nahiz menpekotasun handikoan dauden pertsonek ohiko etxebizitza eskualdatzen dutenean, menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta laguntza emateari buruzko legean xedatzen denaren arabera."

Lau._55. artikuluaren 3. idatz-zatia aldatu da.

"3. Gutxieneko pertsonalarengatik.

Oro har, gutxieneko pertsonala subjektu pasibo bakoitzeko 3.700 eurokoa izanen da urtean.

Zenbateko horri honako hauek gehituko zaizkio:

a) 900 euro hirurogeita bost urte edo gehiago dituzten subjektu pasiboentzat. Zenbatekoa 2.000 eurokoa izanen da subjektu pasiboak hirurogeita hamabost urte edo gehiago baldin baditu.

b) 2.500 euro subjektu pasibo ezgaituentzat, baldin eta egiaztatzen badute minusbaliotasuna 100eko 33koa edo handiagoa eta 100eko 65ekoa baino txikiagoa dutela. Zenbateko hori 9.000 eurokoa izanen da subjektu pasiboak egiaztatzen badu minusbaliotasuna 100eko 65ekoa edo handiagoa dela."

Bost._55. artikuluaren 4. idatz-zatia aldatu da.

"4. Gutxieneko familiarrarengatik:

1. Hauxe da gutxieneko familiarra:

a) Subjektu pasiboarekin bizi eta urteko errenta, salbuetsiak kenduta, ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa baino altuagorik jasotzen ez duen aurreko ahaide bakoitzeko, zenbateko hauetako bat:

_900 euro, baldin eta aurreko ahaideak hirurogeita bost urte edo gehiago baditu edo, gazteagoa izan arren, idatz-zati honetako c) letran aurreikusitako zenbatekoak aplikatzeko eskubidea izateko baldintzak betetzen baditu.

_2.000 euro, baldin eta aurreko ahaideak hirurogeita hamabost urte edo gehiago baditu.

Aurreko ahaide horiek familia unitate baten parte badira, letra honetan aurreikusitako errenten muga ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa halako bi izanen da, familia unitate osorako.

b) Hogeita hamar urte baino gutxiagoko ondorengo ahaide ezkongabe bakoitzeko, baldin eta subjektu pasiboarekin bizi bada eta ondorio askotarako errenta-adierazle publikotik goragoko urteko errentarik jasotzen ez badu, salbuetsiak bazter utzirik:

_1.650 euro urtean lehenbizikoagatik.

_1.750 euro urtean bigarrenagatik.

_2.500 euro urtean hirugarrenagatik.

_3.350 euro urtean laugarrenagatik.

_3.800 euro urtean bosgarrenagatik.

_4.400 euro seigarrenagatik eta ondokoengatik.

Zenbateko horiek orobat aplikatuko dira ondorengo ahaide ezkongabe bakoitzeko, haren adina zein ere den, baldin eta eskubidea badu ondoko c) letran aurreikusitako kenkariak baliatzeko.

Horretaz gain, letra honetan ezarritako zenbatekoak aplikatzeko eskubidea ematen duten hiru urte baino gutxiagoko ondorengo ahaide edo haur adoptatu bakoitzeko, 2.200 euro urtean. Adopzio kasuetan, Erregistro Zibilean izena ematen den zergaldian eta hurrengo bietan aplikatuko da murriztapen hori.

c) Subjektu pasiboarekin bizi den ondorengo ahaide ezkongabe edo aurreko ahaide bakoitzeko, haren adina zein ere den, 2.200 euro urtean, arestiko letretan xedatutakoari jarraikiz bidezkoak diren zenbatekoez gain, baldin eta ondoko baldintzak betetzen badituzte: horien urteko errentak, salbuetsiak izan ezik, kasuan kasuko zergaldian, ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa baino handiagoak ez izatea, ezgaitasunen bat izatea eta duten minusbaliotasun maila 100eko 33koa edo handiagoa eta 100eko 65ekoa baino txikiagoa dela egiaztatzea. Zenbateko hori 7.700 eurokoa izanen da urtean, egiaztatutako minusbaliotasun maila 100eko 65ekoa edo handiagoa bada.

Aurreko ahaide horiek familia unitate baten parte badira, aurreko lerroaldean aurreikusitako errenten muga ondorio askotarako errenta-adierazle publikoaren halako bi izanen da, familia unitate osorako.

Aurreko b) eta c) letretan xedatutakoaren ondorioetarako, ondorengo ahaideen sailkapen berean sartuko dira aplikatzekoa den legedi zibilean ezarritako terminoetan egindako tutoretza, umeordetze edo harrera kasuengatik subjektu pasiboarekin lotutako pertsonak, aurreko edo ondorengo ahaideak ez direnak.

d) Subjektu pasiboak urtean 2.200 euroko murriztapena baliatzeko eskubidea izanen du, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak ezarritako irizpide eta baremoen arabera pertsona lagundutzat hartzen den ahaide bakoitzeko, baldin eta aipatu subjektu pasiboarekin bizi bada.

Murriztapena pertsona lagunduaren ezkontideak edo bikote iraunkorrak baliatuko du, edo, horrelakorik ez badu, gradu hurbileneko ahaideak.

Murriztapen hori ezin izanen da baliatu baldin eta lagundutako pertsonaren ahaideren batek pertsona horrengatik idatz-zati honetako c) letran ezarritako gutxieneko familiarraren murriztapena baliatzen badu.

Pertsona lagundua dela justifikatu egin beharko da Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak ekitaldi bakoitzean emandako ziurtagiriaren bidez.

2. Bi subjektu pasibok edo gehiagok baldin badute gutxieneko familiarrak aplikatzeko eskubidea, zenbatekoa haien artean banatuko da zati berdinetan.

