22005foruaraua,bizkaiko

2/2005 Foru Araua, Bizkaiko lurralde historikoko zergei buruzkoa

Bizkaiko Batzar Nagusiak

MARTXOAREN 10EKO 2/2005 FORU-ARAUA, BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOKO ZERGEI BURUZKOA

(49 zenbakidun BAO, 2005.eko martxoaren 11koa)

HITZAURREA

I

Zergei buruzko Foru Arau Orokorrak Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-sistemaren printzipio eta arau juridiko orokorrak ezartzen ditu. Ondorioz, zerga-sistemaren alderdi orokorrak (sistema osatzen duten figura guztien¬tzat berberak direnak) eta Zerga Administrazioaren eta zergadunen arteko harremanak araupetzeko arauak jasotzen dituen erreferentzia-eremua da. Horrez gain, denek errespetatu eta bete beharreko eskubideak eta betebeharrak zehazten ditu.

Halaber, batetik zergak behar bezala aplikatzeko Zerga Administrazioaren jarduera zuzendu behar duten prin¬tzipio orokorrak jasotzen ditu (zergak kudeatzeko, ikuska¬tzeko, biltzeko eta berrikusteko administrazio-prozedurak diseinatzen ditu) eta bestetik zehatzeko ahalaren oinarriak finkatzen ditu (arau-hausteak tipifikatzen ditu eta arau-hauste bakoitzean aplikatu beharreko zehapenak ezar¬tzen).

Gaur arte, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 26ko 3/1986 Foru Arau Orokorrak bete ditu, eta oso ondo gainera, aipatu zeregin horiek guztiak eta, era berean, Bizkaiko Lurralde Historikoko ogasunen (bai Bizkaiko Foru Ogasunarena eta bai Lurralde Historikoko toki-entitateena ere) jardunbide egokia ahalbidetu eta bermatu du.

Indarrean egon den aldi luze horretan zehar foru arau horrek hainbat aldarazpen izan ditu, esate baterako apirilaren 19ko 1/1996 Foru Arauaren eta otsailaren 15eko 2/1999 Foru Arauaren bitartez garai berrietara eta Bizkaiko antolamenduaren bilakaera juridiko eta sozio-ekonomikora egoki¬tzeko egindakoak.

II

Egun, Zerga Administrazioaren kudeatzeko moduak aldatu egin dira, Zerga Administrazioaren eta zergadunen arteko harremanetarako teknologia berriak agertu dira, informazioa erabiltzeko bide berriak hartu dira eta gure inguruko zerga-sistemen printzipio nagusietan ere aldaketak egin dira. Bada, faktore horiek kontuan hartuta, gure zerga-sistemaren esparru juridiko osoa berrikusi behar dugu.

Berritze-lan handi honen bidez Aldundiak ondoko helburuak lortu nahi ditu:

- Zergadunek euren zerga-betebeharrak erraz bete ahal izatea. Horretarako, ordaintzeko eta errekur¬tsoak jartzeko epeak bateratuko dira eta berrazter¬tzeko bidean eta bide ekonomiko-administratiboan dauden administrazio-egintzen betearazpenaren etenduraren erregimena arautuko da.

- Zerga Administrazioaren jardunbidea eraginkorra izatea. Helburu hau lortzeko, zergak aplikatzeko prozedurak erraztuko dira administrazioak jarduteko moduetara egokitzeko eta horiek garatu behar dituzten organoen eguneroko kudeaketa bizkortzeko.

- Pizgarriak ematea zergadunek zerga-betebeharrak euren borondatez betetzeko. Horretarako, aitorpenak Zerga Administrazioak errekerimendua bidali baino lehen aurkeztea bultzatuko da eta gerorapenak edo zatikapenak emateko erregimena malgutuko da.

- Segurtasun juridikoa eta zergadunei ematen zaizkien arreta eta laguntza hobetzea. Ildo horretan, ondoko neurriak sartu dira: Administrazioak zerga-zorra zehazteko ahala iraungitzea, zerga-ordainketarako aurretiazko proposamenak eta etendura automatiko eta bermerik gabea zergapekoak Foru Ogasunari ordaindu beharrekoa beste zerga administrazio bati ordain¬tzen dionean.

- Iruzurrak jazartzea. Zergen arloko lege-iruzurraren ordez itzurpenaren aurkako klausula berria ezarriko da, aurrearretaz jarduteko aukerak indartu dira kautelazko neurriak emateko bideak orokortuta, kudeaketa-organoek kontabilitatearen kopia berrikusi ahal izatea ezarriko da eta erantzukizunen erregimena gogortuko da, iruzur jakin batzuk gerta ez daitezen.

- Iruzurrak zigortzea. Xede horretarako, preskripzio-aldia lau urtera luzatuko da, iruzurraren aurka borrokatzeko aldizkako plana landuko da eta zehapenak zabalduko dira (zehapenaren gehieneko muga %200ean finkatuko da).

- Zerga Administrazioaren eta zergadunen arteko harremanetan teknika eta bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabil eta aplika daitezen sustatzea.

III

Aipatu aurreoinarri horiek kontuan hartuta, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokor berria taxutu da egitura honekin: bost titulu, berrehun eta berrogeita zazpi artikulu, hogeita hiru xedapen gehigarri, sei xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bi.

I. tituluan Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-ordenamenduaren xedapen orokorrak ezarri dira; hain zuzen ere, haren printzipio nagusiak eta zergei buruzko arauen aplikazioarekin eta interpretazioarekin lotuta dauden alderdi guztiak bildu dira.

II. tituluan zergen arloko xedapenak arautu dira, legeen eta zergen arteko harremanak eta horien ondoriozko betebeharrak zehaztu dira, eta zergapekoen, zerga-zorra zenbatzeko elementuak, zorra kitatzeko bitartekoak eta hura babesteko bermeak arautu dira.

III. tituluan zergak aplikatzeko kontzeptua landu da. Hain zuzen ere, kontzeptu horren barruan sartzen dira Zerga Administrazioak zergadunei informazioa eta lagun¬tza emateko eta zergak kudeatzeaz eta ikuskatzeaz gain zergak biltzeko burutzen dituen jarduerak. Beraz, 1986ko Foru Arauan jasotzen zen zerga-kudeaketari buruzko kontzeptu zabala alde batera utziko da aurrerantzean.

Ildo horretan, zergak aplikatzeko prozeduren eta jardunen barruan, zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko prozeduren sistematizazioa azpimarratu behar dugu, eta horietako garrantzitsuenak kategorizatu eta berrikuntzak sartu, hala nola: kudeaketa-organoen egiaztapen mugatuaren prozedurak eta zergen ikuskapenerako egiaztapen murriztuaren prozedurak.

Ikuskapenaren arloan, gainera, ordaintzeko konpromisodun adostasun-akta berriak aipatu behar dira. Akta hauek modu eraginkorrean bermatu nahi dute ikuskapenean antzemandako zerga-zorren kobrantza, izapideak erraztuta, eta eragin garrantzitsua edukiko dute egin diren arau-hausteen zehapenen txikipenean.

IV. tituluan Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga administrazioen zehatzeko ahala arautzen da, betiere zehapen-erregimena errazagoa izan dadin eta ondorioz eraginkorragoa arau-hausteak ekiditeko.

Jarraian arlo honetan izan diren berrikuntzarik garrantzitsuenak azalduko dira:

- Zergen arloko arau-hausteen kategorizazioa erraztea eta arau-hauste jakin bati zein zehapen dagokion zehazteko aplikatu behar diren mailakatze-irizpideak gutxitzea (berrerortzea, datuak ezkutatzea eta arau-haustea egitean iruzurrez edo bitarteko pertsona baten bidez jokatzea).

- Txikipen sistema berri bat ezartzea. Sistema hori, batetik, aplikatu beharreko arautegian ezartzen den zerga-kopurua ez ordaintzeagatik sortutako arau-hausteei dagozkien zehapenekin ados egon eta zerga-zorra ordaindu osteko txikipenari aplikatuko zaio; aurreko arautegian ezarritakoa baino onuragarriagoa den txikipen hau aplikatu ahal izateko, zergadunak ez du errekurtsorik jarri behar eta zorra eta zehapena borondatezko epe barruan ordaindu behar ditu. Bestetik, gainerako kasuetako zehapena ordaintzearen ondoriozko txikipen berriari aplikatuko zaio sistema; horrela, kontzeptu horien zioz zordundu diren zenbatekoak ogasun egokian sartzea sustatuko da.

Foru arau honetako V. tituluan zergen arloko berrikuspenerako prozedura guztiak arautzen dira, bai Zerga Administrazioak bere arioz hasten dituenak, bai interesdunek eskatuta sustatzen direnak (aurkezten dituzten errekurtsoak eta erreklamazioak barne). Berrikuntza gisa azpimarratu behar dira, gainera, zergen arloan ezeztapena ematen duenaren gaineko araupeketa eta Bizkaiko Lurralde Historikoko ogasunak administrazio-egintzak berrikusteko prozedurak administrazio-prozedura erkideari buruzko legerian arautzen diren administrazio-egintzak berrikusteko arau orokorretara egoki¬tzeko egiten ari diren ahaleginak.

Azkenik, Zergei buruzko Foru Arau Orokor honen bidez egiten den araupeketak Zerga Administrazioarentzat eta zergadunentzat dituen garrantzia eta eragina kontuan hartuta, ohikoa baino luzeagoa den vacatio legis aldia ezarri da eta, horrenbestez, foru arau hau 2005eko uztailaren 1etik aurrera aplikatuko da.

I. TITULUA

ZERGA-ORDENAMENDUAREN XEDAPEN OROKORRAK

I. KAPITULUA

PRINTZIPIO OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua

Foru arau honek Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-sistemaren printzipio eta arau juridiko orokorrak ezartzen ditu, eta zergen arloko foru administrazioari aplikatuko zaio.

Bizkaiko toki-entitateei ere aplikatuko zaie, Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-ogasunen arautegian ezarritakoaren arabera.

2. artikulua. Zerga-sistemaren antolamenduaren eta aplikazioaren printzipioak

1. Zerga-sistemaren antolamendua zergak ordaindu behar dituzten pertsonen ahalmen ekonomikoan eta justizia, orokortasun, berdintasun, aurrerakortasun, zerga-zamaren banaketa zuzenaren eta konfiskazio ezaren printzipioetan oinarritzen da.

2. Zerga-sistemaren aplikazioa proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren eta betebehar formalak betetzetik eratorritako zeharkako kostuak mugatzearen printzipioetan oinarrituko da; zerga-sistema aplika¬tzean zergapekoen eskubideak eta bermeak errespetatu behar dira.

3. artikulua. Zergen arloko ahala

1. Bizkaiko Batzar Nagusiek dute lurralde historiko honetako zerga-erregimena zaintzeko, ezartzeko eta arautzeko ahala, betiere Kontzertu Ekonomikoan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-entitateek zergak ezarri eta eskatu ahal izango dituzte ordenamendu juridikoaren arabera.

3. Zuzenbide publikoko gainerako erakundeek ere zergak eskatu ahal izango dituzte, foru arau batek hala ezarriz gero.

4. artikulua. Arauak emateko ahala

1. Foru Aldundiak du zergei buruzko arauak emateko ahala, Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuak proposaturik, toki-entitateek toki-zergak arautzen dituzten zerga-ordenantzak emateko ahalmenak eragotzi gabe.

2. Foru arau batek, edo araudi batek, berariaz xedatuz gero, Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuak zergen arloko xedapenak eman ahal izango ditu.

5. artikulua. Zerga Administrazioa

1. Foru arau honen ondoreetarako, III., IV. eta V. tituluetan araututako eginkizunak dituzten organoek osatzen dute Zerga Administrazioa.

2. Foru Aldundiaren eskumenen eremuan, Ogasun eta Finantza Sailari dagozkio zergen aplikazioa eta zehapenak ezartzeko ahala, foru arau bidez Zuzenbide Publikoko beste organo edo erakunde bati berariaz eratxiki ezean.

3. Foru Aldundiak Estatu osoan erabiliko ditu zergak aplikatzeko eta zehapenak ezartzeko eskumenak, betiere Kontzertu Ekonomikoan ezarritakoari lotuta.

4. Toki-entitateek iturri-sistemaren arabera aplikatu beharreko arautegian ezarritako irismenarekin eta bertan ezarritakoarekin bat etorriz erabiliko dituzte zergak aplikatzeko eta zehapenak ezartzeko eskumenak.

5. Foru Aldundia gainerako zerga administrazioekin lankidetzan ariko da zergak ordenamendu juridikoan ezarritakoaren arabera aplikatzeko. Halaber, toki-entitateen arteko eta hauen eta Foru Aldundiaren arteko lankidetzak ezarri ahal izango dira zergak aplikatzeko.

II. KAPITULUA

ZERGEI BURUZKO ARAUAK

LEHENENGO ATALA

ARAU-ITURRIAK

6. artikulua. Zerga-ordenamenduaren iturriak

1. Zergetan, izaera gorabehera, jarraian adieraziko direnak izango dira aginduzko:

a) Konstituzioa, Autonomia Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoa.

b) Eusko Legebiltzarrak lurralde historikoetako erakundeen arteko koordinaziorako, zerga-harmonizaziorako eta lankidetzarako ematen dituen arauak.

c) Foru arau hau, zerga bakoitza arautzen duten foru arauak eta zergen arloko xedapenak dituzten gainerako foru arauak.

d) Aurrekoak garatzeko asmoarekin ematen diren arauzko xedapenak, eta toki-zergen esparruan zerga-ordenantzak.

2. Zergei buruzko klausularen bat duten nazioarteko tratatuak edo hitzarmenak aplikatuko dira eta, batez ere, zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenak, barruko ordenamendu juridikokoak badira.

3. Europako Batasunak eta zergen esparruko eskumenak dituzten nazioarteko zein nazioz gaindiko beste erakunde batzuek ematen dituzten arauak aplikatuko dira.

4. Bestalde, Administrazio Zuzenbideko xedapen orokorrak eta Zuzenbide Erkideko manuak ordezkoak izango dira.

7. artikulua. Zergei buruzko foru araua noiz eman

Foru arau bidez arautuko dira:

a) Zerga-egitatearen, sortzapenaren, zerga-oinarriaren eta likidazio-oinarriaren mugaketa, karga-tasaren eta zerga-zorraren zenbatekoan zuzeneko eragileak diren gainerako elementuen finkapena (konturako ordainketen zenbatekoa izan ezik), eta aurkako frogarik onartzen ez duten presuntzioen ezarpena.

b) Zergen arloan konturako ordainketak egin beharra sortzen duten kasuak.

c) Foru arau honetako 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako zergapekoen eta erantzuleen zehaztapena.

d) Salbuespenen, txikipenen, hobarien, kenkarien eta gainerako zerga-onura eta zerga-pizgarrien ezarpena, aldaketa, ezabatzea eta luzamendua.

e) Errekarguen eta berandutza-interesak ordaindu beharraren ezarpena eta aldaketa.

f) Preskripzio eta iraungipen-epeen ezarpena eta aldaketa; baita preskripzio epeen zenbaketa geldiarazteko eta iraungipen-epeak eteteko arrazoien ezarpena eta aldaketa ere.

g) Zergen arloko arau-hausteen eta zehapenen ezarpena eta aldaketa.

h) Zerga-betebehar nagusiak eta konturako ordainketak betetzeari buruzko aitorpenak eta autolikidazioak aurkeztu beharra.

i) Zerga-betebeharrak ez betetzeak egintza edo negozio juridikoen eraginkortasunean izan ditzakeen ondorioak.

j) Zergen ondorioz norbanakoen artean sortzen diren betebeharrak.

k) Zerga-zorren barkamena eta luzamendu eta kiten emakida orokorra.

l) Ekonomia-administrazioko erreklamazioa eragin dezaketen egin¬tzen zehaztapena.

m) Zergen arloko esku-hartze iraunkorrak ezartzea dakarten kasuak.

8. artikulua. Zergen arloko foru dekretu arauemaileak

1. Foru Aldundiak ondoko kasuan eman ahal izango ditu zergei buruzko foru dekretu arauemaileak: helburu bakarra Bizkaiko Lurralde Historikoko legeria egokitzea denean, baldin eta Kontzertu Ekonomikoan xedatutakoaren arabera Lurralde Historikoan erregimen erkideko lurraldean dauden funtsezko eta erazko arau berberak izan behar badira aginduzko.

2. Era berean, Foru Aldundiak, Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuak proposaturik, foru dekretu arauemaileak eman ahal izango ditu premiazko arrazoiak direla medio zerga-arauren bat ezarri edo egokitu behar denean. Horrela emaniko Foru Dekretuak sendesteko jakinaraziko zaizkie Batzar Nagusiei.

BIGARREN ATALA

ZERGEI BURUZKO ARAUEN APLIKAZIOA

9. artikulua. Zergei buruzko arauen denbora-eremua

1. Zergei buruzko arauak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen direnetik egutegiko hogei egun pasatutakoan jarriko dira indarrean (besterik xedatu ezean) eta epe jakina ezarri ezean ez dute izango mugaegunik.

2. Besterik xedatu ezean, zergei buruzko arauek ez dute atzeraeraginik izango eta arauak indarrean jartzen direnetik sortutako zergei (edozein zergalditakoei) eta orduan hasten den zergaldiko gainerako zergei aplikatuko zaizkie.

Nolanahi ere, zergen arloko arau-hausteen eta zehapenen erregimena eta errekarguen erregimena arautzen dituzten arauek atzeraeragina izango dute irmo ez diren egintzetan, baldin eta haien aplikazioa interesdunaren mesederako bada.

10. artikulua. Zergei buruzko arauak aplika¬tzeko irizpideak

Foru arauak kasu bakoitzerako ezartzen dituen egoitzaren edo lurraldetasunaren irizpideak aintzat hartuta aplikatuko dira zergak. Bestela, zerga pertsonalak egoitza irizpide hartuta eskatuko dira eta gainerako zergak kargatutako gaiaren izaerarako egokiena den lurraldetasun-irizpidearen arabera.

HIRUGARREN ATALA

INTERPRETAZIOA, KALIFIKAZIOA ETA INTEGRAZIOA

11. artikulua. Zergei buruzko arauen interpretazioa

1. Zergei buruzko arauak Kode Zibileko 3. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoaren arabera interpretatuko dira.

2. Zerga-arautegian zehazten ez diren heinean, bertako arauetan erabiltzen diren terminoak euren adiera juridikoan, teknikoan edo ohikoan (kasuan kasukoan) ulertu behar dira.

3. Foru Aldundiaren eskumenen eremuan, Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuak soilik eman ditzake zergen arloko foru arauak eta gainerako xedapenak interpretatzeko edo argitzeko xedapenak.

Interpretazio eta argibidezko xedapenak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta Zerga Administrazioaren organo guztiek bete beharko dituzte.

12. artikulua. Kalifikazioa

Zerga-betebeharrak egindako egitatearen, egintzaren edo negozioaren izaera juridikoaren arabera eskatuko dira, interesdunek eman dioten itxura edo izena kontuan hartu gabe. Horren baliozkotasuna uki dezaketen akatsak alde batera utziko dira.

13. artikulua. Analogiaz jokatzea debekatuta dago

Ez da onartuko analogia zerga-egitatearen, zerga-salbuespenaren eta gainerako zerga-onuren eta -pizgarrien eremua muga zehatzetatik haratago hedatzeko.

14. artikulua. Itzurpenaren aurkako klausula

1. Artikulu honetan arautzen den itzurpenaren aurkako klausula inguruabar jakin batzuk betetzen dituzten egintza edo negozioen bidez zerga-egitate osoa edo beraren zati bat ekiditen denean edo zerga-oinarria nahiz zerga-zorra gutxitzen denean aplikatu ahal izango da. Hona hemen inguruabar horiek:

a) Banaka nahiz taldeka kontuan hartuta, izan den emaitza lortzeko artifizio handikoak edo desegokiak izatea.

b) Horien erabilerak zerga-aurrezkia eta ohiko edo norberaren egintzek zein negozioek sortutako ondoreak ez beste ondorio juridiko edo ekonomiko garrantzitsurik ez izatea.

2. Zerga Administrazioak aurreko idatz-zatian arautzen den kasua gertatu dela adierazteko, foru arau honetako 163. artikuluan ezarritakoa aplikatu behar da.

3. Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioz egiten diren likidazioetan zergak eskatzeko, ohiko edo norberaren egintza zein negozioei dagokien araua aplikatuko da edo lortutako zerga-onurak ezabatuko dira, eta berandutza-interesak likidatuko dira. Ez da zehapenik ezarriko.

15. artikulua. Simulazioa

1. Simulazioa gertatzen den egintzetan edo negozioetan, alderdiek benetan egindako zerga-egitatea kargapetuko da.

2. Simulazioa gertatu dela Zerga Administrazioak adieraziko du likidazio-egintzan; nolanahi ere, kalifikazio horrek zergen arloan baizik ez ditu izango ondoreak.

3. Simulazioaren ondorioz egin beharreko erregularizazioan berandutza-interesak eskatuko dira, eta bidezkoa denean zehapena ere bai.

II. TITULUA

TRIBUTUAK

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENENGO ATALA

KONTZEPTUAK, XEDEAK ETA MOTAK

16. artikulua. Kontzeptuak, xedeak eta motak

1. Tributuak sarrera publikoak dira, hain zuzen ere herri administrazioek foru arau batek zergak ordaindu beharrarekin lotzen duen zerga-egitate bat egiteagatik eskatzen dituzten diru-prestazioak; beraien helburu nagusia gastu publikoei eusteko beharrezkoak diren kopuruak lortzea da.

Horrez gainera, tributuak politika ekonomiko orokorreko bitarteko gisa erabili ahal dira, gizarte egonkorra eta aurreratua lortzeko eta errenta ahalik eta modurik egokienean banatzeko.

2. Tributuak, zeinahi ere den beraien izena, honela sailkatzen dira: tasak, kontribuzio bereziak eta zergak.

a) Tasak zerga-egitate hau duten tributuak dira: herri jabariaren bakarreko erabilera edo aprobetxamendu berezia egitea edo zerbi¬tzuak ematea edo jarduerak egitea Zuzenbide Publikoko erregimenean, hain zuzen ere zergapekoei dagozkienak, haiek ukitzen dituztenak edo haiei onura ekartzen dietenak, baldin eta zerbitzu edo jarduera hauek ez badituzte beraiek eskatzen edo ez badituzte euren borondatez jasotzen edo ez badituzte egiten sektore pribatukoek.

Zerbitzuak edo jarduerak Zuzenbide Publikoko erregimenean eman edo gauzatu direla ulertuko da, administrazioaren legerian zerbitzu publikoa kudeatzeko aurreikusitako moduetako baten bidez burutzen direnean eta beraien titularra herri izakia denean.

b) Kontribuzio bereziak zerga-egitate hau duten tributuak dira: herri lanak egitearen edo zerbitzu publikoak ezarri nahiz zabal¬tzearen ondorioz zergapekoak mozkina izatea edo beraren ondasunen balioa gehitzea.

c) Zergak kontraprestaziorik gabe eskatzen diren tributuak dira eta beraien zerga-egitatea zergadunaren ahalmen ekonomikoa isla¬tzen duten negozioak, egintzak edo egitateak dira.

BIGARREN ATALA

LEGEEN ETA ZERGEN ARTEKO HARREMANAK

17. artikulua. Legeen eta zergen arteko harremanak

1. Zergak aplikatzean sortzen diren betebeharrek eta eginbeharrek, eskubideek eta ahalek osatzen dituzte legeen eta zergen arteko harremanak.

2. Legeen eta zergen arteko harreman horiek betebehar materialak eta formalak ekarri ahal dizkiete zergapekoei eta Administrazioari; halaber, haietako bat bete ezean, zerga-zehapenak ezarriko zaizkie.

3. Zerga-betebehar materialak dira betebehar nagusiak, konturako ordainketak egin beharra, zergaren ondorioz norbanakoen artean sortzen direnak eta osagarriak.

4. Zerga-betebehar formalak dira zerga-arautegiak zergapekoei (zergaren zordunak izan zein ez) ezartzen dizkien diruzkoak ez bestelakoak, hain zuzen ere zergen arloko jarduketen edo prozeduren garapenarekin lotuta daudenak.

5. Zerga-betebeharren elementuak ezin dira aldatu norbanakoen egintza edo hitzarmenen bidez, hauek ez baitute Administrazioan eraginik izango. Hala ere, ondorio juridiko-pribatuak izan ditzakete.

18. artikulua. Zerga-kreditua ezin da erabili

Zerga-kreditua ezin da erabili, foru arau batek besterik ezartzen ezean.

HIRUGARREN ATALA

ZERGA-BETEBEHAR MATERIALAK

LEHENENGO AZPIATALA

ZERGA-BETEBEHAR NAGUSIA

19. artikulua. Zerga-betebehar nagusia

Zerga-betebehar nagusia zerga-kuota ordaindu beharra da.

20. artikulua. Zerga-egitatea

1. Zerga-egitatea zergari buruzko foru arauak finkatzen duen egitatea da; hori burutzeak zerga-betebehar nagusia sortzen du.

2. Zerga-egitatea foru arau bidez muga daiteke, hain zuzen ere zergapean ez dauden kasuak azalduta.

21. artikulua. Salbuespenak

Salbuespen izango dira zerga-egitatea egin arren foru arau bidez zerga-betebehar nagusitik kanpo (osorik edo zati batean) uzten diren kasuak.

22. artikulua. Sortzapena eta galdagarritasuna

1. Zergaren sortzapena zerga-egitatea gauzatzen eta zerga-betebehar nagusia sortzen denean gertatzen da, zerga bakoitzari buruzko foru arauak beste uneren batean gertatzen dela ezarri ezean.

Sortzapen egunak zehazten ditu zerga-betebeharra eratzeko kontuan hartu beharreko inguruabarrak, zerga bakoitzari buruzko foru arauak besterik ezarri ezean.

2. Zerga bakoitzaren arautegiak sartu beharreko kuota edo kopurua (edo zati bat) zerga sortzen den unean ez beste batean eskatuko dela ezarri ahal izango du.

BIGARREN AZPIATALA

KONTURAKO ORDAINKETAK EGIN BEHARRA

23. artikulua. Konturako ordainketak egin beharra

1. Zerga-betebehar nagusiaren kontura ordainketak egin beharra hauxe da: zatikako ordainketak egin behar dituenak, atxikitzaileak edo konturako sarrerak egin behar dituenak Zerga Administrazioari kopuru jakin bat ordain¬tzea.

Zerga-betebehar hau autonomoa da zerga-betebehar nagusiarekiko.

2. Zergadunak zerga-betebehar nagusitik kendu ahal izango du jasan dituen konturako ordainketen zenbatekoa, zerga bakoitzari buruzko foru arauak beste zenbateko bat ken dezakeela ezarri ezean.

HIRUGARREN AZPIATALA

ZERGEN ONDORIOZ NORBANAKOEN ARTEAN SORTZEN DIREN BETEBEHARRAK

24. artikulua. Zergen ondorioz norbanakoen artean sortzen diren betebeharrak

1. Norbanakoen artean zergen ondorioz sortzen diren betebeharrak zergapekoek zerga-prestazioak direla eta elkarri eskatu ahal dizkiotenak dira.

2. Mota honetako betebeharrak dira, besteak beste, zerga-arautegian ezarritako jasanarazpenen, atxikipenen edo konturako sarreren ondorioz sortzen direnak.

LAUGARREN AZPIATALA

ZERGA-BETEBEHAR OSAGARRIAK

25. artikulua. Zerga-betebehar osagarriak

1. Atal honetan azaltzen direnak ez beste zerga-betebeharrak osagarriak dira. Zerga Administrazioari egin beharreko diruzko prestazioak dira eta beste zerga-betebehar batekin lotuta eskatuko dira.

Zerga-betebehar osagarriak dira berandutza-interesak ordaindu beharra, epez kanpo aurkeztutako aitorpenen gaineko errekargua ordaindu beharra eta ordainarazpen-aldiko errekargua ordaindu beharra, baita foru arau bidez ezartzen diren gainerako guztiak ere.

2. Zerga-zehapenak ez dira betebehar osagarriak.

26. artikulua. Berandutza-interesa

1. Berandutza-interesa prestazio osagarria da. Zergapekoei eta arau-hausleei eskatuko zaie ordainketa foru arau honetan ezarritako epez kanpo egiten dutenean, bidegabeko itzulketa kobratzen dutenean edo zergei buruzko arautegian ezarritako gainerako kasuetako bat gertatzen denean.

Zergen berandutza-interesa eskatzeko ez da beharrezkoa izango aurretiaz Administrazioak eskatzea, ezta korritu hori ordaintzera behartuta dagoen subjektua erruzko atzerapenean erortzea ere.

2. Berandutza-interesak ordainketa atzeratzen den aldi osoan sortuko dira eta zerga-kuotaren edo konturako ordainketaren edo bidegabe kobratutako itzulketaren zenbatekoaren gainean kalkulatuko dira, edo, bidezkoa denean, Foru Arau honen 56 artikuluaren 2. idaz-zatiaren d) letran aipatutako errekarguen eta zehapenen zenbatekoaren gainean.

3. Berandutza-interesa kopurua eska daitekeen aldian indarrean dagoen diruaren legezko interesa izango da, %25 gehituta, besterik ezarri ezean.

4. Ordainarazpen-aldia hastean zehaztuko da aldi horretan sartutako zenbatekoen berandutza-interesen sortzapena, baina salbuetsita geldituko da premiamendu-probidentzia eman denetik foru arau honetako 60. artikuluko 3. idatz-zatian ezartzen den epea amaitu arte igaro¬tzen den aldia.

5. Zerga Administrazioak egindako likidazioetan, zerga bakoitzaren arautegian bidezko aitorpena edo autolikidazioa aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denetik likidazioari buruzko erabakia hartzen den egunera arteko aldiko berandutza-interesak eskatuko dira.

6. Administrazioaren edo epailearen ebazpen baten bidez likidazioa deuseztatu bada eta, ondorioz, likidazio berria egin behar bada, deuseztapenaren arrazoiak ukitzen ez dituen egintzak eta izapideak oso-osoan gordeko dira, baita edukia ere, eta likidazio berriaren zenbatekoaren gaineko berandutza-interesa eskatuko da.

Honelako kasuetan, deuseztatutako likidazioan hasiko zen egun berean hasiko da zenbatzen berandutza-interesa eta likidazio berria egiteko erabakia hartu arte sortuko da. Nolanahi ere, ebazpena betearazteko gehieneko epea amaitutakoan ezin jarraituko izan da konputa¬tzen.

Errekurtsoak eta erreklamazioak osorik ezesten badira, ezespen-erabakia eman den egunera arteko berandutza-interesak eskatuko dira.

7. Autolikidazioak zergaren arautegian ezarritako epea amaitutakoan aurkezten badira, ez dira berandutza-interesak eskatuko baldin eta aurretiazko errekerimendurik gabe eta epea amaitu ondorengo sei hiletan ordaindurik aurkezten badira autolikidazioak.

8. Aitorpen bidez hasitako kudeaketa prozeduran (foru arau honetako 122. artikulua) egiten diren likidazioetan ez da berandutza-interesik eskatuko aitorpena aurkezten den egunetik ordainketa egiteko borondatezko aldia amaitu arte.

Aitorpena zergaren arautegian aurreikusitako epea amaitutakoan aurkezten bada, amaitzen denetik aitorpena aurkeztu arteko aldiko berandutza-interesak eskatuko dira. Salbuespen izango dira, dena den, ondorengo sei hiletan aurretiazko errekerimendurik gabe aurkezten diren aitorpenak.

9. Zerga Administrazioak, berari bakarrik egotzi dakiokeen arrazoia dela medio, foru arau honetan ebazpenak emateko ezartzen diren epeetako bat betetzen ez duenean ez da berandutza-interesik eskatuko. Horrelako kasuetan epea amaitu arteko aldiko interesak soilik eskatuko dira. Salbuespena: ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eta zorrak konpentsatzeko eskabideak ebazteko epeak ez betetzea.

Ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eskatzen denean, interesak eskatzeko prozedura arau bidez arautuko da.

27. artikulua. Aitorpena aurretiazko errekerimendurik gabe epez kanpo aurkezteagatiko errekargua

1. Aitorpena epez kanpo aurkezteagatiko errekargua prestazio osagarria da, zergapekoek foru arau honetako 122. artikuluan aipatzen den aitorpen bidez hasitako kudeaketa prozeduran ordaindu behar dutena aitorpena, Zerga Administrazioak aurretiazko errekerimendurik egin gabe, arautegian ezarritako epeaz kanpo aurkezteagatik.

2. Aitorpena epez kanpo aurkezteagatiko errekargua likidazioaren ondorioz sartu beharreko kuotaren %5 izango da, foru arau honen 56. artikuluaren 2. idaz-zatiaren d) letrak aipatzen dituen errekaguak barne, halakorik balego. Eska daitezkeen zehapenak baztertuko ditu, foru arau honetako 203. artikuluan ezarritakoa izan ezik.

28. artikulua. Ordainarazpen-aldiko errekarguak

1. Ordainarazpen-aldiko bi errekargu mota daude eta bateraezinak dira: betearazpideko errekargua eta premiamendu-errekargua. Errekarguok zerga-kuotaren edo konturako ordainketak egiteko betebeharretatik eratorritako kopuruaren gainean kalkulatuko dira, edo, bidezkoa denean, legez eska daitezkeen errekarguen (foru arau honen 56. artikuluaren 2. idaz-zatiaren d) letrak aipatzen ditu) eta zehapenen zenbatekoaren gainean.

2. Betearazpideko errekargua %5ekoa izango da eta automatikoki sortuko da. Errekargu hau ordainarazpen-aldia hastearekin batera eskatu ahal izango da, foru arau honetako 60. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. Premiamendu-errekargua %20koa izango da; premiamendu-probidentzia jakinarazi ostean eta foru arau honetako 60. artikuluko 3. idatz-zatian ordaintzeko ezartzen den aparteko epea igarotakoan eskatuko da.

4. Ordainarazpen-aldiko errekarguak eta zerga-zehapenak bateragarriak izango dira.

LAUGARREN ATALA

ZERGA ADMINISTRAZIOAREN BETEBEHARRAK ETA EGINBEHARRAK

29. artikulua. Zerga Administrazioaren betebeharrak eta eginbeharrak

1. Zerga Administrazioak foru arau honetan ezarritako betebehar ekonomikoak bete behar ditu. Betebehar ekonomikoak dira zerga bakoitzaren arautegian ezarritakoaren ondorioz itzulketak egin beharra, bidegabe sartutako kopuruak itzuli beharra, bermeen kostuak itzuli beharra eta berandutza-interesak ordaindu beharra.

2. Horrez gain, foru arau honetan zerga-prozedurez ezarritako eginbeharrak eta ordenamendu juridikoan ezarritakoak ere bete behar baditu Zerga Administrazioak.

30. artikulua. Zerga bakoitzaren arautegian ezarritakoaren ondoriozko itzulketak

1. Zerga Administrazioak zerga bakoitzaren arautegian ezarritakoaren arabera bidezkoak diren zenbatekoak itzuliko ditu.

Zerga bakoitzaren arautegian ezarritakoaren ondoriozko itzulketak dira zerga aplikatzean behar bezala sartu edo ordaindutako zenbatekoei dagozkienak.

2. Zerga bakoitzari buruzko arautegian ezarritako epean, eta gehienez ere sei hilabeteko epean, Zerga Administrazioari egotzi behar zaion arrazoia dela medio likidazioa egiten ez bada, Administrazioak foru arau honetako 26. artikuluan arautzen den berandutza-interesa ordaindu beharko du. Zergapekoak ez du edukiko eskatu beharrik. Ondore horietarako, aipatu epea amaitzen denetik bidezko itzulketa jasotzeko eskubidea aitortzen duen erabakia hartzen den egunera arte sortuko da berandutza-interesa.

31. artikulua. Bidegabe sartutako kopuruen itzulketa

1. Zerga Administrazioak zerga-betebeharrak betetzeko edo zehapenak ordaintzeko Herri Ogasunari bidegabe sartutako kopuruak itzuliko dizkie zergapekoei, arau-hausleei edo batzuen zein besteen oinordekoei, foru arau honetako 229. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Bidegabeko sarrerak itzultzearekin batera, Zerga Administrazioak foru arau honetako 26. artikuluan araututako berandutza-interesa ordainduko du. Zergapekoak ez du eskatu beharrik izango. Ondore horietarako, berandutza-interesa bidegabeko sarrera egin denetik itzulketa jaso¬tzeko eskubidea aintzatesten duen erabakia hartzen den egunera arte sortuko da.

Interesdunari egotz dakiokeen arrazoiren bat dela medio prozeduran gertatzen diren luzapenak ez dira kontuan hartuko aurreko paragrafoan aipatutako aldia konputatzeko.

3. Hainbat epetan sartutako autolikidazio baten ondorioz bidegabe sartutako kopuru bat itzultzen bada, itzulitako zenbatekoa azken epean sartu dela ulertuko da; zenbateko hori nahikoa ez bada, diferentzia aurre-aurreko epeetan ordaindu dela ulertuko da.

32. artikulua. Bermeen kostuen itzulketa

1. Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek egintza edo zor bat bidegabekotzat jotzen badu, Zerga Administrazioak haren betearazpena eteteko edo ordainketa geroratzeko nahiz zatikatzeko eman diren bermeen kostua itzuliko du, zenbatekoa behar bezala egiaztatu ondoren. Egintza edo zorra zati batean bidegabekoa dela adierazten bada, bermeen kostutik zati horri dagokion kopurua itzuliko da.

Itzultzeko prozedura eta bermeen kostua zehazteko modua arau bidez arautuko dira.

2. Bermeen kostuak itzultzearekin batera, Zerga Administrazioak indarreko berandutza-interesa ordainduko du sortzen den aldi osoan. Zergapekoak ez du eskatu beharrik izango. Ondore horietarako, kostu horiek sortu diren egunetik (behar bezala egiaztatuta) bidezko itzulketa jasotzeko eskubidea aitortzen duen erabakia hartzen den egunera arte sortuko da berandu¬tza-interesa.

3. Artikulu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko zerga bakoitzaren arautegian zerga-betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko ezartzen diren bermeei.

BOSGARREN ATALA

ZERGAPEKOEN ESKUBIDEAK ETA BERMEAK

33. artikulua. Zergapekoen eskubideak eta bermeak

Zergapekoek foru arau honetan ezarritako eskubideak eta bermeak eta herri administrazioen erregimen juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko arautegian aintzatesten zaizkienetatik aplikatu beharrekoak dituzte, besteak beste.

II. KAPITULUA

ZERGAPEKOAK

LEHENENGO ATALA

ZERGAPEKO MOTAK

34. artikulua. Zergapekoak

1. Zergapekoak dira zerga-arautegiaren arabera zerga-betebeharrak (materialak nahiz formalak) dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak eta erakundeak.

2. Besteak beste, hauexek dira zergapekoak:

a) Subjektu pasiboak.

b) Konturako ordainketak egin behar dituztenak.

c) Zergen ondorioz norbanakoen artean sortzen diren betebeharrak bete behar dituztenak.

d) Oinordekoak.

e) Zergen arloko salbuespenen, itzulketen edo hobarien onuradunak, subjektu pasiboak ez badira.

3. Zergapekoak izango dira (hala ezartzen den foru arauetan) jarauntsi banatugabeak, ondasun erkidegoak eta, nortasun juridikorik ez dutela, ekonomi batasuna edo ondare bereizia osatzen duten eta zergapetu ahal diren gainerako erakundeak.

4. Halaber, foru arau honetako 40. artikuluan aipatzen diren eran¬tzuleak ere zergapekoak izango dira.

5. Betebehar batean zergapeko bat baino gehiago badago, Zerga Administrazioari prestazio guztiak solidario gisa ordaindu beharko dizkiote, foru arau batek berariaz besterik xedatu ezean.

Foru arau bidez aurreko paragrafoan ezarritakoez gainera beste solidaritate-kasu batzuk ezarri ahal izango dira.

35. artikulua. Subjektu pasiboak: zergaduna eta zergadunaren ordezkoa

1. Subjektu pasiboa zerga-betebehar nagusia eta hari datxezkion betebehar formalak zergadun gisa nahiz haren ordezko gisa bete behar dituen zergapekoa da. Zerga-kuota beste zergapeko bati jasanarazi behar diotenak ere subjektu pasibo izango dira, zergari buruzko foru arauan besterik ezarri ezean.

2. Zergaduna zerga-egitatea egiten duen subjektu pasiboa da.

3. Zergadunaren ordezkoa da foru arau batean ezarritakoaren arabera zerga-betebehar nagusia eta hari datxezkion betebehar formalak zergadunaren ordez bete behar dituen subjektu pasiboa.

Ordezkoak ordaindutako zerga-betebeharren zenbatekoa eskatu ahal izango dio zergadunari, foru arau bidez besterik ezarri ezean.

36. artikulua. Konturako ordainketak egin behar dituztenak

1. Zerga bakoitzari buruzko foru arauak zerga-betebehar nagusiaren kontura zenbateko jakin batzuk sartu beharra ezartzen dion zergadunak zatikako ordainketak egin behar ditu, eta egin ere zerga-betebehar nagusia eskatu baino lehen.

2. Pertsona edo erakunde bat atxikitzailea dela esaten da zergari buruzko foru arauaren arabera beste zergapeko batzuei egin beharreko ordainketen zenbatekoen zati bat haien zergaren kontura atxiki eta Zerga Administrazioari sartu behar badio.

3. Pertsona edo erakunde batek konturako sarrerak egin behar dituela esaten da gauzazko edo diruzko errentak ordaintzen baditu eta foru arau bidez zergaren baten konturako sarrerak egin behar baditu.

37. artikulua. Zergen ondorioz norbanakoen artean sortzen diren betebeharrak bete behar dituztenak

1. Jasanarazpena foru arau bidez ezarritakoaren arabera zerga-kuota beste pertsona edo erakunde bati jasanarazi behar dionak egin behar du; foru arauan besterik xedatu ezean, kargatutako eragiketak egiten dituena izango da.

2. Jasanarazpena foru arau bidez ezarritakoaren arabera zerga-kuota jasanarazi behar zaion pertsonak edo erakundeak jasan behar du; foru arauan besterik xedatu ezean, kargatutako eragiketen destinatarioa izango da. Kuota jasanarazten zaionak ez du Zerga Administrazioari ezer ordaindu beharrik, baina subjektu pasiboari jasanarazitako kuotaren zenbatekoa ordaindu behar dio.

3. Atxikipena foru arauan ezarritakoaren arabera atxiki¬tzaileak zerga-atxikipenak aplikatu beharreko zenbatekoak jasotzen dituen pertsonak edo erakundeak jasan behar du.

4. Pertsonei edo erakundeei jasotzen dituzten gauzazko edo diruzko errenten zioz zergen kontura egindako sarrerak jasan beharra ezarri ahal izango zaie, bai eta, bidezkoa denean, errenta horien ordaintzaileek beraien zenbatekoa jasanarazi beharra ere.

BIGARREN ATALA

OINORDEKOAK

38. artikulua. Pertsona fisikoen oinordekoak

1. Zergapeko bat hiltzen denean, bete gabe gelditzen diren zerga-betebeharrak haren jaraunsleei eskualdatuko zaizkie, legeria zibilean jaraunspena eskuratzeari buruz ezarritakoa eragotzi gabe.

Jaraunspena legatuen bidez banatzen bada eta kuota-parteko legatuak ezartzen badira, zerga-betebeharrak legatu-hartzaileei eskualdatuko zaizkie jaraunsleentzat ezarritako baldintza berberetan.

Zehapenak ez dira inolaz ere eskualdatuko. Halaber, erantzulearen betebeharra ere ez da eskualdatuko, hil baino lehen erantzukizuna deribatzeko erabakia jakinarazten denean izan ezik.

2. Kausatzailea hiltzen denean zerga-zorra likidatu gabe egon arren, sortutako zerga-betebeharrak oinordekoei eskualdatuko zaizkie; hala gertatzen denean, oinordeetako edozeini zuzenduko zaizkio jarduketak.

3. Jaraunspena banatugabe dagoen bitartean, kausatzailearen ordezkariak bete beharko ditu haren zerga-betebeharrak.

Administrazioak kausatzailearen zerga-betebeharrak zenbatekotzeko, zehazteko eta likidatzeko egiten dituen jarduketak jaraunspen banatugabearen ordezkariarekin burutu edo jarraitu beharko dira. Prozedura amaitutakoan oraindik ez badira jaraunsleak ezagutzen, likidazioak jaraunspenaren izenean egingo dira.

39. artikulua. Pertsona juridikoen eta nortasunik gabeko erakundeen oinordekoak

1. Nortasun juridikodun sozietate edo erakunde bat desegiten eta likidatzen bada eta legeriak bazkideen, partaideen edo titularkideen ondasun erantzukizuna mugatzen badu, bete gabeko zerga-betebeharrak horiei eskualdatuko zaizkie; hauek betebehar solidarioa izango dute, beraiei dagokien likidazio-kuotaren balioaren mugarekin.

Nortasun juridikodun sozietate edo erakunde bat desegiten eta likidatzen bada eta legeriak bazkideen, partaideen edo titularkideen ondasun erantzukizuna mugatzen ez badu, bete gabeko zerga-betebehar guztiak horiei eskualdatuko zaizkie, eta solidarioki bete beharko dituzte.

2. Merkataritzako sozietate bat likidaziorik gabe azken¬tzen edo desegiten bada, bete gabeko zerga-betebeharrak oinordeko pertsona edo erakundeei edo eragiketaren onuradun direnei eskualdatuko zaizkie. Arau hau merkataritzako sozietate baten aktibo eta pasibo osoa lagatzen denean ere aplikatuko da.

3. Fundazioak desegiten direnean, bete gabe uzten dituzten zerga-betebeharrak ondasunen eta eskubideen destinatarioei eskualdatuko zaizkie; hauek haien erantzule izango dira, balioaren mugarekin.

4. Foru arau honetako 34. artikuluko 3. idatz-zatian aipa¬tzen diren erakundeak desegiten direnean, bete gabe utzi dituzten zerga-betebeharrak oso-osorik eskualdatuko zaizkie partaideei edo titularkideei.

5. Sozietatearen edo erakundearen nortasun juridikoa iraungi edo desegiten denean zerga-zorra likidatu gabe egoteak ez du eragotziko sortutako zerga-betebeharrak oinordekoei eskualdatzea. Jarduketak hauetako edozeinekin egin ahal izango dira.

6. Artikulu honetan aipatutako sozietateei eta erakundeei arau-hausteengatik ezartzen zaizkien zehapenak beraien oinordekoei eskatu ahal izango zaizkie, aurreko idatz-zatietan ezarritakoari lotuta, beraiei dagokien likidazio-kuotaren edo eskualdatutako ondasunen balioaren mugarekin.

HIRUGARREN ATALA

ZERGA-ERANTZULEAK

40. artikulua. Zerga-erantzukizuna

1. Foru arau bidez ezarrita, zordun nagusiez gainera beste pertsona edo erakunde batzuk ere ezar daitezke zerga-zorraren erantzule, solidario zein subsidiario. Ondore hauetarako, foru arau honetako 34. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako zergapekoak dira zordun nagusiak.

2. Kontrako berariazko legezko manurik izan ezean, erantzukizuna beti izango da subsidiarioa.

3. Erantzukizunak borondatezko aldian eskaturiko zerga-zor osoa hartuko du.

Erantzuleak borondatez ordaintzeko ematen zaion aldian sarrera egiten ez badu, ordainarazpen-aldia hasiko da eta bidezko errekarguak eta interesak eskatuko dira.

4. Erantzukizunean ez dira zehapenak sartuko, foru arau honetan edo beste batean ezartzen diren salbuespenetan izan ezik.

5. Foru arau bidez besterik xedatzen ez bada, erantzukizun-adierazpena administrazio-egintzaren bidez egin behar da, foru arau honetako 179. artikuluan ezarririko prozedurarekin bat etorriz.

Administrazio-likidazioetan, erantzukizuna ordaintzeko ordainarazpen-aldia amaitu baino lehen adierazten bada, aurrean aipatutako administrazio-egintza emateko eskumena likidazioa emateko organo eskudunak edukiko du. Gainerako kasuetan, eskumen hori zergak biltzen dituen organoak edukiko du.

6. Erantzuleei zerga-zorra eta, hala denean, zehapenak ordaintzeko eta betetzeko eskatzeko bideratzen den administrazio-egintzaren deribazioa foru arau honetako 180. eta 181. artikuluetan xedaturikoarekin bat etorriz burutuko da. Erantzukizun subsidiarioaren kasuan, aurretik zordun nagusia eta erantzule solidarioak kobraezina direla adierazi beharko da.

7. Erantzuleek zordun nagusiak dirua itzultzeko eskubidea dute, legeria zibilean ezarritakoaren arabera.

41. artikulua. Erantzule solidarioak

1. Honako pertsona edo erakunde hauek izango dira zerga-zor osoaren eta, hala denean, zehapenen erantzule solidarioak:

a) Zergen arloko arauren bat hausten dutenak edo horretan modu aktiboan laguntzen dutenak.

b) Aurreko a) letran xedaturikoa kontuan hartuta, foru arau honetako 34. artikuluko 3. idatz-zatian aipa¬tzen diren erakundeen partaideak edo titularkideak, bakoitza bere partaidetzaren propor¬tzioan.

2. Halaber, ustiapen edo jarduera ekonomikoen titulartasunean edo jardunean zeinahi kontzepturen zioz oinordeko diren pertsona edo erakundeak aurreko titularrak jardunean sortzen diren zerga-betebeharren eta zehapenen erantzule solidarioak izango dira. Erantzukizunean egindako edo egin beharreko atxikipenak eta konturako sarrerak ez sartzearen ondoriozko betebeharrak ere sartuko dira.

Hala ere, ustiapen eta jarduera ekonomikoen titulartasuna eskuratu nahi dutenek idatz-zati honetan ezarritako erantzukizuna mugatu ahal izango dute foru arau honetako 180. artikuluko 2. idatz-zatian araututako prozeduraren bidez.

Idatz-zati honetan ezarritako erantzukizuna ezin izango da aplikatu kasu hauetan:

a) Elementu bakarra eskuratzen denean; salbuespena dago: elementua pertsona edo erakunde batek nahiz batzuek eskuratzea eta horri esker ustiapenak edo jarduerak, edo haren adarretako batek, aurrera egitea.

b) Oinordetza heriotzagatik gertatzen denean; honelako kasuetan foru arau honetako 38. artikuluan ezarritakoa izango da aginduzko.

c) Zordun konkurtsatu baten ustiapen edo jarduera ekonomikoa eskuratzen denean, baldin eta konkurtso-prozedura batean eskura¬tzen bada.

3. Ustiapen edo jarduera ekonomikoa egiteko behar diren aktiboak eta enpresa-antolakuntza formalki pertsona fisiko edo juridiko bat baino gehiagoren artean banatuta badaude eta, benetako kontrola batek bakarrik duela, horrela enpresaren errealitate globala ezkutatzen bada zerga-zorren ordainketa saihestea ahalbidetzen duten hainbat erakunde eratuta, pertsona fisiko edo juridiko horiek banatuta dituzten aktiboen bitartez solidarioki erantzungo diete zerga-zor osoari eta, behar denean, jarduera edo ustiapen ekonomikoaren ondoriozko zehapenei.

Benetako kontrola dagoela pentsatuko da sozietatearen kapitalaren edo ondarearen %25eko edo hortik gorako zuzeneko edo zeharkako partaidetza dagoenean.

4. Era berean, honako pertsona edo erakunde hauek ordaintzeke dagoen zerga-zorraren eta ezartzen diren zehapenen ordainketaren erantzule solidarioak izango dira, Zerga Administrazioak bahitu edo besterendu dituen ondasun eta eskubideen balioaren mugarekin:

a) Zerga Administrazioaren jarduketa eragozteko asmoarekin, zerga ordaindu behar duenaren ondasunak edo eskubideak ezkutatzen edo eskualdatzen dituztenak edo horretan laguntzen dutenak.

b) Erruz edo arduragabekeriaz enbargo-aginduak betetzen ez dituztenak.

c) Enbargoaren, kautelazko neurriaren edo bermearen eraketaren berri izan arren, enbargatutako ondasunak edo eskubideak, edo kautelazko neurria edo bermea ezarrita duten ondasunak edo eskubideak kentzen laguntzen dutenak, edo hori eragozten ez dutenak.

d) Zordunaren ondasunak gordetzen dituzten pertsonak edo erakundeak, enbargoaren jakinarazpena jaso ondoren haiek kentzen laguntzen badute edo hori eragozten ez badute.

5. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoez gainera, foru arau bidez erantzukizun solidarioko beste kasu batzuk ezarri ahal izango dira.

42. artikulua. Erantzule subsidiarioak

1. Ondoko pertsona edo erakunde hauek izango dira zerga-zorraren erantzule subsidiarioak:

a) Foru arau honetako 41. artikuluko 1. idatz-zatiko a) letran xedatutakoa eragotzi gabe, pertsona juridikoen egitatezko edo zuzenbidezko administratzaileak, baldin eta, zergen arloko arau-haustea egin ondoren, zerga-betebeharrak eta -eginbeharrak betetzeko beharrezko egintzak egiten ez badituzte, ardurapean dituztenei betebeharrak ez betetzen utzi badiete edo arau-haustea ahalbidetzeko erabakia hartu badute. Zehapenak ere sartuko dira beraien erantzukizunean.

b) Jarduerak egiteari uzten dioten pertsona juridikoen egitatezko edo zuzenbidezko administratzaileak, jarduera horien ondorioz sortu eta jarduerari uztean bete gabe dauden zerga-betebeharrei dagokienez, baldin eta ordaintzeko egin beharrekoa egin ez badute edo ez ordaintzeko erabakia hartu badute edo horretarako neurriak aplikatu badituzte.

c) Konkurtso-administrazioaren kideak eta erakunde eta sozietateen likidatzaileak, oro har, baldin eta egoera horiek gertatu aurretik sortutako zerga-betebeharrak, zergapekoei egotzi ahal zaizkienak, erabat betetzeko beharrezko kudeaketak egiten ez badituzte. Azken kasua gertatzen bada, egoeren ondoriozko zerga-betebeharrei eta zehapenei dagokienez administratzaile gisa erantzun beharko dute administratzailearen funtzioak eratxikita dituztenean.

d) Foru arau bidez zerga-zorra ordaintzeko xedatutako ondasunen eskuratzaileak, foru arau honetako 80. artikuluaren arabera.

e) Beren jarduera ekonomiko nagusiari dagozkion lanak edo zerbitzuak kontratatu edo azpikontratatzen dituzten pertsonak edo erakundeak, langileei, profesionalei edo beste enpresari batzuei jasanarazi behar zaizkien zergekin edo atxiki behar zaizkien kopuruekin zerikusia duten zerga betebeharrak direla-eta, kontratatu edo azpikontratatu diren lanei edo zerbitzuei dagokien aldetik.

Goiko paragrafoan aurrez ikusitako erantzukizuna ezingo da eskatu kontratistak edo azpikontratistak ordaintzaileari zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu dionean. Agiri hori Zerga Administrazioak emango du, hain zuzen ere, kontratazioari edo azpikontratazioari dagokion faktura bakoitza ordaindu aurreko 12 hilabeteetan zehar.

Erantzukizuna kopuru baten gainean baino ez da izango: kontratistak edo azpikontratistak ordaintzaileari zerga betebeharrak egunean dituela jasotzen duen ziurtagiria aurkeztu gabe ordaindutakoaren gainean, edo aurreko ziurtagiria eman zenetik hamabi hileko epea igaro eta ziurtagiria berritu gabe ordaindutakoaren gainean.

Zerga Administrazioak e) idatz-zati honetan aipatzen den ziurtagiria eman edo ukatuko du. Horretarako, hiru eguneko epea izango du kontratistak edo azpikontratistak eskaera egiten duenetik, eta eskatzen dizkioten ziurtagiriaren kopiak eman beharko ditu.

Kontratistak edo azpikontratistak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga edo Sozietateen gaineko Zerga aurkeztu behar dituenean eskatu ahalko du ziurtagiria. Kasu horretan, Zerga Administrazioak arauetan zehaztutako prozedura eta epeen arabera eman edo ukatuko du ziurtagiria.

f) Pertsona juridikoen benetako kontrola, osoa edo partziala, zuzenekoa edo zeharkakoa, duten pertsona edo erakundeak; edo pertsona juridiko horien zuzendaritza borondate berdina duten pertsona edo erakundeak; edo zergadunen benetako kontrolaren, osoaren edo partzialaren, pean dauden pertsona edo erakundeak; edo zergadun horien zuzendaritza borondate berdina duten pertsona edo erakundeak. Erantzukizun solidarioa batzuen zein besteen zerga-zor eta zigorrengatik izango da.

Idatz-zati honetan aurrez ikusitakoa ezartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:

i) Ez da aplikatzekoa izango foru arau honen 41. artikuluko 3. paragrafoan aurrez ikusitako erantzukizun solidarioaren kasua.

ii) Egiaztatua egon behar da pertsona edo erakunde horiek gehiegikeriaz edo iruzurrez sortu edo erabili direla, Herri Ogasunaren aurrean ondare erantzukizun unibertsala saihesteko."

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoez gainera, foru arau bidez eran¬tzukizun subsidiarioko beste kasu batzuk ezarri ahal izango dira.

LAUGARREN ATALA

ZERGEN ARLOAN JARDUTEKO GAITASUNA

43. artikulua. Jarduteko gaitasuna

Zuzenbidearen arabera dutenez gainera, adingabeek eta ezgaituek ere badute zergen arloan jarduteko gaitasuna, hain zuzen ere ordenamendu juridikoaren arabera gurasoen ahala, tutoretza, kuradoretza edo judizioko defentsa egiten duen pertsonaren laguntzarik gabe egin ditzaketen jardueren ondoriozko zerga-harremanetan jarduteko gaitasuna. Adingabe ezgaituek, aldiz, ez dute izango gaitasun hori euren eskubideak baliarazteko eta interesak defendatzeko ezgaituta badaude.

44. artikulua. Legezko ordezkaritza

1. Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen ordez euren legezko ordezkariek jardungo dute.

2. Pertsona juridikoen legezko ordezkari gisa zerga-jarduketak gertatzen direnean haien ordezkaritza (behar bezala emandako lege-xedapen edo erabakia dela bide) duten organoen titular diren pertsonek jardungo dute.

3. Foru arau honetako 34. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako izakien legezko ordezkari gisa haien ordezkaritza dutenek jardungo dute, baldin eta ordezkaritza hori modu fede-emailean frogatzen bada. Aitzitik, ordezkaririk izendatu ez bada, itxuraz kudeaketaren edo zuzendaritzaren ardura duena hartuko da ordezkaritzat eta, horren ezean, zeinahi kide edo partaide.

45. artikulua. Borondatezko ordezkaritza

1. Jarduteko gaitasuna duten zergapekoek ordezkari bitartez jardun ahal izango dute. Ordezkaria izendatzen bada, geroztiko administrazio-jarduketak berarekin egingo dira, berariaz besterik adierazi ezean.

2. Errekurtsoak edo erreklamazioak jartzeko, haietan atzera egiteko, eskubideei uko egiteko, betebeharrak zergapekoaren izenean bere gain hartzeko edo aintzatesteko, bidegabeko sarrerak edo errenboltsoak eskatzeko, eta foru arau honetako III., IV. eta V. tituluetan araututako prozeduretan zergapekoak sinatu behar duen gainerako kasuetan, ordezkaritza Zuzenbidean balioduna den eta hura modu sinesgarria jasoarazten duen bide baten bitartez frogatu behar da, edo bestela interesdunak adierazpena egin behar du administrazio-organo eskudunera bertaratuta.

Ondore hauetarako, baliodunak izango dira prozedura jakin batzuetarako Zerga Administrazioak onesten dituen ordezkaritza-agiri normalizatuak.

3. Izapide huts diren egintzetan, ordezkaritza emantzat joko da.

4. Baldin eta zergak kudeatzeko herritarren laguntza dela-eta, edo erregelamenduz ezartzen diren kasuetan, Zerga Administrazioari agiriren bat bide telematikoz aurkezten bazaio, aurkezleak kasu bakoitzean beharrezko den ordezkaritza eduki beharko du. Zerga Administrazioak noiznahi eskatu ahal izango du ordezkaritza frogatzeko, eta hori artikulu honetako 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera egin ahal izango da.

5. Aurreko 2., 3. eta 4. idatz-zatietan aipatutakoak ez beste jarduketa batzuk egiteko ordezkaritza arauz ezar¬tzen den moduan frogatu ahal izango da.

6. Foru arau honetako 34. artikuluko 5. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriz, zerga-betebehar batean hainbat titular egonez gero, haietako edozein hartuko da ordezkaritzat, beti ere berariaz besterik adierazi ezean.

7. Ahalmen falta edo urritasuna gorabehera, egintza burututzat emango da, baldin eta ahal hori aurkezten bada edo akatsa 10 eguneko epean konpontzen bada. Epe hori administrazio-organo eskudunak eman behar du.

46. artikulua. Pertsona edo erakunde ez-egoiliarrak

Zerga Administrazioarekiko harremanen ondoreetarako, egoitza Espainiako lurraldean ez duten zergapekoek Bizkaiko Lurralde Historikoan helbideratuta dagoen ordezkaria izendatu behar dute lurralde horretan establezimendu iraunkorraren bitartez jarduten badute, zergen arloko arautegiak hori berariaz ezartzen badu edo, egindako eragiketa nahiz jardueraren ezaugarriengatik edo lortutako errentaren zenbatekoagatik, Zerga Administrazioak eskatzen badu.

Izendapena Zerga Administrazioari jakinarazi beharko zaio zergaren arautegian aipatutako moduan.

BOSGARREN ATALA

ZERGA-EGOITZA

47. artikulua. Zerga-egoitza

1. Zerga-egoitza zergapekoa Zerga Administrazioarekiko harremanetarako dagoen lekua da.

2. Hauxe da zerga-egoitza:

a) Pertsona fisikoena, ohiko egoitza.

b) Pertsona juridikoena eta Sozietateen gaineko Zergaren kargapeko gainerako erakundeena, beraien sozietate-egoitza, baldin eta bertan zentralizaturik badaude administrazio-kudeaketa eta negozioen zuzendaritza. Bestela, kudeaketa edo zuzendaritza hori egiten den lekua hartuko da aintzat.

c) Egoitza Espainiako lurraldean ez duten pertsonen edo erakundeen zerga-egoitza non dagoen zerga bakoitzari buruzko arautegian ezarritakoaren arabera zehaztuko da. Araututa ez badago, zerga-egoitza foru arau honetako 46. artikuluan aipatutako ordezkariarena izango da. Establezimendu iraunkorren zerga-egoitza administrazio-kudeaketa edo negozioen zuzendaritza egiten den lekua izango da.

d) Sozietate zibilena eta nortasun juridikorik gabeko izakiena, kudeaketa eta zuzendaritza egiten diren lekua.

Baldin eta aurreko b), c) eta d) letretan dauden irizpideak aplikatuta zerga-egoitza zehaztu ezin bada, haien ibilgetuaren baliorik handiena dagoen lekua hartuko da kontuan.

3. Zergapekoek euren egoitza non dagoen adierazi behar diote Zerga Administrazioari.

Kontzertu Ekonomikoko 43. artikuluko bosgarren paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, zergapeko batek bere egoitza aldatzen badu, horren berri eman beharko dio Zerga Administrazioari berariazko adierazpenaren bidez. Egoitza aldatzeak ez du ondorerik izango Administrazioan harik eta arestian aipatutako zerga-aitorpena aurkeztu arte.

4. Zergapekoak zerga-egoitza aldatu duela jakinarazten ez badio Zerga Administrazioari aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera, hark edozein zerga-agiritan adierazi edo zainpeturiko azken zerga-egoitza hartuko da jakinarazpen-ondoreetarako. Zergapekoak zerga-egoitza aitortzen ez badu, aitortu arteko aldian titular den edozein higiezin edo ustiapen ekonomikoren kokalekua hartuko da beraren zerga-egoitzatzat.

5. Administrazioak zergapekoen zerga-egoitza zuzendu ahal izango du egiaztapenen bidez. Kontrako frogarik egon ezean, pertsona juridikoek zerga-egoitza aldatzen badute eta aurreko edo hurrengo urtean jarduerarik egin ez badute edo jarduerari utzi badiote, aldaketarik ez dela gertatu pentsatuko da.

6. Zergak aplikatzeko prozeduren eta zehapen-prozeduraren ondoriozko jarduketak egiteko eskudun den zerga administrazioa zehazteko, zergapekoak zerga-egitatea edo arau-haustea egitean izan duen zerga-egoitza hartuko da kontuan.

III. KAPITULUA

ZERGA-BETEBEHAR NAGUSIA ETA EGIN BEHARREKO KONTURAKO ORDAINKETAK ZENBATZEKO ELEMENTUAK

48. artikulua. Zerga-oinarria: kontzeptua eta zehazteko metodoak

1. Zerga-oinarria zerga-egitatea neurtu edo balioestearen emaitzako magnitudea da, diruzkoa zein bestelakoa.

2. Zerga-oinarria zehazteko metodo hauek baliatu ahal dira:

a) Zuzeneko zenbatespena.

b) Zenbatespen objektiboa.

c) Zeharkako zenbatespena.

3. Oro har, zerga-oinarriak zuzeneko zenbatespenaren metodoaren bitartez zehaztuko dira. Alabaina, foru arau bidez zenbatespen objektiboaren metodoa zein kasutan aplikatu ahal den ezarri ahal izango da; nolanahi ere, metodo hori borondatezkoa izango da zergapekoentzat.

4. Zeharkako zenbatespena subsidiarioa izango da zerga-oinarria zehazteko gainerako metodoen aldean; foru arau honetako 51. artikuluan ezarritako inguruabarretako bat gertatzen denean aplikatuko da.

49. artikulua. Zuzeneko zenbatespena

Zergapekoak eta Zerga Administrazioak zerga bakoitzaren arautegian xedaturikoarekin bat etorriz erabili ahal izango dute zuzeneko zenbatespenaren metodoa. Horretarako, Zerga Administrazioak aurkezten zaizkion aitorpenak edo agiriak, administrazio-bidean egiaztatutako liburuetan eta erregistroetan adierazitako datuak eta zerga-betebeharraren elementuekin zerikusia duten gainerako agiri, frogagiri eta datuak erabiliko ditu.

50. artikulua. Zenbatespen objektiboa

Zenbatespen objektiboaren metodoa zerga bakoitzaren arautegian ezarritako magnitudeak, indizeak, moduluak edo datuak aplikatuz erabili ahal izango da zerga-oinarria zehazteko.

51. artikulua. Zeharkako zenbatespena.

1. Zeharkako zenbatespenaren metodoa ondoren azalduko diren inguruabarretako bat dela bide Zerga Administrazioak zerga-oinarria erabat zehazteko behar diren datuak eskuratu ezin dituenean aplikatuko da. Hona inguruabarrok:

a) Zergapekoak aitorpenik ez aurkeztea edo aitorpena datu batzuk falta direla edo oker daudela aurkeztea.

b) Zergapekoa ikuskapenari jazartzea, hura oztopa¬tzea, saihesteko aitzakia jartzea edo uko egitea.

c) Kontabilitate- edo erregistro-betebeharrak nabarmen ez betetzea.

d) Kontabilitateko liburuak eta erregistroak edo haietan idaztoharturiko eragiketen frogagiriak desager¬tzea edo hondatzea, ezinbestean izanik ere.

2. Oinarriak edo etekinak ondoko bideetako bat, edo batzuk batera, aplikatuta zehaztuko dira:

a) Garrantzizko datu eta aurrekari ezagunak aplika¬tzea.

b) Ondasunak eta errentak zeharka frogatzen dituzten elementuak erabiltzea, bai eta kasuan kasuko sektore ekonomikoan, zerga-terminoetan alderatu behar diren ekoizpen edo famili unitateen dimentsioak kontuan hartuta, ohiko diren sarrerak, salmentak, kostuak eta etekinak ere.

c) Zergapekoei dagozkien magnitudeak, indizeak, moduluak edo datuak balioestea, antzeko edo balio bereko kasuetako datuen edo aurrekarien arabera.

3. Zeharkako zenbatespenaren metodoa aplikatu ahal denean, foru arau honetako 153. artikuluan ezarritako prozedurari lotu behar zaio.

52. artikulua. Likidazio-oinarria

Likidazio-oinarria zerga-oinarriari zerga bakoitzari buruzko foru arauan ezartzen diren txikipenak (bidezkoak badira) aplikatzearen emaitzako kopurua da.

53. artikulua. Karga-tasa

1. Karga-tasa likidazio-oinarriari kuota osoa kalkulatzeko aplika¬tzen zaion kopurua, koefizientea edo portzentajea da.

2. Karga-tasak zehatzak edo ehunekoak izan daitezke, eta zerga bakoitzari buruzko foru arauak xedatutakoaren arabera aplikatu beharko zaizkio zerga-oinarriaren unitate, unitate multzo edo tarte bakoitzari.

Zerga batean, likidazio-oinarriaren unitate edo tarteei aplikatu ahal zaien karga-tasen multzoari tarifa esaten zaio.

54. artikulua. Zerga-kuota

1. Kuota osoa honela zehaztuko da:

a) Likidazio-oinarriari karga-tasa aplikatuta.

b) Berariaz adierazitako kopuru finkoa izango da.

2. Kuota osoa kalkulatzeko foru arau honetako 48. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako zehazpen-metodoak erabili ahal izango dira.

3. Karga-tasa aplikatzearen ondorioz oinarriaren gehikuntzari gehikuntza bera baino handiagoa den kuota-zatia badagokio, kuota osoa ofizioz txikitu beharko da. Txikipenaren zenbatekoa gaindikina izan beharko da, gutxienez.

Erregela honetatik salbuetsita daude zerga-zorra efektu tinbredunen bitartez ordaindu behar den kasuak.

4. Kuota osoaren zenbatekoa zerga bakoitzari buruzko foru arauan kasu bakoitzerako ezarritako txikipenak edo mugak aplikatuta aldatu ahal izango da.

5. Kuota likidoa kuota osoari zergari buruzko foru arauan ezarritako kenkariak, hobariak, batuketak edo koefizienteak, kasuan kasukoak, aplikatuta kalkulatzen da.

6. Kuota diferentziala kuota likidoari zergari buruzko arautegian ezarritako kenkarien, zatikako ordainketen, atxikipenen, konturako sarreren eta kuoten zenbatekoak kenduta kalkulatzen da.

55. artikulua. Balioak egiaztatzea

1. Zerga Administrazioak ondoko bideak erabil ditzake errenten, produktuen, ondasunen eta zerga-betebeharrean eragina duten gainerako elementuen balioa egiaztatzeko:

a) Etekinak zergaren arautegian ezarritako portzentajean egoztea edo kapitalizatzea.

b) Zergen arloko erregistro ofizialetan ageri diren balioak erreferentziatzat hartuta balioestea.

Erreferentzia bidezko balioespen hori egiteko, honako bide hau jarraitu ahalko da: Zerga Administrazioak zehaztu eta argitaratzen dituen koefiziente biderkatzaileak aplikatzea ondasun mota bakoitza balioesteko erreferentziatzat hartzen den zerga izaerako erregistro ofizialean dauden balioei. Ondasun higiezinak badira, zerga arloko erregistro ofizialtzat Higiezinen Katastroa hartuko da ondasun horiek balioztatzeko koefiziente biderkatzaileak zehazteko erreferentzia izateko.

c) Merkatuko batez besteko prezioak.

d) Nazio eta atzerriko merkatuetako kotizazioak.

e) Administrazioko perituen irizpena.

f) Aseguru kontratuen polizetan ondasunei eman zaien balioa.

g) Hipotekatutako finkak tasatzeko esleitu den balioa, hipoteken arloko legerian aurrez ikusitako betetzeko.

h) Ondare beraren beste eskualdatze batzuei dagokien balio edo prezio aitortua, eskualdatze horien inguruabarrak kontuan hartuta, eta arauetan ezarritako epearen barruan egin badira.

i) Zerga bakoitzari buruzko foru arauan zehazten den beste edozein bide.

2. Aurreko idatz-zatiko bideak aplikatuta egiten den balioespena baieztatzeko edo zuzentzeko perituaren tasazio kontrajarria erabil daiteke.

3. Balioen egiaztapena Zerga Administrazioak egin beharko du foru arau honetako 127. eta 128. artikuluetan ezarritako prozeduraren bidez, egiaztapena prozeduraren xede bakarra bada edo III. tituluan araututako prozeduretariko batean gauzatzen bada bertako jarduketa zehatz gisa. Nolanahi ere, artikulu horietan xedatutakoa aplikatu beharko da.

IV. KAPITULUA

ZERGA-ZORRA

LEHENENGO ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

56. artikulua. Zerga-zorra

1. Zerga-zorra zerga-betebehar nagusiaren edo konturako ordainketak egin beharren ondorioz sartu behar den kuota edo kopurua da.

2. Horrez gainera, kasu batzuetan ondokoak ere sartu behar dira zerga-zorrean:

a) Berandutza-interesa.

b) Aitorpena epez kanpo aurkezteagatiko errekargua.

c) Ordainarazpen-aldiko errekarguak.

d) Legez eska daitezkeen oinarrien edo kuoten gaineko errekarguak, Foru Ogasunarentzat edo beste entitate publiko batzuentzat direnak.

3. Foru arau honetako IV. tituluan xedaturikoaren arabera ezartzen diren zerga-zehapenak ez dira izango zerga-zorraren osagai.

57. artikulua. Zerga-zorra azkentzea

1. Zerga-zorrak ordainketa, preskripzioa, iraungipena, konpentsazioa edo barkamena dela bide azken daitezke, bai eta legezko xedapenetan ezarritako gainerako bideen bitartez ere.

2. Zerga-zorra ordaintzeak, konpentsatzeak edo barka¬tzeak ordaindu, konpentsatu edo barkatutako zenbatekoa baizik ez du kitatuko.

BIGARREN ATALA

ORDAINKETA

58. artikulua. Nola ordaindu

1. Zerga-zorra eskudirutan ordaindu behar da. Erregelamenduz xedatzen den kasuetan efektu tinbredunen bitartez ordaindu ahal izango da.

2. Aparteko kasuetan, Zerga Administrazioak zerga-zorra borondatezko edo ordainarazpen-aldian gauzaz, edozein ondasun edo eskubide emanda, ordaintzea onartu ahal izango du.

3. Zerga-arautegian zerga-zorra eskudiruz edo gauzaz ordaintzeko bideak eta moduak arautuko dira, bai eta ordainketa teknika eta bitarteko elektronikoen, informatikoen edo telematikoen bidez egiteko betekizunak eta baldintzak ere.

59. artikulua. Ordainketa-unea

1. Zerga-zorra eskudirutan ordaindutzat hartuko da zenbatekoa organo eskudunen edo hura onartzeko baimena duten erakundeen kutxetan sartzen denean.

2. Efektu tinbredunik erabiliz gero, arauz zehazten den bezala erabiltzen direnean emango da ordaindutzat zerga-zorra.

3. Gauzazko ordainketak arautegian ezarritako unean azkenduko du zerga-zorra.

60. artikulua. Zerga-zorra ordaintzeko epeak

1. Zerga-zorrak borondatezko aldian ordaintzeko epeak honako hauek dira:

a) Autolikidazioen emaitzako zorrak kasuan kasuko zergaren arautegian ezarritako epeetan ordaindu behar dira.

b) Administrazioak egindako likidazioen emaitzako zorrak eta ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko, aldeak eskatutako konpentsazioa egiteko, zorra ordaintzeko ondasunak edo eskubideak emateko edo zergak biltzeko prozedura eteteko eskabidea uka¬tzearen ondorioz eskatu ahal direnak jakinarazten direnetik hilabete pasatu baino lehen ordaindu behar dira.

c) Aldizkako kobrantzako likidazioen eta taldeka jakinarazten diren likidazioen emaitzako zorrak arauz ezartzen diren epeetan ordaindu behar dira.

d) Efektu tinbredunen bitartez ordaindu behar direnak zerga-egitatea burutzen den unean ordaindu behar dira, berariazko arautegian besterik xedatu ezean.

2. Foru arau honetako 165. artikuluko 5. idatz-zatian xedatutakoa eragotzi gabe, zerga-zorra borondatez ordaintzeko ezarritako aldian osorik ordaintzen ez bada, automatikoki hasiko da ordaintzeke dagoen zatia ordainarazteko aldia.

3. Ordainarazpen-aldia hasi eta premiamendu-probidentzia jakinarazitakoan, zerga-zorra jakinarazpena egiten denetik zenbatu beharreko hilabeteko aparteko epean ordaindu beharko da.

Epealdi horretan zorra osorik ordaintzen ez bada edo ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eskatzen ez bada, gelditzen den zerga-zorra zordunaren ondarearekin ordainaraziko da.

61. artikulua. Ordainketak egoztea

1. Zerga-zorrak autonomoak dira. Hainbat zor dituen zergapekoak askatasuna izango du ordainketa bakoitza berak nahi duen zorrari egozteko.

2. Geroago mugaeguneratzen den zor bat kobratzeak ez du azkenduko Zerga Administrazioak kobratu ez dituen aurrekoak jasotzeko duen eskubidea.

3. Derrigorrez ordainarazten bada, ofizioz konpentsatzen bada eta zergapeko baten hainbat zerga-zor pilatzen badira eta osorik azkendu ezin badira, Zerga Administrazioak Herri Ogasunaren interesei babesik handiena ematen dien irizpidearekin bat etorririk aplikatuko du ordainketa (hurrengo paragrafoan salbuespena xedatu da).

4. Administrazio baten eta haren menpeko Zuzenbide Publikoko beste erakunde batzuen aldeko hainbat zerga-zor pilatzen badira, administrazioari dagozkienak kobratuko dira lehenik, kapitulu honetako 5. atalean xedatutakoa kontuan harturik.

62. artikulua. Ordainketarako zainpeketa

Zergapekoek zerga-zorraren zenbatekoa eta, hala denean, Herri Ogasunean arauz sorturiko kostuak zainpetu ahal izango dituzte, eta horrek arauzko xedapenetan zehaztutako askatze- edo etendura-ondoreak izango ditu.

63. artikulua. Ordainketaren gerorapena eta zatikapena

1. Borondatezko aldian edo ordainarazpen-aldian dauden zerga-zorrak arauz finkatzen denaren arabera geroratu edo zatikatu ahal izango dira, zergapekoak eskatuta, baldin eta beraren ekonomiaren eta finantzen egoera dela eta ezarritako epeetan ordaindu ezin badu.

2. Efektu tinbredunen bitartez ordainarazten diren zerga-zorrak ezin izango dira geroratu ez zatikatu, ezta jokoaren gaineko zergen ondoriozkoak ere.

3. Geroratu edo zatikatzen diren zorrak arauz ezarritakoaren arabera bermatu beharko dira. Era berean, zergapekoa bermeak eratu beharretik erabat edo partzialki askatu ahal izango den kasuak eta baldintzak garatuko dira, eta Zerga Administrazioari bermeak aurkeztu aurretik balioesteko noiz eskatu ahal izango zaion adieraziko da.

4. Ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eskabidea borondatezko aldian aurkezten bada, ordainarazpen-aldia hastea eragotziko da baina ez berandutza-interesa sor¬tzea.

Ordainarazpen-aldian, eskabideak zergapekoari enbargatutako ondasunak besterentzeko erabakia jakinarazi arte aurkeztu ahal izango dira. Gerorapena edo zatikapena izapidetzen den bitartean Zerga Administrazioak premiamendu-prozedura hasi ahal izango du edo, behar denean, berriro ekin ahal izango dio. Alabaina, enbargatutako ondasunak besterentzeko jarduketak gerorapena edo zatikapena ukatzen duen ebazpena jakinarazi arte eten beharko dira.

HIRUGARREN ATALA

PRESKRIPZIOA ETA IRAUNGIPENA

LEHENENGO AZPIATALA

ARAU OROKORRAK

64. artikulua. Preskribitu eta iraungiko dena

1. Zerga Administrazioak zerga-zorra bidezko likidazioaren bidez zehazteko duen ahalmena preskribitu eta iraungi egin daiteke.

Alabaina, Zerga Administrazioak jarraian azalduko direnen egoera, nondik norakoa eta zenbatekoak zein diren zehazteko egiaztapen eta ikerketa jarduketak burutu ahal izango ditu: zerga-oinarri negatiboak, kuotako kenkariak, zergak jasanarazteko mekanismoa ezarrita duten zergetan konpentsatzeko edo itzultzeko diren kuotak, eta zergapekoek konpentsatu, kendu, itzuli edo gozatu nahi dituzten zerga-kredituak, eskubidea sortu den ekitaldia gorabehera. Jarduketa horiek ezin dute ekarri dagozkien ekitaldiei begirako zerga-likidaziorik.

2. Preskripzioa eta iraungipena aldi berean gertatzen dira. Hori dela eta, Administrazioak likidazio egokiaren bitartez zerga-zorra zehazteko duen ahalmena ezin izango da preskripzioa edo iraungipena gertatu ostean erabili.

3. Zerga Administrazioak likidatuta eta autolikidatuta dauden zerga-zorren ordainketa eskatzeko duen ahala preskribitu egin daiteke.

4. Zerga bakoitzaren arautegian ezarritakoaren ondoriozko itzulketak, bidegabe sartutako kopuruen itzulketak eta bermeen kostuen itzulketak eskatu eta eskuratzeko zergapekoek dituzten eskubideak ere preskribitu egin daitezke.

65. artikulua. Preskripzioaren eta iraungipenaren hedapena eta ondoreak

1. Zerga-zorraren preskripzioak edo iraungipenak hein bereko onura ekarriko die hura ordaindu behar duten guztiei, foru arau honetako 69. artikuluko 7. idatz-zatian betebehar elkartuen kasurako xedatutako kasuan izan ezik.

2. Preskripzioak eta iraungipenak zerga-zorra azkenduko dute eta ofizioz aplikatuko dira, are zorra dagoeneko ordainduta dagoenean ere.

66. artikulua. Preskripzioaren eta iraungipenaren ondoreak betebehar formaletan

1. Hurrengo idatz-zatietan xedatutako salbuespenekin, zergapeko baten beste zerga-betebehar batzuei lotutako betebehar formalak haiek zehazteko ahalaren preskripzio-epea edo iraungipen-epea amaitu ez bada bakarrik eskatu ahal izango dira.

2. Beste pertsona edo erakunde batzuen zerga-betebeharrak bete¬tzeko, idatz-zati honetan aipatutako informazioaren artapenaren eta hura ematearen inguruko betebeharrak merkataritzari buruzko arautegian ezarritako epean bete behar dira, edo betebehar formalak bete behar diren epean (aurreko idatz-zatian aipatu da), bestea baino luzeagoa bada.

Aurreko paragrafoan aipatutako informazioaren artapenaren eta hura ematearen inguruko betebeharrak hauexek dira:

a) Kontabilitate-liburuak eta erregistroak, haien euskarri diren programak, fitxategiak eta artxibo informatikoak eta, sistema informatikoak erabiltzen badira, datuak interpretatzea ahalbidetzen duten kodeketa-sistemak eduki eta artatu beharra. Betebehar horretan sartzen dira, gainera, enkriptatuta edo kodetuta dauden datuak irakurri eta ulertu ezin direnean irakurtzeko moduko formatu batera pasatzeko bitartekoak.

b) Aurkeztutako kontabilitate-orrien, autolikidazioen edo aitorpenen jatorrizko datuekin sortutako programen, fitxategien eta artxiboen kopia gorde beharra, zergapekoek bitarteko telematikoen bidezko autolikidazio edo aitorpenak aurkeztu behar dituztenean.

c) Fakturak edo ordezko agiriak luzatu eta eman beharra eta zerga-betebeharrekin lotutako fakturak, agiriak eta frogagiriak gorde beharra.

d) Zerga Administrazioari, berak eskatuta edo aldizkako aitorpenetan, honakoak eman beharra: zergapekoak bere eta gainontzekoen zerga-betebeharrak betetzeko gorde behar dituen liburuak, erregistroak, agiriak eta informazioa, eta zerga-ordainketan garrantzia duten datuak, txostenak, aurrekariak eta frogagiriak.

3. 64. artikuluko 1. idatz-zatiko bigarren paragrafoan xedatutakoaren ondoreetarako, zerga-zorrak zehazteko ahala preskribitu edo iraungi den zergaldietan egindako eragiketetako datuak frogatu beharrak indarrean iraungo du ahalaren preskripzio- edo iraungipen-epean zehar, aipatu eragiketek ondoreak izan behar dituzten zergaldiei dagokienez.

BIGARREN AZPIATALA

PRESKRIPZIOA

67. artikulua. Preskripzio-epea

Foru arau honetako 64. artikuluko 1., 3. eta 4. idatz-zatietan aipatutako administrazioaren ahalak eta zergapekoen eskubideak lau urteren buruan preskribituko dira.

68. artikulua. Preskripzio-epeen konputua

1. Preskripzio-epea ondoko erregela hauen arabera hasiko da zenbatzen:

a) Zerga-zorra likidazioaren bitartez zehazteko ahalaren preskripzio-epea aitorpena edo autolikidazioa aurkezteko arauzko epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatuko da.

b) Likidatu eta autolikidaturiko zerga-zorrak ordaintzeko eskatzeko ahala zerga-zorra borondatezko aldian ordaintzeko epea buka¬tzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatuko da, artikulu honetako 2. idatz-zatian xedatutakoa eragotzi gabe. Epez kanpo autolikidaturiko zerga-zorren kasuan, aurkezten diren egunaren biharamunetik aurrera zenbatuko da.

c) Zergapekoek zergaren arautegiaren araberako itzulketak, bidegabe sartutako kopuruen itzulketak eta bermeen kostuaren itzulketa eskatzeko eskubidearen preskripzio-epea egun honetatik aurrera zenbatuko da: zergaren arautegiaren araberako itzulketa eskatzeko epea bukatzen den egunaren biharamuna edo, epe hori ezarri ezean, itzulketa eskatu ahal den egunaren biharamuna; bidegabeko sarrera egin den egunaren biharamuna edo autolikidazioa aurkezteko epea bukatzen den egunaren biharamuna; edo inpugnatutako egintza erabat edo par¬tzialki bidegabetzat jotzen duen administrazioaren ebazpena edo epaia irmo bihurtzen den egunaren biharamuna.

Eragiketa bat hainbat bateraezinak diren hainbat zergak karga¬tzen badute, bidegabe sartutako kopuruaren itzulketa eskatzeko eskubidearen preskripzio-epea organo eskudunak bidezko zerga zein den erabakitzeko ebazpena ematen duenean hasiko da zenbatzen.

d) Zergapekoek zergen arautegien araberako itzulketak, bidegabe sartutako kopuruen itzulketak eta bermeen kostuaren itzulketa eskatzeko eskubidearen preskripzio-epea egun honetatik aurrera zenbatuko da: zergaren arautegiaren araberako itzulketa jasotzeko eskubidea onartzen duen erabakia har¬tzeko ezarritako epea bukatzen den egunaren biharamuna edo bidegabe sartutako kopuruen edo bermeen kostuaren itzulketa jasotzeko eskubidea aintzatesten duen erabakia jakinarazten den egunaren biharamuna.

2. Erantzule solidarioei ordaindu beharra eskatzeko ahalaren preskripzio-epea zordun nagusiak borondatez ordaintzeko aldia amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatuko da.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, foru arau honetako 41. artikuluko 2, 3 eta 4. paragrafoetan aurrez ikusitako erantzule solidarioen kasuan, aipatutako preskripzio-epea erantzukizunaren oinarri diren egitateak gertatzen diren unean hasiko da zenbatzen.

Erantzule subsidiarioen kasuan, preskripzio-epea zordun nagusiari edo erantzule solidarioetako bati zergak biltzeko azken jarduketa jakinarazten zaionetik hasiko da konputatzen.

69. artikulua. Preskripzio-epeak etetea

1. Zerga-zorra likidazio egokiaren bitartez zehazteko ahalaren preskripzio-epea kasu hauetan etengo da:

a) Zerga Administrazioak, zergapekoari formalki jakinarazita, zerga-betebeharraren elementu guztiak edo batzuk aintzatesteko, erregularizatzeko, egiaztatzeko, ikuskatzeko, bermatzeko edo likidatzeko ekintza bat egiten duenean.

b) Erreklamazio edo errekurtsoren bat jartzen denean; erreklamazio edo errekurtsoen bidean jarduketak egiten direnean, zergapekoari formalki jakinarazita; Kontzertu Ekonomikoan ezarritako Arbitraje Ba¬tzordeari gatazka bat aurkezten zaionean; zigor-jurisdikzioari erruduntasun-testigantza bidaltzen zaionean edo fiskaltzari salaketa aurkezten zaionean; jurisdikzio-organo batek aribideko administrazio-prozedura gelditzeko emandako agindua jasotzen denean.

c) Zergapekoak zerga-zorra likidatzeko edo autolikidatzeko jarduketa sinesgarri bat egiten duenean.

2. Likidatutako eta autolikidatutako zerga-zorrak ordainarazteko ahalaren preskripzio-epea kasu hauetan etengo da:

a) Zerga Administrazioak, zergapekoari formalki jakinarazita, zerga-zorra biltzeko ekintza bat egiten duenean.

b) Erreklamazio edo errekurtsoren bat jartzen denean; erreklamazio edo errekurtsoen izapideetan jarduketak egiten direnean, zergapekoari formalki jakinarazita; Kontzertu Ekonomikoan ezarritako Arbitraje Batzordeari gatazka bat aurkezten zaionean; zordunak konkurtso-adierazpena egiten duenean edo zerga-zorra kobratzeko ekintza zibilak edo penalak egiten direnean; jurisdikzio-organo batek aribideko administrazio-prozedura gelditzeko emandako agindua jasotzen denean.

c) Zergapekoak edo gainontzeko batek, haren kontura eta hura jakinaren gainean dagoela, zerga-zorra aintzatesteko, ordaintzeko edo azkentzeko jarduketa sinesgarri bat egiten duenean.

3. Zergapekoek zerga-arautegietan ezarritakoaren araberako itzulketak, bidegabe sartutako kopuruen itzulketak eta bermeen kostuaren itzulketak eskatzeko eskubideen preskripzio-epea kasu hauetan etengo da:

a) Zergapekoak bere autolikidazioa itzultzeko, berres¬kuratzeko edo zuzentzeko ekintza sinesgarri bat egiten duenean.

b) Zerga Administrazioak eskubideak aintzatesteko, itzultzeko edo berreskuratzeko ekintza bat egiten duenenean.

c) Erreklamazio edo errekurtsoren bat jartzen, izapidetzen edo ebazten denean.

4. Zergapekoek zerga-arautegian ezarritakoaren araberako itzulketak, bidegabe sartutako kopuruen itzulketak eta bermeen kostuaren itzulketak eskuratzeko eskubidearen preskripzio-epea kasu hauetan etengo da:

a) Zerga Administrazioak kopuru bat itzultzeko edo berreskuratzeko ekintza bat egiten duenean.

b) Zergapekoak kopuru baten itzulketa edo berreskurapena eska¬tzeko jarduketa sinesgarri bat egiten duenean.

c) Erreklamazio edo errekurtsoren bat jartzen, izapidetzen edo ebazten denean, edo Kontzertu Ekonomikoan ezarritako Arbitraje Batzordeari gatazka bat aurkezten zaionean.

5. Preskripzio-epea eten ostean, berriz hasiko da konputatzen, hurrengo idatz-zatian ezarritako salbuespenarekin.

6. Preskripzio-epea administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean errekurtsoa jartzeagatik, ekintza zibilak edo penalak abiarazteagatik, eskudun jurisdikzioari erruduntasun-testigantza bidaltzeagatik, Fiskaltzari salaketa aurkezteagatik edo prozedura gelditzeko epailearen jakinarazpena jasotzeagatik eteten bada, berriz hasiko da konputatzen Zerga Administrazioak prozesu judiziala azkentzen duen edo geldiarazpena kentzen duen ebazpen irmoa jasotzen duenean, edo Fiskaltzaren jakinarazpena jasotzen duenean itzulitako espedientearekin batera.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezin izango zaio aplikatu Zerga Administrazioak ordainketa eskatzeko duen ahalaren preskripzio-epeari, administrazioarekiko auzibidean etetea erabaki ez bada.

Preskripzio-epea zordunaren konkurtso-adierazpenak eteten badu, hitzarmen konkurtsala onesten den unean hasiko da berriz konputatzen hari lotuta ez dauden zerga-zorretarako. Hitzarmen konkurtsalari lotuta dauden zerga-zorrei dagokienez, preskripzio-epea zordunari eskatu ahal zaizkionean hasiko da berriz konputatzen. Hitzarmena onesten ez bada, epea horren berri ematen duen epailearen ebazpen irmoa jasotzen denean hasiko da berriz konputatzen.

Preskripzio-epea Kontzertu Ekonomikoan ezarritako Arbitraje Ba¬tzordeari gatazka bat aurkezteagatik eteten bada, hark hartutako erabakiaren jakinarazpena jasotzen den unean hasiko da berriz zenbatzen.

7. Preskripzio-epea zergapeko batentzat eteten bada, gainerako zergapekoentzat ere etengo da, erantzuleak barne. Hala ere, betebeharra mankomunatua bada eta zergapekoetako bati bakarrik eskatzen bazaio berari dagokion zatia, epea ez da besteentzat etengo.

8. Ordaintzera behartuta dagoen bati hainbat zor likidatu bazaizkio, preskripzio-epea eteteak administrazio-jarduketak aipatzen duen zorra baizik ez du ukituko.

9. Artikulu honetako 1. eta 2. idatz-zatietan aipatutako ahalak erabiltzeko preskripzio-epea errekurtso edo erreklamazio bat aurkezteagatik eteten denean, zergapekoak aurkeztutako errekurtsoa edo erreklamazioa osorik baietsi eta ondorioz administrazio-egintzaren elementuak osorik deuseztatzen badira, epea ez da etentzat joko.

HIRUGARREN AZPIATALA

IRAUNGIPENA

70. artikulua. Iraungipen-epea

Zerga-zorra likidazioaren bitartez zehazteko administrazioaren ahala sei urteren buruan iraungiko da.

Hala ere, iraungipenak ez ditu ukituko zergapekoak zerga-arautegiaren araberako itzulketak, bidegabe sartutako kopuruen itzulketak eta bermeen kostuaren berreskurapena lortzeko duen eskubidea aintzatesteko beharrezkoak diren likidazio-egintzak eskubide horiek preskribitu gabe dauden artean.

71. artikulua. Iraungipen-epeen konputua

Aurreko artikuluan aipatutako ahalaren iraungipen-epea aitorpena edo autolikidazioa aurkezteko arauzko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

72. artikulua. Iraungipen-epea etetea

1. Iraungipen-epearen konputua kasu hauetan etengo da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen denean.

b) Administrazioarekiko diru-erreklamazioa aurkezten denean.

c) Kontzertu Ekonomikoan ezarritako Arbitraje Batzordeari gatazka bat aurkezten zaionean.

d) Zigor-jurisdikzioari erruduntasun-testigantza bidal¬tzen zaionean, Fiskaltzan salaketa aurkezten denean eta burutzen ari den administrazio-prozedura geldiarazteko agintzen duen jurisdikzio-organoaren jakinarazpena jasotzen denean.

2. Halaber, foru arau honetako III., IV. eta V. tituluetan araututako prozeduretan zergapekoari egotz dakizkiokeen luzapentzat hartzen diren aldietan iraungipen-epearen konputua etengo da.

Iraungipen-epea administrazioarekiko diru-erreklamazioa aurkezteagatik eteten bada, ebazpena ematen denean zenbatzen jarraituko da, foru arau honetako 245. artikuluan ezarritako gehieneko aldia igaro ez bada. Izan ere, aldi hori igaro bada, gehieneko ebazpen-epea mugaeguneratu eta biharamunean jarraituko da zenbatzen.

Iraungipen-epea Kontzertu Ekonomikoan ezarritako Arbitraje Ba¬tzordeari gatazka bat aurkezteagatik eteten bada, haren erabakiaren jakinarazpena jasotzen den unean hasiko da berriz konputatzen.

3. Etendura gertatzen denean iraungipen-epearen konputua geldituko da, eta berriz ekingo zaio Zerga Administrazioak prozesu judizialari bukaera ematen dion edo geldiarazpena kentzen duen ebazpen irmoa jaso¬tzen duenean, edo Fiskaltzaren jakinarazpena jaso eta espedientea itzultzen zaionean. Halaber, administrazio-ahalak aipatu epetik sei urtera arteko aldian erabili ahal izango dira.

4. Foru arau honetako 70. artikuluko iraungipen-epea administrazioarekiko diru-erreklamazioak edo auzi-errekurtsoak aurkezteagatik eteten denean, erreklamazioa edo errekurtsoa osorik baiesten bada eta ondorioz administrazio-egintzaren elementuak osorik deuseztatzen badira, ez da etentzat joko.

LAUGARREN ATALA

ZERGA-ZORRA AZKENTZEKO BESTE ERA BATZUK

73. artikulua. Konpentsazioa

1. Zergapeko baten zerga-zorrak osorik edo partzialki azkendu ahal dira berari administrazio-egintza bidez aintzatetsitako kredituen bidez konpentsatuta, erregelamenduz ezartzen denaren arabera.

2. Konpentsazioa ofizioz edo zergapekoak eskatuta egingo da.

3. Erregelamenduz, kontu korronteko sistema bat ezarri ahal izango da eta zergapekoek euren kredituak eta zerga-zorrak haren bidez konpen¬tsatzeko eskatu ahal izango dute.

74. artikulua. Zergapekoak eskatutako konpentsazioa

1. Zergapekoak borondatezko aldian zein ordainarazpen-aldian dauden zerga-zorrak berari aintzatetsitako kredituen bidez konpentsatzeko eskatu ahal izango du.

2. Zerga-zorra konpentsatzeko eskaera borondatezko aldian aurkezten bada, horren izapidetze-aldian aintzate¬tsitako kredituak estaltzen duen kopuruaren ordainarazpen-aldia eragotziko da.

3. Zerga-zorra eskaera aurkezten den unean azkenduko da edo, bestela, zorretarako eta kredituetarako ezarritako betekizunak betetzen direnean, eskaera aurkeztu ondoren gertatuz gero. Konpentsazioa egiteko erabakiak zorra azkendu dela adieraziko du.

75. artikulua. Ofiziozko konpentsazioa

1. Zerga Administrazioak ofizioz konpentsatuko ditu ordainarazpen-aldian dauden zerga-zorrak.

Halaber, borondatez ordaintzeko aldian ofizioz konpentsatuko dira egiaztapen mugatuaren prozedura edo ikuskapen prozedura baten ondorioz sartu eta itzuli beharreko kopuruak edo foru arau honetako 26. artikuluko 6. idatz-zatian xedatutakoaren arabera likidazio bat deuseztatu ondoren beste likidazio bat egitearen ondoriozkoak.

2. Borondatez ordaintzeko aldia igarotakoan, ofizioz konpentsatu ahal izango dira toki-entitateek eta Zuzenbide Publikoko gainerako erakundeek Foru Ogasunarekin dituzten zerga-zorrak, mugaeguneratu, likidatu eta eskatu ahal direnak.

3. Zerga-zorra ordainarazpen-aldia hasten den unean azkenduko da edo, bestela, zorretarako eta kredituetarako ezarritako betekizunak betetzen direnean, eskaera aurkeztu ondoren gertatuz gero. Konpentsazioa egiteko erabakiak zorra azkendu dela adieraziko du.

Artikulu honetako 1. idatz-zatiko bigarren paragrafoan ezarritako kasuan, zorrak eta kredituak bateratzen direnean azkenduko da zerga-zorra, arauz ezarritakoaren arabera.

76. artikulua. Zerga-zorra barkatzea

Zerga-zorrak foru arau bidez bakarrik barka daitezke, bertan ezarritako betekizunak eta zenbatekoa kontuan harturik.

77. artikulua. Kaudimengabeziaren ziozko behin-behineko baja

1. Zergapekoen kaudimengabeziagatik zergak biltzeko prozeduretan ordaindu ezin izan diren zerga-zorrak kreditu kobraezin adieraziko dira, preskripzio-epearen barruan birgaitzen ez diren bitartean.

2. Preskripzio-epea mugaeguneratu arren zerga-zorra birgaitzen ez bada, iraungi egingo dira.

BOSGARREN ATALA

ZERGA-KREDITUAREN BERMEAK

78. artikulua. Lehentasun-eskubidea

1. Herri Ogasunak mugaeguneratuta eta ordaindu gabe dauden zerga-kredituak kobratzeko lehentasuna izango du beste hartzekodun batzuekin batera suertatuz gero; hala ere, badago salbuespen bat: hartzekodunek jaso beharreko jabaria, bahia, hipoteka edo bestelako eskubide erreala Herri Ogasunak bere eskubidea jasoarazi baino lehen erregistratu izana erregistro egokian. Nolanahi ere, foru arau honetako 76. eta 77. artikuluetan xedatutakoa bete behar da.

2. Konkurtso-prozedurek ukitutako zerga-kredituak, are konturako ordainketak egin beharraren ondoriozkoak ere, konkurtsoei buruzko legerian ezarritakoari lotu beharko zaizkio.

79. artikulua. Isilbidezko legezko hipoteka

Erregistro publikoetan erregistratu ahal diren ondasunak edo eskubideak edo beraien zuzeneko produktuak, egiazkoak zein ustezkoak, aldizka kargatzen dituzten zergetan, Herri Ogasunak lehentasuna izango du gainerako hartzekodun edo eskuratzaile guztien aldean, nahiz eta hauek euren eskubideak erregistratuta eduki, ordainketa eskatzen den egutegiko urtean eta aurrekoan sortu eta ordaindu ez den zorra kobratzeko.

80. artikulua. Ondasun-lotura

1. Legezko xedapen bidez zerga-zorra ordaintzeari lotutako ondasunen eskuratzaileek haiekin erantzungo dute modu subsidiarioan, zerga-ekintzaren deribazioa dela bide, zorra ordaintzen ez bada.

2. Eskualdatutako ondasunak eta eskubideak horrelako eskualdaketak, eskuraketak eta inportazioak kargatzen dituzten zergei dagozkien kopuruak, likidatuak zein likidatugabeak, ordaintzeko erantzukizunari lotuta geratuko dira, dena dela edukitzailea. Dena den, salbuespenak daude: bata edukitzailea erregistro-fede publikoak babestutako gainontzekoa izatea da eta bestea, erregistratu ezin diren ondasun higikorrei dagokiena, ondasunak fede onez eta titulu zuzenez merkataritza edo industriako establezimendu batean eskuratu direla frogatzea.

3. Foru arau bidez zerga-onuraren bat ematen bada eta behin betiko eraginkortasuna izateko zergapekoak foru arau horretan ezarritako betekizunak bete behar baditu, Zerga Administrazioak zerga-onura izan ezean egin beharko zen likidazioaren zenbateko osoa agerrarazi ahal izango du, eta erregistro publikoen titularrek bazterreko lotura-oharrean agerraraziko dute.

Geroago, Administrazioaren egiaztapen-jarduketen ondorioz, aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko likidazioaren emaitzako zenbatekoa handiagoa bada, Zerga Administrazioak erregistratzaile eskudunari jakinaraziko dio, zenbateko hori bazterreko lotura-oharrean agerraraz dezan.

81. artikulua. Kautelazko neurriak

1. Zerga-zorraren kobrantza zapuztu daitekeela edo kobratzeko eragozpen handiak izango direla pentsatzeko zentzuzko zantzurik badago, Administrazioak behin-behineko kautelazko neurriak hartu ahal izango ditu kobratuko dela bermatzeko.

Kautelazko neurria interesdunari jakinarazi behar zaio eta jakinarazpenean zergatik hartu den azaldu behar zaio.

2. Neurria saihestu nahi den gaitzaren proportziozkoa izan behar da eta beraren zenbatekoa zorra kobratzea ziurtatzeko bestekoa izan behar da gehienez. Inolaz ere ez da aplikatuko kalte konponezina edo konpongaitza ekar dezakeen neurririk. Zergapekoak ordaindu beharko du zorra borondatezko ordainketa-aldian ez ordaintzeagatik hartu beharreko neurriek eragindako kostuen zenbatekoa.

3. Hauexek dira kautelazko neurriak:

a) Zerga-itzulketen ordainketa edo Zerga Administrazioak egin beharreko beste ordainketa batzuk atxikitzea.

b) Ondasun eta eskubideen prebentziozko enbargoa; behar izanez gero, prebentziozko idaztoharra egingo da.

c) Ondasunak edo eskubideak besterentzeko, karga¬tzeko edo baliatzeko debekua.

d) Legez ezarritako beste edozein neurri.

4. Kautelazko neurriak zergak kudeatzeko prozedura, ikuskapen-prozedura edo bilketa-prozedura baten edozein unetan aplika daitezke.

5. Kautelazko neurrien ondoreak aplikatu eta sei hilabete pasatutakoan iraungiko dira, ondokoetako bat gertatu ezean:

a) Premiamendu-prozeduran enbargo edo epailearen kautelazko neurri bihurtzea; hauek kautelazko neurria hartu den egunetik izango dituzte ondoreak.

b) Neurria hartu beharra ekarri duten inguruabarrak desagertzea.

c) Interesdunak eskatuta, haien ordez askiesten den beste berme bat jartzea erabakitzea.

Nolanahi ere, zergapekoak kautelazko neurriaren zenbatekoa kobratuko dela bermatzen duen abal solidarioa (kreditu-erakunde edo elkarrekiko bermerako sozietate batena) edo kauzio-aseguruaren ziurtagiria aurkezten badu, kautelazko neurria kendu beharko da.

d) Aipatu epea arrazoitutako erabakiaren bitartez luzatzea (sei hilabete gehienez).

6. Establezimendurik gabe irabazizko jarduera bat egiten bada eta aitortzen ez bada, horregatik eskatu beharreko zerga-zorraren ordainketa bermatzeko behar beste diru eta merkatugai prebentzioz enbargatzea erabaki daiteke. Halaber, Zerga Administrazioari aurretik aitortu ez zaizkion ikuskizun publikoen ondoriozko sarrerak prebentzioz enbargatzea erabaki ahal izango da.

7. Artikulu honetan kautelazko neurrietarako ezarritako erregimen orokorraz gain, Zerga Administrazioak erabaki ahal izango du Herri Ogasunaren aurkako delitu bategatik salaketa edo kereila aurkeztu zaien edo delitu hori dela eta prozesu judiziala ireki zaien pertsonei egin beharreko zerga-itzulketak eta bestelako ordainketak atxikitzea, hain zuzen ere ezartzen den erantzukizun zibila estaltzeko beste.

Atxikipena interesdunari, Fiskaltzari eta organo judizial eskudunari jakinarazi behar zaie, eta azken horrek bidezko erabakia hartu arte iraungo du.

8. Bermea eskainita ordainketa atzeratzea eskatzen denean, ondasunen titularrak baimena emanda, Administrazioak ondasunen gaineko kautela-bahimendua egin ahalko du. Bahimendu hori behar den hipoteka edo bahia egin arte egongo da indarrean, edo, zergapekoak eskatutako bermea aurkeztu ez, eta atzeratzea ukatzen zaion arte.

Bahimenduaren erregistro-gastuak zergapekoaren edo/eta ondasunen titularraren kontura izango dira.

III. TITULUA

TRIBUTUEN APLIKAZIOA

I. KAPITULUA

PRINTZIPIO OROKORRAK

LEHENENGO ATALA

ZERGA-PROZEDURAK

82. artikulua. Tributuen aplikazio-eremua

1. Tributuen aplikazio-eremuan ondokoak sartzen dira: Zerga Administrazioak zergapekoei informazioa eta laguntza emateko egiten dituen jarduerak eta tributuak kudeatzeko, ikuskatzeko eta biltzeko egiten dituenak, eta zergapekoek euren eskubideez baliatzean edo euren zerga-betebeharrak betetzeko egiten dituzten jarduketak.

2. Tributuen aplikazioa bereiztu egin behar da Zerga Administrazioak ematen dituen egintzen aurka aurkezten diren administrazioarekiko diru-erreklamazioak ebaztetik.

3. Tributuak kudeaketa, ikuskapen eta bilketako administrazio-prozeduren eta titulu honetan ezarritako gainerako jarduketen bidez aplikatuko dira.

4. Kontzertu Ekonomikoan eta foru arau honetan ezarritakoa eragotzi gabe, zergapekoek eskuduna ez beste zerga administrazio baten aurrean egiten dituzten jarduketek ez dute ondorerik izango.

BIGARREN ATALA

ZERGAPEKOEI INFORMAZIOA ETA LAGUNTZA EMATEA

83. artikulua. Zergapekoei informazioa eta laguntza eman beharra

1. Zerga Administrazioak zergapekoei beraien eskubideei eta betebeharrei buruzko beharrezko informazioa eta laguntza eman behar dizkie.

2. Horretarako ondokoak egingo dituzte, besteak beste:

a) Zergei buruzko arauen testu eguneratuak eta administrazio-doktrina garrantzitsuena zabaldu.

Hain zuzen ere, zergen arloko indarreko foru arauak eta araudiak emango dira, aldatu ahala, bai eta urtean onetsitako zergen arloko xedapen guztien zerrenda ere.

Halaber, garrantzi eta eragin handiko ebazpen ekonomiko-administratiboak ere zabalduko dira.

b) Berriemateak eta informazioa eman.

Zerga Administrazioak zergen arloko arautegia aplikatzeko erabiltzen diren administrazio-irizpi¬deen berri emango die zergadunei eta irizpideok dauden datu-base informatizatuak aztertzen u¬tziko die.

c) Administrazioa aurretik lotesteko prozedurak.

d) Zergapekoei autolikidazioak eta aitorpenak egiten lagundu.

3. Artikulu honetan ezarritako informazio-jarduketak teknika eta bitarteko elektronikoen, informatikoen eta telematikoen bidez egin daitezke.

4. Artikulu honetan aipatutako informazio eta laguntza jarduketak Internet bidez eginez gero, doakoak izango dira.

84. artikulua. Administrazioa aurretik lotesteko prozedurak

1. Zergapekoek eska dezakete Zerga Administrazioak, zerga-egitatea gertatu edo aitorpena borondatez egiteko epealdia amaitu baino lehen, ebazpen loteslea eman dezala zenbait egitate, egintza edo negozio juridikok edo zenbait eragiketak eurentzat edukiko dituzten zerga-ondoreez.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa ondokoen bidez egingo da:

a) Zergei buruzko galderak idatziak.

b) Ondasun higiezinen eskuraketa edo eskualdaketen aurreko informazioa.

c) Balioespenari buruzko aurretiazko erabakiak.

d) Zerga-ordainketarako aurretiazko proposamenak.

85. artikulua. Zergei buruzko galdera idatziak

1. Zergapekoek kasu bakoitzean dagokien erregimenari, sailkapenari edo kalifikazioari buruzko galderak, behar bezala dokumentatuak, egin ahal dizkiote Zerga Administrazioari.

Halaber, arau bidez ezartzen diren organismoek edo erakundeek ere egin ahal izango dizkiote zergei buruzko galderak, hain zuzen ere euren kide edo bazkide guztiak ukitzen dituzten gaiei buruz.

2. Zergei buruzko galdera idatziak eskubideak baliatzeko, aitorpenak edo autolikidazioa aurkezteko edo bestelako zerga-betebeharrak bete¬tzeko ezarritako epea agortu baino lehen aurkeztu behar dira.

3. Galdera-idazkiak Zerga Administrazioari bidali behar zaizkio; idazkian ondokoak azaldu behar dira gutxienez:

a) Galdera egin duenaren identifikazioa.

b) Kasuaren nondik-norakoak eta inguruabar garran¬tzitsuak.

c) Galdera bera, zehatz eta argi.

Artikulu honetan aipatutako galderen edukia arau bidez handitu daiteke.

4. Galdera batek ez badu betetzen aurreko idatz-zatietan ezarritako betekizunetako bat eta eskatu ondoren akatsa zuzentzen ez bada, Zerga Administrazioak artxibatu ahal izango du eta interesdunari jakinaraziko dio.

5. Zerga Administrazioak jaso eta sei hilabete pasatu baino lehen erantzun behar die galderei. Epealdi horretan ez erantzuteak ez dakar berekin Administrazioak galderan adierazitakoa onartzen duenik.

6. Honelako galderak izapidetzeko eta erantzuteko prozedura eta horretarako eskumena izango duten administrazio-organoak arau bidez ezarriko dira.

86. artikulua. Zergei buruzko galdera idatzien erantzunen ondoreak

1. Zergei buruzko galdera idatzien erantzunak lotesleak izango dira, artikulu honetan ezarritakoaren arabera, tributuak aplikatzen dituzten Zerga Administrazioaren organoentzat zergapekoekiko harremanetan.

Aurreko artikuluan ezarritako betekizunak bete ezean, zergei buruzko galdera idatzien erantzunak informaziorako baizik ez dira emango.

Galdera batean aipatutako kasuari aplikatu beharreko arautegia edo jurisprudentzia aldatzen ez den bitartean, emandako erantzunean adierazitako irizpideak aplikatuko zaizkio zergapekoari, idazkian aipatutako inguruabarrak, gertaerak eta gainerako datu guztiak aldatu ezean.

Galderan adierazitako gertaerak eta inguruabarrak erantzunean adierazitakoekin bat badatoz, tributuak aplikatzen dituzten Zerga Administrazioaren organoek zergei buruzko galdera idatzien erantzunetan adierazitako irizpideak aplikatu behar dituzte beti, organo eskudunak berak aplikatu beharreko administrazio-doktrina aldatu ezean (aldaketa arrazoitu behar da).

2. Aurretiaz hasitako prozedura, errekurtso edo erreklamazioen xedearen edo izapidetzearen inguruko galderei aurreko artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako epean eran¬tzunez gero, erantzuna ez da loteslea izango Zerga Administrazioarentzat.

3. Galderak aurkezteak eta haien erantzunek ez dituzte etengo zergei buruzko arauetan zerga-betebeharrak betetzeko ezarritako epeak.

4. Zergapekoek ezin dute errekurtsorik aurkeztu zergei buruzko galderen erantzunen aurka. Aldiz, erantzunean adierazitako irizpideak aplikatzeko ematen diren administrazio-egintzen aurka jar ditzakete.

5. Norbaitek galdera jakin baten testu osoa eskatuz gero, Zerga Administrazioak eman egin behar dio, pertsonen identifikazio-datu guztiak ezabatuta.

87. artikulua. Ondasun higiezinen eskuraketa edo eskualdaketen aurreko informazioa

1. Zerga Administrazioak eskuratu edo eskualdatzen diren Bizkaiko higiezinen katastroko ondasunen zerga-balioaren berri emango du; nola egingo duen eta balioespenak zein ondore izango dituen tributu bakoitzari buruzko arautegian ezarriko da.

2. Interesdunak ezin du jarri inolako errekurtsorik adierazten zaion balioespenaren aurka. Informazio horren inguruan ematen diren administrazio-egintzen aurka, aldiz, jar ditzake.

Ez erantzuteak ez dakar berekin interesdunak bere eskaeran adierazitako balioa onartzea.

88. artikulua. Balioespenari buruzko aurretiazko erabakiak

1. Zergapekoek Zerga Administrazioari eska diezaiokete, zerga bakoitzari buruzko foru arauek edo araudiek hala aurreikusten dutenean, aurretiaz eman dezala zerga-zorra eragin duten errenten, produktuen, ondasunen, gastuen eta gainerako elementuen balioespena, zergen ondoreetarako loteslea izango dena.

2. Eskaera idatziz aurkeztu behar dute zerga-egitatea gertatu baino lehen edo, bestela, zerga bakoitzari buruzko arautegian ezarritako epean.

Eskaerarekin batera zergapekoaren balioespen-proposamena aurkeztu behar da.

3. Zerga Administrazioak zergapekoak aitortutako egitate-elementuak eta inguruabarrak egiaztatu ahal ditu.

4. Zerga Administrazioak idatziz emango du balioespen-erabakia; bertan balioespena, egitatea eta zerga zehaztuko ditu eta erabakia loteslea dela adieraziko du, zerga bakoitzari buruzko arautegian finkatutako prozeduraren arabera eta bertan ezarritako epeetan. Zerga Administrazioak behar den epealdian erantzunik ez emateak berekin ekarriko du eskatzaileak proposaturiko balioespena onar¬tzea.

5. Arautegia aldatu edo balioespenaren oinarritzat hartutako inguruabar ekonomikoak nabarmen aldatu ezean, erabakia eman duen zerga administrazioak bertan adierazitako balioak aplikatu behar ditu. Erabakia hiru urtean izango da indarrean gehienez, arautegian besterik ezarri ezean.

6. Zergapekoek ezin dute aurkeztu inolako errekurtsorik artikulu honetan arautako erabakien aurka. Aldiz, erabakian adierazitako balioespenak aplikatzeko ematen diren administrazio-egintzen aurka jar ditzakete.

89. artikulua. Zerga-ordainketarako aurretiazko proposamenak: kon¬tzeptua eta prozedura

1. Zergadunek zerga-ordainketarako aurretiazko proposamenak aurkeztu ahal dizkiote Zerga Administrazioari garrantzi edo konplexutasun handiko eragiketa jakin batzuei dagokienez, arau bidez ezartzen denaren arabera.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako proposamenean, batetik Administrazioa aurretiaz lotesteko prozedura hau proposatzen den eragiketaren edo eragiketa-multzoaren ziozko zerga-zorrean eragina izan dezaketen elementu guztien deskripzio xehekatua agertu behar da, eta bestetik eragiketak edo eragiketa-multzoak zerga-zorrean izan duen eraginaren kalkulua, zergapekoak egina, erabilitako irizpideen azalpenarekin.

3. Zerga-ordainketarako aurretiazko proposamenak zerga-egitatea gertatu baino lehen aurkeztu behar zaizkio Zerga Administrazioari, eta zergaldia duten zergetan proposatzen dena aplikatu behar den zergaldia amaitu baino lehen.

Zerga Administrazioak artxibatu egingo ditu aurreko epetik kanpo aurkezten diren proposamenak.

4. Zerga-ordainketarako aurretiazko proposamenak sei hilabete pasatu baino lehen ebatzi behar dira. Aldi horretan ez onesteak ez dakar berekin Administrazioak proposamenean adierazitako irizpideak eta zenbatekoa onar¬tzea.

5. Zerga-ordainketarako aurretiazko proposamenak aurkezteko eta onesteko prozedura eta betekizunak arau bidez ezarriko dira.

90. artikulua. Zerga-ordainketarako aurretiazko proposamenen ondoreak

1. Zerga Administrazioak zerga-ordainketarako aurretiazko proposamen bat onesten badu, proposamena loteslea izango da eta zergak aplika¬tzen dituzten organoek bertan ezarritakoa aplikatu beharko dute, adierazitako inguruabarrak egiazkoak ez direla edo aplikatu beharreko arautegia aldatu dela egiaztatu ezean.

2. Zerga-ordainketarako aurretiazko proposamenen ebazpenen aurka ezin da jarri ez errekurtsorik ez erreklamaziorik, baina proposamena aplikatzeko ematen diren administrazio-egintzen aurka bai.

HIRUGARREN ATALA

HERRITARREN LAGUNTZA TRIBUTUEN APLIKAZIOAN

91. artikulua. Herritarren laguntza

1. Interesdunek zergen aplikazioan lagundu dezakete, arau bidez ezartzen denari lotuta.

Horretarako, Zerga Administrazioak akordioak egin ditzake beste herri administrazio batzuekin, erakunde pribatuekin eta gizarte, lan, enpresa edo elkargo interesak ordezkatzen dituzten erakundeekin.

2. Zerga Administrazioak herritarrek teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez laguntzeko betekizunak eta baldintzak jarri ahal izango ditu.

92. artikulua. Informazioa eman beharra

1. Pertsona fisikoek edo juridikoek, publikoek zein pribatuek, eta foru arau honetako 34. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako erakundeek euren zerga-betebeharren inguruko denetariko datu, txosten, aurrekari eta frogagiriak, zerga-ordainketan eragina izan dezaketenak, eman behar dizkiote Zerga Administrazioari, bai eta beste pertsona batzuekin izan dituzten harreman ekonomiko, profesional edo finantzarioen ondoriozko guztiak ere.

Zehatzago:

a) Atxikitzaileek eta konturako sarrerak egin behar dituztenek beste pertsona edo erakunde batzuei dirutan edo gauzatan egindako ordainketen zerrendak aurkeztu behar dituzte.

b) Sozietateek, elkarteek, profesionalen elkargoek eta, besteak beste, bazkideen, kideen edo elkargokideen kontura ogibidesariak edo jabetza intelektualaren edo industrialaren edo egilearen jabetzaren ondoriozko eskubideak kobratzen dituzten erakundeek datu horiek jakinarazi behar dizkiote Zerga Administrazioari.

Gauza bera egin behar dute legez edo estatutuz, edo ohiko jardun gisa, kapitalen merkatuan kapitalak erakarri, ezarri edo lagatzeagatik edo horretan bitartekari jarduteagatik ogibidesarien edo komisioen kobrantza kudeatzen duten edo horretan esku hartzen duten pertsonek eta erakundeek, are bankuek, kreditu-erakundek eta, oro har, finantza-bitartekaritzan ari direnek ere.

c) Ordainarazpen-aldian, Zerga Administrazioaren zordun direnen eskudirua edo kontuetako dirua, baloreak edo bestelako ondasunak gordailatzen dituzten pertsonek eta erakundeek horren berri eman behar diete zerga-bilketako organoei eta haiek euren eginkizunetan egiten dituzten errekerimenduak bete behar dituzte.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako betebeharrak arau bidez ezartzen den moduan eta finkatzen diren epeetan bete behar dira, oro har, edo bestela Zerga Administrazioak banako errekerimendua egindakoan (noiznahi egin dezake).

3. Banku-sekretua ezin da erabili artikulu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeko aitzakiatzat.

Bankuen, aurrezki kutxen, kreditu kooperatiben eta banku- edo kreditu-trafikoan aritzen diren erakundeen kontu korronte, aurrezki eta eperako gordailu, mailegu- eta kreditu-kontuetako mugimenduei eta gainerako eragiketa aktibo eta pasiboei (kontu iragankorretan islatzen edo txekeetan eta bestelako ordainketa-aginduetan gauzatzen diren eragiketak barne) buruzko banakako errekerimenduak ikuskapen edo zerga-bilketa eginkizunetan jardutean egin daitezke, arau bidez ezartzen den Zerga Administrazioaren organoak baimena eman ondoren.

Banakako errekerimenduan txekearen edo ordainketa-aginduaren identifikazio-datuak zehaztu beharko dira, edo bestela, ikertzen diren eragiketak, ukituriko zergapekoak (titularrak nahiz baimenduak) eta kontuan hartutako epealdia.

Idatz-zati honetan ezarritakoaren araberako ikerketan mugimenduen edo txekeen eta ordainketa-aginduen jatorria eta xedea azter daitezke, baina hori egiten denean gehienez ere jatorriko eta xedeko pertsona eta kontuak identifikatu ahal izango dira, besterik ez.

4. Funtzionario publikoek, are profesional ofizialek ere, Zerga Administrazioari lagundu behar diote; hain zuzen ere zerga-ordainketan eragina izan dezakeen informazio guztia eman behar diote, hurrengoetako bat aplika daitekeenean izan ezik:

a) Postaren edukiaren sekretua.

b) Administrazioari estatistiketarako soilik emandako datuen sekretua.

c) Notarioaren protokoloaren sekretua; honetan Notariotzari buruzko Legeko 34. eta 35. artikuluetan aipatutako agiri publikoak eta ezkontzei eta izatezko bikoteei buruzko maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako izatezko bikoteei buruzkoak sartzen dira, ezkontza-sozietatearen araubide ekonomikoari edo izatezko bikoteen ondarearen araubide ekonomikoari buruzkoak izan ezik.

5. Zerga Administrazioari zerga-ordainketan eragina duen informazioa eman behar dioten gainerako profesionalek ez dizkiote jakinarazi behar euren jardunean ezagutzen dituzten ondaretik kanpoko datu pribatuak, baldin eta horrela pertsonen edo familien ohorea edo intimitatea urratzen badute. Halaber, ez dizkiote jakinarazi behar aholkularitzako edo defentsako lanbide-zerbitzuak egitean euren bezeroei buruz ezagututako isilpeko datuak.

Profesionalek ezin diote heldu lanbideko sekretuari euren zerga-egoeraren egiaztapena eragozteko.

6. Arau bidez ezartzen denari lotuta, Zerga Administrazioak artikulu honetan eta hurrengoan aipatutako informazioa teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez emateko betekizunak eta baldintzak ezar ditzake.

93. artikulua. Informatu beharra eta lagundu beharra dituzten agintaritzak

1. Agintariek (era guztietakoek), Estatuaren, autonomia erkidegoen, lurralde historikoen eta toki-entitateen organoen titularrek, organismo autonomoek eta enpresa-erakunde publikoek, lanbide ganbarek eta korporazioek, elkargoek eta elkarteek, gizarte aurreikuspenerako mutualitateek, gainerako erakunde publikoek (are Gizarte Segurantzaren kudeatzaileek ere) eta, oro har, eginkizun publikoak dituzten guztiek Zerga Administrazioari jakinarazi behar dizkiote xedapen orokorren bidez edo banako errekerimenduen bidez eskatzen dituen zerga-ordainketarako datu, txosten eta aurrekari guztiak, eta berari eta beraren agenteei laguntza, sorospena eta babesa eman behar dizkiete euren eginkizunak bete ditzaten.

Halaber, zergen kudeaketan edo ordainarazpenean parte hartuko dute ohartarazpen, jasanarazpen eta atxikipen bidez, indarreko legerian ezarritakoaren arabera.

2. Betebehar berberak dituzte alderdi politikoek, sindikatuek eta enpresa elkarteek ere.

3. Epaitegiek eta auzitegiek Zerga Administrazioari eman behar dizkiote, ofizioz edo berak eskaturik, euren epai-jarduketen ondorioz ezagutzen dituzten zerga-ondoredun datu guztiak, eta sumarioko eginbideen sekretua errespetatu behar dute.

4. Kapitalak Zuritzearen eta Moneta Urratzeen Aurkako Batzordearen Zerbitzu Betearazleak eta Terrorismoa Finantzatzeko Jarduerak Zaintzeko Batzordeak, eta bien idazkaritzek, euren eginkizunetan ari direnean eskuratzen dituzten zerga-ondoredun datu guztiak ofizioz eman behar dizkiote Zerga Administrazioari, oro har, edo banakako errekerimendua jaso ondoren, arau bidez ezartzen denari lotuta.

Zerga Administrazioaren organoek zergapekoen zerga-egoera erregularizatzeko erabili ahal izango dute emandako informazioa kudeaketa-prozeduran nahiz ikuskapen-prozeduran, eta horretarako ez da aurreko artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako errekerimendua egin beharrik izango.

5. Aurreko artikuluan, artikulu honetako aurreko idatz-zatietan edo legezko beste arau batean xedatutakoaren arabera Zerga Administrazioari datu pertsonalak lagatzeko ez da beharko ukiturikoen baimenik. Eremu honetan ez da aplikatuko Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 21. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoa.

94. artikulua. Zerga-ordainketan eragina duten datuak isilpean eduki beharra

1. Zerga Administrazioak bere eginkizunak egitean eskuratzen dituen datuak, txostenak edo aurrekariak isilpekoak dira eta hark kudeatzen dituen zergak edo baliabideak aplikatzeko eta bidezko zehapenak ezartzeko soilik erabili ahal izango dira, eta ezin zaizkie laga gainontzekoei, ez jakinarazi, xede hauetako baterako izan ezean:

a) Jurisdikzio-organoei eta fiskaltzari laguntzea delituak ikertzen edo jazartzen, laidotutako pertsonak eskatuta soilik jazarri ahal direnak izan ezik.

b) Beste zerga administrazio batzuekin lankidetzan aritzea bere eskumenen eremuan zerga-betebeharrak betearazteko.

c) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin eta Gizarte Segurantzaren zerbitzu arruntekin eta erakunde kudeatzaileekin lankidetzan aritzea Gizarte Segurantzaren sistemaren kuoten kotizazioan eta bilketan eta sistema horren kargurako prestazioak lortzean eta gozatzean gertatzen diren iruzurren aurka.

d) Herri administrazioekin lankidetzan aritzea Herri Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren aurkako delituak jazartzen.

e) Legez ezarritako esparruan, legebiltzarretako ikerketa-batzordeekin lankidetzan aritzea.

f) Adingabekoen eta jurisdikzio-organoek edo fiskal¬tzak ezgaitutakoen eskubideak eta interesak babestea.

g) Herri Kontuen Euskal Epaitegiari fiskalizazio-lanetan laguntzea.

h) Epaileekin eta auzitegiekin lankidetzan aritzea epai-ebazpen irmoak betearazteko. Epailearen informazio-eskabideak berariazko ebazpena beharko du; ebazpen honetan, dena delako gaiak uki¬tzen dituen interes publikoak eta pribatuak haztatu ondoren eta eskatutako informazioaren berri jakiteko gainerako bideak eta iturriak agortu izana dela bide, datuak Zerga Administrazioari eskatu beharra azalduko da.

i) Kapitalak Zuritzearen eta Moneta Urratzeen Aurkako Batzordearen Zerbitzu Betearazleari, Terrorismoa Finantzatzeko Jarduerak Zaintzeko Batzordeari eta horien bien idazkaritzei euren eginkizunetan laguntzea.

j) Zergaz beste baliabide publikoak biltzen diharduten Zuzenbide Publikoko organoei edo erakundeei zergadunak zuzen identifikatzen laguntzea.

k) Estatistikaren arloan eskumena duten herri administrazioek datuak estatistikak egiteko erabiltzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikei buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak eman dizkien eginkizunak betetzeko. Informazio-eskaeran zehatz-mehatz azaldu behar dira lagako diren zerga-datuak erabiliz egingo diren estatistika-lanen helburuak. Datuok, beti ere, mul¬tzoka erabili behar dira azterlanetan eta ezin dira gorde norbanakoen arabera bereizita.

l) Herri administrazioei euren eginkizunetan laguntzea, zergapekoek euren datuak horretarako laga daitezen baimena eman ondoren.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde administrazio publikoei laguntzea beren eskumenei dagozkien zuzenbide publikoko diru-sarrerak jasotzen.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritako lagapenetan, zerga-informazioa baliabide informatiko edo telematikoen bidez eman behar da, ahal dela. Herri administrazioek informazioa bitarteko horiez baliatuta eskuratu ahal badituzte, ezin eskatu izango diete interesdunei informazioaren inguruko ziurtagiria, Zerga Administrazioak emana, aurkezteko.

3. Zerga Administrazioak zerga-informazioa isilpean edukitzea eta zuzen erabiltzea bermatzeko neurriak aplikatuko ditu.

Honelako datu, txosten edo aurrekariak ezagutzen dituzten agintariek, funtzionarioek eta Zerga Administrazioaren zerbitzuko langileek erabat isilpean eduki behar dituzte, aipatu kasuetan izan ezik.

Delitua egon litekeela ohartuz gero (laidotutako per¬tsonak eskatuta soilik jazar daitezkeen delituak izan ezik), Zerga Administrazioak erruduntasun-testigantza aurkeztuko du edo fiskaltzari delitutzat jotzen diren gertaera-inguruabarren zerrenda bidaliko dio. Horrez gainera kereila-prozedurari ere ekin ahal zaio organo eskudunaren bidez.

4. Atxikitzaileek eta konturako sarrerak egin behar dituztenek konturako ordainketak egiteko baizik ezin dituzte erabili beste zergapeko ba¬tzuei buruzko datuak, txostenak eta aurrekariak. Datuok Zerga Administrazioari jakinarazi behar zaizkio zerga bakoitzaren arautegian ezarritako kasuetan.

Aurreko paragrafoan xedatutako kasuan izan ezik, hizpide ditugun datuak, txostena eta aurrekariak isilpekoak dira.

Atxikitzaileek eta konturako sarrerak egin behar dituztenek erabat isilpean gorde behar dituzte.

II. KAPITULUA

ZERGEN ARLOKO JARDUKETEI ETA PROZEDUREI BURUZKO ARAU OROKORRAK

95. artikulua. Zergen arloko jarduketei eta prozedurei buruzko arauak

Zergak aplikatzeko jarduketetan eta prozeduretan ondokoak izango dira aginduzko:

a) Titulu honetan ezarritako arau bereziak, zergen arloko beste foru arau batzuetan bildutako prozedura-arauak eta horiek garatzeko ematen diren arauak.

b) Osagarri moduan, administrazio-prozedurei buruzko xedapen orokorrak.

LEHENENGO ATALA

ZERGEN ARLOKO ADMINISTRAZIO-PROZEDUREN BEREZITASUNAK

LEHENENGO AZPIATALA

ZERGA-PROZEDUREN FASEAK

96. artikulua. Zergen arloko jarduketak eta prozedurak hastea

1. Zergen arloko jarduketak eta prozedurak ofizioz edo zergapekoek eskatuta has daitezke; zergapekoek autolikidazioa, aitorpena, eskaera edo zerga-arautegian ezarritako beste bideren bat balia dezakete horretarako.

2. Zergen arloko jarduketak eta prozedurak hasteko agirietan zergapekoaren izen-abizenak edo sozietatearen izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia agertu behar dira nahitaez, eta behar den kasuetan ordezkariarenak ere bai.

3. Zerga Administrazioak autolikidazioen, aitorpenen, eskaeren eta zerga-arautegian ezarritako gainerako bitartekoen ereduak eta sistema normalizatuak onetsi ahal ditu zergen arloko jarduketa eta prozedura ugari izapidetu behar direnerako.

4. Foru Aldundiaren eskumenen esparruan, arau bidez ezar daiteke zein kasutan eta nola aurkeztu behar dituzten zergapekoek baliabide telematikoen bidez euren aitorpenak, autolikidazioak, eskaerak eta zerga-ordainketan eragina duten gainerako agiriak.

97. artikulua. Zergen arloko jarduketak eta prozedurak egitea

1. Zergen arloko jarduketak eta prozedurak egitean, Administrazioak ahal duen guztian lagunduko die zergapekoei euren eskubideak baliarazten eta euren betebeharrak betetzen; ondoko idatz-zatietan azalduko da nola emango dien laguntza hori.

2. Zergapekoek Zerga Administrazioari lagundu behar diote bere eginkizunak egiten zergak aplikatzeko prozeduretan.

3. Zergapekoek uko egin diezaiokete zerga-arautegiaren arabera ezin eska daitezkeen agiriak aurkezteari, bai eta lehenago aurkeztuta daudenez zerga administrazio jarduleak badituen agiriak aurkezteari ere. Nolanahi ere, interesdunei aurkeztutako datuak, eurenak zein beste ba¬tzuenak, berresteko eskatu ahal zaie.

4. Zergapekoek eskubidea dute eurek aurkeztutako autolikidazioen eta aitorpenen ziurtagiriak, edo haien atal jakin batzuenak, jasotzeko.

5. Zerga-jarduketa edo zerga-prozeduraren batean alderdi izanez gero, zergapekoek espedienteko agirien kopiak eskura ditzakete, kostua ordainduta; hala ere, gainontzekoen interesak urratu ahal badira edo haien intimitatea arriskuan jartzen bada edo indarreko arautegian hala xedatzen bada, ezin dituzte eskuratu.

Entzunaldiaren izapidea dagoen prozeduretan, edo ebazpen-proposamenaren ondoren alegazioetarako aldia dagoenetan, kopiak izapide horietan emango dira.

6. Administrazio-artxiboetan dauden espedienteetako erregistroak eta agiriak, baldin eta eskaera aurkezten denean espedientea amaituta badago, zerga-prozeduran alderdi izan diren zergapekoek soilik eska ditzakete, foru arau honetako 94. artikuluan ezarritakoaren arabera isilpean gorde behar direnean izan ezik.

7. Zerga-prozeduretan, froga egiteko ez dago aldi berezia hasi beharrik, ez interesdunei aurretik jakinarazi beharrik.

8. Zergak aplikatzeko prozeduretan, Zerga Administrazioaren jarduketak komunikazioetan, eginbideetan, txostenetan eta prozedurei buruzko arautegi zehatzetan ezarritako agirietan dokumentatuko dira.

Komunikazioen bidez Administrazioak prozedura hasi dela jakinarazten die zergapekoei edo haren inguruko beste gertaera edo inguruabar batzuen berri ematen die, edo errekerimenduak egiten dizkie pertsonei edo erakundeei. Komunikazioak eginbideei txertatu ahal zaizkie.

Eginbideak agiri publikoak dira, gertaerak eta zergapekoaren edo jarduketetan jardule den pertsonaren adierazpenak agerrarazteko ematen direnak. Eginbideetan ezin da egin zerga-likidaziorako proposamenik.

Zerga Administrazioaren organoek, ofizioz edo gainontzeko batek eskatuta, ordenamendu juridikoaren arabera aginduzko diren txostenak egingo dituzte, bai eta herri administrazioen beste organo eta zerbitzu batzuek edo legegintzako botereak eta botere judizialak indarreko legeriari lotuta eskatzen dituztenak eta zergak aplikatzeko behar direnak ere.

9. Zergak aplikatzeko prozeduretan entzunaldia emango zaio interesdunari ebazpen-proposamena idatzi aurretik, eskubidez komeni zaiona alega dezan.

Dena dela, prozedurari buruzko arauetan proposamenaren ondoren alegazioak aurkezteko izapidea ezarrita dagoenean, espedientea alegazioen izapidean agertuko zaio interesdunari.

98. artikulua. Zerga-prozeduren amaiera

1. Zerga-prozedurak honela amaituko dira: ebazpen bidez; atzera eginez gero; eskaeraren oinarri izan den eskubideari uko eginez gero; gertaera bat dela bide prozedurarekin ezin jarraitu bada; iraungitzeagatik; errekerimenduaren xede izan den betebeharra betez gero; zerga-ordenamenduan ezarritako beste kausaren bategatik.

2. Zerga Administrazioak modu automatikoan ematen dituen eran¬tzunak ebazpentzat hartuko dira, prozedura honela amaitu daitekeen prozeduretan.

BIGARREN AZPIATALA

ZERGA-LIKIDAZIOAK

99. artikulua. Zerga-likidazioak: kontzeptua eta motak

1. Zerga-likidazioa ebazpen-egintza da; beraren bidez Zerga Administrazioaren organo eskudunak zerga-zorraren zenbatekoa edo zerga-arautegiaren arabera itzuli edo konpentsatu beharreko kopurua zehazten du.

Zerga Administrazioak ez du zertan doitu likidazioak zergapekoek euren autolikidazio, aitorpen, eskaera edo bestelako agirietan adierazitako datuetara.

2. Zerga-likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izango dira.

3. Hauexek izango dira behin betikoak:

a) Zerga-betebeharraren elementu guztiak egiaztatu eta ikertu ondoko ikuskapen-prozeduretan egiten direnak, foru arau honetako 144. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutako kasuetan izan ezik.

b) Zerga-arautegiaren arabera hala direnak.

4. Gainerako kasuetan zerga-likidazioak behin-behinekoak izango dira.

100. artikulua. Zerga-likidazioen jakinarazpena

1. Likidazioak kapitulu honetako 3. atalean ezarritakoari lotuta jakinarazi behar zaizkie zergapekoei.

2. Jakinarazpenean ondokoak agertu behar dira:

a) Zergapekoaren identifikazioa.

b) Zerga-zorraren zenbatekoa eragin duten elementuak.

c) Jakinarazpenaren motibazioa, baldin eta ez badator bat zergapekoak adierazitako datuekin edo hark egindako arauen aplikazio edo interpretazioarekin; horrez gainera jakinarazpena eragin duten gertaerak eta oinarrizko elementuak adierazi behar dira eta Zuzenbideko oinarriak azaldu.

d) Balia daitezkeen inpugnazio-bideak, inpugnazioak aurkeztu behar diren organoa eta aurkezteko epea.

e) Zerga-zorra ordaindu behar den lekua, epea eta modua.

f) Likidazioa nolakoa den: behin-behinekoa edo behin betikoa.

3. Aldizka ordainagiri bidez kobratzen diren zergetan, behin erregistro, errolda edo matrikula egokian alta emateari dagokion likidazioa jakinarazi ondoren, hurrengo likidazioak taldeka jakinarazi ahal izango dira ediktuen bidez (ediktuetan horren berri eman behar da).

Zerga-oinarria aitorpenaren emaitzakoa baino handiagoa bada, zergadunari jakinarazi behar zaio eta jakinarazpenean aldea zerk eragin duen azaldu behar zaio. Hala ere, aldaketa foru arauek baimendutako errebalorazio orokorraren ondorioz gertatzen bada edo tokiko zerga-arautegiaren arabera zergaren elementuetan aldaketa orokorrak sartzen badira, ez da egongo jakinarazi beharrik.

4. Arau bidez ezartzen den kasuetan ez da egin beharko jakinarazpenik, baldin eta Zerga Administrazioak idatziz ohartarazten badio zergapekoari, ez eta autolikidazioak aurkeztu ondoren egindako itzulketen ondoriozko behin-behineko likidazioetan ere, baldin eta itzulitako kopurua eskatutakoa bera bada.

HIRUGARREN AZPIATALA

EBATZI BEHARRA ETA EBAZTEKO EPEAK

101. artikulua. Ebatzi beharra

1. Zerga Administrazioak berariaz ebatzi behar ditu zergak aplika¬tzeko prozeduretan agertzen diren arazoak, eta gero berariazko ebazpenak jakinarazi behar ditu.

2. Zergapekoek jakinarazi baizik egin behar ez dituzten eskubideak baliatzearen inguruko prozeduretan Administrazioak ez du edukiko berariaz ebatzi beharrik, ez eta iraungitzen diren prozeduretan, xedea galduta dutenetan eta interesdunak uko edo atzera egiten duenetan ere.

Hala ere, interesdunak Zerga Administrazioari berariaz eskatzen badio aipatu inguruabarretako bat gertatu denez argitzeko, hark erantzun egin beharko du.

3. Likidazio-egintzetan, balioa egiaztatzeko egintzetan, betebeharra ezartzen dutenetan, zerga-onura edo zergak aplikatzeko egintzen betearazpenaren etendura ukatzen dutenetan eta indarreko arautegian ezartzen diren beste guztietan arrazoiak azaldu behar dira; horretarako, labur-labur aipatu behar dira egitateak eta Zuzenbideko oinarriak.

102. artikulua. Ebazteko epeak eta berariazko ebazpena ez ematearen ondoreak

1. Ebazpena jakinarazteko gehieneko epea kasuan kasuko prozedurari buruzko arautegian finkatuko da. Prozedurari buruzko arauetan gehieneko epea ezarri ezean, sei hilabete baino lehen ebatzi behar da.

Honela zenbatuko da epea:

a) Ofizioz hasten diren prozeduretan, hasteko erabakia jakinarazten den egunetik.

b) Interesdunak eskatuta hasten diren prozeduretan, agiria izapide¬tzeko eskumena duen administrazioaren erregistroan sartzen den egunetik.

Idatz-zati honetan xedatutakoa ez da aplikatuko aitorpenaren edo autolikidazioaren bidez hasitako kudeaketa-prozeduretan, ez premiamendu-prozeduretan; hain zuzen ere, premiamendu-prozeduretako jarduketek preskribitzeko edo iraungitzeko epea, kasuan kasukoa, mugaeguneratu arte iraungo dute.

2. Ebazpena jakinarazi beharra prozeduren gehieneko epearen barruan betetzat jotzeko, nahikoa izango da ebazpenaren testua osorik jakinarazteko ahalegin bat egin dela frogatzea.

Prozedura arrazoi jakin bategatik etenda dagoen aldiak (arau bidez zehaztu behar dira) ez dira konputatuko ebazteko epean, ez eta Zerga Administrazioari egotzi ezin zaion kausa bategatik gertatzen diren atzerapenak ere.

3. Alderdi batek eskatuta hasten diren prozeduretan, gehieneko epea berariazko ebazpena jakinarazi gabe mugaeguneratzeak arautegian ezarritako ondoreak izango ditu. Alde honetatik, zergak aplikatzeko prozedura guztietan berariaz arautu behar da presuntziozko egintzen erregimen egokia.

Erregimena araututa egon ezean, interesdunek baie¬tsitzat jo dezakete euren eskaera Administrazioaren isiltasuna dela-eta, Konstituzioan ezarritako eskatzeko eskubidea baliarazteko prozeduretan eta egintzak eta xedapenak inpugnatzeko prozeduretan izan ezik, honelakoetan isiltasunak eskaera ezetsiko baitu.

Prozedura zergapekoari egotzi ahal zaion kausa bategatik etenez gero, Administrazioak ohartaraziko dio hiru hilabeteren buruan iraungitzat jo ahal izango duela.

4. Ofizioz hasten diren prozeduretan, ezarritako gehieneko epea berariazko ebazpena jakinarazi gabe mugaeguneratzeak prozedurari buruzko arautegian ezarritako ondoreak izango ditu.

Berariazko arautegirik egon ezean, ondore hauek izango ditu:

a) Prozeduraren emaitza eskubide bat edo bestelako banakako egoera juridiko bat aintzatestea edo eratzea izan ahal bada eta Administrazioaren isiltasuna gertatzen bada, zergapekoak eze¬tsitzat jo ditzake prozedurak eduki ditzakeen aldeko ondoreak.

b) Prozeduraren emaitza kontrako ondorea edo karga izan ahal bada, prozedura iraungiko da.

5. Prozedura iraungitakoan, ofizioz edo interesdunak eskatuta adieraziko da eta jarduketak artxibatzeko aginduko da.

Prozedura iraungitzeak ez du ekarriko berez Zerga Administrazioak dituen ahalen preskripzioa, baina iraungitako prozeduretan egindako jarduketek ez dute etengo preskripzio-epea eta ez dira Administrazioaren errekerimendutzat hartuko foru arau honetan ezarritako ondoreetarako.

Iraungitako prozedura batean egindako jarduketak eta eskuratutako agiriak eta bestelako frogabideak haren inguruan edo beste zergapeko bati dagokionez hasitako edo geroago hasten diren beste prozedura batzuetan ere erabili ahal izango dira frogatzeko.

BIGARREN ATALA

FROGA

103. artikulua. Frogabideak, frogaren balioespena eta froga-zama

1. Zerga-prozeduretan, Kode Zibilean eta Prozedura Zibileko Legean frogabideez eta frogaren balioespenaz ezarritako arauak aplikatuko dira, zerga-arautegian besterik ezarri ezean.

2. Zergak aplikatzeko prozeduretan, eskubide bat baliarazi nahi duenak hura sortu duten egitateak frogatu behar ditu (froga-zama).

3. Baldin eta Zerga Administrazioak bere esku baditu froga-elementuak, zergapekoek haiek zehatz-mehatz adierazita beteko dute eskubidea frogatu beharra.

104. artikulua. Frogabideei buruzko arau bereziak

1. Zerga bakoitzari buruzko foru arauan eragiketa jakin batzuk, zerga-betebeharraren zenbatekoa zehazteko kontuan hartu beharrekoak, kengarri izateko bete beharreko betekizun formalak ezarri ahal izango dira.

2. Gastu kengarriak eta aplikatzen diren kenkariak, enpresariek edo profesionalek egindako eragiketek sortu badituzte, frogatu egin behar dira; ahal dela, eragiketa egin duen enpresariak edo profesionalak emandako faktura aurkeztu behar da eta bestela eragiketaren zioz emandako ordezko agiria. Batera zein bestera, zerga-arautegian ezarritako betekizunak bete behar dira.

3. Baldin eta konpentsatutako edo konpentsatu gabeko oinarriak edo kuotak edo aplikatutako edo aplikatu gabeko kenkariak Administrazioak zerga-zorra zehazteko duen ahala iraungita edo preskribituta dagoen ekitaldietan sortu badira, haien bidezkotasuna eta zenbatekoa sartu ziren likidazioak edo autolikidazioak, kontabilitatea eta behar diren agiri-euskarriak aurkeztuta frogatu behar dira.

105. artikulua. Eginbideen froga-balioa

1. Zerga-jarduketetako eta -prozeduretako eginbideak agiri publikoak dira eta formalizatzen dituzten egintzak frogatzen dituzte, kontrakoa frogatzen ez den bitartean.

2. Eginbideetan ageri diren egitateetatik prozeduraren xede den zergapekoak onartzen dituenak, bai eta haren adierazpenak ere, benetakotzat joko dira eta zergapekoak soilik zuzendu ahal izango ditu, egitatezko errakuntza egin zuela frogatuta.

106. artikulua. Zergen arloko presuntzioak

1. Zergei buruzko arauetan ezarritako presuntzioak kontrako frogaren bidez ezaba daitezke, foru arau batek berariaz debekatu ezean.

2. Foru arauetan ezarri ez diren presuntzioak frogabide¬tzat onartzeko ezinbestekoa da frogatutako egitatearen eta ondorioztatu nahi denaren artean lotura zehatza eta zuzenekoa egotea giza zentzuaren arabera.

3. Zerga Administrazioak ondasun, eskubide, enpresa, zerbitzu, jarduera, ustiategi edo funtzio baten titulartzat jo dezake zerga-erregistroan edo beste erregistro publiko batean titular ageri dena, kontrako frogarik ez badago.

4. Zergapekoek aurkezten dituzten autolikidazioetan, aitorpenetan eta gainerako agirietan adierazitako datuak eta egitate-elementuak benetakotzat joko dira haiei dagokienez, eta beraiek soilik zuzendu ahal izango dituzte kontrako frogaren bidez.

Baldin eta aitorpenetan edo errekerimenduen eran¬tzunetan (foru arau honetako 92. eta 93. artikuluetan ezarritako informatu beharra betetzeko) adierazten diren datuak beste zergapeko batzuen zerga-egoera erregularizatzeko erabiltzen badira, benetakotzat joko dira; hala ere, zergapekoak oker daudela edo faltsuak direla alega¬tzen badu, atal honetan xedatutakoaren arabera erkatu beharko dira. Horretarako, aitortzaileari eskatu ahal izango zaio berrets ditzala aurkeztu dituen aitorpenetan gainontzekoez adierazitako datuak eta froga dezala benetan hala direla.

HIRUGARREN ATALA

JAKINARAZPENAK

107. artikulua. Zergen arloko jakinarazpenak

1. Zergapekoei egin beharreko jakinarazpenen erregimena administrazio-arau orokorretan ezarri da; nolanahi ere, kontuan eduki behar dira foru arau honetako 100. artikuluan eta 179. artikuluko 4. idatz-zatian eta atal honetan ezarritako ñabardurak.

2. Interesdunak baliabide telematikoak erabiltzearekin ados dagoela adierazi badu eta modu hori lehenetsi badu, jakinarazpenak telematikoki egin ahal izango dira.

Norbaiti jakinarazpen bat telematikoki bidali behar bazaio, Administrazioak mezu elektronikoa bidaliko dio horren berri emateko aurretik zehaztutako helbidera eta jakinarazpena jarriko du Foru Aldundiaren jakinarazpen telematikoen sisteman (Internet bidez eskura daiteke).

Jakinarazpen sistemak ahalbideratu egingo du ziurtatzea jakinarazitako egintza zein data eta ordutan jakinarazi zaion interesatuari, bai eta interesatua jakinarazpenaren edukinera noiz sartu den jakitea ere, une horretatik aurrera ulertuko baita jakinerazpenak indar osoa duela.

Jakinarazpena igorri eta interesatua jakinarazpenaren edukinera sartu gabe hogei egutegi-egun igaro badira, jakinarazpena ezeztatua izan dela ulertuko da, Foru Arau honen 109 artikuluaren 2. idaz-zatiaren ondorio guztietarako, beti ere ofizioz edo hartzailearen eskariz egiaztatzen ez bada ezintasun teknikoa edo materiala dagoela jakinarazpenaren edukinera sartzeko.

108. artikulua. Jakinarazpenak egiteko tokia

1. Interesdunak eskatuta hasten diren prozeduretan, jakinarazpena zergapekoak edo beraren ordezkariak berariaz adierazitako tokian egingo da, edo bataren edo bestearen zerga-egoitzan.

2. Ofizioz hasten diren prozeduretan, jakinarazpena zergapekoaren edo beraren ordezkariaren zerga-egoitzan, lantokian, jarduera ekonomikoa egiten duen tokian edo jaso-agiria biltzeko aukera ematen duen beste zeinahi tokitan egin ahal izango da.

109. artikulua. Jakinarazpenak jasotzeko legitimatutako pertsonak

1. Jakinarazpena zergapekoak edo beraren ordezkariak berariaz adierazitako tokian egiten bada, edo bataren edo bestearen zerga-egoitzan, eta jakinarazpena heltzean interesduna ez badago, bertan dagoen nornahik jaso ahal izango du, nor den azaldu ondoren, bai eta jakinarazpen-tokia edo zergapekoaren edo ordezkariaren zerga-egoitza dagoen eraikineko auzoen edo jabeen erkidegoaren enplegatu batek ere.

Jakinarazpena bide telematikoen bitartez egiten bada, zergapekoak ez eze, beste hauek ere jaso ahal izango dute: haren ordezkariak edo aitorpenak, autolikidazioak, eskariak eta zerga-eragina duen beste edozien agiri aurkeztu eta kontsultatzeko zergapekoak ordezkari izateko baimena jaso duten pertsona fisikoak zein juridikoak.

2. Interesdunak edo beraren ordezkariak jakinarazpena jaso nahi ez badu ere, lege-ondoreetarako egintzat joko da.

110. artikulua. Bertaratuta jakinarazi

1. Zerga-egoitzan edo interesdunak adierazitako tokian jakinarazteko bi ahalegin, gutxienez, egin ondoren zergapekoari edo beraren ordezkariari ezin bazaio helarazi jakinarazpena Zerga Administrazioari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, espedientean jakinarazpen-ahaleginen inguruabarrak adieraziko dira. Jasotzailea aipatu egoitzan edo tokian ezezaguna bada, ahalegin bat nahikoa izango da.

Hala gertatzen denean, interesdunari edo beraren ordezkariari zitazioa egingo zaio bertaratuta jakinarazteko; horretarako iragarkiak hilero argitaratuko dira Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, hilaren 5ean eta 20an edo, behar denean) egunon hurrengo lehen lanegunean (iragarki bat interesatu bakoitzeko).

Ezagutzen den azken egoitza Bizkaitik kanpo egonez gero, iragarkia ezagutzen den azken zerga-egoitzari dagokion udaletxean ere jarri ahal izango da. Ezagutzen den azken egoitza atzerrian badago, iragarkia dena delako herrialdearen kontsulatuan edo enbaxadaren kontsulatu-sailean jarri ahal izango da.

Zerga Administrazioak baliabide informatikoen, elektronikoen eta telematikoen bidez jar ditzake iragarki hauek, zerga-arautegian ezartzen denari lotuta.

2. Iragarkia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, egiteko dauden jakinarazpenen zerrenda agertuko da eta ondokoak adieraziko dira: zergapekoa edo beraren ordezkaria; jakinarazpenak eragin dituen prozedura; izapidetzeko eskumena duen organoa; jasotzailea nora eta noiz joan behar den jakinarazpena jasotzera. Interesduna iragarkia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik egutegiko hamabost egun pasatu baino lehen bertaratu beharko da. Aldi horretan bertaratzen ez bada, jakinarazpena epearen mugaegunaren biharamunean egintzat hartuko da lege-ondore guztietarako.

3. Zergapekoa edo beraren ordezkaria jakinarazpena jasotzera bertaratu ez eta ondorioz prozedura baten hasiera edo beraren izapideetako bat jakinarazitzat jotzen bada, prozeduraren hurrengo jarduketak eta eginbideak ere jakinarazitzat joko dira eta bere hartan mantenduko da prozeduran zehar noiznahi bertaratzeko eskubidea. Hala ere, prozeduran ematen diren likidazioak eta, egonez gero, enbargatutako ondasunak besterentzeko erabakiak atal honetan ezarritakoaren arabera jakinarazi beharko dira.

LAUGARREN ATALA

ZERGAPEKOEN EGOITZAN SARTZEA

111. artikulua. Epailearen baimena zergapekoen egoitzan sartzeko

Zergak aplikatzeko prozeduretan, zergapeko baten egoi¬tzan sartu behar bada edo hura miatu behar bada, Zerga Administrazioak zergapekoaren adostasuna edo epailearen baimena lortu behar du, egoitza Konstituzioaren babespean baitago.

BOSGARREN ATALA

SALAKETA PUBLIKOA

112. artikulua. Salaketa publikoa

1. Salaketa publikoaren bidez Zerga Administrazioari jakinarazi ahal zaizkio zergen arloko arau-hauste izan daitezkeen egitateak edo egoerak, edo zergen aplikazioan eragina eduki dezaketenak. Salaketa publikoak ez du zerikusirik foru arau honetako 92. eta 93. artikuluetan ezarritakoaren arabera Zerga Administrazioari lagundu beharrarekin.

2. Honelako salaketa bat jasoz gero, organo eskudunari bidaliko zaio, bidezko jarduketak egin ditzan. Organo horrek, salaketa oinarrigabekotzat jotzen badu edo uste badu salatutako egitateak edo pertsonak ez direla identifikatu behar bezala, salaketa artxibatzea erabaki ahal izango du.

Egotzitako egitateak benetakoak direla pentsatzeko behar adina zantzu egon arren Zerga Administrazioak haien berri ez badu, bidezko jarduketei ekin ahal izango zaie. Hala gertatzen denean, salaketa ez da izango administrazio-espedientearen osagaia.

3. Salaketaren ondorioz abiatzen diren administrazio-jarduketetan salatzailea ez da interesduntzat hartuko eta ez zaio emango haien emaitzen berri. Halaber, salatzailea ez da egongo legitimatuta jarduketen emaitzen inguruan errekurtsorik edo erreklamaziorik jartzeko.

SEIGARREN ATALA

EGIAZTATZEKO ETA IKERTZEKO AHALAK ETA EGINKIZUNAK

113. artikulua. Egiaztatzeko eta ikertzeko ahalak eta eginkizunak

1. Zerga Administrazioak behar diren egitate, egintza eta negozio juridiko guztiak egiaztatu eta ikertu ahal ditu, bai eta haiekin lotutako inguruabar, datu eta agiri guztiak ere, zerga-betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko.

2. Egiaztatzeko eta ikertzeko eginkizunak burutzean, Zerga Administrazioak zergapekoak egindako egitate, egintza eta negozio juridikoak kalifikatuko ditu, hark aurretiaz egindako kalifikazioa gorabehera.

3. Zerga-onura batzuk aplikatu ahal izateko baldintza edo betekizun jakin batzuk ezarri badira eta hauek onurak emateko edo aintzatesteko egintzak eman diren prozeduran egiaztatu ez badira, emate eta aintzatespen egintzok behin-behinekoak izango dira. Zerga Administrazioak geroago, zergak aplikatzeko prozedura batean, baldintza edo betekizunak betetzen direnez egiaztatu ahal izango du eta, beharrezkoa bada, zergapekoaren zerga-egoera erregularizatu, eta horretarako ez du edukiko behin-behineko egintzak foru arau honetako V. tituluan xedatutakoaren arabera berrikusi beharrik.

ZAZPIGARREN ATALA

IRUZURRAREN AURKAKO BORROKA

114. artikulua. Iruzurraren aurkako plana

Aldizka, Zerga Administrazioak iruzurraren aurkako plana prestatuko du; plana isilpean edukiko da baina, hala ere, beraren irizpide orokorrak ezagutzera emango dira.

III. KAPITULUA

ZERGAK KUDEATZEKO JARDUKETAK ETA PROZEDURAK

LEHENENGO ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

115. artikulua. Zergen kudeaketa

1. Zergen kudeaketa esaten zaio ikuskapen eta bilketa eginkizunetan sartzen ez diren zergak aplikatzeko administrazio-jarduketen multzoari.

2. Hain zuzen ere, zergen kudeaketan ondoko administrazio-eginkizun hauek daude:

a) Autolikidazioak, aitorpenak eta zerga-ondoreak dituzten gainerako agiri guztiak jasotzea eta izapidetzea.

b) Zerga-arautegian ezarritako itzulketak egiaztatzea eta egitea.

c) Zerga-onurak aintzatestea eta bidezkoak diren egiaztatzea, kasuan kasuko prozedurari buruzko arautegiari lotuta.

d) Fakturatu beharra kontrolatzea eta haiek errazteko erabakiak ematea, fakturek zerga-ondoreak dituztenean.

e) Zergen aitorpenak edo autolikidazioak eta beste betebehar formal batzuk betetzen diren kontrola¬tzea (are horretarako errekerimenduak ematea ere).

f) Aurkezten diren autolikidazioak eta aitorpenak berrikustea.

g) Balioak egiaztatzeko jarduketak egitea.

h) Egiaztapen mugatuko jarduketak egitea eta foru arau honetako 163. artikuluan aipatutako itzurpenaren aurkako klausula aplikatu ahal izateko txostena ematea.

i) Agiriak edo informazioa aurkezteko errekerimenduak ematea.

j) Behin-behineko likidazioak egitea.

k) Zerga-ziurtagiriak ematea.

l) Identifikazio fiskaleko zenbakia ematea eta, behar denean, ezeztatzea, berariazko arautegian ezarritakoaren arabera.

m) Zerga-zentsuak egitea eta mantentzea.

n) Zergen inguruko informazioa eta laguntza ematea.

3. Aurreko idatz-zatietan aipatutako jarduketak eta eginkizunak foru arau honetan eta garatzen den arautegian ezarritakoaren arabera egingo dira.

116. artikulua. Zergen kudeaketa hasteko moduak

Zerga-arautegian ezarritakoaren arabera, zergen kudeaketa honela hasiko da:

a) Interesdunak eskatuta, autolikidazioaren edo aitorpenaren bidez, edo zergapekoak eskaera aurkeztuta, foru arau honetako 96. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Zerga Administrazioak ofizioz.

117. artikulua. Zerga-aitorpena

1. Zerga-aitorpentzat hartuko dira zergak aplikatzean eragina izan dezakeen egitateren bat aintzatesteko edo agertzeko Zerga Administrazioari aurkezten zaizkion agiri guztiak.

Aitorpena aurkezteak ez dakar berekin zergapekoak zerga-betebeharra bidezkoa dela onartu edo aintzatetsi beharra.

2. Arau bidez ezarri ahal izango da zein kasutan onar daitekeen aitorpena ahoz edo ezagutza adierazteko bestelako egintza baten bidez egitea.

3. Oro har, aitorpena aurkeztuta baliarazten edo eskatzen diren edo uko egiten zaien aukerak ezin zuzendu izango dira geroago, aitorpen-aldian izan ezean.

Hala ere, zerga-arautegian aukera horiek zuzentzeko beste une edo aldi bat ezarri ahal izango da, bai eta horretarako baldintzak ere.

4. Zerga Administrazioak zergapekoek aurkeztutako aitorpenak berrikusi eta egiaztatu ahal izango ditu eta, behar denean, likidazioak egingo ditu.

118. artikulu. Autolikidazioak

1. Autolikidazioak aitorpenak dira; beraien bidez zergapekoek, Administrazioari zerga likidatzeko behar diren datuak eta bestelako datu informatibo batzuk emateaz gainera, euren kabuz egiten dituzte zerga-zorra zehazteko eta zenbatekoa sartzeko edo itzuli edo konpentsatu beharreko kopurua zehazteko behar diren kalifikazio-eragiketa eta kalkulu guztiak.

Halaber, autolikidazio izango dira berariazko arautegian ezarritako baldintzak betetzen dituzten zergapekoek, Zerga Administrazioak lagunduta, aurreko idatz-zatian aipatutako jarduketak egiteko aurkezten dituzten aitorpenak.

2. Zergapeko batek uste badu autolikidazio batek kalte egin diela nolabait bere bidezko interesei, zuzentzeko eskatu ahal izango du arau bidez ezarritako prozedurari lotuta.

Autolikidazio baten zuzenketaren ondorioz zergapekoari zerga-arautegiaren araberako itzulketa egin behar bazaio eta likidaziorik egin gabe sei hilabete pasatu badira eta horren kausa Zerga Administrazioari egotzi ahal bazaio, honek itzuli beharreko kopuruaren berandutza-interesak (foru arau honetako 26. artikuluan aipatuak) ordaindu beharko ditu; zergapekoak ez du edukiko interesok ordaintzeko eskatu beharrik.

Ondore horietarako, sei hilabeteko epea autolikidazioa aurkezteko epea amaitzen denetik hasiko da zenbatzen edo, ordurako amaituta badago, autolikidazioa zuzentzeko eskaera aurkezten denetik.

Autolikidazio baten zuzenketaren ondorioz bidegabe sartutako kopuru bat itzuli behar bada, Zerga Administrazioak haren berandutza-interesak ordainduko ditu, foru arau honetako 31. artikuluan adierazitakoari lotuta.

119. artikulua. Aitorpen eta autolikidazio osagarriak edo ordezkoak

1. Zergapekoek autolikidazio osagarriak, edo aitorpen osagarriak edo ordezkoak, aurkeztu ahal izango dituzte berariaz ezarritako epean, edo epea mugaeguneratutakoan, baldin eta Administrazioak zerga-zorra zehazteko duen ahala preskribituta edo iraungita ez badago. Ahal hori preskribituta edo iraungita aurkezten direnak epez kanpokoak izango dira.

2. Autolikidazio osagarrien helburua aurretik aurkeztutako bat osa¬tzea edo aldatzea da; autolikidazio hauek sartu beharreko diru kopurua aurreko autolikidaziokoa baino handiagoa edo itzuli edo konpentsatu beharrekoa baino txikiagoa denean aurkeztu ahal izango dira. Gainerako kasuetan, foru arau honetako 118. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa aplikatuko da.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, eta berariaz besterik ezarri ezean, salbuespen, kenkari edo zerga-pizgarri bat aplikatu ondoren aplikatzeko eskubidea galtzen bada ezarritako baldintzak ez betetzeagatik, zergapekoak ez-betetzea gertatu den zergaldiko autolikidazioan salbuespenaren, kenkariaren edo zerga-pizgarriaren kuota edo kopurua sartu beharko du, bai eta haren berandutza-interesak ere.

3. Aitorpen osagarrien edo ordezko aitorpenen helburua aurreko aitorpen bat osatzea edo ordeztea da; aitorpena osagarria edo ordezkoa den zehaztu behar da.

BIGARREN ATALA

ZERGAK KUDEATZEKO PROZEDURAK

120. artikulua. Zergak kudeatzeko prozedurak

1. Hona hemen, besteak beste, zergak kudeatzeko prozedurak:

a) Autolikidazioaren bidez hasten den prozedura.

b) Aitorpenaren bidez hasten den prozedura.

c) Ofizioz hasten diren itzulketa-prozedurak eta zerga-zorraren zenbatekoa zehazteko prozedurak.

d) Balioak egiaztatzeko prozedura.

e) Egiaztapen mugatuaren prozedura.

2. Arau bidez zergak kudeatzeko beste prozedura batzuk arautu ahal izango dira; nolanahi ere, prozedura horiei titulu honetako II. kapituluan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie.

LEHENENGO AZPIATALA

AUTOLIKIDAZIOAREN BIDEZ HASTEN DEN PROZEDURA

121. artikulua. Autolikidazioaren bidez hasten den prozedura izapidetzea

1. Zergari buruzko arautegian ezarriz gero, beraren kudeaketa zergapekoak autolikidazioa aurkeztuta hasiko da; bertan zergapekoak zerga-zorraren zenbatekoa edo itzuli edo konpentsatu beharreko kopurua zehaztu behar du.

2. Autolikidazioaren emaitza diru kopuru bat itzuli beharra bada, Zerga Administrazioak behin-behineko likidazio baten bidez itzuli beharko du.

Foru arau honetako 30. artikuluan itzulketa egiteko aipatutako epea autolikidazioa egiteko epea amaitzen denetik hasiko da zenbatzen, edo bestela, epez kanpo aurkeztu bada, aurkeztu den egunetik aurrera. Azkenean itzultzen den kopuruaren berandutza-interesak ordaindu beharko dira (egiaztapen mugatuaren prozedura edo ikuskapen prozedura hasten bada ere), aipatu artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Autolikidazioaren bidez hasten den prozedura modu hauetako batean amaituko da (bidezkoa den kasuetan foru arau honetako 123. artikuluan aipatutako berrikuspena egin ondoren):

a) Zerga Administrazioaren behin-behineko likidazioaren bidez; nolanahi ere, foru arau honetako 124. artikuluko 5. idatz-zatian xedatutakoa bete beharko da.

b) Ikuskapen-prozeduraren bidez (egiaztapen murriztuaren prozedura ez beste bat).

BIGARREN AZPIATALA

AITORPENAREN BIDEZ HASTEN DEN PROZEDURA

122. artikulua. Aitorpenaren bidez hasten den prozedura izapidetzea

1. Zergari buruzko arautegian ezarriz gero, beraren kudeaketa zergapekoak aitorpena aurkeztuta hasiko da; bertan zergapekoak zerga-egitatea gertatu dela jakinarazi behar dio Zerga Administrazioari eta zerga-betebeharraren zenbatekoa zehazteko behar dituen datu guztiak eman behar dizkio.

2. Zerga Administrazioak aurreko idatz-zatian aipatutako likidazioa jakinarazi beharko du, foru arau honetako 123. eta 124. artikuluetan xedatutako berrikuspen, kalifikazio eta zenbatze jarduketak egin ondoren (behar denean).

3. Aitorpenaren bidez hasten den prozedura modu hauetako batean amaituko da (behar den kasuetan foru arau honetako 123. artikuluan aipatutako berrikuspena egin ondoren):

a) Zerga Administrazioaren behin-behineko likidazioaren bidez; nolanahi ere, foru arau honetako 124. artikuluko 5. idatz-zatian xedatutakoa bete beharko da.

b) Ikuskapen-prozeduraren bidez (egiaztapen murriztuaren prozedura ez beste bat).

HIRUGARREN AZPIATALA

AUTOLIKIDAZIOAREN BIDEZ ETA AITORPENAREN BIDEZ HASTEN DIREN PROZEDUREI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

123. artikulua. Autolikidazioen eta aitorpenen berrikuspena

1. Zerga Administrazioak aurkezten zaizkion autolikidazioak eta aitorpenak eta haiei atxikitako agiriak berrikusi ahal izango ditu zerga-arautegia zuzen aplikatu den eta adierazitako datuak berak dituenekin bat datozen egiaztatzeko.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutakoa egiteko, Administrazioak autolikidazioetan edo aitorpenetan adierazitako datuak argitzeko edo frogatzeko eska diezaieke zergapekoei, eta zerga zuzen aplikatzeko behar diren agiriak aurkezteko.

124. artikulua. Behin-behineko likidazioak

1. Zerga Administrazioak inolako izapiderik gabe egin ahal izango du behin-behineko likidazioa zergapekoak eskatutako kopurua itzultzeko, foru arau honetako 121. artikuluko 2. idatz-zatian adierazi den bezala, eta aitorpenaren bidez hasitako prozedura bat azkentzeko, 122. artikuluan adierazi den bezala.

2. Halaber, Administrazioak ondoko kasuetan egin ahal izango du behin-behineko likidazioa aurretiaz zergapekoari likidazio-proposamena jakinarazi gabe:

a) Zergapekoaren aitorpenak edo autolikidazioak akats formalen bat duenean edo bertako kalkulu aritmetikoren bat oker dagoenean.

b) Aitortutako datuak ez datozenean bat zergapekoak aurkeztutako beste aitorpen batzuetan adierazitakoekin edo Zerga Administrazioak dituenekin, hau da, gainontzekoei, foru arau honetako 92. eta 93. artikuluetan ezarritako informatu beharra betetzeko, orokorrean eskatutako aitorpenetan adierazitakoekin.

c) Aitorpenean edo autolikidazioan bertan edo aurkeztutako frogagirietan zerga-araubidea gaizki aplikatu dela antzematen denean.

d) Foru arau honetako 154. artikuluan aipatutako egiaztapen murriztuaren prozeduraren ondorioa denean. Hala ere, zerga-administrazioak (behin zerga-ikuskaritzak txostena eginik) okertzat jotzen badu aurkeztutako autolikidazioa edo aitorpena, zergapekoari likidazio-proposamena jakinarazi beharko zaio behin-behineko likidazioa egin aurretik, eskubidez komeni zaiona alega dezan.

3. Zergapekoak adierazten badu ez dagoela ados Administrazioak dituen datuekin, foru arau honetako 106. artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoa aplikatuko da.

4. Zerga Administrazioak arrazoitu egin behar ditu jakinarazten dituen proposamenak eta egiten dituen behin-behineko likidazioak; hain zuzen ere, kontuan izan dituen egitateak eta Zuzenbideko oinarriak azaldu behar ditu labur-labur.

5. Foru arau honetako 67. eta 70. artikuluetan aipatutako preskripzio edo iraungipen epeen barruan Zerga Administrazioak, berrikusitako autolikidazio edo aitorpen batean artikulu honetako 2. idatz-zatian aipatutako inguruabarretako bat gertatu dela edo aurreko behin-behineko likidazio batean zerbait ez dela hartu kontuan ohartuz gero, behin-behineko likidazio gehiago egin ahal izango ditu.

6. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa ez da inolaz ere aplikatuko autolikidazioaren edo aitorpenaren behin betiko likidazioa egin bada foru arau honetako 99. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoaren arabera.

Halaber, egiaztapen mugatuaren prozedura aplikatu zaien zerga-betebeharren edo haien elementuen inguruan ere ez da behin-behineko likidazio gehiago egingo, foru arau honetako 133. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoa eragotzi gabe.

LAUGARREN AZPIATALA

OFIZIOZ HASTEN DIREN ITZULKETA-PROZEDURAK ETA ZERGA-ZORRAREN ZENBATEKOA ZEHAZTEKO PROZEDURAK

125. artikulua. Ofizioz hasten diren itzulketa-prozedurak

1. Zerga-arautegian ezarriz gero, Administrazioak dituen datuen, aurrekarien eta gainerako elementuen araberako itzulketa-proposamena bidali ahal izango die aurretiaz hautatutako zergapeko batzuei, euren betebeharrak errazago bete ditzaten.

2. Zergapekoak proposamenarekin ados dagoela adierazten badu, berariaz zein isilbidez, Administrazioak behin-behineko likidazioa egingo du eta emaitzako kopurua itzuliko dio; horrelako kasuetan zergapekoak ez du edukiko autolikidazioa edo aitorpena aurkeztu beharrik.

3. Zerga-arautegian behin-behineko likidazioak zein kasutan zuzendu daitezkeen eta prozedura horren inguruko arazo guztiak arautuko dira.

126. artikulua. Zerga-zorraren zenbatekoa ofizioz zehazteko prozedura

1. Zerga Administrazioak zergapeko bati errekerimendua bidaltzen badio arauzko epean aurkeztu ez duen autolikidazioa edo aitorpena aurkez dezan, errekerimendua jakinarazi eta hilabete pasatu ondoren behin-behineko likidazioa, zerga-zorraren zenbatekoa zehaztuko duena, ofizioz egiteko prozedura abiarazi ahal izango du; nolanahi ere, zergapekoak epe horretan eskatutakoa aurkezten badu edo aurkeztu beharrik ez dagoela frogatzen badu behar bezala, behin-behineko likidazio hori ez da egingo.

2. Behin-behineko likidazioa egin aurretik, Administrazioak likidazio-proposamena jakinaraziko dio zergapekoari, eskubidez komeni zaiona alega dezan.

3. Zerga-zorra Zerga Administrazioak dituen datuak, aurrekariak, zeinuak, indizeak, moduluak eta zerga-eragina duten gainerako elementuak kontuan hartuta zehaztuko da.

4. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa eragotzi gabe, Zerga Administrazioak behin-behineko likidazio gehiago egin ahal izango ditu foru arau honetako 124. artikuluko 5. idatz-zatian xedatutakoaren arabera.

BOSGARREN AZPIATALA

BALIOAK EGIAZTATZEKO PROZEDURA

127. artikulua. Balioen egiaztapena

1. Zerga Administrazioak balioak egiaztatu ahal ditu foru arau honetako 55. artikuluan ezarritako bideak erabilita, bertan edo kasuan kasuko zergari buruzko arautegian ezarritakoaren arabera.

Prozedura hau berariazko jakinarazpenarekin abiaraziko da, edo bestela, nahikoa datu edukiz gero, behin-behineko likidazioa eta artikulu honetako 2. idatz-zatian aipatutako balioespena batera jakinarazita.

2. Zerga Administrazioak zehaztutako balioa eta zergapekoak aitortutakoa bat ez badatoz, hark bere balioespenaren berri emango dio zergapekoari, behar bezala arrazoituta (erabilitako baliabideak eta irizpideak azalduta), behin-behineko likidazioaren jakinarazpenean, aurretik jakinarazita egon ezean.

Zergapekoek Administrazioaren balioespenen aurka ezin dute aurkeztu ez errekurtsorik ez erreklamaziorik, baina peritu-tasazio kontrajarria sustatu ahal izango dute, bai eta balioespenaren inguruko arazoak planteatu ere erregularizazio-egintzaren aurka jartzen diren errekurtsoak edo erreklamazioak direla bide.

Egiaztapen-egintza bereiz jakinarazi bada, ez da aplikatuko aurreko paragrafoan xedatutakoa.

3. Foru arau bidez ezartzen bada egiaztatutako balioak ondoreak sortu behar dituela beste zergapeko batzuen kasuetan, administrazio jardulea balio horri lotu beharko zaio gainerako interesdunei dagokienez. Foru arauan interesdun horiei egiaztatutako balioa jakinarazi beharra ezarri ahal izango da, inpugnazioa edo tasazio kontrajarria sustatzeko aukera izan dezaten.

Geroago, egiaztatutako balioa beste prozedura batean beste zergapeko batzuei aplikatzen zaienean, haiek inpugnazioa edo tasazio kontrajarria sustatu ahal izango dute, balioaren egiaztapena aurretiaz jakinarazi ez bazaie.

4. Zergapeko batek inpugnazioa edo tasazio kontrajarria sustatzen badu eta haren emaitzako balioa desberdina bada, gainerako zergapekoei aplikatu ahal izango zaie eta aurreko idatz-zatiko bigarren paragrafoan xedatutakoa hartuko da kontuan.

128. artikulua. Tasazio kontrajarria

1. Interesdunek, foru arau honetako 55. artikuluan balioak egiazta¬tzeko ezarritako bideak zuzentzeko, tasazio kontrajarria sustatu ahal izango dute Administrazioak egiaztatutako balioen aurka edo, zerga-arautegian ezarrita egonez gero, behar bezala jakinarazitako balioen egiaztapen-egintzaren aurka lehenengo jar daitekeen errekurtsoaren edo erreklamazioaren epearen barruan.

Zerga-arautegian ezarrita egonez gero, interesdunak beretzat gorde ahal izango du tasazio kontrajarria susta¬tzeko eskubidea, jakinarazpenean aitortutako balioak aldatzeko nahikoa datu eta arrazoi ez dela adierazi uste badu eta hori berraztertzeko errekurtso edo administrazioarekiko diru-erreklamazio batean salatzen badu. Hala gertatzen bada, zergapekoak hilabeteko epea izango du tasazio kontrajarria sustatzeko, aurretik aurkeztutako errekurtsoa edo erreklamazioa ebazten duen erabakia administrazio-bidean irmo bihurtzen den egunetik aurrera.

Tasazio kontrajarria aurkezten bada edo zergapekoak, aurreko paragrafoan adierazi bezala, beretzat gordetzen badu hura sustatzeko eskubidea, likidazioaren betearazpena eta haren aurkako errekurtsoa edo erreklamazioa aurkezteko epea etengo dira.

2. Egiaztatutako balioa Administrazioaren peritu baten irizpenaren bidez zehaztu ez bada, haren peritu batek egin beharko du balioespena.

Zergari buruzko foru arauan besterik xedatu ezean, perituak ez badatoz bat ondasunen edo eskubideen balioespenean eta Administrazioaren perituaren tasazioa ez bada 120.000 euro baino gehiago eta zergapekoaren perituarena baino %10 handiagoa, azken hau hartuko da oinarritzat likidaziorako.

3. Hirugarren perituak izendatzeko prozedura eta haien jardunerako baldintzak arau bidez ezarriko dira. Perituak legez aintzatetsitako elkargo, elkarte edo korporazioetakoak izan behar dira, hain zuzen ere balioetsi beharreko ondasunen edo eskubideen izaeraren arabera bidezkotzat jotzen diren elkargo, elkarte eta korporazioetakoak. Balioetsi beharreko ondasunen edo eskubideen izaerarako gai den elkargo, elkarte edo korporaziorik ez badago, ez gainontzeko peritu lanak egin nahi dituen profesionalik, erregistro ofizial egokian inskribatutako tasazio-sozietatea izendatuko da.

4. Hirugarren perituaren balioespena likidazioaren oinarritzat hartuko da, aitortutako balioa eta Administrazioaren lehenengo aldian egiaztatutako balioa muga direla; balioespen horren aurka ezin aurkeztu izango da errekurtsorik.

SEIGARREN AZPIATALA

EGIAZTAPEN MUGATUAREN PROZEDURA

129. artikulua. Egiaztapen mugatua

1. Egiaztapen mugatuaren prozeduraren bidez Zerga Administrazioak zerga-betebeharrean eragina duten egitateak, egintzak, elementuak, jarduerak, ustiapenak eta gainerako inguruabar guztiak egiazta ditzake.

2. Prozedura honetan Zerga Administrazioak ondoko jarduketak soilik egin ditzake:

a) Zergapekoek euren aitorpenetan edo autolikidazioetan adierazitako datuak eta haiek aurkeztutako frogagiriak edo eskatzen direnak aztertu.

b) Zerga Administrazioak dituen datuak eta aurrekariak aztertu, hain zuzen ere zerga-egitatea edo zerga-betebeharraren eragilea gertatu dela edo zergapekoak zerga-betebeharrean eragina duten elementuak ez dituela aitortu edo aitortu dituenekin bat ez datozen elementuak daudela agertzen dutenak.

c) Erregistroak eta zerga-arautegian eskatzen diren gainerako agiriak aztertu, bai eta bestelako liburu, erregistro eta agiri ofizial guztiak ere (merkataritzako kontabilitatearen kopia barne), eta liburu, erregistro eta agiri horietan adierazitako eragiketak frogatzen dituzten fakturak edo agiriak miatu.

d) Gainontzekoei errekerimenduak egin, informazioa emateko, foru arau honetako 92. eta 93. artikuluetan ezarritako betebehar orokorraren arabera, edo informazio hori frogagiri egokien bidez berresteko.

3. Gainontzekoei inolaz ere ezin zaie egin finantza-mugimenduei buruzko errekerimendurik; hala ere, zergapekoei zerga-betebeharren oinarrian edo kuotan eragina duten finantza-eragiketen frogagiriak aurkezteko eskatu ahal izango zaie.

4. Egiaztapen mugatuaren jarduketak Zerga Administrazioaren bulegoetan egingo dira.

130. artikulua. Egiaztapen mugatuaren prozeduraren hasiera

1. Egiaztapen mugatuaren prozedurako jarduketak ofizioz hasiko dira, organo eskudunak erabakita.

2. Zergapekoei egiaztapen mugatuaren prozedurako jarduketak hasi direla jakinarazi behar zaie. Horretarako komunikazioa bidaliko zaie eta bertan jarduketak nolakoak izango diren eta nora helduko diren azaldu behar zaie eta haien inguruan dituzten eskubideak eta betebeharrak argitu behar zaizkie.

131. artikulua. Egiaztapen mugatuaren prozedura izapidetzea

1. Egiaztapen mugatuaren prozedurako jarduerak foru arau honetako 97. artikuluko 8. idatz-zatian aipatutako komunikazioetan eta eginbideetan dokumentatuko dira, beharrezkoa denean.

2. Errekerimendua bidaliz gero, zergapekoak adierazitako tokira joan behar dira jarduketak egitera, zehaztutako egunean eta orduan; horrez gainera eskatutako agiri eta elementu guztiak aurkeztu beharko dituzte.

3. Behin-behineko likidazioa egin aurretik, Zerga Administrazioak likidazio-proposamena jakinarazi behar dio zergapekoari, eskubidez komeni zaiona alega dezan.

132. artikulua. Egiaztapen mugatuaren prozeduraren amaiera

1. Egiaztapen mugatuaren prozedura modu hauetako batean amaituko da:

a) Zerga Administrazioak berariazko ebazpena emanda; ebazpenaren edukia ondoko idatz-zatian zehaztuko da.

b) Iraungitzen denean; hasteko erabakia jakinarazten den egunetik 6 hilabete igarota gertatuko da. Nolanahi ere, honelako prozedura bat iraungitakoan Zerga Administrazioak beste bati ekin ahal izango dio zerga-zorra zehazteko ahala preskribitu edo iraungi baino lehen.

c) Egiaztapen mugatuaren xedea hartzen duen egiaztapen eta ikerketa prozedura bat abiarazita.

2. Egiaztapen mugatuaren prozedura azkentzen duten administrazio-ebazpenek ondokoak zehaztu behar dituzte, gutxienez:

a) Zerga-betebeharra edo beraren elementuak, eta egiaztatu den aldia.

b) Egindako jarduketak.

c) Ebazpenaren arrazoi diren egitateak eta Zuzenbideko oinarriak.

d) Behin-behineko likidazioa edo, bestela, egiaztapenaren ondorioz zerga-egoera erregularizatu beharrik ez dagoelako berariazko adierazpena.

133. artikulua. Egiaztapen mugatuaren prozeduraren bidezko erregularizazioaren ondoreak

1. Egiaztapen mugatuaren prozedura baten ebazpena eman ondoren Zerga Administrazioak ezin erregularizatu izango du berriz egiaztatutakoa, geroago beste egiaztapen mugatuaren prozedura batean edo ikuskapen-prozedura batean ebazpenean adierazitakoez beste jarduketa batzuen ondoriozko egitate edo inguruabar berriak antzeman ezean.

2. Zergapekoak, edo beraren ordezkariak, berariaz adierazten badu zerga-zorraren egitateekin eta hartan eragina duten elementuekin ados dagoela, ezin inpugnatu izango dira, egitatezko errakuntza gertatu dela frogatu ezean.

IV. KAPITULUA

IKUSKAPENEKO JARDUKETAK ETA PROZEDURAK

LEHENENGO ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENENGO AZPIATALA

EGINKIZUNAK ETA AHALMENAK

134. artikulua. Zerga-ikuskapena

Zerga-ikuskapena honako administrazio-eginkizunak gauzatzean datza:

a) Zerga-betebeharren egitateak ikertzea, Administrazioak ezagu¬tzen ez dituenen berri jakiteko.

b) Zergapekoek aurkeztutako aitorpenen eta autolikidazioen benetakotasuna eta zehaztasuna egiazta¬tzea.

c) Zergen ezarpenarekin zerikusia duten informazioa lortzeko jarduerak burutzea, foru arau honetako 92. eta 93. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

d) Zerga-betebeharrak zehazteko beharrezkoa denean, eskubideen, errenten, ekoizkinen, ondasunen, ondareen, enpresen eta gainontzeko elementuen balioa egiaztatzea, foru arau honetako 127. eta 128. artikuluetan xedatutakoa aplikatuta.

e) Zerga onurak edo pizgarriak aplikatzeko eta zerga-itzulketak lortzeko behar diren betekizunak, eta zerga-erregimen bereziak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla frogatzen dituzten egiaztapenak.

f) Ikuskapen-jarduketak direla-eta zergapekoei euren eskubide eta betebeharren inguruko informazioa ematea, eta betebeharrak nola bete behar dituzten azaltzea.

g) Egiaztapen- eta ikerketa-jarduketen eta erregularizazio-jarduketen ondoriozko zerga-likidazioak egitea zergapekoak bertaratu gabe.

h) Herri Administrazioko beste organo batzuei aholkuak zein txostenak ematea, eta foru arau honetako 163. artikuluan aipatutako itzurpenaren aurkako klausula aplikatu ahal izateko txostena ematea.

i) Zergen arloko behin betiko zein behin-behineko esku-hartzeak egitea (berariazko arautegia dute).

j) Beste xedapen batzuetan ezartzen direnak edo agintaritza eskudunak agintzen dituenak.

135. artikulua. Zerga ikuskapenaren ahalmenak

1. Ikuskapen-jarduketak honela egingo dira: batetik jarduera ekonomikoei buruzko agiriak, liburuak, kontabilitate orokorra eta lagungarria, fitxategiak, fakturak, egiaztagiriak, zerga-eragina duen posta, informatizatutako datu-baseak, programak, erregistroak eta artxibo informatikoak aztertuko dira; bestetik ondasunak, elementuak, ustiapenak eta zerga-betebeharra eskatzeko Administrazioari eman behar zaizkion edo beharrezko diren aurrekari edo informazio guztiak ikuskatuko dira.

2. Ikuskapen-jarduketetarako beharrezkoa izanez gero, zergak ikuskatzen dituzten funtzionarioak, arau bidez ezarritakoari lotuta, jarraian adieraziko direnetan sartu ahal izango dira: finketan, negozio-lokaletan eta kargapeko jarduerak edo ustiapenak egiten diren, zergapeko ondasunak dauden, zerga-egitateak edo zerga-betebeharren egitateak gertatzen diren edo haien frogaren bat dagoen gainontzeko establezimendu zein toki guztietan.

Aurreko paragrafoan aipatutakoa zaintzen duen pertsonak zergak ikuskatzera doazen funtzionarioei sartzen uzten ez badie, arau bidez zehaztutako organoaren idatzizko baimena beharko da.

3. Ikuskaritzak eskatuz gero, zergapekoa, edo beraren ordezkaria, ezarritako lekura bertaratu behar da, agindutako egunean eta orduan, jarduketak egitera, eta ikuska¬tzaileen esku utzi beharko ditu eskatutako agiri eta gainontzeko elementu guztiak.

Salbuespen gisa, ikuskaritzak, egin beharreko jarduketetarako beharrezkoa bada, zergapekoa bera bertara¬tzeko eskatu ahal izango du; eskaera arrazoiak azaldu behar ditu.

4. Ikuskapen-lanak egiten dituzten funtzionarioak agintaritzaren agentetzat hartuko dira; norbaitek eskatuz gero, ikuskatzaileak direla frogatu beharko dute.

Agintari publikoek babesa eta laguntza eskainiko dizkiete funtzionarioei euren ikuskapen-lanak burutzeko.

BIGARREN AZPIATALA

IKUSKAPEN-JARDUKETEN DOKUMENTAZIOA

136. artikulua. Ikuskapen-jarduketen dokumentazioa

1. Zergak ikuskatzeko jarduketak foru arau honetako 97. artikuluko 8. idatz-zatian aipatutako komunikazioetan eta diligentzietan ez ezik txosten eta aktetan ere dokumentatuko dira; azken hauek arauz ezartzen diren kasuetan luzatuko dira eta arauz ezarritako gutxieneko datuak agertu behar dituzte.

2. Aktak zergen ikuskatzaileek egiaztapen eta ikerketa prozedurako ikuskapen-jarduketen emaitza biltzeko ematen dituzten agiri publikoak dira; aktetan zergapekoaren zerga-egoeraren erregularizazioa proposatzen da edo hura ontzat ematen.

3. Ikuskapen-prozedurak aktarik egin gabe bukatzen direnean, ondorioak ikuskapen-txostenen bidez dokumentatu behar dira.

137. artikulua. Akten froga-balioa

1. Zerga ikuskatzailetzak egiten dituen aktak agiri publikoak dira eta formalizatzeko zio izan diren egitateak frogatzen dituzte, besterik egiaztatu ezean.

2. Zergapekoek ikuskapen-aktetan onartzen dituzten egitateak egiazkotzat joko dira eta egitatezko okerren bat egon dela frogatuz gero soilik zuzendu ahal izango dira.

BIGARREN ATALA

IKUSKAPEN-PROZEDURAK

138. artikulua. Ikuskapeneko prozedura eta jardun motak

1. Hauexek dira ikuskapeneko prozedurak eta jarduketak, besteak beste:

a) Egiaztapen eta ikerketa prozedura.

b) Egiaztapen murriztuaren prozedura.

c) Zergapekoa bertaratu gabe burutzen den erregularizazio-prozedura.

d) Informazioa lortzeko jarduketak.

2. Arau bidez, beste ikuskapen-prozedura batzuk ere arautu ahal izango dira; hauei titulu honetako II. kapituluan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie, beti, eta bateragarriak diren heinean kapitulu honetako gainon¬tzeko xedapenak ere bai.

3. Foru arau honetako 142. artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe, ikuskapen-prozeduretan foru arau honetako 81. artikuluan aipatutako kautelazko neurriak aplikatu ahal izango dira.

139. artikulua. Ikuskapen-prozeduretako jarduketak egiteko lekua

1. Ikuskapen-jarduketak hauetako batean burutu ahal dira, ikuskaritzaren arabera:

a) Zergapekoaren zerga-egoitzan, edo beraren ordezkariaren egoi¬tzan edo bulegoan.

b) Kargatutako jarduera guztiak edo batzuk egiten diren lekuan.

c) Zerga-egitatearen edo zerga-betebeharraren eragilearen frogaren bat, partziala bada ere, dagoen tokian.

d) Zerga Administrazioaren bulegoetan, elementuak haietan ikuskatzeko modua badago.

2. Ikuskatzaileak aurretiaz inolako abisurik egin gabe bertaratu daitezke zergapekoen enpresa, bulego, instalazio edo biltegietara; jarduketak zergapekoarekin zein lokalen arduradunekin edo erantzuleekin egin daitezke.

3. Foru arau honetako 135. artikuluko lehenengo idatz-zatian aipatutako liburuak eta gainontzeko agiriak zergapekoaren egoitzan, lokalean edo bulegoan aztertu behar dira, bera edo berak izendatzen duen pertsona aurrean dela. Salbuespen bat dago: zergapekoak azterketa bulego publikoetan egitea onartzea. Hala ere, ikuskatzaileek euren bulegoetan aztertu ahal dituzte aipatutako liburu eta agirien kopiak, mota guztietako euskarrietan.

4. Zergei buruzko arauek ezarritako erregistroak eta agiriak, bai eta foru arau honetako 129. artikuluko 2. idatz-zatiko c) letran aipatutako egiaztagiriak ere, Zerga Administrazioaren bulegoetan aurkezteko eskatu ahal izango zaie zergapekoei, bertan aztertzeko.

5. Arau bidez, ikuskapen jakin batzuk egin beharreko lekua zehazteko irizpideak ezarri ahal izango dira.

6. Zergapekoa ezinduta badago edo mugitzeko eragozpenak baditu, ikuskapena artikulu honetako lehenengo idatz-zatian aipatutakoetatik berarentzat egokiena den lekuan egingo da.

140. artikulua. Ikuskapen-prozeduretako jarduketak egiteko ordutegia

1. Bulego publikoetan egin beharreko jarduketak lanaldiaren barruan egingo dira.

2. Ikuskapen-jarduketak interesdunaren lokaletan egin behar izanez gero, bulego-ordutegia edota bertan egiten den jardueraren lanaldia errespetatuko da; nolanahi ere, jarduketok beste egun edo ordu batean egitea adostu daiteke.

3. Jarduketen inguruabarrek hala eskatzen dutenean, aurreko idatz-zatian aipatutako egun eta ordutegitik kanpo egin ahal izango da ikuskapena, arau bidez ezarritakoaren arabera.

HIRUGARREN ATALA

EGIAZTAPEN ETA IKERKETA PROZEDURA

LEHENENGO AZPIATALA

ARAU OROKORRAK

141. artikulua. Egiaztapen eta ikerketa prozeduraren helburua

1. Prozedura honen bitartez zerga-betebeharrak behar bezala bete¬tzen diren egiaztatu eta ikertu nahi da; horrez gainera, beharrezkoa denean zergapekoaren egoera erregularizatuko da bidezko likidazioen bidez.

2. Zergapekoek aitorpenetan eta autolikidazioetan adierazitako egintzak, elementuak eta balioespenak egiaztatuko dira.

3. Ikerketa prozeduraren helburua zergapekoek aitortu ez duten edota oker aitortu duten zerga-eragineko egitaterik dagoen argitzea da.

4. Burututako egiaztapen eta ikerketa prozedurak ikuskapen-planak direla bide gauzatuko dira; plan horiek arau bidez eratu eta onetsiko dira.

142. artikulua. Kautelazko neurriak egiaztapen eta ikerketa prozeduran

1. Egiaztapen eta ikerketa prozeduran arrazoitutako kautelazko neurriak hartu ahal izango dira, zerga-betebeharrak daudela edo bete behar direla frogatzen dituzten elementuak desagertu, suntsitu edo eraldatu ez daitezen, eta gero haien existentzia edo agerpena ukatu ez dadin.

Kautelazko neurriak dira kargapeko merkatugaiak edo produktuak, edo kontuan hartu beharreko informazioa egon daitekeen liburuak, erregistroak, agiriak, fitxategiak, lokalak edota datuak jasotzeko ekipo teknikoak prezinta¬tzea, gordailatzea edo inkautatzea.

2. Kautelazko neurriak proportzionalak izan behar dira eta aurrean azaldutako xedeak betetzeko bakarrik erabili behar dira; ezin da aplikatu kalte konponezina edo konpongaitza ekar dezakeen neurririk.

3. Hartzen diren neurriak araudiz ezarritako organoak berretsi behar ditu hartu eta 15 egun igaro baino lehen, eta bertan behera utziko dira hartzeko arrazoiak desagertzen badira.

BIGARREN AZPIATALA

HASIERA ETA GARAPENA

143. artikulua. Egiaztapen eta ikerketa prozeduraren hasiera

1. Egiaztapen eta ikerketa prozedura honela has daiteke:

a) Ofizioz.

b) Zergapekoak eskatuta, foru arau honetako 145. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Egiaztapen eta ikerketa prozedurako jarduketak hasten direnean, zergapekoei haien izaeraren eta hedaduraren berri eman behar zaie, bai eta jarduketetan izango dituzten eskubideen eta betebeharren berri ere.

144. artikulua. Egiaztapen eta ikerketa prozedurako jarduketen hedadura

1. Egiaztapen eta ikerketa prozedurako jarduketak orokorrak edo partzialak izan daitezke.

2. Egiaztapen eta ikerketa prozedurako jarduketak par¬tzialak dira egiaztatuko aldian zerga-betebeharreko elementu guztiak hartzen ez dituztenean, bai eta arauz ezartzen den gainerako kasu guztietan ere.

Gainerako kasuetan egiaztapen eta ikerketa prozedurako jarduketak orokorrak dira, bai zerga-betebeharrarekiko bai egiaztatutako aldiarekiko, eta behin betiko likidazioa eragiten dute, hurrengo idatz-zatian xedatutako salbuespenarekin.

3. Egiaztapen eta ikerketa prozeduran, kasu hauetan eman daiteke behin-behineko likidazioa:

a) Zerga-betebeharreko elementuren bat egiaztatu gabe dagoen edo behin-behineko likidazio bidez edota irmoa ez den behin betiko likidazio bidez erregularizatu den beste betebehar baten elementuetan oinarritzen denean edo zerga-betebeharraren elementuren bat prozeduran zehar behin betiko egiaztatu ezin izan denean, arauz ezarritakoaren arabera.

b) Zerga-betebehar baten gainean likidazio-proposamen desberdinak egin daitezkeenean. Aurrekoa kasu hauetan gertatuko da: zergapekoak bere zerga-egoeraren erregularizazioa partzialki onartzen duenean, balio bat egiaztatzen denean erregularizatzeko objektu bakarra izan gabe, eta arau bidez ezartzen diren gainontzeko kasuetan.

4. Egiaztapen eta ikerketa prozedurako jarduketak behin-behineko likidazioarekin amaitzen direnean, haien objektua ezin izango dira berriro erregularizatu geroago hasiko den ikerketa prozedura baten bidez, 3. idatz-zatiko a) letran aipatutako inguruabarren bat gertatu ezean, eta soilik inguruabar horiei eragiten dieten zerga-betebeharren elementuei dagokienez.

145. artikulua. Zergapekoak eskatutako egiaztapen eta ikerketa prozedura orokorra

1. Egiaztapen eta ikerketa prozedura partzial bateko jarduketen xede diren zergapekoek Zerga Administrazioari eska diezaiokete jarduketok orokorrak izan daitezela zergari eta, bidezkoa bada, jarduketak ukitzen dituen aldiei dagokienez; eskaera horrek ez ditu etengo hasitako jarduketak.

2. Zergapekoak 15 eguneko epea izango du eskaera egiteko, zatikako ikuskapen-jarduketa partzialak hasi direla jakinarazten zaionetik zenba¬tzen hasita.

3. Zerga Administrazioak eskaera egiten denetik sei hilabete pasatu baino lehen zabaldu beharko du bere jarduketen hedadura edo ekin beharko dio egiaztapen eta ikerketa prozedura orokorrari.

Epe hau betetzen ez bada, jarduketa partzialek ez dute etengo Administrazioak zerga-zorra zehazteko duen ahalaren preskripzio-epea eta aldi horretako zerga egiaztatu edo ikertuko da.

146. artikulua. Egiaztapen eta ikerketa prozeduraren gehieneko epea

1. Egiaztapen eta ikerketa prozedurako jarduketak 12 hilabeteko epean burutu behar dira, zergapekoari prozedura hasi dela jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita.

Jarduketak beraien ondoriozko administrazio-egintza jakinarazten denean edo jakinarazitzat hartzen denean emango dira amaitutzat. Jakinarazi beharra bete den ala ez zehazteko eta ebazpen-epearen zenbaketari dagokionez foru arau honetako 102. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa aplikatuko da.

Hala ere, jarduketan ondoko inguruabarretako bat gertatzen bada, epe hori arauz zehaztutako hedadurarekin eta baldintzekin luzatu ahal izango da, baina 12 hilabete gehienez:

a) Oso konplexuak direnean. Jarduketak horrelakotzat hartuko dira pertsonak edo erakundeak eragiketa asko egin baditu, jarduerak geografikoki sakabanatuta egiten baditu, zerga-ordainketa zerga-baterakuntza edo nazioarteko zerga-gardentasuneko erregimenean burutzen badu eta arau bidez ezarritako gainerako kasuetan.

b) Jarduketen ondorioz frogatzen denean zergapekoak egiten duen enpresa jarduera edo jarduera profesionalen bat ezkutatu diola Zerga Administrazioari.

Arestian ezarritako hamabi hilabeteko luzapenaren inguruan hartutako erabakiak arrazoitu egin behar dira beti, egitatezko zein Zuzenbidezko oinarriei egin behar die erreferentzia eta hamabi hilabeteko lehen aldia bukatu aurretik jakinarazi behar dira.

2. Egiaztapen eta ikerketa prozedura sei hilabete baino aldi luzeagoan eteten bada, hots, jarduketarik egiten ez bada, inongo arrazoirik eman gabe eta zergapekoari egotzi ezin zaion kausa bategatik, edo artikulu honetako 1. idatz-zatian prozeduraren iraupenari buruz aipatutako epea betetzen ez bada, prozedura ez da iraungiko; aitzitik, azkenera arte jarraituko du, baina jarraian azalduko diren ondoreak sortuko ditu likidatu gabeko zerga-betebeharrei dagokienez:

a) Preskripzioa ez da etentzat joko arrazoirik gabe etendako ikuskapen-jarduketen ondorioz, ez eta artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako epean ere.

Kasu hauetan, preskripzioa etentzat emango da arrazoirik gabe eten ondoren jarduketei berriz ekiten zaienean interesdunari horren berri eman eta gero, edo jarduketak artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako epea bukatu ostean egiten direnean.

Bi kasuetan, zergapekoak burutuko diren kon¬tzeptuei eta epeei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea izango du.

b) Zergapekoak prozedura hasten denetik ikuskapen-jarduketen xede diren zergari eta aldiari dagozkien jarduketei berriz ekin arte egiten dituen sarreretan ez dira sartuko haiengatik eska daitezkeen zehapenak, foru arau honetako 203. artikuluan ezarritako salbuespenarekin eta bidezko errekarguak eta interesak eragotzi gabe.

Ondore bera izango dute prozedura hasten denetik artikulu honetako lehenengo idatz-zatian ezarritako prozeduraren epea bete ez eta ondoren egiten den lehen jarduketara bitartean zergapekoak ikuskapen-jarduketen xede diren zergagatik eta aldiagatik egiten dituen sarrerek.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako iraupen-epea bete¬tzen ez bada, ez da berandutza-interesik eskatuko ez-betetzea gertatzen denetik prozedura bukatu arte.

4. Erruduntasun-testigantza eskudun jurisdikzioari ematen zaionean edo espedientea Fiskaltzari bidaltzen zaionean, foru arau honetako 185. artikuluko 1. idatz-zatiarekin bat etorriz, horrek ondore hauek izango ditu ikuskapen-jarduketen iraupen-epeei dagokienez:

a) Jarduketa horiek zenbatzeko epea eteteko bidezko arrazoitzat hartuko da.

b) Epea luzatzea ahalbidetzen duen arrazoi gisa hartuko da, artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz, foru arau honetako 185. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako arrazoietako bat gertatu eta ondorioz administrazio-prozedurarekin jarraitu behar denean.

5. Ebazpen judizial edo ekonomiko-administratibo batek zein Kon¬tzertu Ekonomikoan ezarritako Arbitraje Batzordearen erabaki batek ikuskapen-jarduketak atzera-eragiteko agintzen badu, atzera-eragiten diren unetik artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako epea amaitu bitarteko aldian bukatu beharko dira, edo sei hilabeteko epean, hura laburragoa bada. Epe hori ebazpena betearazteko eskumena duen organoak espedientea eskura¬tzen duenean hasiko da zenbatzen.

Aurreko paragrafoan azaldutakoa ondoko administrazio-prozedurei ere aplikatuko zaie: epea luzatu eta gero erruduntasun-testigantza eskudun jurisdikzioari eman edo espedientea Fiskaltzari igorri eta foru arau honetako 185. artikuluko 1. idatz-zatiaren arrazoietariko bat gertatzeagatik jarraitu behar duten administrazio-prozedurei. Hala gertatzen denean, epea prozedurarekin jarraitu behar duen organo eskudunak ebazpen judiziala edo Fiskal¬tzak atzera bidalitako espedientea jasotzen duenean hasiko da zenbatzen.

Zergapekoari aurreko bi paragrafoetan aipatutako administrazio-espedientea edo ebazpen judiziala zein egunetan jaso den jakinarazi behar zaio komunikazio baten bidez zein aurrean aipatutakoa jaso ondorengo egiaztapen eta ikerketa prozeduran egiten den lehenengo eginbidearen bidez.

HIRUGARREN AZPIATALA

IKUSKAPEN-JARDUKETEN AMAIERA

147. artikulua. Egiaztapen eta ikerketa prozeduraren amaiera

1. Egiaztapen eta ikerketa prozeduraren jarduketak amaitutzat emango dira Zerga Ikuskatzailetzaren iritziz eman beharreko administrazio-egintzak (zergapekoaren egoera ontzat emateko edo hura Zuzenbidearen arabera erregularizatzeko proposatzeko) oinarritzeko beharrezko datuak eta frogak lortzen direnean.

Egiaztapen eta ikerketa prozeduraren ondorioak ikuskapen-akten bidez dokumentatuko dira; akta hauek foru arau honetako 136. artikuluko 2. idatz-zatian aipatu dira.

2. Hala ere, egiaztapen eta ikerketa prozedura ikuskapen-aktak formalizatu gabe amaituko da kasu hauetan:

a) Zerga-ikuskatzailetzak arrazoitutako txostenean adierazten duenean ez dagoela erregularizatu beharrik, ez dagoelako ikuskapen-plana bultzatu zuten arrazoien inguruko inolako susmorik, edo prozedura arauz agindu bezala ezin burutu denean.

b) Ikuskapen-plana onesteko eskumena duen organoak idatziz eta arrazoituta agintzen duenean.

148. artikulua. Akten edukia

Egiaztapen eta ikerketa prozeduraren emaitza dokumentatzen den aktetan ondoko datuak adierazi behar dira gutxienez:

a) Formalizatu diren lekua eta eguna.

b) Zergapekoaren izen-abizenak edo sozietate-izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta zerga-egoitza; jarduketak egingo diren pertsonaren izen-abizenak eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eta jarduketetan zer gisa edo zein ordezkaritzarekin ariko den.

c) Zergaren identifikazioa eta aldia.

d) Zerga-egitatearen edo zerga-betebeharraren eta zergapekoarekin duen loturaren oinarrizko elementuak, bai eta erregularizazioaren oinarritzat hartzen dituen Zuzenbideko oinarriak ere.

e) Beharrezkoa bada, zergapekoaren zerga-egoeraren erregularizazioa eta horri dagokion likidazio-proposamena, berandutza-interesak barne (badaude).

f) Zergapekoa erregularizazioarekin eta likidazio-proposamenarekin ados dagoen.

g) Aktuarioaren ustez zergen arloko arau-hausteren bat egon den ala ez.

h) Ordaintzeko konpromisodun adostasun-aktetan, bidezko zehapen-proposamena, foru arau honetako 218. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako inguruabarrak azalduta.

i) Aktaren ondoko prozedura-izapideak.

j) Erregularizazio-proposamenak zergapekoarentzat dituen ondorioak, dena delako zerga zehatzari dagokionez zein beste ekitaldi batzuei begira.

k) Arauz ezartzen diren gainontzeko guztiak.

149. artikulua. Akta motak

1. Izapidetzaren ondoreetarako, ikuskapen-aktak adostasunekoak edo desadostasunekoak izan daitezke.

2. Zergapekoak edo beraren ordezkariak akta jaso edo sinatu nahi ez badu, desadostasun-akta moduan izapidetuko da.

3. Adostasun-aktak ordaintzeko konpromisodunetan eta ordaintzeko konpromisorik gabekoetan sailkatzen dira, likidazioa ordaintzeko ematen den bermearen arabera.

150. artikulua. Adostasun-aktak.

1. Zergapekoa edo beraren ordezkaria Zerga Ikuskatzailetzak egindako erregularizazio-proposamenarekin ados badago, berariaz jasoaraziko da aktan.

2. Era berean, Zerga Ikuskatzailetzak zergapekoaren egoera egokia dela uste badu eta, beraz, ez bada erregularizaziorik egin behar, adostasun-akta izapidetuko da, zergapekoa ados egonez gero.

3. Likidazioa egiteko eskumena duen organoak adostasuna eman zaion erregularizazio-proposamena aldatzen badu, zergapekoari horren berri emango zaio eta likidazioa gauzatu aurretik entzunaldia eskainiko zaio, erregularizazio berriari buruzko iritzia eman dezan.

4. Zergapekoak edo beraren ordezkariak zerga-zorraren egitateekin eta oinarrizko elementuekin ados dagoela adierazten badu, foru arau honetako 137. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa aplikatuko zaie.

151. artikulua. Ordaintzeko konpromisodun adostasun-aktak

1. Zergapekoa Zerga Ikuskatzailetzak proposaturiko erregularizazioarekin ados badago, are likidazio-proposamenarekin eta foru arau honetako 196-202 bitarteko artikuluetan ezarritakoaren araberako bidezko zehapen-proposamenarekin ere, eta ordaintzeko konpromisodun akta luzatu nahi baldin badu, erregela hauek hartuko dira kontuan:

a) Zergapekoari jakinaraziko zaio likidazio-proposamenaren zenbatekoa gordailatu behar duela edo kreditu-erakunde edo elkarrekiko bermerako sozietate baten abal solidarioaren edo kauzio-aseguruaren ziurtagiriaren bidez bermatu behar duela, eta behar den kasuetan proposatu den zehapenaren berri emango zaio, foru arau honetako 192. artikuluko i. idatz-zatiko b) letran aipatutako txikipena barne (ez da egongo ordainketa atzera¬tzerik ez zatika¬tzerik).

Likidazio-proposamenen ordura arte kalkulatutako berandutza-interesak sartu behar dira.

b) Zergapekoak ikuskapen-akta sinatu aurretik formalizatu behar du gordailua edo bermea, eta horren egiaztagiria administrazio-espedienteari erantsi behar zaio nahitaez.

c) Kopurua gordailatu dela edo bermea jarri dela egiaztatu ondoren, ikuskapen-akta sinatuko da.

2. Aktaren ondoriozko likidazio- eta zehapen-egintzak administrazio-bidean soilik inpugnatu edo berrikus daitezke, foru arau honetako 225. artikuluan ezarritako erabateko deuseztasuna adierazita. Nolanahi ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da.

3. Artikulu honetan aipatutako adostasun-aktetako ordainketa-konpromisoa betetzeko gordailatzen diren kopuruak edo eratzen diren bermeak egindako likidazioak eta administrazio-egintza bidez ezarritako zehapenak ordaintzeko soilik aplika daitezke.

152. artikulua. Desadostasun-aktak.

1. Zergapekoak edo beraren ordezkariak ez badu akta izenpetzen edo Zerga Ikuskatzailetzak egindako erregularizazio-proposamenarekin ados ez badago, berariaz jasoko da aktan eta honi aktuarioaren txosten bat gehituko zaio, hain zuzen ere erregularizazio-proposamena gauzatzeko oinarritzat erabili diren Zuzenbideko oinarriak azaltzen dituena.

2. Zergapekoak alegazioak aurkeztu ahal dizkio likidazioetarako eskumena duen organoari 15 eguneko epean.

3. Likidazio-egintza eman aurretik, organo eskudunak egintza osagarriak burutzea erabaki dezake arauz ezar¬tzen den bezala.

4. Behin alegazioak jaso edo epea igaro ondoren organo eskudunak likidazioa emango du eta interesdunari jakinaraziko zaio.

LAUGARREN AZPIATALA

ZEHARKAKO ZENBATESPENA

153. artikulua. Zeharkako zenbatespenaren metodoaren aplikazioa

1. Zeharkako zenbatespena aplika daitekeenean, Zerga Ikuskatzailetzak, zergapekoen egoera erregularizatzeko hasitako aktekin batera, ondokoei buruzko txosten arrazoitua ere emango du:

a) Zeharkako zenbatespena aplikatzeko funtsezko arrazoiak.

b) Zergapekoaren kontabilitatearen eta nahitaezko erregistroen egoera.

c) Oinarriak, etekinak edo kuotak zehazteko erabiliko diren bideak hautatu izanaren azalpena.

d) Hautatutako bideen arabera egindako kalkuluak eta zenbatespenak.

2. Zeharkako zenbatespena aplikatzeko ez da beharrezkoa izango hori adierazten duen aurretiazko administrazio-egintza ematea. Hala ere, horien ondoriozko egintza eta likidazioen aurka aurkezten diren errekurtsoetan eta erreklamazioetan aplikatu ahal izango da.

3. Zeharkako zenbatespenaren metodoa aplikatzeko oinarritzat hartutako datuak, dokumentuak edo frogak erregularizazioan edo horren aurka jarritako errekurtsoen edo erreklamazioen ebazpenean soilik hartu ahal izango dira kontuan, honako kasuetan:

a) Erregularizazio-proposamena baino lehenagokoak direnean. Kasu honetan, inguruabar horien berri izan eta datuak, dokumentuak edo frogak eman arteko aldi hori ez da kontuan hartuko foru arau honetako 146. artikuluan aipatutako epea konputatzean.

b) Zergapekoak frogatzen duenean ezinezkoa zela erregularizazio-proposamenaren ondoren aurkeztutako datuak, dokumentuak edo frogak prozeduran zehar aurkeztea. Hala denean, egintzak aipatutako inguruabarrak sortzen diren unera arte atzeraeragitea aginduko da, foru arau honetako 146. artikuluko 5. idatz-zatian xedatutakoaren arabera.

LAUGARREN ATALA

EGIAZTAPEN MURRIZTUAREN PROZEDURA

154. artikulua. Egiaztapen murriztuaren prozeduraren helburua

1. Egiaztapen murriztuaren prozeduraren helburua zergapekoek aurkeztutako aitorpenen elementuak zerga-arautegian xedatutakora egoki¬tzen denez egiaztatzea da, gainontzeko zerga administrazioek eskatuta.

Era berean, prozedura hau erabiliko da eskatutako itzulketa baten, ziurtatutako zerga-pizgarri baten edo zergapekoak eskatutako erregimen berezi baten aplikazioaren bidezkotasuna egiaztatu behar denean, arestian aipatutako organoek eskatuta.

2. Prozedura honetan Zerga Ikuskatzailetzak behar beste egintza gauzatu ahal izango ditu aitorpenak egiaztatzeko edo informazioa lortzeko eta horretarako kapitulu honetako 3. eta 6. ataletan ezarritako arauak aplikatuko ditu, bateragarriak diren neurrian.

155. artikulua. Egiaztapen murriztuaren prozeduraren hasiera

Egiaztapen murriztuaren prozedura ofizioz hasiko da (behin Zerga Administrazioaren organo eskudunak halan eskatuta) zergen ikuskaritzaren erabagiz; erabakia zergapekoari jakinaraziko zaio.

156. artikulua. Egiaztapen murriztuaren prozeduraren gehieneko iraupena

1. Egiaztapen murriztuaren prozedurako jarduketak 6 hilabeteko epean burutu behar dira, zergapekoari hasi direla jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita.

Zergapekoari jarduketen ondorioak jasotzen dituen Zerga Ikuskatzailetzaren txostena jakinarazten zaion egunean emango dira bukatutzat jarduketak; foru arau honetako 102. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa aplikatuko da.

2. Artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako gehieneko epea amaitzeak ez du ekarriko prozeduraren iraungipena; aitzitik, aurrera egingo du amaitu arte, baina ondore hauek sortuko ditu likidatu gabe dauden zerga-betebeharrei dagokienez:

a) Preskripzioa ez da etengo aipatu epean zehar egindako ikuskapen-jarduketen ondorioz.

Hala gertatzen denean, artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako epea mugaeguneratu ondoren jarduketak egiten direnean etengo da preskripzioa.

b) Zergapekoak prozedura hasten denetik jarduketei berriz ekin arte ikuskapen-jarduketen xede diren zergagatik eta aldiagatik egiten dituen sarreretan ez dira sartuko eska daitezkeen zehapenak, foru arau honetako 203. artikuluan ezarritako salbuespenarekin eta bidezko errekarguak eta interesak eragotzi gabe.

157. artikulua. Egiaztapen murriztuaren prozeduraren amaiera

1. Egiaztapen murriztuaren prozedura amaitutzat joko da eman beharreko administrazio-egintzak (zergapekoaren aitorpena ontzat emateko edo hura Zuzenbidearen arabera erregularizatzeko proposatzeko) oinarritzeko beharrezko datuak eta frogak Zerga Ikuskatzailetzaren iritziz eskuratu direnean.

2. Egiaztapen murriztuaren prozeduraren ondorioak foru arau honetako 136. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako ikuskapen-txostenaren bidez dokumentatuko dira, arau bidez ezartzen denaren arabera.

3. Ikuskapen-txostena zergapekoari jakinaraziko zaio; jakinarazpenean jarduketa guztiak zehatz-mehatz azaldu behar dira. Gainera jakinaraziko zaio txosten hori organo eskudunari bidaliko zaiola, zerga-egoera erregularizatzeko administrazio-egintzak burutu ditzan.

Foru arau honetako 124. artikuluaren 2. idaz-zatiaren d) letran xedatutakoaren arabera, zergapekoak eskubidez komeni zaiona alega dezake likudazio-proposamena jakinarazitakoan. Proposamen hori Zerga Administrazioaren organo eskudunak egingo du, eman zaion txostena aztertu ostean.

4. Ikuskapen-txostenaren aurka ezin izango da jarri ez errekurtsorik ez erreklamaziorik, baina emaitzako egintzen eta likidazioen aurka jartzen direnetan proposatutako erregularizazioaren bidezkotasuna planteatu ahal izango da.

5. Artikulu honen aurreko idatz-zatietan aipatutakoa gorabehera, egiaztapen murriztuaren prozedura ikuskapen-txostena formalizatu gabe amaituko da ikuskapen-plana onesteko eskumena duen organoak idatziz eta arrazoituta agintzen duenean.

158. artikulua. Egiaztapen murriztuaren prozeduraren ondoreak

Egiaztapen murriztuaren prozedura baten bidez emandako txosten batek proposatzen duen erregularizazioaren ondoriozko administrazio-egintza eman eta gero, Zerga Administrazioak ezin izango du egiztatutakoa berriz erregularizatu, ondoko salbuespenarekin: egiaztapen mugatuaren prozedura batean edo geroko ikuskapen-prozedura batean txostenean azaldutakoak ez beste jarduketa batzuen ondorioz egitate eta inguruabar berriak agertzea.

BOSGARREN ATALA

ZERGAPEKOA BERTARATU GABE EGITEN DEN ERREGULARIZAZIO-PROZEDURA

159. artikulua. Zergapekoa bertaratu gabe egiten den erregularizazio-prozeduraren helburua.

1. Zergapekoa bertaratu gabe egiten den erregularizazio-prozeduraren helburua zerga-egitatea badagoela aurretiaz frogatutako kasuetan zerga-erregularizazioa proposatzea da. Zerga-egitatea titulu honetako II. kapituluko 2. atalean frogak balioesteko ezarritako erregelen arabera frogatu behar da.

2. Prozedura hau Zerga Ikuskatzailetzak zergapekoaren egoera erregularizatzeko ikerketa, egiaztapen edo informazio jarduketarik egin behar ez duenean aplikatuko da.

160. artikulua. Zergapekoa bertaratu gabe egiten den erregularizazio-prozeduraren garapena

1. Erregularizazio-prozedura hau ez zergapekoa ez beraren ordezkaria bertaratu gabe egingo da eta beraren ondorio guztiak foru arau honetako 136. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako ikuskapen-txostenean dokumentatuko dira, araubidez ezartzen den moduan.

2. Ikuskapen-txostena zergapekoari jakinaraziko zaio; bertan zerga-egitatea gertatu dela frogatzen duten elementuak zehaztuko dira eta zergapekoari adieraziko zaio organo eskudunari bidaliko zaiola, zerga-egoera erregularizatzeko administrazio-egintzak eman ditzan; 15 eguneko epea emango zaio organo horri nahi dituen alegazioak aurkezteko.

3. Ikuskapen-txostenaren aurka ezin izango da jarri ez errekurtsorik ez erreklamaziorik, baina emaitzako egintzen eta likidazioen aurka jartzen direnetan proposatutako erregularizazioaren bidezkotasuna planteatu ahal izango da.

4. Artikulu honen aurreko idatz-zatietan aipatutakoa gorabehera, zergapekoa bertaratu gabe egiten den erregularizazio-prozedura hau ikuskapen-txostena formalizatu gabe amaituko da ikuskapen-plana onesteko eskumena duen organoak idatziz eta arrazoituta agintzen duenean.

161. artikulua. Zergapekoa bertaratu gabe egiten den erregularizazio-prozeduraren ondoreak

Zergapekoa bertaratu gabe egiten den erregularizazio-prozeduretan ematen diren txostenetan proposatzen diren erregularizazioen ondoriozko administrazio-egintzak eman eta gero, Zerga Administrazioak ezin izango du egiztatutakoa berriz erregularizatu.

SEIGARREN ATALA

INFORMAZIOA LORTZEKO JARDUKETAK

162. artikulua. Informazioa lortzeko jarduketak

1. Zerga Administrazioak informazioa lortzeko foru arau honetako 92. eta 93. artikuluetan ezarritako jarduketak egin behar baditu eta horretarako bere bulegoetatik kanpo jardun behar badu, jarduketa horiek Zerga Ikuskatzaile¬tzak burutu beharko ditu. Nolanahi ere, foru arau honetako 164. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letran xedatutakoaren arabera zerga-bilketako organoek eurei dagozkienak egin behar dituzte.

2. Aipatutako jarduketak arau bidez ezarritakoaren arabera egingo dira.

3. Jarduketok egitean, Zerga Ikuskatzailetzak foru arau honetako 92-94 bitarteko artikuluetan xedatutakoa hartu behar du aintzat, bai eta kapitulu honetako gainerako ataletan zehaztutako jarduteko arauak ere, aurrekoekin bateragarriak diren heinean.

ZAZPIGARREN ATALA

ITZURPENAREN AURKAKO KLAUSULA

163. artikulua. Itzurpenaren aurkako klausula aplikatzeko prozedura

1. Zergak aplikatzeko prozedura batean foru arau honetako 14. artikuluan ezarritakoa aplikatu behar dela uste izanez gero, organo jarduleak txosten bat egingo du itzurpenaren aurkako klausula aplika daitekeela arrazoitzeko.

2. Txosten hori zergapekoari bidaliko dio prozedura izapidetzen ari den organoak eta hamabost eguneko epea emango dio nahi dituen alegazioak aurkez diezazkion eta bidezkotzat dituen frogak aurkezteko edo proposatzeko.

3. Txostena aztertu, zergapekoaren alegazioak jaso eta, hala denean, frogak egin ondoren prozedura izapidetzen ari den organoak espediente osoa igorriko dio arau bidez ezartzen den kide anitzeko organoari, itzurpenaren aurkako klausula aplika daitekeenez ebatz dezan.

4. Organo horrek hiru hilabeteko gehieneko epea izango du zergapekoaren portaeran itzurpenik egon denez adierazteko; ondoren, organo jarduleak likidaziorako administrazio-egintzak emango ditu.

5. Interesdunari manuzko txostenaren berri ematen zaionetik 3. idatz-zatian aipatutako kide anitzeko organoaren irizpena jaso arteko aldia jarduketen epearen konputuaren bidezko etenalditzat hartuko da.

Artikulu honetako 4. idatz-zatian aipatutako hiru hilabeteko epealdian organo eskudunak irizpenik ematen ez badu, berriro hasiko da konputatzen jarduketak burutzeko epea, eta irizpena eman beharrak bere hartan iraungo du; hala ere, jarduketek aurrera jarraitu ahal izango dute eta, behar izanez gero, itzurpenaren aurkako klausularekin zerikusirik ez duten gainontzeko elementuen behin-behineko likidazioa egin ahal izango da.

6. Kide anitzeko organoaren irizpena loteslea izango da eskatu duten Zerga Administrazioaren gainontzeko organoentzat.

7. Irizpenaren eta artikulu honetan xedatutakoaren ondorioz aplikatutako gainerako egintzen aurka ezin izango da jarri ez errekurtsorik ez erreklamaziorik; hala ere, ondorengo egintzen eta likidazioen aurka jartzen direnetan itzurpenaren aurkako klausula aplikatzea bidezkoa denez planteatu ahal izango da.

V. KAPITULUA

ZERGA-BILKETAKO JARDUKETAK ETA PROZEDURAK

LEHENENGO ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

164. artikulua. Zerga-bilketa

1. Zerga-bilketa zerga-zorrak kobratzeko administrazio-eginkizunak burutzea da.

2. Hauexek dira zerga-bilketako eginkizunak:

a) Zerga-betebeharren ordainketa ahalbideratzeko eta errazteko jarduketak egitea.

b) Zorra kobratzeko edo hura ez ordaintzearen ondoriozko administrazio-erantzukizuna edo erantzukizun zibil edo penala eskatzeko egintzekin zerikusia duen informazioa lortzeko jarduketak egitea.

c) Zordunaren ondarearen aurkako jarduketak egitea, haren ondasunak eta eskubideak exekutatzea eta, behar izanez gero, kautelazko neurriak hartzea.

d) Zergapekoei zerga-bilketako prozedurekin lotutako jarduketei buruzko informazioa ematea eta beraien eskubideak eta betebeharrak azaltzea eta betebehar horiek nola bete behar diren argi¬tzea.

165. artikulua. Zerga-bilketaren aldiak

1. Zerga-zorrak honela bil daitezke:

a) Borondatezko aldian, zergapekoak foru arau honetako 60. artikuluan ezarritako epeetan ordainduta.

b) Ordainarazpen-aldian, zergapekoak bere borondatez edo administrazioaren premiamendu-prozeduraren bidez ordainduta.

2. Ordainarazpen-aldia automatikoki hasten da borondatez ordain¬tzeko aldia amaitutakoan.

3. Ordainarazpen-aldia hasita, Zerga Administrazioak premiamendu bidez kobratuko ditu likidatu edo autolikidatutako zorrak, artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran aipatutakoak, zergapekoaren ondareari helduta.

4. Ordainarazpen-aldia hasteak berekin ekarriko du berandutza-interesak eta ordainarazpen aldiko errekarguak eskatzea, foru arau honetako 26. eta 28. artikuluetan zehaztutakoaren arabera, bai eta premiamendu-prozeduraren kostuak eskatzea ere.

5. Ordainarazpen-aldiaren hasiera kasu hauetan etengo da:

a) Geroratzeko, zatikatzeko, zorra ordaintzeko ondasunak edo eskubideak emateko edo konpentsatzeko eskaera borondatez ordaintzeko aldian aurkezten bada, espediente horiek izapidetzen diren bitartean ez da hasiko ordainarazpen-aldia.

b) Likidazio baten aurka errekurtso edo erreklamazio bat jartzen bada garaiz eta behar bezala, etendura organo eskudunak erabakiz gero.

c) Zehapen baten aurka errekurtso edo erreklamazio bat jartzen bada garaiz eta behar bezala, harik eta zehapena administrazio-bidean irmoa izan arte.

6.

7. Zergapeko batek zorra (osoa edo zati bat) sartu beharra eten daiteke, berak eskatuta eta inolako bermerik jarri gabe, baldin eta frogatzen bada eragiketa berarekin administrazio berari edo beste bati zor zaiona ordaindu zaiola edo beste zerga bat jasan dela; horretarako, ezinbestekoa da egindako ordainketa edo jasandako zerga ez izatea bateragarria eskatutako zorrarekin, eta gainera subjektu pasiboak ezin du eduki bidegabe jasandako zenbateko osoa kentzeko eskubidea.

8. Halaber, zorra (osoa edo zati bat) bide ez dela beste administrazio bati ordaintzen bazaio, sartu beharra hamabi hilabetean etengo da. Zergapekoarekin zerikusirik ez duten inguruabarrak direla-eta, Administrazioak aurrean aipatutako aldia luzatu ahal izango du.

166. artikulua. Zerga-bilketaren ahalmenak

1. Zerga-zor baten kobrantza ziurtatzeko edo egiteko, zerga-bilketako organoek foru arau honetako 135. artikuluan Zerga Ikuskatzaile¬tzari aintzatesten zaizkion ahalmenak izango dituzte, bertan adierazitako baldintza guztiekin, eta horrez gainera foru arau honetako 81. eta 142. artikuluetan ezarritakoaren araberako kautelazko neurriak ere hartu ahal izango dituzte, zergapekoen nahiz hirugarrenen ondasunei, eskubideei eta erregistroei dagokienez, zergapekoaren eragiketekin zerikusira duten heinean.

2. Zerga Administrazioak eskatuz gero, zergapekoak zerga-zorraren zenbatekoa estal dezaketen bere ondareko eskubide eta ondasun batzuen zerrenda bidali beharko dio.

3. Zergapekoak edo hirugarren batek ebazpen edo errekerimendu bat bete ez eta horrela enbargoa edo premiamendu-prozedurako beste jarduketaren bat eragozten, atzeratzen edota galarazten badu, Zerga Administrazioak, ohartarazpena egin ondoren, ebazpena edo errekerimendua modu subsidiarioan betearaztea erabaki ahal izango du (organo eskudunak erabakiko du) eta, beharrezkoa izanez gero, Justizia Administrazioko organoei jakinaraziko die.

BIGARREN ATALA

PREMIAMENDU-PROZEDURA

LEHENENGO AZPIATALA

ARAU OROKORRAK

167. artikulua. Premiamendu-prozeduraren izaera

1. Premiamendu-prozedura administrazio-prozedura da; prozedura honen funtsa zordunaren zerga-zorrak beraren ondareari helduta kobratzeko jarduketak egitea da. Zerga Administrazioa da prozedura honetan eskumena duen bakarra eta berari dagokio honen inguruko gorabehera guztiak ebaztea.

2. Administrazioaren premiamendu-prozedura ezin izango zaie pilatu ez prozedura judizialei ez ordainarazpeneko beste prozedura batzuei. Beste prozedura horiek hasteak ez du etengo premiamendu-prozeduraren hasiera, ez izapidetza ere, jurisdikzio-gatazkei buruzko legerian edo hurrengo artikuluko arauetan ezarritakoaren arabera bidezkoa denean izan ezik.

Zerga Administrazioak, aipatutako legeriarekin bat etorriz, arautegian aintzatesten zaizkion arlo honetako ahalak zainduko ditu.

3. Premiamendu-prozeduraren izapide guztiak ofizioz hasi eta bul¬tzatuko dira eta behin prozedura hasiz gero zerga-arautegian ezarritako kasuetan eta bertan finkatutakoari lotuta soilik eten ahal izango da.

4. Arau bidez prozedura berezi erraztua prestatu ahal izango da zergapeko baten zor guztiak ordainarazteko guztira kopuru jakin batera heltzen ez direnean.

168. artikulua. Prozedurak pilatzea

1. Kredituak kobratzeko unean legeriak ezartzen duen lehentasun-ordena errespetatu behar dela kontuan hartuta, zergak biltzeko premiamendu-prozedurarekin batera ordainarazpenerako beste prozedura batzuk gerta¬tzen badira, banakakoak zein orokorrak, judizialak zein judizioz kanpokoak, prozedurako ondasunei heltzeko lehentasuna honako arauen bidez zehaztuko da:

a) Ordainarazpeneko banakako beste prozesu edo prozedura ba¬tzuekin batera gertatzen denean, premiamendu-prozedurak izango du lehentasuna, baldin eta premiamendu-prozeduran egindako enbargoa bada zaharrena. Horretarako, ondasunaren edo eskubidearen enbargo-eginbidearen data hartuko da kontuan.

b) Beste prozesu edo prozedura konkurtsal zein orokor batzuekin batera gertatzen denean, premiamendu-prozedurak izango du lehentasuna enbargatutako ondasunei eta eskubideei heltzeko, baldin eta premiamendu-probidentzia konkurtsoaren adierazpena baino lehen eman bada.

2. Hartzekodun bat baino gehiago badago, konkurtsoei buruzko legerian xedatutakoa aplikatuko da eta, bidezkoa denean, Bizkaiko Lurralde Historikoko erregimen ekonomikoaren arautegian xedatutakoa. Nolanahi ere, hori gorabehera bidezko premiamendu-probidentzia emango da eta ordainarazpen-aldiko errekarguak sortuko dira, baldin eta konkurtsoa adierazi baino lehen horretarako behar diren inguruabarrak gertatzen badira.

3. Auzitegiek eta epaitegiek nahitaez lagundu behar diote Zerga Administrazioari; hain zuzen ere, zerga-bilketako organoei euren eginkizunak betetzeko behar dituzten ordainarazpeneko prozesu konkurtsal zein orokorrei buruzko datu guztiak eman behar dizkiote.

Halaber, lagundu behar bera dute ordainarazpen-prozedurak izapidetzeko eskumena duten administrazio-organoek ere euren prozedurei dagokienez.

4. Zerga-kredituak pribilegiozkoa direnez, Herri Ogasunak konkurtso-prozesuetan abstenitzeko eskubidea du. Hala ere, Ogasunak prozesu horietan konkurtsoei buruzko legerian ezarritako akordioak edo hitzarmenak sinatu ahal ditu eta, zordunarekin bat etorrita eta bidezkotzat jotzen diren bermeak jarrita, ordainketarako baldintza bereziak hitzartu ahal ditu; baldintza hauek ezin dira izan onuragarriagoak zordunarentzat prozesu judiziala azkentzen duen hitzarmenean edo akordioan jasotakoak baino. Pribilegio hau konkurtsoei buruzko legerian ezarritakoaren arabera erabili ahal izango da. Era berean, kreditu horiek zerga-arautegian ezarritakoaren arabera konpentsatu ahal izango dira.

Aurreko paragrafoan aipatutako akordioak eta hitzarmenak sinatzeko eta burutzeko nahikoa izango da Zerga Administrazioaren organo eskudunaren baimena.

169. artikulua. Premiamendu-prozedura etetea

1. Premiamendu-prozedura errekurtsoak eta administrazioarekiko diru-erreklamazioak arautzen dituzten xedapenetan ezarritakoaren arabera eta bertako baldintzak betez gero etengo da, bai eta zerga-arautegian ezarritako kasuetan ere.

2. Zerga-bilketako organoek premiamendu-prozedura automatikoki etengo dute, inolako bermerik eman gabe, interesdunak ondoko kasuetako bat gertatu dela frogatzen duenean: bere kalterako izan den oker material, aritmetiko edo egitatezko bat gertatu dela zorra zehaztean; zorra jadanik ordainduta, barkatuta, konpentsatuta, geroratuta edo etenda dagoela; Zerga Administrazioak zorra ordain¬tzeko eskatzeko duen ahala preskribituta dagoela.

3. Hirugarren batek enbargoa kendu nahi badu, enbargatutako ondasunen edo eskubideen jabetza edo titulartasuna berea duela edo kreditua Herri Ogasunak baino lehen kobratzeko eskubidea duela uste duela eta, hirugarrengotza-erreklamazioa aurkeztuko du administrazio-organo eskudunaren aurrean.

4. Jabetza-hirugarrengotza aurkezten bada, premiamendu-prozedura eten egingo da eztabaidapeko ondasunei eta eskubideei dagokienez, behar diren segurtasun-neurriak ezarri ondoren.

5. Eskubide hobeko hirugarrengotza aurkeztuz gero, prozedurak aurrera egingo du ondasunak gauzatu arte eta lortutako kopurua gordailuan gordeko da hirugarrengotzaren gaineko ebazpena eman arte.

6. Hirugarrengotza-erreklamazioak izapidetzeko prozedura arau bidez garatuko da; haien gaineko ebazpenek administrazio-bidea agortuko dute.

170. artikulua. Jarduketak mantentzea

1. Premiamendu-prozedurako jarduketa batzuen deuseztasuna adierazten denean, deuseztasunak ukitzen ez dituen jarduketak mantendu egingo dira.

2. Errekarguak edo zerga-zorraren kuotaz beste osagairen bat edo zehapenak deuseztatzeak ez du eraginik izango premiamendu-prozeduran egindako jarduketen baliozkotasunean deuseztatu gabeko zerga-zorraren osagaiei edo zehapenei dagokienez.

BIGARREN AZPIATALA

PREMIAMENDU-PROZEDURAREN HASIERA ETA GARAPENA

171. artikulua. Premiamendu-prozeduraren hasiera

1. Premiamendu-prozedura zergapekoari premiamendu-probidentzia jakinarazten zaionean hasiko da. Jakinarazpenean zorra identifikatuko da (errekarguak eta interesak barne) eta ordainketa egiteko eskatuko da.

2. Premiamendu-probidentzia titulu nahikoa izango da premiamendu-prozedura hasteko, eta epaiaren besteko indarra izango du zergapekoen ondasunen eta eskubideen aurka jotzeko.

3. Premiamendu-probidentziaren aurka egiteko arrazoi hauek soilik onartuko dira:

a) Zorra oso-osorik azkentzea edo Zerga Administrazioak ordainketa eskatzeko duen ahala preskribi¬tzea.

b) Gerorapena, zatikatzea edo konpentsazioa eskatzea borondatezko aldian, eta bilketa-prozedura eten dezaketen beste arrazoi batzuk.

c) Likidazioa ez jakinaraztea.

d) Likidazioa deuseztatzea.

e) Zorduna edo premiamendupeko zorra identifikatzea galarazten duen oker edo omisioren bat egotea premiamendu-probidentziaren edukian.

4. Zergapekoak ez badu ordainketarik egiten foru arau honetako 60. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritako epean, ondasunak enbargatuko zaizkio eta horren berri emango zaio premiamendu-probidentzian.

172. artikulua. Bermeak atxikitzea

Zerga-zorra bermatuta badago, Zerga Administrazioak lehenbizi bermea administrazioaren premiamendu-prozeduraren bidez atxikitzea erabaki dezake; bestela, beste eskubide edo ondasun batzuk enbargatu edo besterentzea erabaki dezake. Halaber, bermea atxiki aurretik beste ondasun edo eskubide batzuk enbargatu eta besterenduko dira zergapekoak eskatzen duenean (zorra ordaintzeko beste ondasun adierazi behar ditu).

Horrelakoetan, bermetik enbargoak ziurtatutako kopurua kenduko da.

173. artikulua. Ondasunen eta eskubideen enbargoa

1. Proportzionaltasunaren printzipioa errespetatuta, zergapekoari gastu hauek estaltzeko beste ondasun eta eskubide enbargatuko zaizkio:

a) Ordaindu gabeko zorraren edo zehapenaren zenbatekoa.

b) Sarrera egin arte sortutako errekargu eta interesak.

c) Premiamendu-prozeduraren kostuak eta, halakorik badago, kautelazko neurrienak.

2. Zerga Administrazioak enbargatzen errazenak diren eta kalterik gutxien eragingo dioten ondasunak eta eskubideak enbargatuko dizkio zergapekoari, hain zuzen ere zor duen zenbatekoa estaltzeko beste. Nolanahi ere, zergapekoaren etxebizitzara sartuta enbargatu behar diren ondasunak eta eskubideak azkenerako utziko dira, etxebizitza Konstituzioaren babespean baitago.

3. Zergapekoak eskatzen badu, enbargatutako eskubideen eta ondasunen ordez beste batzuk eman ditzake, hain zuzen ere zorraren kobrantza enbargatutakoek bezain ongi bermatzen dutenak; ordezpen horrek ezin die kalterik egin gainontzekoei.

4. Foru arauen edo legeen arabera enbargaezinak diren ondasunak eta eskubideak ez dira enbargatuko, ezta atxikitzeko besterenduta lortuko den kopurua baino gehiago gastatuko dela uste den ondasunak eta eskubideak ere.

174. artikulua. Enbargo-eginbidea eta prebentziozko idaztoharra

1. Enbargo-jarduketa bakoitza eginbide baten bidez dokumentatuko da eta eginbide hori jarduketa egiten den pertsonari jakinaraziko zaio.

Ondasunak eta eskubideak enbargatu eta gero, eginbidea jarraian adieraziko direnei jakinaraziko zaie: zergapekoari eta, beharrezkoa bada, ondasunen titular, eduki¬tzaile edo gordailuzainari, baldin eta jarduketak berarekin egin ez badira; zergapekoaren ezkontideari, ondasunak irabazizkoak badira, edo izatezko bikotekideari, maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako izatezko bikoteak hitzartutako erregimen ekonomikoaren arabera ondasunak irabazizkoak badira; ondasunen jabekide edo titularkideei.

Eginbide hori zergapekoaren ezkontideari edo aurreko paragrafoan aipatutako izatezko bikotekideari ere jakinaraziko zaio beraien erregimen ekonomikoa ondasunen foru komunikazioa denean.

2. Enbargatutako ondasunak erregistro publiko baten inskribatu ahal badira, Zerga Administrazioak erregistro horretan prebentziozko idaztoharra egiteko eskubidea izango du. Horretarako, organo eskudunak agindua emango du (enbargo-agindu judizialaren balio bera izango du) eta erregistroan agertzen diren kargei buruzko ziurtagiria egiteko eskatuko du. Erregistratzaileak, enbargoaren bazterreko idaztoharraren bidez, ziurtagi hori eman dela jasoaraziko du eta bertan data eta prozedura zehaztuko ditu.

Kasu honetan, enbargoaren berri emango zaie prebentziozko enbargoaren idaztoharraren ondoren kargen titular bihurtu direnei, bai eta bazterreko idaztoharra egin aurretik zeudenei ere.

Horrela egiten den prebentziozko idaztoharrak ez du aldatuko foru arau honetako 78. artikuluan zerga-kredituak kobratzeko ezarritako lehentasuna, baldin eta eskubide hobeko hirugarrengotza baliatzen bada. Bestela, enbargo-idaztoharren erregistro-ordena hartuko da ain¬tzat.

3. Enbargo-eginbidearen aurka egiteko arrazoi hauek soilik onartuko dira:

a) Zorra oso-osorik azkentzea.

b) Premiamendu-probidentzia ez jakinaraztea.

c) Foru arau honetan enbargoari buruz ezarritako arauak ez bete¬tzea.

d) Zerga-bilketaren prozedura etetea.

4. Ondasun higigarriak enbargatzen direnean, Zerga Administrazioak gordailupean jarri ahal izango ditu arau bidez ezartzen den moduan.

5. Merkataritza edo industriako establezimendu bat edo, oro har, enpresa baten ondasunak eta eskubideak enbargatzeko agintzen denean, jardueraren zuzendaritzaren buru diren pertsonek zergapekoaren kaudimenari kalte egin diezaioketela uste bada, organo eskudunak, negozioaren titularra edo erakundearen administrazio-organoa entzun ondoren, funtzionario edo profesional bat izenda dezake administratzaile jardun dezan edo negozioa kudea dezan araubidez ezartzen den moduan; betearazi aurretik administrazio-akordioan zehazturiko egintzak fiskalizatuko dira.

175. artikulua. Kreditu- edo gordailu-erakundeetako ondasunen edo eskubideen enbargoa

1. Zerga Administrazioak kreditu-erakunde batean edo pertsona zein erakunde gordailuzain batean jarritako fondo, balore, titulu edo bestelako ondasunen berri badu, zor den zenbatekoa estaltzeko beste enbargatu ahal izango ditu; horretarako ez du edukiko zertan zehaztu identifikazio-datuak ez zergapekoak erakundean dituen kontu, gordailu edo eragiketa guztien egoera.

2. Fondoak edo baloreak titular baten baino gehiagoren izenean gordailatu badira, zergapekoari dagokion zatia soilik enbargatuko da.

Horren ondoreetarako, gordailuzainarekiko solidaritate aktiboa duten kontu bereizgabeetan eta titulartasun mankomunatuko kontuetan, saldoa denean artean hainbanatuta dagoela pentsatuko da, titulartasuna beste modu batean banatuta dagoela frogatu ezean.

3. Enbargoak eragindako kontutik normalean soldatak edo pen¬tsioak ordaintzen badira, Prozedura Zibileko Legeak ezarritako mugak errespetatu beharko dira; hain zuzen ere, lege hori zordunaren soldata edo pentsiotzat hartzen den zenbatekoari aplikatuko zaio. Horren ondoreetarako, soldata edo pentsiotzat hartuko da enbargoa aplikatzen den hilean, edo aurrekoan, bestela, kontzeptu horrengatik kontuan sartutako zenbatekoa.

176. artikulua. Enbargatutako ondasunak eta eskubideak besterentzea

1. Enbargatutako ondasunak eta eskubideak enkante, lehiaketa edo adjudikazio bidez besterenduko dira, arau bidez zehazten diren kasuetan eta ezartzen diren baldin¬tzak beteta.

Besterentzeko erabakia inpugnatzeko, ezinbestekoa da aurretik enbargatzeko eginbideak foru arau honetako 110. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoaren arabera jakinaraztea. Hala gertatzen denean, besterentzeko erabakiaren aurka foru arau honetako 174. artikuluko 3. idatz-zatian enbargo-eginbideak inpugnatzeko ezarritako arrazoiak baizik ez dira onartuko.

2. Premiamendu-prozedura Herri Ogasunari ondasunak adjudikatuta amaitu ahal izango da, ondasunak edo eskubideak Ogasunaren interesekoak badira eta besterentzeko prozeduran jadanik adjudikatu ez badira.

Adjudikazioaren zenbatekoa zorraren bestekoa izango da; kopuru hori inolaz ere ez da izango finkatutatako eskaintzen gutxieneko zenbatekoa baino gehiago eta zordunak ez du izango konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubiderik.

3. Gainontzeko eskaintzen berri jakin ondoren handiena berdintzea edo gainditzea erabakitzen badu, Zerga Administrazioak adjudikatzeko lehentasuna izango du. Aukera hori arau bidez zehazten denari lotuta eta finkatzen diren baldintzak beteta baliatu behar da.

4. Zerga Administrazioak ezin izango ditu besterendu premiamendu-prozeduran enbargatu diren ondasun eta eskubideak harik eta kobratu nahi den zerga-zorraren likidazioa irmoa izan arte; nolanahi ere, salbuespena egingo da ezinbesteko kasuetan, ondasun galkorrekin, balioa berehala galtzeko arriskua duten ondasunekin eta zergapekoak besterentzeko eska¬tzen duenean.

5. Adjudikatu aurretik, Zerga Administrazioak noiznahi askatuko ditu enbargatutako ondasunak zor guztiak ordaintzen badira.

6. Ondasunak eta eskubideak besterentzeko gastuak lortuko den onura baino gehiago izango direla uste izanez gero, ez dira besterenduko.

HIRUGARREN AZPIATALA

PREMIAMENDU-PROZEDURAREN AMAIERA

177. artikulua. Premiamendu-prozeduraren amaiera

1. Premiamendu-prozedura kasu hauetan amaituko da:

a) Foru arau honetako 173. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako zorrak ordaintzen direnean.

b) Zorra ordaindu behar duten guztiak kobraezinak direla adierazitakoan, erabaki bidez kreditu kobraezin adierazten denean.

c) Zerga-zorra edo zehapena beste edozein arrazoirengatik azkendu dela adierazten denean erabaki bidez.

2. Zorra ordaindu behar duena kobraezintzat jotzen bada, premiamendu-prozedurari berriz ekingo zaio, Zerga Administrazioak zorraren ordainketa eskatzeko duen ahalaren preskripzio-epearen barruan, hark kaudimena baduela jakinez gero.

3. Arau bidez prozedura berezi erraztua prestatu ahal izango da zergadun baten zorrak kobraezinak direla adierazteko guztira kopuru jakin batera heltzen ez direnean.

HIRUGARREN ATALA

ERANTZULEEN ETA OINORDEKOEN AURKAKO PROZEDURA

LEHENENGO AZPIATALA

ERANTZULEEN AURKAKO PROZEDURA

178. artikulua. Prozeduraren izaera

Erantzuleen aurkako prozeduran zerga-zorraren ordainketaren erantzuletzat zordun nagusiez gainera beste pertsona eta erakunde batzuk (foru arau honetako 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoaren arabera) egiten diren zerga-bilketako jarduketa guztiak sartzen dira.

179. artikulua. Erantzukizunaren adierazpena

1. Erantzukizunaren adierazpenaren prozedura ofizioz hasiko da, hain zuzen ere interesdunari, entzunaldiaren izapidean, espedientea eskuragarri duela adierazten dion komunikazioaren bitartez. Izapide hau bete eta gero prozedura amaitutzat joko duen administrazio-egintza emango da, bidezkoa bada.2. Erantzukizuna, likidazioa egin edo autolikidazioa aurkeztu osteko edozein unetan adierazi ahal izango da, Foru Arauak besterik xedatu ezean.

3. Erantzuleen aurretiazko entzunaldiak ez du eragotziko izapidearen aurretik alegazioak aurkezteko eskubidea, ez eta euren ustez beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko eskubidea ere.

4. Erantzukizuna adierazteko egintza erantzuleei jakinaraziko zaie; hauxe izango da edukia:

a) Erantzukizun-adierazpenaren gaineko erabakiaren testu osoa; bertan, gaitzen duen egitatea eta berorrek biltzen dituen likidazioak adieraziko dira.

b) Egintza horren aurka erabil daitezkeen inpugnazio-bideak, zein organoren aurrean aurkeztu behar diren eta aurkezteko epea.

c) Erantzuleari eskatutako zenbatekoa ordaintzeko lekua, epea eta modua.

5. Erantzukizun-adierazpenaren gaineko erabakiaren aurka jarritako errekurtso edo erreklamazioan, gaitzen duen egitatea eta berorrek biltzen dituen likidazioak aurkaratu ahal izango dira. Hala ere, errekurtso edo erreklamazio hauen ebazpenaren ondorioz ezin izango dira berrikusi beste zergapeko batzuen likidazio irmoak: errekurtsoa edo erreklamazioa aurkeztu duenaren betebeharraren zenbatekoa soilik berrikusi ahal izango da.

6. Erantzuleak foru arau honetako 60. artikuluko 1. idatz-zatiko b) letran ezarritako epea izango du borondatez ordaintzeko.

7. Zorra epe horretan ordaintzen ez badu, ordainarazpen-aldian eskatuko zaio premiamendu-prozeduraren bidez.

8. Erantzukizuna adierazteko prozedurako jarduketak sei hilabete igaro baino lehen amaitu behar dira, zergapekoari prozeduraren hasiera jakinarazten zaionetik aurrera zenbatuta. Aldi hori konputatzean ez dira kontuan hartuko interesdunari egotzi dakizkiokeen luzatzeak.

Aurreko paragrafoan aipatutako prozeduraren gehieneko epean erantzukizun-adierazpenaren administrazio-egintza ematen ez arren, prozedura ez da iraungiko, hau da, aurrera egingo du amaitu arte, baina Zerga Administrazioak ordainketa eskatzeko duen ahalaren preskripzioa ez da etengo erantzulearen aurka gauzatutako jarduketen ondorioz. Kasu honetan, jarduketei berriz ekiten zaienean, erantzuleari formalki jakinarazita, preskripzioa etentzat joko da.

180. artikulua. Erantzukizun solidarioa eskatzeko prozedura

1. Erantzukizun solidarioa eskatzeko prozedura hauetako bat izango da, kasuan kasukoa:

a) Erantzukizuna zorra borondatez ordaintzeko aldia amaitu aurretik adierazten bada eta erantzuleari jakinarazten bazaio, nahikoa izango da aldi hori igarotakoan ordaintzeko eskatzea.

b) Gainerako kasuetan, zorra borondatez ordaintzeko aldia amaitutakoan, organo eskudunak erantzukizuna adierazteko egintza emango du eta erantzuleari jakinaraziko dio.

2. Ustiapenen edo jarduera ekonomiko baten titulartasuna eskuratu nahi duenak, foru arau honetako 41. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako erantzukizun solidarioa mugatzeko, aurreko titularraren adostasuna lortu eta gero, jardunaren ondoriozko zergen, zehapenen eta zerga-erantzukizunen ziurtagiria xehekatua eskatu ahal izango dio Administrazioari. Eskaera aurkezten zaionetik Zerga Administrazioak hiru hilabeteko epea izango du ziurtagiri hori emateko. Emanez gero, eskuratzailearen erantzukizunean bertan azaltzen diren zorrak, zehapenak eta erantzukizunak baizik ez dira sartuko. Ziurtagirian ez bada aipatzen zorrik, ez zehapenik, ez erantzukizunik, edo ezarritako epean ematen ez bada, eskuratzaileak ez du edukiko aurrean aipatutako artikuluan ezarritako erantzukizuna.

181. artikulua. Erantzukizun subsidiarioa eskatzeko prozedura

Zordun nagusia eta, hala denean, erantzule solidarioak kobraezinak direla adieraziz gero, Zerga Administrazioak erantzukizun-adierazpenaren egintza emango du eta erantzule subsidiarioari jakinaraziko dio.

BIGARREN AZPIATALA

OINORDEKOEN AURKAKO PROZEDURA

182. artikulua. Oinordekoen aurkako zerga-bilketako prozedura

1. Zerga-zorra ordaindu behar duena hiltzen bada, zerga-bilketako prozedurak haren jaraunsleekin jarraituko du, eta behar denean legatu-hartzaileekin ere bai. Horretarako nahikoa izango da zergapekoaren heriotza jasoarazita egotea eta oinordekoei jakinaraztea; jakinarazpenean kausatzailearen zerga-zorra eta gainerako kostuak ordaintzeko eskatuko zaie.

Jaraunsleak pentsatzeko eskubidea erabili nahi duela adierazten badu, zerga-bilketako prozedura eten egingo da horretarako aldia amaitu arte. Aldi horretan jaraunsleak Zerga Administrazioari eskatu ahal izango dio kausatzaileak ordaintzeke dituen zorren zerrenda emateko, informazio gisa.

Jaraunspena banatugabe dagoen artean, zerga-zorrak biltzeko prozedurak beraren ondasunen eta eskubideen aurka jarraitu ahal izango du; prozedurako jarduketak administrazioa edo ordezkaritza duenarekin egin beharko dira.

2. Sozietate edo erakunde bat desegin eta likidatzen bada, zerga-bilketako prozedurak bazkideen, partaideen edo titularkideen aurka jarraituko du, nortasun juridikoa azkendu dela baieztatu ondoren.

Fundazio bat desegin edo likidatzen bada, zerga-bilketako prozedurak haren ondasun eta eskubideen jasotzaileekin jarraituko du.

Zerga Administrazioak bazkide, partaide, titularkide eta jasotzaileetariko baten edo guztien aurka, aldi berean zein jarraika, jardun ahal izango du foru arau honetako 173. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako zorrak eskatzeko.

IV. TITULUA

ZEHATZEKO AHALA

I. KAPITULUA

ZERGEN ARLOKO ZEHATZEKO AHALAREN PRINTZIPIOAK

183. artikulua. Zehatzeko ahalaren printzipioak

Zergen arloko zehatzeko ahala administrazio arloko prin¬tzipio arautzaileen arabera betearaziko da, foru arau honetan eta zergei buruzko gainontzeko arauetan ezarritako berezitasunekin.

Zehazki, legezkotasun, tipikotasun, erantzukizun, proportziotasun eta ez pilatzeko printzipioak aplikatuko dira. Atzeraeragingarritasun printzipioa orokorrean aplikatuko da, foru arau honetako 9. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa kontuan hartuz.

184. artikulua. Erantzukizun printzipioa zergen arloko arau-hausteei dagokienez

1. Foru arau honetako 34. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako pertsona fisiko edo juridikoek eta erakundeek zehapena jaso ahal izango dute zergen arloko arau-hausteren baten erantzuleak direnean. Zergapekoek beti fede onez jarduten dutela pentsatuko da.

2. Foru arauetan edo legeetan tipifikatutako ekintzek eta omisioek ez dute zergen arloko arau-hausteagatiko eran¬tzukizunik ekarriko kasu hauetan:

a) Zergen arloan jarduteko gaitasunik ez dutenek egiten dituztenean.

b) Ezinbesteko karia gertatzen denean.

c) Kolektibo baten erabakiaren ondorio direnean, botoa salbatu dutenentzat edo erabakia hartu den bileran izan ez direnentzat.

d) Zerga-betebeharra betetzeko arreta nahikoarekin jarduten denean.

Beste kasu batzuetan, zergapekoak arreta nahikoarekin jardun duela pentsatuko da aurkeztutako aitorpena egiazkoa eta osoa bada eta autolikidazioa edo aitorpena, aurkeztuz gero, arauak zen¬tzuz interpretatuta egin badu.

Zehazki, zergadunak arauak zentzuz interpretatu dituela pentsatuko da ondorengoen arabera jardun badu:

a´) Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboaren edo Administrazioarekiko auzibidearen epaitegi edo auzitegien ebazpenak, edo Konstituzio Auzitegiaren epaietako eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren auto eta epaietako doktrina, funtsean berdinak diren egitateak eta inguruabarrak gertatzen diren kasuei dagokienez.

b´) Zerga Administrazioak ondokoetan adierazitako irizpideak:

- aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko ereduetako eta laguntza-eskuliburuetako jarraibideak;

- foru arau honetako 83. artikuluan aipatutako zabalkundea eta komunikazioak;

- beste zergapekoek aurkeztutako zergei buruzko galderen (foru arau honetako 85. artikulua) erantzunak, galderan azaldutako kasuko inguruabarrak bat datozenean eta ondorioz Zerga Administrazioak emandako irizpideak aplikagarritzat jo daitezkeenean, baldin eta bien bitartean aldatu ez badira.

e) Zerga-betebeharrak betetzeko Administrazioak eskaintzen dituen programa informatikoen akatsen ondoriozkoak direnean.

3. Zerga Administrazioak eskatu baino lehen aitorpena edo autolikidazioa borondatez aurkeztuta zerga-egoera erregularizatzen duten zergapekoak ez dira izango zergen arloan egindako arau-hausteen erantzuleak.

Halaber, oker aurkeztutako aitorpena, autolikidazioa eta eskaera Zerga Administrazioak errekerimendurik egin gabe euren borondatez zuzentzen duten zergapekoek ere ez dute izango inolako erantzukizunik hura aurkeztean egindako zergen arloko arau-hausteengatik.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa eragotzi gabe, aitorpen, autolikidazio edo eskaeraren bat oker edo berandu egiteagatik bidezko errekarguak eta interesak aplikatuko dira eta horrek berekin dakarren arau-haustearengatik zehapena ezarriko.

4. Foru arau honetan xedatutakoaren ondoreetarako, aurretiazko errekerimendutzat hartuko dira zergapekoen zerga-zorra aintzatesteko, erregularizatzeko, egiaztatzeko, ikuskatzeko, ziurtatzeko edo likidatzeko egiten diren administrazio-jarduketa guztiak, zergapekoei jakinarazita eginez gero.

185. artikulua. Zerga-zehapenak ez pilatzeko printzipioa

1. Zerga Administrazioak uste badu arau-hauste bat Herri Ogasunaren aurkako delitua izan daitekeela, erruduntasun-testigantza bidaliko dio jurisdikzio eskudunari edo espedientea igorriko dio Fiskaltzari, interesduna entzun ondoren. Horrez gainera, bertan behera utziko du administrazio-prozedura; hain zuzen ere, prozedura hori etenda egongo da agintaritza judizialak epai irmoa edo largespena eman arte, datuak artxibatzeko eskatu arte edo Fiskaltzak espedientea itzuli arte.

Aurreko lerrokadan aipatzen den entzute izapidea ez da beharrezkoa izango foru arau honen 110. artikuluko 3. paragrafoan aurrez ikusitako kasuetan, ezta ere Zerga Administrazioaren ikertze-jardueraren eraginkortasuna kaltetu daitekeenean. Azken kasu horretan, ordea, txostenean arrazoitu beharko da zergatik ez den egin entzute-izapide hori.

Agintaritza judizialaren kondena-epaiak administrazio-zehapena ezartzea eragotziko du.

Zerga Administrazioak uste badu ez dagoela deliturik, jarduketei ekingo die edo lehen hasitakoekin jarraituko du, auzitegiek frogatutzat eman dituzten egitateekin bat etorriz, eta berriro hasiko dira konputatzen preskripzio-epea eta zorraren zenbatekoa zehazteko edo bidezkoak diren zehapenak ezartzeko ahalaren iraungipen-epea.

2. Arau-hauste bat mailakatzeko irizpide gisa erabili beharreko ekintza edo omisio bategatik ezin da ezarri arau-haustea balitz bezalako zehapena.

3. Hainbat arau-haustetzat har daitezkeen ekintza edo omisio ba¬tzuk eginez gero, bakoitzagatik berari dagokion zehapena ezarri ahal izango da.

4. Zergen arloko arau-hausteen zehapenak bateragarriak dira gertatzen diren errekarguekin eta berandutza-interesekin.

II. KAPITULUA

ZERGEN ARLOKO ARAU-HAUSTEEI ETA ZEHAPENEI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

LEHENENGO ATALA

ZERGEN ARLOKO ARAU-HAUSTEEN ETA ZEHAPENEN ERANTZULEAK

186. artikulua. Arau-hausleak

1. Foru arauetan edo legeetan arau-hauste gisa tipifikatutako ekin¬tza edo omisioren bat egiten duten foru arau honetako 34. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako pertsona fisiko edo juridikoak eta erakundeak arau-hausleak izango dira.

Hauexek izango dira arau-hausleak, besteak beste:

a) Subjektu pasiboak.

b) Konturako ordainketak egin behar dituztenak.

c) Zergen ondorioz norbanakoen artean sortzen diren betebeharrak bete behar dituztenak.

d) Zerga-betebehar formalak bete behar dituztenak.

e) Zerga-baterakuntzaren erregimenean nagusia den erakundea.

f) Bazkideei edo kideei errentak egotzi behar dizkieten erakundeak.

g) Zergen arloan jarduteko gaitasunik ez duten zergapekoen legezko ordezkariak.

2. Arau-hauslea zordun nagusia izango da foru arau honetako 40. artikuluko 1. idatz-zatian erantzukizun-adierazpenari buruz xedatutakoaren ondoreetarako.

3. Zergen arloko arau-hauste batean arau-hausle bat baino gehiago pilatzen bada, zehapena solidarioki ordaindu beharko diote Administrazioari.

187. artikulua. Zerga-zehapenen erantzuleak eta oinordekoak

1. Foru arau honetako 41. eta 42. artikuluetan ezarritako kasuetan dauden pertsonak edo erakundeak zerga-zorren ondoriozko zerga-zehapenen zein bestelakoen ordainketaren erantzule izango dira, bertan ezarritakoaren arabera.

2. Erantzukizuna adierazteko eta eskatzeko prozedura foru arau honetako 178-180 bitarteko artikuluetan ezarri da.

3. Zerga-zehapenak ez zaizkie eskualdatuko arau-hausle fisikoen jaraunsleei eta legatu-hartzaileei.

Desegindako sozietate eta erakundeek egindako zergen arloko arau-hausteak euren oinordekoei eskualdatuko zaizkie, foru arau honetako 39. artikuluan ezarritakoaren arabera.

BIGARREN ATALA

ZERGEN ARLOKO ARAU-HAUSTEEN ETA ZEHAPENEN KONTZEPTUA ETA MOTAK

188. artikulua. Zergen arloko arau-hausteen kontzeptua

Zergen arloko arau-hausteak dira foru arau honetan edo besteren batean zein legeren batean edozein mailatako zabarkeriaz tipifikatu eta zehatu diren doluzko edo erruzko ekintzak eta omisioak.

189. artikulua. Zerga-zehapen motak

1. Zergen arloko arau-hausteak zigortzeko diru-zehapenak ezarriko dira; behar denean, diruzkoak ez diren zehapen osagarriak ere ezar daitezke.

2. Diru-zehapenak isun finkoak edo proportziozkoak izan daitezke.

190. artikulua. Zergen arloko arau-hausteen diruzkoak ez bestelako zehapenak

1. Arau-hauste baten ondorioz ezartzen den diruzko isuna 30.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada eta zehapena mailakatzeko irizpide gisa zergen arloko arau-hausteak behin eta berriro errepikatu izana eta datuak ezkutatu izana edo iruzurrez nahiz bitarteko pertsona baten bidez jokatu izana erabiltzen badira, jarraian adieraziko diren zehapen osagarriak ezarri ahal izango dira:

a) Urtebetean edo bi urtean diru-laguntzak edo lagun¬tza publikoak jasotzeko eta eskabidezko zerga-onurak edo zerga-pizgarriak lortzeko aukera gal¬tzea, arau bidez ezarritakoaren arabera.

b) Zehapena ezarri duen Herri Administrazioarekin urtebetean edo bi urtean kontratuak sinatzeko debekua, arau bidez zehaztutakoaren arabera.

2. Arau-hauste baten ondorioz ezartzen den diruzko isuna 60.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada eta zehapena mailakatzeko aurreko paragrafoan ezarritako irizpideak erabiltzen badira, aurrekoaz gainera ondoko zehapen osagarriak ere ezarri ahal izango dira:

a) Hiru, lau edo bost urtean diru-laguntzak edo lagun¬tza publikoak jasotzeko eta eskabidezko zerga-onurak edo zerga-pizgarriak lortzeko aukera gal¬tzea (arau bidez ezarritako baldintzen arabera), zehapenaren zenbatekoa 60.000, 150.000 edo 300.000 eurokoa edo hortik gorakoa denean, hurrenez hurren.

b) Zehapena ezarri duen Herri Administrazioarekin hiru, lau edo bost urtean kontratuak egiteko debekua (arau bidez zehaztutakoaren arabera), zehapenaren zenbatekoa 60.000, 150.000 edo 300.000 eurokoa edo hortik gorakoa denean, hurrenez hurren.

3. Agintariek edo lanbide ofiziala duten pertsonek foru arau honetako 92. eta 93. artikuluetan ezarritako lankidetza-betebeharra ez betetzeak dakarren arau-hausteren bat egiten badute eta betebehar horri dagokionez foru arau honetako 209. artikuluan ezarritako hiru betekizun bete ez badituzte, bidezko diru-zehapenaz gainera lanbide ofizialean edo enplegua zein kargu publikoan hiru hilabetean ezin jardun izatea ezarri ahal izango zaie zehapen osagarri gisa.

Arau-hausleari administrazio-bidean emandako ebazpen irmoaren bidez aurreko paragrafoan aipatutakoa bezalako beste zehapen osagarri bat ezarri bazaio aurreko lau urteetan, jardun-debekua hamabi hilabetekoa izango da.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren ondoreetarako, lanbide ofizialtzat hartuko dira ondokoen jarduera: jabe¬tzaren erregistratzaileena eta merkataritzako erregistra¬tzaileena, notarioena eta, funtzio publikoetan jardunez, foru erakundeen, Estatuaren, autonomia erkidegoen, toki-entitateen edo Zuzenbide Publikoko beste erakunde ba¬tzuen hartzekoak zuzenean jasotzen ez dituztenen jarduera.

4. Foru arau honetako 208.3 artikuluan aurrez ikusitako zigorra ezartzean, gainera, artikulu honetako 1. paragrafoan jasotako zigor osagarriak ere ezarri ahalko dira.

HIRUGARREN ATALA

DIRUZKO ZERGA-ZEHAPENEN ZENBATEKOAK

191. artikulua. Zerga-zehapenak mailakatzeko irizpideak

1. Zerga-zehapenak ondoko irizpideen arabera bakarrik mailakatuko dira, aplika daitezkeen heinean:

a) Zergen arloko arauak behin eta berriro haustea.

Egoera hau gertatu dela ulertuko da arau-hausleari administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez zergen arloko beste arau-hauste batengatik zehapena ezarri bazaio aurreko lau urteetan.

Horren ondoreetarako, izaera berekotzat joko dira titulu honetako III. Kapituluko artikulu berean ezarritako arau-hausteak. Hala ere, foru arau honetako 196., 197. eta 198. artikuluetan ezarritako arau-hauste guztiak izaera berekotzat hartuko dira.

Hau gertatzen denean, gutxieneko zehapena %10-30 bitartean gehituko da edo, zehapena proportziozkoa ez bada, %100-300 bitartean.

b) Datuak ezkutatzea.

Zerga Administrazioari datuak ezkutatu zaizkiola ulertuko da aitorpena aurkezten ez denean, aitorpenean esistitzen ez diren egitateak edo eragiketak edo zenbateko faltsuak agertzen direnean, edo zerga-zorra zehazteko kontu hartu beharreko eragiketa, sarrera, errenta, produktu, ondasun edo bestelako daturen bat ematen ez bada.

Horrelako kasuetan, gutxieneko zehapena %15-150 bitartean gehituko da.

c) Iruzurrez edo bitarteko pertsona baten bidez jardutea.

Arau bidez ezarritakoaren arabera, iruzurtzat joko dira:

- kontabilitatean eta zerga-arautegian ezarritako liburuetan edo erregistroetan huts garrantzitsuak agertzea;

- faktura, egiaztagiri edo bestelako dokumentu fal¬tsuak edo desitxuratuak erabiltzea, baldin eta beraien eragina arau bidez ezarritako portzentajearen bestekoa bada, gutxienez;

- bitartekari legez beste pertsona edo erakunde bat erabiltzea, baldin eta arau-hausleak, bere nortasuna ezkutatzeko asmoarekin, zehapena eragin duen arau-haustearen oinarrian dagoen zerga-betebeharra sortu duten ondasunen edo eskubideen titulartasuna, errentak edo ondare irabaziak edo zerga-betebeharra dakarten eragiketak beste baten izenean agertarazi baditu, haren baimenarekin zein baimenik gabe.

Horrelakoetan, gutxieneko zehapena %25-100 bitartean gehituko da.

2. Mailakatze-irizpideak aldi berean aplika daitezke. Mailakatze-irizpideak aplikatzeko baldintzak arau bidez ezarriko dira; alabaina, irizpideak aldi berean ezarri arren inolaz ere ezin izango da gainditu zehapen bakoitzari dagokion zenbatekoaren gehieneko kopurua.

192. artikulua. Zehapenen murrizketa zergapekoaren adostasunaren ondorioz

1. Foru arau honetako 196-202 bitarteko artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz ezartzen diren diru-zehapenen zenbatekoa portzentaje hauetan murriztuko dira:

a) Adostasun-akten kasuan eta zergapekoak, ados egonik, zerga-zorra eta zehapena ordaintzen dituen kasuetan, %50.

Kudeaketa-prozeduretan eta zergapekoa bertaratu gabeko erregularizazio-prozeduretan (berariazko adostasuna eskatzen den kasuetan izan ezik) zergapekoa ados dagoela ulertuko da, baldin eta likidazioaren edo zehapenaren aurka ez errekurtsorik ez administrazioarekiko diru-erreklamaziorik aurkezten ez bada eta zerga-zorra eta zehapena borondatezko aldian ordaintzen badira.

b) Foru arau honetako 151. artikuluan ezarritako ordaintzeko konpromisodun adostasun-akten kasuan, %70.

2. Zergapekoari aurreko idatz-zatian xedatutakoaren araberako murrizketaren zenbatekoa eskatuko zaio ondoko kasuetan:

a) Aurreko a) letran ezarritako kasuetan, erregularizazioaren edo zehapenaren aurka errekurtsoa edo erreklamazioa aurkezten denean edo zerga-zorra edo zehapena borondatezko aldian ordain¬tzen ez denean, ordainketa geroratuta edo zatikatuta ez dagoela.

b) Aurreko b) letran ezarritako kasuetan, erregularizazio edo zehapenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten denean edo foru arau honetako 225. artikuluan ezarritakoaren arabera erabateko deuseztasuna eskatzen denean.

3. Aurreko idatz-zatian azaldutako inguruabarretako bat gertatzen bada eta ondorioz zehapenaren murrizketa galtzen bada, horren zenbatekoa osoa eskatuko da eta horretarako ez da egongo zergapekoari ordaindu beharreko zehapenaren zenbatekoaren berriz jakinarazi beharrik; nolanahi ere, badago salbuespen bat: zehapenaren aurkako errekurtsoa edo erreklamazioa aurkeztea; izan ere, kasu horretan foru arau honetako 219. artikuluko 3. idatz-zatiko a) letran xedatutakoa aplikatuko da.

4. Aurreko idatz-zatian xedatutakoaren arabera aplikatutako murrizketaren zenbatekoa eskatzen bada eta murriztutako zehapenaren aurka errekurtsoa edo erreklamazioa aurkeztu bada, ez da egongo murrizketaren eskaeraren aurka errekurtsoa edo erreklamaziorik aurkeztu beharrik. Kasu honetan, errekurtsoaren xede den zenbatekoa zehapenaren zenbateko osoa izango dela pentsatuko da eta errekurtsoaren ondoriozko etendura eskatutako murrizketari ere aplikatuko zaio.

193. artikulua. Zehapenen murrizketa zergapekoaren ordainketaren ondorioz

Zehapenaren zenbateko osoa eta, behar izanez gero, zerga-zor osoa borondatezko aldian ordainduz gero, ordainketa geroratuta edo zatikatuta ez dagoela, foru arau honetako 203-213 bitarteko artikuluetan xedatutakoaren arabera ezartzen diren diru-zehapenen zenbatekoa %30 txituko da.

LAUGARREN ATALA

ZERGEN ARLOKO ARAU-HAUSTEEN ETA ZEHAPENEN ONDORIOZKO ERANTZUKIZUNA AZKENTZEA

194. artikulua. Zergen arloko arau-hausteen ondoriozko erantzukizuna azkentzea

1. Zergen arloko arau-hausteen erantzukizuna honako kasuetan azkenduko da: batetik, arau-hauslea hiltzen denean; bestetik, Administrazioak zehapenak ezartzeko duen administrazio-ahalaren preskripzio-epea edo iraungipen-epea amaitzen denean.

2. Preskripzioa eta iraungipena aldi berean gertatzen dira. Hori dela eta, Administrazioaren ahal hori ezin erabili izango da preskribitu edo iraungi ondoren.

3. Administrazioak zerga-zehapenak ezartzeko duen ahalaren preskripzio-epea lau urtekoa izango da arau-haustea gertatzen denetik hasiko da zenbatzen.

4. Administrazioak zerga-zehapenak ezartzeko duen ahalaren preskripzio-epea kasu hauetan etengo da:

a) Zerga Administrazioak, interesdunari jakinarazita, zerga-zehapena ezartzeko ekintza bat egiten duenean.

Administrazioak zergapekoen zerga-egoera erregularizatzeko egiten dituen egintzek erregularizazioaren ondoriozko zerga-zehapenak ezartzeko ahalaren preskripzio-epea etengo dute.

b) Erreklamazio eta errekurtsoren bat jartzen denean; Kontzertu Ekonomikoan ezarritako Arbitraje Ba¬tzordeari gatazka bat aurkezten zaionean; jurisdikzio penalari erruduntasun-testigantza bidaltzen zaionean edo Fiskaltzari salaketa aurkezten zaionean; prozedura horietan, zergapekoari formalki jakinarazita, jarduketak egiten direnean.

Ahalaren preskripzio-epea errekurtso edo erreklamazio bat aurkezteagatik eteten denean, zergapekoak aurkeztutako errekurtsoa edo erreklamazioa osorik baietsi eta ondorioz administrazio-egintzaren elementuak osorik deuseztatzen badira, epea ez da etentzat joko.

5. Administrazioak zerga-zehapenak ezartzeko duen ahalaren iraungipen-epea sei urtekoa izango da eta arau-haustea gertatzen denetik hasiko da zenbatzen.

6. Administrazioak zerga-zehapenak ezartzeko duen ahalaren iraungipen-epea kasu hauetan etengo da:

a) Administrazioarekiko diru-erreklamazioa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen denean.

b) Kontzertu Ekonomikoan ezarritako Arbitraje Batzordeari gatazka aurkezten zaionean.

c) Zigor-jurisdikzioari erruduntasun-testigantza bidal¬tzen zaionean, Fiskaltzari salaketa aurkezten zaionean eta aribideko administrazio-prozedura geldiarazteko agintzen duen jurisdikzio-organoaren jakinarazpena jasotzen denean.

7. Halaber, Zerga Administrazioak zerga-zehapenak ezartzeko duen ahala iraungitzen denean, foru arau honetako 72. artikuluko 2., 3. eta 4. idatz-zatietan xedatutakoa aplikatuko da.

8. Zerga Administrazioak ofizioz aplikatuko ditu preskripzioa eta iraungipena, eta ez da beharrezkoa izango interesdunak eskatzea.

195. artikulua. Zerga-zehapenak azkentzea

1. Zerga-zehapenak kasu hauetan azkenduko dira: ordaintzen direnean; Administrazioak ordainketa eskatzeko duen ahala preskribitzen denean; konpentsatzen direnean; barkatzen direnean; zehapena ordaindu behar duten guztiak hiltzen direnean.

2. Zerga-zehapenei foru arau honetako II. tituluko IV. kapituluan xedatutakoa eta III. tituluko V. kapituluko arauak aplikatuko zaizkie.

3. Zerga-zehapen irmoak grazia bidez soilik barka daitezke. Barkamen hori Ogasun eta Finantzen foru diputatuak emango du, zuzenean zein norbait eskuordetuta. Ezarritako zehapenak industriaren edo ekonomiaren sektore handi baten ekoizpen-ahalmena eta enplegu kopurua modu larrian eragozten baditu edo herritar guztien interesei kalte handia egiten badie, barkamen-eskaera Ogasuneko zuzendari nagusiak egingo du, interesdunaren eskaera jaso ondoren.

4. Foru arau honen ondoreetarako, bidegabe ordaintzen diren zerga-zehapenak bidegabeko sarrerak izango dira.

III. KAPITULUA

ZERGEN ARLOKO ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

196. artikulua. Autolikidazio baten ondoriozko zerga-zorra ez ordain¬tzeagatiko arau-haustea

1. Zergen arloko arau-haustea izango da autolikidazioa behar bezala egitearen ondoriozko zerga-zor osoa edo horren zati bat ez ordaintzea zergaren arautegian ezarritako epearen barruan; salbuespena izango da, dena den, Zerga Administrazioaren errekerimendurik gabe erregularizatzea.

Zergen arloko arau-haustea izango da, halaber, errenten eratxikipenean erakundeek eman ez dituzten edo oker eman dituzten zenbatekoen ondorioz bazkide, jaraunsle, erkide edo partaideek ordaindu beharreko zerga-zor osoa edo horren zati bat ez ordaintzea.

2. Zehapenaren oinarria arauren bat haustearen ondorioz autolikidazioan ordaindu ez den zenbatekoa izango da.

3. Zergen arloko arau-hauste honengatiko zehapena, %50-200 bitarteko diruzko isun proportzionala izango da.

Hala ere, arau-haustea atxikitako zenbatekoak edo egindako konturako sarrerak edo jasanarazitako zerga-zorrak ez ordaintzea izan bada, horren zehapena %75-200 bitartekoa izango da.

4. Zergapekoak berari ez zegokion itzulketa bat jasotzen badu eta egindako erregularizazioaren ondorioz artikulu honetan araututako zehapenen bat ezartzen bazaio, ordaindu gabeko zenbatekotzat ondokoa hartuko da: bidegabe lortutako zenbatekoari autolikidazioaren ondorioz ordaindu beharreko zenbateko osoa gehitzearen emaitza.

Horrelakoetan, foru arau honetako 198. artikuluan aipatutako itzulketa bidegabe eskuratzeak dakarren arau-hausteagatik ez da zehapenik ezarriko.

197. artikulua. Likidazioak aplikatzeko beharrezko diren aitorpenak eta agiriak osorik eta behar bezala aurkeztu harra ez betetzeagatiko arau-haustea

1. Arau-haustea da autolikidazio-prozedura bidez eska¬tzen ez diren zergak behar bezala likidatzeko Zerga Administrazioak behar dituen aitorpen eta agiriak osorik eta zuzen aurkeztu beharra ez betetzea, salbuespen honekin: foru arau honetako 27. artikuluan ezarritakoaren arabera erregularizatzea.

2. Aitorpena aurkezten ez bada, zehapenaren oinarria likidazioaren zenbatekoa izango da, edo zergaren likidazio egokiaren eta aitortutako datuen bidez egindakoaren arteko aldea.

3. Zergen arloko arau-hauste honengatiko zehapena, %50-200 bitarteko diruzko isun proportzionala izango da.

198. artikulua. Bidegabe lortutako itzulketengatiko arau-haustea

1. Zerga-arautegiaren ondoriozko itzulketak bidegabe eskuratzea arau-haustea da.

2. Zehapenaren oinarria arau-haustearen ondorioz bidegabe itzulitako zenbatekoa izango da.

3. Zergen arloko arau-hauste honengatiko zehapena, %50-200 bitarteko diruzko isun proportzionala izango da.

199. artikulua. Zergen arloko itzulketak, onurak edo pizgarriak bidegabe eskatzeagatiko arau-haustea

1. Zerga-arautegiaren ondoriozko itzulketak bidegabe eskatzea arau-haustea da, hau da, autolikidazioan edo aitorpenean datu garrantzitsuak adierazi gabe edo datu faltsuak jarrita eskatzea, nahiz eta itzulketarik lortu ez.

Zehapenaren oinarria bidegabe eskatutako zenbatekoa izango da.

Zehapena %15eko diruzko isun proportzionala izango da.

2. Era berean, arau-haustea izango da zergen arloko onurak edo pizgarriak bidegabe eskatzea, hain zuzen ere datu garrantzitsuak agertu gabe edo datu faltsuak adierazita, baldin eta jokabide horren ondorioz subjektu berari ezin bazaio ezarri zehapena foru arau honetako 196., 197. eta 200. artikuluetan edo artikulu honetako lehenengo idatz-zatian ezarritako arau-hausteetako batengatik.

Idatz-zati honetan ezarritako zergen arloko arau-hausteagatik 300 euroko isuna ezarriko da kasu guztietan.

200. artikulua. Partida positibo edo negatiboak zein zerga-kredituak bidegabe zehaztu edo egiaztatzeagatiko arau-haustea

1. Zergen arloko arau-haustea da norberaren edo gainontzekoen hurrengo aitorpenetan konpentsatu edo kendu beharreko partida positiboak edo negatiboak zein zerga-kredituak bidegabe zehaztea edo egiaztatzea.

Arau-hauste honen aurrean egongo gara, halaber, errenta garbia, jasanarazitako kuotak, ken daitezkeen zenbatekoak edo kuotak edo zergaldi bateko zerga-pizgarriak oker aitortzen direnean eta egiaztapen mugatuaren prozedura batean edo ikuskapen-prozedura batean konpentsatu, kendu edo aplikatu gabeko kopuruak konpentsatu eta ondorioz zerga-zorrik sartzen ez denean edo bidegabeko itzulketa lortzen denean.

2. Zehapenaren oinarria bidegabe zehaztu edo egiaztatutako zenbatekoa izango da. Aurreko idatz-zatiko bigarren paragrafoan ezarritako kasuan, bidegabe zehaztu edo egiaztatutako zenbatekoa zergaldiko errenta garbiaren edo jasanarazitako zenbateko edo kuoten gehikuntza izango da, edo bestela kendu beharreko zenbateko edo kuoten edo zerga-pizgarrien gutxipena.

3. Zerga-oinarrian konpentsatu edo kendu beharreko partidak badira, zehapena %15eko diruzko isun proportzionala izango da; kuotan kendu beharreko partidak edo ustezko zerga-kredituak badira, zehapena %50eko diruzko isun proportzionala izango da.

4. Artikulu honetan xedatutakoaren arabera ezartzen diren zehapenak proportzionalki kendu ahal izango dira arau-hausle berak arestian aipatutako kontzeptuak konpentsatu edo kentzearen ondorioz geroago egiten dituen arau-hausteen zehapenetan. Nolanahi ere, kendu beharreko zenbatekoa ezin izango da arau-hauste horiei dagokien zehapena baino handiagoa izan.

201. artikulua. Errenten egozketaren erregimenari lotuta dauden erakundeek zerga-oinarriak, errentak edo emaitzak oker egozteagatiko edo ez egozteagatiko arau-haustea

1. Zergen arloko arau-haustea da errenten egozketaren erregimenari lotuta dauden erakundeek euren bazkideei edo kideei zerga-oinarriak edo emaitzak oker egoztea edo ez egoztea. Ekintza edo omisio hori ez da arau-haustetzat hartuko foru arau honetako 196., 197. edo 198. artikuluetan aipatutako arau-hausteengatik errenten egozketaren erregimenari lotuta dagoen erakundeari zehapena ezar¬tzea eragin duen oinarri edo emaitzen zatiari dagokienez.

2. Zehapenaren oinarria egotzi gabeko kopuruen zenbatekoa izango da. Oker egotzitako zenbatekoen kasuan, zehapenaren oinarria bazkide edo kide bakoitzari egotzi beharko litzaiokeenaren eta egotzi zitzaionaren arteko diferentzia positiboen batura izango da, diferentzia negatiboak konpentsatu gabe.

3. Zehapena %40ko diruzko isun proportzionala izango da.

202. artikulua. Errenten egozketaren erregimenari lotuta dauden erakundeek kenkariak, hobariak eta konturako sarrerak oker egozteagatiko arau-haustea

1. Zergen arloko arau-haustea da errenten egozketaren erregimenari lotuta dauden erakundeek euren bazkideei edo kideei kenkariak, hobariak eta konturako sarrerak oker egoztea. Ekintza hori ez da arau-haustetzat hartuko foru arau honetako 196., 197. edo 198. artikuluetan aipatutako arau-hausteengatik errenten egozketaren erregimenari lotuta dagoen erakundeari zehapena ezartzea eragin duen zenbatekoen zatiari dagokienez.

2. Zehapenaren oinarria bazkide edo kide bakoitzari ego¬tzi beharko litzaiokeenaren eta egotzi zitzaionaren arteko diferentzia positiboen batura izango da, diferentzia negatiboak konpentsatu gabe.

3. Zehapena %75eko diruzko isun proportzionala izango da.

203. artikulua. Autolikidazioak eta aitorpenak epean ez aurkezteagatiko edo zerga-egoitza ez adierazteagatiko arau-haustea

1. Autolikidazioak eta aitorpenak epean ez aurkeztea zergen arloko arau-haustea da, baldin eta foru arau honetako 196-202 bitarteko artikuluen araberako arau-haustea ez bada.

Hona hemen ezarriko den zehapena:

a) Oro har, 200 euroko isun finkoa.

b) Zentsu-aitorpenetan edo, arautegiak hala ezartzen duenean, per¬tsona zein erakundeen ordezkarien izendapenak jakinarazteko aitorpenetan, 400 euroko isun finkoa.

c) Foru arau honetako 92. eta 93. artikuluetan ezarritako informazioa eman beharra betetzeko oro har eskatzen diren aitorpenetan 150 euroko isun finkoa jarriko da aitorpenean pertsona edo erakunde bati buruz eman beharreko datu edo datu-multzo bakoitzeko. Isuna 400 eurokoa izango da gutxienez eta 20.000 eurokoa gehienez.

2. Hala ere, aurreko idatz-zatiko b) eta c) letren kasuan, aitorpenak epez kanpo aurkezten badira Zerga Administrazioak inolako errekerimendurik egin gabe, zehapena eta gutxieneko zein gehieneko mugak aurreikusitakoen erdia izango dira.

Kasu horretan, gainera, epe barruan aitorpen osatugabeak, zehaztasunik gabekoak edo datu faltsudunak aurkezten badira eta, ondoren, epez kanpo (aurretiazko errekerimendurik gabe) aitorpen osagarria edo ordezkoa aurkezten bada, hori ez da hartuko foru arau honetako 204. artikuluan epe barruan aurkeztutako aitorpenen gainean aipatutako arau-haustetzat eta idatz-zati honetan epez kanpo aitortutakoari buruz ezarritako zehapena ezarriko da.

3. Zergen arloko arau-haustea da, halaber, autolikidazioak eta aitorpenak epez kanpo aurkeztea Zerga Administrazioaren aurretiazko inolako errekerimendurik gabe.

Zehapena 200 euroko isun finkoa izango da.

4. Errekerimenduak egin badira, artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako zehapena foru arau honetako 209. artikuluan Zerga Administrazioak errekerimenduei kasurik ez egitearren burututako jarduketei jarkitzeagatik, uko egiteagatik, oztopatzeagatik edo aitzakiak jartzeagatik ezartzen denarekin bateragarria izango da.

5. Zerga-egoitzaren berri ez ematea edo jarduera ekonomikoak egiten ez duten pertsona fisikoek zerga-egoitza aldatu dutela ez jakinaraztea ere arau-hausteak dira.

Zehapena 100 euroko isun finkoa izango da.

204. artikulua. Autolikidazioak, aitorpenak edo informazioa emateko banako errekerimenduen erantzuna oker aurkezteagatiko arau-haustea

Zergen arloko arau-haustea da autolikidazioak edo aitorpenak osatugabe, zehaztasunik gabe edo datu faltsuekin aurkeztea (jokabide horrek foru arau honetako 196-202 bitarteko artikuluetan ezartzen den arau-hausteren bat ez badakar) edo informazioa emateko banako errekerimenduen erantzunak oker ematea.

Hona hemen ezarriko den zehapena:

a) Oro har, autolikidazio edo aitorpen osatugabeak, zehaztasunik gabekoak edo datu faltsudunak aurkezten badira 150 euroko isun finkoa jarriko da.

b) Zentsu-aitorpen osatugabeak, zehaztasunik gabekoak edo datu faltsudunak aurkezten badira 250 euroko isun finkoa jarriko da.

c) Banako errekerimenduen edo, foru arau honetako 92. eta 93. artikuluetan jasotzen den informazioa eman beharra betetzeko oro har eskatzen diren aitorpenen kasuan, diru-kopuruei buruzko daturik ez dutenean eta osatugabe, zehaztugabe edo datu faltsuekin aurkeztu badira 200 euroko isun finkoa jarriko da aipatu ez den, zuzen azaldu ez den edo faltsua den pertsona nahiz erakunderen bati buruzko datu edo datu-multzo bakoitzeko.

Diru-kopuruei buruzko datuak ematen direnean, aitortu ez diren edo oker aitortu diren eragiketen zenbatekoaren %2rainoko isun proportzionala izango du zehapenak. Gutxienez, 500 eurokoa izango da gainera.

Kasu bakoitzean aplikatu behar den zehapena arau bidez zehaztuko da, ezarritako mugarena barruan; betiere, aitortu ez diren edo oker aitortu diren eragiketek benetan aitortu behar zirenen aldean suposatzen duten por¬tzentajearen arabera.

205. artikulua. Autolikidazioak edo aitorpenak horretarako onetsitako ereduaren arabera, ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian edo telematikoki aurkezteko betebeharra ez betetzeagatiko arau-haustea

1. Zergen arloko arau-haustea da autolikidazioak edo aitorpenak Zerga Administrazioak kasu bakoitzerako onetsi eta argitaratzen duen ereduan ez beste batean aurkeztea.

Zehapena 100 euroko isun finkoa izango da.

2. Zergen arloko arau-haustea izango da, gainera, unean-unean indarrean dagoen arautegiaren arabera autolikidazioak edo aitorpenak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian edo telematikoki aurkeztu behar duten pertsona fisikoek edo erakundeek betebehar hori ez betetzea.

Arau-hauste hori 300 euroko isun finkoarekin zehatuko da.

3. Hala ere, foru arau honetako 92. eta 93. artikuluetan ezarritako informazioa eman beharra betetzeko oro har eskatzen diren aitorpenen kasuan, artikulu horren arabera jartzen diren zehapenak %100ean gehituko dira.

206. artikulua. Kontabilitate eta erregistro betebeharrak ez betetzeagatiko arau-haustea

1. Zergen arloko arau-haustea da kontabilitate eta erregistro betebeharrak ez betetzea.

2. Hona hemen ezarriko den zehapena:

a) Oro har, 150 euroko isun finkoa.

b) Kontabilitatean edo zergen arloko arauek eskatutako liburu eta erregistroetan eragiketak zehaztasunik gabe aipatzen edo omiti¬tzen badira, konturen bat benetan duen esanahiaren ordez bere izaerarekin bat ez datorren beste batekin erabiltzen bada eta, ondorioz, zergadunaren egoera egiaztatzeko trabak jartzen badira, aipatu ez diren, zehatz azaldu ez diren, faltsuak diren edo eurekin bat ez datorren esanahidun kontuetan jaso diren kargu, abonu edo idaztoharren %1eko proportziozko isuna jarriko da. Isuna, gutxienez, 150 eurokoa izango da eta gehienez 6.000 eurokoa.

c) Kontabilitatea, zergen arloko arauek ezarritako liburu eta erregistroak, euskarri moduan erabiltzen diren programa eta artxibo informatikoak eta kodifikazio-sistemak erabili edo zaindu beharra betetzen ez bada, arau-haustea gertatu den zergaldian arau-hausleak izan duen negozio kopuruaren %1eko isun proportzionala jarriko da (600 euro gutxienez).

d) Jardun eta ekitaldi ekonomiko berarentzat kontabilitate desberdinak eramaten badira, zergapekoaren benetako egoera zein den ezagutzea oztopatuz, 600 euroko isun finkoa jarriko da eragiketaren ekitaldi ekonomiko bakoitzeko.

e) Kontabilitateak eta zergen arloko arauek zehaztutako liburuek eta erregistroek lau hilabete baino gehiagoko atzerapena badute, 300 euroko isun finkoa jarriko da.

f) Administrazioak eginbidetu edo gaitu ez dituen edo epez kanpo eginbidetu edo gaitu dituen liburuak eta erregistroak erabiltzen badira, 300 euroko isun finkoa jarriko da, zergen arloko arautegiak horrela ezartzen duenean.

207. artikulua. Fakturazio edo dokumentazio betebeharrak ez betetzeagatiko arau-haustea

1. Fakturazio betebeharrak ez betetzea zergen arloko arau-haustea da.

2. Hona hemen ezarriko den zehapena:

a) Fakturatzeko betebeharra arautzen duen arautegiaren betekizunak betetzen ez badira (besteak beste, fakturak edo ordezko dokumentuak luzatu, igorri, zuzendu eta kontserbatzeari buruzkoak), arau-haustea eragin duten eragiketen zenbateko osoaren %1eko proportziozko isuna jarriko da. Hala ere, salbuespen izango da idatz-zati honetako hurrengo letran aipatzen dena.

b) Fakturak, egiaztagiriak edo ordezko dokumentuak luzatu, igorri, zuzendu edo kontserbatu ez badira, arau-haustea eragin duten eragiketen zenbateko osoaren %2ko proportziozko isuna jarriko da. Ezin denean jakin zein den arau-hausteari dagozkion eragiketen zenbatekoa, zehapena 300 eurokoa izango da faktura edo dokumentua egin edo kon¬tserbatu ez den eragiketa bakoitzeko.

c) Fakturak edo ordezko dokumentuak datu faltsuekin edo desitxuratuekin egin badira, arau-haustea eragin duten eragiketen zenbateko osoaren %75eko proportziozko isuna jarriko da.

Ez-betetzeak fakturatzeko betebeharpean dauden eragiketen zenbatekoen %20 baino gehiagori eragiten badio (zerga edo zerga-betebehar zein egiaztapen edo ikuskapen aldiari dagokionez), edo ez-betetze horren ondorioz Zerga Administrazioak ezin duenean jakin fakturatzeko betebeharpean dauden zenbatekoak, zehapena %100ean gehituko da.

3. Arau-haustea izango da, halaber, zerga berezien arautegiak zirkulazio-dokumentuen luzapen eta erabilera egokiaren inguruan agintzen dituen betebeharrak ez betetzea.

Zehapena, 150 euroko isun finkoa izango da oker egin edo erabili den dokumentu bakoitzeko.

Ez-betetzeak fakturatzeko betebeharpean dauden eragiketen zenbatekoen %20 baino gehiagori eragiten badio (zerga edo zerga-betebehar zein egiaztapen edo ikuskapen aldiari dagokionez), zehapena %100ean gehituko da.

Hala ere, betebehar horiek ez betetzeak zerga horien arautegian tipifikatutako ez-betetzea dakarrenean, bertan ezarritako zehapena aplikatuko da.

208. artikulua. Identifikazio fiskaleko zenbakia edo bestelako zenbaki edo kodeak eskatu eta erabiltzeko eginbeharrak ez betetzeagatiko arau-haustea.

1. Zergen arloko arau-haustea izango da identifikazio fiskaleko zenbakia edo zergen arautegiak ezartzen dituen bestelako zenbaki edo kodeak erabiltzeko eginbeharrak ez betetzea.

2. Halakoetan, honako zigor hau ezarriko da:

a) Oro har, 150 euroko isun finkoa.

b) Modu berezian kreditu-erakundeen eginbeharrak ez-betetzeari dagokionez, hau da, kontu eta eragiketetan identifikazio fiskaleko zenbakia erabiltzeari dagokionez, oker abonatu edo kargatu diren zenbatekoen, eragiketaren zenbatekoaren edo kantzelatu beharreko gordailu edo eragiketaren % 5eko isun proportzionala jarriko da. Gutxienez 1000 euroko isuna jarriko da.

Ez-betetzea eramaile-txekearen librantzaren edo abonuaren ingurukoa bada, isuna efektuaren ageriko balioaren % 5ekoa izango da. Gutxienez 1.000 euroko isuna jarriko da.

3. Halaber, zergen arloko arau-haustea da behin-behineko zein behin betiko identifikazio fiskaleko zenbakiaren eskaeretan datu faltsuak edo faltsutuak jakinaraztea.

Arau-hauste hori diru-kopuru finko batez ordainduko da: zigorra 30.000 euro dira.

209. artikulua. Zerga Administrazioaren jarduketei jarkitzeagatiko, oztopatzeagatiko, aitzakiak jartzeagatiko edo ezetza emateagatiko arau-haustea

1. Zergen arloko arau-haustea da Zerga Administrazioaren jarduketei jarkitzea, oztopatzea, aitzakiak jartzea edo ezetza ematea.

Egoera hau gertatu dela ulertuko da arau-hausleak, jakinaren gainean egon arren, Zerga Administrazioak bere betebeharrak betetzeari dagokionez egiten dituen jarduketak denboran luzatu, eragotzi edo galarazten dituenean.

Beste batzuen artean Zerga Administrazioaren aurkako jarkitze, oztopo, aitzakia eta uko egite izango dira honako jokabideak:

a) Dokumentuen, txostenen, aurrekarien, liburuen, erregistroen, fitxategien, fakturen, egiaztagiri eta kontabilitate orokor zein osagarriko idazpenen, informatika programa eta artxiboen, sistema operatibo zein kontrolekoen eta zergen esparruan garran¬tzizkoa den beste edozein daturen azterketa ez erraztea.

b) Behar bezala jakinarazitako errekerimenduren bat ez erantzutea.

c) Zehaztutako leku eta epean ez bertaratzea, bidezko arrazoiren bat frogatzen ez bada.

d) Zerga Administrazioko funtzionarioei ez uztea: finka edo lokaletan sartzen edo bertan egoten, ez eta lokal, makina, instalazio eta zerga-betebeharrekin lotutako ustiapenen ikuskapena egiten ere.

e) Zerga Administrazioko funtzionarioak hertsatzea.

f) Zerga-bilketa organoek egindako enbargo-eginbideak ez betetzea edo oker betetzea.

2. Zehapena 150 euroko isun finkoa izango da, artikulu honetako hurrengo idatz-zatietan xedatutakoa ezarri daitekeenean izan ezik.

3. Zerga Administrazioaren aurkako jarkitzeak, oztopoak, aitzakiak edo uko egiteak errekerimenduak horretarako emandako epeetan ez betetzea dakartenean, zehapena, zenbateko finkodun isuna izango da:

a) 150 euro, errekerimendua lehen aldiz bete ez denean.

b) 300 euro, errekerimendua bigarren aldiz bete ez denean.

c) 600 euro, errekerimendua hirugarren aldiz bete ez denean.

4. Zerga Administrazioaren aurkako jarkitzea, oztopoa, aitzakia edo uko egitea pertsona fisikoek edo erakundeek gauzatutako jarduera ekonomikoei dagokienean, zehapena jarraian zehazten denetako bat izango da:

a) 300 euroko isun finkoa, ez baldin bada bertaratzen edo administrazio-jarduketa nahiz eskatutako informazioa ez bada horretarako jakinarazitako lehenengo errekerimenduaren epean ematen.

b) 1.500 euroko isun finkoa, ez baldin bada bertara¬tzen edo administrazio-jarduketa nahiz eskatutako informazioa ez bada horretarako jakinarazitako bigarren errekerimenduaren epean ematen.

c) Arau-haustea gertatutako urte naturaleko edo aurreko urteko arau-hauslearen negozio kopuruaren %2rainoko proportziozko isuna (gutxienez 10.000 euro eta gehienez 400.000 euro); hau gertatuko da, ez baldin bada bertaratzen edo administrazio-jarduna nahiz eskatutako informazioa ez bada horretarako jakinarazitako hirugarren errekerimenduaren epean ematen.

Arau bidez, eta ezarritako mugen barruan, ezarriko da kasu bakoi¬tzean aitortu ez diren eragiketak aitortu behar izango zirenekin egindako alderaketaren arabera aplikatu ahal izango den zehapena.

5. Zerga Administrazioaren aurkako jarkitzeak, oztopoak, aitzakiak edo uko egiteak foru arau honetako 92. eta 93. artikuluetan jasotzen den informazioa emateko betebeharra betetzeko oro har eskatzen diren aitorpenei arretarik ez ematea dakarrenean, zehapena, arau-haustea gertatutako urte naturaleko edo aurreko urteko arau-hauslearen negozio kopuruaren %3rainoko proportziozko isuna izango da. Isuna gutxienez 15.000 eurokoa izango da eta gehienez 600.000 eurokoa.

Arau bidez, eta ezarritako mugen barruan, ezarriko da kasu bakoi¬tzean aitortu ez diren eragiketak aitortu behar izango zirenekin egindako alderaketaren arabera aplikatu ahal izango den zehapena.

6. Eragiketen zenbatekoa jakin ezean edo errekerimendua diru-kopuruzkoa ez denean, aurreko bi idatz-zatietan (hurrenez hurren) ezartzen den gutxiengoa ezarriko da.

Zehapen-prozedura amaitu baino lehen aurreko idatz-zatietan aipatutako administrazio-egintza guztiak burutuko balira, zehapena 6.000 eurokoa izango litzateke.

7. Zerga Administrazioaren aurkako jarkitzeak, oztopoak, aitzakiak edo uko egiteak foru arau honetako 81., 142., 166. eta 217. artikuluetan xedatutako kautelazko neurriak ez betetzea dakarrenean, zehapena, arau-haustea gertatutako urte naturaleko edo aurreko urteko arau-hauslearen negozio kopuruaren %2rainoko proportziozko isuna izango da. Isuna gutxienez 3.000 eurokoa izango da.

8. Foru arau honetako 92. artikuluko i. idatz-zatiko c) letran xedatutakoarekin bat etorriz, jarkitze, oztopo, aitzakia edo uko egite horiek pertsona fisikoek edo Administrazioari fondo, balio zein beste ondasun batzuk zor dizkioten erakundeek zerga-bilketa organoek egindako enbargo-eginbideak ez betetzea edo oker betetzea dakarrenean, zehapena, fondo, balio edo ondasun horien benetako balioaren %25eko proportziozko zenbatekoa izango da. Isuna gutxienez 1.000 eurokoa izango da.

Zehapen hori foru arau honetako 41. artikuluko 4. idatz-zatiko b) letran xedatutakoarekin bat etorriz aplikatuko da; nolanahi ere, enbargorako aginduak erruz edo zabarkeriaz betetzen ez dituztenek erantzukizun solidarioa izango dute.

210. artikulua. Atxikitzaileek eta konturako sarrerak egitera behartuta daudenek isilpekotasuna ez betetzeagatiko arau-haustea

1. Zergen arloko arau-haustea da, foru arau honetako 94. artikuluan atxikitzaileei eta konturako sarrerak egin behar dituztenei eskatzen zaien isilpekotasuna ez betetzea.

2. Zehapena 300 euroko isun finkoa izango da, bidegabe jakinarazi den pertsona edo erakunderen bati buruzko datu nahiz datu-multzo bakoi¬tzeko.

211. artikulua. Atxikipen edo konturako sarreren menpeko errentak dituen ordaintzaileari datu zehatzak ez jakinarazteagatiko arau-haustea

1. Zergen arloko arau-haustea izango da, atxikipen edo konturako sarreren menpeko errentak dituen ordaintzaileari datuak ez jakinaraztea edo datu faltsuak, osatugabeak edo zehaztugabeak jakinaraztea, horietatik jatorrizkoak baino atxikipen edota konturako sarrera txikiagoak eratortzen direnean.

2. Hona hemen ezarriko den zehapena:

a) Zergapekoak, atxikipen edo konturako sarreren menpeko errentak dituen autolikidazioa aurkeztu behar duenean, %35eko proportziozko isuna jarriko da.

b) Zergapekoak, atxikipen edo konturako sarreren menpeko errentak dituen autolikidaziorik aurkeztu behar ez duenean, %70eko proportziozko isuna jarriko da.

Kasu bietan, zehapenaren oinarria, bidezko atxikipen edo konturako sarreraren eta datu faltsu, osagabe eta zehaztugabeak ezarri zireneko epean egindakoen arteko diferentzia izango da.

212. artikulua. Atxikipenen edo konturako sarreren ziurtagiria eman beharra ez betetzeagatiko arau-haustea

1. Zergen arloko arau-haustea izango da atxikipenak edo konturako sarrerak aplikatu beharreko errentak jasotzen dituen zergapekoei egindako atxikipenen eta konturako sarreren ziurtagiriak ez aurkeztea.

2. Zehapena 150 euroko isun finkoa izango da.

213. artikulua. Zerga-arautegian ezartzen diren betebeharrak ez bete¬tzeagatiko arau-haustea

1. Zergen arloko arau-haustea izango da zerga-arautegian zergapekoari eskatzen zaizkion zerga-betebehar edo zerga-eginbeharrak ez betetzea; betiere, kapitulu honetako aurreko artikuluetako edo beste foru arauren batean tipifikatutako arau-hausteak ez direnean, eta zergen arloko beste arau-hauste bat dela-eta zehapena mailakatzeko irizpide gisa jokatzen ez dutenean.

2. Zehapena 150 euroko isun finkoa izango da.

IV. KAPITULUA

ZERGEN ARLOKO ZEHAPEN-PROZEDURA

214. artikulua. Zergen arloko zehapen-prozeduraren araupeketa

Zergen arloko zehapen-prozedura arautuko da:

a) Titulu honetan ezarritako arau berezien bidez eta berauek gara¬tzeko emandako arautegiaren bitartez.

b) Horrelakorik ezean, administrazio-arloko zehapen-prozedurari buruzko arauen bidez.

215. artikulua. Zergen arloko zehapenak ezartzeko prozedura

1. Zergen arloko zehapen-prozedura gainontzeko zergekin bereizita izapidetuko da, araubidez ezartzen diren baldintzen arabera.

2. Ordaintzeko konpromisodun adostasun-akten kasuan, foru arau honetako 196tik 202ra arteko artikuluek arau¬tzen dituzten arau-hausteei buruzko arazoak dagozkion egiaztapen eta ikerketa prozeduren bidez aztertuko dira, berauek araupetzen dituzten arautegiarekin bat etorriz.

3. Zergen arloko zehapen-prozedurako jakinarazpenak, foru arau honetako III. tituluko II. kapituluko 3. atalean aurreikusten denaren arabera gauzatuko dira.

216. artikulua. Zergen arloko zehapen-prozeduraren hasiera

1. Zergen arloko zehapen-prozedura ofizioz hasiko da beti, organo eskudunaren erabakia jakinaraziz.

2. Kudeaketa edo ikuskapen prozeduren ondorioz hasitako zehapen-prozedurak ezin izango dira hasi prozedura horien objektu izan diren pertsona edo erakundeen aurka, behin jakinarazpena egin denetik sei hilabeteko epea igaro edo dagokion likidazio zein ebazpena jakinarazitzat ematen bada.

217. artikulua. Zergen arloko zehapen-prozeduraren instrukzioa

1. Zehapen-prozeduraren instrukzioan foru arau honetako 97. artikuluan aipatzen diren jarduketen garapena eta zerga-prozeduren arau bereziak aplikatuko dira.

2. Foru arau honetako III. tituluan arautzen diren zergak aplikatzeko prozeduretariko baten bidez lortu diren datu, froga edo inguruabarrak zehapen-prozeduran kontuan hartuko baldin badira, bertara gehitu beharko dira, formalki, ebazpenaren proposamena baino lehen.

3. Zehapen-prozedurak dirauen artean kautelazko neurriak hartu ahal izango dira, foru arau honetako 81. eta 142. artikuluetan xedatzen denarekin bat etorriz.

4. Behin jarduketak bukatu eta gero, ebazpen proposamena egingo da; bertan, bidezko arrazoiak emanez jasoko dira: egitateak, hauen kalifikazio juridikoa, hautsi dezaketen arauak edo, hala badagokio, arau-hausterik edo erantzukizunik ez egotearen gaineko adierazpena.

Ebazpenaren proposamenean zehaztuko da, era berean, proposatutako zehapena; betiere, aplikatu beharreko mailakatze irizpideak emanez eta horien jatorria behar den moduan arrazoituz.

Ebazpenaren proposamena interesdunari jakinaraziko zaio, espedientearen adierazpenen azalpenekin batera. Interesdunak, 15 eguneko epea izango du bere ustez komenigarriak zaizkion alegazioak eta bidezkoak diren dokumentu, egiaztagiri eta frogak aurkezteko.

5. Zehapen-espedientea hastearekin batera zehapena ezartzeko proposamenean beharrezkoak diren osagai guztiak organo eskudunak baditu, proposamen hori prozedura hasteko erabakiari gehituko zaizkio. Erabakia interesdunari jakinaraziko zaio, espedientearen berri emanez eta 15 eguneko epea eskainiz bere ustez komenigarria den guztia alegatzeko eta bidezkotzat jotzen dituen dokumentu, egiaztagiri eta frogak aurkezteko.

218. artikulua. Zergen arloko zehapen-prozeduraren amaiera

1. Zergen arloko zehapen-prozedura ebazpen bidez edo iraungitzearen ondorioz amaituko da.

2. Zergen arloko zehapen-prozedura sei hilabeteko gehieneko epean amaitu behar da, prozeduraren hasierari buruzko komunikazioa jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

Jakinarazpena egiten den egunean edo ebazpena ematen duen administrazio-egintza jakinarazitzat jotzen denean amaituko da prozedura.

Jakinarazi beharra bete den ala ez zehazteko eta ebazpen-epearen zenbaketari dagokionez foru arau honetako 102. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa aplikatuko da.

3. Zergen arloko zehapen-prozeduraren berariazko ebazpenak honako hauek edukiko ditu: egitateen finkatzea, egindako frogen gaineko balioespena, gauzatutako arau-haustearen zehaztapena, pertsona edo erakunde arau-hauslearen identifikazioa eta ezarritako zehapenaren zenbatekoaren zehaztapena, dagozkion mailakatze irizpideak eta, foru arau honetako 192. eta 193. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, egin beharreko txikipena ere ezarriz. Hala dagokionean, arau-hausterik ez dela egin edo erantzukizunik ez dela sortu adieraziko da ebazpenean.

4. Artikulu honetako 2. idatz-zatian ezarritako epemuga heldu bada, eta oraindik jakinarazpena egin ez bada edo egintzat ematen ez bada, berariazko ebazpen bidez prozedura iraungi egingo da.

Prozedura iraungi dela adierazteko adierazpena ofizioz edo interesdunak eskatuta eman ahal izango da eta jarduketak artxibatzeko aginduko da. Iraungipen horrek beste zehapen-prozedura bat hastea eragotziko du.

5. Zehapena ezartzeko organo eskudunak dira:

a) Bizkaiko Foru Aldundia, lanbide ofizial, enplegu edo kargu publikoetan aritzea eteten denean.

b) Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatua, toki-entitateetako organo eskuduna edo horiek eskuordesten duten organoa, zerga-onura zein zerga-pizgarriak aplikatzeko eskubidea galtzen denean horiek emateko eskumena izanik, eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera ematen denean edo dagokion Herri Administrazioarekin kontratuak sinatzeko debekua ezartzen denean.

c) Zerga-onura edo zerga-pizgarria onartzeko eskumena duen organoa, horiek aplikatzeko eskubidea kentzen denean, goiko b) letran xedatutakoa salbu.

d) Likidazioa egiteko eskumena duen organoa, edo zehapen-prozedura hastea proposatu duen administrazio-unitatearen gainetik hurrengo dagoen organoa, gainerako kasuetan.

219. artikulua. Zehapenen aurkako errekur¬tsoak

1. Zehapen-prozedura ebazteko egintzaren aurka errekurtsoa edo erreklamazioa jarri ahal izango da.

Zergadunak zerga-zorra ere inpugnatzen duenean, errekurtso edo erreklamazio biak pilatuko dira, eta zorraren aurkako inpugnazioa ezagutzen duena izango da eskuduna.

2. Ordaintzeko konpromisodun adostasun-aktetatik eratorritako zehapenak administrazio-bidean bakarrik inpugnatu edo berrikusi ahal izango dira, foru arau honetako 225. artikuluan aurreikusten den erabateko deuseztasuna adierazteko prozeduraren bidez.

3. Zehapen baten aurka administrazioko errekurtso edo erreklamazioa jartzeak honako ondoreak ekarriko ditu:

a) Zehapenen betearazpena automatikoki etengo da, eta ez da zertan bermerik eman behar izango administrazio-bidean irmoak izan arte.

b) Ez da berandutza-interesik eskatuko administrazio-bidea agor¬tzen duen ebazpenaren jakinarazpenak ordainketa borondatezko aldian egiteko emandako epea amaitu arte igarotzen den denboragatik.

c) Zergapekoaren adostasunaren ondorioz aplikatu beharreko murrizketa galdu egingo da, foru arau honetako 192. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

V. TITULUA

ADMINISTRAZIO-BIDEAN EGINDAKO BERRIKUSPENA

I. KAPITULUA

ARAU OROKORRAK

220. artikulua. Berrikuspenerako baliabideak

1. Zergak aplikatzeko egintza eta jarduketak eta zerga-zehapenak ezartzeko egintzak berrikusi ahal izango dira, hurrengo kapituluetan ezarritakoaren arabera eta honakoen bidez:

a) Berrikuspenerako prozedura bereziak.

b) Berraztertzeko errekurtsoa.

c) Administrazioarekiko diru-erreklamazioak.

2. Organo ekonomiko-administratiboaren ebazpen irmoak eta ebazpen ekonomiko-administratiboa izan duten zergak aplikatzeko eta zehapenak ezartzeko egintzak ezin izango dira administrazio-bidean berrikusi, alegatutako arrazoia edozein delarik ere. Salbuespen izango dira, dena den, foru arau honetako 225. artikuluan aurreikusitako erabateko deuseztasun kasuak, 228. artikuluko okerren zuzenketa eta 246. artikuluan araututako berrikuspenerako aparteko errekurtsoak.

Organo ekonomiko-administratiboaren ebazpenak kaltegarritzat jo daitezke, foru arau honetako 226. artikuluak aurreikusten duenaren arabera.

3. Zergak aplikatzeko eta zehapenak ezartzeko egintzak epai irmo bidez berretsi direnean ezin izango dira inola ere berrikusi, ezta administrazioarekiko diru-erreklamazioen ebazpenak ere.

221. artikulua. Gaitasuna eta ordezkaritza, probaldia, jakinarazpenak eta ebazteko epeak

1. Titulu honetan aurreikusitako berrikuspenerako, errekurtsoen eta erreklamazioen prozedura berezietan foru arau honetako II. tituluko II. kapituluko 4. atalean gaitasunari eta ordezkaritzari buruz ezarritako arauak aplikatuko dira; baita III. tituluko II. kapituluko 2. eta 3. ataletan ezarritako probaldi eta jakinarazpenei buruzko arauak ere.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatua ahal izateko, kontuan hartuko dira titulu honetako IV. kapituluan araupetzen diren berezitasunak.

3. Titulu honetan aurreikusten diren ebazteko epeak zenbatzeko, foru arau honetako 102. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa hartuko da kontuan.

222. artikulua. Ebazpenen arrazoitzea

1. Titulu honetan aurreikusitako berrikuspenerako, errekurtsoen eta erreklamazioen prozedura bereziak arrazoituak izan beharko dira, eta zuzenbideko egitate eta oinarriei aipamen labur bat egin beharko die.

2. Prozedura horietan honako egintza hauek ere arrazoitu egin beharko dira:

a) Interesdunek aurkeztutako edozein motatako idazkiak ez onar¬tzea.

b) Inpugnatutako egintzen betearazpena etetea, eteteko eskaerari ezetza ematea, eta eteteko eskaera izapidetzeko ez onartzea.

c) Ofizioz abstenitzea, arazoa ezagutzeari edo ezagutzen jarraitzeari uko eginez, gaia dela-eta.

d) Errefusatzea bidezkoa dela edo ez dela adieraztea, frogaren bat ez onartzea edo gainontzeko beste froga-eginbideren bat ez onartzea, eta auzialdia iraungitzat jotzea.

e) Prozeduran zehar interesdunen eskubide subjektiboak mugatzen dituztenak.

f) Prozedura bera etetea edo berori burutzea galarazten duten arrazoiak.

223. artikulua. Errekurritu den egintzaren betearazpenaren etendura

1. Berraztertzean edo bide ekonomiko-administratiboan inpugnatu den egintzaren betearazpena automatikoki etengo da interesdunak hala eskatzen duenean, baldin eta egintza horren zenbatekoa, etendurak sorrarazten dituen berandutza-interesak eta etenaldia eskatzeko unean egon litezkeen errekarguak bermatzen badira, araubidez ezarritako baldintzetan.

Hala ere, berraztertzeko errekurtsoa edo administrazioarekiko diru-erreklamazioa garaiz eta behar den eran jartzeak inpugnatutako egintzaren betearazpenaren etendura ekarriko du, inolako bermerik jarri gabe, gainera. Horretarako, beharrezkoa izango da zerga-zorra borondatez ordaintzeko aldian egotea edo premiamendu-probidentziaren aurkako errekurtso bat aurkeztuta egotea. Bi kasuotan, betiere, borondatezko aldiaren azkenean, zorraren zenbatekoa arau bidez zehaztutako zenbatekoaren parekoa edo txikiagoa izan beharko da.

Inpugnazioak zerga-zehapenen batean eragina badu, beraren betearazpena automatikoki etenda geratuko da, eta foru arau honetako 219. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoaren arabera, ez da zertan bermerik jarri behar izango.

Kudeaketa partekatua duen zerga bati buruzko zentsu-egintza inpugnatzen denean, ez da likidazioa kobratzeko prozeduran inolako etenik gertatuko. Horrek ez du galaraziko sartutako kopuruak itzultzea, bidezkoa denean, zentsu arloan ematen den ebazpenak ordaindutako likidazioaren emaitzan eragina badu.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den etendura automatikoa lortzeko beharrezko berme bakarrak hauek izango dira:

a) Diruaren edo balore publikoen gordailua.

b) Kreditu-erakunde edo elkarrekiko bermerako sozietate batek emandako abala nahiz fidantza solidarioa edo kauzio-aseguruaren ziurtagiria.

3. Interesdunak ezin duenean etendura lortzeko beharrezkoa den besteko bermerik eman, organo eskudunak ontzat ematen dituen beste berme hauen prestazioa onartu ahal izango da. Organo honek, bestalde, etenduraren inguruko ebazpena aldatu ahal izango du: berori arrazoitu zuten baldintzak mantentzen ez direla uste duenean, emandako bermeek balioa edo eraginkortasuna galtzen dutenean, edo etenaldia ebazteko unean ezezagunak ziren berme moduan eman daitezkeen beste ondasun eta eskubide batzuk badaudela dakienean.

4. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa kontuan hartuta, inpugnatutako egintzaren betearazpenaren etendura erabaki ahal izango da:

a) Bermeen erabateko edo zatikako dispentsaren bidez, betearazpen horrek konpontzeko zailak edo ezinezkoak diren kalteak ekarri ditzakeenean araubidez zehaztutako baldintzetan; hala ere, organo eskudunak aurreko idatz-zatietan aurreikusitako etendurari buruzko ebazpenak aldatu ahal izango ditu.

b) Bermerik eman behar izan gabe, inpugnatutako egintzan oker aritmetiko, material edo egitatezkoren bat egon daitekeela ikusten denean.

c) Zerga-zorrik edo zenbateko likidorik xedetzat ez duen egintza izan eta interesdunak haren etendura eskatzen duenean, betearazpenak kalte larriak edo konponezinak ekar ditzakeela frogatuz gero.

5. Errekurtsoak zerga-zor osoari eragiten ez badio, errekurritu den zatiaren betearazpena bakarrik etengo da; kasu horretan, zergadunak gainerako zenbatekoa ordaindu behar izango du.

6. Berraztertzeko errekurtsoan gertatzen bada etendura, bide ekonomiko-administratiboan mantendu ahal izango da, arau bidez zehaztutako baldintzak betez.

7. Administrazio-bidean emandako etenaldia mantenduko da, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epearen barruan zergadunak Zerga Administrazioari jakinarazten dionean errekurtso hori sustatu eta etetea eskatu duela. Etendura horrek jarraitu egingo du, administrazio-bidean ezarri den bermeak indarrean jarraitzen badu eta bere eraginkortasuna mantentzen badu, harik eta organo judizialak eskatutako etenduraren gainean dagokion erabakia hartu arte.

Zehapenen kasuan, etendura aurreko paragrafoan adierazitako moduan mantenduko da inolako bermerik jarri behar izan gabe, harik eta erabaki judiziala hartu arte.

8. Berrikuspenerako aparteko errekurtsoaren bidez inpugnatutako egintzaren edo ebazpenaren betearazpena ezin izango da inola ere eten.

9. Errekurtsoaren edo erreklamazioaren gainean emandako ebazpenaren ondorioz inpugnatu den egintzaren zenbatekoa osorik edo zati batean ordaindu behar denean, berandutza-interesak 26. artikuluan ezaritakoaren arabera likidatuko dira, foru arau honetako 219. artikuluko 3. idaz-zatian aurreikusten dena kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

BERRIKUSPENERAKO PROZEDURA BEREZIAK

224. artikulua. Berrikuspenerako prozedura berezi motak

Berrikuspenerako prozedura bereziak honakoak dira:

a) Erabat deusezak diren egintzen berrikuspena.

b) Egintza deuseztagarrien kaltegarritasunezko deklarazioa.

c) Errebokazioa.

d) Okerren zuzenketa.

e) Bidegabeko sarreren itzulketa.

LEHENENGO ATALA

ERABAT DEUSEZAK DIREN EGINTZEN BERRIKUSPENERAKO PROZEDURA

225. artikulua. Erabateko deuseztasunaren deklarazioa

1. Zergen arloan emandako egintzen eta organo ekonomiko-administratiboen ebazpenen gaineko erabateko deuseztasuna deklaratu ahal izango da, administrazio-bidea agortu edo epe barruan errekurritu ez direnean, honako kasuetan:

a) Konstituzioaren babesa duten eskubide eta askatasunak urratzen dituztenean.

b) Gaiari eta lurraldeari dagokionez argi eta garbi eskumenik ez duen organo batek emandakoak direnean.

c) Ezinezko edukia dutenean.

d) Zigor Zuzenbideko arau-hauste direnean, edo halako arau-hauste baten ondorioz ematen direnean.

e) Legezko prozedura erabat bazterturik edo kide ani¬tzeko organoetan borondatea eratzeko funtsezko erregelak barnean dituzten arauak erabat bazterturik emandakoak direnean.

f) Antolamendu juridikoaren kontra doazen berariazko nahiz ustezko egintzak direnean, ahalmen edo eskubideak eskuratzeko badira, horiek eskuratzeko oinarrizko betekizunak izan ez arren.

g) Lege izaerako edozein xedapenetan berariaz ezar¬tzen den beste edozein.

2. Artikulu honek aipatzen duen deuseztasuna deklaratzeko prozedura hasi ahal izango da:

a) Egintza eman zuen organoaren edo goragoko baten erabakiaren bidez.

b) Interesdunak hala eskatu duelako.

3. Interesdunek egindako eskabideak ez izapidetzea erabaki ahal izango da (horretarako bidezko arrazoiak emanez) egintza ez denean irmoa administrazio-bidean edo eskabidea ez denean artikulu honetako i. idatz-zatian zehaztutako deuseztasunerako arrazoietan oinarritzen edo modu nabarian oinarririk ez duenean, baita edukiari dagokionez antzeko eskabideak aurretiaz ukatu direnean ere.

4. Prozeduran, interesdunari entzunaldia eman eta egin¬tzaren bidez eskubideak aintzatetsi zaizkienei entzungo zaie, baita azken horren bidez beraien interesetan kalteak jasan dituztenei ere.

Deuseztasunaren gaineko deklarazioak, aurretiaz, aholkularitza juridikoaz arduratu den organoaren aldeko txostena beharko du.

5. Foru Aldundiari dagokio prozedura honen ebazpena ematea, baldin eta egintzaren xedea bere eskumenen barruan sartzen bada.

6. Berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izango da, interesdunak eskabidea aurkezten duenetik edo prozedura ofizioz hasi dela jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita.

Aurreko paragrafoan ezarritako epea igarotzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, honako ondoreak sortuko dira:

a) Ofizioz hasitako prozedura iraungi egingo da; baina horrek ez du eragotziko gero beste prozedura bat hasteko aukera.

b) Administrazioaren isiltasunez eskabidea ezetsiko da, prozedura interesdunaren eskariz hasi bada.

7. Berariazko zein ustezko ebazpenak edo interesdunen eskabideak ez izapidetzeko erabakiak agortuko du administrazio-bidea.

BIGARREN ATALA

EGINTZA DEUSEZTAGARRIEN KALTEGARRITASUNEZKO DEKLARAZIOA

226. artikulua. Kaltegarritasunezko deklarazioa

1. Foru arau honetako 225. eta 228. artikuluek aurreikusten duten kasuetan ez bada, Zerga Administrazioak ezin izango ditu deuseztatu berak emandako egintzak eta ebazpenak interesdunen kaltetan.

Zerga Administrazioak bere egintza eta ebazpenak interes publikoarentzat kaltegarriak direla adierazi ahal izango du, nahiz eta interesdunentzat onuragarriak izan, baldin eta antolamendu juridikoaren edozein motatako arau-haustea badakarte. Horrela, gero administrazioarekiko auzien bidean inpugnatzeko aukera izango du.

2. Kaltegarritasunezko deklarazioa ezin izango da egin administrazio-egintza jakinarazi zenetik lau urte igaro badira, eta gainera, prozeduran interesdun gisa agertzen diren guztiei aurretiaz entzutea eskatuko du.

3. Prozedura hasi zenetik sei hilabeteko epea igaro bada eta oraindik ez bada kaltegarritasunaren deklarazioa eman, berau iraungi egingo da.

4. . Foru Aldundiari dagokio prozedura honen ebazpena ematea, baldin eta egintzaren xedea bere eskumenen barruan sartzen bada.

HIRUGARREN ATALA

ERREBOKAZIOA

227. artikulua. Zergak aplikatzeko eta zehapenak ezartzeko egintzak errebokatzea

1. Zerga Administrazioak bere egintzak errebokatu ahal izango ditu, interesdunen mesedetan, ordenamendu juridikoa modu nabarian hausten dutela uste duenean, norbanakoaren egoera juridikoari eragiten dioten eratorritako inguruabarrek agerian uzten dutenean emandako egintzaren desegokitasuna, edo prozeduraren izapidean interesdunenen babesik eza gertatu denean.

Errebokazioak ezin izango du, inola ere, zergen arloko arauek onartzen ez duten dispentsa edo salbuespenik sorrarazi; ezta berdintasun-printzipioaren, interes publikoaren edo antolamendu juridikoaren aurka joan ere.

2. Errebokazioa soilik gauzatu ahal izango da bidezkoak diren ahalak eta eskubideak erabiltzeko preskripzio-epea edo, kasuaren arabera, iraungipen-epea amaitzen ez den bitartean.

3. Errebokaziorako prozedura ofizioz hasiko da beti, eta araubidez zehaztutako organoak izango du hori emateko eskumena. Organo hau, egintza eman zuen berbera izan ahal izango da.

Espedientean interesdunei entzunaldia egingo zaie eta, organo eskudunak hala uste izanez gero, aholkulari¬tza juridikoaz arduratzen den organoaren egintza errebokatzeko arrazoiari buruzko txostena gehitu behar izango da.

4. Berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia jakinarazten denetik hasita.

Aurreko paragrafoan ezarritako epea igaro ondoren ez baldin bada berariazko ebazpenik eman, prozedura iraungi egingo da.

5. Prozedura honen bidez ematen diren ebazpenek administrazio-bidea agortuko dute.

LAUGARREN ATALA

OKERREN ZUZENKETA

228. artikulua. Okerren zuzenketa

1. Egintza edo erreklamazioaren ebazpena eman duen organoak edozein momentutan zuzenduko ditu, bai ofizioz bai interesdunak hala eskatu duelako, oker material, aritmetiko zein egitatezkoak; baldin eta dagozkion ahalen preskripzio-epea edo iraungipen-epea igaro ez bada.

Zehazki, prozedura honen bidez zuzenduko dira administrazioarekiko diru-erreklamazioetako egintzak eta ebazpenak, espedienteko agirietan okerren bat azaltzen denean.

Ebazpenaren bidez, zenbatekoan edo egintza nahiz ebazpenaren beste edozein elementutan dagoen okerra zuzenduko da.

2. Berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, interesdunak eskabidea aurkezten duenetik edo prozedura ofizioz hasi dela jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita.

Aurreko paragrafoan ezarritako epea igarotzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, honako ondoreak sortuko dira:

a) Ofizioz hasitako prozedura iraungi egingo da; baina horrek ez du eragotziko gero beste prozedura bat hasteko aukera.

b) Administrazioaren isiltasunez eskabidea ezetsiko da, prozedura interesdunaren eskariz hasi bada.

3. Prozedura honetan ematen diren ebazpenen aurka berraztertzeko errekurtsoa eta administrazioarekiko diru-erreklamazioa jarri ahal izango dira.

BOSGARREN ATALA

BIDEGABEKO SARREREN ITZULKETA

229. artikulua. Bidegabeko sarrerak itzultzeko prozedura

1. Bidegabeko sarrerak itzultzeko eskubidea aintzatesten duen prozedura ofizioz edo interesdunak eskatuta hasiko da, honako kasuetan:

a) Zerga-zorren edo zehapenen ordainketa birritan egiten denean.

b) Ordaindutako zenbatekoa administrazio-egintzatik edo autolikidaziotik sortutakoa baino handiagoa denean.

c) Administrazioaren ahalak erabiltzeko preskripzio-epea edo iraungipen-epea igaro ostean zerga-zorren eta zehapenen zenbatekoak ordaindu direnean.

d) Zergen arloko arautegiak hala ezartzen duenean.

Idatz-zati honetan ezarritako prozedura araubidez garatuko da, eta foru arau honetako 228. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa ezarriko da.

2. Itzultzeko eskubidea artikulu honetan araututako prozeduraren bidez, administrazio-egintza baten bidez edo ebazpen ekonomiko-administratibo zein judizial baten bidez aintzatetsi bada, itzulketa, araubidez zehaztutakoaren arabera betearaziko da.

3. Bidegabeko sarrera gauzatzea eragin zuen zergak aplikatzeko edo zehapenak ezartzeko egintza irmo bihur¬tzen bada, foru arau honetako 224. artikuluko a), b) eta d) paragrafoetan ezartzen diren berrikuspenerako prozedura bereziren baten bidez edo 246. artikuluan ezartzen diren berrikuspenerako aparteko errekurtsoaren bidez bakarrik eskatu edo sustatu ahal izango da itzulketa.

4. Zergapekoak uste duenean autolikidazioren baten aurkezpenak bidegabeko ordainketaren bat eragin duela, autolikidazio hori zuzentzeko eskatu ahal izango du, foru arau honetako 118. artikuluko 2. idatz-zatian xedatzen denarekin bat etorriz.

5. Bidegabeko sarrerak itzultzean berandutza-interesak ere likidatuko dira, foru arau honetako 31. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriz.

6. Prozedura honetan ematen diren ebazpenen aurka berraztertzeko errekurtsoa eta administrazioarekiko diru-erreklamazioa jarri ahal izango dira.

III. KAPITULUA

BERRAZTERTZEKO ERREKURTSOA

230. artikulua. Berraztertzeko errekurtsoaren xedea eta izaer

1. Administrazioarekiko diru-erreklamazioak eragin ditzaketen Zerga Administrazioaren egintzei berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango zaie, kapitulu honetan xedatzen denaren arabera.

2. Berraztertzeko errekurtsoa jartzekotan, administrazioarekiko diru-erreklamazioa baino lehen jarri beharko da.

Interesdunak berraztertzeko errekurtsoa jartzen badu, ezin izango du administrazioarekiko diru-erreklamaziorik sustatu errekurtsoa berariaz ebazten den arte edo administrazioaren isiltasunez ezetsitzat jo ahal den arte.

Errekurtsoa aurkezteko ezarritako epean, berrazter¬tzeko errekurtsoa eta administrazioarekiko diru-erreklamazioa jartzen badira (biak ere egintza berberaren aurka), lehenengo aurkeztu dena izapidetu egingo da eta bigarrena onartezintzat joko da. Biak aldi berean jartzen badira, berraztertzeko errekurtsoak izango du lehentasuna.

231. artikulua. Berraztertzeko errekurtsoaren hasiera eta izapidetzea

1. Hilabeteko epea egongo da errekurtso hau jartzeko, errekurritu daitekeen egintza jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita. Administrazioaren isiltasunaren ondoreak gertatzen diren unetik aurrera ere jarri ahal izango da.

Aldian-aldian mugaeguneratzen diren eta taldeka jakinarazi behar diren zorrak direnean, errekurtsoa ordainketa egiteko borondatezko aldian jarri ahal izango da, edo hilabeteko epean, aipatu aldia amaitu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2. Errekurtsogileak espedientea aztertu beharra badu alegazioak egiteko, errekurtsoa jartzeko epearen barruan joan beharko du espedientea ikustera.

3. Berraztertzeko errekurtsoa jartzeko legitimatuta daudenei eta horretarako interesa dutenei, administrazioarekiko diru-erreklamazioei buruz ezarritako arauak aplikatuko zaizkie.

4. Berraztertze honen bidez, espedientean ageri diren egitatezko zein Zuzenbideko arazo guztien berri ematen zaio organo eskudunari, ebatz ditzan, hala errekurtsoan aurkeztu diren arazoak nola bestelakoak. Hala ere, ezin izango da, inola ere, errekurtsogilearen hasierako egoera txartu.

Organo eskudunak interesdunek aurkeztu ez dituzten arazoak aztertu eta ebaztea erabakitzen badu, beraiei jakinaraziko die alegazioak egin ditzaten.

232. artikulua. Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpena

1. Errekurritu den egintza eman zuen organo bera izango da berraztertzeko errekurtsoa ezagutu eta ebazteko eskuduna.

Eskuordetze bidez emandako egintzetan, eta aurkakoa esaten ez den bitartean, berraztertzeko errekurtsoa eskuordetutako organoak ebatziko du.

2. Berraztertzeko errekurtsoa ezagutzeko eskumena duen organoak ezin izango dio ebazpena emateari ukorik egin, eta ezin izango du arrazoizko zalantzarik edo legezko manuen gabeziarik alegatu.

Ebazpenean egitatezko gertakarien azalpen labur bat eta erabakia hartzeko erabili diren behar bezala arrazoitutako oinarri juridikoak jasoko dira.

3. Ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, errekurtsoa aurkeztu eta biharamunetik hasita.

Ebazpena emateko gehienezko epea igaro bada baina berariaz jakinarazi ez bada, berandutza-interesaren sor¬tzapena gelditu egingo da, foru arau honetako 26. artikuluko 9. idatz-zatian ezarritako baldintzen arabera.

4. Errekurtsoa jarri zenetik hiru hilabete igarotakoan, interesdunak errekurtsoa ezetsi egin dela ulertu ahal izango du eta bidezko erreklamazioa jarri.

5. Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren aurka ezin da berriz ere berraztertzeko errekurtsoa jarri.

IV. KAPITULUA

ADMINISTRAZIOAREKIKO DIRU-ERREKLAMAZIOAK

LEHENENGO ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENENGO AZPIATALA

ADMINISTRAZIOAREKIKO DIRU-ERREKLAMAZIOEN EREMUA

233. artikulua. Administrazioarekiko diru-erreklamazioen aplikazio-eremua

Bide ekonomiko-administratiboan erreklamatu ahal izango da, honako gaiak direla-eta:

a) Zergen aplikazioa eta zerga-zehapenen ezarpena.

b) Zuzenbide Publikoko beste sarrera batzuen bilketa.

c) Foru arau honek berariaz ezartzen duen beste edozein.

234. artikulua. Administrazioarekiko diru-erreklamazioa ekar dezaketen egintzak

1. Administrazioarekiko diru-erreklamazioa onargarria izango da, aurreko artikuluak aipatzen dituen gaiei dagokienez, honako egintzen aurka:

a) Eskubideren bat behin-behinean edo behin betiko aintzatetsi nahiz ukatzen dutenak edo betebehar nahiz eginbeharren bat aitortzen dutenak.

b) Izapidezkoak, baldin eta zuzenean nahiz zeharka arazoaren muinari buruz erabakitzen badute edo prozedurari amaiera ematen badiote.

2. Zergak aplikatzeari dagokionez, erreklamazioa honako egintza hauen kontra jar daiteke:

a) Behin-behineko edo behin betiko likidazioak.

b) Autolikidazioa zuzentzeko eskaerarekin zerikusia duten berariazko zein ustezko ebazpenak.

c) Errenta, produktu, ondasun, eskubide eta gastuen balio-egiaztapenak; baita balioak, etekinak eta oinarriak finkatzeko egintzak ere, zergen arloko arautegiak hala ezartzen duenean.

d) Zergen arloko salbuespenak, onurak edo pizgarriak ukatu edo aintzatesten dituzten egintzak.

e) Amortizaziorako plan bereziak onartu edo ukatzen dituzten egintzak.

f) Zergapeko bati aplikatu beharreko zerga-erregimena zehazten duten egintzak, beraren etorkizuneko betebeharretarako garrantzizkoak direnean (nahiz eta formalak izan). Salbuespen izango da, dena den, administrazioa aurretik lotesten duten prozedurentzat foru arau honetako III. tituluko I. kapituluko 2. atalean xedatzen dena.

g) Zerga-bilketan diharduten organoen jarduketetan emandako egintzak.

h) Zergen arloko arautegiak ezartzen dituen egintzak.

3. Era berean, erreklamatzeko modukoak izango dira zerga-zehapenak ezartzen dituzten egintzak.

4. Erreklamatzeko modukoak izango dira, gainera, araubidez zehaztutako betekizunak ezarritako moduan bete ostean, norbanakoen ondorengo jarduketa edo omisioak:

a) Legez ezarritako jasanarazpenari eta jasanarazi beharrari buruzkoak.

b) Atxikipenak edo konturako sarrerak egin eta jasan beharrari buruzkoak.

c) Enpresaburu eta profesionalei eragiten dieten fakturak egin, eman eta zuzendu beharrari buruzkoak.

d) Ordezkoaren eta zergadunaren arteko harremanetatik eratorritakoak.

5. Ez dira administrazioarekiko diru-erreklamazioak onartuko honako egintzei dagozkienean:

a) Administrazio-bidean erreklamazioa jartzeko aukera ematen dutenak (bide judizialean, zibilean edo lan arloan baino lehen) edo bide hori agortzen dutenak.

b) Administrazio-bidea agortuko duen ebazpena Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuak hartu beharreko prozeduretan ematen direnak.

c) Administrazioarekiko diru-erreklamazioa izatetik salbuesten dituen foru arauren baten itzalpean ematen diren egintzak.

BIGARREN AZPIATALA

ANTOLAKETA ETA ESKUMENAK

235. artikulua. Organo ekonomiko-administratiboa

Bide ekonomiko-administratiboko zerga-erreklamazioen ezagutza, azken batean, Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboari dagokio. Honek, modu independentean jardungo du bere eskumenak erabilita; eskumenok, uko egin ezinezkoak eta luzaezinezkoak izango dira eta interesdunek ezin izango dituzte aldatu nahi izanda ere.

236. artikulua. Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboaren eskumena

1. Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboak honakoak ezagutuko ditu:

a) Foru arau honetako 233. artikuluan aurreikusten diren gaien inguruan Foru Aldundiko organoek emandako administrazio-egintzen aurka jarri diren erreklamazioak.

b) Foru arau honetako 246. artikuluan aipatzen diren berrikuspenerako aparteko errekurtsoak.

c) Bere ebazpenetan antzemandako okerren zuzenketak, foru arau honetako 228. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Era berean, honakoak ere ezagutuko ditu: norbanakoen arteko jarduketen aurka jartzen diren erreklamazioak (erreklamazioak jarri ahal zaizkienean), atxikipenari edo konturako sarrerari aplikatu dakiokeen arautegia Bizkaiko Lurralde Historikokoa denean; edo, jasanarazpen-egintzen kasuetan, eragiketa auzitegi horretan egin denean, Kontzertu Ekonomikoan aurreikusitakoaren arabera.

237. artikulua. Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboaren funtzionamendua

1. Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboak osoko bilkuretan edo saletan jardungo du. Bakarrik ere jardun ahal izango du, araubidez zehazten diren kasuetan.

2. Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboaren eraketa, antolaketa eta funtzionamendua araubidez zehaztuko da.

HIRUGARREN AZPIATALA

INTERESDUNAK

238. artikulua. Administrazioarekiko diru-erreklamazioetan legitimatuta daudenak eta interesa dutenak

1. Administrazioarekiko diru-erreklamazioak sustatzeko legitimatuta egongo dira:

a) Zergapekoak eta subjektu arau-hausleak.

b) Zergen arloko egintza, omisio edo jarduketaren ondorioz bidezko interesak ukitzen zaizkion beste edozein pertsona.

2. Ez dira legitimatuta egongo:

a) Funtzionarioak eta enplegatu publikoak, salbu eta aintzatetsita duten eskubideren bat zuzenean urratzen denean edo bidezko interesak ukitzen zaizkienean.

b) Norbanakoak, Administrazioak eskuordetuta edo haren agente nahiz mandatudun gisa jarduten dutenean.

c) Salatzaileak.

d) Itun edo kontratu bidez zerga-betebeharrak euren gain hartzen dituztenak.

e) Inpugnatu den egintza eman zuten erakundeak edo organoak, bai eta egintza horren bidez kudeatutako funtsen jasotzailea den beste edozein erakunde ere.

3. Hasita dagoen prozedura ekonomiko-administratiboan, eman beharreko ebazpenak ukituko dituen bidezko eskubide edo interesen titularrak bertaratu ahal izango dira. Nolanahi ere, izapideak ez du inola ere atzera egingo.

Prozedura izapidetzen den bitartean, bidezko eskubide edo interesen beste titularren bat bertaratu ez dela ikusten bada, erreklamazioaren berri emango zaio alegazioak jar ditzan. Horrelakoetan foru arau honetako 244. artikuluko 5. idatz-zatian xedatutakoa aplikatuko da.

4. Ordezkaritza bidez jarduten denean, hori frogatzen duen agiria interesdunak sinatu ez duen lehenengo idazkiari erantsiko zaio; baldintza hau bete ezean, ez baita izapidetuko. Hala ere, ahalik ez egon arren edo ahala nahikoa ez izan arren, idazkia aurkeztutzat emango da baldin eta bertaratu den pertsonak ahala eransten badu, edo erantsi duen ahalak izan ditzakeen akatsak zuzentzen baditu, edo ahal nahikorik gabe bere izenean eta ordezkaritzan egindako jarduketa guztiak berresten baditu.

BIGARREN ATALA

PROZEDURA EKONOMIKO-ADMINISTRATIBO OROKORRA

239. artikulua. Arau orokorrak

1. Prozedura ekonomiko-administratiboa doakoa izango da. Alabaina, erreklamazioa edo errekurtsoa ezezten bada eta organo ekonomiko-administratiboak ausarkeria edo fede txarra nabaritzen badu, erreklamatzaileari prozeduraren kostuak ordaintzeko eskatu ahal izango zaio, araubidez zehaztutako irizpideen arabera.

2. Prozedura ekonomiko-administratiboa kapitulu honetan aurreikusitako xedapenen eta berau garatzeko ematen diren xedapen arau-emaileen arabera arautuko da.

240. artikulua. Prozedura hastea

1. Administrazioarekiko diru-erreklamazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, inpugnatu den egintzaren jakinarazpena egin eta biharamunetik zenbatzen hasita edo atxikipena zein konturako sarrera egin dela edo egin gabe utzi dela, erreklamazioaren zio den jasanarazpena edo ordezko eta zergadunaren arteko harremanetik eratorritako ordezkapena agertzen diren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Horiek guztiak behar bezala ager¬tzeko, Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboari zuzenduriko idazkia aurkeztuko da. Administrazioaren isiltasunaren ondoreak gertatzen diren unetik aurrera ere jarri ahal izango da administrazioarekiko diru-erreklamazioa.

Enpresaburu eta profesionalek fakturak egin eta emateko duten betebeharrari buruzko erreklamazioen kasuan, betebehar hori betetzeko errekerimendu formala egiten denetik hilabete igarotakoan hasiko da zenbatzen aurreko paragrafoan aipatzen den epea.

Aldian-aldian mugaeguneratzen diren eta taldeka jakinarazi behar diren zorrak direnean, erreklamazioa ordainketa egiteko borondatezko aldian jarri ahal izango da, edo hilabeteko epean, aipatu aldia amaitu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2. Prozedura, idazki baten bidez hasi beharko da; honen helburua zera eskatzea izan ahal izango da: erreklamazioa jarritzat edukitzea, erreklamatzailea, erreklamatu den egintza edo jarduketa eta jakinarazpenak egiteko egoitza identifikatuz. Era berean, erreklamatzaileak bere eskubidea oinarritzen duten alegazioak ere aurkeztu ahal izango ditu.

Atxikipen, konturako sarrera, jasanarazpen, faktura egin eta emateko betebehar eta ordezkoaren eta zergadunaren arteko harremanei buruzko erreklamazioetan, errekurritutako pertsona identifikatzeko datuak eta haren egoitza ere jarri beharko dira idazkian. Horrez gain, erreklamatzaileak eskura dituen edo erregistro publikoetan dauden aurrekari guztiak erantsi beharko ditu.

241. artikulua. Izapidetzea

1. Prozedura ofizioz egingo da, ezarritako epeak errespetatuz. Halaber, ez da beharrezkoa izango beronen amaiera noiz izango den adieraztea.

2. Auzitegiak, kasua jaso ostean eta, hala dagokionean, espedientea burutu ondoren, erreklamazioan bertaratu diren baina tarteratze-idazkian alegaziorik aurkeztu ez duten edo alegaziorik aurkeztuz gero izapide honetarako berariazko eskabidearekin egin dituzten interesdunei jakinaraziko die hilabeteko epea izango dutela alegazioen idazkia eta bidezko frogak aurkezteko.

3. Atxikipen, konturako sarrera, jasanarazpen, faktura egin edo emateko betebehar eta ordezkariaren edo zergadunaren arteko harremanei buruzko erreklamazioen kasuan, Auzitegiak errekurritua izan den pertsonari jakinaraziko dio erreklamazioa jarri zaiola, bertaratu dadin; horretarako pertsonatzeko-idazkia bidaliko dio. Honek eskura dituen edo erregistro publikoetan dauden aurrekari guztiak aurkeztu beharko ditu.

4. Auzitegiak, era berean, inpugnatu den egintza eman zuen organoari txostena eskatu ahal izango dio, beharrezkoak diren arazoak argitzeko. Horretarako, txostenaren berri eman beharko dio erreklamatzaileari, honek dagozkion alegazioak aurkeztuko aukera emanez.

5. Artikulu honetako aurreko idatz-zatietan aipatzen diren izapideak alde batera utzi ahal izango dira baldin eta erreklamazioa jartzeko idazkian dauden alegazioen bitartez edo interesdunak erantsitako agirien bitartez egiaztaturik geratzen badira ebazpena emateko behar diren datu guztiak, edo datuok egiazkotzat eman ahal badira, edo argi ikusten bada erreklamazioa ez onartzeko arrazoiren bat badagoela.

6. Araubidez araupetuko da frogei buruzko erregimena.

7. Era berean, araubidez zehaztu ahal izango dira erreklamazioa jartzeko unean errekurtsogileari espedientearen berri emateko kasuak.

242. artikulua. Bide ekonomiko-administratiboko berrikuspenaren hedapena

1. Administrazioarekiko diru-erreklamazioen bidez, espedientean eskaintzen diren egitatezko zein zuzenbideko arazo guztien berri ematen zaio Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboari, honek ebatzi ditzan; berdin izango da interesdunek azaldu dituzten. Hala ere, ezin izango da, inola ere, erreklamatzailearen jatorrizko egoera txartu.

2. Auzitegiak interesdunek planteatu ez dituzten arazoak aztertu eta ebaztea erabakitzen badu, beraiei jakinaraziko die alegazioak egin ditzaten.

243. artikulua. Prozedura amaitzea

1. Prozedura honako kasuetan amaituko da: erreklamazioak oinarritzat duen eskubideari uko egiten zaionean, eskaera edo auzialdia bertan behera uzten denean, berau iraungitzen denean, auzia prozesutik kanpo konpontzen denean, eta ebazpena ematen denean.

2. Erreklamatzaileak uko egiten badu edo atzera egiten badu, eskaera iraungitzen bada edo prozesutik kanpo konpontzen bada, Auzitegiak jarduketak artxibatzeko erabakia hartuko du, horretarako bidezko arrazoiak emanez.

Jarduketak artxibatzeko erabakia foru arau honetako 244. artikuluko 6. idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz berrikusi ahal izango da.

244. artikulua. Ebazpena

1. Auzitegiak ezingo du ebatzi gabe utzi bere ezagutzapean dagoen erreklamaziorik, arrazoizko susmorik aurkeztu barik edo lege-manuetan gabeziaren bat dagoela adierazi barik.

2. Ematen diren ebazpenetan, oinarritzat hartu diren egitatezko aurrekariak eta Zuzenbideko oinarriak jaso beharko dira, eta horien arabera espedientean agertzen diren auzi guztiak erabakiko dira, interesdunak aurkeztutakoak izan zein ez.

3. Ebazpena baietsi, ezetsi edo onartezin deklaratu daiteke. Ebazpena baietsiz gero, inpugnatutako egintza osorik edo zati batean deuseztatu ahal izango da, funtsezko oinarriak edo formazko okerrak direla medio.

Ebazpenean erreklamatzailea babesteko aukerak murrizten dituen formazko akatsen bat antzematen bada, egintza deuseztatu egingo da akatsa duen zatian, eta jarduketetan atzera egiteko aginduko da, formazko okerra gertatu zen unera itzultzeko.

4. Ebazpena onartezina izango da jarraiko kasu hauetan:

a) Bide ekonomiko-administratiboko erreklamazio edo errekurtsorik ezin jarri zaien egintzak edo ebazpenak inpugnatzen direnean.

b) Erreklamazioa epez kanpo aurkezten denean.

c) Erreklamazioa zein egintza edo jarduketaren aurka jartzen den adierazten ez denean.

d) Erreklamazioa jartzeko idazkian ageri den eskaerak errekurritu den egintza edo jarduketarekin zerikusirik ez duenean.

e) Legitimazio edo ordezkaritza akatsak daudenean.

f) Erreklamazioa jarri zaion egintzaren oinarri bakarra beste egintza irmo eta onartu bat denean; lehenagoko egintza irmo eta behin betikoen berdinak diren egintzak errekurritzen direnean; onartutako beste egintza batzuk berresten dituzten egintzak errekurri¬tzen direnean; eta gauza epaitua dagoenean.

5. Ematen den ebazpenak eragin osoa izango du erreklamazioa jakinarazi zaien interesdun guztiengan.

6. Emandako ebazpenaren aurka deuseztatzeko errekur¬tsoa aurkeztu ahal izango da Auzitegian, hilabeteko epean, baina bakarrik honako kasuetan:

a) Erreklamazioa onartezintzat jotzeko erabakia behar ez bezala ematen denean.

b) Behar bezala aurkeztutako alegazioak eta frogak existitzen ez direla adierazten denean.

c) Ebazpenaren inkongruentzia osoa eta nabaria dagoela alegatzen denean.

Aurreko artikuluan aipatzen den jarduketak artxibatzeko erabakiaren aurka ere jarri ahal izango da deusezta¬tzeko errekurtsoa.

Errekurtso-idazkian alegazioak jasoko dira eta bidezko frogak erantsiko dira. Auzitegiak hilabeteko epean ebatziko du, beste izapiderik gabe; horrela egin ezean errekur¬tsoa ezetsitzat joko da.

7. Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboak behin eta berriz ezartzen duen doktrinak gainontzeko Zerga Administrazioak lotetsiko ditu.

245. artikulua. Ebazteko epea

1. Prozeduraren gehieneko iraupena urtebete izango da erreklamazioa aurkezten denetik. Epealdi hori amaitutakoan interesatuak gaitz iritzitzat jo dezake erreklamazioa eta bidezko errekurtsoa jarri.

Nolanahi ere, auzitegiak berariazko ebazpena eman behar du. Berariazko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasiko dira zenbatzen errekurtsoak aurkezteko epealdiak.

Idatz-zati honetako lehenengo paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, auzitegiak uste badu aurkaratutako egintzak beste eremu edo jurisdikzioren bateko prozedura batean emango den ebazpen baten eraginpean gerta daitezkeela, jarduketak gelditzeko agindu dezake, arrazoiak azalduta eta interesatuak esateko duena entzun ondoren. Hala gertatuz gero, ebazpena emateko epealdiaren konputua haiek amaitu arte etengo da, bai eta foru arau honetako 67. artikuluan aipatutako preskripzioaldia ere.

2. Urte bat igaro bada eta oraindik ez bada berariazko ebazpenik eman, berandutza-interesaren sortzapena gelditu egingo da, foru arau honetako 26. artikuluko 9. idatz-zatian ezarritako baldintzen arabera.

246. artikulua. Berrikuspenerako aparteko errekurtsoa

1. Interesdunek berrikuspenerako aparteko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Zerga Administrazioaren egin¬tza irmoen aurka eta ebazpen ekonomiko-administratiboen aurka, honako inguruabarren bat ematen denean:

a) Gaia erabakitzeko funtsezkoak diren agiriak ager¬tzen direnean. Agiri horiek errekurritu den egintza edo ebazpena baino geroagokoak izango dira, edo, bestela, haien garaian ezin aurkeztu izan zirenak; nolanahi ere, okerren bat dagoela agertuko dute.

b) Egintza edo ebazpena ematean, hori baino lehen edo geroago adierazi den epai irmo bidez faltsutzat jo diren agiriek edo lekukotasunek funtsezko eragina izan dutenean.

c) Prebarikazio, eroskeria, indarkeria, iruzurrezko azpikeria edo zigortzeko moduko beste jokabideren baten ondorioz emana denean egintza edo ebazpena, eta epai irmo baten bidez horrela adierazten denean.

2. Errekurtso hau aurkezteko legitimatuta egongo dira interesdunak eta Ogasuneko zuzendari nagusia.

3. Errekurtsoa hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, agirien berri dagoenetik edo epaia irmo bihurtzen denetik zenbatzen hasita.

4. Errekurtso hau ebazteko, foru arau honetako 245. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoa aplikatuko da.

HIRUGARREN ATALA

ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZI-ERREKURTSOA

247. artikulua. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa

Bide ekonomiko-administratiboa agortzen duten ebazpenen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, jurisdikzio-organo eskudunari zuzenduta.

XEDAPEN ERANTSIAK

Lehenengo xedapen gehigarria. Ordainarazpen parafiskalak

Ordainarazpen parafiskalek zergen izaera bera dute eta foru arau honi lotu behar zaizkio, berariazko araudirik ezean.

Bigarren xedapen gehigarria. Zentsu-aitorpenak

1. Zentsu-aitorpenak Bizkaiko Foru Aldundiari aurkeztu behar dizkiote enpresa-jarduerak edo lanbide-jarduerak Bizkaian gauzatzen dituzten edo gauzatuko dituzten per¬tsonek edo erakundeek, bai eta atxikipena egitea dakarten etekinak lortzen dituztenek ere; baldin eta euron egoitza fiskala Bizkaiko Lurralde Historikoan badute edo, ez eduki arren, Aldundiari ondoko aitorpenetako bat aurkeztu behar diotenek:

- Atxikipenen eta konturako sarreren aitorpena.

- Sozietateen gaineko Zergaren aitorpen-likidazioa.

- Balio Erantsiaren gaineko Zergaren aitorpen-likidazioa.

- Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren aitorpen-likidazioa.

Betebehar bera izango dute egoitza fiskala Bizkaia Lurralde Historikoan duten errenta-eratxikipenaren araubideko erakundeetako (nortasun juridikoa izan zein ez izan) kideek, baldin eta jarduera egoitza fiskala Bizkaitik kanpo duen erakunde baten bidez egiten badute.

2. Esportatzaileen eta merkataritzako araubideko beste eragile ekonomiko batzuen erregistroan Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauko 116. artikuluan araupetutako itzulketarako eskubidea duten enpresaburuak eta profesionalak sartuko dira.

3. Zerga Administrazioa, Zergadunen Zentsuarekin batera, Batasunaren barruko eragileen zentsuaz arduratuko da. Zentsu horretan, alta emango dute batasunaren barruan ondasunen gaineko emateak eta eskurapenak egiten dituzten eta arauz ezarritako baldintzen arabera zerbitzuak ematen dituzten Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasiboek.

4. Araudi bidez zehaztuko dira zentsu-aitorpenen edukia, forma eta beraiek aurkezteko epea.

Hirugarren xedapen gehigarria. Identifikazio fiskaleko zenbakia

1. Pertsona fisiko zein juridiko orok, bai eta foru arau honetako 34. artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen diren nortasunik gabeko erakundeek ere, identifikazio fiskalerako zenbaki bat edukiko dute zergen arloan dituzten harremanetarako.

Identifikazio fiskaleko zenbaki hau Zerga Administrazioak emango du, ofizioz edo interesdunak eskatuta.

2. Arau bidez zehaztuko dira esleipenaren eta errebokazioaren prozedura, identifikazio fiskaleko zenbakiaren osaera eta zergen arloko harremanetan hura erabiltzeko modua.

Era berean, araubidez, kreditu-erakundeek identifikazio fiskaleko zenbakiari dagokionez bete behar izango dituzten informazioa emateko betebeharrak ezarri ahal izango dira.

3. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean pertsona juridikoei edo entitateei emaniko identifikazio fiskaleko zenbakia baliogabetu egin dela, kasuan kasuko erakundearen arabera, horri dagokion erregistro publikoak albo ohar bat egingo du baliogabetzea jaso duen erakundeaz duen orrian. Ohar horretan jasoko da aurrerantzean ezingo dela erakunde horri eragiten dion inolako inskripziorik egin, ez bada zenbaki hori birgaitzen edo ez bazaio erakunde horri beste identifikazio fiskaleko zenbaki bat ematen.

Halaber, horren ondorioz, kreditu-erakundeek ez dute kargurik edo ordainketarik egingo identifikazio fiskaleko zenbakia baliogabetu zaien pertsona juridikoek edo izaerarik gabeko erakundeek dituzten kontu edo gordailuetan. Hala izango da, zenbaki hori birgaitu arte edo pertsona juridiko zein erakunde horri beste identifikazio fiskaleko zenbaki bat eman arte.

Atal honetan xedatutakoa gorabehera, erakundeak bete gabe dituen zerga-eginbeharrak bete beharko ditu, eta, horretarako, baliogabetutako identifikazio fiskaleko zenbakia erabiliko da behin-behinean.

Laugarren xedapen gehigarria. Prozedura konkurtsalak

Foru arau honetan xedatutakoa, indarrean dagoen konkurtsoei buruzko legerian aurreikusitakoari kalterik egin gabe aplikatuko da.

Bosgarren xedapen gehigarria. Informazioa eman beharrari buruzko eskumenak

Ohorerako, norbanakoaren eta familiaren intimitaterako, eta norberaren irudirako eskubideen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoko 8. artikuluko 1. idatz-zatiaren arabera, Ogasun eta Finan¬tza Saileko foru diputatuak, Ogasuneko zuzendari nagusiak edo toki-entitateen gobernu-organoek izango dute horretarako eskumena.

Seigarren xedapen gehigarria. Herri Ogasunaren aurkako delituaren ziozko erantzukizun zibilaren ordainarazpena

1. Herri Ogasunaren aurkako delituengatiko prozeduretan, ordaindu ez den zerga-zorraren zenbateko osoa (berandutza-interesak barne) erantzukizun zibilaren barruan sartuko da, eta premiamenduzko administrazio-prozeduraren bidez eskatuko da ordainketa.

2. Behin epaia irmoa denean, hura betearazi behar duen epaileak edo auzitegiak lekukotasuna bidaliko die Zerga Administrazioko organoei eta zorra ordainaraz dadila aginduko du. Modu berean jardungo da epaileak edo auzitegiak errekurritutako epai baten behin-behineko betearazpena bidezkoa izatea erabakitzen duenean.

3. Zigor Kodeko 125. artikuluarekin bat etorriz erantzukizun zibilaren ordainketa zatikatzea erabakitzen denean, epaileak edo auzitegiak Zerga Administrazioari jakinaraziko dio. Kasu honetan, premiamendu-prozedura hasiko da delituaren erantzule zibilak zatikatzeko baldintzak betetzen ez baditu.

4. Zerga Administrazioak epaia eman duen epaileari edo auzitegiari izapidearen berri emango dio; baita, hala badagokio, agindutako betearazpenari buruzko gorabeheren berri ere.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ofizioz egindako itzulketa

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen abenduaren 21eko 10/1998 Foru Arauko 4. artikulua aldatu da eta honela geratu da:

"4. Itzulketa egiteko epea igaro bada eta oraindik, Zerga Administrazioari egozteko moduko arrazoiren bat dela medio, erabakirik hartu ez bada, itzuli beharreko zenbatekoari Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 26. artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen den berandutza-interesa aplikatuko zaio, epe hori amaitu den egunaren biharamunetik itzulketa jasotzeko eskubidea aitortzen dela jaso¬tzen duen erabakia hartzen den egunera arte. Zergadunak ez du hala eskatu beharrik izango."

Zortzigarren xedapen gehigarria. Sozietateen gaineko Zergan ofizioz egindako itzulketa

Sozietateen gaineko Zerga arautzen duen ekainaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 132. artikuluko 3. idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:

"3. Artikulu honetako 1. idatz-zatian ezartzen den epea igaro bada eta oraindik, Zerga Administrazioari egozteko moduko arrazoiren bat dela medio, itzulketa egiteko erabakirik hartu ez bada, itzuli beharreko zenbatekoari Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 26. artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen den berandutza-interesa aplikatuko zaio, epe hori amaitu den egunaren biharamunetik itzulketa jasotzeko eskubidea aitortzen dela jasotzen duen erabakia hartzen den egunera arte. Zergadunak ez du hala eskatu beharrik izango."

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Balio Erantsiaren gaineko Zergan ofizioz egindako itzulketa

Balio Erantsiaren gaineko Zerga arautzen duen azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauko 115. artikuluko Hiru puntua aldatu da eta honela geratu da:

"Hiru. Artikulu honetan eta hurrengoan aipatutako kasuetan, Administrazioak, hala denean, behin-behineko likidazioa egingo du zerga-zorraren itzulketa eskatzen den aitorpen-likidazioa aurkezteko ezarritako epea bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan. Hala ere, aitorpen-likidazioa aurkezpen-epe horretatik kanpo aurkezten bada, aurkezten denetik hasita zenbatuko dira sei hilabeteak.

Aitorpen-likidaziotik edo, hala denean, behin-behineko likidaziotik itzultzeko kopurua ateratzen denean, Zerga Administrazioak ofizioz itzuliko du kopuru hori. Hala ere, gero egin ahal izango dira bidezko diren likidazioak, behin-behinekoak edo behin-betikoak.

Behin-behineko likidazioa idatz-zati honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epean egin ezean, Zerga Administrazioak ofizioz itzuliko du eskatutako kopuruaren zenbateko osoa. Hala ere, gero egin ahal izango dira bidezko gertatzen diren likidazioak, behin-behinekoak edo behin-betikoak.

Idatz-zati honetako lehenengo paragrafoan ezar¬tzen den epea igaro bada eta oraindik, Zerga Administrazioari egozteko moduko arrazoiren bat dela medio, itzulketa egiteko erabakirik hartu ez bada, itzuli beharreko zenbatekoari Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 26. artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen den berandutza-interesa aplikatuko zaio, epe hori amaitu den egunaren biharamunetik itzulketa jasotzeko eskubidea aitortzen dela jaso¬tzen duen erabakia hartzen den egunera arte. Zergadunak ez du hala eskatu beharrik izango.

Arauz zehaztuko dira idatz-zati honetan aipatutako ofiziozko itzulketako ordainketaren prozedura eta era."

Hamargarren xedapen gehigarria

7893/99 zenbakidun kasazio-errekurtsoaren gain emandako epaiak, nolanahi ere, ondorenak sortarazi baino lehen amaitutako zergaldiei dagozkienetan, Sozietateen gaineko Zerga sortzen den egunean indarrean den arautegian ezarritakoa aplikatuko da.

Hamaikagarren xedapen gehigarria. Perituaren tasazio kontrajarria Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan

Ekainaren 22ko 3/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsi zen Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga araupetzen duen otsailaren 15eko 2/1989 Foru Arauko 17. artikuluko 6. idatz-zatian paragrafo bat gehituko da, hain zuzen:

"6. Interesdunek perituaren tasazio kontrajarria gauzatzea sustatu ahal izango dute.

Perituak ondasun eta eskubideen balioaren gainean ados ez badaude eta Administrazioko perituaren tasazioak interesdunaren perituak egindakoarekin erkatuta gehienez %10eko aldea badu, zerga-oinarria zehazteko Administrazioko perituak egindako tasazioari emango zaio lehentasuna. Administrazioko perituak egindako tasazioa aipatu muga gainditzen badu, organo eskudunak hirugarren peritu bat izendatuko du."

Hamabigarren xedapen gehigarria. Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Erakundeen Hautapenari, Antolaketari, Araubideari eta Jardunbideari buruzko uztailaren 13ko 3/1987 Foru Arauaren aldaketa

Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Erakundeen Hautapenari, Antolaketari, Araubideari eta Jardunbideari buruzko uztailaren 13ko 3/1987 Foru Arauko 11. artikuluari 9. idatz-zatia gehitu zaio; hona testua:

"9. Aurreko idatz-zatietan ezarritako eskuordetza-kasuetan ez ezik, Foru Aldundiak ondoko kasuan ere eman ahal izango ditu zergei buruzko foru dekretu arauemaileak: helburu bakarra Bizkaiko Lurralde Historikoko legeria egokitzea denean, baldin eta Kontzertu Ekonomikoan xedatutakoaren arabera Lurralde Historikoan araubide erkideko lurraldean dauden funtsezko eta erazko arau berberek izan behar dira aginduzko.

Era berean, Foru Aldundiak, Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuak proposaturik, premiazko arrazoiak direla medio eman ahal izango ditu foru dekretu arauemaileak, zergei buruzko arauren bat ezarri edo egokitu behar bada.

Batzar Nagusiei idatz-zati honetan aipatutako foru dekretu arauemaileen onespenaren berri eman behar zaie, berrets ditzaten."

Hamahirugarren xedapen gehigarria. Bizkaiko Foru Administrazioaren tasa, prezio publiko eta gainontzeko zerga-baliabideei buruzko ekainaren 26ko 4/1990 Foru Arauaren aldaketa

Bizkaiko Foru Administrazioaren tasa, prezio publiko eta gainon¬tzeko zerga-baliabideei buruzko ekainaren 26ko 4/1990 Foru Arauko 7. artikulua aldatu da eta honela geratu da:

"7. artikulua. Tasaren kontzeptua.

Tasak tributuak dira eta beraien zerga-egitateak hauexek dira: herri jabariaren bakarreko erabilera edo aprobetxamendu berezia egitea eta zerbi¬tzuak ematea edo jarduerak egitea zuzenbide publikoko erregimenean, hain zuzen ere zergadunei dagozkienak, haiek ukitzen dituztenak edo haiei onura ekartzen dietenak, baldin eta zerbitzu edo jarduera hauek ez badituzte zergadunek eskatzen edo ez badituzte euren borondatez jasotzen eta ez badituzte egiten sektore pribatukoek.

Zerbitzuak edo jarduerak zuzenbide publikoko araubidean eman edo egin direla ulertuko da administrazio-legerian zerbitzu publikoa kudea¬tzeko ezarritako moduetako baten bidez burutzen direnean eta horien titularra ente publikoa denean."

Hamalaugarren xedapen gehigarria. Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekainaren 26ko 3/1996 Foru Arauaren aldaketa

1. Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekinaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 53. artikuluko 7. idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:

"7. Erregimen honetako ontzi bat eskualdatuta sortzen den errenta positiboa edo negatiboa aurreko 1. idatz-zatian ezarritakoa aplikatuta kalkulatutako zerga-oinarrian integratutzat joko da.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, erakunde batek erregimen hau hautatzen badu Sozietateen gaineko Zergaren erregimen orokorrean ordaindu ondoren, erregimena aplikatzen zaion lehenengo ekitaldian erreserba baliaezin bat eratu behar du erregimen bereziari heldu dionean titular izan den ontzi bakoitzeko, hain zuzen ere haren merkatuko balio arruntaren eta kontabilitateko balio garbiaren arteko diferentzia positiboaren bestekoa, edo bestela titulartasunari eusten dion ekitaldi guztietan ontzi bakoitzaren balio bi horien arteko diferentzia zehaztu beharko du urteko kontuen memorian. Gauza bera egin behar da erregimena aplikatzen hasi ondoren eskuratzen diren ontzi erabiliekin, baina hauen kasuan erreserbaren kopurua ontziaren eskuraketa-balioaren eta merkatuko balioaren arteko diferentzia positiboa izan behar da.

Halaber, foru arau honetako VIII. tituluko X. kapituluko erregimen berezia aplikatu den eragiketa baten bidez eskuratutako ontzien kasuan, kontabilitateko balio garbia erakunde eskualdatzailearen kontabilitatean ageri den eskuraketa-balioa oinarritzat hartuta kalkulatuko da.

Erreserba baliatzea edo memorian aipamena egin beharra ez bete¬tzea zergen arloko arau-haustea izango da eta zehapena ekarriko da: aipatutako diferen¬tziaren %5eko isuna.

Aurreko paragrafoaren arabera ezarritako zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Erreserba hau ez da zergapetuko, berari dagokion ontzia aurreko 2. idatz-zatian adierazitako jarduerei ez beste bati atxiki edo besterendu ezean."

2. Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekinaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 70. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:

"2. Betekizun hau ez betetzea zergen arloko arau-haustea izango da. Zehapena 3.000 euroko isun finkoa izango da betekizuna betetzen ez den zergaldi bakoitzeko, baldin eta horren inguruko administrazio-errekerimendurik izan ez bada. Administrazioak errekerimendua egin badu, 6.000 euroko zehapena ezarriko da errekimenduaren ondoren betekizuna betetzen ez den zergaldi bakoitzeko.

Arau-hauste honen erantzule subsidiarioak izango dira sozietatearen administratzaileak, aurreko idatz-zatian ezarritakoa behar bezala bete¬tzeko neurriak berariaz proposatzen dituztenak salbu, nahiz eta gainontzeko administratzaileek onartu ez.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera ezar¬tzen diren zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie."

3. Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekinaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 77. artikuluko 4. idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:

"4. Artikulu honetako 1. eta 2. idatz-zatietan aipatutako akordiorik egon ezean, ezin izango aplikatu zerga-baterakuntzaren erregimena.

Etorkizunean zerga-taldean sartu behar diren sozietateei dagozkien akordioak ez egotea erakunde nagusiaren zergen arloko arau-haustea izango da. Erregimena betekizun hau bete gabe aplikatzen den lehenengo zergaldian zehapena 1.000 euroko isun finkoa izango da eta 4.000 eurokoa bigarrenean. Zehapenak ez du eragotziko ukituriko erakundeak aipatutako taldean sartzea. Baldin eta Zerga zerga-baterakuntzaren erregimenean ordaindu behar duten lehen zergaldia amaitu eta hurrengo egunetik zenbatu beharreko bi urteko aldian artikulu honetan aipatutako akordioa lortzen ez bada, ezin aplikatu izango da erregimen hori.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera ezartzen diren zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie."

4. Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekinaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 100. artikuluko 4. idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:

"4. Aurreko idatz-zatietan ezarritako betebeharrak ez betetzea zergen arloko arau-haustea izango da. Zehapena 200 euroko isun finkoa izango da ematen ez den datu bakoitzeko eta urtero informazio hori ematen ez den lehenengo hiru urteetan, eta 1.000 eurokoa hortik aurrerako urte bakoitzeko; nolanahi ere, isunak muga izango du: erakunde eskuratzaileak eskualdatutako ondasun eta eskubideei kontabilitatean ezarritako balioaren %5.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera ezar¬tzen diren zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie."

5. Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekinaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 128. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:

"2. Aurreko idatz-zatian ezarritako betebeharra ez betetzea zergen arloko arau-haustea izango da.

Arau-hauste hori behin bakarrik zehatuko da eta birbalorazio-zenbatekoaren %5eko isuna ezarriko da. Ordainketak ez du ekarriko diru kopuru hori Zergari dagokionez birbalorizatutako ondare-elementuaren balioari gehitzea.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera ezar¬tzen diren zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie."

Hamabosgarren xedapen gehigarria. Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko apirilaren 15eko 5/1999 Foru Arauaren aldaketa

Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko apirilaren 15eko 5/1999 Foru Arauko 9. artikuluko 3. idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:

"3. 1. idatz-zatian aipatutako betebeharrak ez betetzea zergen arloko arau-haustea izango da eta 6.000 euroko isunarekin zehatuko da.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera ezartzen diren zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie."

Hamaseigarren xedapen gehigarria. Ondarearen gaineko Zergari buruzko abenduaren 17ko 11/1991 Foru Arauaren aldaketa

Ondarearen gaineko Zergari buruzko abenduaren 17ko 11/1991 Foru Arauko 6. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatiak aldatu dira eta honela geratu dira:

"1. Espainiako lurraldeko egoiliar ez diren subjektu pasiboek, aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko b) letran aipatutakoek, establezimendu iraunkorraren bitartez badihardute edo Espainiako lurraldean duten ondarearen kopuru eta izaera kontuan hartuta Zerga Administrazioak eskatzen badie, Espainiako egoiliar den per¬tsona fisiko edo juridiko bat izendatu beharko dute euren ordezkaria izan dadin zerga honekiko betebeharretan Zerga Administrazioaren aurrean. Izendapen hori (behar bezala egiaztatuta) jakinarazi ere egin beharko dute, zergaren aitorpena egiteko epea bukatu aurretik.

2. Lehenengo idatz-zatian aipatutako betebeharrak ez betetzea zergen arloko arau-hastea izango da eta isun finkoarekin zehatuko da: 6.000 euro, ordezkaria izendatu ez bada, edo 3.000 euro, ordezkaria izendatu arren Zerga Administrazioari jakinarazi ez bazaio.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera ezar¬tzen diren zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie."

Hamazazpigarren xedapen gehigarria. Ekainaren 22ko 3/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bitartez onetsitako Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko otsailaren 15eko 2/1989 Foru Arauaren Testu Bateginaren aldaketa

Ekainaren 22ko 3/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bitartez one¬tsitako Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko otsailaren 15eko 2/1989 Foru Arauaren Testu Bategineko 41. artikulua aldatu da eta honela geratu da:

"41. artikulua. Zehatzeko erregimena.

1. Artikulu honetako hurrengo idatz-zatietan xedatutakoa eragotzi gabe, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren arau-hausteak Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean xedatutakoaren arabera zehatuko dira.

2. Salbuetsitako eskuraketetako ondasunen edo eskubideen aitorpenak eta autolikidazioak epez kanpo aurkezteagatik eta 19. artikuluan xedatutakoaren araberako txikipenak zerga-oinarriaren bestekoak edo gehiago izateagatik 9.000 euroko isun finkoa ezarriko da subjektu pasibo bakoitzeko.

3. Alkar-poderoso edo testamentu-ahalaren bidez gauzatzen diren jaraunspenen komisarioek foru arau honetako 32. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako betebeharrak berariaz ezarritako epean betetzen ez badituzte, hori zergen arloko arau-haustetzat joko da eta zehapena ezarriko da ondoko erregela hauen arabera:

a) Jaraunspeneko ondasunen inbentarioa edo testamentu-ahalaren frogagiria ez aurkezteagatik 600 euroko isun finkoa ezarriko da.

b) Testamentu-ahala erabili dela edo hura iraungitzeko kausetako bat gertatu dela ez jakinarazteagatik 9.000 euroko isun finkoa ezarriko da.

4. Artikulu honetako 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoaren arabera ezartzen diren zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie."

Hemezortzigarren xedapen gehigarria. Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko ekainaren 30eko 9/1989 Foru Arauaren aldaketa

Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko ekinaren 30eko 9/1989 Foru Arauko 23. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:

"Bi. Aurreko idatz-zatian aipatutako aitorpena ez aurkeztea, edo ezarritako epez kanpo aurkeztea, zergen arloko arau-haustea izango da eta 3.000 euroko isun finkoarekin zehatuko da.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera ezar¬tzen diren zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie."

Hemeretzigarren xedapen gehigarria. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauaren aldaketa

1. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 7ko 9/1994 Foru Arauko 170. artikuluko bigarren idatz-zatia aldatu da eta honela geratu da:

"Bi. Zergen arloko arau-hausteak izango dira:

1. Baliokidetasun-errekarguko erregimen berezian dauden subjektu pasiboek ondasunak eskuratzea fakturetan baliokidetasun-errekargua berariaz agertu gabe; horretatik salbu daude horren guztiaren berri Administrazioari arauz ezarrita dagoen bezala ematen dioten eskuratzaileak.

2. Erruzko edo doluzko ekintza edo omisio baten bidez Zerga oker jasanaraztea lortzea, baldin eta haren jasotzaileak ez badu jasandako kuotak oso-osorik kentzeko eskubidea.

Arau-hausleak izango dira aipatutako eragiketen jasotzaile diren pertsona zein erakundeak, baldin eta aurreko paragrafoan aipatutako ekintza edo omisioen erantzuleak badira.

3. Zergaren subjektu pasibo ez diren pertsonek sartu gabeko zerga-kuotak fakturan bidegabe jasanaraztea.

4. Zergaldi bateko autolikidazioan ez kontsignatzea eragiketen jasotzailea subjektu pasibo izan den kopuruak, foru arau honetako 84. artikuluko edo 85. artikuluko lehen idatz-zatiko 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoaren arabera."

2. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauko 171. artikulua aldatu da eta honela geratu da:

"171. artikulua. Zehapenak.

Bat. Aurreko artikuluko bigarren idatz-zatiko arau-hausteak ondoko arauen arabera zehatuko dira:

1. Bigarren idatz-zatiko 1. zenbakian aipatutako arau-hausteengatik jasanarazi beharreko baliokidetasun-errekarguren %50eko isun proportzionala ezarriko da; isuna 30 eurokoa izango da, gutxienez, baliokidetasun-errekargua jasanarazi gabe egiten den eskuraketa bakoitzeko.

2. Bigarren idatz-zatiko 2. zenbakian ezarritakoengatik bidegabe lortutako mozkinaren %5eko isuna proportzionala ezarriko da.

3. Bigarren idatz-zatiko 3. zenbakian ezarritakoengatik bidegabe jasanarazitako kuoten %100eko isun proportzionala ezarriko da; gutxienezko zenbatekoa 300 euro izango da arau-haustea gertatzen den faktura edo ordezko agiri bakoitzeko.

4. Bigarren idatz-zatiko 4. zenbakian ezarritakoengatik autolikidazioan kontsignatu ez diren eragiketen kuotaren %10eko isun proportzionala ezarriko da.

Bi. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko 4. arauan xedatutakoaren arabera ezartzen diren zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 192. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Hiru. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko lehen hiru arauetan xedatutakoaren arabera ezartzen diren zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Lau. Zerga-onurak lortzeko eskubidearen galera dakarren zehapena ez zaie aplikatuko foru arau honetan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko gainontzekoetan ezarritako salbuespenei."

Hogeigarren xedapen gehigarria. Zerga berezien arloko arau-hausteak eta zehapenak

Bat. Arau orokorrak.

1. Fabrikazioaren inguruko zerga berezien arloko arau-hausteen eta zehapenen erregimena Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean eta zerga berezi bakoitzerako xedapen gehigarri honetan ezarritako arau berezietan ezarri da.

Bereziki, xedapen gehigarri honetan finkatutakoaren arabera ezar¬tzen diren zehapenak zergadunaren zerga-egoeraren aurretiazko erregularizazioaren ondoriozkoak direnean, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 192. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Gainontzeko kasuetan, zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

2. Horrez gainera, xedapen gehigarri honetan aipatutako zergen arloko arau-hausteengatik (idatz-zati honetako 4. zenbakikoa salbu) ondoko zehapenak ezarri ahal izango dira:

a) Arau-hausleak titular diren establezimenduak aldi baterako, sei hilabeterako, ixtea (Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuak erabaki behar du) edo behin betiko ixtea (erabaki hau Bizkaiko Foru Aldundiak hartu behar du). Establezimendu bat behin betiko ixtea erabaki daiteke aurreko bi urteetan arau-hausleari establezimendua aldi baterako ixtea ekarri duen zehapena ezarri bazaio administrazio-bideko ebazpen irmo bidez zergen arloko arau-hauste batengatik.

b) Arau-haustea salmenta automatikorako aparatuen bidez egiten bada, haiek sei hilabetez prezintatzea edota behin betiko inkautatzea. Salmenta automatikorako aparatu bat behin betiko inkautatzea erabaki daiteke aurreko bi urteetan arau-hausleari hura prezintatzea ekarri duen zehapena ezarri bazaio administrazio-bideko ebazpen irmo bidez aparatu horrekin zergen arloko arau-hauste bat egiteagatik.

Letra honetan aipatutako zehapenak ezartzeko, arau-hausletzat hartuko dira bai salmenta automatikorako aparatuaren titularra bai hura jarrita dagoen establezimenduaren titularra.

Ondoko c) letran ezarritako kasuetan salbu, zehapen hauek zehapen nagusia jartzeko eskumena izan duen organo berak ezarriko ditu.

c) Hala ere, b) letrako zehapenak aurreko a) letran ezarritakoei pilatzen zaizkienean, salmenta automatikorako aparatua behin betiko inkautatuko da, baldin eta establezimendua behin betiko ixtea erabakitzen bada. Pilaketa hau gertatzen den kasuetan, a) letran aipatutako organoek ezarriko dituzte zehapenak.

3. Hauexek dira zerga berezien arloko arau-hausteak:

a) Zerga berezien kargapeko objektuak fabrikatzea eta inportatzea indarreko arautegian ezarritako baldintzak eta betekizunak bete gabe.

b) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien kargapeko produktuak garraiatzea eta edukitzea, merkaturatzeko asmoarekin, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legeko 15. artikuluko 7. idatz-zatian ezarritakoa bete gabe.

Zenbaki honetan aipatutako arau-hausteengatik produktuen kopuruari dagokion kuotaren %100eko isuna ezarriko da; kuotak kalkulatzeko arau-haustea gertatzen denean indarrean dagoen tasa aplikatuko da.

Zergen arloko arau-hausteak behin eta berriro errepikatzen badira, zehapenen zenbatekoari %25 gehituko zaio. Arau-haustea errepikatzea izango da zenbaki honetan ezarritako debekuetako bat hausteagatik administrazio-bidean irmoa den ebazpen bidez zehapena ezarri eta hurrengo bi urteetan beste bat egitea.

Era berean, kontrol-arauren bat hausten bada, zehapenaren zenbatekoari %25 gehituko zaio.

4. Fabrikazioaren gaineko zerga berezien kargapean dauden produktuak arau bidez ezarritako agiriak falta direla zirkulatzeagatik, xedapen gehigarri honetako beste arau-hausteren bat ez bada, zehapena ezarriko da, hain zuzen ere zirkulazioan dagoen produktuaren balioaren %10eko isuna (600 euro gutxienez).

5. Zerga-markarik edo ezagutzeko markarik ez duten tabako-lanak merkataritzako helburuekin edukitzea, arau bidez marka horiek eduki beharra ezarri bada, honela zehatuko da:

a) 75 euroko isuna, arau-hausleak merkataritza helburuekin dituen markarik gabeko 1.000 zigarretako; gutxienez 600 euroko isuna arau-hauste bakoitzeko.

b) 600 euroko isuna gainontzeko tabako-lanen inguruan egindako arau-hauste bakoitzeko.

Honelako arau-hausteak behin eta berriro eginez gero, aurreko a) eta b) letretan ezarritako zehapenen zenbatekoari %50 gehituko zaio. Arau-haustea errepikatzea izango da zenbaki honetan ezarritako arau-hausteetako bat egiteagatik administrazio-bidean irmoa den ebazpen bidez zehapena ezarri eta hurrengo bi urteetan beste bat egitea.

Bi. Tarteko Produktuen gaineko Zergaren arau-hausteak eta zehapenak.

Hauexek dira zerga honen arau-hausteak:

a) Tarteko produktuen fabriketako ardoen edo hartzitutako edarien edo haietan erabilitako produktuen bolumeneko alkohol-gradua behar baino handiagoa izatea.

Zehapena isuna izango da, diferentziari, hektolitro alkohol purutan emanda, dagokion kuotaren %100eko isuna; Alkoholaren eta Edari Eratorrien gaineko Zergarako ezarritako zerga-tasa aplikatuko da.

b) Fabrikazio-prozesuan dauden tarteko produktuek, fabrikako izakinek edo handik irtendako produktuek hartutako bolumeneko alkohol-gradua behar baino txikiagoa izatea.

Zehapena isuna izango da, diferentziari, hektolitro alkohol purutan emanda, dagokion kuotaren %100eko isuna; Alkoholaren eta Edari Eratorrien gaineko Zergarako ezarritako zerga-tasa aplikatuko da.

c) Tarteko produktuen fabriketan, alkohola zein eratorritako edariak ez beste lehengaietan arauz ezarritako alkohol-portzentajeak gainditzea.

Zehapena isuna izango da, lehengaiak erabiliko ziren tarteko produktuei dagokien kuotaren %100eko isuna; kontrakoa frogatu ezean, uste izango da fabrikazioan erabiltzeko diren tarteko produktuen hartutako bolumeneko alkohol-gradua %15 baino gehiago dela.

Hiru. Alkoholaren eta Eratorritako Edarien gaineko Zergaren arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ondoren azalduko direnak zergen arloko arau-hausteak izango dira eta bakoitzari berariazko zehapena ezarriko zaio:

a) Araubidez ezarritako izapideak bete gabe edo aitortutako lanaldia bukatuta alkohola produzitzen dute aparatuak abian jartzea; arau-hauste honengatik isun hau ezarriko da: arau-haustea egiten den unean indarrean dagoen zerga-oinarria azken lan-aitorpena iraungi denetik aurkikuntza egin arte (3 hilabete gehienez) eten gabe lan eginez produzi daitekeen bolumenari (20ºC-tan dagoen hektolitro alkohol purutan adierazita) aplikatzearen emai¬tzako kuotaren %150eko isuna.

b) Alkohola sortzeko aparatu baten prezintua apurtzea, abian jar¬tzeko, edo biltegiko prezintatua apurtzea aparatua ateratzeko. Arau-hauste honengatik aurreko letraren arabera kalkulatutako kuotaren %100eko isuna ezarriko da aparatuaren prezintua apurtzen bada eta biltegiaren guztirako edukierari dagokion kuotaren %100eko isuna biltegiaren prezintua apurtzen bada. Horretatik salbu daude Administrazioari aurkikuntza egin aurretik prezintu-apurtzearen berri jakinarazten zaion kasuak.

c) Alkohol-fabriketan, lehengaiek arauz ezarritako alkohol-portzentajeak gainditzea; arau-hauste honen zehapena lehengai horiez fabrika daitekeen alkohol puruaren kopuruari dagokion kuotaren %100eko isuna ezarriko da.

d) Edari eratorriak botilaratzeko baimena duten establezimenduetan botilen 1.000ko 0,5 baino gehiagotan zerga-markarik edo ezagutzeko markarik ez egotea; arau-hauste honengatik isun hau ezarriko da: marka horiekin merkaturatuko diren edarien alkohol puruaren bolumenaren bolumenari arau-haustea gertatzen denean indarrean dagoen zerga-tasa aplikatzearen emaitzako kuoten %150eko isuna. Kalkuluak egiteko, edarien bolumeneko alkohol-gradua %40 dela suposatuko da eta baliagarri dauden ontzikirik handienak erabili direla.

2. Erabat edota partzialki desnaturalizatutako alkohola birsortzea arau-haustea da; arau-hauste honengatik isun hau ezarriko da, zerga-kuota eragotzi gabe: birsortu den alkohol bolumenari (20ºC-tan dagoen hektolitro alkohol purutan adierazita) arau-haustea deskribitzean indarrean dagoen zerga-tasa aplikatzearen emaitzakoa halako hiru den zenbatekoa. Gainera, xedapen gehigarri honetako lehen idatz-zatiko 2. zenbakian xedatutakoaren arabera, alkohola birsortu den establezimendua itxi ahal izango da. Erabat edota partzialki desnaturalizatutako alkohola birsortu dela uste izango da beraren erabilera edo destinoa frogatzen ez denean.

Lau. Hidrokarburoen gaineko Zergaren arau-hausteak eta zehapenak.

1. Zergen arloko arau-haustea da Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legeko 54. artikuluan ezarritako erabileraren inguruko debekuak eta mugak ez betetzea. Arau-hauste horien zehapenak idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera ezarriko dira; hori gorabehera, zergen arloko beste arau-hauste batzuengatik ere ezarri ahal izango dira zehapenak, xedapen gehigarri honetako lehen idatz-zatian xedatutakoaren arabera.

2. Aurreko zenbakian aipatutako arau-hausteen erantzukizuna egozteko, ondokoak hartuko diren arau-hausletzat:

a) Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legeko 46. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako hidrokarburoak baimenik gabe erregai moduan erabiltzen dituztenak.

b) Berariaz baimenduta ez dauden erregaiak erabiltzen dituzten motordun ibilgailu, ontzi eta makinarien titularrak, nahiz eta titularrak berak gidatu ez, zenbaki honetako c) letran eta hurrengo zenbakian aipatutako kasuetan salbu.

c) Aurreko letran aipatutako ibilgailuen eta ontzien errentariak, gidari edo patroi gabe erabiltzeko aloger-kontratua dagoenean, baldin eta arau-haustea kontratua burutzen denetik titularrari makineria, ibilgailua edo ontzia itzuli arteko aldian deskubritzen bada.

3. Lapurretetan, ibilgailu edo ontzien titularrei ezin izango zaizkie egotzi salaketatik berreskuratu arteko aldian deskubritutako arau-hausteak.

4. Arau-hausleei zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-haustea gauzatu duen ibilgailuaren, artefaktuaren edo on¬tziaren motorrak 10 CV arteko potentzia badu, batetik diru-zehapena, 600 euroko isun finkoa, eta bestetik diruz besteko zehapena, hain zuzen ere ibilgailua, artefaktua edo ontzia hilabete prezintatuta egotea. Prezintua jarri eta inmobilizatzea herritar guztien intereserako osoa kaltegarria bada, zehapen hori ez da ezarriko eta isun finkoa 1.200 eurokoa izango da.

b) 10 CV-tik 25 CV-ra bitarteko motorretan, diru-zehapena 1.800 euroko isun finkoa izango da eta ibilgailua, artefaktua edo ontzia bi hilabete egongo da prezintatuta eta ibilgetuta. Prezintua jarri eta inmobilizatzea herritar guztien intereserako osoa kaltegarria bada, diru-zehapena baizik ez da ezarriko, hain zuzen ere 3.600 euroko isun finkoa.

c) 25 CV-tik 50 CV-ra bitarteko motorretan, diru-zehapena 3.600 euroko isun finkoa izango da eta ibilgailua, artefaktua edo ontzia hiru hilabete egongo da prezintatuta eta ibilgetuta. Prezintua jarri eta inmobilizatzea herritar guztien intereserako osoa kaltegarria bada, diru-zehapena baizik ez da ezarriko, hain zuzen ere 7.200 euroko isun finkoa.

d) 50 CV-tik gorako motorretan, diru-zehapena 6.000 euroko isun finkoa izango da eta ibilgailua, artefaktua edo ontzia lau hilabete egongo da prezintatuta eta ibilgetuta. Prezintua jarri eta inmobilizatzea herritar guztien intereserako osoa kaltegarria bada, diru-zehapena baizik ez da ezarriko, hain zuzen ere 12.000 euroko isun finkoa.

e) Aurreko zenbakiko a) letran aipatutako kasuetan, zehapena 600 euroko isun finkoa izango da.

5. Arau-hauste hauek behin eta berriro errepikatuz gero, zehapenen zenbatekoak eta aldiak aurreko zenbakikoak halako bi izango dira.

Arau-haustea errepikatzea izango da Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legeko 54. artikuluan ezarritako debekuetako bat hausteagatik administrazio-bidean ebazpen irmoaren bidez zehapena ezarri eta hurrengo bi urteetan beste bat egitea.

Bost. Gainerako zerga berezien arloko arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legean araututako gainerako zerga berezietan, eta bereziki Garraiobide Jakin Batzuen gaineko Zerga Berezian, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean arau-hausteri eta zehapenei buruz ezarritako arauak aplikatuko dira.

Hogeita batgarren xedapen gehigarria. Aseguru Primen gaineko Zergari buruzko irailaren 16ko 2/1997 Foru Dekretu Arauemailearen aldaketa

1. Aseguru Primen gaineko Zergari buruzko irailaren 16ko 2/1997 Foru Dekretu Arauemaileko 14. artikuluaren edukia artikulu horretako 1. idatz-zatia izango da oraindik aurrera.

2. Aseguru Primen gaineko Zergari buruzko irailaren 16ko 2/1997 Foru Dekretu Arauemaileko 14. artikuluari 2. idatz-zatia gehitu zaio; hona:

"2. Lehenengo idatz-zatian aipatutako betebeharrak ez betetzea zergen arloko arau-hastea izango da eta isun finkoarekin zehatuko da: 6.000 euro, ordezkaria izendatu ez bada, edo 3.000 euro, ordezkaria izendatu arren Zerga Administrazioari jakinarazi ez bazaio.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera ezar¬tzen diren zehapenei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 193. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie."

Hogeita bigarren xedapen gehigarria. Hidrokarburo Batzuen Txikizkako Salmentaren gaineko Zergari buruzko ekainaren 28ko 6/2002 Foru Arauaren aldaketa

Hidrokarburo Batzuen Txikizkako Salmentaren gaineko Zergari buruzko ekainaren 28ko 6/2002 Foru Arauko 13. artikulua aldatu da eta honela geratu da:

"13. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honen arau-hausteak Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko IV. tituluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira; hala ere, hori gorabehera beste zehapen batzuk ere ezarri ahal izango dira foru arau honetako hogeigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera."

Hogeita hirugarren xedapen gehigarria. Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-arautegia Kontzertu Ekonomiko berrira moldatu duen otsailaren 3ko 2/2003 Foru Arauaren aldaketa

Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-arautegia Kontzertu Ekonomiko berrira moldatu duen otsailaren 3ko 2/2003 Foru Arauko xedapen gehigarria aldatu da eta honela geratu da:

"Xedapen gehigarria.

Lurralde erkiderako zerga bereziei buruz ezarritako edo ezartzen den arautegia Bizkaiko Lurralde Historikoan ere aplikatu ahal izango da ondore eta indarraldi berberekin, horretarako eskumena duten erakundeek berariaz arautzen ez duten bitartean. Estatuko arautegia maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Kontzertu Ekonomikoko 33.artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta aplikatuko da.

Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez du eragotziko Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko hogeigarren xedapen gehigarrian zerga berezien arloko arau-hausteen eta zehapenen erregimenerako ezarritako arauak aplikatzea."

Hogeita laugarren xedapen gehigarria. Paradisu fiskalaren, tributazio ezaren eta zergei buruzko informazio-trukearen definizioa.

1. Arau bidez ezartzen diren herrialde edo lurraldeek joko dira paradisu fiskaltzat.

Aurrerantzean ez dira paradisu fiskaltzat joko Espainiarekin nazioarteko zergapetze bikoitza ekiditeko hitzarmena, informazioa trukatzeko klausula duena, izenpetzen duten herrialde edo lurraldeak, edo zergei buruzko informazioa trukatzeko akordioa izenpetzen dutenak, baldin eta hitzarmen edo akordio horretan berariaz jasotzen bada berau aplikatzen hasten denetik herrialde edo lurraldeok ez direla paradisu fiskaltzat joko.

Aurreko lerroaldean aipatzen diren herrialde edo lurraldeak berriz ere paradisu fiskaltzat joko dira hitzarmen edo akordio horiek aplikatzeari uzten zaion unetik bertatik.

2. Tributazio eza dago baldin eta dagokion herrialde edo lurraldean ez bada Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Sozietateen gaineko Zergaren edo Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren, kasu bakoitzean doakionaren, berdin-berdina edo antzekoa den zergarik aplikatzen.

Xedapen honek ezartzen duenaren ondorioetarako, errenta, zati batean besterik ez bada ere, zergapetzea helburu duten zergak zerga berdin-berdin edo antzekotzat joko dira, zergaren xedea errenta bera, sarrerak edo errenta egotearen zantzua ematen duen beste edozein elementu dela ere. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kasuan, zerga berdin-berdin edo antzekotzat joko dira Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak, arau bidez ezarriko diren baldintzetan.

Zerga berdin-berdina edo antzekoa aplikatzen dela iri¬tziko zaio dagokion herrialde edo lurraldeak Espainiarekin zerga bakoitzaren kasuan nazioarteko zergapetze bikoitza ekiditeko hitzarmena izenpetuta badauka, hitzarmenean bertan ezartzen diren berezitasunekin.

3. Herrialde edo lurraldeekin zergei buruzko informazio-trukea dago herrialde edo lurraldeoi ondokoa aplika¬tzekoa bazaie:

a) Nazioarteko zergapetze bikoitza ekiditeko hitzarmena, informazioa trukatzeko klausula duena, betiere hitzarmen horrek ez badu berariaz ezartzen zergei buruzko informazio-trukearen maila ez dela nahikoa xedapen honen ondorioetarako; edo

b) Zergei buruzko informazio-trukerako akordioa, betiere akordio horrek berariaz ezartzen badu zergei buruzko informazio-trukearen maila nahikoa dela xedapen honen ondorioetarako.

Aurrekoa horrela bada ere, arau bidez ezar daiteke informazio-trukearen mugak direla-eta zein balizkotan ez dagoen zergei buruzko informazio-trukerik.

4. Tributu bakoitzaren arauetan berezitasunak ezar daitezke xedapen hau aplikatzeko.

Hogeita Bosgarren Xedapen Gehigarria. Administrazioaren baimena behar duten araubideak.

Aplikatzeko moduko berariazko araudirik ezean, Zerga Administrazioak ukatu egingo ditu aplikatu ahal izateko administrazio horren baimena behar duten araubide bereziak ematea, baldin eta araubideotako bakoitzaren baldintzak betetzen ez badira eta behar bestean egiaztaturik ez badago bete egiten dela dena delako araubide berezia ezartzearen helburu nagusia.

Era berean, entitateak araubide berezia ezartzearen helburu nagusia betetzen ez duela zirutatuz gero, Zerga Administrazioak ezeztatu egin dezake emandako baimena, ezeztapen-akordioan zehazturiko datan hasita, baina beti ere likidazio bitartez zerga zorra zehazteko administrazio ahalmena preskribatu edo iraungirik duten zerga egitateei eragin gabe, ezta Foru Arau hau indarrean sartu aurretik sortutakoei ere.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengo xedapen iragankorra. Preskripzioa eta iraungipena

1. Ondoren foru arau honetako II. tituluko IV. kapituluko 3. idatz-zatian ezarritakoa aplikatuko zaienak azalduko dira:

a) Indarrean jartzen denetik sortutako zerga-egitateak, Zerga Administrazioak zerga-zorra likidazioaren bidez zehazteko duen ahalari dagokionez. Nolanahi ere, zerga-zorra zehazteko ahalaren iraungipen-epeari dagozkion arauak aplikatuko zaizkie indarrean jarri aurretik sortutako zerga-egitateei, eta une horretan hasiko da konputatzen Foru Arau honetako 70. artikuluan ezarritako epea.

b) Indarrean jartzen denetik likidatutako zein autolikidatutako zerga-zorrak, Zerga Administrazioak ordaintzeko eskatzeko duen ahalari dagokionez.

c) Indarrean jartzen denetik aurkezten diren eskaerak eta aintzatesten diren eskubideak, zergadunek zerga bakoitzaren arautegiaren araberako itzulketak, zor izan ez diren sarreren itzulketak eta bermeen kostuaren itzulketa eskatu eta jasotzeko eskubideari dagokionez (baldin eta indarrean jartzean indarreko legeriaren arabera preskribituta ez badaude).

2. Foru arau honetako 194. artikuluan eta 195. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoa indarrean jartzen denetik aurrera gertatzen diren arau-hausteei aplikatuko zaie. Nolanahi ere, zerga-zehapenak ezartzeko ahalaren iraungipen-epeari dagozkion arauak aplikatuko zaizkie indarrean jarri aurretik egindako arau-hausteei, eta une horretan hasiko da konputatzen Foru Arau honetako 194. artikuluan ezarritako epea.

3. Xedapen iragankor honetako aurreko idatz-zatietan aipatutako zerga-egitate, zerga-zor, eskaera, eskubide, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, foru arau honetako II. tituluko IV. kapituluko 3. atalean eta 194. eta 195. artikuluetan aipatutako preskripzioaren eta iraungipenaren erregimen berria aplikatu ezin zaienean Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 26ko 3/1986 Arau Orokorreko 64 - 67 bitarteko artikuluetan xedatutakoa aplikatuko zaie, orain arte bezala.

Bigarren xedapen iragankorra. Errekarguak eta berandutza-interesak

1. Foru arau honetako 27. eta 28. artikuluetan xedatutakoa ordainarazpen-aldia hau indarrean jarri ondoren hasten den zerga-zorrei ere aplikatuko zaie. Indarrean jarri aurretik sortutako errekarguei ere aplikatuko zaie, baldin eta zergadunaren mesederako bada eta haiek irmoak ez badira.

2. Berandutza-interesei buruz 26. artikuluko 9. idatz-zatian eta 32. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa foru arau hau indarrean jarritakoan hasten edo aurkezten diren prozedurei, idazkiei eta eskaerei ere aplikatuko zaie.

Hirugarren xedapen iragankorra. Zergei buruzko galderak

2005eko uztailaren 1etik aurrera aurkezten diren zergei buruzko galdera idatziei foru arau honetako 85. eta 86. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko zaie. Egun hori baino lehenago aurkeztutako galderei dagokienez Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 26ko 3/1986 Foru Arau Orokorreko 108. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Laugarren xedapen iragankorra. Zerga-prozedurak

1. Zergak aplikatzeko prozedurak eta zehapenak ezartzeko prozedurak foru arau indarrean jarri aurretik hasi badira, aurreko arautegiaren arabera burutuko dira; nolanahi ere, kontuan izan behar da hurrengo idatz-zatian xedatutakoa.

2. Foru arau hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurei artikulu hauek aplikatuko zaizkie:

a) Foru arau honetako 60. artikuluko 1. idatz-zatiko b) letra, borondatez ordaintzeko aldiei buruzkoa, Administrazioaren likidazioa foru arau hau indarrean jarri ondoren jakinarazten bada.

b) Foru arau honetako 81. artikulua, kautelazko neurriei buruzkoa, foru arau hau indarrean jarri ondoren hartzen badira neurriok.

c) Foru arau honetako 173. artikulua, ondasunen eta eskubideen enbargoari buruzkoa, foru arau hau indarrean jarri ondoren ematen bada enbargo-eginbidea.

d) Foru arau honetako 176. artikulua, enbargatutako ondasunak eta eskubideak besterentzeari buruzkoa, foru arau hau indarrean jarri ondoren hartzen bada besterentzeko erabakia.

e) Foru arau honetako 219. artikuluko 3. idatz-zatia, zehapenen aurka jarritako errekurtsoen edo erreklamazioen ondoreei buruzkoa.

f) Foru arau honetako 231. artikuluko 1. idatz-zatia, berraztertzeko errekurtsoa jartzeko epeari buruzkoa, errekurritu den egintza edo ebazpena foru arau hau indarrean jarri ondoren jakinerazten bada.

3. Foru arau honetako 14. eta 163. artikuluak, itzurpenaren aurkako klausulari buruzkoak, irizpenaren xede diren egintzak eta negozioak foru arau hau indarrean jarri ondoren egin badira. Egun hori baino lehenago egindako egin¬tzei eta negozioei Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 26ko 3/1986 Foru Arau Orokorreko 24. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

4. 2005eko uztailaren 1a baino lehen hasitako zergen arloko zehapen-prozedurak 2005eko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira eta ezin izango zaie aplikatu Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 26ko 3/1986 Foru Arau Orokorreko 81. artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoa, ez eta zergen arloko zehapenen erregimena ezarri duen martxoaren 2ko 18/1999 Foru Dekretuko 12. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoa ere.

Bosgarren xedapen iragankorra. Zergen arloko arau-hausteak eta zehapenak

Foru arau hau indarrean jarri baino lehen egindako zergen arloko arau-hausteei berau aplikatuko zaie, baldin eta arau-hauslearen mesederako bada eta ezarritako zehapena irmo bihurtu ez bada.

Irmo ez diren zehapenen berrikuspena eta arautegi berriaren aplikazioa erreklamazio eta errekurtsoak ebazten ari diren administrazio eta jurisdikzio organoen eginkizunak izango dira, behin interesduna entzun eta gero.

Seigarren xedapen iragankorra. Administrazio-bideko berrikuspena

Foru arau hau indarrean jarri ondoren aurkezten diren erreklamazioei eta errekurtsoei berton xedatutakoa aplikatuko zaie. Aurretiaz aurkeztutakoei aurreko arautegia aplikatuko zaie, amaitu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arautegia indargabetzea

1. Foru arau honetako xedapen iragankorretan xedatutakoa salbu, foru arau hau indarrean jarritakoan indargabetuta geratuko dira bertan adierazitakoaren aurka dauden gainerako xedapen guztiak, eta ondokoak bereziki:

a) Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 26ko 3/1986 Foru Arau Orokorra.

b) Zergen arloko 2004ko neurriei buruzko apirilaren 23ko 2/2004 Foru Arauko hamabigarren xedapen gehigarria, zerga berezien arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzkoa.

c) Identifikazio fiskaleko zenbakiari buruzko 3/1986 Foru Araua partzialki aldatu duen apirilaren 19ko 1/1996 Foru Arauko bigarren xedapen gehigarria.

d) Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 14ko 1/1988 Foru Arauko 88. artikulua, identifikazio fiskaleko zenbakiari eta kreditu-establezimenduen eragiketen identifikazioari buruzkoa.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako indargabetutako testuen garapenerako emandako arauek indarrean jarraituko dute, foru arau honetan ezarritakoaren aurka ez doazen heinean, harik eta foru arau hau garatzeko arau berriak indarrean jarri arte.

3. Indarrean dauden arauetan foru arau honen bidez berariaz indargabetu diren xedapenei buruz ageri diren aipamenak foru arau honetan gai berberei buruz emandako xedapenei dagozkiela ulertu behar da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengo azken xedapena. Arautegiaren gaikuntza

1. Foru Aldundiak foru arau hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emango ditu.

2. Foru Aldundiaren eskumenen esparruan, Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuak baliabide elektroniko, informatiko edo telematiko bidez egiten diren zergen arloko jarduketa eta prozedurei aplikatu beharreko garapen-arauak eman ahal izango ditu, bai eta Zerga Administrazioak erabiltzen dituen egiaztapen-bideei buruzkoak ere.

Bigarren azken xedapena. Indarrean jartzea

Foru arau hau 2005eko uztailaren 1ean jarriko da indarrean, baina hamargarren xedapen gehigarria eta laugarren xedapen iragankorreko 4. idatz-zatia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

euskal legezalea