Nolanahi ere, subjektu pasiboek ahaidetasun gradu desberdina baldin badute aurreko ahaidearekin, ondorengoarekin edo pertsona lagunduarekin, gutxieneko familiarra gradurik hurbilenekoei aplikatuko zaie, non eta horiek ez duten ondorio askotarako errenta-adierazleaz goitiko errentarik (salbuetsiak alde batera utzita), kasu horretan hurrengo gradukoei aplikatuko baitzaie.

Subjektu pasibo bakoitzaren gutxieneko pertsonal eta familiarra idatz-zati honen eta aurrekoaren arabera aplikatu beharreko zenbatekoen batura izanen da."

Sei._59. artikuluaren 1. idatz-zatia aldatu da.

"1. Likidazio-oinarri orokorrari ondoko eskalan adierazten diren karga-tasak aplikatuko zaizkio:

3.600 13

3.600 468 4.400 22

8.000 1.436 8.500 25

16.500 3.561 12.500 28

29.000 7.061 14.500 36

43.500 12.281 Gainerakoak 42"

Zazpi._62. artikuluaren 5. idatz-zatia aldatu da.

"5. Laneko kenkariak.

1. Laneko errendimenduak lortzen dituzten subjektu pasiboek diru-kopuru hauek kentzen ahalko dituzte:

a) 9.100 euroko edo hortik beherako laneko errendimendu garbiak dituzten subjektu pasiboak: 850 euro.

b) 9.100,01 eta 10.600 euro bitarteko laneko errendimendu garbiak dituzten subjektu pasiboak: 850 euro ken errendimendu garbi horien eta 9.100en arteko diferentzia bider 0,1en emaitza.

c) 10.600 eurotik gorako laneko errendimendu garbiak dituzten subjektu pasiboak: 700 euro.

2. Minusbaliotasun maila 100eko 33koa edo handiagoa eta 100eko 65 baino txikiagoa izanik, jarduneko langile gisa aritu eta laneko errendimenduak lortzen dituzten subjektu pasiboen kasuan, aurreko idatz-zatian aipatzen den kenkaria 1.500 eurokoa izanen da. Minusbaliotasun maila 100eko 65ekoa edo handiagoa dutenentzat kenkaria 3.000 eurokoa izanen da.

3. Bosgarren idatz-zati honetan aurreikusitako kenkariaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu 59. artikuluko 2. idatz-zatiak aipatzen duen batez besteko karga-tasa zergapeturiko laneko errendimendu garbiei aplikatzetik heldu den emaitza."

Zortzi._67. bis artikulua aldatu da.

"67. bis artikulua. Alargun pentsioen ondoriozko kenkaria.

1. Kasuan kasuko kuota diferentziala finkatu ondoren, alargun-pentsioa jasotzen duten subjektu pasiboek, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onetsi zuen ekainaren 20ko Legegintzako 1/1994 Errege Dekretuaren 50. artikuluan aipatutako osagarriak jasotzeko eskubidea badute, kenkari gehigarria egiten ahalko dute, kasuan kasuko pentsio motarentzat finkatutako gutxieneko zenbatekoaren eta lanbide arteko gutxieneko soldataren arteko diferentzia adinakoa, kasu bietan urteko kopuruak kontuan harturik.

Aurreko lerrokadan ezarritako kenkaria kalkulatzeko, alargun-pentsioa ez baldin bada jaso zergaldi osoan, zenbateko hori urtera eramanen da. Kasu horretan, zergaldian zehar alargun-pentsioa jasotzeko eskubidea ematen duten egunen kopuruaren arabera kalkulatuko da kenkaria.

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari eskatu ahalko zaio kenkari hori aldez aurretik ordain dezala. Kasu horretan ez da zergako kuota diferentzialaren gaineko kenkaririk eginen.

Kenkaria baliatzeko prozedura erregelamendu bidez arautuko da, bai eta aldez aurretiko ordainketa eskatzeko eta lortzeko prozedura ere.

2. Gizarte Segurantzatik kasuan kasuko pentsio motarentzat finkatutako gutxienekoa baino gehiagoko alargun pentsioak eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiagokoak jasotzen dituzten subjektu pasiboek zilegi dute kenkari gehigarria egitea, jasotako pentsioaren zenbatekoaren eta lanbide arteko gutxieneko soldataren arteko diferentzia adinakoa, kasu bietan urteko kopuruak kontuan harturik.

Kenkari hori egin ahal izateko, beharrezkoa izanen da subjektu pasiboek ez jaso izana zergaldian, alargun-pentsioaz gain, lanbide arteko gutxieneko soldata baino gehiagoko beste errentarik, salbuetsiak alde batera utzita.

Idatz-zati honetan araututako kenkaria ezin izanen da aldez aurretik abonatu.

Alargun-pentsioa ez bada zergaldi osoan jaso, artikulu honetako 1. idatz-zatiaren bigarren lerrokadan ezarritakoari jarraituko zaio.

Kenkari hori baliatzeko prozedura erregelamendu bidez ezarriko da."

Bederatzi._75. artikuluko 7. araua aldatu da.

"7. 71. artikuluko 1. idatz-zatiaren c) letran aipatzen diren familia unitateen kasuan, aitari edo amari dagokion gutxieneko pertsonala, zeina 55. artikuluko 3. idatz-zatian ezartzen baita, 2.400 euro igoko da. Igoera hori ez da gertatuko aita eta ama elkarrekin bizi badira."

Azken xedapenetan lehenbizikoa._Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio behar adina xedapen eman ditzan foru lege hau garatu eta betearazteko.

Azken xedapenetan bigarrena._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2006ko abenduaren 11n.__Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea